EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2015165

AGINDUA, 2015eko uztailaren 28koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko udalentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira, eta horietarako 2015eko ekitaldirako deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2015-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201503693
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/09/08an argitaratutako 2014/07/30reko AGINDUA indargabetzen du [201403779]

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du, dagoeneko titularitate, erabilera edo zerbitzu publikoetakoak diren hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraioetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko tresna gisa Udalek eta Toki Erakunde Txikiek, beste hainbaten artean, lau urterako programak egin behar dituztela. Programen helburua elementu horiek legean eta bere garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea da.
Aipatutako legean ere adierazi da Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jardun gisa ezarriko da hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak finantzatzea.
20/97 Legean ezarritako helburuetako bat ingurunea antolatzea da, herritar oro berdin eta ahal denik eta independenteen moldatu dadin, pertsonen beharrak instalazioetan integratuta, guzti-guztiek normaltasunez erabil ditzaten, hori baita Europako irisgarritasun-kontzeptuan bildutako diseinu unibertsalaren oinarria.
Hori dela-eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak beharrezko jotzen du laguntza-lerro bat ezartzea udalentzat, toki erakunde txikientzat eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzat, lehenago adierazitako programak prestatzea eta eguneratzea sustatzeko.
Agindu honek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko uztailaren 30eko Agindua ordezten du, zeina 2014ko irailaren 8ko EHAAan, 169. zenbakikoan, argitaratu baitzen. Agindu horrek irisgarritasun-planak egiteko eta eguneratzeko, hobekuntza-obrak burutzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak erosteko udalentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede sozialak dituzten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzetarako deialdia egiten zuen, eta horiek emateko modua arautzen zuen; horrez gain, diru-laguntzen eskabidea noiz eta non aurkeztu behar zen ere zehazten zuen.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea 2015eko deialdia egitea eta erregimena arautzea da, honako helburu hauek dituzten diru-laguntzak emateko: 1) Irisgarritasun-planak egin eta eguneratzea, hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak pixkanaka egokitzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta haren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara; 2) Udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan jasotako hobekuntza-lanak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, eta, xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, hobekuntza-lanak egitea; eta 3) Igogailu eta jasogailuak erosi eta instalatzea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, betiere udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan jasotakoaren arabera.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Diru-laguntza hauek jasotzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, toki erakunde txikiek eta xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatuek, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jardunak burutzea eta garatzea baldin badute helburu.
Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
Ezin izango dute diru-laguntzen deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zigor- edo administrazio-zehapenen bat ezarria dutenek, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat dutenek, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Halaber, ezin izango dute agindu honetako diru-laguntzen deialdian parte hartu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta ez dituztenek.
3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
Erakunde onuradun bakoitzak eskabide bat aurkeztu behar du jardun bakoitzeko.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzara bidali beharko dira eskaerak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Sail horren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabili ahal izango da eskaerak aurkezteko. Eskabide-eredua agindu honen eranskinean ageri da, bai eta jardunaren datuak emateko eredua ere.
Eskaerak aurkezteko, halaber, bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dira, euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan: (https://www.euskadi.net/2015/irisgarritasuna/y22-izapide/eu).
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektroniko bidez egin nahi badira, euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez egingo dira.
4. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen kudeaketa-lanak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzak egin behar ditu.
5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako eskaeran akatsen edo hutsegiteren bat dagoela atzematen badu Etxebizitza Zuzendaritzak, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko; Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da. (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
6. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, honako pertsona hauek osatuko duten balorazio-epaimahai bat eratuko da:
– Etxebizitzako zuzendaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); batzordeburu jardungo du.
– Proiektu, Obra eta Gainbegiratze Zerbitzuko burua (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa).
– Horretarako izendatutako Etxebizitza Zuzendaritzako teknikaria (edo hura ordezten duen pertsona, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua); idazkari jardungo du.
2.– Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitzako sailburuordeari, Agindu honen 19.2 artikuluaren arabera eskaera bakoitza aztertu eta egiaztatu ondoren.
7. artikulua.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua.
1.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontutzat hartuko da egokitzapen ekipamendurako aurkeztutako plan-, obra- eta instalazio-aurrekontua, zergak eta tasak alde batera utzita, bider jardunaren arabera aplikagarri den irisgarritasun-koefizientea.
2.– Jardunaren arabera aplikagarri diren gehieneko koefizienteak:
– Irisgarritasun-plana: koef. = 1.
– Eraikinetako irisgarritasuna (horizontala eta bertikala, igogailuak eta plataforma jasotzaileak, ateak, eskudelak, bainugela eta aldagela egokituak): koef. = 1.
– Ibiak, arrapala ez-mekanikoak eta eskudelak sortzea: koef. = 1.
– Hiri-izaerako igogailuak eta plataforma jasotzaileak: koef. = 0,7.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-plazak erreserbatzea: koef. = 0,5.
– Eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzea: koef. = 0,5.
– Kaleak urbanizatzea (plataforma bakarreko kaleak, espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak murrizteko igarobideak, eta zuhaitz-txorkoak ixtea): koef. = 0,4.
3.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, erakunde onuradunak aurkeztutako eskabide guztien baturatik aterako dena, gehienez 300.000 eurokoa izango da.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko irisgarritasun-aurrekontua.
Diruz lagundu daitekeen irisgarritasun-aurrekontua, gehienez, eskatutako irisgarritasun-aurrekontuaren % 50 izango da. Irisgarritasun-planen edo haien eguneratzeen kasuan, berriz, % 75 izango da. Halaber, degradatutako eremu deklaratuetan edo birgaitze integratukoetan kokatzen diren lanek, eskatutako irisgarritasun-aurrekontuaren % 60ko diru-laguntza jaso ahal izango dute gehienez.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauen emakida bateragarria izango da helburu berbera duten fondo publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak izango Etxebizitza Sailburuordetzak jardun bererako emandako beste laguntza batzuekin.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez. Ebazpena hartzeko epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen denetik hasita.
2.– Ebazpenean laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein erakundek jaso duen, zein den laguntza jaso duen proiektua eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jarri diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik hasita, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearean azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adierazita.
5.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea inolako jakinarazpenik egin gabe bukatu bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak eta diru-laguntzak emateko bestelako baldintzak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek edozein kasutan ondoko obligazio hauek bete behar dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-programa idazteko eta irisgarritasunaren hobekuntza-obrak egiteko.
c) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.
d) Udalek kasuan kasuko udalerriko irisgarritasun-arloko salbuespenen zerrenda egina izan beharko dute, betiere apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren 5. eranskineko 3. artikuluaren 3.3 paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
12. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.
13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
14. artikulua.– Proiektuak aldatzea.
1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jardueratan aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduera gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Etxebizitzako sailburuordeari egokituko zaio eskaria berariaz onartu edo atzera botatzea.
2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.
3.– Salbuespenez, Etxebizitzako sailburuordeak onar dezake diruz lagundutako jarduna egiteko eta amaitzeko epea zabaltzea, baldin eta tartean erakunde onuradunaren borondatezkoak ez diren eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak badira, eta ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen idatziz eskatu bada. Nolanahi ere, zabaltze hori ezin izango da izan hasiera batean erabakitako epea baino handiagoa.
4.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.
5.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.
15. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.
Erakunde onuradunak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren diru-laguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legezko interes aplikagarriekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraiki.
16. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Adierazitako diru-laguntzak emateko, 3.000.000 euro jarriko dira guztira. Horietatik, 150.000 euro 2015. urtekoak izango dira, 1.850.000 euro 2016. urtekoak, eta 1.000.000 euro 2017koak.
17. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jardunak eta inbertsioak.
1.– Diruz lagunduko dira entitate onuradunek, behar diren kontratuen bidez, irisgarritasun-plan berriak prestatzeko eta idazteko egindako lanak edo haiek eguneratzeko egindakoak (lehenengo artikuluan daude aipatuta). Era berean, idatzitako irisgarritasun-planetan jasotako obrak betearazteari eta egokitzapen-ekipamendua erosi eta instalatzeari buruzko jarduerak diruz laguntzeko modukotzat joko dira, lehenengo artikuluan adierazitako helburua badute.
Kasu guztietan, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketek 2015eko urtarriletik aurrera hasi beharko dute, eta 2016ko azaroaren 15era arteko gehieneko epea dago inbertsioak gauzatzeko, planen kasuan, eta 2017ko urriaren 31 artekoa obren kasuan.
Jardunak bukatzeko epean atzerapenik izanez gero, epea zabaltzeko eskatu beharko da inbertsioak gauzatzeko gehieneko epea amaitu baino lehen. Eskaeran, gainera, atzerapena eragin duten arrazoiak justifikatu beharko dira, eta litekeena da aldaketa horrek diru-laguntza ematea onartu zuen ebazpenaren aldaketa eragitea.
2.– Diru-laguntzaren xede diren irisgarritasun-planekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:
a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.
b) Jardunen lehentasun-ordena.
c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.
d) Egokitzapenak egiteko egutegia.
18. artikulua.– Dokumentazioa.
1.– Eskaera kasuan kasuko udaleko alkateak izenpetu beharko du, edo, bestela, erakundearen legezko ordezkariak, betiere agindu honen eranskinean ageri den eskabide-ereduari jarraituz.
Jardun bakoitza eskaera baten bidez aurkeztu beharko da, modu indibidualean.
2.– Diru-laguntzaren eskaera aurkezteaz batera, eskatzaileek baimena ematen diote organo emaileari zuzenean egiaztatu dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituztela. Hartara, eskatzaileek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharrik izango.
Nolanahi ere, eskatzaileek berariaz ukatu dezakete baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte aurreko paragrafoetan ezarritako eran.
3.– Eskaerarekin batera, eta horrela dagokionean, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
– Udal bakoitzak ziurtagiri bat aurkeztuko du, idazkariak egina, Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoen erregistroan alta emanda dagoela egiaztatzen duena.
– Udal bakoitzak udal-zerbitzuen txosten bat aurkeztuko du, irisgarritasun-arloan deialdi honen aurreko urtean onartutako salbuespenei buruzkoa, justifikazioarekin batera, betiere 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3. artikuluaren 3.3 paragrafoan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.
3.1.– Irisgarritasun-planetarako:
a) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardunek eta/edo inbertsioek eragindako gastuen aurrekontu banakatua.
3.2.– Hiri-ingurunean eta erakinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obretarako eta egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta instalatzeko obretarako –betiere jadanik idatzitako irisgarritasun-planetan bilduta badaude–:
a) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardunek eta/edo inbertsioek eragindako gastuen aurrekontu banakatua. Justifikatu beharko da, halaber, nola aplikatu diren irisgarritasun-aurrekontua kalkulatzeko koefizienteak.
b) Egin beharreko jardunen deskribapen xehatua, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko jardunaren hiri-ingurunearen egoera-planoa, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko planta, aurretiko bista eta sekzioen plano deskribatzaileak eta jardun-arloaren egungo egoeraren argazki deskribatzaileak.
c) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, non zehazten baita aurreikusiriko jardunak egokitzen direla irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetara.
d) Irisgarritasun-planaren fotokopia, zehazki diru-laguntzaren eskaeraren xede den obra jasotzen duen atalarena. Erakunde pribatuek ez daukate halakorik aurkeztu beharrik. Gainera, plana onartu izanaren ziurtagiria eta irisgarritasun-planaren kopia, euskarri digitalekoa, aurreko urteetako deialdietan aurkeztu ez bada.
e) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egin beharreko obrari buruzkoa eta diruz lagunduko den jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.
f) Horrela dagokionean, eremu degradatuaren deklarazioa, edo birgaikuntza integraleko eremuarena.
g) Xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, lehenago aipatutako dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dira:
– Elkarteen kasuan, onura publikoko aitortzari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan ezarritakoa jarraiki, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiria; fundazioen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Elkarteek nahiz fundazioek justifikatu beharko dute zein den euren xede soziala.
– Erakundeari bere xedeak garatze aldera eraikina erabiltzeko ahalmena ematen dion tituluaren fotokopia.
h) Eraikinetarako, Autonomia Erkidegoaren 2014ko maiatzaren 20ko Dekretua eta beraren laugarren xedapen gehigarria bete beharko dira (diru-laguntza publikoak jasotzeko EIT Eraikinen Ikuskapen Teknikoa, egiteko beharrari buruzkoa). Egituraren eta eraikuntzaren aldetik egokituta ez dauden eraikinek ezin izango dute diru-laguntza jaso, EITn eskatzen edo gomendatzen diren baldintza horiek lortzeko obrak jarduketaren barruan sartzen ez badituzte.
19. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.
1.– Oro har, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak diruz laguntzeko modukotzat joko dira.
2.– Epaimahaiak aztertu egingo ditu aurkeztu diren eskaerak, jardunak agindu honetako 1. artikuluan finkaturiko xedera egokitzen diren ala ez zehazteko, eta aginduaren 7.2 artikuluan bildutako koefizienteak zuzen aplikatu diren egiaztatzeko.
20. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuz kalkulatua, bider 0,75 –planen kasuan– eta bider 0,5 –obren kasuan.
Salbuespen gisa, degradatutako eremu deklaratuetan edo birgaitze integratukoetan kokatzen diren lanen kasuan eman beharreko diru-laguntzaren kopuru indibiduala zehazteko, eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuz kalkulatua, bider 0,6 egingo da.
Horrela kalkulatutako zenbatekoen batuketa agindu honetan emandako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, laguntzak honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira:
1.– Irisgarritasun-planei buruzko eskabideei emango zaie laguntza lehenengo.
2.– Irisgarritasun-planetarako diru-laguntzak deskontatu ondoren, aurrekontuko zuzkiduraren gainerako zenbatekoa obretarako banatuko da, modu honetan eta multzo hauen arabera:
a) % 35, igogailuak eta hiri-izaerako plataforma jasotzaileak jartzeko.
b) % 30 eraikinen irisgarritasunerako aurreikusitako jarduketetarako.
c) % 20, arrapala ez-mekanikoetarako eta pasabideak eta eskudelak sortzeko, lehentasun-hurrenkera horrekin.
d) % 15, mugigarritasuna murriztuta duten pertsonentzako aparkaleku-erreserbarako, kaleak urbanizatzeko (espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoen pasaguneak, kaleetako plataforma bakarra, zuhaitz-txorkoak ixtea) eta eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzeko. Egindako zerrendako lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada adierazitako ataletako batean aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio: birgaikuntza integratuko eremuetan edo eremu degradatuetan dauden jarduketei esleituko zaie lehenengo, udalerrian dagoen langabezia-ehunekoaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera.
Udalerriko langabezia-ehunekoa Lanbidek (Euskal Enplegu Zerbitzuak) udalerrika sexuaren eta adin-taldearen araberako langabeziari buruz eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datarako argitara emandakoa izango da.
Eskabideen zenbatekoak nahikoak ez badira hobekuntzako obra-multzo bakoitzerako adierazitako ehunekoa osatzeko, soberako zenbatekoa beste multzo bati gehituko zaio, emandako sailkapen-hurrenkeraren arabera, 2a multzotik hasi eta 2d multzoan amaituta.
21. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Kasuan-kasuan emandako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da honako prozedura honi jarraikiz:
1.– Irisgarritasun-planen, irisgarritasuna hobetzeko obren eta ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren kasuan, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 aurreratutako ordainketa gisa pagatuko da, betiere diru-laguntzari berariaz uko egiten ez bazaio 11. artikuluko a) idatzi-zatian aipatzen den moduan, idatzi-zati horretan bertan zehazten den 15 eguneko epea igaro ondoren, eta aurretik erakunde onuradunak aurkeztu baditu gastua egiteko baimena justifikatzen duten agiriak. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duen bermeen erregimenarekin bat etorriz bermatuko da kopuru hori.
2.– Irisgarritasun-planen kasuan, diru-laguntzaren gainerako zatia 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:
a) Formalizatutako kontratuari dagozkion fakturen eta ziurtagirien kopiak.
b) Idatzitako planaren ale bat, formatu digitalean.
c) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita, batetik, emandako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete direla, eta, bestetik, zein kopuru erabili diren horretarako.
d) Helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzei buruz erakunde onuradunak egindako justifikazio-ziurtagiria.
Diru-laguntza osoa ordaintzeko eskatutako dokumentuak aurkezteko azken eguna 2016ko abenduaren 5a izango da.
3.– Gainerakoa, hobekuntza-obren eta egokitzapen-ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren kasuan, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, dagozkion egiaztagiriak aurkeztutakoan. Aurrekontu osoaren % 10 ordaindu gabe gordeko da, obra amaitu arte. Lanak amaitu ondoren, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da Etxebizitza Zuzendaritzan:
a) Egindako jardunei buruzko ziurtagirien eta fakturen kopiak.
b) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egindako obrari buruzkoa eta diruz lagundutako jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.
c) Irisgarritasun-obren eta egokitzeko ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren jarraipen-fitxa (eranskin gisa ageri da eredua), behar bezala beteta obren amaierako datuekin.
d) Teknikari eskudun batek egindako ziurtagiria, non egiaztatzen den obra nahiz egokitzeko ekipamenduaren eskuratze eta instalazioa bat datozela Irisgarritasunari buruzko 20/1997 Legearekin, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuarekin, eta Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin: DB-SUA.
e) Helburu berbererako emandako beste diru-laguntza batzuei buruzko justifikazio-ziurtagiria.
Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz laguntzeko moduko obrari dagokion amaierako ziurtagiri partzialarekin.
Udalaren berezko langileek egindako obrak baldin badira, egindako obraren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, udal teknikari eskudunak izenpetuta.
Erakunde onuradunaren obra sozietate baten edo foru- nahiz udal-erakunde baten bitartez gauzatzen bada, sozietate edo erakunde hori onartu egingo da titularraren ordezkari gisa, gastua justifikatzeko ziurtagirian edo fakturazioan.
Azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken eguna 2017ko azaroaren 30a izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 28a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.