EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015164

AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntza-bideetara dei egiten duena (EIMA 2.0).

Xedapenaren data: 2015-07-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201503673
Maila: Agindua
Urteak daramatza Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak euskarazko ikasmaterialgintza bultzatzen. Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak bere seigarren artikuluan dioena garatuz, abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19ko EHAAn) honela zioen bere 6. artikuluan: «Hezkuntza eta Kultura Sailak behar diren neurriak hartuko ditu ikasmateriala dela medio euskarazko ikasketek ikasleari gastu gehigarririk ekar ez diezaioten. Beharrezko baliabideak ezarriko ditu, ondorioz, irakasmaila eta jakintzagai desberdinetan geroz eta neurri beteagoan euskarazko ikasliburu eta gainerako ikasmaterialak sorrarazteko, eta berorien prezioa erdal ikasmaterialek dutenaren antzekoa izan dadin segurtatuko du».
Xede horren ildotik EIMA (Euskal Ikasmaterialgintza) programa eratu zuen Sailak eta, urterik huts egin gabe, hainbat deialdiren bidez garatu du bere jarduna. Honela eratu ziren EIMA I, II, III eta IV deialdiak, zein bere eginkizunaz.
Teknologia-berrikuntzak aurrera egin duelarik, oinarri digitaleko materialak indartuz eta zabalduz joan dira. Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea, gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Hainbat programaren bidez sartu dira pixkanaka IKT-ak gure ikastetxeetan.
Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 Plana onartu du. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza-eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea, hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago Hezkuntza-eredu Pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigmaren aldaketa nabarmena dakar, abiapuntua konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako.
Irakaskuntzan dauden premia eta erronka berri horiek asetzeko asmoz aterako da aurten ere EIMA 2.0 deialdia.
Hori guztia gogoan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA
1.artikulua.– Euskarazko ikasmaterial digitalak, oinarrizkoak zein osagarriak, prestatzeko eta hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko diru-laguntzak arautzea eta horietarako dei egitea da deialdi honen xedea. Unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak hartzen ditu deialdi honek kontuan. Arlo horretan dagoen hutsunea betetzea eta ikasle-irakasleei beren jardunerako ikasmaterialak eskaintzeko bideak jartzea da helburu nagusia.
II. KAPITULUA
DEIALDIRA BIL DAITEZKEEN IKASMATERIALAK
2. artikulua.– Deialdi honetara bildu nahi duten norbanakoek zein produkzio-etxeek honako arlo eta etapa hauetakoren bati buruzko ikasmateriala egin beharko dute:
a) Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Esparruko Heziketa Zikloak edota Batxilergoko jakintzagaiak (oinarrizkoak nahiz osagarriak) lantzekoak.
b) Curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko ikasmaterialak.
c) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoak neurtzeko eta diagnostikatzeko balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.
d) Helduen Hezkuntzarako ikasmaterialak.
e) Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak.
f) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko ikasmaterialak.
g) Hezkuntza Berezirako ikasmaterialak.
h) Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterialak.
3. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak bi eratakoak izan daitezke: batetik, Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) edo Creative Commons Aitortu- PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak.
2.– Ezin da ikasmaterial bera bi eratara aurkeztu.
III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK
4. artikulua.– 1.– Euskara hutsean sorturik eta prestaturik dauden ikasmaterial digitaletara mugatzen da laguntza-deialdi hau. Gaur egun indarrean dauden unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak, oinarrizkoak zein osagarriak, hartuko ditu kontuan aurtengo deialdi honek.
2.– Hori bermatze aldera, ikasmaterialaren alderdi didaktiko-pedagogikoaz arduratuko direnek euskarazko C1 maila badutela ziurtatu beharko dute.
3.– Produkzio bat euskal jatorrikotzat hartua izateko, testuak euskaraz sortua eta prestatua egon behar du, eta lehen argitalpena euskaraz bakarrik egingo da.
Halaber, goiburuak, helbideak, grafikoak eta ingurugiroko erreferentziak ere euskaraz emango dira ikasmaterialetan zein bere metadatuetan.
5. artikulua.– Ikasmaterial digital berrietarako prestaturik dago laguntza-deialdi hau. Egokitu edota berritutako ikasmaterialak ez dira, beraz, deialdi honen bidez diruz lagunduko; itzulpenak ere ez.
6. artikulua.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora egokitu behar dute ikasmaterialek.
7. artikulua.– 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute ikasmaterialek.
8. artikulua.– 1.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari eta abarrei dagokienez. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein multimedia objektu eskaera egin duen produktorearenak izango dira, edota egile- edo banaketa-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.
2.– Arau horiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatu beharko du eskatzaileak eskabide- orrian, erantzukizunpeko adierazpenen atalean.
9. artikulua.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterial orok gida didaktikoa ekarri behar du. Honako hauek dira, gutxienez, gida didaktikoak izan behar dituen ezaugarriak:
a) Helburuak: zer helburu lortu nahi diren ikasmaterial horrekin eta nori zuzendua dagoen, beti ere oinarrizko curriculum-diseinuei, curriculuma garatzeko dekretuei edota indarrean dauden ikasketa-planei erreferentzia eginez.
b) Oinarrizko curriculum-diseinuko, curriculuma garatzeko dekretuetako edota ikasketa-planetako zein edukirekin duen harremana, edota zein eduki landu nahi dituen.
c) Noiz eta nola erabili: ikasmaterialaren erabileraren inguruko metodologia kontuak.
d) Planteamendu didaktikoaren antolaketa (jarduerak, denboralizazioa eta baliabideak).
e) Bibliografia osagarria.
f) Lanaren egile(ar)en eta parte-hartzaile(ar)en zerrenda.
g) Onespena jaso izanaren adierazpena eta data.
10. artikulua.– Planteamendu didaktikoaren aldetik, produktoreek honako lehentasun-ezaugarriok izango dituzte kontuan ikasmateriala produzitzerakoan:
a) Proiektuaren ildo nagusiak etaparako edo ikasmailarako aurreikusitako helburuen, edukien eta jardueren arabera antolatzea, beti ere oinarrizko gaitasunen garapena kontuan harturik.
b) Ikaskuntza aktiboa bultzatzea. Horrenbestez, ikasleek helburu jakin bat lortzeko zerbait sortu beharko dute. Hots, zeregin esanguratsua burutuko beharko dute.
c) Planteamendu interaktiboa bultzatzea eta, horrez gain, ikasleen arteko lankidetza indartzea.
d) Materialak proposamen didaktiko irekiak izatea (material itxiak ez izatea): irakasleek moldatzeko modukoak izatea, beren programazio eta unitate didaktikoetan.
e) Ebaluazioaren garrantzia agerikoa izatea eta, beraz, ikaslea ebaluatzeko moduak proposatzea.
f) Motibatzailea eta atsegina izatea: ikasleen adina, testuingurua, interesak, etab. kontuan hartzea.
g) Eguneroko eginkizunetan erabiltzen diren ikasmaterialekin integratuta egotea.
h) Multimedia elementuen arteko barne kohesio egokia izatea: integrazio- eta sinkronizazio- maila egokia izatea, mezu orokorra ondo ulertu eta bereganatu ahal izateko.
i) Sareko doako tresnen erabilera bultzatzea (google maps, earth, cmaps, web albumak, bideo erremintak, material-bankuak, youtube, teachertube, timelines, glogs, podcast, slideshare, slide, tresna kolaboratiboak...).
j) Eskubide irekiak (Creative Commons) dituzten elementuak erabiltzea ikasmaterialean.
11. artikulua.– Ikasmaterialak weberako diseinatuak izango dira, hots HTML lengoaian eginak. Erabiliak izateko edozein web nabigatzaile nahikoa izango da, sistema eragilea edozein delarik ere, ohiko plug-inak erabiliz, beste programarik eskatu gabe eta jabe-softwarea erabiltzera behartu gabe. Halaber, ikasmaterialak eskuko edo mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzeko modukoak izango dira. Ukimenezko pantailak dituzten gailuetan (arbel digitalak, tabletak) erabiltzeko berariazko diseinua duten ikasmaterialak ere onartuko dira.
12. artikulua.– Erabili eta bertaratu ahal izateko W3C irizpidea, A bikoitzaren bateragarritasunaz, kontuan hartu behar da ikasmaterialak egitean.
IV. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK
13. artikulua. 1.– Laguntza-deialdi honek berrehun mila (200.000) euroko diru-kopurua du: berrogei mila (40.000) euro 2015eko aurrekontuan eta, ehun eta hirurogei mila (160.000) euroko konpromiso-kreditua 2016an.
2.– Deialdira aurkezten diren proiektuak bi multzotan banatuko dira: batetik, Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0)edo Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-SA 3.0)lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak. Aurrekontuaren % 50 produkzio-etxeen jabetzako materialgintzarako izango da eta % 50 Creative Commons lizentziapean egindako ikasmaterialentzat. Halere, multzo batean aurreikusitako diru-kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakina beste multzora pasako da.
14. artikulua.– Diru-laguntza ez da izango diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80 baino gehiagokoa, eta gehienez ere 30.000 euro emango da ikasmaterial bakoitzeko.
15. artikulua.– Entitate bakoitzeko 2 proiektu lagunduko dira diruz, gehienez.
16. artikulua.– 1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez erabakiko dira. Laguntzak esleitzeko prozedura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa orokorra izango da, eta beraz, laguntzak ematea aurkeztutako proiektuen arabera egingo da, II. eranskinean xedatutako balorazio-irizpideak aplikatuz horien arteko lehentasunak ezartzeko. Laguntzak puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira, 13. artikuluan aurreikusitako diru-dotazioa agortu arte eta haren 2. puntuko baldintza betearaziz.
2.– II. eranskinean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak diru-laguntzarik gabe geratuko dira.
V. KAPITULUA
ONURADUNAK
17. artikulua.– Beharrezko lege-nortasuna duten norbanakoak edo entitateak izan daitezke laguntza-jasotzaile. Laguntza- deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, partez edo osoz, herri-aginteak, zuzenbide pribatuko herri-aginteak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuak.
18. artikulua.– 1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu laguntza-eskatzaile orok.
2.– Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak, arautzen duen bezala. Kudeaketa-organoak ez du eskatzailearen baimenik beharko datu horiek ziurtatzeko.
3.– Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan, ordea, aurkeztu egin beharko da zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria.
19. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
2.– Halaber, zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten eta, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean dauden pertsonek edo entitateek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
20. artikulua.– Europar batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.
21.artikulua.– Ezin dira onuradun izan krisialdian dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).
VI. KAPITULUA
LAGUNTZEN BATERAGARRITASUNA
22. artikulua.– 1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin. Hala ere, diru-laguntzaren kopuruak ez du inola ere, bakarka edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.
2.– Deialdi honetara biltzen diren norbanako eta produkzio-etxeek ikasmateriala egiteko beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatua badute, edota halakorik jasoak badira, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian, eta aurrekontuan, dagokion atalean.
VII. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA
23. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen produktore orok zuzen eta osorik bete beharko ditu eskabide-orria eta horrekin batera aurkeztu beharreko agiriak, eta, deialdiaren oinarriekiko adostasuna izenpeturik, garaiz aurkeztu.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost (15) egun naturalekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
3.– Eskabidea modu elektronikoan egin behar da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2015/eima-2-0/y22-izapide/eu/
4.– Eskabide bana aurkeztuko da proiektu bakoitzeko, nahiz eta proiektu horrek ikastunitate bat baino gehiago landu.
5.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2015/eima-2-0/y22-izapide/eu/
6.– Eskabidea egin ondoreneko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira:http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7.– Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat-Platea-Plataforma teknologikoa onartu zuena).
24. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duena, betetze aldera, honako betebeharrak egiaztatu beharko ditu eskatzaileak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide-orrian:
a) Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.
b) Aurkeztutako proiektua aurrera eramateko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela.
c) Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.
d) Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-edo administrazio-arloko zigorrik eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekua barne.
e) Beste edozein administraziori, erakunde publikori edo pribaturi helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, sarreren edo baliabideen berri eman duela eskabide-orrian.
f) Ez dagoela berreskuratze-agindu baten zain, Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunaren bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
g) Ez dela krisian dagoen enpresa, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).
h) Ebazpena hartzerakoan kontuan izandako ezaugarriren bat aldatuz gero, horren berri dagokion tokian emateko konpromisoa hartzen duela.
25. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera nahitaez aurkeztu behar den dokumentazioa:
1.– Proiektuaren dokumentazioa.
a) Aurkeztu nahi den proiektu bakoitzeko «Proiektuaren txostena» deritzon inprimakia bete beharko da. Inprimaki horretan proiektuaren gaineko alderdi didaktikoen, teknikoen eta ekonomikoen datuak emango dira. Proiektuaren gaineko txostena egiteko kontuan izan II. eranskinak jasotzen dituen balorazio-irizpideak, baita halaber I. eranskinak ezartzen dituen gehienezko prezioak ere.
b) Ikasmaterialaren demoa ere aurkeztuko da URL helbide batean (Proiektuaren txostenean bertan zehaztu) eta, formatu itxian, fitxategi konprimituan. Demorik gabe aurkezten diren proiektuak ez dira onartuko, eta erdaraz aurkezten diren demoak ere ez.
c) 4.2. artikuluak dioen bezala, ikasmaterialaren alderdi didaktiko-pedagogikoa egingo dutenek euskarazko C1 maila dutela ziurtatu beharko dute. Proiektuaren txostenean, talde didaktiko-pedagogikoaren datuen atalean, zehaztu beharko da partaide bakoitzak zein agiri duen eta agirien kopia kotejatuak aurkeztu beharko dira. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, konprobazio lanak egiteko.
Deialdiaren kudeaketa-organoak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan ematen diren agirien konprobazio-lanak egin ditzake. Bi komunitate horietatik kanpora emandako agiriren bat baldin badute, kopia kotejatua aurkeztu beharko dute, ezinbestean.
2.– Entitatearen dokumentazioa.
a) Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen bada, ez da agiririk aurkeztu beharko.
b) Eskabidea ordezkariren batek egiten badu, ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dira: sortzearen akta edo eskritura, estatutuak, ordezkari legalaren izendapena eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia.
Aurkezten diren dokumentuak kopiak baldin badira, kotejatuak edo egiaztatuak izango dira ezinbestean.
c) Eskatzailea elkarte, fundazio edo kooperatiba bat bada eta Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorraren Erregistroan izena emanda badago, ez du b) puntuan eskatzen den agiririk aurkeztu beharko. Horretarako eskatzaileak berariazko baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.
d) Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan, zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
26. artikulua.– 1.– Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, 25.2 artikuluko agiriak bakarrak izan daitezke fitxa guztientzat.
2.– Halaber, 25.2 artikuluan aipatutako agiriak, d) puntukoa salbu, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.
27. artikulua.– Eskabide bat behar bezala bete gabe aurkezten bada, berau osatzeko hamar (10) lan-eguneko epea emango du Hezkuntza Sailburuordetzak. Epe hori igaro ondoren, eta motibo sendorik gabe, eskatutako datuak ematen ez badira, atzera egiten dela ulertuko da, horretarako ebazpena emanez.
28. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoa betez, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarenak, arautzen du eta bere helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea da batetik, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea bestetik. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
VIII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA ETA EBAZPENA
29. artikulua.– 1.– Deialdian zehar aipaturiko baldintzak betetzen dituzten proiektuen adostasun-neurketa egin eta eskatzaileak eskabide-orrian zehaztutako datuen inguruan beharrezko zuzenketak egin ostean, zeregin horretaz arduratuko den Ebazpen-batzordeak proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren proposamena finkatu eta arrazoituko du eta, honen ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza sailburuordeari.
2.– Aipatutako Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:
– María Begoña Garamendi Ibarra, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.
– María José Arrieta Sagarna, Euskara Zerbitzuaren burua.
– Francisco José Pérez Zabala, Sailaren Laguntza-zerbitzuetako IKT-arduraduna.
– Maitane Izagirre Zubimendi, EIMA 2.0-ko teknikaria, batzordearen idazkari.
3.– Batzorde honen aholkulari gisa, alorrean alorreko adituak hartuko dira kontuan. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu horiek.
30. artikulua.1.– EIMA 2.0 deialdi honetara aurkeztuko diren proiektuen balorazioa egiteko II. eranskinean azaldutako irizpideak hartuko dira kontuan. Halaber, produktore bakoitzak proiektuz proiektu aurkeztu duen aurrekontua Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honetan ezarritako gehienezko prezio unitarioen (I. eranskina) argitan analizatu eta, proiektuaren oinarrizko ezaugarrien arabera, arrazoizko kostua determinatuko da.
2.– Ebazpen-batzordearen proposamena ikusiz laguntza-deialdi honen ebazpena egingo du Hezkuntza sailburuordeak, proiektu bakoitzari dagokion laguntza zehatza esleituz.
3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango da Ebazpena. Laguntza-eskatzaile bakoitzari banan-banan jakinaraziko zaio eta ondoren EHAAn argitaratuko da, herritar orok jakin dezan.
4.– Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hamabost (15) egun naturaleko epea izango du produktore bakoitzak, bere produkzioa egingo duen ala ez ziurtatzeko eta lan-egutegia idatziz aurkezteko. Ziurtapen hau egiten ez badu, diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
5.– Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago hartutako Ebazpenarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean.
6.– Hartu beharreko Ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada artikulu honen 3. puntuan esandako epean, ezezko erantzuna bailitzan hartu ahal izango da isiltasuna.
IX. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA ORGANOA ETA JARRAIPEN BATZORDEA
31. artikulua.– 1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio laguntza-deialdi honen kudeaketa.
2.– Berariazko Jarraipen-batzordea arduratuko da deialdi honen harian diru-laguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz, laguntza agindu eta, proiektua burutu ondoren, azken ordainketa egin arte.
3.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.
– Euskara Zerbitzuaren burua.
– EIMA 2.0-ko teknikaria, idazkari.
4.– Jarraipen-lanaren inguruan sortutako gertakarien onarpena ere Jarraipen-batzordearen esku geratzen da.
5.– Berari dagokio, orobat, hasieran agindutako laguntzan murrizketarik egiteko motiborik dagoen aztertzea eta, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, Hezkuntza sailburuordeari hartarako proposamena egitea.
6.– Batzorde honen aholkulari gisa, jakitun beregain edo profesionalak kontuan hartu ahal izango dira.
X. KAPITULUA
IKASMATERIALAK AURKEZTEKO PROZEDURA ETA DIRU LAGUNTZEN ORDAINKETA
32. artikulua.– 2016ko irailaren 2rako, beranduenik, ikasmaterialak bukatua egon behar du eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean onespen eske aurkeztua.
33. artikulua.– 1.– Esleitutako diru-laguntza onartu duen produktore orori agindutako laguntzaren lehen % 20 aurreratuko zaio, ebazpena jakinarazi eta handik bi hilabeteko epean beranduenik.
2.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan dagoen agiria bete beharko du eta aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu: https://www.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
34. artikulua.– 1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena jaso beharko dute deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek. Onespena eskatzeko agiria bete behar du horretarako onuradunak, eta Hezkuntza-administrazioan aurkeztu, ikasmaterialarekin batera.
2.– Bere ezaugarrien araberako onespen-azterketa desberdinak gainditu beharko ditu ikasmaterial batek Sailaren onespena jaso ahal izateko: trataera didaktikoaren onespen-azterketa, hizkuntzaren onespen-azterketa eta teknikazko onespen-azterketa.
3.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek kasuan kasuko onespen-azterketak gainditu izanaren berri ematen duen esaldi hau eramango dute gida didaktikoan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena du», onespena jaso duen datarekin.
4.– Onespen-azterketak egiteko, ikasmaterialaren kopia bat (gida didaktikoa barne) bidaliko da.doc edo.odt formatuan eta ikasmaterialaren onespena eskatzeko agiria, behar bezala beteta. Ikasmateriala dagoen interneteko helbidea (URL-a) onespena eskatzeko agirian bertan zehaztu beharko da.
5.– Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2015/eima-2-0/y22-izapide/eu/
6.– Ikasmaterialak aurkezteko:
Herritarrentzako Zuzenean Zerbitzuaren edozein bulegotan edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz, EIMA 2.0 Programa, Euskara Zerbitzua) edota Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu daitezke.
35. artikulua.– 1.– Materialak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespen-azterketa gainditzen badu, behin betiko bertsioari ekin beharko dio produktoreak. Jabetza pribatuko ikasmaterialen kasuan, ikasmateriala interneten zintzilik jarri beharko du kasuan kasuko produktoreak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak azken bertsioaren azterketa egin dezan, onespena jaso eta gehienez hiru(3) hilabeteko epean. Creative Commons lizentziapeko ikasmaterialen kasuan, ikasmateriala Hezkuntza Sailaren Euskal Ikasmaterialen gordailura (EIMA gordailua) igo beharko da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak azterketa egin diezaion, onespena jaso eta gehienez hiru (3) hilabeteko epean.
Horrekin batera honako dokumentuok aurkeztu beharko dira, bi kasuetan:
a) Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.
Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2015/eima-2-0/y22-izapide/eu/
b) Arduradunaren zinpeko aitormena, laguntza-deialdi honen bidez jasotako diru-kopuru osoa eskabide-orrian zehaztutako proiektua produzitzeko erabili dela ziurtatuz, edota, bestela, kopuru hura zuzenduz eta benetakoa adieraziz. Euskara Zerbitzuaren EIMA programak faktura bidezko egiaztapena eska diezaioke produktoreari, hala iritziz gero.
c) Ikasmateriala gutxienez bost urtez interneten eskuragarri egongo dela ziurtatzen duen zinpeko aitormena, produktoreak izenpetuta (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).
d) Interneteko helbidea eta beharrezko klabeak jasotzen dituen idazki ziurtatua (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).
e) Zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria, zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan.
Legeen aldaketaren ondorioz dokumentazio gehigarririk behar izanez gero, laguntza-deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.
2.– Ikasmaterialak onespena lortu eta hiru (3) hilabeteko epean ikasmaterialaren behin betiko bertsioa eta deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.
36. artikulua.– Materialak onespenik jasoko ez balu, Euskara Zerbitzuak egin beharreko aldaketen proposamena egingo dio produktoreari. Zuzenketekin ados egon ez eta zuzenketen gaineko alegazioak egin nahi baditu produktoreak, hamabost (15) lan-eguneko epea izango du horretarako. Bigarren saioan onespen- azterketak gainditzen baditu eta ikasmaterial horrek Hezkuntza Sailaren onespena jasotzen badu, 35. artikuluan adierazitako eran jokatuko da; baina materiala bigarren aldiko onespen-azterketara aurkezten ez baldin bada, edota gainditzen ez baldin badu, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.
37.– artikulua.– 1.– Ikasmaterialak onespena jaso eta behin betiko bertsioa onartu ondoren, agindutako laguntzaren % 80 luzatuko zaio produktoreari.
2.– Behin betiko bertsioaren egiaztapenak egin ondoren Agindu honetan ezarritako baldintzen arabera ikasmateriala onartzen ez bada, egin beharreko aldaketak idatziz bidaliko ditu Hezkuntza Sailburuordetzak, epe jakin batean eta dagozkion aldaketak proposatuz. Azterketa gaindituz gero, artikulu honen 1. puntuan adierazitako eran jokatuko da. Gainditzen ez baldin badu, ordea, Hezkuntza Sailburuordetzak ukatu egingo du agindutako laguntza, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan bueltatu beharko du eskatzaileak.
38.artikulua. 1.– Laguntza agindu ondoren, laguntza-jasotzaileak material prestakuntza 2016ko irailaren 2a baino beranduago entregatuko duela aurreikusten badu, idatzi bat aurkeztu beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan, atzerapen horren arrazoiak azalduz eta ikasmateriala entregatzeko aurreikusitako epea zehaztuz. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordeaz, 32. artikuluan esandakoari salbuespenik egiteko arrazoizko motiborik dagoen ala ez aztertuko du, eta dagokion erantzuna emango du. Hilabete pasa ondoren Hezkuntza Sailburuordetzaren erantzunik ez balego, luzapen-eskabideak baimena duela ulertuko da.
2.– Luzapen-eskabidea ikasmateriala aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada, ez da onartuko.
39. artikulua.– Jarraipen-batzordearen gertakari-txosten teknikoa kontuan izanik, agindutako diru-kopurua ukatu edo murriztu egin ahal izango du Hezkuntza sailburuordeak, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, benetan produzitutako ikasmateriala eskabide-orrian jasotako ezaugarrietatik aldentzen den neurrian.
40. artikulua.– Lana garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, lehenengo % 20 (eta legezko interesak) itzuli egin beharko du eta 2. % 80 kobratzeko eskubidea galdu egingo du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioen moduan.
XI. KAPITULUA
LAGUNTZA JASOTZAILEEN BETEBEHARRAK
41. artikulua.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eskatutako edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.
42. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera sarrera publiko moduan itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, eta errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan; bigarren aukera horretaz baliatzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izango da Agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.