EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015164

AGINDUA, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2015. ekitaldirako nekazaritza eremuen garapena eta dibertsifikazio ekonomikorako laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201503668
Maila: Agindua
Apirilaren 8ko Landa Garapeneko 10/1998 Legeak, landa garapen politikaren helburu nagusitzat hauek ezartzen ditu: euskal nekazaritzaren eta oro har landa-ingurunearen funtzio aniztasuna eta jasangarritasuna, landa-ingurunearen bereizgarri nagusiak zaintzea, eta nekazaritzaren nahiz nekazaritza eremuetan kokatutako enpresen eta egitura ekonomikoen lehiakortasuna sustatu eta hobetzea.
Horri erantzuteko, Agindu honek 2015. ekitaldirako landa-ekonomiaren dibertsifikaziorako, esparru horretan enplegua sustatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eremuen garapenerako diru-laguntzen deialdia egiten du.
2015 ekitaldia Europar Batasunak ezarritako 2007-2013 eta 2014-2020 programazio-epeen arteko trantsizio-urtetzat har daiteke. Horren ondorioz, Batasunaren araudia erabat aldatu da, baita nekazaritza eta landa-garapenaren esparruan ere. Hori dela eta, estatu- eta eskualde-administrazioak esparru erregulatzaile berrira egokitu behar izan dute. Haatik, programazio-epe berrira egokitzeko prozesuan bagaude ere, ezinbestekoa da Euskadiko landa-garapenerako funtsezko zenbait lerrori segida ematea.
Deialdian aurreikusitako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan, «minimis laguntzei» Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluetan xedatutakoa aplikatzeari buruzkoan, ezarritakoaren arabera emango dira, betiere enpresa bakoitzak hiru ekitaldi fiskalerako epealdian ez badu gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa.
EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.
Abenduaren 23ko 5/2014 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.
Horren ondorioz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Helburua, izaera eta esparru geografikoa.
1.– Agindu honek 2015. ekitaldirako landa-ekonomiaren dibertsifikaziorako eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eremuen garapenerako diru-laguntzen deialdia egiten du.
2.– Agindu honen arabera emandako laguntzak ez dira itzuli behar diren horietarikoak.
3.– Urteko edo bi urteko laguntzak izango dira, agindu honen hamalaugarren puntuan xedatutakoa eragotzi gabe.
4.– Agindu honen seigarren puntuko 2. atalean, dibertsifikazio-jarduerei buruzkoan, xedatutakoa eragotzi gabe, aplikazio-eremuak barne hartuko ditu nekazaritza eremuen Definizio Teknikoa ikerketan identifikatutako Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eremu guztiak:
a) Landatasun-maila handieneko nekazaritza eremuak, udal-mailan sailkatuta G1, G2 eta G3 gisa (I. eranskina).
b) Erakunde-mailan sailkatutako gainontzeko nekazaritza-eremuak, G4, G5 eta G6 landatasun-mailakoak (II. eranskina).
Bigarrena.– Laguntza motak eta onuradunak.
1.– Laguntza jaso ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eremuetan enplegua sortzen laguntzen duten nekazaritzaz kanpoko jarduerak garatzea helburu duten inbertsio mota hauek:
a) Nekazaritza sektorearekin zerikusirik ez duten baina berori dibertsifikatzen duten jarduerak. Abenduaren 23ko 17/2008 Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Legearen 4. artikuluaren 1. atalaren arabera, nekazaritza kontzeptuak barne hartzen ditu laborantza, nekazaritza eta basogintza. Onuradun izan ahalko dira nekazaritza sektorearekin harremana duten pertsonak eta ustiapen bateko familia-unitatearen kide direnak, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua –Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez landa-garapenari laguntza emateari buruzkoa– indargabetzen duen 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 3. atalean ezarritakoaren arabera.
b) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratzea, 2003ko maiatzaren 6ko Europako Batzordearen Gomendioak ezarritakoaren arabera; edo autonomoetan izena emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak, betiere inbertsioek nekazaritzako elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzea helburu ez badute. Enpresak eta autonomoak onuradun izan ahalko dira, betiere nekazaritza eremuetan kokatuta egon edo beraietan bizi badira eta nekazaritzaz kanpoko jarduera badute.
c) Enplegu-sorkuntza garbia. Laguntzak jaso ahalko dituzte nekazaritzan ez diharduten baina nekazaritza eremuetan kokatuta dauden mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak. Nolanahi ere, sortutako enpleguaren iraupena kasuan kasu aplikatzen zaion hitzarmen kolektiboak ezarritako orduen % 50ekoa izan beharko du gutxienez. Halaber, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera eskuratuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta eremu horietan bizi badira eta beren autoenplegua ekarriko duen nekazaritzaz kanpoko proiektua abiatzen badute.
2.– Aurreko puntuko b) eta c) ataletan jasotako laguntzak bateraezinak dira.
3.– Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira erakunde publikoak, udalaz gaindiko erakunde publikoak eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak.
4.– Ez zaie laguntzarik emango krisian dauden enpresei, Europako Erkidegoak krisitik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzetan ezarritako zuzentarauek jasotzen duten definizioaren arabera.
5.– Agindu honen bitartez deitutako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan, «minimis laguntzei» Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluetan xedatutakoa aplikatzeari buruzkoan, ezarritakoaren arabera emango dira (2013ko abenduaren 24ko Europako Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/7).
Hirugarrena.– Diruz lagun daitezkeen diren jarduerak.
1.– Mikroenpresak eta enpresa txiki edo ertainak sortzea helburu duen edozein proiektu edota enpresa-izaera eskuratuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, nekazaritzako elikagaiak ekoitzi, eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak salbu, baldin eta nekazaritza esparruaren garapen ekonomikoarekin lotura badute, besteak beste:
● Industria-jarduerarekin lotutako proiektuak: tailerrak, fabrikak, instalazioak eta lokalak berritzeko edo eratzeko. Horiek hainbat helburu izango dituzte: makineria konpontzea; askotariko ondasunak ekoiztea, besteak beste nekazaritzakoak ez diren materialak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa; ur-horniketako enpresak; estolderia eta hondakin-deuseztatzea; saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak ekoiztea eta abar.
● Turismoa, landetxeak eta landa-turismoa, turismo-zerbitzuak, dendak, jatetxeak, tokiko produktuak, elikagaiak eta abarrekin lotutako proiektuak.
● Zerbitzuak abiatu eta ematearekin lotutako proiektuak:
– Zerbitzu tekniko hauetarako: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak, etab.
– Sektore ekonomiko guztietako zerbitzuak, hala nola nekazaritza- edota basogintza-zerbitzuak; edota landa-populazioari zuzendutako zerbitzuak: cateringa, garraioa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, naturagune babestuetako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak, parkeen kudeaketa, etab.
– Gizarte-zerbitzuak; hor sartzen dira instalazioak eta jardueretarako guneak eraikitzea eta berritzea (haurrak, adinekoak eta ezinduak zaintzea, osasuna zaintzea, ustiategi-eskolak sortzea, eta abar).
– Aisia- eta kirol-jarduerekin lotutako zerbitzuak.
● Eskulangintza-jarduerak garatzeko proiektuak.
● IKTekin lotutako proiektuak, merkataritza elektronikoa, etab.
2.– Enpleguaren sorkuntza-garbirako proiektuak.
● Besteen konturako langileak kontratatzea, aurretik lanik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, sortutako enpleguaren iraupena kasuan kasu aplikatzen zaion hitzarmen kolektiboak ezarritako orduen % 50ekoa izan beharko du gutxienez.
● Beren kabuzko jarduerak sortzea, hau da, langile autonomoak jartzea edo gizarte ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresetan sartzea sustatzen dutenak.
Laugarrena.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.
1.– Diruz lagun daitezkeen kostutzat joko dira Agindu honek erregulatutako laguntzetan sartzen diren jardueretatik eratorritako 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako inbertsio edota gastuak.
2.– Nekazaritza elikagaien sektoreaz kanpoko jarduera ekonomikoaren dibertsifikaziorako, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratzeko eta pertsona fisikoentzako laguntzei dagokienez, kostu hauek diruz lagun daitezke:
a) Enpresa planarekin lotutako ondasun higiezinak eraiki, erosi edo lehengoratzea.
b) Ondasunaren merkatu-baliora iritsi arte, makina eta tresna berriak erosi eta alokatzea.
c) Jarduera berriarekin lotutako bigarren eskuko makinak eta tresnak erostea, horiek aurreko 5 urteotan beste laguntzarik jaso ez badute.
d) a) eta b) ataletan aipatutako gastuekin lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak. Gehienez ere % 10era hel daitezke.
e) Ibilgailua erostea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan burutzen bada eta egokitzapen nabarmena behar izan badu. Gehienez ere zenbateko osoaren % 20ra arte eta 20.000 € gainditu gabe.
f) Diruz lagundutako jarduera garatzeko behar diren ibilgailuak egokitzea.
g) Ondasun ukiezinetan egindako inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
h) Tresneria.
i) Altzariak.
j) Diruz lagundutako inbertsioarekin lotutako azterketak, gehienez ere % 10era arte.
k) Lotutako beste azpiegitura batzuk.
l) Lan propioak, diruz lagundutako aurrekontu osoaren % 20ra arte gehienez.
m) Aplikatutako legeriaren arabera, BEZ berreskuraezina.
3.– Enplegua sortzeari dagokionez, kontratazioaren kostuak lagun daitezke diruz.
4.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.
b) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak eta prozedura judizialen eta judizioz kanpoko prozeduren gastuak.
c) Zuzeneko zergak eta laguntzaren onuradunak edozein gizarte-aurreikuspen erregimeni egindako ekarpenak.
d) Zeharkako zerga berreskuragarriak.
e) Bizitegi-erabilera duten etxebizitzak, eta norberak erabiltzeko edo etxean erabiltzeko ibilgailu eta ondasunak.
f) Ondasun eta zerbitzuen kontratuetan edo fakturetan egindako deskontuak eta, aldaketaren bat dela eta edo beste arrazoien ondorioz, kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak egindako ordainketak edo itzulketak.
g) Tresna eta makinak birjartzeko edo ordezteko egindako inbertsioak, erosketa teknologia hobetzeagatik edo eraginkortasuna handitzeagatik egiten denean salbu.
h) Finantza-errentamendua, baldin eta eragiketa amaitzean dagokion kontratuan ondasuna erosteko beharra zehaztuta ez badago. Ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzearen kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.
Bosgarrena.– Finantziazioa.
1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2015erako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezarri diren kredituetatik aterako dira eta honela banatuko dira:
2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Eguneratzea egin eta baliabideak handitzen badira, laguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik gauzatu beharko da igoera hori, eta horren berri eman beharko da gainera, landa-garapeneko gaietan eskumena daukan sailburuordearen ebazpen bidez.
Seigarrena.– Betekizunak.
1.– Laguntzak eskatzeko, pertsona fisiko eta juridikoek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezten duten unean:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eremu batean bizitzea edo egoitza soziala bertan izatea.
c) Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeari dagokionez, onuradunak Norbere Konturako Nekazaritzako Langileen Sistema Berezian alta emanda egon beharko du.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak nekazaritza eremuan burutzea. Haatik, dibertsifikazioko jardueren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein eremutan burutu ahalko dira ekintzak.
3.– Enplegua sortzeagatiko laguntza eskatuz gero, egiaztatu beharko da kontratatutako pertsona langabezian zegoela alta eman aurretik.
Zazpigarrena.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezpen-epea.
1.– Eskatzaileek agiri hauen jatorrizkoak eta kopiak aurkeztu behar dituzte:
a) Agindu honen III. eranskineko eskabide-orria. Webgune honetan ere eskuragarri egongo da: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Informatikoki bete eta gorde ondoren, paperean eta sinatuta bidali beharko da.
b) IFKaren fotokopia.
c) Ordainketak egiteko dokumentazioa (Hirugarrenen alta-agiria), azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo datuak aldatu nahi direnean.
d) Eskatzailea nekazaritzako ustiategi bateko familia-unitatearen kide bada, bertan urtebeteko antzinatasuna duela egiaztatu beharko du Gizarte Segurantzan nekazaritza jardueran alta emanda dagoela frogatuz. Gainera, PFEZn aitortutako azken ekitaldiko nekazaritza-etekinak ere egiaztatu beharko ditu.
e) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko emakume nekazarien kasuan, baldintza hori betetzen dutela egiaztatu beharko dute.
f) Enpresa izaera eskuratuko duen pertsona fisikoaren kasuan, errolda-ziurtagiria; enplegua sortzeagatiko laguntza eskatzekotan, Lanbiden langabe gisa izen emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.
g) Enplegua sortzen den kasuetan, emakumeak, luzaroko langabeak edo % 33 edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak kontratatuz gero, baldintza horiek egiaztatu beharko dira.
h) Jarduera burutuko den ondasun higiezina erabiltzeko baimena aitortzen duen tituluaren fotokopia, ondasun hori jabetza osoan edo partekatuan, errentan, gozamenean edo jabetzarik gabe izan.
i) Eraikuntza-, lehengoratze- edo eraberritze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztu beharko da; gainera, bera exekutatzeko behar diren baldintzak eta lizentziak ere aurkeztu beharko dira edo baimena horiek lortzeko egindako eskabidea.
j) Proiektua balioesteko memoria (IV. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu beharreko puntu guztiak jaso beharko ditu. Jasota ez dauden puntuak ez dira baloratuko.
k) 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduaren (UE) edo beste minimis erregelamenduen menpe dauden aurreko bi ekitaldi fiskaletan edo aurtengoan jasotako minimis laguntza guztiei buruzko adierazpen idatzia.
2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea, NANa automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, horretarako berariazko baimenik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartu zen.
3.– Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidali behar zaizkio. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko bulegoetan (Donostia kalea,1 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horrez gain, Hazi Fundazioan ere aurkez daitezke, erakunde kolaboratzailea baita, hurrengo puntuan adierazi bezala.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik hasita, epea bukatzen den eguneko 15:00ak arte. Haatik, epea ostiralean bukatzen bada, 12:00etan amaituko da.
5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
6.– Beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahalko zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.
Zortzigarrena.– Laguntzen kudeaketa.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak. Horrez gain, diruz lagundutako jardueren jarraipena eta kontrola eramango du, beharrezko iritzitako ikuskapenak eginez diruz lagundutako proiektuak ongi exekutatzen direla egiaztatzeko. Horretarako, onuradunak eskatzen zaien dokumentazio eta informazioa ematera derrigortuta daude. Haatik, Hazi Fundazioa agindu honen bitartez deitutako laguntzen erakunde kolaboratzaile izendatzen da, eskabideak jaso ditzan abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren. Horretarako, aipatutako Fundazioarekin dagokion Lankidetza-hitzarmena sinatuko da.
Bederatzigarrena.– Balorazio Batzordea eta balorazio-irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Balorazio Batzordea eratuko da. Batzordea bost pertsonaz osatuta egongo da: lauk Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako kide izan behar dute; horietako batek Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zerbitzuko Arduraduna izan behar du eta bera izango da Lehendakaria; beste hirurak Zuzendaritzako teknikarien artean aukeratuko dira. Bosgarren kidea Hazi Fundazioak izendatuko du.
2.– Batzordeko kide guztiak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira; ebazpen horren bidez izendatuko da Idazkaria eta teknikari kategoria duen Zuzendaritzako kide bat izan beharko du.
3.– Balorazio Batzordeak eskatu ahalko du beharrezko iritzitako adituak bileretara bertaratu daitezen edo aholku eman diezaioten.
4.– Proiektuak balioesteko eskabideari erantsitako (IV. eranskina) Proiektua Balioesteko Memoria erabiliko da. Memorian jasotako alderdiak soilik baloratuko dira.
5.– Proiektu bat babestu ahal izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.
Hamargarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Ebazpenaren bigarren ataleko 1.a) eta b) puntuetan araututako laguntzak lortutako puntuen arabera emango dira, eta proiektu bakoitzari esleitutako ehunekoa taula honen araberakoa izango da:
2.– Enplegua sortzen den kasuetan (bigarren puntua, 1.c) laguntzaren zenbatekoa ez da diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko bat izango, baizik eta zenbateko finko bat, sortutako lanpostu bakoitzeko behin bakarrik emango dena eta betiere kontratatutako jardunaldiaren araberakoa. Taula honen arabera emango dira:
* Kasu zehatzak: emakumeak, luzaroko langabeak edo % 33 edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak.
3.– Laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan, «minimis laguntzei» Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluetan xedatutakoa aplikatzeari buruzkoan, ezarritakoaren arabera emango dira, betiere enpresa bakoitzak hiru ekitaldi fiskalerako epealdian ez badu gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa.
Hamaikagarrena.– Esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez.
2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta Agindu honetako bederatzigarren puntuan finkatzen diren irizpideak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.
3.– Aurreko araua aplikatuz bi zerrenda egingo dira. Lehenengoa, bigarren ataleko 1.a) eta b) puntuetan araututako laguntzetarako; bestea, bigarren ataleko 1.c) puntuan araututako laguntzetarako. Bi zerrendak bakoitzak lortutako puntuen arabera ordenatuta egongo dira, puntuazio handienetik txikienera. Ondoren, laguntzak ordenari jarraituz emango dira, funtsak agortu arte.
4.– Laguntza-modalitateren batean zenbateko osoa agortzen ez bada, soberakina beste modalitateari dagokion zenbatekoari gehi dakioke.
5.– Bi proiektuk edo gehiagok puntu berdinak izatekotan, lehentasuna emango zaio lankidetzaren atalean puntu gehien duenari.
Hamabigarrena.– Ebazpena.
1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak eskabideak ebatziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu.
2.– Ebazpenean informazio hau jaso beharko da gutxienez:
a) Onartutako eskabideei buruz:
○ Pertsona edo erakunde onuradunen izena.
○ Diruz lagundutako proiektua.
○ Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.
○ Diru-laguntzaren zenbatekoa.
○ Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.
○ Onuraduna pertsona juridiko bihurtu izana egiaztatzen duen dokumentazioa eta proiektua exekutatzeko behar diren lizentzia edo baimenen ziurtagiriak aurkeztera derrigortuta dagoela ezartzen duen klausula.
b) Ukatutako eskabideei buruz:
○ Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.
○ Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta banan-banan jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpen zehatzik eman ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.
Hamahirugarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte, betiere:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Hamabost eguneko epean, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza esleitu den helburu zehatzerako erabili behar da. Ondasun higiezinak edo ibilgailuak erosi, eraiki edo eraberritzekotan, ezingo dira bost urte baino lehenago besterendu, ondasun horiek erosteko jasotako laguntza itzuli gabe. Horretarako, ondasun inbentariagarrien kasuan, onuradunak kontzesioaren ebazpen administratiboa aurkeztu beharko du dagokion Jabetza Erregistroan. Bertan, dokumentu hori izanda, jabariaren erabilera-mugaren erregistro-idazpena egingo da Hipoteka Legearen arabera. Kontzesioa egiten duen administrazioak Jabetza Erregistroan ebazpena aurkeztu izana egiaztatzen duen dokumentua jasotzen duenean, diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du.
3.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.
4.– Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, lanpostuak gutxienez hiru urtez mantendu beharko dira.
5.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea inbertsioa partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
6.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila aipatu behar da, babesle diren heinean, proiektuaren berri emateko prestatzen diren dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin (http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm) eta funts estrukturalekin lotutako informazio eta publizitate jarduerei buruzko abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da. Dena dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak txosten bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.
7.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinarazi behar diote onartutako ekintzak bukatu dituztela, eta haren esku utzi behar dituzte gastuak egin dituztela egiaztatzeko beharrezko agiri guztiak.
8.– Landa garapenaren alorrean eskumena duen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.
9.– Agindu honetako zazpigarren puntuak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa garapenaren alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez. Halaber jakinarazi beharko dituzte ekitaldi fiskal horretan eta aurreko bietan eskatutako edota jasotako minimis laguntza guztiak, horien helburua gorabehera. Jakinarazpena egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita hurrengo hamabost egun naturaletan egin beharko da eta betiere jasotako funtsen aplikazioa egiaztatu aurretik.
10.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idazki bidez landa garapenaren alorrean eskumena duen Sailari. Jakinarazpena egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita hurrengo hamabost egun naturaletan egin beharko da eta betiere jasotako funtsen aplikazioa egiaztatu aurretik.
11.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea (testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen).
Hamalaugarrena.– Burutzeko epeak.
1.– Proiektuak urtebetean edo bi urtetan egin ahal izango dira.
2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan burutu beharko dira. Epe horiek finantzaketarako kredituen izaerari egokituko zaizkie.
3.– Salbuespen gisa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak epea gehienez ere bi urtez zabal dezake ebazpen bidez. Horretarako, onuradunak eskaera eta justifikazioa aurkeztu beharko ditu idatziz. Idazkia, gehienez ere, inbertsioa edo gastua bukatuta egon behar duen eguna baino egutegiko 30 egun lehenago aurkeztu behar da, laguntza emateko ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.
Hamabosgarrena.– Laguntzak justifikatzea.
1.– Nekazaritza sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikaziorako, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratzeko eta nekazaritza elikagaien sektoreaz kanpoko pertsona fisikoentzako laguntzei dagokienez, inbertsioa eta/edo gastuaren exekuzio egokia honela egiaztatuko da:
a) Gauzatutako jardueren justifikazio-memoria; bertan, diruz lagundutako proiektua betetzeari buruzko informazioa bilduko da.
b) Fakturak eta ordainagiriak aurkeztea; onuradunaren izenean egon beharko dute eta jatorrizkoak nahiz kopiak izan daitezke. Horrekin batera, adierazpen arduratsua aurkeztuko da. Bertan adieraziko da faktura eta ordainagiri horiek ez direla aurkeztu beste diru-laguntza programen justifikazio gisa edota, aurkeztu izan badira, diru-laguntza programak zeintzuk izan diren eta faktura edo ordainagiri bakoitzak jasotako diru-laguntzaren ehunekoa zehaztuko dira.
c) Laguntza pertsonifikaturiko erakunde bat eratzeari baldintzatuta badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.
d) Nahitaezko baimen eta lizentziak aurkeztea diru-laguntza emateko ezinbesteko baldintza bada, eta laguntza eskatu zenean baimen horiek onartu gabe bazeuden, beraiek aurkeztu beharko dira.
e) Justifikazioak eskudiruan egindako ordainketen bidez egiten badira, urriaren 20ko 7/2012 Legearen 7. artikuluaren 1. atalak horien gainean ezarritako mugak errespetatu beharko dira. Lege horrek zerga- eta aurrekontu-araubidea aldatu eta finantza-araubidea egokitzea zuen helburu, iruzurra saihesteko eta aurka egiteko jarduerak areagotzeko.
f) Obretatik eratorritako gastuen kasuan, horiek exekutatu izana frogatzen duten obra-egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, eskudun teknikariak sinatuta.
Diruz lagun daitekeen inbertsio eta/edo gastuaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahalko dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresarioak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskudun teknikariak sinatutako ziurtagiriaren bitartez eskulana; ziurtagiri horretan direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; eta horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan haiek duten balioespena ez eta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskudun sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari dokumentazio osagarria eskatu ahalko zaio.
h) Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak memoria osagarria aurkezteko eskatu ahalko du. Bertan jaso beharko da fakturen eta ordainagirien datu zehatzak biltzen dituen taula, hala nola fakturazioaren eta ordainketaren data eta erreferentzia, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa euroetan eta aplikatutako zergak.
2.– Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, dokumentazio hau erabiliko da justifikatzeko:
a) Besteen konturako kontratazioaren kasuan, hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuen kopia, Gizarte Segurantzan alta eman izanaren ziurtagiria, kontratazio-hilabeteko TC2-a, lan ibilbidea eta laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteetan enpresan zeuden batez besteko langile kopuruaren egiaztagiria.
b) Jarduera beregainak sortzekotan, Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta eman izanaren egiaztagiria.
3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarekiko (JEZ) zerga-betebeharrak egunean daudela, horretarako obligaziodunen baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartu zen.
4.– Laguntzak behar bezala kudeatzen eta ordaintzen direla bermatzeko, justifikatzeko agiriak gehienez ere bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, ekintzak bukatu eta onuradunak gastuak ordaintzen dituenetik kontatzen hasita.
5.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak agiri gehiago eska ditzake, egoki irizten badio.
Hamaseigarrena.– Ordainketak.
1.– Laguntza aurreko puntuan ezarritako baldintzen arabera justifikatu ondoren egingo dira ordainketak, behin Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek egiaztatuta.
2.– Inbertsioen kasuan, ekitaldi bakoitzeko bi zati ordaindu ahal izango dira interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuak aipatzen duen dokumentazioa, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoa, aurkeztu ondoren.
Laguntza onartzen zaion unean erakunde onuraduna eratu gabe edo dagokion erregistroan izena eman gabe badago, ez da ordainketa partzialik egingo bera eratu arte.
3.– Enplegua sortzeagatiko laguntzen kasuan, % 50 ordainduko da kontratazioa justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Gainerako % 50a lehenengo ordainketa egin eta urtebetera ordainduko da, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek dagozkion egiaztatzeak egin ondoren.
4.– Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
5.– Diruz lagundutako proiektua ezarritako gehienezko epeen barruan egiten ez bada, edo egiaztagiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Hamazazpigarrena.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Aldi berean beste erakunde publiko nahiz pribatu baten diru-laguntza jasotzen bada, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi beharko zaio, egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita hurrengo hamabost egun naturaletan eta, betiere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu aurretik. Horren ondorioz, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere Agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunei eta diruz lagundu zen helburuari eusten bazaie. Horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera egokituko dira, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio, hala badagokio.
2.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira; onartutako proiektua aurreikusitako epean egiten ez bada; eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada, betiere aurkeztutako proiektua oinarrian aldatzen ez baldin bada, betiere Agindu honek ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie eta diruz lagundu zen helburua mantentzen bada, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi beharko zaio baina laguntza onartzeko ebazpena ez da aldatuko.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira; onartutako proiektua aurreikusitako epean egiten ez bada; eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada, eta horren ondorioz aurkeztutako proiektua oinarrian aldatzen baldin bada, baina diruz lagundu zen helburua mantentzen bada, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi beharko zaio eta laguntza onartzeko ebazpena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du.
3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hemezortzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari idazkia aurkeztuko dio, eta zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egitea idatziz helarazi behar dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari, eta zuzendariak, ebazpen bidez, berariaz onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
Hemeretzigarrena.– Ez-betetzea.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko, osoki edo partzialki, proiektuaren exekuzio-mailaren arabera, hartu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzearen arrazoia inbertsioak dagokien epean ez mantentzea denean, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
2.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.
Hogeigarrena.– Bateragarritasunak.
1.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudiak (EE), minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoak, ezarri du Estatu kide batek enpresa jakin bati emango dion minimis laguntzen zenbateko osoa ez dela 200.000 euro baino gehiago izango hiru zergalditan.
Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste edozein Administrazio Publiko, Sail edo Erakunde publiko nahiz pribatuk emandakoekin, betiere kopuru osoak ez baldin badu Salbuespen Araudiak edo kasuan kasuko Arauek ezarritako gehienezko zenbatekoa gainditzen.
2.– Onuradunek une oro jakinarazi beharko diote Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako eta Europar Politiketako Zuzendaritzari xede bererako beste diru-laguntza eta beste minimis laguntzarik jaso duten, bai zergaldi horretan bai ordura arteko aurreko bietan.
Hogeita batgarrena. Datuen babesa.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.–. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.