EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015159

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, hezkuntza-premia berezietako ikasleak eskolatu eta 2015-2016ko ikasturterako Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzak deitzen dituena.

Xedapenaren data: 2015-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201503591
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/07/13an argitaratutako 1998/06/23ko 199800118 DEKRETUA

Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, hezkuntza-premia berezietako ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzunaren antolamenduari buruzkoak, 11. artikuluan xedatzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gaur egun, behar diren administrazio-xedapenak garatuko ditu, itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia berezietako ikasleei eman beharreko arretarako baliabide espezifikoak zehazteko.
Horregatik, abenduaren 23ko 5/2014 legeak, 2015eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak onartzen dituenak, xedatutakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
1.– Hezkuntza-premia berezietako (HPB aurrerantzean) ikasleak eskolatzen dituzten eta 2015-2016ko ikasturterako Hezkuntza Laguntzako espezialistak (HLE aurreratzean) kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei diru-laguntzak ematea du agindu honek helburu. 10.368.759 euro erabiliko dira agindu honetan araututako dirulaguntzak finantzatzeko, horrela banatuko direnak: 3.456.253 euroko zenbatekoa 2015eko ekitaldirako eta 6.912.506 euroko zenbatekoa 2016ko ekitaldirako.
2.– Aurrekontuan sartutako fondoak agortuz gero, exijitutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, guztiz betetzeko kalkulatutako guztizko zenbatekoari begira haietako bakoitzarentzat hasiera batean kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.
2. artikulua.– Onuradunak.
2015-2016ko ikasturtean hezkuntza-premia berezietako ikasleak eskolatu eta, ikasle horien autonomiari laguntzeko eta curriculumera errazago sar daitezen, Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatu behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek izango dute agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko aukera.
3. artikulua.– Baldintzak.
1.– Helburu bereko beste deialdi batzuetan diru-laguntzak jaso dituzten ikastetxe horiek ezin izango dira deialdi honen onuradunak izan. Halaber, diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera zigor- edo administrazio-bidetik galdu duten erakundeek,-zigorrak ezartzen duen aldian,-, eta diru-laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuak, baita otsailaren 18ko 4/2005 legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunarenak, xedatutakoaren arabera sexu-diskriminazioak egin izanagatik gertatu direnak ere, dituztenek ezin izango dute agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen deialdian parte hartu.
2.– Exijitutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta haien balorazioaren arabera, emango dira agindu honetan xedatzen diren diru-laguntzak. Halaber, eskatzen dituzten erakundeek egunean izan beharko dituzte zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
3.– Agindu honen arabera diruz lagundu daitezkeen hezkuntza-premia bereziek curriculumera sartzearekin eta puntu hauei lotutako egokitzapen-trebetasunekin dute zerikusia:
– Zainketa pertsonala (a).
– Portaera eta komunikazioa (b).
– Mugitzeko trebetasunak (c).
– Autogidatzea (d).
– Erkidegoaren erabilpena (e).
– Osasuna eta segurtasuna (f).
4. artikulua.– Hezkuntza Laguntzako espezialistak: titulazioa eta funtzioak.
1.– Apirilaren 30eko 777/1998 errege Dekretuak, hezkuntza-sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamenduaren zenbait alderdi garatzen dituenak, xedatutakoaren arabera, ondorengo titulazioetako bat, edo baliokideren bat, izan beharko du 2015/2016ko ikasturtean lehen aldiz kontratatzen zaien Hezkuntza Laguntzako espezialistak:
– Gizarte Integrazioko goi teknikaria.
– Haur Hezkuntzako goi teknikaria.
2.– Hezkuntza Laguntzako espezialistek ikasleen autonomiari eta haiek curriculumera sartzeari lotutako lanak egingo dituzte eta, horretarako, hezkuntza-izaera (ez dira irakasleak) duen gaitasun profesionala erabiliko dute.
3.– Hezkuntza Laguntzako espezialisten funtzioak, klase-aldian eta astean 25 ordu, gehienez ere, erabiliz egingo direnak, hauek izango dira:
– Irakasleekin edo tutorearekin parte hartzea, hezkuntza-premia berezietako ikasleen autonomiari eta ikasle horiek curriculumera sartzeari lotutako jarduera-planak egin, aplikatu eta horien jarraipena egiteko orduan.
– Behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleek egokitze-jarrerak garatzeko programak egin, aplikatu eta horien jarraipena egiteko prozesuan parte hartzea.
– Ikastetxeko gainontzeko pertsonalarekin era aktiboan parte hartzea hezkuntza-premia berezietako ikasleei jolasaldi eta atsedenaldietan arreta eman eta zaintzeko orduan. Ikasle horiei gainontzekoekin harremanak errazago izateko aukera eman beharko diete.
– Laguntza- eta aholkularitza-profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, hezkuntza-premia berezietako aholkularitzak...) parte hartzea hezkuntza-premia berezietako ikasleekin egin beharreko jardueretan, haien presentzia beharrezkoa bada.
– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeutak, iraskasle espezializatuak, okupaziozko terapeuta...) lankidetzan aritzea hezkuntza-premia berezietako ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materiala eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzeko orduan.
– Behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleei laguntza ematea, haien eskola-jarduera egin ahal izateko beharrezkoak diren leku-aldatze horietan.
– Istripuak eta lehen laguntzak prebenitzeko tekniketan laguntzea edo teknika horiek aplikatzea, ezarritako protokoloen eta jarduteko argibideen arabera.
– Haien eskuduntza diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak zenbait baldintza betetzen dituela egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak behar adina aldiz eta automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten edo ez eta, egiaztapen horretarako, ez da erakunde horien oniritzirik behar, azaroaren 11ko 1/1997 legegintza dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratua onartzen duenak, xedatutakoaren arabera.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 legegintza Dekretuaren aldaketa aplikatuz, eskaeran sartuko den aitorpen arduratsu baten bidez eginbehar hauek egiaztatuko dira:
– Eskaera jakinaraztea eta, behar izanez gero, helburu berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik datozen diru-laguntzak edo beste baliabide batzuk lortu direla jakinaraztea.
– Zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeko orduan egunean egotea egiaztatuko du erakunde eskatzaileak, indarreko legeriak xedatutakoaren arabera.
– Erakunde eskatzaileak zigor edo administrazio-bidetik diru-laguntza publikoak jasotzeko zigorra ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.
– Eskaeran eta harekin batera doan dokumentazioan agertzen diren datuak egiazkoak direla adieraziko du erakunde eskatzaileak, baita diru-laguntza horien onuraduna izateko indarreko legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituela ere.
– Halaber, erakunde eskatzaileak bere gain hartuko du, diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzetakoren bati eragiten dion edozein zirkunstantzia aldatuz gero, aldaketa hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko konpromisoa.
6. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.
1.– Interesatuta dauden erakundeek izango dute prozedura honen tramiteak bitarteko elektronikoak erabiliz egiteko aukera, ostsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa – Platea– onartzen duenak, araututakoaren arabera.
2.– Eskaerak, aitorpen arduratsuak eta gainontzeko ereduak tramitatzeko zehaztapenak (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/eae/y22-izapide/eu) egoitza elektronikoan daude eskura.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak egin ahal izango dira eskaeraren ondorengo tramiteak.
7. artikulua.– Eskaerak: prozedura, formularioak eta epeak.
1.– Erakunde eskatzaileek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Premia Berezien Aplikazio Informatikoan (https://www.hezkuntza.net/appcont/control acceso/index c.html) bete beharko dituzte inprimakia, eskatutako moduluekin, eta Hezkuntza Laguntzako Espezialistaren aparteko baliabidea behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleen zerrenda. Halaber, eta jarduera-planaren proposamenaren arabera, baliabide hori behar duten egokitze-trebetasunak zeintzuk diren adieraziko dute.
2.– Aplikazioa bete ondoren, erakunde eskatzaileek bitarteko elektronikoen bidez eta «datu-orria» dokumentuarekin batera aurkeztu beharko dute eskaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/eae/y22-izapide/eu).
3.– Dokumentazio hau hilabeteko epean aurkeztuko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
4.– Erakunde eskatzaileek eskaera, harekin batera doan dokumentazioarekin batera, euskaraz edo gazteleraz, nahi duten hizkuntzan, aurkeztu ahal izango dute. Halaber, prozeduran zehar erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilpena Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
5.– Eskaerak aurkeztu ondoren akatsik edo datu okerrik dagoela ikusiz gero, hamar eguneko epe batean akats hori zuzendu behar duela, edo derrigorrezko agiriak aurkeztu behar dituela, jakinaraziko zaio interesatuari, horrela egin ezean eskaerari uko egiten diola interpretatuko dela adieraztearekin batera. Horretarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.
6.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 legeak, Titularitate Publikoko Datu Pertsonalaren Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek tratatzeko eta argitara emateko baimena ematen badute, eta fitxategi horrek diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango du helburu, baita deialdian parte hartzen duten pertsonei nola garatzen den jakinaraztea ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi honen arduraduna. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabili ahal izango dira sartu, zuzendu, itxi eta aurkatzeko eskubideak eta, horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
7.– Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak egiazkoak diren edo ez beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko baimena.
8. artikulua.– Eskaerak baloratzea eta diru-laguntzen ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek aztertuko dituzte eskaerak eta, besteak beste, berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek emandako txostenak hartuko dituzte kontuan. Txosten horietan hezkuntza-premia bereziak baloratu, behar izanez gero Hezkuntza Laguntzako espezialistaren baliabidea proposatuko da eta, horretaz gain, hezkuntza-premia berezietako ikasleek behar duten laguntzak nolakoa izan behar duen zehaztuko da. Maila hauek bereiziko dira: laguntza mugatua, zabala eta orokortua.
2.– Halaber, berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek behar diren orientabideak emango dituzte, Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzak, jarduera-planaren barruan, bete beharreko funtzio eta lanei buruzkoak.
3.– Gainera, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde mailako teknikarien eskariz, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako laguntza-eskaerari buruzko txosten bat emango dute berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek, Hezkuntza Laguntzako espezialistak eta ikastetxeak dituen gainontzeko baliabideak emateko erabiltzen diren irizpideak kontuan hartuta.
4.– Hezkuntza Laguntzako espezialistak emateko irizpideak hauek izango dira:
– Gela egonkor baterako dotazio normalizatua Hezkuntza Laguntzako espezialista batena izango da eta, dotazio gehigarria emateko, aparteko zirkunstantziak daudela egiaztatu beharko da.
– Laguntza orokortua behar izanez gero, egoeraren testuinguruaren araberako analisia kontuan hartuta emango zaie Hezkuntza Laguntzako espezialistaren premia duten bi ikasleri arreta (adibidez, gela berean edo aldameneko geletan laguntza orokortuaren premia duten bi ikasle, edo laguntza orokortua behar duen ikasle bat eta laguntza zabala behar duen beste bat).
– Laguntza zabalaren kasuan, Hezkuntza Laguntzako espezialista batek behar duten hezkuntza-premia berezietako hiru ikasleri emango die arreta.
– Laguntza mugatuaren kasuan, Hezkuntza Laguntzako espezialistak hezkuntza-premia berezietako lau ikasleri emango die arreta.
– Noizbehinkako laguntzetarako (unean-unean, eskola-irteeretarako, barnetegietarako..., bakarrik eskatuko dira) ez da Hezkuntza Laguntzako espezialista era egonkorrean egongo.
– Ezin da ikastetxe eta egoera bakoitzaren kasuistika kontuan hartu eta, horregatik, Baloratze Batzordeak aparteko egoerak aztertu, arrazoiak eman eta neurriak egokitu ahal izango ditu, egoera horiek testuinguruaren arabera aztertu ondoren.
5.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek beren proposamena, behar bezalako txostenarekin eta lurralde arduradunaren bidez, Baloratze Batzordeari helaraziko diote. Baloratze Batzorde honek Hezkuntza Berriztapeneko zuzendariari aurkeztuko dio esleitzeko behin-betiko proposamena eta honek ebatziko du.
6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko eskuduntza duen organoa.
7.– Baloratze Batzordea kide hauek osatuko dute:
– Hezkuntza Berezia Zerbitzuko arduraduna (batzarburua).
– Hezkuntza Berezia Zerbitzuko teknikaria (idazkaria).
– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia.
– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariak.
8.– Baloratze Batzordeak, lurralde mailako proposamenak eta haien bideragarritasuna aztertuta, onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko kasu bakoitzean aplikatu beharreko asteko orduen modulua ezarriko du.
9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoak ez du inoiz ere soldataren guztizkoa gehi Gizarte Segurantza (eta aparteko ordainsarien eta oporren proportzioa) gaindituko kontratatutako Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzeko, eta urteko 30.496,35 euroko kostu gordin bat hartuko da oinarritzat 2015rako eta 30.496,35 eurokoa 2016rako, astean 35 lan-orduko. Zifra horietatik aurrera Hezkuntza Laguntzako espezialista baten kostu gordina, lan egindako ordu bakoitzeko, kalkulatzen da, Gizarte Segurantza barne. Urteko egiazko lanaldia, 21,94 eurokoa litzatekeena, hartzen da kontuan.
2.– Diru-laguntzen zenbatekoa 2015-2016ko ikasturtearen aldirako egingo da, hots, 2015eko irailaren 1etik 2016ko abuztuaren 31ra bitartean, onuradunak kontratuaren bidez egiaztatua eta asteko dedikazioaren modulu hauen arabera:
– Asteko 25 ordu: 21.783,11 euro.
– Asteko 20 ordu: 17.426,49 euro.
– Asteko 15 ordu: 13.069,86 euro.
– Asteko 10 ordu: 8.713,24 euro.
3.– Salbuespen gisa, interesatuaren eskariz eta horretarako eranskinaren atalean agertu beharko dela, aurreko puntuan ezarritakoen artean ez dagoen ordu-modulu bat eman ahal izango da, asteko dedikazioaren modulu hauen arabera:
– Asteko 35 ordu: 30.496,35 euro.
– Asteko 30 ordu: 26.139,73 euro.
Horretarako, berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzek, behar diren txostenen bidez, eskaera abalatu beharko dute. Ondorio hauetarako, irizpide hau hartuko da kontuan: mugitzeko elbarritasunari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, elikadurari lotutako eginkizunetarako laguntza behar dutenak, eta portaeraren nahaste larriari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, autolesioak edo zauriak ekiditeko ikuskatze handia eskatzen dutenak.
10. artikulua.– Diru-laguntzen jarraipena.
Jarduera-planaren jarraipena egitearen ondorioz, hasierako eskaerari begira izandako aldaketen berri emango diote berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzek hezkuntza-administrazioari, behar diren erabakiak hartzeko eta baliabide espezifiko horien funtzionamenduaz Hezkuntza Ikuskaritzak duen kontrolaren kalterik gabe.
11. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan araututako diru-laguntzak, banakako jakinarazpena elektronikoa izango da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez emango da argitara, sei hilabeteko gehienezko epe batean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori pasa ondoren ez bada ebazpenik eman, beren eskaerak ezetzi direla interpretatu beharko dute interesatuek.
2.– Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuordeari administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legeak 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera, jakinarazpen elektronikokorako hurrengo egunetik aurrera hilabete bateko epean.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen barruan diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozedurarik hasi bada eta oraindik tramitazio-fasean badago, prozedura horrek bukatzearen baldintzapean egongo da diru-laguntza eman eta ordaintzeko prozesua.
12. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradunek, betiere, eginbehar hauek bete beharko dituzte:
– Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, hamabost eguneko epean, ebazpen EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, erakunde onuradunek espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu dutela interpretatuko da.
– Diru-laguntza eman den helbururako erabiltzea.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, instituzio horiek, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dutenean.
13. artikulua.– Diru-laguntza ordaindu eta justifikatzea.
1.– Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da, zenbateko osoaren heren banakoa. 2015/2016ko ikasturtean zehar lehenengo biak eta hirugarren atalean exijitutako dokumentazioa egiaztatu ondoren hirugarrena.
2.– Diru-laguntzaren lehen fasea ordaindu aurretik, ikastetxeak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, 15 eguneko epean, ebazpena argitara ematen denetik kontatzen hasita.
– Kontratutako Hezkuntza Laguntzako espezialistei exijitutako titulazioa, agindu honen 4.1.artikuluan xedatutakoaren arabera.
– Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzarekin egindako lan-kontratua.
3.– 2015-2016ko ikasturteak bukatuta eta diru-laguntzaren hirugarren eta azken fasea ordaindu aurretik, jasotako diru-laguntza nola erabili den egiaztatzeko dokumentazioa (nominen kopiak eta Gizarte Segurantzari kotizatu izanaren TC1 eta TC2 buletinak) aurkeztu beharko du, 2016ko irailaren 30a baino lehenago, diru-laguntzaren onuraduna izan den ikastetxeak.
4.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
5.– Onuradunek deialdi hau arautzen duen ebazpenean edo agindu honetan eta bat datozen gainontzekoetan ezarritako baldintzetakoren bat bete ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen xedapenak aplikatu ahal izango dira eta, abenduaren 17ko 698/1991 dekretuak xedatzen duen prozeduraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote jasotako zenbatekoak gehi berandutza-interesak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta Interesatuek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen kontra, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizial berean argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu agindu honek ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.