EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015158

AGINDUA, 2015eko maiatzaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2015-05-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201503570
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaeraren espedientea, aurrekari hauek kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazio Sailean –gaur egun Herri Administrazio eta Justizia Saila– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzeko eskaera sartu zen eta, espedientea izapidetu ondoren, legeak agindutako txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, Elkargoari eskatu zitzaion zuzen zitzala aurkeztutako dokumentazioan antzemandako akatsak. Elkargoak akatsak zuzendu ondoren, 2015eko martxoaren 12an Herri Administrazio eta Justizia Sailean Elkargoaren estatutu berriak sartu ziren, aldatuta eta zuzenduta.
Hirugarrena.– Era berean, estatutuak aldatu dira, estatutuen 1 Bis artikuluko azkeneko paragrafoa ezabatzeari buruz Auzitegi Gorenak 2014ko azaroaren 25ean emandako 5012/2014 epaiari egokitzeko, eta, halaber, Konstituzio Auzitegiak 2014ko irailaren 22an emandako 150/2014 epaiari, Administrazio Publikoari Zuzenbide Administratibo edo Laboralak araututako zerbitzu-erlazio baten bidez lotutako profesionalak elkargokide izatetik salbuestea ezabatu egin behar dela dioenari, egokitzeko.
Laugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Betetzen da tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.
Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuak aldatzea onartzea.
Bigarrena.– Aipatutako Elkargoaren estatutuak, aldatu ondoren geratu diren bezala, agindu honen eranskin gisa argitaratzeko agindua ematea.
Aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 5a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
(2009ko martxoaren 17ko eta 2012ko apirilaren 17ko Batzar Orokorretan onartutako aldaketak sartuta).
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN IZAERA, HELBURUAK ETA FUNTZIOAK
1. artikulua.– Izaera juridikoa.
1.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoz arautzen den korporazioa da. Konstituzioan, Euskal Herriko Autonomia Estatutuan eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala sortzeari buruzko uztailaren 8ko 167/1997 Dekretuan esandakoaz bat sortu da. Egitura demokratikoa du. Ez du Administrazioarekiko menpetasunik, nahiz eta legezkoak diren harremanak eduki berarekin zuzenbide publikoaren alorrean.
2.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak nortasun juridiko propioa du eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko. Beraz, indarrean dauden legeen arabera, honako hauek egin ditzake Biologoen Elkargo Ofizialak bere helburuak betetzeko: edozein motatako ondasun eta eskubideak erosi, saldu, besterendu, eduki, errebindikatu, trukatu eta kargatu; kontratuak egin; obligazioak hartu eta akzioak egikaritu; eta bide eta jurisdikzio guztietan errekurtsoak aurkeztu.
3.– Lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatzea eta defendatzea da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren helburua, gizarteak dituen interes eta beharrizan orokorrak kontuan izanik.
4.– Elkargoaren eskumenek eta jarduerek ez dute mugatuko jarduera sindikala.
1 Bis artikulua.– Kontseilu Profesionalaren eskumenak eta funtzioak bere gain hartzea.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.4 artikuluari jarraiki, onartu egiten ditu Kontseilu Profesional gisa eman zaizkion eskumen eta egiteko guztiak –18/1997 Legearen 42 eta 43. artikuluetan adierazten direnak–; helburua, biologoaren lanbidea ahalik eta ondoen defendatzea eta ordezkatzea izango da, gizartearen interes eta behar orokorrekin bat etorriz. Horrek dagokion kontsiderazioa izan beharko du lanbide bereko elkargo-erakundeen arteko kuota edo erantzukizun ekonomiko edo bestelakoen ondorioetarako.
2. artikulua.– Administrazioarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Jaurlaritzako Sail eskudunaren bitartez izango du harremana Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin; horrek ez du esan nahi, gaiak hala eskatzen duenean, beste Sail baten bitartez harremanik izango ez duenik.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak lanbide berekoak eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak diren beste Erakunde, Elkargo edo Kontseiluekin izango dituen harremanak akordioen bidez ezarri beharko dira.
3. artikulua.– Lurralde-eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoa izango da Elkargoaren lurralde-eremua.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Bilbon izango du egoitza, Poza Lizentziatua kaleko 31n. Helbidez aldatzeko ahalmena Gobernu Batzordearen esku gelditzen da, beti ere Bilbon. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan bulegoak jarri ahal izango dira.
4. artikulua.– Helburuak.
Elkargoaren funtsezko eta oinarrizko helburuak dira:
1.– Biologo lanbidea antolatzea modu eta espezialitate guztietan, dituen eskumenen barruan eta legeetan ezarritakoaren arabera.
2.– Lanbidea esklusiboki ordezkatzea 25/2009 Legeak, abenduaren 22koak, zenbait lege aldatzen dituenak 17/2009 Legeari –zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoari– egokitzeko, Laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.
3.– Elkargokideen interes profesionalak defendatzea, kalterik egin gabe administrazio publikoek funtzionario-harremana dela-eta dituzten eskumenei edo sindikatuek eta erakunde patronalek beren funtzioen esparruan dituzten eskumenei.
4.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea, elkargokideek emandako zerbitzuei dagokienez.
5.– Biologo lanbidearen printzipio deontologiko eta etikoak, duintasuna eta itzala sustatu, babestu eta zaintzea.
6.– Biologiaren aurrerabidea, lanbidearen garapen zientifikoa eta teknikoa, elkartasun profesionala eta lanbideak gizarteari eskaintzen dion zerbitzua sustatu eta indartzea.
7.– Botere publikoekin batera lan egitea, Konstituzioan jasotzen diren norbanakoen eta gizataldeen eskubideak lortzen laguntzeko.
5. artikulua.– Funtzioak.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak honako funtzio hauek beteko ditu bere helburuak lortzeko:
1.– Lanbidean aritzeko aukera eta erraztasunak ematea elkargokideei.
2.– Lanbidea eta hala eskatzen duten elkargokideak ordezkatzea eta defendatzea Administrazioaren, erakundeen, auzitegien edo entitate eta partikularren aurrean. Legitimatuta egongo da alderdi izateko interes profesionalei, eskubideen defentsari eta egindako lanengatik sortutako zerbitzu-sariei buruzko auzietan. Eskea egiteko eskubidea ere egikarituko du, Legeari jarraituz.
3.– Administrazio publikoetan bere eskumen profesionaleko gaiak tratatzen direnean, kontseilu edo organismo aholku-emaileetan parte hartzea, baldin eta arau erregulatzaileek bidezko egiten badute, eta partaidetza sozialeko organoetan ordezkariak edukitzea.
4.– Gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko dei egin dakiekeen elkargokideen zerrenda eskuratzea auzitegiei.
5.– Administrazioak ematen dizkion egitekoak gauzatzea; eta administrazioarekin batera lan egitea azterlanak burutzen, txostenak ematen, estatistikak prestatzen eta elkargoaren helburuekin bat datozen beste jarduera batzuk gauzatzen, hala eskatzen badiote edo bere ekimenez formulatzen baditu.
6.– Elkargokideen jarduera profesionala antolatzea, bere eskumeneko gaietan, legeetan agindutakoaren arabera, etika eta duintasun profesionala zainduz eta norbanakoen eskubideei errespetua erakutsiz; eta, behar izanez gero, diziplina-ahalmena egikarituz elkargoan eta profesionalen mailan.
7.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesei babesa ematea, elkargokideek emandako zerbitzuei dagokienez.
8.– Bisatua ematea biologoek beren lanbidean egindako proiektuei, hala eskatzen dutenean, eta, halaber, txostenei, irizpenei, balorazioei, peritu-lanei eta gainerako lanei; eta gobernuko organoek zeregin horretarako onartzen dituzten ziurtagiri ofizialen inprimakiak editatzea eta banatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.
9.– Elkargokideen artean arazo profesionalengatik sortzen diren auzietan esku hartzea, adiskidetze edo bitartekotza edo arbitrajearen bidetik; eta, oro har, elkargokideen arteko harmonia, lankidetza eta elkartasuna bultzatzea, lanbidean aritzerakoan lehia desleialik egon ez dadin saiatuz.
10.– Elkargokideek beren lanbidean egiten dituzten lanetan betebeharrak betetzeari buruz sor daitezkeen desadostasunak laudo bidez ebaztea, alderdi interesdunek eskatuta.
11.– Biologoen eta lanbidearen alorreko intrusismo profesionala Administrazioaren aurrean salatzea eta, behar izanez gero, Justiziako auzitegitara eramatea.
12.– Biologoek bete ditzaketen lanpostuei buruzko informazio-zerbitzu aktiboa eta eraginkorra edukitzea, ahal eta eraginkortasunik gehien izateko lanbideko zereginetan aritzerakoan.
13.– Lanbidean aritzeko baldintza orokorrak –eskatutako titulazioa, eta bateraezintasunak barne– ukitzen dituzten lege-proiektuen eta bestelako xedapenen berri ematea.
14.– Profesionalen zerbitzu-sariak auzitan jartzen dituzten prozedura judizial edo administratiboetan informazioa ematea, eta ezarritako irizpideak azaltzea, kostu-tasazioari dagokionez soil-soilik.
15.– Elkargoaren antolaketa eraginkorra bermatzea. Horretarako, atal espezializatuak sustatuko dira eta heziketa, kultura, administrazio, sorospen eta aurreikuspen alorretan elkargoaren eta lanbidearen interesa izan dezaketen jarduera eta zerbitzu erkideak bultzatu. Legez eratutako beste elkargo profesional eta erakunde batzuekin batera lan egin ahal izango da helburu horietarako.
16.– Elkargoaren ekonomia administratzea. Horretarako, kargak zuzen eta berdintasunez banatzeko ekarpen-kuotak finkatuko ditu, eta kuota horiek bildu, zaindu eta aurrekontuaren eta beharrizanen arabera banatu; kontabilitatea argi eta zorrotz eramango du; balantze ekonomikoa kanpoko kontuen zinpeko auditoreen iritzipean jarriko du; eta guztia Elkargoak urtero egin behar duen memorian jasoko du.
17.– Biologoen prestakuntza profesionalerako ikastaroak antolatzea.
18.– EAEko biologoen eta beste lurralde batzuetako biologoen arteko harremanak sustatzea; eta lanbidearen ordezkari izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
19.– Lege orokorrak eta bereziak, estatutuak eta barne-erregimeneko araudiak eta elkargoko organoek, beren eskumeneko gaien gainean, hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargoko kideei betearaztea.
20.– Indarrean dagoen legeriak egozten dizkion gainerako funtzio guztiak, beti ere elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalen onerako badira.
II. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZAERA LORTZEA, UKATZEA ETA GALTZEA
6. artikulua.– Elkargokideak.
1.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialean Euskal Autonomia Erkidegoko, Europar Batasuneko edozein estatutako eta atzerriko herritarrak bilduko dira, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoan baldin badute jarduera eta Biologiako Gradua edo Lizentziatura titulu ofiziala edo horrekin homologagarriak diren tituluak badituztela frogatzen badute legeak ezarritako moduan, 1954/1994 Errege Dekretuak, irailaren 30ekoak, tituluak Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogoarekin –1497/1987 Errege Dekretuak, azaroaren 27koak, sortutakoarekin– homologatzeari buruzkoak, ezarritakoaren arabera. Era berean, aurreikusten da elkargokide izan ahal izango direla goian aipatutako titulu horiek banakatzetik Biologiaren alorrean zehazki sortzen diren goi-mailako unibertsitate-titulu edo Gradu bat dutenak, tituluaren izena edozein dela ere; hots, biologia graduarekin ardatz erkide bera dutela egiaztatzen duten gradu ofizialetako tituludunak, baldin eta gutxienez ECTSko (Kredituak transferitzeko Europako sistema) 12na kreditu baldin badituzte Biokimika, Zitologia eta Histologia, Mikrobiologia, Genetika, Landareen fisiologia, Animalien fisiologia, Botanika, Zoologia eta Ekologia gaietan eta ECTSko 6na kreditu baldin badituzte beste gai hauetan: Bioestatistika, Fisika, Kimika, Geologia, Biologo lanbidea egikaritzeko proiektuak eta gizarte-esparrua.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izan daitezke, orobat, Natur Zientzietan lizentziatu edo doktore izanik, Biologia Zientzietako Lizentziatuen elkarteetako kide izan direnak edo Filosofia eta Letretako edo Zientzietako doktoreen eta lizentziatuen Elkargo Ofizialetako Biologoen sekzio profesionaletan integratuta daudenak. Eta baita, erakunde horietako kide izan gabe ere, arauetan ezartzen diren baldintzak betez, biologia zereginetan eten barik dihardutela frogatzen dutenak.
Elkargokide izan ahal izango dira, halaber, atzerriko unibertsitate batek emandako goi-mailako unibertsitate-titulu ofizial bat dutela frogatzen dutenak, unibertsitate horrek eta hezkuntza-agintari eskudunek hitzarmen bat baldin badute aurreko paragrafoetan esandako tituluak elkarri aitortzeko, edo Biologian Graduatu edo Lizentziatu titulu ofiziala ofizialki baliozkotu edo homologatua dutenak.
2.– Era berean, elkargokide izango dira 2/2007 Legean, martxoaren 15ekoan, ezarritakoaren babesean eratutako Lanbide Sozietateak, bazkideen artean lehen aipatutako tituludunak badituzte, eta sozietate-helburuen artean baldin badago Elkargoak ordezkatzen dituen jarduera profesionalak batera egitea. Berdin dio jarduera hori esklusiboki egiten den edo bateraezina ez den beste jarduera profesional batekin batera, baina sozietatearen egoitza Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren lurralde-eremuan izan beharko dute.
3.– Elkargoan sartzeko, aipatu diren tituluetakoren bat edukitzeaz gain, Gobernu Batzordeari egin beharko zaio eskaera, izen-emate kuota ordaindu beharko da eta urteko ohiko kuotari dagokion zatia.
6 Bis artikulua.– Lanbide Sozietateen Erregistroa.
Lanbide Sozietateen Erregistro bat eratzea erabakitzen da, Elkargoaren egoitzan, Gobernu Batzordearen mende, Elkargoaren lurralde-eremuan egoitza duten eta Elkargoak ordezkatzen dituen jarduera profesionalak batera egiteko helburua duten Lanbide Sozietate guztiak inskribatzeko.
Honako hauek dira Erregistroan sartu beharreko datuak, 2/2007 Legearen 8.2 artikuluak xedatzen denaren arabera:
a) Sozietatearen izena eta egoitza.
b) Eraketa-eskrituraren eta egiletsi duen notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, denbora jakin baterako eratu bada.
c) Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.
d) Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa, eta lehenengoei dagokienez kolegiatu-zenbakia eta zein Lanbide Elkargotako kide diren.
e) Sozietatearen administratzaileen eta ordezkarien datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.
Bazkideak edota administratzaileak aldatzen badira edo sozietate-kontratuan aldaketaren bat egoten bada, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuko da.
Lanbide Sozietatea eratu ondoren sortzen den edozein gorabeheraren berri emango dio Elkargoak Merkataritza Erregistroko erregistratzaileari, baldin eta gorabehera horrek sozietateko bazkide elkargokideen lanbide-jarduna eragozten badu.
Elkargoko Erregistroa publikoa izango da. Justizia Ministeriora hileko inskripzioak bidali ondoren, Interneteko atari batean emango da argitara lanbide-sozietate bakoitzari irekitako erregistro-orriaren edukia. Publikoa, doakoa eta iraunkorra izango da atari hori, eta ministerioak ezarriko du nola kudeatuko den. Halaber, horren gainean Euskal Autonomia Erkidegoak ezartzen duenari ere jarraituko zaio.
7. artikulua.– Elkargokide izan beharra.
Biologo lanbidean aritzeko derrigorrezkoa izango da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izatea, horregatik eragotzi gabe edozein sindikatutako kide izatea.
Derrigorrezkoa izango da, halaber, martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean eratutako Lanbide Sozietateak inskribatzea Elkargoak horretarako eratutako Erregistroan.
Artikulu honetan xedatutakoari dagokionez, kontuan izan behar da 25/2009 Legeak, abenduaren 22koak, zenbait lege aldatzen dituenak 17/2009 Legeari –zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoari– egokitzeko, Laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, eta, halaber, horri lotuta, EAEko 18/1997 Legeak, azaroaren 21ekoak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak, 30.1 artikuluan xedatutakoa. Beraz, elkargokide izan beharra modu iragankorrean ulertu behar da, Lege mailako arau batek etorkizunean erabaki dezakeenaren arabera.
8. artikulua.– Elkargoko kide egitea.
Elkargokide izateko eskaerak honela izapidetuko dira:
1.– Elkargokide izateko eskaera elektronikoki egin ahal izango da eta urrundik, edo Elkargoko idazkaritzan, dekanoari zuzendutako instantzia baten bidez, edo, bestela, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan zehaztutako moduetako batean.
2.– Eskaera hori Gobernu Batzordeak ebatziko du, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barruan, eskaera aurkezten denetik aurrera edo interesdunak beharrezkotzat jotzen diren agiriak aurkeztu edo eskaerako hutsak zuzentzen dituenetik aurrera. Epe hori amaitu eta ez bada ebazpenik eman Elkargokide izateaz, eskaera onartutzat jo ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. eta 44. artikuluetan ezarritako moduan.
3.– Elkargokide izateko egindako eskaerak ukatu egiten badira, horren berri eskatzaileari eman beharko zaio, behar bezala arrazoituta. Gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke erabaki horren aurka Batzar Orokorrean, Elkargokide izatea ukatu izanaren berri ematen den egunetik aurrera hilabeteko epean.
4.– Gora jotzeko errekurtsoari ematen zaion ebazpenak amaitu egingo du Administrazioko bidea, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da jurisdikzio horretarako ezarritako modu eta epeetan.
9. artikulua.– Ukatzea.
Elkargokide izatea ukatzeko arrazoiak izango dira:
1.– Aurkeztutako dokumentuak nahikoa ez izatea edo zalantzak egotea dokumentuen benetakotasunari buruz.
2.– Eskatzailea Justiziako Auzitegietan kondenatuta egotea, horrek lanbidean aritzeko desgaitzen duen zigorra badakar berarekin.
3.– Beste Biologo Elkargo batek jarritako debekua izatea lanbidean aritzeko, berriro aritzeko gaitasunik lortu ez badu.
4.– Ez betetzea 6. artikuluko 3. paragrafoan jasotako baldintzak.
10. artikulua.– Bajak.
Arrazoi hauengatik galduko da elkargokide-izaera:
1.– Norberak eskatzea, dekanoari zuzendutako posta ziurtatu bidez, edo elektronikoki eta urrundik, edo Elkargoko idazkaritzan, dekanoari zuzendutako instantzia baten bidez, edo, bestela, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan zehaztutako moduetako batean. Eskaera horrek ez du salbuetsiko interesduna eskaera aurkeztu aurretik Elkargoarekin hartuta dituen betebeharretatik.
2.– Lanbidean jarduteko baldintzak ez betetzea; kasu horretan, jarduna galarazten duen hori gertatzen den unetik aurrerakoa izango da baja.
3.– Elkargoaren urtebeteko kuota edo gobernu-organoek ezarritako beste ekarpen batzuk ez ordaintzea. Aldez aurretik ordaintzeko errekerimendua egin beharko da posta ziurtatuz, eta bi hilabeteko luzapena emango zaio errekerimendu horretan.
4.– Heriotza.
5.– Artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako arrazoiren bategatik galtzen bada elkargokide-izaera, arrazoi horien berri posta ziurtatu bidez emango zaio interesdunari, eta une horretatik aurrera izango du eragina. Elkargokide-izaera galtzearen berri gainerako elkargokideei eman beharko zaie, hain zuzen ere egoera horrek ondorioak sortzen dituen egunaren hurrengo Batzar Orokorraren bidez, eta azaldu egin beharko da zergatik hartu den erabaki hori.
11. artikulua.– Berriro elkargokide izatea.
Biologoen Elkargo Ofizialean baja eman zaion biologoak berriro ere elkargokide izan nahi badu, estatutu hauetako 6. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.
Bajaren arrazoia estatutu hauen 10.3 artikuluan xedatutakoa bada, lehendik datorkion zorra ordaindu beharko du eskatzaileak, gehi zor horren ordainketa-agindutik aurrerako legezko interes guztiak.
12. artikulua.– Ohorezko elkargokideak.
Gobernu Batzordeak Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Ohorezko Elkargokide izendatu ahal izango ditu, edozein eratako titulu akademikoa izanik, beren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik Biologiaren garapenaren edo biologo lanbidearen alde ekarpen nabarmena egin dutenak.
Izendapena ohorezkoa izango da guztiz, baina elkargoaren bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeko eskubidea emango du, estatutuen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, salbuespen batekin: Elkargoaren gobernu-organoetan parte hartzea.
Gobernu Batzordeko kideek, karguan dauden bitartean, ezingo dute beren burua aurkeztu Ohorezko Bazkide izateko, eta beste inork ere ezingo ditu proposatu.
III. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
13. artikulua.– Eskubideak.
Elkargokideen eskubideak honako hauek dira:
1.– Biologoaren lanbidean aritzea.
2.– Lanbidean aritzearen ondorioz sor daitezkeen auzietan Elkargotik laguntza, aholkularitza eta defentsa jasotzea, betiere elkargoak dituen baliabideen arabera eta arauz ezartzen diren baldintzetan.
3.– Nahi izanez gero, lan profesionalarekin zerikusirik duten agiriak aurkeztea, erregistratzeko eta bisatzeko. Lan profesionalak Lanbide Sozietatearen izenean edo lana egin duen profesional elkargokidearen izenean bisatuko dira, interesdunak bere borondatez eskatzen duenaren arabera.
4.– Bere lan profesionalarekin loturiko erreklamazio guztietan Elkargoko Gobernu Batzordea bere ordezkari izatea, hala nahi badu.
5.– Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, arauz ezartzen diren baldintzetan.
6.– Hautesle eta hautagarri gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoaren bizitzan aktiboki esku hartzea, informazioa jasotzea eta Batzar Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
7.– Sortzen diren batzorde edo ataletan parte hartzea.
8.– Sortzen diren aurreikuspen-erakundeetan sartzea, arauz ezartzen diren baldintzetan.
9.– Lanbidean aritzeari edo Elkargoaren jardun onari buruzko eskaerak, kexak edo iradokizunak aurkeztea Gobernu Batzordeari.
10.– Elkargoaren jardunari eta interes profesionalari buruzko informazioa jasotzea erregulartasunez informazio-aldizkari baten eta Elkargoaren barne-zirkularren bidez.
11.– Edozein motatako gaiei buruzko erreferendum deialdia lortzea, eta Elkargoaren gobernu-organo baterako deia egitea eta gai-zerrendan aztergaiak sartzea, araudian ezartzen den moduan.
12.– Elkargoaren jarduera agertzen duten artxiboak eta erregistroak aztertzea, arauz finkatzen den eran.
13.– Lanbidearen edo Elkargoaren jardueraren edozein gairi buruzko iritzia ematea, askatasun osoz, Elkargoaren Informazio Aldizkarian. Ez du aldez aurretiko zentsurarik izango eta bera izango da erantzule bakarra.
14.– Lanbidean aritzean ezagututako datu eta informazioari buruz sekretu profesionalari eustea.
14. artikulua.– Betebeharrak.
Elkargokideen betebeharrak dira:
1.– Lanbidea etikaren bidetik betetzea eta, batik bat, estatutuetan ezarritako arau deontologikoak eta Elkargoko gobernu-organoek ezartzen dituzten arauak betez.
2.– Elkargoaren jardunerako arauak eta Elkargoaren gobernu-organoek hartutako erabakiak betetzea. Bidezkotzat joz gero, errekurtsoak ere aurkez ditzakete.
3.– Adierazpen profesionalak, kontratuak eta bestelako dokumentuak aurkeztea, Elkargoak eskatzen dizkionean, zertarako eskatzen dizkion eta aurkeztea derrigorrezkoa dela justifikatuta.
4.– Elkargoari hogeita hamar eguneko epean jakinaraztea egoitza edo helbidea edo bestelako datu pertsonalak aldatzen direnean. Era berean, beren zerbitzuen hartzaileen esku jarri beharko dute telefono-zenbaki bat, posta-helbide bat, fax-zenbaki bat edo helbide elektroniko bat, zerbitzuari buruzko erreklamazioak edo informazio-eskaerak bidali ahal izateko, eta legezko helbidea adieraziko dute, ohiko korrespondentziarako helbide bera ez bada.
5.– Elkargoaren gobernu-organoek ezarritako kuotak eta ekarpenak ordaintzea, igortzen direnean. Inskripzio-kuota inoiz ere ez da izango izapidetzeko kostua baino handiagoa.
6.– Elkargoaren bizitzan aktiboki parte hartzea, Batzar Orokorretan eta, bakoitzaren espezialitatearen arabera, deitzen zaien batzorde edo ataletan.
7.– Izan ditzaketen karguetan eta Elkargoko gobernu-organoek ematen dizkieten enkarguetan arduraz jardutea.
8.– Beste elkargokideen eskubide profesionalak edo elkargokide-eskubideak errespetatzea.
9.– Batzar Orokorrarekin eta Gobernu Batzordearekin batera lan egitea; eta elkargoaren intereseko gaietan argibideak ematea, eskatzen bazaizkio, beti ere sekretu profesionalari eutsiz.
10.– Gobernu-organoei jakinaraztea lanbidearentzat interesgarriak izan daitezkeen gertaera eta egitate guztiak, bai era partikularrean zein taldeka hartuta.
11.– Profesionalaren nortasun-agiria edukitzea.
12.– Lanbidean aritzean ezagututako datu eta informazioari buruz sekretu profesionalari eustea.
13.– Lanbide Sozietatea inskribatzea, legez eta erregelamenduz ezarritako eran, horretarako eratutako Lanbide Sozietateen Erregistroan.
Lanbide Sozietateak Erregistroan sartzen diren unetik aurrera, pertsona fisiko diren elkargokideen gainean legez eta estatutuz aitortuta dituen eskumen berak izango ditu Elkargoak Lanbide Sozietateen gainean. Zehazki, diziplina-erregimenari, erregimen deontologikoari eta bateraezintasun eta desgaitzeen erregimenari buruzko eskumenak. Guzti hori betiere, sozietateko profesionalek izan lezaketen diziplinazko erantzukizuna baztertu gabe, Lanbide Sozietatearen erantzukizunarekin batera gertatuko baita.
Sozietatea erregistroan inskribatzeak ez du esan nahi bazkide dituen profesionalek, lanbidean jarduteko, elkargokide izan beharrik ez daukatenik.
Hala ere, kuota espezifikoak jarriko dira Sozietateentzat, bakoitzak zenbat elkargokide dituen kontuan izanda, eta elkargokide horiek kuota ordaintzetik salbuetsita geratuko dira; ez, ordea, kasua balitz, erantzukizuna izatetik.
Elkargokide izan beharrari dagokionez, kontuan izan beharko da 25/2009 Legeak, abenduaren 22koak, zenbait lege aldatzen dituenak 17/2009 Legeari –zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoari– egokitzeko, Laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, eta, halaber, horri lotuta, 18/1997 Legeak, azaroaren 21ekoak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak, 30.1 artikuluan xedatutakoa. Beraz, elkargokide izan beharra modu iragankorrean ulertu behar da, etorkizuneko Zerbitzu Profesionalen Legeak erabaki dezakeenaren arabera.
IV. KAPITULUA
LANBIDEAN ARITZEA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK
15. artikulua.– Lanbidearen funtzioak.
1.– Biologo tituludun lanbidea eta lanbidean aritzeko Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izatea nahitaezkoa duten jarduerak legez arautuko dira, Konstituzioaren 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Aurrekoa horrela dela, eta beste lanbide batzuk arautzen dituzten legeetan jasotzen diren atribuzio profesionalei eta elkargokide egiteko arauei kalterik egin gabe, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren ustetan, ondoren azalpen gisa aipatzen diren egitekoak dira biologoak bere jarduera profesionalean garatu ditzakeenak:
a) Organismo bizidunak eta horien hondakinak eta jardueraren aztarnak aztertu, identifikatu eta sailkatzea.
b) Biologia-prozesu industrialak ikertu, garatu eta kontrolatzea (bioteknologia).
c) Jatorri biologikoa duten materialen ekoizpena, eraldaketa, manipulazioa, kontserbazioa, identifikazioa eta kalitate-kontrola.
d) Era guztietako material eta produktuen kontserbazioan eragina duten agente biologikoen identifikazioa, azterketa eta kontrola.
e) Sanitatean, nekazaritzan, industrian eta zerbitzuetan erabiltzen diren produktu kimikoen eta biologikoen azterketa biologikoak eta eraginaren kontrola.
f) Agente biologiko patogenoak eta horien produktu toxikoak identifikatu eta aztertzea. Infekzioen eta izurriteen kontrola.
g) Elikagaiak ekoitzi, eraldatu, kontrolatu eta kontserbatzea.
h) Lagin biologikoei buruzko azterketa eta analisi fisikoak, fisiologikoak, biokimikoak, zitologikoak, genetikoak, histologikoak, mikrobiologikoak eta immunologikoak. Giza jatorrikoak eta analisi klinikoetarako direnak ere hor sartzen dira.
i) Azterketa demografikoak eta epidemiologikoak.
j) Aholku genetikoa eta plangintza familiarra.
k) Heziketa sanitarioa eta ingurumenarekikoa eta, bereziki, giza nutrizioaren alorreko heziketa.
l) Baliabide natural berriztagarrien, lehorrekoen eta uretakoen (ur kontinentalak eta itsas urak) plangintza eta ustiapen arrazionala.
m) Uren analisi biologikoak, kontrola, tratamendua eta arazketa.
n) Naturaren alderdi ekologikoak eta kontserbazioa. Lurraldearen antolamenduaren alderdi ekologikoak.
ñ) Babestutako ingurune naturalen, parke zoologikoen, lorategi botanikoen eta Natur Zientzietako Museoen antolaketa eta kudeaketa. Jolas-biologia.
o) Industriaren, nekazaritzaren eta hirien kutsadura aztertu, analizatu eta tratatzea. Biologiaren eta ingurumen-eraginaren gaineko azterlanak.
p) Biologia irakastea hezkuntza-alorreko legeek ezarritako moduan.
q) Lagundutako ugalketarekin lotutako jarduerak.
r) Gai biologikoei buruzko aholkularitza zientifikoa eta teknikoa.
s) Biologiarekin lotutako jarduerak.
16. artikulua.– Lanbidean aritzeko moduak.
Biologoen lanbidean era liberalean aritu daiteke, bai bakarka zein taldeka; enpresa publiko edo pribatu batekin harreman laborala izanez aritu daiteke; edo zuzenbide administratiboari lotuta.
Lanbidean aritzean oinarrizkotzat jotzen da irizpide profesionalaren independentzia errespetatzea; ez zaio jarriko muga bidegabeko edo arbitrariorik egiten den lanari eta komunitateari eskaintzen zaion zerbitzuari.
Elkargoak, lanbide-sozietateen alorrean indarrean dagoen araudiak agindutakoa betez, Profesionalen Erregistro bat eratu du araudi horretan zehaztutakoaren arabera.
17. artikulua.– Lan profesionalak erregistratzea eta bisatzea.
Lan profesionalak erregistratzeko eta bisatzeko arauak eta baldintzak ezarriko ditu Elkargoak, indarrean dagoen legeriaren arabera. Arau horiek, Gobernu Batzordeak proposatu eta aldez aurretik elkargoa informatu ondoren, Batzar Orokorrak onartuko ditu.
Lanen batzuk konfidentzialak direla-eta ezinezkoa bada arauz ezarritako moduan erregistratzea eta bisatzea, itxaron egingo da egoera hori gainditu arte, eta orduan erregistratu eta bisatuko dira.
Horretarako, elkargokideek eska dezakete, arrazoi justifikatuak daudenean, erregistratzeko edo bisatzeko aurkeztu dituzten agiriak zigilupean gorde daitezela. Zigilu hori ezingo da ireki egoera horretarako egon diren arrazoiak desagertu arte.
18. artikulua.– Erabiltzaileei eta elkargokideei arreta emateko zerbitzua.
Elkargoak erabiltzaileei eta elkargokideei arreta emateko zerbitzu bat izango du, egon litezkeen kexak ebazteko edo izapidetzeko, kontsumitzaileak babeste aldera.
Elkargokideek ematen dituzten zerbitzuen kalitatea sustatzeko ekimenak bultzatuko dira.
19. artikulua.– Publizitatea.
Biologoak ez du inolako lehia desleialik egingo, eta indarrean dagoen legeriaren arabera egingo du publizitatea.
V. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK, ERATZEKO ETA FUNTZIONATZEKO ARAUAK ETA ESKUMENAK
20. artikulua.– Elkargoko organoak.
Honako hauek dira Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren organoak, ordezkapenerako, arau-garapenerako, kontrolerako, gobernurako eta administraziorako:
Batzar Orokorra.
Gobernu Batzordea.
Dekanoa.
21. artikulua.– Batzar Orokorra.
Batzar Orokorra izango da arauak garatzeaz eta Gobernu Batzordearen kudeaketa kontrolatzeaz arduratuko den organoa. Elkargoaren organo gorena da Batzar Orokorra. Elkargokide guztiak izango dira Batzarkide, boto-berdintasunez. Erabakiak gehiengoz onartuko ditu, estatutu hauetan ezarritakoa betez.
Batzar Orokorraren bilkurak ohikoak eta apartekoak izango dira. Bilkura egin baino hogeita bat egun lehenago, behintzat, egingo da bilkurarako deia, elkargokide guztiei idatziz jakinaraziz. Bilkurarako eguna, ordua, gai-zerrenda eta estatutu hauen 22. artikuluan jasotzen den gainerako informazioa agertuko dira deialdian.
Batzar Orokor ohikoa zein apartekoa lehenengo deialdian balioz eratu ahal izateko, bazkide guztietatik behintzat ehuneko hogeita bostek egun beharko dute bertan jarritako orduan.
Ez bada portzentaje hori lortzen lehenengo deialdian, bigarrenerako deia egingo da ordu erdi geroago. Orduan, bertan duden elkargokideen portzentajeak berdin diola, balioz eratuta geldituko da Batzarra. Beraz, hartzen dituen erabakiak lotesleak izango dira bazkide guztientzat.
Elkargokideek egindako «Galde-eske» guztiak hartuko ditu aintzat Gobernu Batzordeak, idatziz aurkeztu badira eta bilkura baino behintzat bost egun lehenago.
22. artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoetan esandakoa eztabaidatu behar denean, beharrezkoa izango da ahalik eta informazio xehatuena bidaltzea elkargokideei.
22. artikulua.– Batzar Orokorraren eskumena.
1.– Onarpenak ematea eta erabakiak hartzea.
a) Estatutuei buruzko proposamena eta estatutuak aldatzeko proposamenak onartzea Eusko Jaurlaritzari helarazteko, eskumena duen Sailaren bidez. Barne Erregimeneko araudiak, horietan egiten diren aldaketak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak sustatutako erakundeak sortzeko oinarriak eta horien estatutuetarako proiektuak onartzea.
b) Elkargoaren eskumenekoak diren gaietan bete behar diren arau orokorrak eta Biologoaren Estatutu Profesionala onartzea.
c) Aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen kontu orokorra onartzea, aldez aurretik helburu horretarako aukeratutako ikuskatzaileen txostena eskuratuta, estatutu hauetan agintzen den moduan.
d) Aurrekontu ohikoak eta apartekoak onartzea. Deialdiarekin batera bidaliko zaizkie elkargokide guztiei; bestela, jendaurrean egon beharko dute Batzar Orokorra egin baino gutxienez hamabost egun lehenago.
e) Elkargoaren ondasunak inbertitzeko proposamenei buruzko erabakiak hartzea.
f) Gobernu Batzordearen kudeaketari buruzko erabakiak hartzea.
g) Gobernu Batzordearen ekimenez gai-zerrendan iragarrita dauden gaiei buruzko erabakiak hartzea.
h) Elkargoak aurkeztutako erreklamazioen eta errekurtsoen eta Elkargoaren kontra aurkeztutakoen berri izatea. Batzar Orokorrari aurkezten zaizkion gora jotzeko errekurtsoak ebaztea.
i) Lurralde-bulegoak zabaltzea onartzea.
j) Gobernu Batzordeak pertsonalaren plantilla organikoari buruz hartutako erabakiak onartu, aldatu edo indargabetzea.
k) Aurreko Batzar Orokorreko akta onartzea.
l) Batzarrean diren elkargokideen gehiengoak ez badu onartzen, orokorrean, Gobernu Batzordearen kudeaketa, aparteko Batzar orokorrerako deia egin beharko du batzordeak hogeita hamar egun balioduneko epean, berresten den ala ez erabakitzeko.
2.– Elkargoaren desegitea edo izena aldatzea sustatzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
3.– Gobernu Batzordearen edo edozein elkargokideren ekimenez, Elkargoaren ekintza- eta interes-eremuko gaiei buruz aurkezten zaizkion proposamenen berri izan, eztabaidatu eta, behar izanez gero, onartzea. Elkargokideek egindako proposamenak direnean, gai-zerrendan puntu espezifiko gisa sartu ahal izateko, nahikoa denborarekin aurkeztu beharko dira. Elkargokideen gutxienez 100eko 10ek aurkezten badituzte proposamenak, nahitaezkoa izango da horiek gai-zerrendan sartzea.
4.– Gobernu Batzordeari berariaz egotzitakoak ez diren gainerako eskumenak.
23. artikulua.– Batzar Orokorrean parte hartzea eta ordezkaritza.
Elkargokide guztiek dute Batzar Orokorretara joateko eskubidea eta joanbeharra. Hitz egiteko eskubidea eta botoa izango dituzte.
Batzar Orokorra balioz eratu ondoren, hartzen dituen erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat.
Elkargokideek ordezkari bat bidal dezakete, beren ordez, Batzar Orokorrera. Ordezkaritza berariaz eman beharko zaio beste elkargokide bati, bilkura jakin baterako, dekanoari zuzendutako idazki baten bidez, ordezkariaren izena argi eta garbi adieraziz. Ordezkaritza horiek baliozkoak izateko, Idazkaritzan jaso beharko dira Batzar Orokorraren bilkura hasi baino lehenago.
Elkargokide bakar batek ezingo ditu, sekula, hogeita bost elkargokide baino gehiago ordezkatu aldi berean.
24. artikulua.– Batzar Orokorraren funtzionamendua.
Dekanoa izango da Batzar Orokorretako mahaiburu, Gobernu Batzordeko gainerako kideak ondoan dituela.
Dekanoa bileretako moderatzailea edo koordinatzailea izango da, eta hitza eman edo kenduko du, eta eztabaidak eta bozketak antolatuko ditu.
Batzar Orokorreko idazkaria Gobernu Batzordeko idazkaria izango da, eta bilerako akta egingo du, dekanoaren oniritziarekin. Hurrengo Batzar Orokorrean eman beharko zaio onarpena aktari.
Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi herenak beharko dira, honako erabaki hauek hartu ahal izateko: estatutuak aldatu ahal izateko, aparteko kuotak onartzeko, Gobernu Batzorde osoaren edo kide batzuen kontrako zentsura-mozioa aurkezteko eta elkargoaren izena aldatzeko.
25. artikulua.– Ohiko bilkuren erregimena.
Batzar Orokorra urtero bilduko da ohiko bilkuran, urte bakoitzeko apirilaren azken eguna baino lehen. Gai hauek aztertuko dira, behintzat:
1.– Aurreko bilkurako akta.
2.– Aurreko ekitaldiko balantzea eta hasitako urteko ekitaldirako aurrekontua.
3.– Aurreko ekitaldian Gobernu Batzordeak egindako kudeaketaren memoria eta hasitako urteko kudeaketaren ildo nagusiak.
4.– Galde-eskeak.
26. artikulua.– Aparteko bilkuren erregimena.
Aparteko Batzar Orokorra egingo da:
1.– Gobernu Batzordearen ekimenez.
2.– Elkargokide guztien 100eko 20k baino gehiagok eskatuta, edo lanbidean dihardutenen 100eko 10ek baino gehiagok eskatuta, bilkuran tratatzeko aztergaiak zehaztuz.
3.– Gobernu Batzorde osoaren edo batzordekideren baten kontra zentsura-mozioa aurkezten denean.
27. artikulua.– Gobernu Batzordearen izaera eta osaera.
Gobernu Batzordea kide anitzeko organoa da, eta bere esku daude Elkargoaren zuzendaritza, administrazioa eta ordezkaritza. Dekano batek, dekanorde batek, idazkari batek, diruzain batek eta gutxienez hiru bokalek osatuko dute. Estatutu hauetako VI. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kideak.
28. artikulua.– Erabakiak gauzatzea eta akten liburuak.
1.– Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak berehala bete eta betearazi beharrekoak izango dira, organo horietako batek kontrako erabakirik hartu ezean, behar bezala arrazoituta.
2.– Akten liburu bi egongo dira beti Elkargoan, eta bertan transkribatuko dira, bereizita, Batzar Orokorrari eta Gobernu Batzordeari dagozkienak.
Dekanoak, edo haren egitekoak betez Batzar-buru izan denak, eta idazkariak, edo haren ordez jardun duenak, sinatuko dituzte aktak.
Gobernu Batzordeko kideak batzordeak hartutako erabakien erantzule izango dira, nahiz eta erabakiak hartzerakoan bilkuran ez egon, salbu eta berariaz jasotzen denean kontrako botoa eman dutela.
29. artikulua.– Gobernu Batzordearen eskumenak.
Gobernu Batzordearen eskumenak dira:
1.– Elkargoaren ordezkari izatea.
2.– Batzar Orokorraren erabakiak betetzea.
3.– Elkargoaren estatutuak eta araudiak, eta Gobernu Batzordeak berak hartutako erabakiak, betetzea eta betearaztea.
4.– Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa zuzentzea, dituen helburuak betetzeko.
5.– Lanbidearentzat interesgarriak diren gaietan Elkargoaren iritzia modu ofizialean eta publikoan adieraztea.
6.– Lanbidearen interesak ordezkatzea botere publikoen aurrean; lanbidearen itzala gordetzea; eta eskubideen defentsa egitea.
7.– Erakunde publiko edo pribatuek eskatzen diotenean, azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea. Horretarako, Gobernu Batzordeak lan-batzordeak edo egokitzat jotzen dituen elkargokideak izendatu ahal izango ditu azterlan eta txosten horiek egiteko.
8.– Legez edo erregelamenduz aukera ematen denean, administrazio publikoetako aholku-organoetan Elkargoak izango dituen ordezkariak aukeratzea.
9.– Akzioak egikaritzeko eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak aurkezteko erabakia hartzea.
10.– Elkargoaren interes orokorreko gaiak Batzar Orokorrari aurkeztea, bertan eztabaidatu eta erabakitzeko.
11.– Elkargokide izateko, baja hartzeko, kuota eta ekarpenak ordaintzeko eta zerbitzu-sariak kobratzeko prozedurak arautzea, estatutu hauen II. kapituluan ezarritakoaren arabera.
12.– Gobernu Batzordeari dagozkion diziplina-ahalmenak arautu eta gauzatzea, estatutuetan agindutakoa betez.
13.– Kultura, lanbide, laguntza eta aurreikuspeneko jarduerak eta zerbitzuak antolatzea elkargokideen mesederako.
14.– Batzorde irekiak sortzea, bere ekimenez edo elkargokideen ekimenez, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
15.– Ezarrita dauden kuotak eta ekarpenak biltzea, urteko aurrekontua eta balantzea prestatzea, aurrekontua exekutatzea eta Elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta gidatzea.
16.– Elkargokideei elkargoaren jardueren eta erabakien berri ematea, eta urteko kudeaketaren memoria prestatzea.
17.– Elkargoko pertsonala, administraziokoa eta zerbitzuetakoa izendatu eta kentzea.
18.– Aldian behin elkargokideen direktorio bat prestatzea, eta elkargokideen artean zein interesa izan dezaketen gainerako pertsonen artean banatzea.
19.– Elkargoaren Gobernu Batzordearen egintzen eta erabakien kontra aurkeztutako berrikusteko aparteko errekurtsoak ebaztea, hala badagokio.
20.– Elkargoko administrazio-organoen artean sor litezkeen auziak ebaztea. Hartutako ebazpena Batzar Orokorraren esku utziko du, behin betiko ebazpena eman dezan.
21.– Batzar Orokorraren ohiko eta aparteko bilkuretarako deia egitea, estatutuen 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
22.– Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko deia egitea, estatutu hauen VI. kapituluan ezarritako moduan.
23.– Aurreko bilkurako akta onartzea.
24.– Elkargoaren ondasunak erostea edo besterentzea, indarrean dagoen eta Batzar Orokorrak onartu duen aurrekontuaren arabera.
25.– Lanbide Sozietateen Erregistroari buruzko arauak ematea eta interpretatzea, 2/2007 Legean aurreikusitakoaren arabera.
26.– Egoki bada, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzeko eta mantentzeko tasak eta kuotak ezartzea, Sozietate horiek inskripzioa egiten dutenerako, egintza inskribagarriak inskribatu nahi dituztenerako edo ziurtagiriak eskatzen dituztenerako.
30. artikulua.– Gobernu Batzordearen bilerak.
Dekanoak deialdia egiten duenean bilduko da Gobernu Batzordea. Dekanoak bere kabuz egingo du deialdia, edo gutxienez Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik eskatuta. Dena dela, gutxienez, hiru hilean behin egingo du bilera.
Deialdiak hamabost egun lehenago egin beharko dira gutxienez. Gai-zerrenda adieraziko da deialdian eta hor agertzen ez diren gaiei buruzko erabakirik ezingo da hartu.
Gobernu Batzordea, kideetatik bi herenak bertan badaude, baliotasun osoz eratuko da lehenengo deialdian. Bigarren deialdirako ez da kopuru zehatzik jarriko. Hogeita hamar minutu, behintzat, igaro beharko dira lehenengo deialditik bigarrenera.
Bilkuren aktak idazkariak egingo ditu eta Gobernu Batzordeak onartu beharko ditu.
Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik balego, dekanoaren botoa izango da erabakigarria.
Gobernu Batzordearen bilkuretara ez joatea estatutu hauetako 31. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko da.
Gobernu Batzordeak, aukeran, egokitzat jotzen dituen pertsonei gonbita egin ahal izango die bilkuretara joateko, botorik gabeko aholkulari moduan jardun dezaten.
31. artikulua.– Bajak.
Gobernu Batzordean baja emateko arrazoiak izango dira:
1.– Heriotza.
2.– Karguaren hauta-aldia amaitzea.
3.– Karguan aritzeko ezgaitzen duen gaixotasun bat izatea.
4.– Ezinbesteko arrazoiren bategatik karguari uko egitea.
5.– Elkargoaren lurralde-eremutik kanpora bizitzera joatea.
6.– Batzar Orokorrak zentsura-mozio bat onartzea.
7.– Diziplina-espedientean ebazpen irmoa egotea.
8.– Elkargoan baja ematea elkargokide gisa.
9.– Gobernu Batzordeen bileretara, justifikatu gabe, hiru bider segidan ez joatea edo sei bider tarteka.
32. artikulua.– Dekanoaren eskudantziak.
Dekanoaren eskudantziak dira:
1.– Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen ohiko eta aparteko bilkuretarako deia egitea, bilkurei hasiera ematea eta amaitzea; bilkuretako buru izatea eta eztabaidak gidatzea.
2.– Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deialdia egin eta hauteskundeez arduratzea.
3.– Botazioetako berdinketak ebaztea bere kalitate-botoarekin.
4.– Elkargoko organoek bakoitzak bere eskumenen eremuan hartzen dituzten erabakiak gauzatzea.
5.– Oso-oso egoera larrietan beharrezkoak diren erabakiak hartzea, eta erabakiaren berri ematea dagokion organoari, lehenengo egiten duen bileran berretsi, aldatu edo indargabetu dezan.
6.– Elkargoaren eta bertako organo erabakitzaileen ordezkari izatea. Elkargoaren arazoak kudeatzea agintari eta erakunde publiko edo pribatuen aurrean; hala ere, kasu zehatzetan, Gobernu Batzordeak, Elkargoaren izenean, eginkizun horiek eman ahal izango dizkie elkargokide jakin batzuei edo horretarako berariaz sortutako batzordeei.
7.– Gobernu Batzordeko kideen jarduerak koordinatzea, kide bakoitzak kudeaketan duen eskumena eta erantzukizuna errespetatuz.
8.– Idazkariak emandako ziurtagiri guztiak bisatzea.
9.– Ordainketa-aginduetarako baimena ematea.
10.– Kontabilitate-liburuak eta izaera ofizialeko beste edozein agiri edo liburu legeztatzea bere sinaduraren bidez, legeek ezarritako legeztatzeez gain.
11.– Elkargoak agintari eta erakunde publiko edo pribatuei bidaltzen dizkien txostenak eta jakinarazpenak bisatzea. Elkargoaren kontu korronteetan edo aurrezki-kontuetan dirua sartzeko edo ateratzeko baimena ematea, diruzainarekin batera sinatuz.
12.– Gobernu Batzordeak horretarako baimena berariaz eman ostean, prokuradoreei eta letraduei ahalmena eman ahal izango die auzitegietan Elkargoaren izenean jardun dezaten nahitaezko edo borondatezko ordezkari gisa Justiziako edozein gradu edo jurisdikziotako auzitegien aurrean, Elkargoa eta lanbidea defendatzeko sortzen diren akzio, salbuespen, errekurtso (baita kasaziokoak ere) eta gainerako jardunetan.
33. artikulua.– Dekanordearen eskudantziak.
Dekanoa kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, dekanoaren lekua dekanordeak hartuko du, eta Gobernu Batzordeak egozten dizkion edo dekanoak eskuordetzen dizkion egitekoak beteko ditu, Gobernu Batzordeari eskuordetze horren berri eman ondoren.
Dekanoaren eta dekanordearen postuak hutsik egonez gero, Gobernu Batzordeko kide bat aukeratuko dute kide guztien artean, dekanoaren zereginak betetzeko, eta aukeratutako horrek, helburu horretarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari eman beharko dio egoera horren berri, eta hauteskundeetarako deia egingo du hutsik dauden karguak betetzeko.
34. artikulua.– Idazkariaren eskudantziak.
Eskudantzia hauek dagozkio idazkariari:
1.– Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko hauteskundeen aktak idaztea eta horien fede ematea.
2.– Batzar Orokorreko eta Gobernu Batzordeko ohiko eta aparteko bileretako aktak idaztea eta horien fede ematea.
3.– Elkargoaren dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.
4.– Dekanoaren oniritzia jaso ondoren, ofiziozko ziurtagiriak edo interesdunak eskaturiko ziurtagiriak egitea.
5.– Jakinarazpenak eta dokumentuak egitea eta izapidetzea, eta Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari haien berri ematea.
6.– Dekanoarekin batera, Elkargoaren eginkizunetarako behar den administrazioko eta zerbitzuetako pertsonalaz arduratzea, eta administrazioko zerbitzuak, eta funtzionamendurako behar diren lokalak eta materialak antolatzea materialki.
7.– Lan profesionalei buruzko bisatuen erregistro-liburuaz arduratzea. Ukatu egin dezake lan horietan hutsune formalik antzematen badu, duintasun profesionalaren edo eskudantzia eta eskumen profesionalen alorrean indarrean dauden xedapenen kontrakoak badira.
8.– Urteko kudeaketa-memoria idaztea Batzar Orokorrean onartzeko.
9.– Gobernu Batzordeak berak aukeratutako batzordekide batek ordeztuko du idazkaria, kanpoan dagoenean, lanpostua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean. Gobernu Batzordeak egotzitako zeregin guztiak beteko ditu. Batzordeak egoera horren berri eman beharko dio horretarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari, eta lanpostu hutsa betetzeko hauteskundeetarako deia egingo du lehenbailehen.
10.– Idazkariari dagokio Lanbide Sozietateen Erregistroa zuzenean kudeatzea, antolatzea eta funtzionamenduaz arduratzea, horretarako behar den pertsonalak lagunduta.
35. artikulua.– Diruzainaren eskudantziak.
Eskudantzia hauek dagozkio diruzainari:
1.– Elkargoaren funtsak eta diruak bildu, jagon eta horien arduradun izatea.
2.– Ordain-agiriak sinatu, dirua kobratu eta ordainketak egitea dekanoak agindutakoa betez.
3.– Ordainketetan atzeratuta dabiltzan elkargokideen berri ematea Gobernu Batzordeari, zor dutena erreklama dakien edo baja ematea erabaki dadin, estatutu hauen 10. artikuluan ezartzen denaren arabera.
4.– Batzar Orokorrak onartzeko Gobernu Batzordeak aurkeztuko duen Elkargoaren aurrekontu-aurreproiektua erredaktatzea.
5.– Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren balantzea egitea, Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkez diezaion, onartzeko.
6.– Beharrezkotzat jotzen duenean, kredituak eta gehigarriak gaitzeko eta diru-sarrerak areagotu edo gutxitzeko proiektuak proposatzea Gobernu Batzordeari.
7.– Kontabilitateko liburuez arduratzea.
8.– Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen kutxako eta bestelako kontaketak egitea.
9.– Gobernu Batzordeak berariaz erabakitzen duenean, Elkargoaren izenean kontu korronteak edo aurrezki-kontuak zabaltzea dekanoarekin batera, eta horietatik dirua ateratzea, baimendutako bi pertsona horien sinadurarekin.
10.– Elkargoaren ondasunen administratzaile izatea eta ondasun horien inbentario xehea egitea.
11.– Diruzainaren postua hutsik geratzen bada, horretarako aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek bereganatuko ditu haren zereginak. Gobernu Batzordeak horretarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari emango dio egoeraren berri, eta, postu hutsa betetzeko, hauteskundeetarako deia egingo da ahalik lasterren.
36. artikulua.– Bokalen eskudantziak.
Eskudantzia hauek dagozkie bokalei:
1.– Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak, aldez aurretik Gobernu Batzordeari jakinarazita, ematen dizkieten zereginak eta Elkargoko Gobernu Batzordearen baimenaz sortutako batzordeen buru izatea, estatutu hauetako 29. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.– Gobernu Batzordeko gainerako karguetako titularrekin batera lan egitea, edo haien ordez jardutea, kanpoan edo gaixorik daudenean edo kargua hutsik geratzen denean, estatutu hauen 33., 34. eta 35. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
37. artikulua.– Sektorekako Batzordeak.
1.– Elkargoak, Gobernu Batzordearen edo elkargokideen ekimenez, lan-batzordeak sor ditzake lanbidearen barruko gai sektorialetarako edo interes orokorreko gaietarako.
2.– Eremu profesional bera eta arazo berberak dituzten elkargokidez osatutako elkargo barruko taldeak dira sektorekako batzordeak.
3.– Aholkuak ematea, dibulgazioa, eztabaida, prestakuntza, defentsa eta beren eremu profesionalak sustatzeko baliagarriak diren gainerako zereginak dira batzordeen helburu nagusia.
4.– Sektorekako batzordeak autonomiaz antolatuko dira, eta beren Barne Araudia landuko dute.
5.– Batzordearen funtzionamendurako Barne Araudia Gobernu Batzordeak onartuko du behin-behinean.
6.– Koordinatzaile bana izango dute batzordeek. Koordinatzaile horrekin izango ditu harremanak Gobernu Batzordeak, horretarako jarritako bideak erabiliz.
7.– Sektorekako batzordeen jardueren finantzaketa Elkargoaren urteko aurrekontuan jasota egongo da.
VI. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEK GOBERNU-BATZORDEAN PARTE HARTZEA ETA HAUTESKUNDE-ERREGIMENA.
38. artikulua.– Gobernu Batzorderako hauteskundeen maiztasuna.
Gobernu Batzordeak lau urtean behin egingo ditu ohiko hauteskundeak. Kargu guztiak beteko dira. Ohiko zein aparteko hauteskundeetarako deia hauteskunde-eguna baino bi hilabete lehenago egingo da gutxienez, eta bertan zehaztuko da berdinketetan nola jokatu beharko den, agintaldiaren iraupena eta hauteskunde prozesu guztiaren egutegi zehatza.
39. artikulua.– Kide hautesleak, hautagarriak eta hauteskunde mota.
Hauteskunde-deia egiten den egunean elkargokide-eskubideak zigor espedientez etenda ez dituzten elkargokide guztiek dute eskubidea hautesle eta hautagarri izateko Gobernu Batzordeko kideen hauteskunde demokratikoan.
Elkargokide guztien artean aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kideak. Bozketa librea, zuzena eta isilpekoa izango da. Bazkide guztien botoa berdina izango da, eta ez da onartuko eskuordetutako botorik.
40. artikulua.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.
Hauteskundeak egin baino hogeita hamar egun lehenagora arte aldarrika ditzake Gobernu Batzordeak aurkeztutako hautagai-zerrendak. Hautagai-zerrenda horien berri idatziz emango zaie elkargokide guztiei, botazio eguna baino gutxienez hamabost egun lehenago.
Hautagai-zerrenda bakarra aldarrikatzen bada, ez da botaziorik egingo eta hautagai guztiak zuzenean aldarrikatuko dira hautetsi, aldarrikapen-egintzan bertan.
41. artikulua.– Hautesleen zerrenda.
Beti ere hogeita hamar egun lehenago, eta hamabost egunez hauteskunde-egunari buruz, hautesleen zerrenda Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Idazkaritzan jarriko du Gobernu Batzordeak.
Zerrenda horren gainean erreklamazioren bat egin nahi duten elkargokideek, erakusteko jarritako epearen ostean hirurogeita hamabi ordu izango dituzte. Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, Gobernu Batzordeko dekanoari zuzendutako idazkian. Hirurogeita hamabi ordu igaro aurretik emango du ebazpena Gobernu Batzordeak. Ezezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Batzar Orokorrari, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik, legeak ezarritako modu eta epeetan.
42. artikulua.– Hauteskunde-mahaiak.
Botazioa hasi baino bost egun lehenago Elkargoaren egoitzan hauteskunde-mahaia eratuko da. Mahai hori mahaiburu batek, bokal bik eta idazkari batek osatuko dute, denak ere Gobernu Batzordeak izendatutakoak. Horietako inor ezingo da hautagai izan.
Iragartzen den lokalean eta orduan eratuko da Hauteskunde Mahaia. Hautetsontzi prezintatua edukiko du, eta hautesleen zerrenda bat.
43. artikulua.– Artekariak.
Hautagai-zerrenda osoetako dekano-hautagaiek eta banakako hautagaiek, hauteskunde-mahaietarako artekariak izendatu direla jakinarazi ahal izango diote, botazioa egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago, Gobernu Batzordeari. Hautagai-zerrenda osoek bi artekari izendatu ahal izango dituzte, eta banakako hautagaiek bat.
Boto-emate eta boto-zenbaketako prozesu guztian parte hartu ahal izango dute artekariok. Beren ustez egokiak diren erreklamazioak jarri ahal izango dituzte; Mahaiburuak ebatziko ditu eta boto-zenbaketako aktan jasoko dira.
44. artikulua.– Botazioa.
Hauteskunde-mahaian emango dute botoa elkargokideek, boto-paper bakarrean. Boto-paper horretan kargua adieraziko da eta horretarako hautatutako pertsona. Honela egin ahal izango da:
1.– Boto-papera Mahaiburuari emanda, elkargokidea identifikatu ondoren, Mahaiburuak botoa hautetsontzian sar dezan. Idazkariak elkargokideen zerrendan markatuko du botoa eman dutenen izena.
2.– Posta ziurtatuz. Boto-papera hauteskunde-mahaiko buruari bidaliko zaio gutun-azal itxi batean. Gutun-azal hori beste gutun-azal itxi baten barruan sartuko da, eta bigarren gutun-azal horretan elkargokidearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopia sartuko da, eta argi eta garbi azalduko da bidaltzailea nor den. Gutun-azal bietan agertuko da elkargokidearen sinadura, hegala gurutzatuz. Posta bidezko botoak hauteskunde-mahaiko buruari bidaliko zaizkio, eta botazioa amaitzeko jarritako ordua baino lehen jaso beharko dira.
45. artikulua.– Boto-kontaketa.
Botazioa amaitu ondoren, estatutu hauen 44. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako prozeduraren arabera emandako botoak zenbatuko dira behin-behinean. Boto-kontaketa hori jendaurrekoa izango da. Hauteskunde-mahaiko idazkariak akta egingo du, eta bertan zehaztuko ditu hautagai bakoitzak lortutako botoak, boto baliogabeak eta boto zuriak.
Gero egiaztatuko da, posta ziurtatuz bidalitako botoak, botoa emateko eskubidea duten eta pertsonalki eman ez duten elkargokideenak direla. Horrela bada, idazkariak hautesleen zerrendan markatuko ditu botoa postaz eman duten elkargokideen izenak; mahaiburuak gutun-azalak irekiko ditu, eta boto-paperak hautetsontzi prezintatu eta bereziki horretarako prestatutako batean sartuko ditu.
Gutun-azal batean boto-paper bat baino gehiago badago, ez da bat ere sartuko hautetsontzian, eta botoa baliogabetzat emango da.
Behin betiko jendaurreko boto-zenbaketa egingo da ondoren. Mahaiko idazkariak akta egingo du. Aktan, emandako boto guztiak, hautagai bakoitzak lortutako botoak, boto baliogabeak eta boto zuriak adieraziko dira.
Zenbaketa honela egingo da:
a) Hautagai-zerrenda osoek lortutako botoak kontabilizatuko dira, eta bertan agertzen direnei boto bana egotziko zaie.
b) Osatu gabeko edo aldatutako hautagai-zerrendetako botoak aurrekoei gehituko zaizkie.
c) Bere burua aurkeztu duen karguaren barruan botorik gehien lortzen duena izango da aukeratutakoa. Bi hautagaik boto-kopuru bera lortzen badute, antzinatasun handiena duen elkargokidea aukeratuko da. Boto-paper batek kargu jakin baterako botoa ematen badio kargu horretarako aurkeztu ez den hautagai bati, baliogabetzat joko da boto-papera.
46. artikulua.– Emaitzak aldarrikatzea.
Gobernu Batzordeak, botazioko aktak eta boto-emaileen zerrendak eskuratu eta gero, artekarien erreklamazioei buruzko behin betiko ebazpena hartuko du, erreklamaziorik izan bada. Botazioa baliogabetuko lukeen edukiko edo formako akatsik antzematen ez bada, hauteskundearen emaitza aldarrikatuko du. Berrogeita zortzi ordu izango ditu horren berri elkargokideei emateko; Elkargoko Idazkaritzan jendaurrean jarriz egingo da hori.
47. artikulua.– Erreklamazioak.
Botazioaren emaitzak argitaratu ondoren bost eguneko epea egongo da erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Gobernu Batzordeak, bost eguneko epe hori amaitu eta gero, erreklamaziorik aurkeztu bada, aztertu egingo ditu eta ebazpena emango du. Hauteskundeak deuseztatzeko arrazoirik ikusten ez badu, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordea aldarrikatuko du, botoak kontatzeko erabilitako sistemaren arabera.
Aurkeztutako aurkaratzeen ondorioz hauteskundeak deuseztatzea erabakitzen badu Gobernu Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta beste epe bat irekiko du prozedura bera erabiliz berriro ere hauteskundeetarako deia egiteko, hauteskundeak deuseztatzen diren egunetik bi hilabete igaro aurretik.
48. artikulua.– Karguaz jabetzea.
Aldarrikapenaren ondoren, gehienez hamar eguneko epean, eratu egingo da aukeratutako Batzordea, aukeratutako kideek beren karguez jabetuko dira eta Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari eta elkargokide guztiei jakinaraziko zaie.
49. artikulua.– Errekurtsoak.
Hauteskunde-prozesu guztiaz Gobernu Batzordeak hartutako behin betiko ebazpenen kontra, legeetan aurreikusitako errekurtsoak aurkez ditzakete elkargokideek, gora jotzekoa Batzar Orokorrari, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa gero, estatutu hauen 41. artikuluan xedatutako puntuan salbu.
VII. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA
50. artikulua.– Gaitasun juridikoa ekonomia eta ondarearen alorretan.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak gaitasun oso dauka ekonomia eta ondarearen alorretan.
Nahikoa baliabide eduki beharko ditu Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak bereganaturik dituen helburuak eta eginkizunak egoki garatzeko eta elkargokideek eskatzen dituzten zerbitzuei erantzuteko. Elkargokideek arauz ezarritako eran parte hartu beharko dute Elkargoaren gastuetan.
Elkargoaren ondarea bakarra da.
51. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak.
Bide hauetakoren bat erabiliz lortuko ditu Elkargoak bere baliabide ekonomikoak:
1.– Elkargokideek nahitaez ordaindu behar dituzten kontribuzioak elkargo-zerbitzuen orokortasun-irizpidean eta erabilera-irizpidean oinarrituta. Hauek dira:
a) Elkargoan sartzeko eta berriro sartzeko kuotak. Inoiz ere ez dira izango izapidetze-kostua baino handiagoak.
b) Urteko ohiko kuota, elkargokide guztientzat berdina.
c) Batzar Orokorrak onartutako aparteko kuotak.
d) Lan profesionalaren ondoriozko zerbitzu-sariak, arauz ezartzen denaren arabera.
e) Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzeko eta mantentzeko tasak eta kuotak, Gobernu Batzordeak erabakitakoaren arabera, Sozietate horiek inskripzioa egiten dutenerako, egintza inskribagarriak inskribatu nahi dituztenerako edo ziurtagiriak eskatzen dituztenerako.
2.– Beste diru-sarrera batzuk:
a) Elkargoaren ondareko ondasun eta eskubideetatik eta egiten dituen argitalpenetatik sortzen direnak.
b) Administrazio publikoek, erakunde publikoek edo pribatuek, elkargokideek edo gainerako pertsona fisikoek edo juridikoek Elkargoari ematen dizkioten diru-laguntzak, dohaintzak eta horrelakoak.
c) Gobernu Batzordeak edo berak eskuordetutako batzordeek egiten dituzten azterlanen, txostenen eta irizpenen eskubideak.
d) Zerbitzuez baliatzearren Gobernu Batzordeak ezarritako eskubideak.
Baliabide ekonomikoak biltzeko eskumena Gobernu Batzordearena da; hala ere, berariaz erabakita, ahalmenak eskuordetu ahal izango ditu.
52. artikulua.– Kuotak.
Kuotetan egiten diren aldaketa guztiak urteko aurrekontuan agertuko dira argi eta garbi, eta Batzar Orokorraren onarpena beharko dute.
53. artikulua.– Aurrekontu Orokorra.
Gobernu Batzordeak prestatuko du Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren aurrekontu orokorra, beti ere aintzat hartuz eraginkortasun-, ekitate- eta ekonomia-irizpideak. Urte naturaleko gastuak eta diru-sarrera guztiak hartuko ditu bere baitan. Elkargokideei aurrekontuari buruzko txostena eskuratu ondoren, estatutu hauen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokorrak onartu beharko du. Aurrekontua onartu artean, aurreko urtekoa luzatuko da, hain zuzen ere 1/12 hilabeteko.
54. artikulua.– Gastuak.
Aurrekontuetan agertzen direnak baino ezin dira jo gastutzat, eta ezingo da egin onartutako aurrekontuan aurreikusi gabeko ordainketarik. Salbuespen justifikaturik ere egon daiteke, baina Gobernu Batzordeak lehenengo eta gero Batzar Orokorrak onartu beharko ditu.
55. artikulua.– Ondasunen likidazioa.
Sorrerako helburuak desagertu direlako baino ezingo da desegin Euskadiko Biologoen Elkargoa, aldez aurretik Batzar Orokorraren erabakia izan ondoren, eta estatutu hauetan ezarritako arauzko prozedurarekin bat etorriz.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala deseginez gero, Gobernu Batzordeak jardungo du batzorde likidatzaile gisa. Batzar Orokorraren iritzia entzun beharko du, obligazioak likidatu ondoren, soberako ondasunekin ezer egin baino lehen. Geratzen diren ondasunak irabazi-asmorik gabeko edozein entitateri esleituko zaizkio, baldin eta biologiarekin zerikusirik badute eta interes sozialekoak badira.
56. artikulua.– Administrazioko pertsonala eta menpekoak.
Beharrezkotzat jotzen duen bulegoko eta menpeko pertsonala edukiko du Elkargoak. Horien soldatak aurrekontuetako gastuen kapituluan agertuko dira.
VIII. KAPITULUA
DIZIPLINA-ERREGIMENA
57. artikulua.– Diziplina-erregimena.
18/1997 Legean, azaroaren 21ekoan, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoan, IV. Kapituluko 14. artikulutik 20. artikulura bitartekoetan xedatutakoari lotuko zaio.
IX. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ERREGIMEN JURIDIKOA
58. artikulua.– Elkargoaren egintzen erregimen juridikoa.
Elkargoaren erabakiak eta arauak Elkargoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira edo, bestela, zirkular baten bidez jakinaraziko dira, elkargokide guztiek ezagutu ahal izan ditzaten.
Erabaki horien hartzaile direnen eskubideei eta interesei eragiten dieten egintzak ere jakinarazi behako ditu Gobernu Batzordeak.
Elkargoko organoen egintzak, Administrazioko zuzenbideari lotutakoak badira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurritu ahal izango dira zuzenean errekurtso korporatiboak agortu ostean, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
Errekurtso korporatiboen eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoen legitimazio aktiboa jurisdikzio horretako legean xedatutakoak arautuko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ere legitimaturik egongo da beti.
59. artikulua.– Errekurtso motak.
Gobernu Batzordearen egintzen aurka jar daitekeen errekurtsoa, aurreko artikuluan aipatu den errekurtso korporatiboa, gora jotzeko errekurtso arrunta da.
Batzar Orokorraren egintzek administrazio-bideari amaiera ematen diote, eta horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, indarrean dagoen legeriaren arabera, baina aukerako berraztertze-errekurtsoa baztertu gabe.
Egoera berezietan, berrikuspen-errekurtsoa ere jarri ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera.
60. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen deuseztasuna.
Elkargoko organoen egintzak erabat deusezak izango dira kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
1.– Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egitea.
2.– Gaia edo lurraldea dela eta, argi eta garbi eskumenik ez duten organoek emandakoak izatea.
3.– Ezinezko edukia izatea.
4.– Arau-hauste penalak izatea edo arau-hauste penalaren ondorioz emandakoak izatea.
5.– Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz baztertuta emandakoak izatea.
6.– Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak izatea, baldin eta egintza horien bidez ahalmen edo eskubideak eskuratzen badituzte, horretarako funtsezko baldintzak betetzen ez dituztenek.
7.– Lege-mailako xedapen batean berariaz ezartzen den beste edozein.
Elkargoaren xedapenak erabat deusezak izango dira baldin eta Konstituzioa, legeak eta goi mailako xedapen administratiboak urratzen badituzte, edo legez arautu beharreko gaiak arautzen badituzte, edo banakoen eskubideei kalte egiten dieten edo horiek murrizten dituzten zehapenen atzera-eragina ezartzen badute.
Deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoa hausten duten egintzak, agintea desbideratzen dutenak barne.
61. artikulua.– Elkargoko organoen egintzak etetea.
Korporazio Profesionalen egintzak etetearen alorrean legeek organo judizialei egozten dizkien eskudantziak ukatu gabe, organoak berak edo maila apalagoko organo batek emandako egintzak erabat deuseztzat jotzen direnean, eten egin beharko ditu, elkargokideren batek eskatuta nahiz eskatu gabe:
1.– Batzar Orokorrak.
2.– Gobernu Batzordeak.
3.– Dekanoak.
Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak eta dekanoak hartuko dituzte eteteko erabakiak, deuseztzat jotako egintzen berri izaten den egunetik kontatzen hasi eta bost eguneko epearen barruan. Aldez aurretik berrikuspen-prozedura hasi beharko da ofizioz edo errekurtso bat aurkeztu beharko da. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legeetan egintza horiek deuseztzat jotzeko aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.
Artikulu honetan xedatutakoaz gain, elkargokideek eta herritar guztiek, egintza deusezak edo deuseztagarriak aurkaratzeko akzioak baliatu ahal izango dituzte.
X. KAPITULUA
ESTATUTUAK ERALDATZEA
62. artikulua.– Estatutuak eraldatzea.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordearen ekimenez eta eskumena duen organoaren bidez, estatutu hauek eraldatzeko proposamena helarazi ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari. Erabakitakoa baliozkoa izan dadin, 24. artikuluko azken paragrafoan aurreikusitakoaren arabera emandako botoen bi herenek behintzat aldekoak izan beharko dute.
XI. KAPITULUA
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALA DESEGITEA
63. artikulua.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren desegitea.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala desegiteko Eusko Legebiltzarraren legea beharko da, 18/1997 Legeak, azaroaren 21ekoak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoak, 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.