EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2015157

36/2015 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamendurako artezpideak berrikusteko prozedura hastea xedatzen da.

Xedapenaren zenbakia: 201500036
Xedapenaren data: 2015-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201503556
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1997/02/12an argitaratutako 1997/02/11ko 199700028 DEKRETUA

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, uztailaren 27an eginiko saioan, onetsi egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamendurako artezpideak berrikusteko prozedura hasteko erabakia. Artezpide horiek otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onetsi ziren. Erabaki horri behar duen publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamendurako artezpideak berrikusteko prozedura hasteko erabakia. Artezpide horiek otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onetsi ziren (ebazpen honi erantsi zaio dekretua).
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 29KO 36/2015 EBAZPENARENA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LURRALDEAREN ANTOLAMENDURAKO ARTEZPIDEAK BERRIKUSTEKO PROZEDURA HASTEKO ERABAKIA. ARTEZPIDE HORIEK OTSAILAREN 11KO 28/1997 DEKRETUAREN BIDEZ ONETSI ZIREN.
28/1997 Dekretua, otsailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamendurako artezpideak behin betiko onesten dituena, oinarria da, eta oinarri horren gainean garatzen dira lurralde-antolamendua eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean jasotako lurralde-antolamendurako gainerako tresnak. Horren adibide dira lurraldeko plan partzialak eta lurraldeko plan sektorialak.
Ia hogei urte igaro dira artezpide edo gidalerro horiek onetsi zirenetik, eta, horregatik, egokitzat jotzen da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko prozesua hastea. Prozesu horrek orain arte pilatutako esperientziari esker ikasitakoa kapitalizatuko du, lurraldearen antolamenduaren erronka berriei erantzungo die eta, batez ere, parte hartzeko prozesu zabala oinarri hartuta eraikiko da, erakunde publiko ezberdinen partetik, eragile sozioekonomiko eta politikoen partetik eta herritarren partetik.
Halaber, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko parte-hartze prozesua martxan jartzeak 2012-2016 Gobernu Programaren konpromisoari erantzuten dio, eta bat dator X. legegintzaldi honetan gidalerro horiek berrikusteari buruz Eusko Legebiltzarrean eman diren ebazpenekin.
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko hasiko den prozesua prozesu berria, eta, batez ere, berritzailea izango da. Izan ere, parte-hartze prozesu baten edo parte hartzeko plan baten inguruan garatuko da. Plan hori diseinatu eta zehaztu eta lehen aldiz abian jarri beharko da. Horrela, lurralde-antolamenduaren arloan lan egiteko beste modu bat izango da; azken finean, gobernantza berri bat.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea egoera berrira egokitzearen ondorioz, gidalerroak berrikusteko prozesu formala parte hartzeko prozesu bat bezala planteatu da. Horren adibidea da «Oinarrizko Dokumentua», hau da, «Gidalerroen Aurrerapena» izeneko agiriaren aurreko dokumentua. Izan ere, oinarrizko dokumentu hori ez dago aurrez ikusita aipatutako legearen nahitaezko izapideen artean, baina beharrezkotzat jotzen da Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aurkeztea, parte hartzeko prozesuaren hasiera bezala. Horren ondorioz, geroago, «Gidalerroen Aurrerapena» izeneko agiria egingo da, eta agiri hori maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuko da.
Parte hartzeko ikuspegi horrekin bat etorrita, berrikusteko prozesuaren administrazio-izapidetzea eta Euskal Hiria Kongresua aldi berean egin nahi dira. Euskal Hiria Kongresua lurralde-antolamenduaren arloko topaketa-foro irekia da, eta urtero egiten da, azaroaren amaieran. Horrela, aurrez ikusitakoaren arabera, «Oinarrizko Dokumentua» 2015eko azaroko Euskal Hiria Kongresuan aurkeztuko da; «Gidalerroen Aurrerapena» 2016ko azaroko Euskal Hiria Kongresuan aurkeztuko da; gidalerroen hasierako onespena 2017ko azaroko Euskal Hiria Kongresuan aurkeztuko da, eta, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen behin betiko onespena, aldiz, 2018ko azaroko Euskal Hirian. Aurretiazko plangintza horrek aldaketak izan ahalko ditu, eta, beraz, behin-behineko plangintza da. Hala ere, komenigarritzat jotzen da gutxi gorabeherako kronograma bat izatea eta kronograma hori etengabe eguneratzea. Horri esker, ahal den neurrian behintzat, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-estrategian garrantzi handia duen gai hori ez da luzatuko denboran.
Lurralde-antolamenduaren arloan parte hartzeko kultura finkatzeko lan egiteaz gain, beste gai batzuen inguruan ere komeni da gogoeta-prozesu bat irekitzea, lurraldearen ikuspuntutik; adibidez: zeharkako gaiak, hala nola, klima-aldaketa, generoa, osasuna, euskara; ingurune fisikoarekin lotutako gaiak, hala nola, erabilera-matrizea eta antolamendua eguneratzea, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, azpiegitura berdeak, ekosistemetako zerbitzuak eta paisaia; mugikortasuna, ura eta energia; landa-ingurunea; eta hiri-ingurunea, honako hauetan arreta berezia jarrita: hiri-berroneratzea, metropoli-eremuak eta eraldaketa-ardatzak, hiri-hazkundearen perimetroa, bizitegi-kuantifikazioa eta lurralde-jasangarritasuna jarduera ekonomikoen lurzoruan.
Parte hartzeari dagokionez, logikoa denez, entzunaldiaren eta informazio publikoaren nahitaezko izapideez gain, parte hartzeko kanal irekiak ezarriko dira, eta parte hartzeko prozesu edo plan bat diseinatuko da. Parte hartzeko prozesu edo plan horrek berrikusteko prozesuari lagunduko dio Oinarrizko Dokumentua aurkezten denetik (2015eko azarotik), eta hori ere etengabe eguneratuko da, aldatuz doan egoerara egokitzeko.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.1 artikuluak adierazten duenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio lurralde-antolamenduaren gidalerroak emateko egokitasunari edo horiek aldatzeari buruzko erabakia hartzea. Horrez gain, gidalerro horiek egiteko prozedurari hasiera emateko erabakiak arrazoituta egon beharko du eta erabaki hori justifikatzen duten kausak adierazi beharko dira; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak dagokion aurrerapena prestatzeko izango duen epea ere zehaztu beharko da erabaki horretan.
Bere aldetik, 2015eko uztailaren 15ean, 4/2015 saioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeko Lehendakaritzak osoko bilkurari jakinarazi zion lurralde-antolamenduaren gidalerroak berrikusteko prozesuari hasiera emateko erabakia. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen irailaren 9ko 157/2008 Dekretuaren 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, saio horretan, batzordeak lantalde tekniko bat sortzea erabaki zuen, lurralde-antolamenduaren gidalerroak berrikusteari buruzko agiriak aztertu eta prestatzeko.
Horrenbestez, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, gaia eztabaidatu ondoren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Xedatzea otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak berrikusteko prozedura hastea, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea berrikusketa hori zuzendu eta prestatzeko lana, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailari 2015eko azarora arteko epea ematea Oinarrizko Dokumentua (Gidalerroen Aurrerapena baino lehen egin beharreko dokumentua) eta berrikusketa-prozesuan txertatuko den parte-hartze plana egiteko.
Hirugarrena.– Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailari 2016ko azarora arteko epea ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren aurrerapena egiteko. Epe hori luzatu egin ahal izango da, hori justifikatzen duten arrazoiak baldin badaude.
Laugarrena.– Erabaki hau honako hauetan argitaratzeko agintzea: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan hedapenik handienetakoa duten egunkarietako bitan.
Bosgarrena.– Agindu hau honako hauei jakinarazteko agintzea: udalei (udalerrien elkarteen bitartez), foru-aldundiei eta gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari».