EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2015153

32/2015 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinen bidez argitaratzen baita Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia Euskal Trenbide Sareari emateko hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, 2015eko ekitaldian Bilboko metropoli-trenbiderako proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak).

Xedapenaren zenbakia: 201500032
Xedapenaren data: 2015-07-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201503511
Maila: Ebazpena
Honako erabaki hau onartu zuen Gobernu Kontseiluak 2015eko uztailaren 21ean egindako bilkuran: Euskal Trenbide Sareari ematea hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, 2015eko ekitaldian Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak). Bada, zabalkundea eman behar zaio erabaki horri, eta horregatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen erabakia, zeinen bidez Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, 2015eko ekitaldian Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak); eranskinean jasota dator erabakiaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 22KO 32/2015 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUAK HARTUA 2015EKO UZTAILAREN 21EAN, ZEINEN BIDEZ EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO HAINBAT JARDUERAREN ENKARGUA, HAIN ZUZEN, 2015EKO EKITALDIAN BILBOKO METROPOLI-TRENBIDEAREN PROIEKTUAK ETA OBRAK EGITEKO (1. ETA 2. LINEAK).
Trenbideen gaineko eginkizunak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uzten ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak.
Bilboko metropoli-trenbidearen inguruan dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Ingurumen Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluak.
Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entitatearen helburuetan sartzen dira, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen eginkizun oro, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Manu horretan xedatuaren arabera, baldin eta administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko administrazio-organoen edo erakundeen artean egiten bada kudeatzeko enkargua, administrazio horren arauetan xedatu bezala formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako erabakian xedatu bezala.
Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera materialei, teknikoei edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak Euskal Trenbide Sareari emateko jarduera horien enkargua, hartara, modu eraginkorragoan egingo baita interes publikoen alde.
Horrenbestez, Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuak proposaturik, 2015eko uztailaren 21ean egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako hau erabaki du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Euskal Trenbide Sareari ematea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzukoak egiteko enkargua, hain zuzen, 2015eko ekitaldian Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egitea (1. eta 2. lineak), horien jarraipena egitea eta kontrolatzea. Kudeatzeko enkargu horrek ez dakar lagatzea ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota datoz aipatutako enkargua egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».
ERABAKIAREN ERANSKINA:
1.– Enkarguaren xedea.
Enkargu honen xedea da baldintza teknikoak ezartzea Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak) eta horien segimendua eta kontrola egiteko (2015eko ekitaldia), betiere, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2 artikulua betez.
Aurreikusten da 2015eko ekitaldian egitea Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineekin zerikusia duten jarduketa hauek:
Jarduketak gauzatzea Bilboko metropoli-trenbidearen 1 lineako Ibarbengoa geltoki berrian, hain zuzen, disuasio-aparkaleku bat.
Trenbide-azpiegituraren obra zibila zuzentzea eta trenbideari eta katenariari eragiten dioten lanak zuzentzea, baita Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeko eta trenbide berria egiteko eraikuntza-proiekturako behar diren instalazioak ere.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineetarako azterketa eta proiektu gehigarriak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ETSri agintzen dizkionak.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa:
Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren gainbegiratupean lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa; agiri honetan zerrendatutako lanak egingo ditu.
ETS-ren ordezkaria:
Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioan. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– Lanen burutzapen orokorra.
Hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri idatziz emango dio ETSk enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren jarraibideak eskatuko dizkio.
ETSk jarraibide edo erabakiren bat eskatzen duenero, eskariarekin batera, bere ustez egokiena dena proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen ETSren bulegoetan.
Ikuskapenaren ondorioz egindako ohar edo agindua, enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.
4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.
Honako hauek barne hartuko dituzte kontratu honen xede diren lanek: Bilboko metropoli-trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektuak eta obrak egiteko eta horien segimendua eta kontrola egiteko beharrezkoak diren jarduera guztiak, betiere, horren gainean dauden azterketa eta proiektu hauetatik abiatuta:
5.– ETS-k egin beharreko lanak.
Honela sailka daitezke ETSk egin beharreko lanak:
A) Metro-programaren plangintza eta kontrol orokorra.
Atal honek hartzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan izenpetutako kontratu guztien jarraipen- eta koordinazio-lanak, bai proiektuen burutzapen-mailan, bai eta eraikuntza-mailan ere, eta barne dira kontratu horien ondorio diren aurrera egiteko plan partzialak.
Kontua da, funtsean, aldizka, arduradunekin batera, enkargu bakoitzaren programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin; hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.
Aldian-aldian, egoera-txosten orokor batean jasoko da lan hori guztia. Hasiera batean aurreikusi da txosten hori hilean behin egitea, baina hori aldatu ahal izango da, Sailaren beharren arabera, eta epean eta/edo prezioan eragin dezaketen gertaera garrantzitsuen arabera.
B) Azterketak eta proiektuak egitea.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan eskatu zaizkion azterketak eta proiektuak egingo ditu ETSk, bere baliabideekin zein zerbitzuak emateko kontratuen bidez.
Halaber, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak eskatzen dizkion txosten eta azterketa oro idatziko ditu ETSk, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen proiektuarekin zerikusia dutenak.
Bestalde, obrak egin ahala beharrezko gertatzen diren urbanizazio-proiektuak, akaberakoak edo bestelakoak ere idatziko ditu. Gainera, kontratatutako obren eta obra osagarrien aldaketak ere idatziko ditu.
Bestetik, proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak erraztuko ditu ETSk, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen, betiere.
C) Eraikuntzaren kudeaketa.
C.1.– Obra zibilen zuzendaritza.
Behin proiektu baten obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, obra-zuzendari bat izendatuko du Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak, ETSren proposamenez: ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du obra-zuzendari horrek, eta kontratu hori bete dadila zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere bere ardura izango dira.
ETSren langilea izango da obra-zuzendaria, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.
Jardueren artean, eraikuntza bera suspertzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da lan hori guztia.
Obra-zuzendariak Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzerakoan eta esleipendunak prezio kontraesankorrak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.
Halaber, obra-zuzendariak jabea ordezkatuko du teknikoki obrek ukitutako zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak burutzea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea, lan-oharrak idaztea eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzea.
C.2.– Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza.
Ekipamendu elektromekanikoak eskuratu eta muntatzeko kontratu bakoitza esleitutakoan, ETSk bere gain hartuko du kontratu horien alderdi teknikoak eta ekonomikoak betetzen direla egiaztatzeko jarraipena egitea.
Lan horretan, fabrikazioaren, kalitatearen kontrolaren, muntaketaren eta frogen jarraipena sartzen da, kasu guztietan.
Obra zibiletan bezalaxe, hornidura-zuzendari batek gainbegiratu eta zuzenduko ditu hornidura, fabrikazio eta muntaketarako kontratu guztiak. Zuzendari hori ere ETSko langilea izango da, eta, behar izanez gero, talde tekniko bat izango du laguntzeko.
C.3.– Aholkularitzak.
Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazkuntzan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen dutenak.
ETSren lana izango da arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa identifikatu aurreko lanez eta behar diren adituak hautatzeaz, eta, uneoro, aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentzia osoari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.
C.4.– Obrek ukitutakoak kudeatzea.
Hiri-obrak egiteak –baita lurpean egin behar badira ere– berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.
ETSk bere gain hartuko du ukitutako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
Eragin horien artean daude, besteak beste, trafikoa kudeatzea, obren eraginpeko zerbitzuak, trenbide-ustiaketako eraginak...
C.5.– Laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzea.
Atal honetan sartzen dira obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun- eta osasun-mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egitea eta suspertzea.
ETSk, lehenengo eta behin, kontratistaren memoria kritiko gisa jardungo du, eta, segurtasun-teknikari baten bidez, aholkularitza eskainiko dio obra-zuzendariari, lan bakoitza edo obra-unitate bakoitzari ekin aurretik hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan.
Lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez proiektu bakoitzaren pleguan, ETSk, prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokionez, eraginkorragoak izan daitezen eta segurtasun maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.
Segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da ETSren lan hori.
Gainera, prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu ETSk, obrak egiten diren bitartean edo/eta obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasun- eta osasun-arloak koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatuko ditu, eta Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak izendatuko.
C.6.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.
Atal honetan sartzen dira egitura, osagai eta instalazio oro kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen dela egiaztatzeko behar diren jardueren jarraipena egitea eta horiek suspertzea.
Kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du ETSk, eta ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie kontratuen zuzendariei.
Obrek dirauten artean edo obren jarduera edo fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da jarduketa hori.
Aldi berean, kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du ETSk, eta, lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.
Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraikiz egin daitezen kontratuaren xede diren jarduerak, eta arlo horretan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.
Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ingurumen-kudeaketako neurriak eta jardunbideak hartuko ditu ETSk, baliabide naturalen erabilera eta zabor gutxiago sortzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta horrelakoak ahal den neurrian birziklatzeko.
D) Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk lagunduko dio Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzari lehiaketa eta lizitazioetarako baldintzen pleguak prestatu eta egokitzen; laguntza administrazio arlokoa nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak nahiz zehatzak hartuko ditu.
Honako egiteko hauek sartzen dira atal honetan: kontratu bakoitzerako klausula bereziak idaztea, kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzentzea –antzeko kontratuetan ohikoak izanik ere–, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen pleguak homogeneizatzea, hortik aurrera obretan aplikatzeko irizpideak bateratzeko.
Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta, lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.
ETSren lana, ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, plegu horiek prestatzen aritu den talde teknikoak lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.
E) Kudeaketak eta beste erakunde batzuekiko koordinazioa.
Metroko 1. eta 2. lineak egiteko, espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak edota beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, neurriak koordinatu eta kudeaketak egin beharko dira metro proiektua eta beste interes orokor batzuk uztartzeko.
Gainera, lehen esan bezala, lurrazalean, hau da, kalean ere eraginik badute obrek, sarri udalaren zerbitzuekin edo hornidura-konpainienekin egiten dute topo, eta, alderdi horretatik ere, kudeaketak eta konponbiderik aproposenak aurkitzeko koordinazio-bilerak egin beharra izaten da. ETSk bere gain hartuko ditu ardura horiek.
F) Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.
Hemen sartzen dira Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlan estuan, metroko obrek ukitutako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko jarduerak.
Lehenengo eta behin, proiektuetan bildutako datuak egiaztatuko dira, eta, behar izanez gero, osatuko, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera; horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.
Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, zerrenda ofizialak osatuko ditu ETSk, legeak eskatutako datu guztiekin, Sailak argitara ditzan.
Atal honetan, ETSk bilerak egingo ditu azalpenak eskatzen dituzten edota irekitako espedientearekin ados ez dauden ukitutako pertsonekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertuko ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta aurkako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.
Eskatutakoari jarraituz, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du ETSk, eta ukitutako pertsonek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu; ondoren, horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio Sailari. Sailaren izenean jardungo du ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera okupatu aurretik egin beharreko aktetan.
Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.
G) Ukitutakoen erreklamazioei buruzko txostenak.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineak eraikitzeko proiektuen fasean eta obrak dirauten artean, herritarrek eta herritar-taldeek makina bat erreklamazio aurkezten dituzte Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean, arrazoi ezberdinak tarteko, batzuk oso zehatzak eta besteak orokorragoak. Erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio ETSk sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatziko ditu, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko.
Horrela bada, ETS arduratuko da lan horietaz, eta horretarako behar dituen langileak aukeratuko ditu, mekanografia, delineazio, topografia eta gainerako lan osagarrietarako behar dituenak barne.
6.– Egindako lanen balioespena eta ordainketa.
Seiehun eta bost mila (605.000) eurotan balioetsi dira enkarguz emandako lanak; honako kontzeptu hauetan oinarrituta:
Hilero ordainduko dira enkargu honen ondorioz egiten diren lanak, egindako lanak egiaztatutakoan, betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
7.– Enkarguaren indarraldia.
2015eko abenduaren 31 arte izango da indarrean enkargu hau.