EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2015150

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, lehentasunez EAEko langabetuei zuzendutako prestakuntza-programazioa gauzatzeko dena.

Xedapenaren data: 2015-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201503482
Maila: Akordioa
Alde batetik, Ángel Toña Guenaga jaunak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,
eta, bestetik, Cristina Uriarte Toledo andreak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu denak,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legean Enplegurako lanbide-heziketaren lege-esparrua finkatzen da, eta lege horren 26. artikuluan –martxoaren 22ko 4/2015 Errege Lege Dekretuak emandako idazketa duenean– ezartzen denez, enplegurako lanbide-heziketako ekintzak eta ekimenak helburu hauetarantz bideratuko dira: lan-kualifikazio eta -konpetentziak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzea; biztanleria aktiboaren bizi osoko prestakuntza sustatzea; eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta ekoizpen-sektoreen beharrizanak uztartzea.
Bigarrena.– Lan-esparruan enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren urgentziako erreformari dagokionez, martxoaren 22ko 4/2015 Errege Lege Dekretuak honako hauek arautzen ditu: lan-esparruan enplegurako lanbide-pretakuntzaren sistemaren planifikazioa eta finantzaketa, zehapen-araubidearen kontrola eta segimendua, eta informazio-sistema, ebaluazioa, kalitatea eta sistemaren gobernantza.
Xedapen iragankorretarik lehenengoan, martxoaren 22ko 4/2015 Errege Lege Dekretuak honako hau zehazten du: 9. artikuluan adierazi enplegurako lanbide-prestakuntzako ekimenak arauz garatu arte, indarrean izango dira martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan eta bera garatzeko arauetan aurreikusitakoak (dekretu horren bidez, enplegurako lanbide-prestakuntzako azpisistema arautzen da).
Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema arautzekoak, lan-arloko eskumena duten administrazioei agintzen die modulukako prestakuntza-eskaintza bat egiteko, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko aukera emango duena, hain zuzen ere prestakuntza-eskaintza egokitu dadin lan-merkatuaren eta sektore produktiboen beharrizan aldakorretara.
Errege-dekretu horrek zenbait bide arautzen ditu autonomia-erkidegoen esparruan, prestakuntza-eskaintzaren programazioa ezartzeko eta kudeatzeko, eta bide horietako bat da zentro propioen bidez garatzen dena. Alde horretatik, zentro propioak dira Erreferentzia Nazionaleko Zentroak, titulartasun publikoko lanbide-heziketako zentro integratuak eta Administrazio Publikoaren gainerako zentroak, baldin eta enplegurako lanbide-prestakuntza emateko instalazio eta ekipamendu egokiak badituzte. (23.2 artikulua eta 9.1.a) artikulua).
Hirugarrena.– Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten funts publikodun zentroek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez emandako idazketaren arabera) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita egonik, eginkizun dauka, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapenerako programak kudeatzea (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikulua). Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta eskaintzaren araberako prestakuntzarekin lotuta, lehentasunez langabetuei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude.
Bosgarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak xedatzen duenez, sail horri dagokio Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzea, aplikatzea eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta; sail horri dagokio, halaber, hezkuntza-sisteman lanbide-heziketako eta bizialdi osoko ikaskuntzako politikak diseinatzea, bizitza osoan zehar kualifikazio pertsonalak, profesionalak eta sozialak eskuratzeko edo areagotzeko aukera emango dutenak, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitutako eskumenak errespetatuta.
Seigarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) eta EAEko 2014-2016 Lanbide Heziketako Laugarren Planak nabarmentzen dute lanbide-heziketako eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.
Zazpigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek kualifikazioaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko, eta eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzen programak sustatzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen sarean.
Hartara, lan-merkatuaren egoera aintzat hartuta, eta enpresa-sarearen beharrizanak eta egun dauden zentro publikoen sarearen prestakuntza-gaitasuna ikusita, Lanbide erakunde autonomoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan bertako administrazioaren berezko zentroekin garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza prestatu dute, eta kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hona hemen akordio hori arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Akordio honek arautzen duen kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren titulartasunpekoak diren prestakuntza-zentroek prestakuntza-programazio bat egitea, lehentasunez langabetuei zuzendua (ikusi akordio honen I. eranskina).
Gomendio honen xede den programazioa osatzen duten prestakuntza-ekintzak 2015eko ekitaldian hasiko dira, eta 2016ko uztailaren 31an izango dute epemuga.
Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza egitea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuei zuzendua izango dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden lanbide-heziketako prestakuntza-zentro publikoetan gauzatuko dena. Prestakuntza-eskaintza horrek bi xede ditu: batetik, langabetuen kualifikazio-beharrizanak asetzea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoak ahal den ondoen erabiltzea.
Prestakuntza-eskaintza zehazteko, aintzat hartu dira EAEko lurralde eta eskualdeetako lan-merkatuaren eta industria-sarearen egoera, hezkuntzaren eremutik eta enplegurako lanbide-heziketatik egiten den lanbide-kualifikazioei buruzko prestakuntza-eskaintza orokorra, eta egun dagoen zentro publikoen sarea eta zentro horietako bakoitzak duen prestakuntza-gaitasuna, betiere aldez aurretik identifikatuta zentroek eman ditzaketen profesionaltasun-ziurtagiriak, haien instalazioak, ekipamenduak eta irakasleak kontuan hartuta.
Hirugarrena.– Prestakuntza-programazioa eta hartarako diru-dotazioa.
Akordio honetako I. eranskinean adierazten da zer programazio egingo duten EAEko hiru lurraldeetako zentro publikoek, bai eta hartara bideratutako diru-dotazioa, prestakuntza-ekintzen eta zentroen arabera banakatuta.
Gomendio honen xede den programazioa finantzatzeko, 5.497.992 euroko kreditua erabiliko da (bost milioi laurehun eta laurogeita hamazazpi mila bederatziehun eta laurogeita hamabi euro), eta, horietatik, 1.374.498 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 4.123.494 euro, 2016ko konpromiso-kredituari.
Laugarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.
Akordio honetako I. eranskinean adierazten den programazioan parte hartzen duten zentroek alta emanda egon behar dute, emango duten espezialitate bakoitzerako, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemari dagokion Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan. Kreditatze edo egiaztapen horrek eragin osoa izango du, harik eta prestakuntza-zentro eta -entitateen euskal erregistroa eratzen den arte. Hura eratzen denean, euskal erregistroaren araudiak xedatzen dituen eskakizunetara egokituko dira egiaztapenak.
Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen arteko erlazio zuzena, eta prestakuntza-programazioa gauzatzeko finantzaketa ordaintzea.
Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren antolamendu ekonomiko-finantzarioarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bakoitza emateko esleitu den diru-zenbatekoa sartuko du sail horren lurralde-ordezkaritzen kontuetan, betiere I. eranskineko zehaztu modulu ekonomikoen arabera. Lehen ordainketa, % 25ekoa, 2015eko ordainketa-kredituaren kargura egingo da, prestakuntza-ekintzan hasten direnean; gainontzeko % 75a, 2016ko ekitaldian, ekitaldi horretako konpromiso-kredituaren kargura; betiere, zortzigarren klausulako 1 t) idatzi-zatian zehaztutakoarekin bat etorrita, gastua justifikatutakoan.
Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:
a) Lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabetuek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 60 izango dira, gutxienez.
b) Lehentasunik gabe, lana duten eskatzaileek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 40 izango dira, gehienez ere.
2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek horietara sartzeko eskakizunak bete behar dituzte, eta langabetu gisa izena emanda egon Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntzaren hasieran. Lana duten eskatzaileek, berriz, eskaera aurkeztu behar dute.
Zazpigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
a) Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.
Hautagaiak honako hauek izan daitezke:
● Ikastaroan parte hartzea eskatzen dutenak, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoetan, bai eskabidea beteta Lanbideren web-orrian (www. lanbide.net). Web-orri horretan jakinaraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
● Enplegu-eskatzaileak (eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
● Prestakuntza Zentro Publikoen Saretik edo orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuak izan diren eskatzaileak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaien eskabideak igorriko ditu zentroetara, ikastaroa emango duen zentroarekin adostutako epean, behar adinako denbora izan dezaten aukeraketa-prozesua berme guztiekin egiteko.
b) Prestakuntza-zentroek egingo dute ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, beren instalazioetan, Lanbidek igorritako hautagaien artean. Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza-jarduera guztietan, hautaketa-proba bat egingo da, betiere ekintzari probetxua ateratzen zaiola bermatzeko eta aldez aurretik zehazteko nolako ezagutza-maila behar den ekintzetan ezarritako helburuak lortzeko eta zein diren izan beharreko funtsezko gaitasunak 2. eta 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-moduluetan sartzeko.
Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material baliatuko dituzten aukeraketa hori egiteko, eta beti egiaztatuko dute aukeratutako ikasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuetan ezarritako sarbide-baldintzak.
Profesionaltasun-ziurtagiri bati lotutako prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen bada, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiri horretako gainerako moduluak gaindituak dituztenek, ziurtagiri horretako prestakuntza-ibilbide osoa egin dezaten. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzan sartzeko hurrenkera hau izango da: lehendabizi sartuko dira gainerako moduluak gainditu dituzten langabetuak; bigarrenik, lana duten hautagaiak, gainerako moduluak gaindituak dituztenak, prestakuntza-ekintzaren plaza guztien % 40ra arte, gehienez ere; eta, hirugarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluak egin gabe dituzten langabetuak.
Baldin eta, laneko esperientzia bidezko eta/edo prestakuntza ez-formal bidezko Gaitasuna Aitortzeko Egituraren deialdiren batean, Aholkularitza- edo Ebaluazio-fasean, prestakuntza-premiak antzematen badira, eta premia horiek direla-eta prestakuntza-ekintza bat programatzen bada, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.
Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten langabetuen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:
● Lehenengo lekuan, eta lehentasun-maila berdinarekin, laneratzeko zaitasun bereziak dituzten pertsonak, kualifikazio-maila apala duten pertsonek dutelarik lehentasuna: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan eta Enplegurako Programa Aktiboan (EPA) parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta Genero Indarkeriaren biktimak.
● Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
● Etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, baldin eta ordutegia dela-eta prestakuntza-jarduerara joateko libre badaude.
Pertsona batek ezingo ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horiek egiteko beste eskabide batzuk badaude, eta eskatzaileek –izan langabetuak zein lanean ari direnak– sarbide-eskakizunak betetzen badituzte.
Hautaketa-prozesua amaitzen denean, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epe bat izango dute haren emaitzaren berri emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
c) Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.
Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroek ordainduko dute hautaketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua, halakorik balego.
Zortzigarrena.– Alderdien betebeharrak.
1.– Prestakuntza emango duten zentroek betebehar hauek izango dituzte:
a) Agindu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eranskinean adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar diote hasiera eman zaiela prestakuntza-ekintzei, akordio honen II. eranskinean adierazitako eredua erabiliz.
c) Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen zentroko zuzendaritzak ziurtagiri bat egin behar du, akordio honen III. eranskinean jasotako ereduari jarraituz, eskakizun horiek betetzen direla egiaztatzeko. Ikastaroen hasierako dokumentazioari atxikiko zaio ziurtagiri hori.
d) Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:
– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta ezinbestekoak diren babes-elementuak.
e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.
f) Publizitatea egin behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programazioko prestakuntza-ekintzak egiteko ematen duen finantzazioari buruz.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen egoerari buruz eskatzen dieten informazio guztia.
i) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio batutzailea egin behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoan Profesionaltasun Ziurtagiriak Garatzeko eta Aplikatzeko 2015. urteko jarraibideekin bat etorriz.
j) Hilero jakinarazi behar dizkiote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ikasleen bajak edo uzteak, eta, halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote.
k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko.
l) Lantokian prestakuntza praktikoaren modulua egingo dela aurreikustea, ikastaroko parte-hartzaileen % 100i dagokionez, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan arlo horretarako ezarritako salbuespenekin (dekretu horren bidez, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dira, abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuaz egindako aldaketaren ostean).
m) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek praktikak lantokian egiteko prestakuntza-modulua behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.
n) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluen tutoreak izendatu behar dituzte. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko du. Horretarako, ikusi eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.
o) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.
p) Baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetakoren batean badaude:
– Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean ez joatea, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez. Parte-hartzailea prestakuntza-ekintza hasita zegoela sartu bada, bertaratze-falta kalkulatzeko, kontuan hartuko dira sartu zenetik ekintza bukatu arte geratzen ziren orduak.
– Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higiene eta osasungarritasuaren arloan exijitu daitezkeen arauak.
– Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:
1.– Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du. Horren ostean, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendariak baztertzeko prozedura hasteari buruzko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.
Ikasleren baten ez-asistentziek % 25ean gainditzen badute prestakuntza-ekintzaren iraupen-ordu kopurua, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, ikaslearen baja egiteko. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-asistentziak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), baloratu ahalko da pertsonak geratzen den modulua egitea.
2.– Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
q) Akordio honetako IV. eranskinean ageri diren kalitate-inkestak egingo dizkiete ikasleei, eta horiek bete ondorengo 7 egun baliodunetan, emaitzak igorri Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei.
r) Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.
s) «Bukaerako Ebaluazioari buruzko Akta» egin behar dute (X. eranskina, Profesionaltasun Ziurtagiriei buruzko 2015eko Jarraibideena). Horretarako, Gaituz aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.
t) Ezarritako moduan eta dokumentazioarekin justifikatu behar dituzte emandako prestakuntza-ikastaroen gastuak. Horretarako, likidazio-eskaera aurkeztu beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, ikastaroak amaitu eta bi hileko epean. Justifikazioa egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak horretarako emandako ebazpenari jarraituko zaio. Ebazpen horretan, gastuak behar bezala justifikatzeko jarraibideak eta dokumentazio zehatza jasotzen dira.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak honako hauek dira:
a) Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.
b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.
c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.
d) Ikastaroak ematen dituzten zentroetako arduradunek ikastaroen emaitzak jasotzen dituzten aktak helaraziko dizkiote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta Lanbidek gorde egin behar ditu.
e) Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak erregistratu behar ditu.
f) Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.
g) Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.
Bederatzigarrena.– HEZIBI programa sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.
Prestakuntza-zentroek gazteentzako txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak –kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak– HEZIBI proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.
Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.
Kudeaketa-gomendio honen bidez geroko programazioetako prestakuntza-eskaintza identifikatzeko, Hezibi-n partea hartzea positiboki balioetsiko da.
Hamargarrena.– Gomendioaren indarraldia.
Onartutako programaziorako eta diru-dotazioarekin beteko da kudeaketa-gomendio hau.
Hamaikagarrena.– Kudeaketa-gomendio honek ez dio beste inori lagatzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eta horiek gauzatzeko funtsezko elementuen titulartasuna. Hori horrela, erakunde autonomo horrek eman behar ditu egintza eta ebazpen juridikoak, kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzaren euskarri izango direnak edo hura barne hartuko dutenak.
Bi aldeak ados daude agiri honetan adierazten denarekin, eta, horrela jasota gera dadin, kudeaketa-gomendio hau formalizatzeko tresna hau izenpetzen dute biek.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 27a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ÁNGEL TOñA GUENAGA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.