EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015148

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko maiatzaren 28ko bilkuran hartua «Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua, 2013» txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2015-05-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201503454
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko maiatzaren 28an egindako bilkuran
ERABAKITZEN DU:
«Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua, 2013» txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 28a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.
HKEEren idazkari nagusia,
TERESA CRESPO DEL CAMPO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN KONTUA, 2013
Laburdurak:
GKE: Gobernu Kontseiluaren Erabakia.
AFYPAIDA: Automozioko industri eta kirol jarduerak indartu eta sustatzeko elkartea.
GGLA: Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza.
IEB: Inbertsioen Europako Bankua.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
BERC: zentroak Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak.
FPEK: Finantza Publikoen Euskal Kontseilua.
DOUE: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
ETS: Euskal Trenbide Sarea.
EEAKF: Erregimen Erraztuko Arrisku Kapitalaren Funtsa.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
FEI: Finantzen Euskal Institutua.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
KEB: Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.
AKPP: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
EAEKPP: Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontabilitate Publikoko Plana, 2012ko ekainaren 25eko Agindu bidez onartutakoa, Ekonomia eta Ogasun sailburuarena.
BPG: Barne Produktu Gordina.
ZTBES: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea.
APKLEO: 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzeko dena.
SOCADE, S.A.: Garapenerako Euskadiko Kapital-Sozietatea-SOCADE, S.A.
ISEB, S.A.: Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea, S.A. eta 2011ko ekainaren 6tik aurrera, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.
EBJA: Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
EAATB: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.
VISESA: Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. - Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Kontuaren 2013ko ekitaldiari dagokion fiskalizazio txosten hau mamitu du, epaitegia arautzen duen 1/1988 Legeak agindutakoari eta Lanerako Urteko Programak ezarritakoari jarraiki.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: ezargarria den arautegia honako alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, diru-laguntzak eta laguntza publikoak ematea eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.
– Kontularitzakoak: Kontu Orokorra ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu den aztertuko dugu.
– EAEren Administrazio Orokorraren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
– Berebat, berariazko atal bat gehitu dugu, EAEren Administrazio Orokorrak «Hiriko» ibilgailu elektrikoaren proiektuari emandako laguntzen azterketa egiten duena, sorreratik (2010) 2013ko ekitaldira bitartean. «Hiriko» proiektua Etorgai programaren barruan jaso zen; programa honen helburua laguntzak ematea da, sektore estrategikoetan industria-ikerketa eta garapen esperimentaleko proiektuak egitea finantzatzeko eta I+D+i-n lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, Euskal Herriko ekonomian trakzio-eragina izan dezaten.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– Luzatutako aurrekontuaren hasierako ordainketa kredituek 107,1 milioi euro inguruko zenbatekoa besarkatzen dute, EAATBren 128. artikuluaren b) atalean araututako aurrekontu luzapenaren erregimena urratuz jasotakoa. Kopuru hori honako kapitulu hauetako gastu kredituek osatzen dute: 2. kapitulukoek (3,2 milioi euro); 4. kapitulukoek (16,9 milioi euro); 6. kapitulukoek (30,6 milioi euro); 7. kapitulukoek (27,9 milioi euro) eta 8. kapitulukoek (28,4 milioi euro).
2.– 6 milioi euroan esleitutako kontratu batean (18. espedientea), 2,6 milioi euroren obra osagarriak egin dira publikotasunik gabeko prozedura negoziatua baliatuta (70. espedientea); ez da, baina, SPKLTBren 171.b) artikuluak agintzen duen moduan, ustekabeko inguruabarren izatea justifikatu.
3.– Kontratu batean (72. espedientea), 0,7 milioi euroren gehieneko aurrekontuarekin esleitutakoan eta publikotasunik gabeko prozedura negoziatuari jarraiki izapidetutakoan, SPKLTBren 172.a) artikulua oinarri hartuta, ez da espedientean justifikatu esleipenduna denik zerbitzu hori eman dezakeen bakarra, eta honenbestez, lehiaketa bideratzeko ezintasuna dagoela.
4.– Guztira 0,4 milioi euroan esleitutako zazpi kontratutan (60, 61, 62, 63, 64, 68 eta 69 espedienteak), eta ondasun eta zerbitzu erosketen 164 kontratu aztertzean, guztira 2 milioi euroren zenbatekoan esleitu eta ondotik adierazitako sailei dagozkienetan: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura (75), Herri Administrazioa eta Justizia (33), Segurtasuna (27), Lehendakaritza (16), Osasuna (12) eta Enplegu eta Gizarte Politikak (1) kontratuaren xedea oker zatikatu dela edo ez dela dagokion kontratazio espedientea izapidetu atzeman dugu.
5.– Gobernu Kontseiluak, EAEren Ekonomia eta Kontabilitatearen Kontrolerako 14/1994 Legearen 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko prozeduraren bitartez, 2013ko ekitaldiko gastuen aldeko fiskalizazio juridiko-ekonomikoa hartu du bere gain, 54,5 milioi euroren zenbatekoan, aurrez Ekonomia Kontrolerako Bulegoak (EKB) kontrako txostena jaulkia zuela. Gastu hauek honako hauei dagozkie: 0,9 milioi euroren hiru obra kontraturi; 29,6 milioi euroren 48 zerbitzu kontraturi; 23,9 milioi euroren sei hornidura kontraturi eta 0,1 milioi euroren kudeaketa-mandatu bati. Ez-betetze nagusiak publikotasun eta lehia printzipioak ez betetzea eta behin epea iraungia zela zerbitzu ematen jarraitzea izan dira.
6.– Halaber, Administrazio Orokorrak 3,8 milioi euroren diru-laguntzak eman dizkie 12 onuraduni Gobernu Kontseiluaren Erabaki bitartez; onuradun horiek aurreko bi ekitaldietakoren batean ere helburu berbererako diru-laguntza zuzenak jaso zituzten.
8,2 milioi euroren zenbatekoa egin duten beste lau diru-laguntzatan ere, ez da xedapen orokorra baliatuta deialdi publikoa egiteko ezintasuna justifikatu.
Apartekotasuna eta deialdi publikoa egiteko ezintasuna justifikatzea, diru-laguntza zuzenak emateko EAEHONALTBren 49.7 artikuluak eskatzen dituen betekizunak dira.
Gure iritzira, EAEren Administrazio Orokorrak, aurreko paragrafoetan aipatutako salbuespenak alde batera, zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege araudia.
II.2.– Administrazio orokorraren kontuari buruzko iritzia.
1.– 20/2012 Errege Dekretu-Legea betez ez zen 2012ko abenduko aparteko soldata ordaindu, 92,7 milioi euroren zenbatekoan. EAEren Administrazio Orokorrak ez du Urteko Kontuen Oroitidazkian horren erabilgarritasunaren mugaketei buruzko informaziorik eman.
Gure iritzira, 1. paragrafoan jasotako ez-betetzea eta 2013ko Aurrekontuaren Likidazioan 1etik 6ra bitarteko Oharretan adierazitakoa aintzat hartuta, EAEren Administrazio Orokorraren itsatsitako kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2013ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute.
Gure iritzian eraginik izan gabe, azpimarratu nahi dugu 2014ko uztailaren 23an, Estatuarekiko aldebiko printzipioak eta Euskal Herriko erakundeen artean finantza lankidetzari buruzko printzipioak ezarriz, FPEK-k aho batez erabaki duela EBJAk 2014ko maiatzaren 13an Espainiako erreinuari ezarritako 30 milioi euroren zehapenaren jasan arazpenak duen finantza inpaktuari aurre egitea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak aparteko aurrekontuko ekarpena egingo du, 21 milioi eurorena; ez du horrek, ordea, inola ere europar araudia ez betetzeagatik inongo erantzukizunik bere gain hartzen duela esan nahi.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek jasotzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioen betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.
III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.
Aurrekontu luzapena.
3.1.1.– Luzatutako aurrekontuaren zamak bi programa sortu berri barne hartu zituen «Erakunde harremanak» izenekoa bat, hasierako kreditua 28,6 milioi eurorena zuena eta «Justizia eta Giza eskubideak» izenekoa bestea, hasierako kreditua 4,5 milioi eurorena zuena. Gainera, «Berrikuntza publikoa» eta «Herritarrei arreta» programak, bien artean 7 milioi euroren zenbatekoa zutenak, «Berrikuntza eta Administrazio elektronikoa» programan bildu ziren. Eragiketa hauek EAATBren 70 eta 71 artikuluetan ezarritakoa saihestuta gauzatu dira, zeinak Gobernu Kontseiluak aldez aurretik baimendu behar dituela dioen eta sortze berriko kredituen kasuan, hasierako zuzkidura kreditu transferentzien erregimena baliatuta egin behar dela dioen. Orobat, ez zaio Eusko Legebiltzarrari jakinarazi, EAATBren 74.2 artikuluak agintzen duen moduan.
3.1.2.– Luzatutako aurrekontuak hasierako konpromiso kredituetan 784,8 milioi euro inguruko zenbatekoa barne hartzen du, aurreko ekitaldian amaitutako jarduerei zegokiena edo konpromiso gehiago hartzea beharrezkoa ez zutenena. Gainera, Administrazioak aztertu egin behar zukeen zein alde egon zitezkeen 2013ko ekitaldiari zegozkion urtekoetan lehenagoko ekitaldietan hartutako konpromisoen eta luzatutako ordainketa kredituen artean, egiaz luzagarri diren ordainketa kredituen zenbateko zuzena zehaztu ahal izateko.
Beste alderdi batzuk.
3.1.3.– 2013ko ekitaldiko aurrekontuaren egikaritzak ez du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko hiru diru-laguntza lerroren erregistroa barne hartu, 9,2 milioi euroren zenbatekoan, ez eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun saileko Teknologia programako sei diru-laguntza lerro ere, 68 milioi euroan. Laguntzen deialdiak 2013an zegoen kreditu kontsignazioaren arabera egin ziren eta horien erregistroa 2014an gauzatu da.
3.1.4.– Egoeraren Balantzeak ez du ibilgetuko hainbat kontu-sail osatzen dituzten ondasun guztien banakako xehapenik, hala nola, instalakuntza teknikoak, ekipo informatikoak, makineria, lanabesak eta altzariak, aplikazio informatikoak, e.a. Modu honetan erregistratutako zenbatekoa, guztira, 257,7 milioi euro da.
3.1.5.– VISESA sozietate publikoari emandako diruzaintzako aurrerakinak aurrekontuz kanpo guztira 23,5 milioi euroan erregistratu dira eta sozietatearen egoitzaren finantzaketa iragankorrerako eta saltzeko dauden babes ofizialeko etxebizitzen izakinetarako baliatu dira; aurrerakin horiek urtero berritzen dira. Aurrerakinak hainbatean behin berritzeak esan nahi du finantzaketa behar iraunkorrak daudela.
Berritze horiei etorkizunean eusten bazaie, beharrezkoa izango da dagozkion aurrekontu kredituak zuzkitzea eta eragiketa hauetatik eratorritako obligazioak erregistratzea.
3.1.6.– EAEren Sektore Publikoaren Aurrekontu Orokorren eta Urteko Kontuen likidazioan jasotako informazioak EAEren Ekonomia Kontrol eta Kontabilitateko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 8. artikuluak eta EAATBren 124. artikuluak gutxiengo izaerarekin eskatzen duten informazioa jasotzen du. Gomendagarria litzateke EAEren sektore publikoa osatzen duten erakunde multzoaren egoera bateratuak barne hartzea, horien guztien ekonomia-, finantza- eta ondare-egoera, eragiketen emaitza eta aurrekontuen likidazioa erakutsiko dutenak.
III.2.– Langileria gastuak.
Lanpostuen Zerrendak (LZ)
3.2.1.– Indarreko Lanpostu Zerrendek ez dituzte 2013ko ekitaldian aurrekontuko zuzkidura zuten guztira 1.423 plaza barne hartzen, ondoko xehapenaren arabera:
Justizia saileko langileen LZk onartzea EAEren Administrazio Orokorraren egitekoa da, aldez aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren aldeko txostena jasota, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 522 artikuluak agintzen duen legez.
III.3.– Diru-laguntzak.
Diru-laguntza zuzenak.
3.3.1.– EAEHONALTBk Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian lehiara meneraturik emandako diru-laguntzen zerrenda argitara emateko obligazioa ezartzen du; ordea, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren arabera, Gobernu Kontseiluaren Erabakiz zuzenean emandako haiek ere argitaratu behar lirateke.
3.3.2.– A.20 eranskinean jasotako diru-laguntzak aztertu ditugu eta honako alderdi hauek dira azpimarragarriak:
– Aztertu ditugun diru-laguntzetarik bitan, guztira 0,3 milioi eurorenak, frogagiriak aurkeztu aurretik konturako ordainketa erregimena ezarri da. Aldez aurretik egindako finantzaketa honek aparteko izaera behar du izan eta diru-laguntzari lotutako ekintzak gauzatu ahal izateko beharrezkoa dela justifikarazi gabe eman da, EAEHONALTBren 49.11 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
– Aztertutako diru-laguntzetarik bitan, 7,3 milioi euro egin dutenetan, laguntzak onuradun ezberdinei esleitu zaizkie, banaketarako baliatutako irizpideak egiaztatu ez direla.
– Aztertu diren diru-laguntzetatik bostetan diru-laguntza justifikatzean honako huts hauek azaleratu dira:
Lanbide Heziketako Zentroei Lehen-Aukera izeneko programa abiarazteko emandako diru-laguntza oker kitatu da, izan ere, emakida erabakian aurreikusi gabeko gastuak onartu dira eta beste hainbat huts egin dira; horrek guztiak, 10 mila euro inguru gehiagoko diru-laguntza ordaintzea eragin du.
EHUk 2012ko ekitaldian 3 milioi euroren diru-laguntza jaso zuen Zabalduz Programa txertatzeko (2012-2015) eta 0,3 milioi euroren konturako ordainketa egin zen. 2013ko ekitaldian milioi bat euroren beste ordainketa bat egin da, naiz 2012 eta 2013ko ekitaldietako gastuen kontzeptuan justifikatutako kopurua 0,5 milioi eurorena izan zen.
BERC Zentroei 6,1 milioi euroren diru-laguntza eman zitzaien; justifikazioa, baina, ez da emakida erabakian jasotakoaren arabera egin. Zehatzago esanda, bederatzi onuradunetarik zazpik jardueren oroitidazkia aurkeztu dute helburuen betetze txostena aurkeztu beharrean eta onuradun izan diren bederatzi zentroetatik bakar batek ere ez ditu ordainagiriak edo justifikazio-agiriak aurkeztu eta gastu zerrenda onartu zaie justifikazio modura. Halaber, hiru kasutan kanpoko auditoreak zentroaren jarduera ez ekonomikoaren zenbatekoari buruz jaulkitako ziurtagiria edo 2013ko ekitaldian beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzei buruz legezko ordezkariak jaulkitako ziurtagiria ez ziren 2014ko lehenengo seihilekoan aurkeztu, emakida erabakiak agintzen zuen moduan.
Tokikom SLri emandako 0,1 milioi euroren diru-laguntzan, Gizarte Segurantzako eta Ogasuneko ziurtagiriak ez zeuden egunean diru-laguntzaren ordainketa egin zen unean. Gainera, emakida erabakiak zioen gastuaren justifikazioa gastuen aurrekontu likidazioa aurkeztu egin behar zela eta horrek ez du diru-laguntzaren norakoa behar hainbat egiaztatzen.
– Euskal Herriko Lanbide Heziketako zentroen elkarteei Lehen-Aukera programa abiarazteko emandako 1,2 milioi euroren diru-laguntzan, ez zen laguntza edo diru-laguntzen onuradun izaera finkatu laguntzaren xede den jarduera gauzatzen duten funts publikoen hartzaileentzat, EAEHONALTBren 50.1 artikuluak agintzen duen moduan, izan ere laguntzen azken hartzaileak ez ziren praktiketan titulatuak edo praktikak egin zituzten enpresak izan. Nolanahi den ere, onuradun izan den erakundearen parte hartzeari beharrezko iritziko balitzaio laguntzak hobeto kudeatzeko, horrek erakunde kolaboratzaile modura parte hartzea erabaki behar zatekeen, horien araubidea arautzen duen 698/1991 Dekretuaren III. idazpuruan xedatutakoari jarraiki.
Lehiaketa publiko bidez emango diren diru laguntzak.
3.3.3.– Enplegu eta Gizarte Politika Sailak ematen dituen pertsona, familia, talde eta komunitateekin esku-hartze sozialeko jardueretarako laguntzak aztertu ditugu, 4,4 milioi eurorenak eta 2013ko urteko euskal kirol federazioen kirol programetarako laguntzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2,4 milioi euroan emandakoak.
– Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oroitidazkiek ez dituzte zuzentzen zaizkion sektorean laguntzek duten eragina eta horien eraginkortasun eta efizientzia ebaluatzea bideratuko duten adierazleak jasotzen.
– Euskal kirol federazioek aurkeztutako kirol proiektuen balorazioan ez dira emandako puntuazioak behar hainbat arrazoitzen, Administrazio publikoen araubide juridiko eta administrazio prozedura bateratuari buruzko Legearen 54.2 artikuluak agindu bezala.
– 2013rako euskal kirol federazioen kirol programetarako laguntzak emateko ebazpena ez da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu, EAEHONALTBren 49.2 artikuluak agintzen duenaren arabera.
III.4.– Kontratazioa.
Ekitaldi honetan egikaritu diren eta lehenagoko ekitaldietan esleitu ziren 45 espedienteko lagina eta 2013an esleitutako 27 espedienteko lagina aztertu dugu.
III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.
– Euskal Herrian Trenbide Sare Berriko Tolosa-Hernialde zatiko lanetan (6. espedientea), 104,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoetan, ez da justifikatu egindako aldaketa, 9,3 milioi eurorena, ustekabeko edo gerora sortutako arrazoiek eragin dutenik, SPKLren 202. artikuluak agintzen duen moduan.
– Euskal Herrian Trenbide Sare Berriko bost zatiko lanetan (3, 5, 7, 10 eta 13 espedienteak), guztira 421,9 milioi euroan esleitutakoetan, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak obrek behin-behinean jarraitzeko baimena eman zuen, aipagai diren lanen aldaketa proiektuak idazten ziren bitartean. 2013ko abenduaren 31n ez dago jasoa proiektuen onespen teknikoa egin denik, ezta aldaketa espedienteena ere; horrek SPKLTBren 234.4 artikuluan ezarritako epeak urratzen ditu.
– Egikaritza 2013ko ekitaldian amaitu duten bi kontratutan (27 eta 35 zk. espedienteak), horietako bat 3 milioi euroan esleitutakoa eta bestea aleko prezioetan, ez dago jasoa Administrazioak kontratuaren xedea eman edo gauzatu eta hurrengo hilabetean zehar burutu behar duen harrera edo adostasun ekintza formal eta positiboa egin dela; horrek SPKLren 222 artikulua urratzen du.
– Bi kontratutan (16 eta 22 zk. espedienteak) 13,5 milioi eurorenak, azken ziurtagiriaren onespena, hurrenez hurren, 2,5 eta 3 hilabeteko atzeraldiarekin gauzatu zen, SPKLren 235 artikuluan ezarritako gehiengo epearen gainetik.
– Guztira 8,5 milioi euroan esleitutako kontratu batean (21. espedientea) okupazio akta 2013an gauzatu zen eta txosten hau idatzi dugun datan egin gabe dago obren harrera, azken ziurtagiria eta kontratuaren likidazioa, sailak atzeraldi hauek justifikatu ez dituela.
– Guztira 70,4 milioi euroan esleitutako hamar kontraturen luzapenak (19, 30, 32, 38, 40, 41, 42, 43, 44 eta 45 zk. espedienteak) ez dira dagokion agiri administratiboan gauzatu, SPKLTBren 23. artikuluak agintzen duen moduan.
– SAP, HCM, PORTAL eta BWren guneak ezartzeko eta EAEren administrazioko giza baliabideen sistemarako zerbitzu osagarriak emateko kontratua (28. espedientea) 2011ko maiatzean esleitu zen 9,3 milioi euroan; kontratua amaitzeko aurreikusitako epea 2013ko martxoan amaitu da. Guztira egikaritutako gastua 7,8 milioi eurorena izan da. 2013ko uztailean kontratua suntsitzeko prozedura abiarazi zen, «arrazoi tekniko eta ekonomikoek» kontratua suntsitzea babesten dutela oinarri hartuta, eginkizunen garapenak alde biei asegabetasuna eragin dielako eta kontratua osorik egikaritzeak gainkostu ekonomikoa eragingo lukeelako. 2013ko abuztuaren 30ean, Gobernu Kontseiluak kontratua alde bien adostasunez suntsitzea baimendu du eta 2013ko irailean suntsitu da.
Bestalde, EAEren Administrazioko giza baliabideen sistemarako espediente elektronikoen kudeatzaile bat ezartzeko kontratua (29. espedientea) arestian aipatutako espedientearen baitakoa da; 2,1 milioi euroan esleitu zen eta 2013ko abenduan suntsitu da alde bien adostasunez; izan ere, Funtzio Publikoaren sailburuordearen 2013ko azaroaren 29ko Oroitidazkiak dioenaren arabera, proiektuaren egoera aintzat hartuta, arrazoi teknikoek kontratua suntsiaraztea bizkartzen dute. Guztira egikaritutako gastua 1,2 milioi eurorena izan da.
Azkenik, Administrazioak kudeaketa mandatu bat gauzatu du EJIE, S.A.rekin EAEren Administrazioan giza baliabideen sistemaren garapen, ezarpen, mantentze eta bilakaerarako laguntza teknikoko zerbitzuak emateko «SAP giza baliabideak» eta «SAP espedienteen kudeaketa» plataformen gainean, 2013ko urriaren 1ean hasi eta 2014ko abenduaren 31ra arteko indarraldiarekin. Aipatutako mandatuaren zenbatekoa 7,7 milioi eurorena da.
Kontratu hauen suntsipenean izaera teknikodun arrazoiak izatea alde batera utzita, zerbitzu mota honen kontratazioan hartutako eskarmentuak beharrezkoa egiten du Administrazioak kontratuaren plangintza eta jarraipena aparteko arretaz bideratzea, lehiaketak xede dituen helburuak egoki betetzea lortzearren.
– 2012ko abenduaren 5ean Donostialdeko metroa egiteko obra zibilaren kontratua esleitu zen, Kontxa-Morlans bide-zatiarena (26. espedientea), 50 milioi euroren zenbatekoan. Ordea, kontratua ez da gauzatu.
2013ko otsailaren 21ean, Eusko Legebiltzarraren Osokoak Donostialdeko metroari buruzko legez besteko proposamena onartu zuen, zeinetan Eusko Jaurlaritzari eskatzen dion esleitutako obra eta kontratuak suntsi ditzala; horien artean daude Kontxa-Morlans zatiari dagozkionak. 2014ko martxoan, Jaurlaritzak Administrazioaren eta kontratistaren arteko akordioa aho batez suntsitzeko espedientea abiaraztea erabaki zuen. Txosten hau idatzi dugun datan, kontratua suntsitzeari dagokion prozedura eta kalte-ordain zenbatekoari buruzko txosten kontrajarriak daudela eta, kontratua aho batez suntsitzeko haserako proposamena aldatu da eta proposamen berria lantzen ari dira. Administrazioak kontratistari ordaindu beharreko kalte-ordainen azken zenbatekoaren gaineko desadostasuna, 1 milioi eta 1,5 milioi euroren artekoa da, hasiera batean aurreikusiak zeudenak.
III.4.2.– 2013an esleitutako espedienteak.
– Guztira 3,7 milioi euroan esleitutako kontratu batean (46. espedientea), guztira 3,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoan, ABPAk balio judizioari meneratutako esleipen irizpidea barne hartzen du, zeinari guztira % 50eko haztapena ematen zaion, edukiaren banaketa egin gabe eta horren balorazioa nola banatuko den zehaztu gabe. Gomendagarria litzateke, ahal den neurrian, irizpide hauek eta haztatzeko erabiliko den metodoa ahalik eta gehien zehaztea.
– Aleko prezioetan eta 4,7 milioi euroren gehiengo aurrekontuarekin esleitutako kontratu batean (53. espedientea), esleipen prozesuaren balorazioan baliatutako haztapen koefizienteak hasiera batean jaso gabe zeuden ABPAetan. Gainera, DOUEn lehiaketa iragarkiaren balioetsitako balioak ez du balizko luzapenaren zenbatekoa jasotzen.
– 2,2 milioi euroren gehienezko aurrekontuarekin esleitutako kontratu batean (59. espedientea), pleguetan kontratua aldarazteko aukera aurreikusten da. Alabaina, ez dira modu zehatz eta argian zehazten proposaturiko aldaketa egiteko baldintzak, SPKLTBren 106. artikuluak agintzen duen moduan.
– Guztira 7,1 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (47 eta 48 espedienteak) SPKLTBren 161. artikuluan esleipena egiteko aurreikusitako gehienezko epea gainditu da.
– Bestalde, 3,6 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (48. espedientea) zuinketa egiaztatzeko akta SPKLTBren 229. artikuluak ezartzen duen gehienezko epearekiko bi hilabeteko atzerapenez izenpetu zen.
– Guztira 3,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (46. espedientea), Administrazioak ez du lan-programa onartu, APKLAOren 144.2 artikuluak agintzen duen moduan.
– Guztira 0,1 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (68 eta 69 zk. espedienteak), ez dago jasoa Administrazioak kontratuaren xedea eman edo gauzatu eta hurrengo hilabetean zehar burutu behar duen harrera edo adostasun ekintza formal eta positiboa egin duenik, SPKLTBren 222. artikuluak agintzen duen moduan.
III.4.3.– Kontratu txikiak.
Guztira 3,4 milioi euroren zenbatekoa egin duten 37 obra txikiri dagozkion gastuak azaleratu dira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarenak; lehiaketa bidezko lizitazio bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, aleko prezioetan edo hornitzaileak homologatzeko prozedura lehiatzeko elkartu litezke.
Bestalde, espediente berria esleitu bitartean kontratuak iraungi zitzaizkien hamabi zerbitzu-emailerekin kontratatzen jarraitu da eta guztira 0,7 milioi euroren gastuak egin dira.
III.5.– Abalak.
Berme Publiko bidez Aparteko Finantzaketa Lerroari dagozkion abalen emakida aztertzean, Administrazio Orokorraren eta hainbat finantza-erakunderen artean 2012ko uztailaren 5eko hitzarmen bidez ezarri eta 2013ko ekitaldian indarrean egon denean, ondotik adierazitako egoerak azaleratu dira, hitzarmenaren baldintzak betetzean eragina dutenak:
– Administrazioak ez du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda argitaratu, emandako abalen zenbatekoaren, laguntzaren zenbatekoaren eta minimis izaeraren informazioa emanez.
– Ez dira egiaztatzen abalaz lagundutako maileguen poliza guztiak eta horrek hitzarmenean ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatzea eragozten du.
– Enpresa txiki eta ertain izaera duen zehazteko onuradunak egindako erantzukizunezko adierazpenean jasotako datuak soilik hartuko dira kontutan. Gomendagarria litzateke administrazioak baldintza modura urteko kontuak aurkezteko eskatzea.
III.6.– Bestelako alderdiak.
– Administrazio Orokorrak 2013ko ekitaldian egindako ordainketak aztertzerakoan ikusi da merkataritzako eragiketen batez besteko ordainketa epea 36 egun ingurukoa dela, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak agintzen duen gehienezko 30 eguneko epea urratuz. Nolanahi den ere, egindako ordainketen % 56, 496,2 milioi euroren zenbatekoan, ezarritako gehienezko epearen barruan egin da.
– Visesa, S.A. sozietate publikoak (Eusko Jaurlaritzak kapital sozialean % 79,4ko partaidetza du) Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren beraren bitarteko modura dihardu babes ofizialeko etxebizitza berriak, alokairukoak eta tasatutakoak sustatzeko, SPKLTBren 24.6 artikuluak botere esleitzaile baten berezko bitarteko izaera eskuratzeko agintzen dituen betekizunak bete gabe.
IV.– Finantza analisia.
2012 eta 2013ko ekitaldietako ekarpenak likidatzeko foru aldundiek aurkeztutako informazioarekin bat, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onetsitakoa, ondoko taulan diru bilketak ekitaldi horietan izan duen bilakaera ikus daiteke:
2013an zergen diru-bilketak guztira gora egin du aurreko ekitaldiarekiko, nahiz zerga mota bakoitzari dagokionez, jokamoldea ezberdina izan den. Zeharkako zergetan igoerak BEZaren diru-bilketari eta zerga bereziei dagozkie eta zerga zuzenetan guztiek egin dute gora, PFEZak izan ezik, 64,2 milioi euroan behera egin duena.
Ondoko taulak Aurrezki gordinak, Emaitza arruntak eta Aurrekontuko saldoak azken lau ekitaldietan izan duten bilakaera erakusten du:
Sarrera arruntak 2013ko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko 600,4 milioi euroan murriztu dira, batik bat, Foru Aldundiek 491 milioi euro gutxiagoko ekarpena egin dutelako eta ondare diru-sarrerak ere 117 milioi euro murriztu direlako.
Gastu arruntak aurreko ekitaldikoekiko 426,9 milioi eurotan murriztu dira; horretan zeinu ezberdineko bariazioak izan dira:
– Langile gastuetan 85,8 milioi euroren igoera, honen ondorioz:
2013ko ekitaldian aparteko bi ordainsariak ordaindu dira eta 2012an, berriz, abenduko aparteko ordainsaria, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legea ezarri izanaren ondorioz, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.
2012ko irailean 2011ko enplegu eskaintza publikoan (EEP) hautatutako praktiketako 531 funtzionario irakasle laneratu ziren; 2013ko otsailean, Laguntzaile Teknikoen Kidegoko 52 karrerako funtzionario, 2011ko irailean deitutako EEPn hautatutakoak eta 2013ko urtarrilean, 2011ko EEPn hautatutako Ikuskarien Kidegoko praktiketako 25 funtzionario. Gainera, Nekazal eta Itsas-Arrantzuko Prestakuntza Zerbitzuko lan kontratu finkoko 123 langile transferitu ziren, Hazi, Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa, S.A.tik zetozenak.
Aldi baterako langileriak (bitartekoak, ordezkoak, aldi baterakoak eta indartzekoak) nominan behera egin du 2012koarekiko, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren 2012ko otsailaren 14ko eta 2013ko urriaren 16ko aginpideak aplikatu izanaren ondorioz, zeinaren indarrez langileen kontratazioan gastua murrizteko neurriak ezartzen diren.
EAEren Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen langileriaren ordainsariak bateratzea eta irakasleei lanbide karrera kontzeptuan osagarria ordaintzea.
– Funtzionamendu gastuek izandako 56,2 milioi euroren beheraldia. Hona hemen aurrezki nagusiak: Segurtasunean 15,5 milioi euroren gastu txikiagoa; aplikazio informatikoen mantentze-lan eta ustiapenean 9,5 milioi euro gutxiago eta beste zerbitzu batzuetan 23,3 milioi euroren gastu txikiagoa.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak 456,5 milioi euroan murriztu dira; bereziki azpimarratzekoa da Lanbide-Enpleguaren Euskal Zerbitzua erakunde autonomoari egindako ekarpen txikiagoa, iaz baino 153,6 milioi gutxiago jaso baitu, eta familiei emandako diru-laguntza 123,2 milioi euro txikiagoa izan da.
DIRU-BILKETA, EKARPEN ETA GASTU ARRUNTEN BILAKAERA
Euroak milioikotan
Nahiz sarrera arruntek % 6,8 egin duten behera aurreko ekitaldiarekiko, ekitaldiko gastu arruntei aurre egin ahal izan die; horren ondorioz, ekitaldiko aurrezki gordina positiboa izan da 100,7 milioi euroan.
Inbertsio garbiek behera egin dute 259,7 milioi euroan; hona hemen bariazio esanguratsuenak:
– Egiazko inbertsioek 66,5 milioi euro egin dute behera, kapitulu honetako ia kontzeptu guztiek egikaritza txikiagoa izan dutelako.
– Emandako kapitalezko transferentzia eta diru-laguntzak 325,9 milioi euroan murriztu dira, sektore pribatuarekiko diru-laguntza jarduera txikiagoa izan delako eta sektore publikoari egindako transferentziek ere behera egin dutelako.
– «Finantza aktiboen igoera» gastuen kapitulua 101,6 milioi euroan gehitu da, batik bat ondotik zerrendatutako hauek gora egin dutelako: FEIren Gizarte funtsa 25 milioi euroan gehitu da; Bilbao Exhibition Centre, S.A.n gizarte partaidetza 13,6 milioi euroan; beste inbertsio batzuk, 30 milioi euroan; eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko erakundearteko akordiotik eratorritako kredituak, ekonomia suspertu eta inbertsio proiektuak garatzeko, 54 milioi euroan.
– Jasotako kapitalezko transferentzia eta diru-laguntzek 26,1 milioi euroren igoera izan dute, batik bat, Europar Batasunetik eratorritako funtsak 44,6 milioi euroan gehitu direlako; Estatuko Administrazio Nagusitik eratorritako diru-sarrerak 10,3 milioi euroan murriztu direlako eta Foru Aldundiek Berrikuntza Funtsari egin ohi zizkioten ekarpenak amaitu direlako, 2013an 6 milioi euro egin dutenak.
Aurreko ekitaldiari dagokionez, gastu arruntak diru-sarrera arruntak baino kopuru txikiagoan murriztu dira eta honenbestez, beharrezkoa izan da berriz zorpetzea, 1.175,3 milioi euroan, inbertsio garbi guztiak finantzatu ahal izateko. Aurrekontuaren saldoa 2012an 116 milioi eurorena izatetik, 2013an 255 milioikoa izatera aldatu da.
Hona hemen adierazle nagusienen bilakaera grafikoan jasota:
EMAITZEN, INBERTSIOEN ETA JAULKITAKO ZOR GARBIAREN BILAKAERA
Euroak milioikotan
Azken lau ekitaldietan Gauzatutako Diruzaintza Geldikinaren bilakaera honakoa izan da:
EAEren Administrazio Orokorraren egoera ekonomikoak bizi dugun krisi ekonomiko egoera islatzen du. Nahiz Diruzaintza Geldikinak 255 milioi euroan egin duen gora 2013ko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko, aztertutako aldian diru-sarrera arrunten ehuneko oso txikia egiten du, 2010ean % 5,1 egitetik 2013an % 4,6 egitera aldatuz. Aurrekontu-likidazioaren 1. oharraren eragina aintzat hartuta, Diruzaintza Geldikin Erabilgarria 2013ko abenduaren 31n 311,1 milioi eurorena izango litzateke. Bestalde, erabilitako zorra 972,3 milioi euroan gehitu da aurreko ekitaldiarekiko.
Aurrekontuaren egonkortasuna.
Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoak, irailaren 28ko 4/2012 Legeak aldarazitakoak, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan jasotako mandatua garatzen du eta administrazio publikoen aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunari buruzko alderdiak arautzen ditu. Berebat, Lege Organiko honen Azken Xedapen Hirugarrenak adierazten du Lege horretan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari ezartzea, Ekonomia Itunaren Legeak erabakitakoa kaltetu gabe egingo dela.
Bestetara, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontzertu Ekonomikoa onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 48. artikuluak Estatuarekiko koordinazioa eta kolaborazioa aurreikusten ditu aurrekontuaren egonkortasun gaietan (hirugarren atala). Lege beraren 62. artikuluak, bestetik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren egitekoen artean aurrekontu egonkortasunaren gaietan kolaborazio eta koordinaziorako konpromisoa hitzartzeko egitekoa zehazten du.
2011ko irailaren 19an, Estatuko eta Euskal herriko administrazioek aurrekontu egonkortasunaren helburua adostu zuten 2012-2014 aldirako, gerora, 2012ko martxoaren 8an aldarazi zena. Honela bada, erabaki horietan jasotakoaren arabera, egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, EAEk 2012-2014 berrorekarako ekonomia-finantza plana eguneratzen badu eta neurri horiek apropostzat jotzen baditu Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, aurrekontu defizitaren helburuak 2012ko ekitaldian BPGren % 1,5eko gehienekoa eskuratu ahal izango du eta BPGren % 1,1eko eta % 1,0ko gehienekoa 2013 eta 2014an, hurrenez hurren. 2012-2014 berrorekarako ekonomia-finantza plana EAEren Administrazio Orokorrak gaurkotu zuen 2012ko martxoaren 16an.
2013rako aurrekontuaren egonkortasun eta zor publikoaren helburuak berraztertu izanaren ondorioz, Estatuko eta Euskal herriko administrazioek 2013ko irailaren 12an egindako bileran , hurrenez hurren, BPGren % 1,20 eta % 12,2ko maximoak jo ditzaketela ebatzi zuten. Aldi berean, 2014-2016 aldirako aipatutako helburuak finkatzea ere erabaki zen.
2014ko urtarrilaren 16an Ekonomia Itunerako Batzorde Mistoak egindako bileran berretsi egin ziren Estatuko eta Euskal Herriko administrazioen artean lortutako erabaki hauek.
Estatuko Administrazioaren Artekaritza Orokorrak baliatutako irizpideen arabera 2013rako kalkulatutako behin-behineko defizita EAEko BPGren % 1,15ekoa izan da eta horrek bete du ekitaldi honetarako ezarritako helburua.
2013ko ekitaldirako zor publikoaren helburuaren kalkulua Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak landu zuen eta hainbat doiketa eta salbuespen jaso zituzten, homogeneotasun terminoetan, Euskal Herriaren kasuan, zor publikoaren helburua BPGren gainean % 13,2 gehitzea eragin zuena. EAEk BPGren gaineko zor publikoaren proportzioa 2013an % 13,1era igo zen; honenbestez, bete da ekitaldi horretarako aipatutako helburua.
V.– 2013ko ekitaldiko kontuak.
2013ko Aurrekontuaren likidazioa
Urteko kontuak
VI.– Eae-ren administrazio orokorrak «Hiriko» proiektuari emandako laguntza eta diru-laguntzen analisia, 2010-2013.
VI.1.– Sarrera.
EAEren Administrazio Orokorrak «Hiriko» izeneko proiektuari laguntzak eman dizkio EAEHONALTBren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa prozedura baliatuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren (egun Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saila) Etorgai programaren 2010, 2011 eta 2012ko deialdi publikoen bitartez.
Etorgai programaren helburua itzulgarriak ez diren diru-laguntza bidez laguntzak ematea da, sektore estrategikoetan industria-ikerketa eta garapen esperimentaleko proiektuak egitea finantzatzeko eta I+D+i-n lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, Euskal Herriko ekonomian trakzio-eragina izan dezaten, Pymeen esku-hartzea eta Europako I+D VII. Esparru Programarako irispidea bideratuz.
Etorgai programa arautzen duen arautegiak (2008ko abuztuaren 6ko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburuarena, eta 2011ko azaroaren 30eko Agindua, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailburuarena), besteak beste, zera dio:
– Proiektu bat diru-laguntza gai izateko gutxienez guztira lau milioi euroren aurrekontua aurkeztu beharko du eta gehienera hiru urteko iraupena izan.
– Proiektuak enpresen partzuergoek garatuko dituzte, ZTBESeko eragileekin azpikontratatu gisa lankidetzan arituko direnak.
– Enpresa kideetako batek kontratista nagusi modura proiektua zuzentzeko lider izaera hartuko du bere gain.
Hona hemen diruz lagungarri diren gastuak:
– Ikerlari eta teknikarien gastuak ez ezik, ikerketa lanean baliatutako laguntzarako bestelako zeinahi langilerena, erakunde eskatzaileko plantillakoa dena.
– Kanpoko aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileetako langileak ez diren langile kolaboratzaileak eta goi mailako espezializazioa duten proiektuko zatien azpikontratazioa barne), ikerketa jarduerarako bakarrik eta modu jarraituan erabiliak eta kanpoko iturriei erositakoak, ezagutza teknikoak eta ikerketakoak barne.
– ZTBESeko eragileak azpikontratatzeko kostuak.
– Ustiaketa gastuak (material, hornigai, bidai, e.a.en kostuak), ikerketa jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak.
– Ikerketa jarduerarako soilik eta modu jarraituan erabilitako tresna eta ekipoen kostua. Ikerketa jarduerarako bakarrik eta modu jarraituan erabilitako ekipamendu eta tresneria kostuen amortizazioa proiektuak dirauen bitartean, doan lagata eskuratu diren haien kasua salbu.
– PYMEentzat industri jabetzako eskubideen kostua.
Izaera estrategikoa duten Industri Ikerketako Proiektuentzako laguntzaren ehunekoa hautatu eta finkatzeko, kasua bada, besteak beste, ondotik zehaztutako oinarrizko irizpideak hartuko dira aintzat:
a) Proiektuko jardueren orientabide zientifiko-teknologikoa.
b) Proiektuko espero izandako emaitzen inpaktua.
c) Partzuergoaren oreka eta gaitasuna.
d) Metodologiaren sendotasuna.
e) Aurrekontua egokitzea eta finantzaketa eskema.
Eta b) ataletan ezarritako irizpide bakoitzak % 30eko berariazko pisua izango du; c) atalean ezarritako irizpideak % 20ko berariazko pisua izango du; azkenik, d) eta e) ataletan ezarritako irizpide bakoitzak % 10eko berariazko pisua izango du.
Proiektu bat hautatu ahal izango da ebaluaketan guztira eskuratutako notak gehieneko guztizko notaren % 50a gainditzen duenean eta irizpideetako bakoitzean eskuratutako nota partikularrak dagokion gehieneko notaren % 40a gainditzen duenean.
Laguntzen ordainketa horien erakunde onuradunei ordainduko zaie zuzenean, ondotik zehaztutako moduan zatikaturik:
a) Lehenengo urtekoari dagokion diru-laguntza zatiaren % 50 diru-laguntza emakidaren ebazpena jakinarazi eta berehala ordainduko da.
b) Lehenengo urtekoaren gainerakoaren eta ondorengo urtekoen ordainketa dena delako urtekoari dagokion jarduera egin dela aldez aurretik justifikatzeari meneratuko zaio; baita finkatutako helburuen egikaritza maila eta egindako gastua, zeinak gutxienez, emakida ebazpenean urteko bakoitzerako onartutako aurrekontuaren bolumena egin beharko duen. Agiri bidezko justifikazio hori amaitutako urtearen hurrengo lehenengo hiruhileko naturalean aurkeztu beharko da eta diru-laguntzaren ordainketa dokumentazio horren aurkezpen osoa egiten denetik aurrera hurrengo bi hilabeteetan gauzatuko da.
Behin justifikazioa adierazitako terminoetan egin ostean, aldi berean ordainduko dira justifikatutako urtekoari dagokion atala eta hurrengo urtekoaren % 50aren aurrerakina.
c) Azken urtekoari dagokion % 50aren ordainketa aldez aurretik ekitaldi horretako jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osotasunean bete izanaren egiaztagiria aurkeztuta gauzatuko da; horretarako, Oroitidazki tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dira eta nagusiki honako hauek jasoko ditu: gauzatutako ekintzak, eskuratutako emaitza zenbatetsi eta/edo balioztatuak, aldaketak, eta, kasua balitz, ziurtagiriak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita; azpikontratatuekin eta bereziki ZTBESekoekin izenpetutako kontratu, hitzarmen, akordio eta abar bete izanaren azken txostena; kontsortzioaren Nazioartekotze Planaren eguneratzea, bertan partaide diren erakundeek Europar Batasuneko I+D Esparru Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda aurkeztuz; Ondorioak, e.a.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak laguntzen onuradunei horien emakida-ebazpenarekin batera deskargua aurkezteko jarraibide orokorrak igortzen dizkie – Etorgai programa, eta bertan zehazten da deialdi bakoitzean egindako inbertsio eta gastuak justifikatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa. Agiri honek adierazten du «erakunde onuradunek euren artxiboetan proiektuan esku hartzen duten ikerlari guztien ordutegi-parte guztiak eta deskargu ekonomikoan jasotako gastuen faktura eta ordainketa egiaztagiri guztiak jaso beharko dituztela». Bestetik, diruz lagundutako kontzeptuak justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau dela adierazten du:
– Bertako langileen kostua. Ordurik gehien kargatzen duen ikerlariaren ordutegi-partea eta kargatutako tarifarik altuenaren kalkuluaren xehapenezko banaketa, dagokion 10Trekin batera.
– Erabilitako baliabide eta ekipoen justifikazioan kargatutako kopuru handieneko amortizazioa. Kontularitzako ohar, faktura eta ordainketa egiaztagiriaren kopia.
– Kanpoko aholkularitzaren kostua Kopuru handieneko gastuaren faktura eta egiaztagiria.
– ZTBESeko eragileak azpikontratatzearen kostua. Kopuru handieneko gastuaren faktura eta egiaztagiria.
– Ustiaketa gastuak (materialak, bidaiak, e.a.). Kopuru handieneko gastuaren faktura eta egiaztagiria.
Diru-laguntza hauek kudeatzeko SPRI, S.A. erakunde kolaboratzaile izendatu da, EAEHONALTBren 52. artikulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua betez, zeinak EAEren Aurrekontu Orokorren konturako Berme eta Diru-laguntzen Itzulketen Araubide Orokorra arautzen duen eta horren kudeaketan esku hartzen duten Erakunde Kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak finkatzen dituen. SPRI, S.A.k, erakunde kolaboratzaile den aldetik, honako egiteko hauek hartuko ditu bere gain:
a) Aurkeztutako eskabideen harrera eta hasierako ebaluazioa.
b) Egindako proposamenen azterketa eta ebaluazioa.
c) Ordainketa proposamena eta ikuskaritzen eskaera.
d) Onartutako proiektuak kontrolatu eta jarraitzeko prozesuak definitu eta ezartzea.
e) Eskuratutako emaitzen azken ebaluazioa.
f) Programa zuzen kudeatzeko beharrezko izan daitekeen bestelako zeinahi jarduerarekin kolaboratu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak adierazita.
g) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egin dezakeen kudeaketari buruzko egiaztaketa jardueretara meneratu.
AFYPAIDA kontsortzioko lider den enpresaren jarduerak dagozkion Foru Dekretuetan lehentasunezko izendatu ziren 2009-2012 ekitaldietan (biak barne) Arabako Lurralde Historikoaren 16/2004 Foru Arauaren 29. artikuluaren ondorioetarako, Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoa; enpresa lider honek aurkeztutako oroitidazkietan jasoa dagoenaren arabera, «Hiriko» proiektuak bateriazko ibilgailu elektriko baten diseinua eta garapena aurkezten du, maniobragarritasun handikoa, tolesteko gaitasunduna, e.a., hiri eremuetan erabiltzeko. Ibilgailu honek dituen teknologia erronkak honako hauek dira:
– Moduluen araberako kontzeptua, frankiziatutako kontzesionarioetan munta daitezkeenak.
– Egitura-xasi tolesgarriaren eredu berria.
– Exoeskeleton bat, ibilgailua osatzen duen aluminiozko egitura bat, aldi berean funtzio estetiko, funtzional eta egiturazkoak betetzen dituela, bai barruan, bai kanpoan.
– Atzealdeko modulu bat, energia, atzeko ikusmen kamerak eta kontrol sistemak dituena; gainera, material arinez egina dago, eranskailuez lotuak eta kolpe eta kolapso testak gainditu beharko dituztenak.
– Kontrol elektronika aurreratukoa, ibilgailu hau bolante elektroniko bidez gidatzen da; norabidearen kudeaketa eta ibilgailuaren funtzionaltasun guztiak komunikazio sistema zuzenen bitartez garatzen dira, sistema mekanikoek esku hartu gabe.
– Trakzioa, norabidea eta esekidura gurpiletan integratzen dira eta mugikortasun kontzeptu berri bat garatzen du; indar-pare altuko «in Wheel» motor berria garatzea, 4 gurpil eragile eta zuzentzaileak dituena; ibilgailu honek hirian duen erabiltzeko eta mugitzeko gaitasuna erabatekoa da.
– Beira sistema berezia, energia jasotzeaz gain, ibilgailuaren segurtasun egituraren oinarrizko atal direna. «Hiriko» kanpoaldean ia erabat beirazko ibilgailua da.
– Eta, azkenik, energia sistema aitzindaria, Ion-litiodun nano-fosforozko bateriak garatu eta txertatzen dituena, 12 minututan kargatzeko bide ematen dutenak, 120 km-ko autonomia eta soilik 96 kg-ko pisua duena.
«Hiriko» proiektua mugikortasun jasangarriko kontzeptu berri bat garatzera zuzendua dago, hiri ibilgailu elektrikoa oinarri duena eta MITeko (Massachussets Institute of Technology) Smart Cities ekipoak garatutakoa; 3 urtetan (2010-2012) garatzeko I+G proiektua da.Proiektua Etorgaik egindako 2010, 2011 eta 2012ko deialdietan aurkeztu da, deialdi bakoitzaren lehenengo urtekoa diruz lagunduz, ebaluatzaileek gomendagarritzat jo dutelako finantzaketa urtekoa izan dadila, proiektuan buru egiten duen taldea azaleratzen diren arazo teknikoei aurre egiteko gai dela egiaztatzearren. Proiektuaren egikaritza 2013ko martxora arte luzatu da.
Horrez gain, EAEko Enpresen eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) bitartez babestutako proiektuetarako ekintzaileei babesa emateko neurrien «Ekintzaile» Programak 2011ko ekitaldian industriako edo elkarri lotutako zerbitzu izaera berritzailea duten enpresa proiektu berrietarako laguntzak aurreikusten ditu.
Erakunde onuradunei itzuli beharrik gabeko diru-laguntza SPRI, S.A.ren bitartez onartzen da, EBZk egiten duen txostenaren arabera, zeinak ordainketak administratzeko ardura duen proiektua abian jartzeko gastuak egin eta modu egokian justifikatzen diren heinean:
– Dedikazioa eta pertsona edo talde sustatzailea prestatzea (600 euro/hileko).
– Berariazko enpresa-prestakuntza.
– Aholkularitza gastuak eta kanpoko laguntza teknikoa.
– Azterketa eta dokumentazio lanak.
– Azoka, bidaia eta abarretara joatea.
– Maketa eta prototipoak egitea.
– Bestelakoak.
Gure lana «Hiriko» proiektuari EAEren Administrazio Orokorrak Etorgai programaren bitartez emandako laguntzak berrikusi eta aztertzea izan da eta «Hiriko»rekin lotutako enpresa proiektuei SPRI, S.A.ren «Ekintzaile» programaren bitartez emandakoak; emakidan legea bete dela eta egindako inbertsio edo gastuak justifikatu direla egiaztatu dugu; baita, laguntza hauek jasotzetik eratorritako gainerako obligazioak ere.
VI.2.– Emandako diru-laguntzak.
«Hiriko» proiektua enpresen kontsortzio batek garatu du eta horietako batek –AFYPAIDAk– hartu du, proiektuaren zuzendaritzan burutza.
Hona hemen Etorgai programaren 2010, 2011 eta 2012ko deialdietako bakoitzean EAEren Administrazio Orokorrak «Hiriko» proiektuari emandako diru-laguntza, justifikatutako aurrekontua eta ordaindutako diru-laguntza; baita, aurkeztu eta onartutako aurrekontua ere:
2010eko deialdia
2010eko otsailaren 17ko Ebazpenak, Berrikuntza eta Teknologia sailburuordearenak, 2010eko ekitaldirako Etorgai programaren bitartez emango diren laguntzen deialdia argitaratu zuen. 2010eko abenduaren 21eko Ebazpenak, Teknologia zuzendariarenak, aurkeztutako eskabideak ebazten ditu. Deialdi honetan «Hiriko» proiektuan enpresa parte-hartzaileen xehakapena honakoa da:
Kontzeptuen araberako gastuaren xehakapena honakoa izan da:
2011ko deialdia.
2010eko abenduaren 22ko Ebazpenak, Berrikuntza eta Teknologia sailburuordearenak, 2011ko ekitaldirako Etorgai programaren bitartez emango diren laguntzen deialdia argitaratu zuen. 2011ko azaroaren 30eko Ebazpenak, Teknologia zuzendariarenak, aurkeztutako eskabideak ebazten ditu. Deialdi honetan «Hiriko» proiektuan enpresa parte-hartzaileen xehakapena honakoa da:
Kontzeptuen araberako gastuaren xehakapena honakoa izan da:
2012ko deialdia.
2011ko abenduaren 30Eko Ebazpenak, Berrikuntza eta Teknologia sailburuordearenak, 2012ko ekitaldirako Etorgai programaren bitartez emango diren laguntzen deialdia argitaratu zuen. 2012ko urriaren 24ko Ebazpenak, Teknologia zuzendariarenak, aurkeztutako eskabideak ebazten ditu. Deialdi honetan «Hiriko» proiektuan enpresa parte-hartzaileen xehakapena honakoa da:
Kontzeptuen araberako gastuaren xehakapena honakoa izan da:
Azkenik, AFYPAIDA eta Basque Robot Wheels-ek «Ekintzaile» programaren bitartez, EBZen bidez babestutako proeiktuetarako ekintzaileei laguntza emateko neurrien «Ekintzaile» programaren bitartez 30.000 euroren diru-laguntza bana jaso dute, diruz lagungarri diren gastuen gehienezko mugari dagozkionak.
VI.3.– Ondorioak.
SPRI, S.A. sozietateak, urte bakoitzean eskuratutako emaitzen ebaluatzaile denak, 2012ko ekitaldiaren ebaluazioan adierazi du «orokorrean, Hiriko proiektuak aurreikusitako helburuak lortu dituela, homologazio prozesua amaitzea eta ibilgailuaren ekoizpen industriala abiaraztea gelditzen direla».
Laguntzak eman eta egikaritzeko prozesuan gure lanetik eskuratutako ondorio nagusiak, honako hauek izan dira:
EAEren Administrazio Orokorra.
– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3. artikuluak, EAEren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duenak, bermea eskatzeko obligazioa ezartzen du ordainketa aurreratuak egiten direnean eta diru-laguntza edo laguntzaren zenbatekoa 30 milioi eurotik gorakoa denean (egun 180.000 euro). EAEren Administrazio Orokorrak ez ditu berme hauek eskatzen aurreratutako ordainketa 180.000 euro baino handiagoa ez denean. Proiektuan esku hartu duten ondoko parte-hartzaileek ez dute bermerik aurkeztu; horiei guztiei 180.000 euro baino diru-laguntza handiagoak eman zaizkie eta % 50a aldez aurretik kobratu dute 180.000 euroak gainditu gabe.
- EAEren Administrazio Orokorreko enpresen I+Gari laguntza emateko programen oinarri-arauek, zeinaren artean Etorgai programa dagoen, ez dute gauzatutako inbertsio eta gastu guztiak justifikatzeko eskatzen laguntzen norako zuzena egiaztatzeko gerora egiten den kontrolean. Izaera orokorrarekin eta diru-laguntza ematen duen sailak zehaztutako kopuru jakin batetik aurrera gomendagarria litzateke diru-laguntzaren onuradunak aurkezten duen ziurtagiri ekonomikoarekin batera kontuen auditore baten txostena aurkeztea; auditore horrek Kontabilitate eta Kontuen Auditoriako Institutuaren (ICAC) baitako Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean jarduneko modura izena emanda egon beharko du.
ETORGAI programa.
– Etorgai programa arautzen duen 2008ko abuztuaren 6ko Aginduaren 13. artikuluak ebaluazio-irizpideak ezartzen ditu, «oinarrizko» izendatzen dituena eta dio «proiektu bat hautatu ahal izango dela ebaluazioan guztira eskuratutako notak gehieneko guztizko notaren % 50a gainditzen duenean eta irizpideetako bakoitzean eskuratutako nota partikularrak dagokion gehieneko notaren % 40a gainditzen duenean».
SPRI, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak Etorgai programaren proiektuak balio-neurtzeko enpresen I+G babesteko beste programa batzuentzat baliatu dituen prozedura berberak erabili ditu. Horretarako, «irizpide giltzarriak» eta «irizpide orokorrak» bereizten ditu eta irizpide giltzarrien nota partikularrean gutxieneko bat eskuratzea soilik jotzen du beharrezkotzat. «Aurrekontuaren egokiera eta finantzaketa eskema» irizpidea irizpide orokortzat jo du Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak. «Hiriko» proiektuak 2010 eta 2011ko deialdietan irizpide horretan eskuratutako nota partikularrak, guztizko notaren gainean % 10 egiten duenak, ez du dagokion gehieneko notaren % 40 egin.
«Hiriko» Proiektuko berariazkoak.
– Etorgai programa arautzen duten aginduek ezartzen dute «proiektu bakoitzeko gehienezko diru-laguntza, proiektuan diruz lagungarri diren gastuen % 40ra arte iritsi ahal izango dela». «Hiriko» proiektuari dagokionez ordaindutako diru-laguntzaren ehunekoa honakoa izan da:
2010eko deialdian, diruz lagungarri ziren gastuen % 42,36.
2011ko deialdian, diruz lagungarri ziren gastuen % 40,12.
2012ko deialdian, diruz lagungarri ziren gastuen % 40,84.
Beste alderdi batzuk.
– «Hiriko» proiektuak aldaketak izan ditu kontsortzioan partaide ziren enpresen eta ZTBESaren kideen osaeran. 2010ean parte hartzen zuten hamar enpresetatik zazpik proiektuan esku hartzeari uko egin zioten eta 2011ko ekitaldian beste zortzi enpresa gehitu ziren, gerora horietako batek utzi egingo zuen. 2012ko deialdian beste enpresa parte-hartzaileetako batek utzi zuen proiektua.
– 2012ko deialdian Basque Robot Wheels, S.L.k ez zuen justifikatu onartutako aurrekontua eta ekitaldi horretan AFYPAIDAri ez zitzaion justifikatutako aurrekontu osoa onartu eta biei diru-laguntza kendu eta itzultzeko espedientea abiarazi zitzaien, emandako diru-laguntzaren % 50 kobratzeko eskubidea galduz eta hurrenez hurren 40.351 eta 9.565 euroren zenbatekoa itzularaziz, diru-laguntzaren aurrerakinari zegozkionak. Txosten hau idatzi dugun datan, kopuru horiek itzultzeke daude.
– Azkenik, komeni da gogoraraztea EAEko Administrazio Orokorraren 2012ko Kontuaren txostenak «Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» III. atalean Etorgai programari buruz honako hau zioela:
Saileko oroitidazkiek ez dituzte adierazleak gehitzen, Etorgai programaren laguntzek eman diren sektoreetan izan duten eragina ez ezik, horien efikazia ere balio-neurtzea bideratuko dutenak.
Laguntza hauen deialdia Etorgai Programa arautzen duen Aginduaren 15.3 artikuluan ezarritako gehienezko epearekiko (6 hilabete) 4 hilabeteko atzerapenez ebatzi eta jakinarazi zaie interesdunei.
2010 eta 2011ko deialdietan egindako azterketan, arautegian ezarritako gehienezko epearekiko atzerapena 3,5 eta 5 hilabetekoa izan da, hurrenez hurren.
ALEGAZIOAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2013. URTEKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI.
I.– Sarrera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2013. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko eta otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzeko asmoz osatu da txosten hau. Organo kudeatzaileek egin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak bildutako alegazioak eta justifikazioak jaso dira txosten honetan.
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasunaren gaineko iritzia.
II.1.1.– Luzatutako kredituak.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iritzian, 2013ko aurrekontu luzatuek 107,1 milioi euroko ordainketa-kredituak ditu, luzatutako aurrekontuen % 1 hain justu, eta horrek urratu egiten du EAETBko 128. artikulua.
Administrazio honek ezin du, inola ere, interpretazio hori ontzat eman, 128. artikulu horren interpretazio murriztailea egiten baitu Epaitegiak. Zehazki, artikulu horrek esaten du ez direla luzatuko kredituak, baldin eta «finantzatzen dituzten programak edo jarduerak ez baldin baziren ekitaldi luzatu horretan amaitzekoak».
Xedapen horren testuak koiuntura-izaerako gastuak edo inbertsioak adierazten dituela ulertu behar da, sailen jardueran aparteko ekintzen xede izan direnak, eta, ondorioz, ohikoa baino kreditu-zuzkidura handiagoa izan dutenak, edo aurreko urtean amaitutako aurrekontu-programei dagozkienak.
Horrela ez balitz, aurrekontuek xehetasunezko informazioa ematea zigortuko litzateke, eta kontuan izan behar da hori gertatzen dela kasu honetan. Gastuak eta inbertsioak, beste administrazio batzuek egiten duten moduan, aurrekontu-kontzeptuetan eta banakatu gabe aurkeztuko balira, Epaitegiak ez luke «haien izaeragatik luzaezinak» diren zuzkiduren aukerarik hautemango.
Gastuen egoera-orriak banan-banan azaltzen ditu inbertsioak, eraikuntzak, azterketak, lanak eta bestelako alderdiak, baina horrek ez du esan nahi bestelako inbertsio, eraikuntza, azterketa eta lanik egin ezin denik hurrengo urtean, baldin eta haiek sail bakoitzaren ohiko jarduera baldin badira.
Administrazio honen iritzian, luzapenari dagozkion doikuntzen ondorioz eguneratutako kredituek ez dituzte haien izaeragatik aurreko urtean bukatzekoak ziren jarduerak edo programak finantzatzen. Horrez gainera, ez litzateke Epaitegiak kritikatzen dituen 107,1 milioiak luzatzeko premiarik, luzatutako kredituen guztizko zenbatekoa 10.528 milioi eurokoa baita eta diru-sarreren aurrekontua, berriz, 9.837 milioikoa soilik. Hori horrela, 600 milioi euro inguruko kreditu-atxikitzeak egin behar izan ziren, hitzartutako egonkortasun-helburuak betetzeko. Honela banakatzen da Epaitegiak adierazi duen zenbatekoa:
a) kapitulua – Funtzionamendu-gastuak: Soilik 0,6 milioi euro egikaritu ziren 3,2 milioi eurotatik, «2015 Agenda Digitala» aurrekontu-sail orokorrean.
b) eta 7. kapituluak – Dirulaguntzak: kreditu-atxikitzeak egin ziren, 11 milioikoak, 44,9 milioiko zenbatekotik. Aurreko urtean amaitu ezin ziren aurrekontu-sailetakoak dira gainerako kredituak. Bestalde, eman diren dirulaguntza zuzen gehienek ez zuten berariazko krediturik, kreditu orokor eta lotesleen kontura egikaritu baitziren.
c) kapitulua – Inbertsioak: kreditu-atxikitzeak egin ziren, 14 milioikoak, 30,6 milioiko zenbatekotik. Aurreko urtean amaitu ezin ziren aurrekontu-sailetakoak dira gainerako kredituak.
d) kapitulua – Finantza-aktiboak: Sektore publikoko erakundeen (VISESA, SPRI, EITB, APARKABISA eta beste erakunde batzuen) kapital-gehikuntzak edo sozietate-fondoen gehikuntzak dira, aurreko urtean amaitzekoak ez direnak.
II.1.2.– Gai kutsagarriak tratatzeko obra osagarriak Bilboko Mina del Morro eta Miraflores guneetan dotazioko 72 etxebizitza egiteko sustapenean.
Txostenean hau adierazten da: «proiektu osagarriak ez ditu betetzen 171.b artikuluak (SPKLTB legekoa) publizitaterik gabeko prozedura negoziatua izapidetzeko baldintzak».
Dotazioko 72 etxebizitzen sustapen hori finkatutako hiri-lurzoruan da egitekoa, urbanizaziorik gabe, eta idatzitako proiektuak eta kontratuaren xedeak bete egiten dituzte planeamendu-alderdiak, indarreko arau teknikoak eta gerora emandako obra-baimeneko baldintzak.
Lizitazio-oinarrietan eta, haren baitan, «proiektu-zorroztasuna» izeneko edukian adierazten dira lurzoruak deskontaminazioaren alorrean izan ditzakeen intzidentziak, orubeko lurren balizko kontaminazioari dagozkionak.
Alde horretatik, kontuan izan behar da ustekabeko kausa ez dela, nabarmenki, kutsatutako lurzoruak izatearen gaineko jakintza (Ihobe inbentarioa) eta izan behar duten tratamendu egokia, eta bai kontaminazio horren nolakoa eta indarreko arauen aplikazioa.
Hondeatze-lanak hasi ondoren, eta ez aurretik, izan daiteke datu horren berri, eta eraikuntza-proiektuko «aldi berean egitea hondeatzeko, zimenduak egiteko eta euste-ormak eraikitzeko lanak» atalean adierazten den moduan, hori baita bidea urbanizatutako orube baten egoera fisikoari egokituta gauzatzeko obren alderdi teknikoak eta ekonomikoak. Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua, 171.b) artikulukoa (SPKLTB legekoa), ustekabeko egoera baten ondorioz erabili dela adieraztean, lurren kontaminazioaren norainokoaz ari da, bai bolumenari dagokionez, bai deskontaminazioari berari dagokionez, planeamenduaren amaierako erabileraren eta hondeatzearen emaitzaren berezko funtzioa den aldetik, eta hondakin eta lurzoru kontaminatuei buruzko araudiaren (22/2011 Legea, berrikusteko prozesuan) ondoriozkoa den aldetik. Aldatua izan da 2010eko abenduaren 30eko egikaritze-proiektuaren ikuskapen teknikoa egin ondoren.
Horrenbestez, ustekabeko kausa bat gertatu zen (kontaminazioaren norainoko teknikoa eta araubidekoa) material kutsagarriak tratatzeko obra osagarriak indarreko araubidearen eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez tramitatzeko premia sorrarazi zuena, Administrazioak kalte handiagorik izan ez zezan.
II.1.3.– Laguntza-zerbitzua droga-mendekotasunak eta toxikomaniak dituzten pertsonentzat Gipuzkoako osasun-arloan.
Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak IZAN fundazioarekin («Gizakia Helburu») zituen kontratatuta laguntza-prestazioko zerbitzu gehienak, 1990eko apirilaren 18an izenpetu zen hitzarmen baten ondorioz.
Zerbitzu horren kontratazioa egungo araubidera egokitzeko eta prestazio berriak gehitzeko premia zegoenez, adierazitako kontratu hori egiteari ekin zitzaion.
Ikusita, alderdi tekniko eta sanitariotik, ezin zela eskaintzen lehiarik sustatu Gipuzkoako osasun-alorrean droga-mendekotasunak eta toxikomaniak dituzten pertsonei anbulatorioko eta barneratzeko erregimenetan tratamenduko eta errehabilitazioko laguntza-zerbitzuen eskaintzan, prozedura negoziatua zen, kasu horretan, esleitze-modu egokia.
Prozedura negoziatuan, beharrezkoa da, posible den heinean, kontratu-xedea betetzeko gai diren hiru enpresa gonbidatzea, eta, kasu honetan, ezin zen halakorik egin, prozedura negoziatua erabiltzearen arrazoia izan baita, hain justu, kontratu-xede horren izaera berariazkoa, beste ezein enpresaburuk gauzatu ezin duena.
II.1.4.– Kontratazio-espedienteak zatitzea edo ez tramitatzea.
Espedienteak: 60, 61, 62, 63, 64.
Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko N.º 003S/2013; 004S/2013; 005S/2013; 006S/2013 eta 007S/2013 espedienteak dira.
Esleipendunak bete beharrekoak zituen baldintza tekniko berariazkoen ondorioz mugatu zen, batik bat, hornidura-espedienteetako kontratazio-modalitatea, eta horretatik gonbidatu zitzaien prozesuan parte hartzera sektorean eskarmentua duten enpresa espezialista batzuei.
Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili zen horietan guztietan, eta hiru enpresa gonbidatu ziren parte hartzera.
Jardunbideetan jasota dago enpresa bakarra aurkeztu zela ezarritako epean eta gonbidatu ziren beste bi enpresek berariaz egin ziotela uko aurkezteari. Haien kopia eransten da 2. eranskinean.
II.1.6.– Dirulaguntza zuzenak.
Epaimahaiak adierazi du ez dela justifikatu dirulaguntza zuzen jakin batzuetan ezinezkoa zenik deialdi publikoa egitea, eta alegazio hauek aurkezten dira alderdi horri dagokionez:
1.– BERC zentroak.
Gobernu Kontseiluak laguntza zuzen horiek emateko hartu zuen erabakiak berak eta erabaki horrek erantsita zeraman memoriak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak izenpetutakoak, adierazten dute interes sozial eta ekonomikoko arrazoi batzuek justifikatu zutela dirulaguntza horiek ematea; hala nola, Ikerbasque fundazioak eta BERC zentroek izaera estrategikoa izatea EAEko ikerketaren esparruan, eta ezinezkoa izan zela deialdia izaera orokorreko xedapen baten bidez egitea, jarduera espezializatua zelako eta lehiakiderik ez da dagoelako jarduera horiek egiteko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatu du Ikerbasque fundazioa, ikertzaileak ekarri, mantendu eta finkatzearen bidez eta oinarrizko ikerketarako zentroen sorreraren bidez indartu dezan Zientziaren Euskal Sistema. Lan horren guztiaren kalitatea bermatzeko, hautatze-sistema konplexu bat erabiltzen du, eta Zientziaren Euskal Sistematik kanpoko ebaluazio-batzorde batek egiten ditu hautaketa horiek. Hogeita lau herrialdetako 120 ikerlarik osatzen dute batzorde hori, eta maila goreneko 7 katedradun ikerlarik koordinatzen dute hura.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa-lanak egiteko laguntza zuzen horiek eskuratzeko aukerak bermatzen du adierazitako helburuak beteko direla.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastegien elkarketak Lehen Aukera-Lanbide Heziketa programa abian jartzeko.
Dirulaguntzak emateko erabakia izapidetzeko espedientean jasotako dokumentazioak adierazten duen moduan, Lehendakariak Confebaskekin, lanbide-heziketako ikastegi publikoen elkarteekin (IKASLAN) eta ekimen pribatua duten lanbide-heziketako ikastegi itunduen elkarteekin izenpetutako esparru-hitzarmen baten ondorioz egin zen hura. Hau adierazten du justifikazio-memoriak: «aparteko izaera eta interes publiko, sozial eta ekonomiko agerikoak ikusten dira, bai zer kolektiborekin lan egingo den ikusita, bai diruz laguntzen den proiektuaren berariazko helburuei erreparatuta. Lanbide-heziketako ikasketetan titulazioa eskuratu berri duten gazteen kolektiboa da hartzailea, eta kontuan izan behar da kolektibo horrek langabezia-tasa handia duela EAEn. Horrek justifikatzen du haiek laneratzeko jarduerak sustatzea, Europa 2020 Europako Enplegu Estrategiak adierazten duenaren ildotik. Kolektibo horrek lanbide-esperientzia hartzea da diruz laguntzen den proiektuaren berariazko helburua, eta hori lortu nahi da praktikak eginez haien titulazioarekin lotutako lanpostuak dituzten enpresetan, haien lanbide-kualifikazioa hobetzeko neurria den aldetik. Era berean, sektore produktiboaren egiazko eskaerara gerturatuko da haien lanbide-profila eta jasotzen duten prestakuntza, eta, ondorioz, handitu egingo da haien enplegagarritasuna, laneratzeko xedeari begira».
Era berean, arrazoi moduan adierazi zen ezinezkoa zela, izatez, deialdi arrunt bat egitea 2013. urte horretan geratzen zen denbora laburrean, baldin eta, premiak bultzatuta, hura amaitu baino lehen abiarazi nahi baldin baziren praktika-jarduerak. Lanbide-heziketako ikastegi publikoak eta pribatuak aintzat hartuta egin zen hori guztia, lortu nahi zen izaera orokor eta homogeneoa emateko neurri horri.
Jaurlaritzaren erabakiak berak adierazten zuen, era berean, pilotu-programaren emaitzak ebaluatuko zirela hura amaitzean, jarduerari jarraipena emango dion gerorako deialdi bat egitea bideragarria den ikusteko.
Eta, izatez, horrela izan da, LANBIDE erakunde autonomiadunak egin baititu, 2014 eta 2015 urteetan, jarduera horiek egiteko dirulaguntzen deialdi orokorrak.
3.– Inbiomed.
Sektore-zentro berariazko eta berezia da Inbiomed, terapia genikora zuzendua, eta zelula ama helduen eta enbrioi-zelula birprogramatuen biologia ikertzen du biomedikuntzaren puntako arloetan. Funtsezkoa da hura babestea jakintza horri eusteko Euskadin. Haren bidez, ingurune klinikoarekiko sinergia indartzen dira eta traktore-eragina egiten da farmazia-industrian eta terapia aurreratuetan.
Dirulaguntza zuzena eman zenean, ezin zen deialdi publikorik egin Inbiomedek egiten duen funtsezko ikerketa horri laguntzeko; izan ere, ezinezkoa zen, alde batetik, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei zuzendutako Etortek programak proiektu estrategikoei eskatzen dizkien lankidetza-irizpideak betetzea, eta, bestetik, jakina zen ez dela 2014. urtetik aurrera deituko Saiotek programa, Zientziaren Euskal Sareko eragileen funtsezko ikerketa laguntzekoa.
4.– Tokikom, S.L.
Espedienteari erantsitako memoriak azaltzen zuen zergatik eman zen dirulaguntza eta zergatik ez zen erabili, hura emateko, indarreko deialdiren bat. Zehazki, Hedabideak-en deialdia ez zetorren bat dirulaguntza horren xedearekin, deialdi horrek komunikabide jakin batzuk laguntzen ziren diruz, eta dirulaguntza zuzen horren bidez Tokikom, S.L. sozietatearen jarduera arrunta laguntzen zen diruz. Erakunde multzo bat biltzen du sozietate horrek.
2015eko aurrekontuek dirulaguntza izendun bat dute ezarria Tokikom, S.L. sozietatearentzat.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko ohartarazpenak.
III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.
3.1.1.– Aurrekontu-luzapena. Programa berriak eta programen elkarketak.
Gobernu Kontseiluak berariazko baimenik eman ez baldin badu ere, aurrekontuen eskumena duen sailak ulertzen du Jaurlaritzak, EAEren 2013ko Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzean, isilbidez onartu zuela bi programa berri sortzea, «Harreman Instituzionalak» eta «Justizia eta Giza Eskubideak» eta beste bi programa elkartzea «Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoa» programan.
Jaurlaritzako sailen artean legegintzaldi honetarako ezarri den arlo-egitura berriaren ondorioa da hori guztia, eta aurrekontuen egokitzapen tekniko baten izaera du (EAETBko laugarren xedapen gehigarrian oinarrituta).
Beteta dagoela ulertzen da, era berean, Eusko Legebiltzarrari jakinarazteko betebeharra; izan ere, lege-proiektua bidali zen legebiltzarrean tramitatzeko, eta aurrekontuen eta urteko kontuen egikaritzari buruzko informazioa bidali da, eta, azken horren baitan, aurrekontu-programa horiei buruzko informazioa.
3.1.2.– Aurrekontu-luzapena. Konpromiso-kredituak.
Guztira 1.736,9 milioi euroko zenbatekoa zuten 2013. urtean luzatutako konpromiso-kredituek, eta, horietatik, 293,2 milioi soilik erabili ziren. Horixe adierazten du Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txosteneko A.18 atalak.
Hori horrela, luzatu eta erabili gabeko konpromiso-kredituen zenbatekoa 1.443,7 milioi eurotakoa da, hau da, Epaitegiaren iritzian modu akastunean luzatu diren konpromiso-kredituei dagoen guztizko zenbatekoa baino askoz ere handiagoa (784,8 milioi euro erakunde horren arabera).
3.1.3.– 2014. urtean emandako dirulaguntzen erregistroa.
Adierazi da 2013ko aurrekontuan egikaritzean ez direla erregistratu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren hiru dirulaguntzen ildo eta Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren sei dirulaguntzen sei ildo, eta adierazi behar dugu ez gaudela ados adierazpen horrekin, arrazoi hauengatik:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen xedez gertatzen diren gastuak dirulaguntzak ematen diren unean erregistratzen dira, eta ordaindu behar den kredituari, ordainketako edo konpromisoko kredituari egokitutako aurrekontu-erregimena ezartzen zaie eta/edo dirulaguntzaren edo laguntzaren baldintzak egiaz betetzeko ezarri beharrekoa; betiere, EAETBko 111. artikuluak arautzen duena beteta, 2013ko aurrekontuaren kitapenari egindako 1. OHARREAN adierazten den moduan.
b) 2014. urtean eman ziren adierazi diren bederatzi dirulaguntzen ildo horiei dagozkien ebazpenak, eta ebazpen horietan egiazta daiteke hala izan zela, eta horregatik aitortu ziren haien gastuak urte horretan. 3. eranskinean jasotzen dira ebazpenen kopiak.
c) Horrez gainera, 2014. urtean ziren galdagarriak ordainketa horiek eta urte horretan ordaindu zitzaizkien dirulaguntzak onuradunei.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beti erabiltzen du irizpide hori ordainketak egiteko, eta ezin du bestela izan, horrela jokatu behar duela agintzen baitio betetzekoa duen lege-arauak.
III.3.– Dirulaguntzak.
3.3.1.– Dirulaguntza zuzenak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.7 eta 49.9 artikuluek diote zuzeneko dirulaguntzei ezin izango zaiela aplikatu haiek emateko akordioen publizitatea. Horren ordez, horien berri eman behar zaio, sei hilean behin, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari.
Euskal Autonomia Erkidegoan ez da aplikatu behar Estatuko 38/2003 Legeak ezarritakoa, halaxe xedatu baita lege horren beraren hogeita bigarren xedapen gehigarrian.
3.3.2.– Dirulaguntza zuzenak.
1.– Lurraldearen, paisaiaren eta ondarearen katedra UPV/EHUn.
Honako hau adierazi behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean lurraldearen, paisaiaren eta ondarearen katedra sortu, garatu eta sostengatzeko izenpetu zen lankidetza-hitzarmeneko 9. klausulak ezartzen duen konturako ordainketen erregimenari buruz:
Hitzarmen hori hiru urterako (2013-2015) dela adierazi behar da lehendabizi, eta, horrenbestez, hiru urte horietako ordainketa-modua aztertu behar da.
Hitzarmen hori 2013ko ekainaren 5ean izenpetu zen, eta ordainketa-modu hori aukeratzeko arrazoi nagusia izan zen Unibertsitateari nahikoa finantzazio ematea katedra 2013-2014 ikasturtean abian jar zezan.
Bestalde, hitzarmeneko klausula horrek arautu zuen ez zegoela gainerako ordainketetan (2014 eta 2015) aurreko urteetan justifikatutako zenbatekoetatik gorako diru-zenbatekorik; halaber, ordaindutakoaren eta justifikatuaren arteko gehieneko muga bat ezarri zen, 150.000 euro-koa.
Xedapen horren helburua zen katedra abian jarri, garatu eta sostengatzeko jarduerak ez etetea finantzazio-gabeziaren ondorioz.
2.– Lehen Aukera programa.
a) Dirulaguntzaren kitapenari erreparatuta, adierazi behar da dirulaguntza jaso zuten ikastegietako elkarteek emandako egiaztagiriak aztertu zituela Prestakuntza eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak, eta ez zuela osatu gabeko alderdirik ikusi agiri horietan. Horrenbestez, dirulaguntzen gaineko hitzarmenaren xedapenek adierazten dituzten ataletan justifikatutako gastuen kalifikazioan datza argitu beharreko auzia, irizpide desberdinak baitituzte horiei buruz Zuzendaritzako teknikariek eta Herri Kontuen Euskal Epaitegikoek. Adierazi behar da dirulaguntzaren zenbateko osoa 1.200.000 eurokoa izan zela; beraz, eman zen dirulaguntza osoaren ehuneko oso txiki baten gainekoa da justifikazio zuzenari buruzko eztabaida hori.
b) Dirulaguntza onuradunen artean banatzeko irizpideari erreparatuta, kontuan izan behar da dirulaguntza hori esparru-hitzarmen baten ondorioz sortu zela. Hitzarmen hori Lehendakariak izenpetu zuen, Confebask-ekin, lanbide-heziketako ikastegi publikoetako zuzendarien elkartearekin (IKASLAN) eta lanbide-heziketako ikastegi pribatu itunduen elkartearekin (HETEL).
Sare publikoko eta pribatuko ikastegien ordezkari diren elkarteen artean zati berdinetan banatu zen hura, Euskadin duten ezarpen orekatuari erreparatuta, eta hiru lurralde historikoen artean banatu zen, aintzat hartuta ikastegi publikoen ordezkari diren hiru elkarteak bertaratu zirela hitzarmena lehendakariarekin izenpetzeko ekitaldira. Deialdia esperientzia pilotua izan zela nabarmendu zen, eta erregularizatu egin behar dela, haren garapena eta ezarpena ebaluatu ondoren.
3.– BERC zentroak.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onartu egin ditu aurkeztu diren faktura-zerrendak, laguntzaren justifikazio nahikoa direla adierazi baitu, baina, laguntza emateko erabakiaren laugarren erabaki-puntuak adierazten du erakunde onuradunaren finantza-egoerari buruzko auditoria-txosten bat aurkeztu behar dela oraindik.
III.4.– Kontratazioa.
III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.
3., 5., 6., 7., 10. eta 13. espediente-zenbakiak:
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2013. urteari buruz eman duen behin-behineko txostenak zenbait gai nabarmentzen ditu aurreko ekitaldietan esleitu diren espediente batzuen gainean, guztiak ere Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko obrei buruzkoak. Zehazki, honako gai hauek zerrendatu ditu:
A.– «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Tolosa-Hernialde tartea 104,7 milioi eurotan esleitu da, eta ez da justifikatu aldaketa, 9,3 milioi eurokoa, ustekabeko edo gerora eratorritako arrazoien ondoriozkoa izan denik, eta urratu egiten da SPKLko 202. artikulua».
B.– «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko bost zatiren obrak 421,9 milioi euroko guztirako zenbatekoan esleitu ziren, eta obrak behin-behineko izaeraz jarraitzea baimendu zuen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, erreferentziazko obra horien proiektuetan egin beharreko aldaketak idatzi bitartean. 2013ko abenduaren 31n, ez dago jasota proiektuek eta aldaketa-espedienteek onarpen teknikoa jaso dutenik, eta horrek urratu egiten ditu SPKLTBeko 234.4 artikuluak arautzen dituen epeak».
Txostenak bi gai horiei buruz esaten direnak ikusi ondoren, alegazio hauek aurkezten zaizkie horietako bakoitzari:
A) «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Tolosa-Hernialde tartea 104,7 milioi eurotan esleitu da, eta ez da justifikatu aldaketa, 9,3 milioi eurokoa, ustekabeko edo gerora eratorritako arrazoien ondoriozkoa izan denik, eta urratu egiten da SPKLko 202. artikulua».
Gaur egun indargabetuta dagoen arren, urriaren 30eko 30/2007 Legea, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa, zegoen indarrean kontratu hori, Tolosa-Hernialde tarteko obra zibila, lizitatu zenean, eta hauxe dio lege horren 202.1 artikuluak: «(.....) kontratua perfekzionatu ondoren, kontratazio-organoak interes publikoko arrazoiek bultzatuta eta ustekabeko egoerei aurre egiteko soilik egin ditzake aldaketak kontratuan, eta espedientean behar bezala justifikatu behar du aldaketa horien premia. Aldaketa horiek ezin izango diote eragin kontratuaren funtsezko baldintzei (......)».
Onartu den proiektu aldatuak behar bezala justifikatzen du aldaketaren premia, interes publikoko arrazoietan eta ustekabeko egoeretan oinarrituta. Hauek dira arrazoi nabarmenenak:
Lehenengoa.– Izapidetutako aldaketa justifikatu duten alderdi teknikoak.
Tolosa-Hernialde trenbide-zatiko obren esleipendunarekin izenpetutako kontratua aldatzeko arrazoiak azaltzen hasi aurretik, «aldaketen» esparru juridikoa zehaztu behar da.
Tolosa-Hernialde trenbide-zatiko obren lizitazio-agirietan honako hau arautu zen, «aldaketak» izeneko atalean, kontratazio publikoaren alorrean indarrean dagoen araubidea zehazteko: «SPKLko 194., 195., 202. eta 217. artikuluek eta SPKLEO arauko 102. artikuluak, 158. artikuluak eta ondorengo artikuluek arautuko dituzte kontratuaren aldaketak, eta interes publiko arrazoiek bultzatuta eta ustekabeko egoerei aurre egiteko soilik egin daitezke, espedientean aldaketa horien premia justifikatu ondoren, eta indarreko arauek agintzen dituzten mugak eta prozedurak beteta». Interes orokorraren konstituzio-printzipioa, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluak ezarria, justifikatu behar da kontratuan aldaketak egiteko. Interesaren kontzeptu orokor hori ez da formalismo hutsa; aitzitik, kontratuaren aldaketa izapidetuko duen espedientean arrazoitu behar da eskakizun hori.
«Interes publikoa» arrazoitzean, Europako kontratazio publikoaren informatzaile diren printzipioekin lotu behar da hura. 2004/18/EE zuzentarauko 2. artikuluak arautzen ditu printzipio horiek. Haien baitan, esleitze-botereek berdintasunezko tratamendu ez-diskriminatzailea izan behar dute eta gardentasunez jokatu behar dute, bai kontratua esleitzeko fasean, bai kontratua betetzeko fasean. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak aitortu ditu printzipio horietako zenbait; esaterako, Europar Erkidegoetako Justizia Auzitegiak 2004ko apirilaren 29an eman zuen sententzia Succhi di Frutta SpA auzian. Sententziak bereziki azpimarratzen du «tratu berdintasuneko eta gardentasuneko printzipioek kontratazio publikoan duten garrantzia, lizitatzaile guztiek haien eskaintzak berdintasunean egin behar dituztela agintzen baitute, eta, ondorioz, baldintza berberak bete behar dituztela lehiatzaile guztiek».
Hori horrela, esleipenduna hautatu ondoren lizitazioaren baldintza batzuk aldatzeko aukera izatea nahi baldin badu esleipena egiten duen erakundeak, berariaz adierazi behar du kontratua aldatzeko aukera izango dela eta zer modalitateetan egingo den hori., eta kasu honetan, lizitazio-agirietan behar bezala jaso zen aukera hori.
Hau adierazi du Estatu Kontseiluak irizpen batzuetan: «...... errealitatearen ezagutza arrunt batetik abiatuta eta kontsultaren alorrean duen eskarmentuaren balorazio propioa egin ondoren, Estatu Kontseiluaren iritzia da, sentikortasunez, kontratu-harremanen baitan gertatzen direla horrelakoak, eta, zenbaitetan, moldakortasun apur batek mesede handiagoa egin diezaiokeela interes orokorrari zorroztasun hertsiak baino, hura legearen interpretazio motz batean oinarritzen baldin bada eta arau-xedapen guztiek funtsezkoa duten helburuzko zentzua desitxuratzen baldin badu». Hala ere, ez da beti hura interes publikoa babesteko moduan ikusten hura, eta, horren haritik, honen garrantzia azpimarratzen du Estatu Kontseiluak: «(.....) Administrazio kontratugileak tentu handiz jokatu behar du obra-proiektuak egitean, edo, kasuan kasu, haiek onartzean ........ horrela egin ezean, jardun-molde horiek izatez alda baitezakete egin nahi dituen obra-tipologiaren gainean administrazioak duen borondatea, eta beste proiektu bat era daiteke, beste kontratazio-espediente bat beharko duena».
Hau arautzen du SPKLko 202. artikuluak: «Behin kontratua burututakoan, interes publikoko arrazoiengatik eta ezusteko kausei erantzuteko baino ezin izango du aldaketarik sartu kontratazio-organoak kontratuan, eta espedientean behar bezala justifikatu behar du. Aldaketa horiek ezin izango diote eragin kontratuaren funtsezko baldintzei. (...)». Arautze-ildo hori bera jorratzen dute kontratua lizitatu zenean indarrean ziren artikuluek: 217., 226., 233., 272. eta 282. artikulua.
Artikulu horiek sorrarazten dituzten galderak, eta, bereziki, 202. artikuluaren edukiari eta norainokoari buruzkoak, argitu dira zenbait irizpenetan; horietako bat da Estatuko Administrazioaren Kontratazio Batzordeak 2008ko uztailaren 28an eman zuen 43/08 irizpena, «Aldaketak kontratuetan, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 202. artikuluaren interpretazioa. (...)».
Irizpen horrek 202. artikuluak arautzen dituen alderdiak aztertzen ditu.
a) Lehenik eta behin, formula bat sortzeko eskatzen da, aldez aurretik zehaztuko dituena zer baldintzek duten funtsezko izaera, lege horren 202.1. artikuluaren lehen paragrafoak arautzen duenari erreparatuta. Legegileak, xedapen hori idaztean, «kontratuaren funtsezko baldintzak» esapidea erabili du. Kontzeptu juridiko zehaztugabe esaten zaie formulazio hori duten kontzeptuei, eta Kontu-hartzailetza Orokorrak bere kontsultan egoki adierazten duen moduan, zaila izaten da horien esanahia zehaztea. Alde horretatik, adierazi behar da bi prozedura balia daitezkeela xedapenak adierazten duen kontzeptu horren eduki-mugak zehazteko. Izaera orokorreko irizpideak finkatzea da balia daitekeen lehen prozedura, hau da, ikustea ea lizitatzaileek oso bestelako eskaintzak egingo lituzketen baldin eta lizitazio-iragarkian jaso izan balitz kontratuan egiten den aldaketa hori edo aztertzea kontratuaren xedea den prestazioaren izaera aldatzen ote duen kontratuan egiten den aldaketa horrek. Prozedura horiek erabiltzea, hala ere, ez da arazoaren konponbide zuzena, kontzeptua interpretatzeko erabiltzen diren terminoak kokapen-une batetik bestera aldatzera mugatzen baita. Izan ere, lehen prozedura erabiltzen denean, izaera subjektiboko judizio bat egin behar da lizitatzaileek, kontratuaren aldaketaren berri izanez gero, nola jokatuko ote luketen zehazteko, eta, bigarren kasuan, prestazioaren izaeran aldaketak egiten ote diren ala ez zehazteko unera eramaten da kontzeptua zehazteko lantegia. Berez, arazoa da «kontzeptu juridiko zehaztugabe» hori bera dela egoeraren balorazio bat egiteko premia dakarrena kasu konkretu bakoitzean, kasu zehatz hori haren barruan sartzen den ala ez zehaztu edo erabakitzeko.
Horrenbestez, konponbide onargarri bakarra da egoera jakin batzuk zerrendatzea kontratuen funtsezko baldintzak zein diren jakiteko, eta beste egoera edo kasu batzuekin sorraraz daitezkeen zalantzak argitzea. Zalantzagarria da prozedura horren erabilgarritasuna, zaila baita, a priori, funtsezko izaera izan dezaketen kontratu-baldintzen zerrenda bat egitea. Bereziki, kontuan izan behar da kontratu-baldintza batzuek funtsezko izaera izan dezaketela kontratu-modalitate batean, baina, beste kontratu-motaren batean, akaso ez dutela izango funtsezko izaera hori. Are, izaera bereko kontratuetan, baldintza batzuek funtsezko izaera izango dute edo ez dute izaera hori izango, kontratuaren betebehar-edukia zehazten duten gainerako klausulen arabera.
b) Kontsultan adierazitako bigarren auzia da 202.1 artikuluko bigarren paragrafoak adierazten duen hasierako proiektuaren zuzenketa kontzeptuaren zentzua argitu behar dela. Batzordeak auzi horretan hartu duen erabakia da proiektuen zuzenketa direla legearen ikuspegitik onargarriak direnak, xedapen horren beraren lehen paragrafoan arautzen diren eskakizunak betetzen dituztelako. Horrenbestez, kontratu-xedea zabaltzen baldin bada 202.1 artikuluko eskakizunak betetzen dituen proiektu-aldaketaren bat txertatu delako kontratuan, onargarri diren aldaketen lege-tratamendua izango dute aldaketa horiek. Bestalde, kontratu-aldaketak ez baldin baditu betetzen eskakizun horiek, aldaketa horrek ez du kontratu-aldaketaren izaera edukiko zentzu hertsian, eta modu berezian arautu beharko da. Egoera horietan, prozedura negoziatua bete daiteke, baldin eta 155.b) edo 158.b) artikuluek prestazio osagarrientzat arautzen dituen eskakizunak betetzen baldin dira.
c) Kontu-hartzailetzak eskatutako hirugarren irizpena 202.2 artikulua interpretatzeko moduari buruzkoa da. Kasu honetan argitu behar den auzia da ea, artikulu horretan oinarrituta, legeak kontratuak aldatzeko aukerarik ematen ote duen haietan adierazitako baldintzetan, ala, aitzitik, agiriek arau ditzaketen aldaketek bete egin behar ote dituzten 202.1 artikuluak arautzen dituen eskakizunak. Auzi horren sorburua 202.2 artikuluaren xedapen hau da: «kontratua aldatzeko aukera eta aldaketa hori, aurreko paragrafoaren arabera, zein baldintzatan egin ahal izango den, klausula-agirietan eta kontratu-agirian jaso beharko da». Xedapen horrek «aurreko paragrafoaren arabera» esaten duenean, badirudi, itxura batean, artikuluaren lehen puntuan adierazten diren eskakizunak bete beharra agintzen diela agirietako aldaketa-moduei, edo, bestela esanda, aldaketa horiek egitekotan, interes publikoari erantzuteko egin behar direla, ustekabeko egoerei aurre egiteko eta kontratuaren funtsezko baldintzak erasan gabe. Interpretazio hori onartzen baldin bada, zentzurik gabeko egoera bat sortuko litzateke, baldintza-agirietan ustekabeko arrazoietan oinarritutako aldaketak soilik arau daitezkeela onartuko bailitzateke. Agerikoa da errotik baztertu behar dela interpretazio hori, absurdora baitarama. Hori horrela, Kontsulta Batzordeak ulertu du artikulu hori interpretatzeko hura justifikatzen duten aurrekariak hartu behar direla oinarritzat, eta, bestetik, harekin lortu nahi diren xedeak.
Lehendabiziko ikuspegi horretatik, agerikoa da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrina duela oinarri, eta, bereziki, «Succhi di Fruta» (C-496/99 P auzia) sententzia; izan ere, laburbilduz, printzipio hau ezartzen du sententzia horrek: «erakunde esleitzaileak, arrazoi jakin batzuetan oinarrituta, lizitazioaren baldintzak aldatzeko aukera izan nahi baldin badu esleipenduna aukeratu ondoren, nahitaez ohartarazi behar ditu lizitazio-iragarkian, prozedura betetzeko esparrua ezartzen duen aldetik, lizitazioa egokitzeko aukera bera eta egokitzapen horrek izan ditzakeen modalitateak; horrenbestez, lizitazioan parte hartzeko interesa izan dezaketen enpresa guztiek hasieratik izan behar dute horren berri eta, ondorioz, baldintza berdinetan izan behar dute guztiek eskaintzak egiten dituzten unean». Hori irakurrita, ondorioztatu behar da kontratazioen baldintza-agirietan aurreikusi behar dela kontratu-klausulak aldatzeko aukera eta aldaketa horiek egiteko baldintzak. Era berean, hauxe adierazten du aipatu sententziak: «bestalde, erakunde esleitzaileak ez baldin badu berariaz aurreikusi aukera hori eta hitzartu diren funtsezko modalitatea horietakoren batetik askatu nahi baldin badu kontratua esleitu ondorengo fasean, ez du baliozkoa izango hasieran hitzartu zirenetatik aparteko baldintzetan jarraitzea prozedurarekin». Beraz, ez baldin bada aldez aurretik aurreikusi aldaketak egiteko aukera, ezin dira gerora aldatu kontratuaren funtsezko baldintzak.
Erabaki horiek eman direnez, adierazi dugun zentzu horretan interpretatu behar da aztertzen ari garen araua. Hau da, ez baldin bada aldez aurretik arautu kontratuan aldaketa horiek egiteko aukera, hiru baldintza hauek betetzen dituzten aldaketak soilik egiteko aukera izango da:
a) Interes publikoko beharrizanak asetzeko aldaketa izan behar du,
b) behar bezala justifikatu behar da beharrizan hori espedientean, eta
c) aldaketek ez diote eragin behar kontratuaren funtsezko baldintzei.
Aitzitik, kontratu-agiriek berariaz arautzen baldin badute klausula jakin batzuk aldatzeko aukera izango dela, nahikoa izango da zer baldintza diren eta nola alda daitezkeen adieraztea, kontuan izan gabe haiek kontratuaren funtsezko baldintzak diren ala ez. Eta hori egin daiteke aldez aurretik jakingo dutelako lizitatzaile guztiek aldaketak egin daitezkeela eta ez delako haien artean urratzen berdintasun-printzipioa eta haren ondoreneko den gardentasun-printzipioa. Interpretazio hori ematen baldin bazaio 202.2 artikuluari, egia da zaila dela, hasiera batean, «aurreko paragrafoaren arabera» esaldia ulertzea. Hala ere, esapidea osorik irakurriz gero: «zer baldintzetan egin daitekeen aldaketa aurreko paragrafoaren arabera», ondorioztatu behar dugu, artikulu horren gaineko doktrinarekin izan beharreko koherentziari eusteko, esaldi horren esanahia dela, aurreko paragrafoarekiko igorpena egiten duen neurrian, aldaketak interes publikoko beharrizanei erantzuteko egin behar direla eta kontratuan justifikatu behar dela, behar bezala, aldaketa egiteko beharrizan hori. Hori horrela, argi geratzen da ez dela inondik inora baimentzen baldintzarik aldatzea kontratazio-organoak bere iritzira adierazitako arrazoiengatik (hau da, arrazoi arbitrarioengatik), baina kontratu-agirietan berariaz aurreikusi baldin bada aldaketa, egin daitezke aldaketak, baita funtsezko baldintzenak ere.
Hori guztia esanda, kontratua SPKL arauaren eta haren 202. artikuluaren arabera aldatzeko izan ziren arrazoiak aztertuko ditugu orain:
● Kanpaina geotekniko gehigarria:
Normalean, obra-kontratuak kanpaina geotekniko gehigarri bat ezarri ohi du hura obra-fasean egiteko, une horretan izaten baita makineria egokia aztertu beharrekoak izan eta irisgarritasun zaila duten lekuetara iristeko. Hala, igarotako geografia izaten da kontuan kanpaina horretan. Kanpaina hori egitean, ikusi zen oso ezaugarri geologiko konplexuak zeudela, hala nola, Triasaren sarbideak izan zitzaketen eskualde-failak (lurzoru hedakorrak, anhidritaren modukoak, egon daitezkeela adieraz dezake horrek), litologia-ezaugarrien aldaketak eta mendigunearen egitura tolesduna, eta horrek aurreikusita zegoen kanpaina handitzeko premia eragin zuen, zehaztasun handiagoz eta errealitatetik ahalik eta gertuen ezartzeko obrak behar bezala egiteko behar ziren parametro geologiko eta geoteknikoak.
● Sestraren doikuntza altxatuan:
Trazaduran hondeatze-lanak egiteari ekitean, ezaugarri geotekniko kaltegarriak hauteman ziren. Horren ondorioz, ezin ziren proiektuan zehaztutako ezpondak egin, Arane inguruan desjabetutako lurren eskuragarritasunari erasan gabe. Horren ondorioz, zertxobait goratutako sestra bat zehaztu zen, eremu horretan oinplano-trazadurari eta ondoko tarteekiko loturei eutsita, Irtenbide horrek, gainera, badu alderdi onuragarririk, murriztu egiten baitira lur-mugimenduak eta ibilgailu astunen joan-etorriek bizilagunei egiten dizkieten kalteak eta soildu egiten da obrek linea elektrikoetan duten erasana.
● Lurren datu geotekniko berrietara egokitzea tunelen euskarriak:
Proiektuak zehaztutako sekzioak eta kanpaina geotekniko gehigarriko datuak aztertu ondoren, eguneratutako interpretazio geologiko eta geoteknikora egokitu dira irtenbideak; hala, zehaztu diren euskarriak hobeto egokitzen dira zeharkatzekoak diren lurretara eta ahokatzeak optimizatu dira.
Halaber, baldintza teknikoen agirian finkatutako neurketa eta ordainketako irizpideen arabera aztertu dira tuneletako gain hondeatzeetako betelanak.
● Minan tunela egitea Araneko tunel artifizialaren ordez:
Lurraren malkarrari erreparatuta, Aranen tunel izunean lan egiteko eremura sartzeko bidea egin ondoren, kanpaina geotekniko gehigarriak hauteman zuen lurzoru - haitzeko ukitze-profila oso aldagarria zela, eta horrek kezka handia sortzen zuen, zalantzazkoa baitzen proiektuan zehaztu ziren altuera handiko ezpondak (50 metro ingurukoak) egingarriak izango ote ziren.
Horregatik guztiagatik, 1+604 eta 1+810 PK bitartean dagoen Araneko tunel izunaren ordez Minan tunel bat egitea proposatzen da, ingurumen-integrazioa hobetzeko eta nabarmen murrizteko linea elektrikoekiko erasanak, lur-mugimenduak eta trafiko astunak bizilagunei sortzen dituen eragozpenak.
● Ustiatze-gasean dagoen trenbide-sarearen mantentze-lanen hobekuntza:
ADIF erakundeak ezarritako irizpideak kontuan izanda, bi aldaketa egin dira ustiapenaren kostuak murrizteko trenbide-sarea abian jartzen denerako; hala, biaduktuen tipologia eta eraikitze-sistema aldatu eta bideak plakan duen azpiegiturako irtenbidea egokitu da. Haien eraikitze-metodoa aldatuta, ez da nahitaezkoa tunel artifizialak hondeatzea biaduktuak egiteko, eta irtenbide hori bateragarria da Minan tunelak egiteko adostu zen aldaketarekin.
● Partikularrekin eta erakunde publikoekin lankidetzan egokitzea sarbideak eta zortasunak:
Orografia oso malkarreko eremuan egin behar ziren obrak, eta, ondorioz, zaila izan zen haiek bideren batekin uztartzea, trazaduraren ezaugarriek nabarmen baldintzatzen baitzuten bide horren trazadura. Eremuaren topografia obran bertan egiaztatu ondoren, orokorrean aldatu behar izan ziren plataformarako eta obrarako sarbideen zehaztapen geometrikoak eta behin-behineko saihesbideak. Horren ondorioz, berriro zehaztu behar izan ziren euste-hormak, saneamenduak, drainatzeak, euskarrien egokitzapenak eta ezponden babesak, eraiste-lanak eta beste alderdi asko.
Horrez gainera, eragindako erakunde eskudunek interes publikoko xede nabarmenez egindako eskakizun teknikoak barneratu ziren, eta horrek baldintzatu egin zuen gerora proiektuaren gauzapena.
● Larrialdiko galeria gehigarria Aldaba Txikiko tunelean:
Galerien banaketa aldatu da Tolosa eta Tolosa-Hernialde tarteek komuna duten tunelean, Europa zeharkatzen duten trenbide arrunt eta abiadura handiko trenbide-sistemen (ETIS) operazio bateragarritasunerako jarraibide teknikoak betetzeko. Aldaketa horrek afekzio-lotura kendu dio N-I errepidean dagoen REPSOL zerbitzuguneari, eta ez da jarriko, beraz, jarduera ekonomikoaren kalteengatiko erreklamaziorik obren kontratazioaren ondoren.
Azaldutako arrazoiak egoera geologikoekin, geoteknikoekin, ingurumenarekin eta segurtasun-alderdiekin daude loturik, baita eguneratze teknikoekin ere, eguneratze horiek egin behar izan baitira lanak hobetu eta egokitzeko, zaila baita haiek doitasunez zehaztea obren proiektua egitean; beraz, ezusteko kausak direla esan daiteke, eta, obrak behar bezala egingo direla bermatzeko, kontratazio-organoak esku hartu behar duela, kontratua proposatu den bezala eta interes orokorra kontuan izanda aldatzeko.
Bigarrena.– Tramitazio jarraitua aldatutako proiektuan.
Era berean, gogoratu behar da agindutako obra hau tramitatzeko garaian, badirela kontratazio-organoak egiten duenaz bestelako prozedurari, Euskadiko Administrazio Orokorraz gain, Trenbidez Azpiegituren Administratzaileak ere baduelako parte-hartzerik egiteko horretan. Zehazki, jarraian azalduko ditugunak izan ziren 1. aldaketa onartzeko tramiteak, kontuan izanda espedientea onartu eta berrikusi zutela parte hartzekoak ziren estamentuek, egin zen tramitazioan ikus daitekeen moduan:
– Tolosa-Hernialde tartea aldatzeko proiektua idazteko baimena ADIF erakundera bidali zen 2011ko irailaren 30ean.
– Aldaketa idazteko baimena eman zuen ADIF erakundeak 2011ko azaroaren 8an.
– Obren Zuzendaritzak, 2011ko abenduaren 2an, ADIF erakundera bidali zuen proiektuaren aldaketa, berrikusteko.
– ADIF erakundeak behin-behineko onarpena eman zion aldaketari 2012ko martxoaren 29an, beharrekoa baita jendaurreko informazioaren izapidea betetzeko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, arautzen duena betez eta behar bezala beteta Nahitaezko Desjabetzearen Legeak, 1954ko abenduaren 16koak, okupazio-beharrizanari buruz 18. artikuluan eta 19.1 artikuluan eta lege horren erregelamenduko artikulu parekoek araututakoa.
– ADIF erakundeak, 2012ko maiatzaren 31n, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren plataformarako Eraikuntza Proiektu Aldatuak eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda bidali zuen. Tartea: Tolosa- Hernialde tartekoa Tolosa, Hernialde eta Ibarrako udalei, eta jendaurreko erakusketaren ziurtagiria eskatu zuen.
– ADIF erakundeak, 2012ko maiatzaren 31ko dataz, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren plataformako eraikuntza-proiektuaren aldaketak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda bidali zuen. Tartea: Tolosa- Hernialde tartekoa Gobernuaren Ordezkariordetzara.
– 2012ko ekainaren 23an, ADIF erakundeak, Nahitaezko Desjabetzearen Legeko 18. eta 19.1. artikuluek agintzen dutena betez, jendaurreko informazioari dagokion iragarki-oharra argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), 150. zenbakia, eta 2012ko ekainaren 28an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), 123. zenbakia. Horrez gainera, 2012ko ekainaren 28an, El Diario Vasco egunkarian argitaratu zuen.
– Aldatutako proiektuan sortzen dituen eragin berriei dagozkien nahitaezko izapideak egin ondoren, ADIF erakundeak behin betiko onartu zuen hura, 2012ko abuztuaren 29ko dataz.
– Aldaketaren onarpena jakinarazten dio ETSk Eusko Jaurlaritzari 2012ko irailaren 27an.
– Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ALDEKO txosten juridikoa eman zuen 2012ko abenduaren 11n.
– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomia Kontroleko Bulegoak, 2013ko apirilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak Tolosa-Hernialde tarteko kontratuaren lehen aldaketako gastu-baimenaren inguruan egindako erabaki-proposamenari dagokion txostena eman zuen, eta hauxe adierazi zuen: «espedientea tramitatzen jarrai daiteke, baldin eta egoki irizten baldin badio hura proposatzen duen Sailak».
– Eusko Jaurlaritzak 2013ko ekainaren 28ko ebazpenaren bidez onartu zuen proiektu aldatua.
B) «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren bost tarteren obrak, guztira 421,9 milioi eurotan esleituak izan ondoren, behin-behineko izaeraz egiten jarraitzea baimendu zuen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, obra horiei dagozkien proiektuen aldaketak idazten ziren bitartean. 2013ko abenduaren 31n, ez dago jasota proiektuek eta aldaketa-espedienteek onarpen teknikoa jaso dutenik, eta horrek urratu egiten ditu SPKLTBeko 234.4 artikuluak arautzen dituen epeak».
Lehenengoa.– Lankidetza-esparrua, Sustapen Ministerioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen artean, hitzartutako akordioen eta Administrazio eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzeko finkatutako eskakizunen baitan.
1.1.– Lankidetza-hitzarmena, Sustapen Ministerioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias erakundearen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzeko zenbait jarduketaren gomendiorako.
2006ko apirilaren 24an, Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Herri Lanen sailburuak eta ADIF (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) erakundeko presidenteak hitzarmen hau izenpetu zuten, 2006ko ekainaren 8an argitaratu zena EHAA aldizkarian: «lankidetza-hitzarmena, sustapen ministerioaren, euskal autonomia erkidegoko administrazio orokorraren eta trenbide azpiegituren administratzailearen artean, euskal autonomia erkidegoko trenbide sare berria eraikitzeko zenbait jarduketaren gomendiorako».
Adierazpen-zatian, hauxe esaten da, EHAA horretan irakur daitekeen moduan, II. puntuan: «II. Sustapen Ministerioko Azpiegituren Estatu Idazkaritzaren 2001eko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez, Gestor de Infraestructuras Ferroviarias erakundeari (GIF) agindu zitzaion Gasteiz-Bilbao-Donostia abiadura handiko trenbidea eraikitzeko proiektuak idazteko. Gainera, Ministro Kontseiluaren 2002ko abenduaren 20ko Akordioaren bitartez, GIF-en esku utzi zen Iparra/Iparmendebaldea korridorearen barruan Euskal Autonomia Erkidegoko abiadura handiko trenbidea eraiki eta administratzeko lana».
Eta hauxe adierazten da III. puntuan:
«ADIFen estatutua onartzen duen abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren xedapen gehigarrietan hirugarrenak ezartzen duenez, »Errege Dekretu hori indarrean jarri aurretik trenbideak eraiki eta administratzeko GIFen esku utzitako eskumenak eta egindako gomendioak, hortik aurrera ADIFen esku egongo bailira hartu beharko dira (....)».
«(...) Bestetik, Azpiegituren eta Plangintzaren Estatu idazkariaren 2005eko apirilaren 14ko Ebazpenaren bidez, ADIFeko lehendakariaren esku utzi ziren GIFi gomendiotan emandako trenbide-azpiegituretarako proiektuak onartu eta aldatzeko eskumenak».
Hitzarmen horren I. eranskineko lehen klausulan adierazten da hitzarmenaren xedea dela «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren Gipuzkoako adarreko eraikuntza-proiektuak idatzi, obrak zuzendu, obrak kontratatu eta egin, eta desjabetze-espedienteen administrazio-kudeaketan elkarlanean jarduteko ardura Sustapen Ministerioak eta Administrador de Infraestructuras Ferroviariasek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari gomendiotan ematea eta gomendio horren baldintzak ezartzea».
Era berean, hauxe adierazten da I. eranskin horretako bigarren klausularen laugarren puntuan: «informazio-azterlanak eta proiektuak idaztea»:
«4.– Edonola ere, eraikuntza-proiektuak eta horien aldaketak gainbegiratu eta onartzea Sustapen Ministerioko organo eskudunari dagokio».
Eta hau adierazten du bosgarren klausulak: «2006ko apirilaren 24an izenpetutako esparru-hitzarmenaren 2.3 klausulan aurreikusitakoari jarraituz, batzorde tekniko bat sortzen da; batzordea Sustapen Ministerioak izendatutako hiru kidek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio eta Herri Lan Sailak izendatutako beste hiruk osatuko dute».
«...Batzordearen egitekoak:
.....e) Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamenak prestatzea, Sustapen Ministerioak onar ditzan».
1.2.– Lankidetza-hitzarmena, Sustapen Ministerioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Administración de Infraestructuras Ferroviarias erakundearen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzeko zenbait jarduketaren gomendiorako.
Hau arautzen du 11/2006 Ebazpenak, sustapen ministerioaren, euskal autonomia erkidegoko administrazio orokorraren eta adif-en (administrador de infraestructuras ferroviarias) arteko lankidetza-hitzarmena, euskal autonomia erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait jarduketaren gomendiorako emandakoak, II. eranskinaren bigarren klausulako 5. puntuan: «Eraikuntza-proiektu eta aldaketa guztiak Sustapen Ministerioko organo eskudunak onartu beharko ditu».
Halaber, hau arautzen du V. klausulako 2. puntuan: «Eusko Jaurlaritzak Bergara–Irun Gipuzkoako adarreko obrak kontratatuko ditu, bai eta Donostia-San Sebastiánen sartzeko bidegunekoak ere.»
1.3.– «ADIF erakundeak baliatuko dituen prozedurak proiektuak onartu eta obrak egiteko jarduketetan» eta haren hirugarren eranskina: «Proiektuen aldaketak, obra osagarrien proiektuak eta zerbitzu bereziak berrezartzeko proiektuak ikuskatu eta onartzeko prozedura», Batzorde Teknikoak agindutakoa (aldeek izenpetutako hitzarmenek eratzen dute organo hori).
Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko jardueren jarraipenerako Batzorde Teknikoak, Bergara-Irun tartea, «ADIF-ek proiektuak onartzeko eta obrak egiteko jarduketetarako prozedura» ezarri zuen. Haren azken bertsioa 2012ko urrikoa da, eta prozedura hori ezartzen duen agiriaren 1. orrialdean zehazten du haren helburua dela aurrez azaldu diren erantzukizunak betetzea; hala, «ADIF-ek jarduketa hauek egingo ditu, Laguntza Teknikoen babesarekin»:
«.... 4. Proiektuen aldaketak eta obra osagarrien proiektuak ikuskatu eta onartzea, III. Eranskinak arautzen duen moduan».
III. eranskin horrek «proiektuen aldaketak, obra osagarrien proiektuak eta zerbitzu berezien bereziak berrezartzeko proiektuak ikuskatu eta onartzeko prozedura», izena du eta haren 2. puntuak, «Proiektu-aldaketaren eta obra osagarrietako proiektuen ikuskapen eta onarpen teknikoa» izenekoak, adierazten du, ingurumen-berrikuspeneko txostena egin ondoren, hau egingo dela: «Obra Zuzendaritzak ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzara bidaliko du proiektuaren aldaketa edo obra osagarrien proiektu osoa eta ingurumen-berrikuspeneko txostena (bi ale paperean eta bi euskarri digitalean, PDF formatuan). ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzak euskarri digitaleko kopia bat igorriko du ADIF-en Ingurumen Zuzendariordetzara, haren berri izan dezan eta egoki iritzitako oharrak egin ditzan».
«...Zuzenketen fasea amaitzen denean, Obra Zuzendaritzak ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzara bidaliko du behin betiko proiektua, PDF formatuan,Obra Zuzendaritzako txostenarekin batera (...)».
«ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzak ADIF-en Ingurumen Zuzendariordetzara bidaliko du Ingurumen Integrazioko Eranskinaren behin betiko alea (euskarri digitalean eta PDF formatuan), Obrako Ingurumen Zuzendaritzak egindako ingurumen-berrikuspeneko txostenarekin batera, Ingurumen Inpaktuko Deklaraziora egokitzearen txostena eman dezan.
ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzak Ikuskapen Txostena egingo du eta proiektuaren aldaketa edo obra osagarrien proiektua onartzeko proposamena idatziko du, ADIF-ek onar dezan. ADIF-en Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapeneko Alboko Zuzendariordetzak Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Herri Lanen Sailera edo Euskal Trenbide Sarera igorriko du onarpen hori».
Labur azalduta, ADIF erakundeak, Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, aurrez azaldutako proiektuak onartu eta betetzeko, sekuentzia hau bete behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko espedienteak izapidetzean:
1.– Proiektu-aldaketa edo obra osagarrien proiektua idazteko baimen-eskaera.
2.– ADIF erakundearen Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapenerako Alboko Zuzendariordetzaren berrikuspen-txostena.
3.– Proiektua idazteko baimena, ADIF erakundeak emandakoa.
4.– Behin-behinean eteteko edo jarraitzeko eskaera, Eusko Jaurlaritzak (kontratazio-organoa) baimendu edo ezetsi dezakeena.
5.– Proposamen teknikoa idaztea.
6.– ADIF erakundearen Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapenerako Zuzendariordetzaren behin-behineko onarpena.
7.– Beharrezkoa baldin bada, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendaren jendaurreko erakustaldiko prozedura.
8.– Ondasun eta eskubideen zerrendari egindako alegazioak aztertzeko txostena, ADIFek egindakoa.
9.– Ikuskapen-txostena eta onarpen-proposamena, ADIF erakundearen Kalitate, Segurtasun eta Ikuskapenerako Zuzendariordetzak egindakoak.
10.– ADIFek proiektuaren onarpen teknikoa ematea.
11.– Eusko Jaurlaritzako kontratazio-organoak espedientea onartzea.
Ez badute ADIF erakundeak eta Estatuko Administrazio Orokorrak parte hartzen espediente horiek izapidetzeko prozesuan, sekuentzia hau beteko da, botere esleitzaile orok normalean egin beharrekoa:
1.– Proiektu-aldaketa edo obra osagarrien proiektua idazteko baimen-eskaera eta behin-behinean eten edo jarraitzeko eskaera.
2.– Proiektua idazteko baimena eta behin-behinean eteteko edo jarraitzeko baimena.
3.– Proposamen teknikoa idaztea.
4.– Beharrezkoa baldin bada, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendaren jendaurreko erakustaldiko prozedura.
5.– Ondasunen eta eskubideen zerrendari egindako alegazioak aztertzeko txostena.
6.– Espedientearen onarpena.
Horrek guztiak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak, kontratazio-organo gisa jardutean, ezin duela bermatu kontratazio publikoaren alorrean indarrean dauden xedapenek arautzen dituzten epeak beteko dituela.
Bigarrena.– Konklusioak, gomendio-egilearen eta gomendio-hartzailearen artean sortutako lankidetza-esparruaren baitan, eta hartutako konpromisoak betetzeko prozedurak.
Hitzarmen eta prozedurako egoera atipiko hori administrazioaren kontrol bikoitzaren adierazle dela uler daiteke, berme handiagokoa, administrazio batek baino gehiagok parte hartzen baitu proiektuak eta obrak berak ikuskatzen; egoera horrek, ordea, luzatu egiten ditu izapidetze-epeak. Izan ere, hamaika izapide egin behar izaten dira, ohiko tramitazio batean eta zentzu hertsian egin behar izaten diren sei tramiteen aldean. Hori horrela izanda, kontratazio-organoak ezin du bermatu SPKLTBko 234.4 artikuluak arautzen dituen nahitaezko epeak beteko dituenik, harengandik kanpoko beste administrazio batek egin beharreko gestioek baldintzatuta jarduten baitu.
Euskal Trenbide Sareak, obra-zuzendaritzen arduraduna den aldetik, eta Eusko Jaurlaritzak, obren gomendio bidezko sustatzailea den aldetik, behin eta berriz idatzi diote ADIF Alta Velocidad-eko Ikuskapen, Kalitate, Segurtasun eta Osasun zuzendariordeari, Sustapen Ministerioko Plangintza eta Proiektuen zuzendariorde orokorrari eta Sustapen Ministerioko Azpiegituren idazkari orokorrari, hitzarmenean adierazten diren izapideei eta baimenei lehentasuna eman eta haiek arin ditzaten, SPKLTBko 234.4 artikuluak arautzen duena betetzeko. Eskaera horiek, era berean, hitzarmeneko batzorde teknikoen bileretara eta hitzarmenaren jarraipena egiteko batzordeen bileretara eraman dira, baina, orain bitartean Sustapen Ministerioak eta ADIF erakundeak ez dute mekanismorik jarri abian, erreferentziazko lege-xedapen horrek arautzen dituen epeak beteko direla ziurtatzeko.
Horregatik guztiagatik, aurkeztu diren alegazioak aintzat hartuta, honako hau ulertzen da:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren Tolosa-Hernialde tarteko obretan, 104,7 milioi eurotan esleituak, behar bezala justifikatuta geratu da egin den aldaketa, 9,3 milioi euroko zenbatekoa duena, interes publikoko arrazoietan oinarrituta eta ustekabeko egoerei aurre egiteko egin baita, SPKLko 202. artikuluak arautzen duen moduan.
Bigarrena.– Egia da Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren bost tartetan, guztira 421,9 milioi euroko zenbatekoan esleituak izan direnetan, obrak behin-behinean jarraitzeko baimena eman zuela Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, tarte horiei dagozkien obren proiektu-aldaketak idazten ziren bitarterako, baina 2013ko abenduaren 31n, ez da egiaztatu proiektuen onarpen teknikoa gauzatu denik eta aldaketa-espedienteak onartu direnik; beraz, urratu egin dira SPKLTBko 234.4 artikuluak arautzen dituen epeak. Hori guztia gertatu da ADIF erakundeak eta Sustapen Ministerioak tramitazio paralelo bat ezarri diotelako kontratazio publikoko araubideak botere esleitzaileari ezartzen dion izapidetzeari, eta horrek atzerapenak eragin ditu.
16. esp.:
Txostenak adierazten du epez kanpo onartu zela kontratazio-organoak emandako azken ziurtagiria, aintzat hartuta zer arautzen duten SPKLTBko 235.1. artikuluak eta APKLEOko 166. artikuluak.
Obra-harrera 2013-06-14an egin zen, Etxebizitza Zuzendaritzak 2013-09-24an egin zuen azken ziurtagiria onartzeko proposamena, eta 2013-11-27an eman zen obra-amaierako azken ziurtagiria onartzeko ebazpena.
Adierazi behar da, azken egoera horri dagokionez, obra-amaierako ziurtagiriaren proposamena izapidetu zela ebazpena eman baino lehen, 10 eguneko atzerapenarekin hiru hileko epearekiko. Proposamena organo kontu-hartzaileari egin zitzaionetik, bi hilabete eta hiru eguneko epean eman zen ebazpena. Epe horiek egokiak dira obra-amaierako ziurtagirien ikuskatze teknikoak eta ekonomikoa egiteko, aintzat hartuta, betiere, administrazio-epeak zuzenak direla.
19. esp.:
C3 hutsunea:
Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak «luzapenen formalizazioa» aztertuz egindako 5/2015 txostenaren ziurtagiria atxikitzen da 5. eranskinean.
21. esp.:
R3 hutsunea:
2013ko azaroaren 18an egin zen obraren okupazio-akta.
Batzordea deitu zen 2013ko abenduaren 20an, obra-harreraren akta egiteko, baina ez zen ekitaldi horri zegokion akta egin, enpresa kontratistaren ordezkariak, ekitaldira bertaratuta, ez zuelako hura izenpetu nahi izan.
22. esp.:
R2 hutsunea:
2013ko otsailaren 26an izenpetu zen obren harrerako akta.
Zuzendaritza fakultatiboak 2013ko apirilaren 17an idatzi zuen obra-amaierako ziurtagiria.
2013ko apirilaren 10ean izenpetu zen azken ziurtagiria ikuskatzeko agiria.
Kontratazio-organoak 2013ko abuztuaren 26an onartu zuen azken ziurtagiria.
26. esp.:
Ondare eta Kontratazioko Zuzendaritzak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako txostenak ikusita, hau jakinarazi zitzaion, 2014ko azaroaren 14ko dataz, «Donostialdeako metroaren obra zibila eraikitzea. tartea: Kontxa-Morlans» obren esleipendun izandako ABEEari: Zerbitzuetako zuzendariak 2014ko azaroaren 10ean emandako ebazpena, ABEE horri eskatzen diona eragindako gastuak, kalte-ordain bat sorraraz dezaketenak, justifikatzeko eta ordura arteko prozedura hitzarmen bidez amaitzera bideratzen duena.
2014ko azaroaren 25ean amaitu zen ABEEari justifikazioa aurkezteko eman zitzaion egutegiko 10 eguneko epea, eta, orain bitartean, ez du dokumentaziorik aurkeztu eta ez du prozedura bideratzerik onartu.
Pentsatzekoa da ABEE horrek ez duela onartuko proposatu zaion hitzarmenezko amaiera, eta kontratazio-organoak 2015eko otsailaren 4an eman zuen ebazpenaren tramitazioarekin jarraitu da. Ebazpen horrek Eusko Trenbide Sareari eskatzen dio esleipendunak izan dituen gastu orokorren beste balorazio ekonomiko bat egiteko denbora errealean; izan ere, aurreko txostenak, 2014ko ekainaren 2ko data duenak, 151.774,31 euro-ko zenbatekoan finkatu zituen haiek, eta badira denboran eguneratu beharrekoak diren zenbait finantza-gastu aldagarri.
Azken administrazio-egintzaren artxiboa atxikitzen da 6. eranskinean, hau da, Ingurumen eta Lurralde Politikako Saileko Zerbitzuetako zuzendariak 2015eko otsailaren 4an emandako ebazpena, «Donostialdeako Metroaren obra zibila eraikitzea. tartea: Kontxa-Morlans» obren esleipendun izan den ABEEari sorrarazi zaizkion gastuak aitortu eta ordaintzeko, kalte-ordain moduan.
27. esp.:
R1 hutsunea:
Ohikoak diren xedeak bete nahi ditu espediente horrek, hau da, etengabeko hobekuntza eta zerbitzuaren kalitatea eta maila handitzea azpiegitura eta bitarteko informatiko guztietan, baina, horrez gain,Eskola 2.0 programa betetzeko helburu estrategiko batzuk beteko direla bermatu nahi du kontratatutako zerbitzuaren bidez. Sailaren helburuak dira:
– Ekipamenduaren eskuragarritasuna bermatzea, kalitate-maila egokiekin eta helburu pedagogikoak eta gestiokoak kolokan jarri gabe.
– Euskarri-ereduaren iraunkortasun ekonomikoa bermatzea, informatika-parkearen handitze jarraituei aurre eginez, gero eta gestio eta tresna efizienteagoak baliatuz.
Zerbitzuetako administrazio-kontratu hori lizitatzeko iragarkia 2011ko maiatzaren 27an argitaratu zen, 100. zenbakiko BOE aldizkarian. Gerorako kontratu eratorrien berri ematen dute iragarki horren 6.d) puntuak eta baldintza teknikoen agiriko 2.2 puntuak.
Eratorritako hirugarren kontratuari erreparatuta, esleipen-zenbateko osoa fakturak aurkeztu ondoren ordaindu zen, 12 hiletan.
Zerbitzua ematea ontzat eman zela jasotzen da faktura bakoitzean. Fakturen kopia bat atxikitzen da 7. eranskinean.
32. esp.:
C3 hutsunea:
Kontratazio Batzorde Zentralak tramitatutako luzapena da. Organo horrek ez ditu kontratu berriak formalizatzen tramitatzen dituen luzapenetan, SPKLTBko 23.2 artikuluak hau arautzen duela irizten baitu: «luzapena kontratazio-organoak erabakiko du...». Horrenbestez, organo horrek ulertzen du ez dela beste kontratu bat formalizatu behar, eta nahikoa dela, ondorioz, dagokion kontratazio-organoak luzapen-agindua jakinaraztea.
Luzapen-ordenaren eta haren jakinarazpenaren kopia atxikitzen dira 8. eranskinean.
35. esp.:
Kontratuak jasotzeko egintza formalari dagokionez, EKEE izeneko kontabilitateko aplikazio informatikoan egiten da (Ertzaintzaren Kudeaketarako Ekonomia Eredua), dagokion kontabilizazioa egin baino lehen. Aplikazioak berak agiri bat sortzen du horretarako, baina sortutako agiri hori ez dago kontratuaren likidazio-fakturaren tramitazioan sartuta.
Bestalde, adierazi behar da fiskalizazio-txostenak adierazten dituen alderdiak konpon daitezkeela, baldin eta garaiz ezartzen baldin bada Segurtasun Sailean «ERP bat garatu eta egokitzeko eta biltegiak, hornidurak eta aurrekontuak kudeatzeko eta kudeaketa analitikoa egiteko sistema ezartzeko» aplikazioa.
38., 40., 41., 42., 43., 44., 45. esp.:
C3 hutsunea:
Adierazitako espediente horiek 2013. urterako luzatzeko ebazpenak eta haien formalizazioa eransten da.
III.4.2.– 2013an Esleitutako espedienteak.
46. esp.:
A1 hutsunea:
Balio-judizioaren bidez aplikatzekoa den onartutako irizpidearekin eskaintza teknikorik egokiena bilatu nahi da Administrazioarentzat, besterik ez: Obra-planaren koherentzia 0 puntutik 50 puntura baloratuta, obra burutzeko prozesuaren memoria teknikoa baloratu nahi da.
Irizpide hori lau azpi-irizpidetan banatzen da, eta horietako bakoitzak bere haztapena du, obran duen pisu espezifikoaren arabera.
47. esp.:
Txostenak adierazten du esleitze-ebazpena epez kanpokoa izan zela, SPKLTBko 161. artikuluak arautzen duenari erreparatuta.
Hauek izan dira izapidetze-datak:
Proposamenak irekitzea: 2013-03-22.
Esleipen-proposamena: 2013-05-13.
Obra-lizentzia ematea: 2013-07-12.
AESA estatu-agentziaren baimena: 2013-07-25.
Esleitze-ebazpena: 2013-12-02.
Kontratu Legearen Testu Bateginak araututako epean egin zen esleitze-proposamena, esleitze-proposamena egin eta bi hilabetera eman zen obra-lizentzia eman zen (AESA agentziaren baimena eskuratu behar zen), eta 4 hilabete eta 7 egun geroago eman zen esleitze-ebazpena. Kontratua 2013ko abenduaren 26an izenpetu zen eta 2014ko urtarrilaren 24an egin zen zuinketa-akta. Lizentzia eman eta esleipena ebatzi bitarteko epearen kasuan izan ezik, indarreko araubidea bete dute epeek.
48. esp.:
Txostenak adierazten du esleitze-ebazpena epez kanpo egin zela (SPKLTBko 161. artikulua) eta atzerapenez formalizatu zirela zuinketa egiaztatzeko aktak (SPKLTBko 229. artikulua).
Hauek izan dira izapidetze-datak:
Proposamenak irekitzea: 2012-10-29.
Esleitze-proposamena: 2012-11-26.
Obra-lizentzia ematea: 2013-08-21.
Esleitze-ebazpena: 2013-09-04.
Zuinketa egiaztatzeko akta eta obraren hasiera: 2013-12-12.
Esleitze-proposamena epe-barruan egin zen, udalari eskatutako obra-lizentzia emateko epeek eten egiten dute administrazio-egintzak, harik eta hura ematen den arte, eta, horren ondoren, ebazpena ematen da eta obrei ekitea proposatzen zaio esleipendunari. Kontratistak aurkeztutako lan-plangintzak aldatu egin zituen aurreikuspenak, eta obren egoera teknikora egokitu zen kontratuaren hasiera. Hiru hilabete eta hiru eguneko epea igaro zen esleitze-ebazpena ematetik zuinketa-akta egin bitartean, epe egokia eta zuzena ekipamendu teknikoak eta materialak obran normaltasunez ezartzeko. Epe horiek zuzenak eta egokiak dira eraikuntzako arau teknikoak betetzeko.
III.5.– Abalak.
– Ez dira egiaztatu abalatutako mailegu-poliza guztiak, eta ezin da, ondorioz, hitzarmenean ezarritako baldintzak betetzen direnik egiaztatu.
Programa kudeatzeko prozeduran, maileguen finantza-baldintzak ziurtatzen dituzte finantza-erakundeek, baina administrazioak abala behin betiko formalizatu aurrekoak. Formalizatu diren mailegu-polizak egiaztatu dira laginketa bidez, eta ondorioztatu da % 100ean betetzen dituztela, poliza guztiek, hitzarmenean ezarritako finantza-baldintzak.
VI.– EAE-ko Administrazio orokorrak «hiriko» proiektuari 2010-2013 urteetan eman dizkion laguntzen eta dirulaguntzen azterketa.
1.– Aurretiko ordainketetan bermeak ezarri beharren eskakizunaren oharpenari buruzkoak:
EAEko Administrazio Orokorrak interpretatu izan du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, 3. artikuluan xedatzen duena aplika daitekeela artikuluak aipatzen dituen bi egoerak aldi berean jazotzen direnean, hau da, aurreratutako edo konturako ordainketarik egiten denean eta aurrerakinen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa denean. Kasu horietan, guztizko dirulaguntza 180.000 eurotik gorakoa izan zen, baina konturako aurrerakinak 180.000 eurotik beherakoak izan ziren.
Edonola ere, ikuspegi logikotik interpretatu behar da 698/1991 Dekretuko 3. artikulua, eta Administrazioak izan ditzakeen arriskuak txikiagotu behar dira, dirulaguntzen aurrerakinak ordaindu eta onuradunek behar bezala erabiltzen ez dituzten egoerei aurre egiteko. Esaterako, 175.000 euroko dirulaguntza baten esparruan % 100eko aurrerakin bat ordaintzea arriskutsuagoa da 300.000 euroko dirulaguntza baten esparruan % 25eko aurrerakin bat ordaintzea baino, eragiketa bakoitzean arriskuan jartzen den zenbatekoa 175.000 eta 75.000 eurokoa baita, hurrenez hurren.
2.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako Etorgai programa ebazteko epearen oharpenari buruzkoak:
Oro har, gainditu egin da 6 hilabeteko gehieneko epe hori oso konplexua delako, batetik, ikerketa- eta garapen-programen ebaluazio zientifiko-teknikoa egitea (Etorgai programan, batik bat); eta bestetik, ebaluazio zientifiko-tekniko altua duten, eta beraz, dirulaguntza jaso dezaketen ikerketa-programa asko daudelako. Horrek hasierako aurrekontu-baliabideekiko desoreka eragin du, eta Zuzendaritza, horrenbestez, ahalegindu egin da beste programa batzuetako kreditu-soberakinak bilatzen, deialdien aurrekontuak handitzeko asmoz. Baina ezinezkoa izan da hori, eta beraz, dirulaguntzen hainbanaketa egin behar izan da egoera jakin batzuetan, gehieneko laguntza-intentsitateak ezin izan direlako lortu. Eta horren guztiaren ondorioz, luzatu egin dira ebazteko epeak.
Dena den, araudien arabera, sei hilabete igaro ondoren, interesatuek beren eskaera ezetsia izan dela ulertu ahal izango dute (administrazio-isiltasun negatiboa).
3.– Onartutako proiektuak justifikatzeko eskatzen den dokumentazioari buruzkoak:
Onartutako proiektuen kopuruari eta ezaugarriei erreparatuta, ezinezkoa da proiektu bakoitzaren gastuak justifikatzeko agiri guztiak ikuskatzea, programaren kudeaketa ez baitzatekeen izango eraginkorra. Horregatik, proiektuak gauzatu izana justifikatzeko agirien lagin bat baliatu da justifikazio-lan hori egiteko.
Horrez gainera, dirulaguntza ematerakoan, ebazpenarekin batera, agiri bat helarazten diegu onuradunei, azaltzeko zer urrats egin behar dituzten proiektuak justifikatzeko, zein den gastuak egozteko prozedura eta zer agiri aurkeztu behar dituzten nahitaez. Alde horretatik, aipatzekoa da aurkeztu beharreko agiriak enpresa guztiek justifikatzen dituzten gutxienekoak direla. Gainera, onuradunei gogorarazten diegu gainerako agiri gehigarriak aurkezteko betebeharra dutela, eta teknikariek, zalantzaren bat baldin badute justifikazioak aztertzeko prozesuan, azalpenak eta agiri gehigarriak eskatzen dituzte eta zuzenketa asko egiten dira.
Hala ere, balioetsi egiten dugu justifikazioen egiaztapeneko kontrolak handitzeko gomendioa, eta, zehazki, dirulaguntzaren onuradunari ziurtagiri ekonomikoa aurkeztea dagokionean, hari ICAC Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren mende dagoen Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean jarduneko egoeran inskribatuta dagoen kontu-ikuskatzaile batek egindako txosten bat aurkez dezan eskatzeko gomendioa.
Alde horretatik, nabarmendu behar da dirulaguntza justifikatzeko kontua aurkezteko betebeharra arautzen dutela Etorgai programaren 2015eko arau-oinarriek, eta proiektuaren kostuen ikuskaritza jaso behar dela kontu horretan. Arauak ezarritako mugara arte lagun daiteke, diruz, auditoria egiteak dakarren gastua; hau da, 1.500 eurora arte eman daitezke proiektu eta enpresa bakoitzeko.
4.– Ebaluazio-irizpideen eta lortu beharreko notaren gaineko oharpenari buruzkoak:
Egia da Etorgai programako araudiak ez duela berariaz bereizten proiektua hautatzeko giltzarriak izango diren irizpideak eta irizpide orokorrak; hala ere, enpresen I+G laguntzeko beste programa batzuek, hala nola, Gaitek eta Nets programek, ezarrita dituzten ebaluazio-prozedura jarraitu da ebaluazioa egiteko, eta prozedura horiek berariaz egiten dute irizpideen arteko bereizketa hori. Anomalia hori egiaztatu denean, zuzendu egin da Etorgai programaren 2015eko araudian.
5.– Proiektuari gehienez emango zaion dirulaguntzaren zenbatekoa % 40koa izateari buruzko oharpena:
Etorgai programaren araudiak, 2014. urtera arte, arautzen zuen proiektuaren guztizko kostuen % 40ko dirulaguntza emango zuela gehienez. Egia da kasu jakin batzuetan gainditu egin dela, agian, ehuneko hori, enpresen partzuergoan tamaina askotako enpresak baldin bazeuden eta tamaina horren proportzioan jaso baldin badute dirulaguntza, baina Etorgai programaren 2015eko araudiak desagerrarazi egin du arazo hori, ez baitu maila desberdineko dirulaguntzarik arautzen enpresaren tamainaren arabera. Etorgai 2015 programak dirulaguntza-maila bakarra arautzen du, % 25ekoa, garapen esperimentaleko proiektuentzat, eta % 40koa, industria-ikerketako proiektuentzat; hala, partzuergoko enpresa guztiek dirulaguntza-maila bera jasotzen dute, haien tamainari erreparatu gabe.
BOTO PARTIKULARRA, HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIKO KIDE DEN JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE JAUNAK «EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN KONTUA, 2013» FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA.
HKEEren Osokoak, 2015eko maiatzaren 28ko bilkuran, aho batez, goiburuan aipatutako fiskalizazio txostena onartu du. Honako boto partikular konkurritzaile hau formulatzen dut aipatutako txostenean honako atal hau jaso izanaren ondorioz: «VI. atala, EAEren Administrazio Orokorrak Hiriko proiektuari emandako laguntzen eta diru-laguntzen analisia, 2010-2013» , ondoko arrazoiak oinarri hartuta:
1.– Eusko Legebiltzarrak jakin nahi izan du administrazio eta erakunde publikoek Hiriko enpresei emandako laguntza, diru-laguntza eta kredituen zenbatekoa zein izan den. Ene ustez, HKEEren txostenak ez du jakingura hori asetzen, izan ere, fiskalizazio egitekoaren xedea EAEren Administrazio Orokorrak soilik emandako laguntza eta diru-laguntzak fiskalizatzera mugatu baitu.
2.– HKEEk bazekien beste administrazio publiko batzuek, gutxienez Estatuko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak, funts publikoak baliatu zituztela Hiriko proiektua babesteko eta, barne araudiari jarraiki, proiektu horretan esku hartu duten enpresek jasotako laguntza, diru-laguntza eta kreditu guztien gaineko txosten berariazkoa jaulki behar zukeen eta bere eskumen esparruan dauden administrazioek emandakoak fiskalizatu; izan ere, EAEren 2013ko Kontu Orokorraren txostenetik bereiztean, aurretik jaulki ahal izango zen.
3.– Eusko Legebiltzarrak Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatu dio administrazio eta erakunde publikoek Hiriko enpresei emandako laguntza, diru-laguntza eta kredituen fiskalizazio txostena egiteko. HKEEk –Eusko Legebiltzarraren zerbitzura diharduen organo teknikoak– bestela jokatu izan balu, Legebiltzarraren beraren besteko den erakunde bati era horretako luze-zabaleko eskabidea egitea saihestuko zukeen.