EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2015146

161/2015 DEKRETUA, uztailaren 27koa, «Euskadiko Kirol Portua, S.A.» kirol-portua zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201500161
Xedapenaren data: 2015-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201503429
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2000/06/27an argitaratutako 2000/06/06ko 200000105 DEKRETUA aldatzen du

Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak du eskumen esklusiboa portuen arloan, hargatik eragotzi gabe EK-ko 149.1.20 artikuluan xedatutakoa.
Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zion EAEko portuen kudeaketa, Pasaiakoarena eta Bilbokoarena izan ezik, horiek interes orokorrekotzat jotzen baitziren.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu, aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuko 13. artikuluaren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari esleitzen zaizkio itsas portu eta gaiei dagozkien arloak eta funtzioak; era berean, aipatu sailari atxikitzen zaiolarik Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoa, zeina ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuaz sortu baitzen.
Aipatu dekretuko 2. artikuluan honako hau esaten da: «Sozietatearen xedea honakoa izango da: kirol-portuen, eta horien inguruen eta instalazioen plangintza egin, eta horiek bultzatu, garatu eta ustiatzea. Ustiaketa hori, sozietateak berak, emakidadun gisa burutu ahal izango du, edo dagozkion eskubideak hirugarren pertsona juridiko nahiz pribatuei laga ahal izango dizkie».
Sozietateak bere helburu soziala lortzea ahalbidetzearren, 105/2001 Dekretuaren bitartez aldatu egin zen ekainaren 6ko aipatu 105/2000 Dekretua, ondokoak Sozietatearen esku uzteari buruzko erregulazioa jasotzeari dagokionez: eskubideak eta ondasunak, jabari publikoko direnak; zehazki. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak edo administrazio horri atxikiak direnak, betiere zerbitzu publikoari bati atxikiak izan eta zerbitzu horren kudeaketa Sozietateari enkargatu bazaio.
Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatea, berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide propio bat edo zerbitzu tekniko bat da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 14ko Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriaz.
Zenbait portuetan, Euskadiko Kirol Portua, S.A.ri esleitu zaio kirol-portua zerbitzu publikoaren kudeaketa, zenbait tresna juridikoren bitartez, betiere une bakoitzean indarrean zen araudiarekin bat etorriaz. Halatan bada, Entrega Aktak sinatuaz, Hondarribian, 2001eko ekainaren 18an; Donostian, 2003ko urriaren 21ean eta 2005eko ekainaren 20an; Getarian, 2005eko ekainaren 20an; Bermeon, 2006ko urtarrilaren 31n; Orion, 2007ko urtarrilaren 17an; edo zegokion dekretua onartuaz Mutrikun (Mutrikuko portuan, kirol-portua zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua S.A.ri esleitzeari buruzko urtarrilaren 21eko 2/2014 Dekretua).
Orain artean, eskubideak eta ondasunak entregatzeko aktetan –sinatutakoetan– zehaztapen-faltak dira, hain justu ere kirol-portua zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzeak dakarren eduki funtzionalari dagokionez; beraz, beharrezkotzat jotzen da zehaztapen-falta horiek konpontzea dekretu honetan.
Bestalde, kirol-portua zerbitzu publikoa emateari dagokionez, Euskadiko Kirol Portua S.A.k baduenez baliabiderik, Administrazioak uste du aipatu zerbitzu publikoaren kudeaketa hobetu daitekeela, baldin eta aipatu sozietate publikoak bere gain hartzen badu; izan ere, badu eta esperientziarik arlo horretan. Hortaz, Debako portuan, kirol-portua zerbitzu publikoa esleitzea komenigarritzat jotzen da.
Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko uztailaren 27an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kirol-portu zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzea.
1.– Debako portuan, kirol-portua zerbitzu publikoa Euskadiko Kirol Portua, S.A.ri esleitzea.
2.– Beraz, Hondarribia, Donostia, Getaria, Bermeo, Orio, Deba eta Mutrikuko portuetan, kirol-portu zerbitzu publikoaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua, S.A.ri dagokio.
2. artikulua.– Kirol-portua zerbitzu publikoaren eduki funtzionala.
1.– Kirol-portuetan baldin eta Euskadiko Kirol Portua, S.A.k bere gain hartua badu kirol-portua zerbitzu publikoa; bada, sozietate horri dagokio –bere helburu sozialean jasotako funtzioekin bat etorriaz– honako hauek egitea: kirol-portuen eta horiei lotutako area eta instalazioen kudeaketa eta ustiaketa, eta guzti horren ondoriozko zerbitzuak ematea. Marko horretan, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k badu eskurik, zerbitzu egokia ematearren, beharrezko jarduketak egiteko eta beharrezko negozio juridikokoak formalizatzeko, betiere bere izaera juridikoaren ondoriozko mugapenekin; izan ere, izaera hori dela-eta ahalmen administratiboak baliatzea dakarten funtzioak esleipen horretatik kanpo geratzen dira.
2.– Kirol-portu zerbitzua publikoari dagokionez, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k ematen duen zerbitzua honelaxe gauzatuko da: aplikatzekoa den araudiarekin bat etorriaz.
3.– Instalazioak egokitu eta altxatzeari dagokionez eta kirol-portuak egoki ustiatzeko behar diren ondasunak eskuratzeari dagokionez, ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuan ezarritakoa konplitu beharko du.
3. artikulua.– Kirol-portua zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzeko baldintzak.
1.– Kirol-portuetan baldin eta Euskadiko Kirol Portua, S.A.k bere gain hartua badu kirol-portua zerbitzu publikoa; bada, honako baldintza hauekin bat etorriaz eman beharko du kirol-portua zerbitzu publikoa:
a) Esleitutako zerbitzu publikoari buruzko kontratazio-espedienteak honelaxe izapidetu beharko ditu: Sektore Publikoko Kontratuen Legean administrazio publiko ez diren botere esleitzaileentzako ezarritako arauei egokituz bere jarduera, eta, halaber, kontratazioari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoaren legerian eta hori garatzeko arauetan jasotako erregelei.
b) Borondatezko epearen barruan, tasak biltzeko kudeaketa Euskadiko Kirol Portua S.A.ri esleitu ahal izango zaio, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean aurreikusitako aukerak baliatuz (lege hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu zen).
c) Portu baten, kirol-portu zerbitzu publikoa esleitzeak berez dakar: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitateko ondasunak eta eskubideak atxikitzea, baldin eta horiek kirol-portu zerbitzu publikoari lotuak badira.
d) Bere ardurapeko zerbitzu eta prestazioen eta burutzen dituen lanen gaineko kalitate teknikoaren erantzukizuna Euskadiko Kirol Portua S.A.ri berari dagokio. Hortaz, esleitzen zaion kirol-portua zerbitzu publikoa ematearen ondoriozko jarduketak direla-eta hirugarrenei eragindako kalte eta galerak indemnizatu egin beharko ditu, legeek seinalatutako mugekin bat etorriaz.
e) Jarraian zehazten diren kasuetariko baten bada Euskadiko Kirol Portua S.A., esleitutako kirol-portuaren kudeaketa automatikoki itzuliko da portuen arloan eskumenak dituen sailera: Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoaren kondizioa galtzea; sozietatea desegitea; ordainketa etetea; kiebra jotzea. Itzultze horrek honako eraginak sortuko ditu:
1) Aipatu zerbitzua kudeatzearren sozietateari entregatu zitzaizkion ondasunak berreskuratzea, kontserbazio- eta funtzionamendu-egoera egokian.
2) Sozietateak eskuratutako ondasun eta eskubideen gaineko titularitatea eta jabetasuna, baldin eta portuen arloan eskumenak dituen sailak uste badu haiek beharrezkoak direla zerbitzurako; azken kasu horretan, betiere, gauzatu gabeko amortizazioak pagatu ostean.
4. artikulua.– Ondasunak eta eskubideak entregatzeko akta.
1.– Behin portu baten kirol-portua zerbitzu publikoa esleitu ostean, atxikitako eskubideak eta ondasunak Entregatzeko Akta sinatuko dute, batetik, portuen arloan eskumenak dituen sailaren ordezkariek eta, bestetik, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k. Sinatutakoaren kopia bat Ogasun eta Finantza Saileko Ondare eta Kontratazioko Zuzendaritzari helaraziko zaio.
2.– Aipatu aktak honako hauen inbentario zehatza jaso beharko du: eskubideak, ondasun higiezinak zein higigarriak, eta horietan diren elementuak, zeintzuk egoki kontserbatu beharko diren, edo, galtzen edo andeatzen badira, Sozietate Publikoaren kontura berritu egin beharko diren.
3.– Eskubideak eta ondasunak Entregatzeko Akta aldatu egin ahal izango da, baldin eta artikulu honetako lehenengo paragrafoan adierazitako betekizunak konplitzen badira, betiere kirol portu zerbitzu publikoa ematean sortzen diren beharrizan berrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Euskadiko Kirol Portua S.A.» sortu eta eta sozietate horren partaidetzak eskurazteko. Eta dekretu horren 5. artikuluko 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta aurrerantzean idazketa hauxe izango du.
«2.– Portuen arloan eskumenak dituen sailak Sozietatearen esku ipiniko ditu honako hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitateko ondasunak eta eskubideak, administrazio horri atxikitakoak eta zerbitzu publikoari atxikitakoak, baldin eta euren kudeaketa Sozietateari enkargatzen bazaio.
Esku ipintze hori honako hau kontuan izanik gauzatuko da: enkargatutik dituen funtzioak baliatzeko, Sozietateari dagokion jardueraren euskarria eta beharrezko tresna dela, alegia. Eta horrek ez dakar ondasunen titularitatea aldatzea, ez eta haien sailkapena aldatzea ere. Sozietatea desegiten bada, ordainketa eteterik badu edo kiebra jotzen badu, aipatu ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziora itzuliko dira.
Entrega Akata sinatzen denetik hara sortuko dira ondasunak eta eskubideak esku ipintzearen ondorioak. Akta horretan ondasun eta eskubideen zerrenda jaso da, eta, batetik, portuen arloan eskumenak dituen sailaren ordezkariek eta, bestetik, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k. sinatuko dute. Sinatutakoaren kopia bat Ogasun eta Finantza Saileko Ondare eta Kontratazioko zuzendaritzari helaraziko zaio».
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitateko gainontzeko portuei dagokienez, portuen arloan eskumenak dituen saileko buruari ahalmenak ematen zaizkio Euskadiko Kirol Portua S.A.ri esleitzeko kirol-portu zerbitzu publikoaren kudeaketa, eta, halaber, dekretu hau garatu eta betearazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko uztailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.