EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2015146

EBAZPENA, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarena, zeinen bidez ezartzen baita post-mortem, ausazko analisiak egitea zezenketa-abelburuei 2015eko zezenketa-denboraldian.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2015-08-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201503428
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, bere eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ikuskizunen osotasuna zaindu eta ikusleen eskubideak defendatu behar ditu.
Bigarrena.– Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileak, zezen-ikuskizunei buruzko kontsulta- eta aholkularitza-organoa den aldetik, 2015eko otsailaren 25eko ohiko bileran eztabaidatu zuen komenigarria izango zen ala ez 2015eko zezenketa-denboraldian zezenketa-abelburuei post-mortem ausazko analisiak egitea, ikuskizunaren osotasuna zaindu eta haren kalitatea hobetze aldera.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Lehenengoa.– Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas-Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 21.1.c) artikuluan hauxe ezartzen du: «Erabiltzaileek ikuskizuna ikusi eta jolas-jardueran parte hartzeko eskubidea izango dute, eta horiek bete-betean jasotzekoa, iragarri diren eran eta baldintzetan».
Bigarrena.– Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55.10 artikuluan ezartzen du, ikuskaritza eta kontrolari dagokienez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak post mortem egindako ausazko azterketak agin litzakeela; 57.10 artikuluan, aukera ematen du ausazko azterketak pikatzeko zaldiei ere egiteko. Hau da, Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, berariaz, horrelako analisiak egin daitezela agintzeko ahalmena ematen dio. Ausazko lagin horiek hartzeak ez ditu kaltetzen ikuskizunaren presidenteak erregelamendu bidez ezarrita dituen ahalmenak.
Agindu horiek eta aplikatu beharreko gainerako araudia ikusita, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak aitortzen dizkidan eskuduntzez baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ausaz laginak hartzea 2015eko zezenketa-denboraldian Euskadiko zezen-plazetan toreatzen diren abelburu batzuei. Laginak hartzeak ikuskaritza eta kontrola egitea izango du helburu.
Bigarrena.– Laginak hartu eta, gero, aztertu behar dira, Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55. artikuluaren 4. eta 5. ataletan ezarritakoa eragotzi gabe.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ezartzen dituen ausazko laginak hartzeko orduan, zehaztapen hauek kontuan hartu behar dira:
1.– 2015. urtean Euskadiko zezen-plazetan egiten den zezenketa bakoitzean toreatuko diren abelburuetako bakar bati hartu ahal zaizkio laginak.
2.– 2015eko zezenketa-denboraldian ausazko laginak adarrei baino ez zaizkie hartuko.
3.– Laginak hartu ahal zaizkie 4 urteko edo 4 urtetik gorako zezenketa-abelburuei (arrak).
4.– Zezenketa bakoitzean lehenengo, eta zozketa hutsez, ezarriko da laginak hartuko diren ala ez, baldintza hauen arabera:
a) Ikuskizunak egin behar diren egunetan, goizean, lehenengo, loteak, zozketa eta abereen banaketa egingo da, zezenketa-ordena zehaztuko da eta abereak bakartuko dira; eta, gero, zozketa hutsa egingo da.
b) Zozketan hauek egon behar dira: plaza-burua edo ikuskizun-burua, abeltzaintza-etxeko ordezkaria, enpresa antolatzailearen ordezkaria, ikuskizunerako izendatu den abelburuen albaitaria eta plaza-ordezkaritza.
c) Zozketa horrela egingo da: poltsa opaku baten barruan itxura bereko bi bola sartuko dira, bata gorria eta bestea zuria. Plaza-ordezkaritzak bi boletako bat aterako du eta, bola gorria ateraz gero, ikuskizun horretan toreatuko diren abelburuetako bati laginak hartuko zaizkio; bestela, bola zuria ateraz gero, ez zaizkio hartuko.
5.– Lagina hartuko dela ezarri bada, bigarren zozketa bat egingo da laginak zein abelbururi hartuko zaizkion zehazteko. Horretarako, zaku opaku batean ikuskizunean toreatuko diren abelburu adina bola sartu behar dira. Bola guztiak berdinak izango dira eta ondoz ondoko zenbakiak izango dituzte, «1»etik hasita, ikuskizunean toreatuko diren abelburuen kopurura heldu arte. Orduan plaza-ordezkaritzak, berriz ere, bola bat aterako du eta bola horrek daraman zenbakia zein den, ordenan leku horretan dagoen abelburuari hartuko zaio lagina.
6.– Plaza-ordezkaritzak zozketen emaitzak akta berriemaile batean jasoko ditu, eta bertan egon diren guztiek sinatuko dute.
7.– Abelburua hil ostean, laginak hartu eta analisiak egingo dira, Segurtasuneko sailburuaren 2015eko abuztuaren 3ko Aginduan ezarritakoaren arabera; agindu horretan arautzen dira zezen-ikuskizun orokorretan lagin biologikoak hartzeko eta aztertzeko prozedura, eta lagin horien analisiak egiten dituzten laborategiak homologatzeko prozedura.
Laugarrena.– Ebazpen hau jakinarazi behar zaie zezen-ikuskizunak antolatzen dituzten enpresei, zezenketa-abelburuak hazten dituzten abeltzaintza-etxeak ordezkatzen dituzten elkarteei, zezen-plazetako buruei, Euskal Autonomia Erkidegoko zezen-plazetako titularrei, izendatutako abelburuen albaitariei eta plaza-ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Segurtasuneko sailburuordeari, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, horrela ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan; 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 4a.
Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,
AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.