EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015144

AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ezartzen duena.

Xedapenaren data: 2015-07-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201503391
Maila: Agindua
HABEri dagokio, besteak beste, helduak alfabetatu eta euskalduntzeko curriculumak sortzea, diseinatzea eta aplikatzeaz arduratzea, irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz eta plangintza egokiak eginez; izan ere, eskumen hori ematen diote, batetik, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta Euskaltegiak Arautzekoak, eta, bestetik, otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren arau organikoak onartzen dituenak.
HABEk sorreratik taxutu ditu euskalduntzeko programak. Hasierakoak izan ziren «Helduen euskalduntzerako programazioa» (HABE, 1981) eta «Helduen euskalduntzea programatzen-84» (HABE, 1983). Ondoren, 1987ko urtarrilaren 7ko Aginduaz, ezarri ziren euskalduntzeko lehen zortzi mailetako edukiak eta ebaluaziorako irizpide oinarrizkoak; eta gero 1989ko azaroaren 17ko Aginduak ordezkatu zituen, helduen euskalduntzeko programa ezarri baitzuen, helduen euskalduntzeak zituen hamabi urratsei zegozkien gaitasunak eta hizkuntz edukiak finkatuz.
Hamar urte geroago, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak curriculuma berritzeko egin zuen proposamenaren harian, eta euskaltegien beharrak kontuan hartuz, «Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua» onartu zuen Kultura sailburuak, 2000ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bitartez, erreferentzia-marko obligaziozkoa izan zezaten HABEk diruz lagundutako euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek. Kurrikulu horrek 1989ko Programa errotik berrikusi zuen, ikuspegi didaktiko berrien ildotik bideratuz.
Lau mailatan banatzen zuen Kurrikuluak euskalduntze-prozesua, eta lau maila horietako helburu orokorrak, metodologia eta ebaluazioa jasotzen zituen. Alabaina, aipaturiko Aginduan lehen hiru mailen edukiak eta ebaluazio-irizpideak garatzen ziren soilik, gerorako utziz laugarren mailari zegozkionak. Hala, Kultura sailburuak 2006ko martxoaren 13an onartu eta indarrean jarri zituen laugarren mailari zegozkion edukiak eta ebaluazio-irizpideak. Eta horren ondorioz, osatua geratu zen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua.
Bien bitartean, 2001ean, Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua onartu zuen Europako Kontseiluak. Hizkuntzalaritza aplikatuan aditu talde baten lan luze eta zabal baten emaitza da, ahozko zein idatzizko ulermen- eta adierazpen-mailak neurtzeko nazioarteko estandarra izan nahi duena.
Horrela, erreferentziazko sei maila jakinetara biltzen ditu Markoak ikasle helduak bigarren hizkuntza ikastean egin behar duen aurrerabidea, sei maila horietako hizkuntzaren erabilera kategoria deskriptiboetan sailkatuz: testuingurua, komunikazio-jarduerak, estrategiak, gaitasunak, prozesuak, testuak eta jarduerak; guztiak komunikazio-gaitasunaren adierazle esanguratsuetan zehaztuta.
Horiek guztiak ahalik eta egokien uztartzea da, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren barruan, Agindu honek indarrean jartzen duen Oinarrizko Curriculumaren egitura eta deskribapen berriaren egitasmoa: helduen euskalduntzearen ikasprozesua, sei mailatan egituratua; elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua; ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua.
Horren kariaz, 29/1983 Legearen 20. artikuluaren arabera, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma HABEren Batzorde Akademikoak 2015eko urtarrilaren 25ean aztertu eta Zuzendaritza Batzordeak 2015eko urtarrilaren 30ean onetsi ondoren, Zuzendaritza Batzordeak berak proposatuta,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Agindu honen helburua da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ezartzea, Agindu honetako Eranskinean azaltzen den eran, HABEk, bere jarduera osoan, eta HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek, helduen euskalduntzegintzaren jardun didaktikoan, bete beharreko gidalerroak eta obligaziozko erreferentzia-markoa izan ditzaten.
2. artikulua.– Curriculuma.
1.– HEOCa Agindu honen eranskinean zehaztutako helburuek, edukiek, ildo metodologiko nagusiek eta ebaluazio-irizpideek osatzen dute.
Helduei zuzendutako curriculum honek hiru lerrun nagusi ditu: Oinarrizkoa, Aurreratua eta Aditua; eta lerrunok bina maila: Oinarrizko erabiltzailearenak A1 maila (Hasierakoa) eta A2 maila (Oinarrizkoa) biltzen ditu, Erabiltzaile aurreratuarenak B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) mailak, eta Erabiltzaile adituarenak C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailak.
2.– Oinarrizko curriculum honek ezartzen dituen euskararen sei gaitasun mailak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen gidalerroetan oinarritzen dira, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu, ikas-irakasteko eduki eta helburuei dagokienez.
3.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen irakasjarduera, oro har, ikaslearen sei gaitasun-maila horietakoren bat eskuratzera bideratua egongo da; eta iraupen eta trinkotasun desberdineko ikastaro-eskaintza malguaren bitartez antolatuko da, gizarte-behar ezberdinei erantzutearren. Era berean, euskaltegiek xede bereziko ikastaroak ere antolatu ahal izango dituzte, betiere euskara biziberritzeko onartutako plangintza batean txertatuta badaude, nahiz eta arestian aipatutako gaitasun-helburu orokor horiek bete-betean ez aurreikusi.
3. artikulua.– Curriculumaren egitura, ikasprozesuaren mailak, azpimailak eta orduak.
1.– HEOCaren egitura hiru lerrun eta sei mailatan sailkatzen da eta maila bakoitzaren ikasprozesurako aurreikusitako ordu-kopuruak ematen dira.
a) Oinarrizko lerruna. (A1 + A2): Oinarrizko erabiltzailea.
Oinarrizko lerrunaren xedea da ikasleak eguneroko gaiei buruzko euskarazko testu laburrak ulertzea, eta ahoz zein idatziz –baina gehienbat ahoz–, euskara elkarreraginean erabiltzea, labur eta sinple, baina egoki eta eraginkor.
A1 maila: Hasierako erabiltzailea.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da eguneroko harremanetan eta aurrez aurreko testuinguru ezagunetan beharrezkoak diren hitzak eta esapide sinpleak ulertzeko eta erabiltzeko, eta baita berehalako premiei lotutako galderei (bere buruaren eta besteren aurkezpena, eta helbideari, gauzei eta ezagutzen duen jendeari buruzko oinarrizko informazioa) erantzuteko ere.
A1 Hasierako erabiltzailearen maila lortzeko, 125 irakastorduko prozesua aurreikusten da, betiere, ikaslearen abiapuntua kontuan izanik. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 75 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
A2 maila: Oinarrizko erabiltzailea.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da egoera ezagunetan kideekin (lagun, senide, lankide, etab.) aurrez aurreko elkarreraginean gauzen eta pertsonen deskribapenak eta azalpen errazak egiteko eta ulertzeko, baldin eta bere esperientzia-esparruarekin loturiko gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena eskatzen badute: bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, eta erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzkoa.
A2 Oinarrizko erabiltzailearen maila lortzeko, 200 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta A1 mailaren atalasetik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 100 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
b) Lerrun aurreratua (B1+B2): Erabiltzaile aurreratua.
Lerrun aurreratuaren xedea da ikasleak ohiko testuinguru, gai eta egoera ezagunetan instrukzioak, kontaketa laburrak eta azalpen-testuak ulertzea, eta, ahoz zein idatziz, euskara zehaztasunez eta eraginkortasunez erabiltzea. Xede ere izango da ikasleak elkarreraginean, bere lan-esparruko gaiei buruz, alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz, deskribapenak egitea eta azalpenak eta iritziak eraginkortasunez ematea.
B1 maila: Erabiltzaile independentea.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan eta maila bereko solaskideekin elkarrizketak izateko, gai orokorra eta ohikoa izan eta xedea informazioa trukatzea denean. Era berean, gai izango da lagunei, senideei eta ikaskideei edo lankideei instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta gertaeren kontaketa laburrak egiteko. Gai izango da, baita ere, bere iritziak labur-labur emateko eta bere asmoak azaltzeko.
B1 Erabiltzaile independentearen maila lortzeko, 250 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta A2 mailaren atalasetik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 150 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
B2 maila: Erabiltzaile aurreratua.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da aurrez aurre duen solaskideak zein komunikabideetako esatariak, gai orokor nahiz abstraktuei buruz egiten dituen testu gehienak ulertzeko, eta ongi bereiziko ditu ideia nagusiak eta bigarren mailakoak. Gai izango da lagun eta lankideekin, baita euskaldunekin ere, ohiko elkarreraginean jariotasunez aritzeko, besteak jakinaren gainean jarriz, iritzia eskatuz, bere ikuspegia defendatuz, etab. Ohiko gai eta egoera ezagunetan adierazpen argiak egingo ditu. Bere lan-esparruko hainbat gairi buruzko deskribapenak eta azalpenak ere emango ditu alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz, eta bere iritzia ere eraginkortasunez emango du.
B2 Erabiltzaile aurreratuaren maila lortzeko, 350 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta B1 mailaren atalasetik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 250 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
c) Adituaren lerruna (C1+C2): Erabiltzaile aditua.
Adituaren lerrunaren xedea da eremu profesional, publiko zein pertsonalean, ikasleak era guztietako informazioa euskaraz trukatzeko gai izatea era landu eta jantzian, ahoz zein idatziz, gaia, solaskidearen jarrera edota euren arteko harreman-maila zeinahi delarik, hizkuntza-adierazleak estrategikoki erabiliz eta hizkeraren maila denotatiboa zein konnotatiboa bereiziz.
C1 maila: Erabiltzaile gaitua.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako edozein testu (elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak) ulertzeko; baita inguruko herri-hizkeran sortutakoak ere. Eta gai izango da, era berean, lagunarteko elkarreraginean, lan-esparruan eta komunikabideetan ideiak eta iritziak jariotasunez eta eraginkortasunez adierazteko. Ongi egituratutako eta osatutako testu argiak eta zehatzak idazteko gai izango da, ideia nagusiak eta osagarriak bereiziz, eta, oro har, xedea lortzeko estrategia egokiak aukeratuz. Era berean, bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko gai izango da, ideia osagarriak eta adibide egokiak emanez.
C1 Erabiltzaile gaituaren maila lortzeko, 400 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta B2 mailaren atalasetik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 350 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
C2 maila: Erabiltzaile aditua.
Maila hau burutzean ikaslea gai izango da norbere espezialitateko nahiz gai orokorretako testuak ulertzeko, eta egoerari egokituz, zuzen eta zehatz, arrakastaz ekoizteko. Gai izango da, jariotasun handiz eta zehaztasunez, gauzak adierazteko, baita konplexutasun handiko egoeretan esanahiaren ñabardura txikiak bereizteko ere.
Maila honetan matrikulatu ahal izateko, C1 mailaren agiria edo baliokidea izan beharko du ikaslegaiak. C2 Erabiltzaile adituaren maila lortzeko, 200 orduko ikastaroa egin beharko du ikasleak. Horiez gain, bakarlanean eta bere espezialitateari dagokion proiektua garatzen eta lantzen ikasleak beste 500 lanordu jardun beharra aurreikusten da.
2.– Azpimailak.
HEOCaren sei gaitasun mailak eskuratzeko ibilbide didaktikoan azpimailak bereiziko dira, hizkuntza-trebetasun hartzaile eta ekoizleetan ikasleek dituzten gaitasunetan oinarrituta.
Azpimaila horiek HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez ezarriko dira, azpimaila bakoitzaren helburuak adierazita.
4. artikulua.– Ikaslearen aurrerabidea eta ikas-prozesuan izandako jarraipena.
Maila bateko ikasprozesuari hasiera emateko, aitzineko mailan zehaztutako helburuak gaindituak behar dira izan, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak dagozkion jarraibide eta epeetan adierazita, edota urterik urte egiten diren egiaztatze-deialdietan aitortuta.
5. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
Maila bat gainditzeko, trebetasun bakoitzari dagokion ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (2) bete beharko da, curriculumaren «ebaluazio irizpideak eta eskalak» atalean jasotakoaren arabera.
6. artikulua.– Ikastereduak.
HEOCa bideratzeko ikastaroak aurrez aurreko, tutorizatutako autoikaskuntzako eta jardun biko ereduen ezaugarrietara bilduko dira.
7. artikulua.– Euskaltegiaren curriculum-proiektua.
1.– HEOC honek ezarritako gidalerroen garapenerako bere izari-ezaugarrien araberako curriculum-proiektua osatu behar du euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzak, une oro bertako jardunbideei norabidea eta koherentzia eskaintzeko, izan ikasgeletan, izan euskaltegian bertan. Horrela, euskaltegiari eta euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzari aitortzen zaion autonomia pedagogiko eta antolatzailearen barruan, irakasle-taldeari dagokio zehaztapen hau burutzea. Horretarako, euskaltegiak inguruko eragileek bizi duten egoera soziolinguistikoari erreparatuko dio, behar bezalako curriculum-egokiera egin dezan, betiere, ikasleen komunikagaitasuna abiapuntu hartuz.
2.– HEOCaren ezarpenerako, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzak bere curriculum-proiektua aurkeztu behar dio HABEren zuzendari nagusiari, jarraian datozen gidalerroak jasoz, curriculum-jarduerarekiko printzipioak eta irizpideak ezarriz, balio-aukerak azalduz eta xedeak zehaztuz:
– Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak bere egiten dituen hizkuntzaren ikas-irakaskuntzari buruzko printzipio nagusiak.
– Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentroak bizi duen egoeraren eta bere inguru sozialaren beharren azterketa eta autoebaluazioa.
– HEOCak zehazten dituen helburu eta edukien aukera eta hurrenkera, euskaltegi zein euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzaren eta ikasleen beharretara egokituz.
– HEOCa mailaka egokitzeko proposamena, baita maila nahiz azpimaila bakoitzeko aurreikusten den ordu-kopurua ere.
– Hobetsitako aukera metodologikoak.
– Lehenetsitako ikastereduak.
– Ikasmaterialen eta irakasmaterialen proposamena eta hauek aukeratzeko irizpideak.
– Ikasleak, irakasleak eta euskaltegia bera ebaluatzeko aribideak.
3.– Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek bost urtetik behin, gutxienez, eguneratu beharko dute curriculum-proiektua, ikasgeletan zein euskaltegietan nahiz euskararen autoikaskuntzarako zentroetan lortzen dituzten emaitzen baitan, prozesu horretan hizkuntzen ikas-irakaskuntzak eta teknologiak izan ditzaketen aurrerabidea euskaltegien nahiz euskararen autoikaskuntzarako zentroen errealitate eta ikasleen beharretara egokituz.
8. artikulua.– Curriculum-proiektua erregistratzea.
Euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentroak igorritako curriculum-proiektua aztertu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak proiektua euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotzeko aginduko du, proiektuak dagokion aldeko txostena jaso ondoren.
Nolanahi ere, aurkeztutako proiektua HEOCean xedatutakoarekin edo aplikagarri zaion araudiarekin bat ez baletor, euskaltegiari jakinaraziko dio HABEren zuzendari nagusiak, modu egokian osatua izan dadin Erregistrora bildu aurretik.
XEDAPEN GEHIGARRIA
HEOCaren gaitasun-mailak horrela baliokidetzen dira:
– 2000/2006ko Curriculumaren 1. maila eta HEOCaren B1 Erabiltzaile independentea.
– 2000/2006ko Curriculumaren 2. maila eta HEOCaren B2 Erabiltzaile aurreratua.
– 2000/2006ko Curriculumaren 3. maila eta HEOCaren C1 Erabiltzaile gaitua.
– 2000/2006ko Curriculumaren 4. maila eta HEOCaren C2 Erabiltzaile aditua.
XEDAPEN IRAGANKORRETATIK LEHENENGOA
Agindu hau indarrean sartu ondoren, euskarako gaitasun-mailak egiaztatzeko 2015eko 2. deialdia aurreko Curriculumaren arabera burutuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRETATIK BIGARRENA
Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek bi urteko epea izango dute Agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera egun indarrean duten curriculum-proiektua Agindu honetan xedatzen denera ekartzeko.
XEDAPEN IRAGANKORRETATIK HIRUGARRENA
Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan zehaztutako egiaztatze-prozedura Agindu honetan ezarritakora egokitu bitartean, A1 eta A2 mailak egiaztatzeko inolako berezitasun beharrik ikusiz gero, HABEren zuzendari nagusiak urteroko deialdiak antolatzeko onartzen dituen oinarrietan jaso eta zehaztuko ditu berezitasun horiek.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da helduen euskalduntzearen arloan Agindu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek:
– Kultura eta Turismo Sailaren Agindua, 1989ko azaroaren 17koa, Helduak Alfabetatzerako Irakaskuntza Programa ezarri zuena, HABE Erakunde Publikoak diruz lagundutako euskaltegiek bete zezaten.
– Kultura sailburuaren Agindua, 2000ko urtarrilaren 24koa, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua onartuz, erreferentzia-marko obligaziozkoa ezarri zuena HABEk diruz lagundutako euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentroentzat.
– Kultura sailburuaren Agindua, 2006ko martxoaren 13koa, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren laugarren mailari zegozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartu zituena.
– Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 3., 4., 5. eta 6. artikuluak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren aldaketa. Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 2. eta 7. artikuluak honela idatzita gelditzen dira:
2. artikulua.– Egiazta daitezkeen mailak.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean jasotzen diren ondorengo mailak egiaztatu ahal izango dira:
– A1 Hasierako erabiltzailea
– A2 Oinarrizko erabiltzailea
– B1 Erabiltzaile independentea
– B2 Erabiltzaile aurreratua
– C1 Erabiltzaile gaitua
– C2 Erabiltzaile aditua
7. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
HEOCean ezarritakoari jarraikiz, komunikazio-eraginkortasuna izango da ebaluazio-irizpide nagusia. Azterketariak eskatu zaion ekintza komunikatiboa bete beharko du zuzentasunez eta egokitasunez, xedatutako maila eta trebetasun bakoitzaren zehaztasunetara ekarriz, eta ondoren adierazten direnak kontuan hartuz:
– Testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna: egoerari eta hartzaileari egokitzeko gaitasuna. Erregistroa.
– Ideien koherentzia; diskurtsoaren antolaketa eta garapena (konexioa eta kohesioa); testu-generoarekiko egokitasuna. Puntuazioa. Ahozkoan, prosodia.
– Erabilitako baliabide linguistikoen zuzentasuna eta aberastasuna. Gramatikarekiko egokiera. Ortografia. Lexikoa.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ahalmena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari, berari dagozkion eskumenen eremuan, Agindu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honen euskarazko eta gaztelaniazko idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, 2015eko urriaren 1etik aurrera jarriko da indarrean ondorio guztietarako, 2015-2016 ikasturte berriaren hasieran.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.