EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2015143

AGINDUA, 2015eko uztailaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015-2017 epealdian EAEko industria sektoreko enpresetan euskara lan-hizkuntza izan dadin diru-laguntzak ematea arautzen duena (EUSLAN Deialdia).

Xedapenaren data: 2015-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201503376
Maila: Agindua
Gernikako Autonomia Estatutuak 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, hizkuntza ofizialaren maila du Euskadin, gaztelaniak bezala, eta hemengo biztanle guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Alabaina, bi hizkuntza ofizialetako batek, euskarak hain zuzen, erabilera maila apalagoa du gaztelaniak baino. Horregatik, bi hizkuntza ofizialen erabilera orekatzeko bidean, euskararen presentzia eta erabilera areagotzea dugu erronka.
Alde horretatik, beharrezkoa eta onuragarria da hizkuntzaren normalizazioa arlo sozioekonomikoan, bereziki euskara lan hizkuntza gisa erabiltzeari dagokionez. Alor horretan bertan, ibilbide luzea egina da Eusko Jaurlaritzan. Izan ere, 1991n, Eusko Jaurlaritzako bi sailek (Lan eta Gizarte Segurantza Saila eta Nekazaritza Saila), Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak, hiru foru aldundiek eta aholkularitza enpresa batek bost urterako hitzarmena sinatu zuten, euskararen erabilera lan munduan bultzatzeko xedez hainbat enpresatan esperientzia pilotuak sustatzeko.
2006an, LanHitz programa markoa ezartzeari ekin zitzaion, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko. Herri administrazioek eta enpresa eta sindikatuetako ordezkari gorenek adostutako programa horrek, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde kopuru handi batengana iritsi nahi du, arlo ekonomikoetan ekimen bateratuak garatzeko ingurumari egokia sortzeko xedez.
Eusko Jaurlaritzak, LanHitz programa marko horren testuinguruan, BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortu zuen, 53/2009 Dekretuaren bitartez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez».
Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako onartu eta gauzatzen ari den Euskararen Agenda Estrategikoak euskararen erabilera sustatzeko esparru garrantzitsutzat jotzen du arlo sozioekonomikoa, eta alor horretako eragile nagusiekin akordioak lantzeko ekimena jasotzen du, enpresa munduan euskararen erabilera handitzeko xedez.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio «erakunde pribatuen euskara-planak diseinatzen, abian jartzen eta garatzen laguntzea eta horren sustapena egitea» (24.c artikulua). Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak, euskararen erabilera alor sozioekonomikoan sustatzeko praktika onak identifikatu eta zabaltzeko borondatea du. Hori horrela, euskaraz lan egitea helmuga duen bidean aurreratuen dauden enpresen artean ezagutza-trukaketa egituratzeko programa pilotu bat jarri nahi du abian, horren helburua izanik, betiere, LanHitz programa eta Bikain ebaluazio-sistema eraginkortasunez indartzea eta ahalik eta gehien zabaltzea, enpresetan euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza kudeaketa sustatzeko praktika onak gero eta enpresa gehiagotara hedatuz.
Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa den programa pilotu hau gauzatzeko xedez euskararen erabilera beren lan-jardueran normalizatzeko ahaleginean aurreratuen dauden industria sektoreko enpresak hautatu nahi ditu. Zentzu honetan, programa pilotu honen helburuak betetzea bermatzeko biderik egokiena da, barne funtzionamenduari begira zein kanpokoari begira ekimen propioak arrakastaz garatu dituzten eta aktiboki programa publikoetan parte hartu duten enpresak hautatzea. Hau da, euskaraz lan egiteko bidean aurrera egin dutenak, eta egokiera onean daudenak enpresetako lan hizkuntza euskara izateko, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburua da EAEko industria sektoreko enpresetan euskara lan-hizkuntza izan dadin programa bat abian jarri eta gauzatzea. Programarako gehienez hamahiru (13) enpresa aukeratuko dira. Hori horrela, Agindu honen xedea da 13 enpresa horiek aukeratu eta urte anitzeko diru-laguntza (2015-2017) emateko modua arautzea.
Programa horren helburu bikoitza honako hau izango da: batetik, industria-enpresetako lan-hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian; bestetik, Eusko Jaurlaritzak arlo sozioekonomikoan bideratzen eta bideratuko dituen ekimenen eraginkortasuna areagotzeko ondorio eta ikasbide baliagarriak ateratzea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak
Aurreikusitako urte anitzeko (2015-2017) diru-laguntza 1.017.295 eurokoa izango da, eta irizpide hauen arabera baliatuko da bi multzotan: EUSLAN1 multzoan 271.355 euro eta EUSLAN2 multzoan 745.940 euro.
1.– Lehenik, EUSLAN1 multzoa horrela banatuko da:
a) Multzo honetan enpresa aitzindari izateko baldintzak betetzen dituena aukeratuko da (14. artikuluak dioenari jarraituz). Enpresa horrek 2014ko Bikain deialdian goi-mailako ziurtagiria lortua izango balu, 5.000 euroko diru-kopuru gehigarria jasoko luke 2015ean.
b) Gainontzeko dirua (266.355 euro) programaren lan-planaren barruan aurreikusten diren praktika aurreratuenak egokitu eta bideratzeagatik, eta praktika horietatik ateratako ondorioak programaren zuzendaritza teknikoarekin batera maila teoriko-praktikoan lantzeagatik jasoko du, urte bakoitzean gehienez 88.785 euroko kopurua eskuratuz.
2.– Jarraian, EUSLAN2 multzoan dagoen dirua (745.940 euro) gainontzeko enpresen artean (gehienez 12 enpresa) banatuko da, ondorengo prozedura honi jarraituta:
a) Lehenengo, 2014ko Bikain deialdian, Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortua izango balute, diru-kopuru gehigarri bat jasoko lukete 2015ean: 5.000 euro goi-mailako ziurtagiriaren kasuan, eta 3.000 euro erdi-mailakoa lortu bada. Guztira honetarako 17.000 euro.
b) Gainontzeko dirua (728.940 euro) hiru urtetan banatuko da (urte bakoitzeko 242.980 euro), lan-planean parte hartzeko hautatutako enpresen artean. Enpresa bakoitzak urte bakoitzean jasoko duen kopurua gehienez ere 2014ko Lanhitz deialdian esleitutakoaren % 110 izango da. Kopuru hori kalkulatzeko ez da kontuan izango Bikain Ziurtagiria 2013an lortzeagatik 2014an eskuratutakoa.
3. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten industria sektoreko enpresak.
2.– Honako hauek ez dira enpresa onuraduntzat joko:
a) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.
b) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.
4. artikulua.– Enpresa eskatzaileen betekizunak.
1.– EAEko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
3.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda izan beharko dute. Betekizun hau ezinbestekoa da baiezko ebazpena izanez gero ordainketak egiteko.
4.– Halaber, eskatzaileari diru-laguntza esleitzeko eta ordaintzeko, onuradunak egunean egon beharko du zerga-zorren ordainketan eta Gizarte Segurantzarekikoan.
5. artikulua.– Enpresa eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Hauek dira enpresa eskatzaile guztiek (EUSLAN1 eta EUSLAN2) bete behar dituzten baldintzak:
1.– Industria sektorekoa izatea.
2.– 2014ko LanHitz deialdiaren esleipendunak eta 2015ekoan eskaera eginda eta dokumentazioa aurkeztuta izatea.
3.– 150etik gora langile izatea.
4.– Baldintza horietaz gain, hauek dira multzo bakoitzean parte hartzeko enpresek bete behar dituztenak.
a) EUSLAN1 multzoan:
1.– Goi-mailako Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria (urrezkoa) enpresa osoari dagokiona gutxienez bitan eskuratua izatea.
2.– Langileen artean elebidunen kopurua gutxienez % 90ekoa izatea.
3.– Enpresaren barne harremanetan euskara lan hizkuntza gutxienez % 85 betea izatea, Erreferentzia Marko Estandarraren arabera.
b) EUSLAN2 multzoan:
1.– Goi-mailako BIKAIN ziurtagiria (urrezkoa), enpresa osoari dagokiona.
2.– Urrezko BIKAIN izan ezean, erdi-mailakoa (zilarrezkoa), enpresa osoari dagokiona, izatea, eta beste baldintza hauek ere betetzea:
a) Enpresaren barne harremanetan lan-hizkuntza gutxienez % 65ean euskara izatea, LanHitzen parametroen 3. ardatzean zehaztutakoaren arabera.
b) LanHitz deialdian onuraduna gutxienez 10 urtez.
c) Langile elebidunak gutxienez % 65.
3.– Goi-mailako edota erdi-mailako Bikain ziurtagiririk (enpresa osoari dagokiona) izan ezean, aurreko puntuko a) eta b) baldintzez gain, beste baldintza hau ere betetzea:
a) Langile elebidunak gutxienez % 75.
Baldintzetan eskatutakoak betetzen direla konprobatzeko organo kudeatzaileak enpresa eskatzaileek 2015eko LanHitz deialdian eskabidea egiteko garaian aurkeztutakoak, eta Planhitz aplikazioan eskabidea aurkezteko epean jasotakoak hartuko dira kontuan.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, eta irailaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
2.– Eskabide-orri normalizatua, behar bezala beteta, eta agiriak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, postariak data eta zigilua jarri diezazkion eskabide-orriari, ziurtapena egin baino lehen.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Jardueraren ingurukoa: Enpresa eskatzaileak bi multzoetan (EUSLAN1 eta EUSLAN2) parte hartzeko eskabidea egin dezake, beti ere 5. eta 14. artikuluek ezarritako baldintzak betetzen badira. Enpresa eskatzaileak eskabide-orrian zein multzotan parte hartu nahi duen adieraziko du, hau da, batean zein bietan, jakinda multzo bakar bateko diru-laguntza eskuratzeko aukera bakarrik izango duela. Eskabide-orrian bi multzoak markatzen badira, bi jarduerei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da, hots, hiru urterako dinamizazio- eta lan-plana eta aurrekontua urteka desglosatuta (EUSLAN1) eta hiru urterako lan-plana eta dagokion aurrekontua urteka desglosatuta (EUSLAN2). Multzo bakarrean eskatuz gero, multzo horri dagokiona.
2.– Enpresa eskatzailearen ingurukoa: 2015eko LanHitz deialdian aurkeztutako dokumentazioa hartuko da kontuan. Dokumentazioa berriro aurkeztu beharko da, baldin eta LanHitz deialdirako aurkeztutakoan aldaketak izan badira.
9. artikulua.– Enpresa eskatzaileen betebeharrak.
Enpresa eskatzaile guztiek honako betebehar hauek izango dituzte, eta horrela adieraziko dute eskabide-orrian:
1.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren jabegoak bere egingo du lan-planaren helburua, eta helburu estrategikotzat hartuko du, eta lan-planaren iraunaldiaren barruan helburu hori beteko du.
2.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren jabegoak lan-plan honi dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren baliabide ekonomiko zein giza baliabideak jarriko ditu. Era berean, enpresa bakoitzak langileekin hitzartutako baldintzak errespetatuko ditu.
3.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren zuzendaritza lan-planean zuzen-zuzenean inplikatuko da, planaren kudeaketa eta jarraipen bileretan parte hartuz.
4.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzeko langileen ordezkaritzak bere egingo du lan-plan honen helburua eta enpresa bakoitzaren jarraipen lanetan zuzenean inplikatuko da. Hala egin nahi lukeen enpresa parte-hartzaileak, langileen batzar orokor batean onetsi lezake lan-plan honen helburua.
5.– Lan-planean inplikaturiko langileek aldez aurretiko onespen informatua sinatuko dute, planaren barruan bakoitzaren eginkizuna ezagutzen eta onartzen dutela adieraziz.
10. artikulua.– Enpresa eskatzaileek egin beharreko jarduerak.
1.– EUSLAN1 multzoko enpresari dagokionez, hauek izango dira egin beharreko jarduerak:
a) Lan-planaren barruan aurreikusten diren praktika aurreratuenak egokitu eta bideratu, eta praktika horietatik ateratako ondorioak programaren zuzendaritza teknikoarekin batera maila teoriko-praktikoan lantzea.
b) Lan-planean aurreikusitako praktika aurreratuenak gauzatzeko prozeduratik ateratako ondorioak, enpresa parte-hartzaileek planerako izendaturiko ordezkariekin eta HPSrekin partekatzea, nagusiki honako jarduera hauen bidez:
1.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzarentzako urtez urteko helburuak eta lan-planaren lanketan parte hartzea.
2.– Enpresa parte-hartzaileetan gauzatzen den lan-planaren jarraipenean parte hartzea, eginkizunen zuzentasuna eta erritmo egokia zainduz.
3.– Enpresa parte-hartzaileetan gauzatzen den lan-planaren emaitzen urteko ebaluazioan parte hartzea.
c) Lan-planaren ondorioak LanHitz programa osoan eta Bikain Ziurtagiriaren prozesuetan aplikatzeko bideen kontrastean parte hartzea.
d) Euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzeko lortutako maila aurreratuari eusteko egin beharreko jarduerak burutzea.
2.– EUSLAN2 multzoko enpresek egin beharreko jarduerak honakoak izango dira:
a) Urteko lan-planaren diseinu, kudeaketa eta jarraipenean parte hartzea, zuzendaritza teknikoaren gidaritzapean eta harekin lankidetzan.
b) Urteko lan-planek ezarritako eginkizunak betetzea, zuzendaritza teknikoaren gidaritzapean eta harekin lankidetzan.
c) Lan-plana enpresan gauzatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta pertsonalak ipintzea.
d) Ikasteko plan pertsonalizatuen garapena eta jarraipena bermatzea.
e) Prozesu ezberdinetako kudeaketa planetan euskalduntze prozesua eta honen jarraipen adierazleak barneratuta izatea.
f) Langile guztien ibilbide profesionala errespetatzea, lanpostuetan euskaraz aritzeko beharrezkoak gerta litezkeen egokitzapenak egiteko helburuari uko egin gabe.
g) Langileen kontratazio-politika plan honen helburuetara egokitzea.
h) Enpresa parte-hartzailea Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko 123/2008 Dekretuaren eragin-eremukoa balitz, aipatu arauak ezarriko lizkiokeen obligazioak betetzea.
11. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.
1.– Planaren auto-finantzazioa gutxienez % 20koa izatea.
2.– Enpresak bere jarduerak 8. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu.
12. artikulua.– Kudeaketa
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.
13. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Jasotako eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:
a) Jorge Giménez Bech jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena, edo haren ordezkoa, Joseba Lozano Santos jauna, Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria.
b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga andrea, Hizkuntza Politikako aholkularia, edo haren ordezkoa, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Euskara Sustatzeko zuzendaria.
c) Koro Urkizu Miner andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.
d) Itziar Gallastegi Arregi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
2.– Balorazio-batzorde honek, agindu honen 2., 5., 14. eta 15. artikuluetan ezarritako diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, aurkeztutako planak aztertu eta baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio. Behin Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen-proposamenak sinatuta, enpresa onuradunei jakinaraziko zaie eta, EHAAn argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.
3.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan.
14. artikulua.– Enpresak hautatzeko eta diru-laguntza ebazteko prozedura.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez erabakiko da; hots, industria-sektoreko gehienez 13 enpresa (enpresa 1 EUSLAN1 multzoan, eta 12 enpresa EUSLAN2 multzoan) aukeratuko dira Agindu honen 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean.
2.– Behin eskaera guztiak aztertuta, planean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten enpresen kopuruak multzo bakoitzerako aurreikusitako kopurua gaindituko balu, irizpide hauek erabiliko lirateke plana abian jartzeko aurreikusitako 13ko kopurura (enpresa 1 EUSLAN1 multzoan, eta 12 enpresa EUSLAN2 multzoan) egokitzeko.
a) EUSLAN1 multzoaren kasuan:
1.– Goi-mailako Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria (urrezkoa) enpresa osoari dagokiona bitan baino gehiagotan eskuratua izanez gero, Bikain gehigarri bakoitzeko 10 puntu emango zaizkio.
2.– Langileen artean elebidunen kopurua % 90etik gorakoa bada, hortik gorako ehuneko puntu bakoitzeko puntu bat lortuko da.
3.– Enpresaren barne harremanetan euskara lan-hizkuntza, Erreferentzia Marko Estandarraren arabera % 85etik gorakoa bada, hortik gorako ehuneko puntu bakoitzeko puntu bat lortuko da.
4.– Hiru irizpide horiek betetzen dituzten enpresen artean, irizpideekin batera zehaztutakoaren arabera puntu gehien ateratzen dituen enpresa aukeratuko da.
b) EUSLAN2 multzoari dagokionez:
1.– Langile elebidunen kopurua % 75etik gorakoa bada, puntu bat ehuneko bakoitzeko.
2.– Enpresaren barne harremanetan euskara lan-hizkuntza % 65etik gorakoa bada, puntu bat ehuneko bakoitzeko.
3.– Bi multzoetako enpresak hautatu ondoren, eskatutako diru-laguntza esleitzeari ekingo zaio, 15. artikuluak ezarritakoari jarraituz.
4.– Hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko diru-laguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.
15. artikulua.– Diru-laguntzen mugak
1.– Esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango.
2.– Nolanahi ere, EUSLAN1 multzoari dagokionez, kontuan hartuko da Agindu honen 2.1 artikuluak jasotakoa, eta EUSLAN2 multzoaren kasuan, enpresa bakoitzak urte bakoitzean jasoko duen kopurua gehienez ere 2014ko Lanhitz deialdian esleitutakoaren % 110 izango da. Kopuru hori kalkulatzeko ez da kontuan izango Bikain Ziurtagiria 2013an lortzeagatik 2014an eskuratutakoa (2.2 art.).
3.– Horretaz gain, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortzen duen Aginduak ezarritako ebaluazio-prozesua 2014an burutu eta horren ondorioz Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratu duten enpresa eskatzaileei diru-kopuru gehigarria emango zaie ziurtatutako mailaren arabera, 2. artikuluak ezarritakoari jarraituz.
4.– Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak:
1.– EUSLAN1 multzoari dagokionez:
a) Plangintzaren barruan aurreikusten diren praktika aurreratuenak egokitu eta bideratzeko, eta praktika horietatik ateratako ondorioak programa pilotuaren zuzendaritza teknikoarekin batera maila teoriko-praktikoan lantzeko ardura bere gain hartzen duen pertsonaren gastua, eta lan horretarako beharrezkoak diren ekipamendu eta jarduera gastu arruntak (bidaiak, dietak, bulego eta informatika materialak, telefonoa).
b) Gastu horiez gain, EUSLAN2 multzorako zehazten diren gastuak ere kontuan hartu ahal izango dira.
2.– EUSLAN2 multzoari dagokionez:
a) Itzulpenak.
b) Batzarretako aldi bereko itzulpen-zerbitzua.
c) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu.
d) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz.
e) Softwarea. Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean.
f) Lan-planaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:
1.– Euskara Batzordearen jarduera aintzat hartuko da azpi-kontzeptu honetan; hots, euskara batzordekideen lan-bileren orduak.
2.– Euskara-koordinatzailearen dedikazioa ere kontuan hartuko da; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.
3.– Enpresa eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, lan-programaren inplementazioan laguntzeari dagokion gastua ere aintzat hartuko da.
g) Bestelako gastuak, betiere, planaren barruan onartutako lan-programari dagozkionak badira. Gastu hauetatik kanpo geldituko dira ohiko euskalduntze- edo/eta alfabetatze-gastua.
16. artikulua.– Bateraezintasunak eta bateragarritasunak
1.– Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren enpresek ezin izango dute LanHitz deialditik diru-laguntzarik jaso, Agindu honen xede den programa pilotua indarrean dagoen bitartean.
2.– Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2015ean beste bideren batetik diruz lagundutako jarduerak.
3.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion diru-laguntzara arte.
17. artikulua.– Ebazpena
1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hiru hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.
3.– Diru-laguntza ebazteko garaian, bertan emango den informazioa izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 51.7. artikuluak jasotakoa.
4.– Hiru hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
5.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena
Diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) egun balioduneko epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketak
Diru-laguntzaren ordainketa lau zatitan egingo da:
a) 2015. urteari dagokion % 50a: ebazpena jakinarazitakoan (diru-laguntza onartutzat ematen den egunean hasi eta bi hilabeteko epean).
b) 2015. urteari dagokion bigarren % 50a eta 2016. urteari dagokion lehenengoko % 50a: 2015eko lan-planaren memoria eta ebaluazioa aurkeztu eta gastuak justifikatu ondoren. Justifikazioa igortzeko epemuga 2016ko martxoaren 31n amaituko da.
c) 2016. urteari dagokion bigarren % 50a eta 2017. urteari dagokion lehenengoko % 50a: 2016ko lan-planaren memoria eta ebaluazioa aurkeztu eta gastuak justifikatu ondoren. Justifikazioa igortzeko epemuga 2017ko martxoaren 31n bukatuko da.
d) 2017. urteari dagokion bigarren % 50a: 2017ko lan-planaren memoria eta ebaluazioa aurkeztu eta gastuak justifikatu ondoren. Justifikazioa igortzeko epemuga 2018ko martxoaren 31n bukatuko da.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.
2.– Diru-laguntza zuritzeko, urte bakoitzeko datuak urte horretako urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak urte horretako urtarrilaren 1a eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.
3.– Urtealdi bakoitzaren justifikazioa egiteko azken eguna hurrengo urteko martxoaren 31 izango da.
4.– Zuritzeko erak:
Justifikaziorako dokumentazioa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Zuzenean Zerbitzuko Bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko da: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
21. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa
1.– Jasotako diru-laguntza zuritzeko, enpresa onuradunak gastuen fakturak eta bestelako justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu. Gastu horiek, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioan finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta, bat etorri beharko dute balantzean azaldutakoarekin (EUSLAN1 eta EUSLAN2).
2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera ere egin ahal izango da baldin eta, esleitutako kopurua 60.000 eurotik beherakoa bada. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu «Justifikazio-kontu erraztua inprimakia»:
a) Agindu honetako 10. artikuluak ezarritako jarduerak betetzeari buruzko aitorpena.
b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta.
3.– Jasotako diru-laguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen duenean, aurrerago aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopia konpultsatuak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da, beti ere bertan jasotako kontuak ikustatuta baldin badaude enpresak xede horretarako ezarritako sistemaren arabera. Horretaz gain, justifikazioak honako informazio hau jasoko du: diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa sinatua, urteko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste diru-laguntzak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak esleitutakoa ere adierazita. Enpresa onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan (EUSLAN1 eta EUSLAN2).
4.– EUSLAN1 multzoari dagokionez, hauek dira enpresa aitzindariak justifikatu beharreko gastuak:
a) Planaren plangintzaren barruan aurreikusten diren praktika aurreratuenak egokitu eta bideratzeko, eta praktika horietatik ateratako ondorioak programa pilotuaren zuzendaritza teknikoarekin batera maila teoriko-praktikoan lantzeko ardura bere gain hartzen duen pertsonaren gastua.
b) Lan horretarako beharrezkoak diren ekipamendu eta jarduera gastu arruntak (bidaiak, dietak, bulego eta informatika materialak, telefonoa).
c) Urteko lan-planaren memoria eta ebaluazio-datuak.
d) Hala balegokio, artikulu honetako 5. atalean zehazten direnak.
5.– EUSLAN2 multzoari dagokionez, diru-laguntza jaso duten enpresek honako hauek erantsi behar dituzte:
a) Itzuli edo egokitutako testuen ale bana eta jatorrizkoen ale bana euskarri informatikoan eta horren zerrenda. Agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntza-material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.
b) Enpresa onuradunak euskaratutako edota euskaraz sortutako aplikazio informatikoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak IKT inbentarioan (http://www.euskara.euskadi.eus/ikt) jasoa izatea nahi badu, egitasmoko IKT-fitxa bat aurkeztu beharko du, euskaraz eta gaztelaniaz eta euskarri informatikoan.
c) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua.
d) Hala dagokionean, Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak, iraupena, jorratutako gaiak).
e) «Bestelako gastuak» kontzeptupean burututako ekintzen zerrenda.
f) Urteko lan-planaren memoria eta ebaluazio-datuak.
6.– Agindu honetako 2. artikuluan adierazi bezala, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izateagatik 2015ean diru-kopuru gehigarria jaso dezaketen enpresek ez dute gehigarri hori justifikatu beharrik (EUSLAN1 eta EUSLAN2).
7.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak berak egoki iritzitako laginketa-teknikak aplikatuko ditu frogagiriok egiaztatzerakoan, diru-laguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuko ebidentziak lortu ahal izateko. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.
22. artikulua.– Planaren helburuen betetze-maila ebaluatzea.
Planaren helburua lortutzat joko da enpresen jardueran honako hauek betetzen direnean:
a) Enpresa parte-hartzailearen euskararen erabilera, LanHitzen parametroetan zehaztutakoaren arabera, % 90era iristen denean edo enpresa parte-hartzaileak duen indizea % 20 batez hobetzen denean, ahozko eta idatzizko barne lan harremanei eta hizkuntza paisaiari dagozkienez (erreferentziazko indizeak, enpresa parte-hartzaileak 2015eko LanHitz deialdirako aurkezturiko dokumentazioan jasotakoak izango dira).
b) Kanpo harremanetan euskara erabiltzeko eskakizuna sistematizatuta dagoenean.
c) Euskal Herriko bezeroentzako produktuei buruzko jakingarriak eta salmenta osteko arreta euskaraz eskaintzen direnean.
Programa pilotuaren helburuen betetze-maila neurtu eta ebaluatuko da, eta horretarako, EUSLAN2 multzoko enpresek 2017ko Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortzeko deialdian hartu beharko dute parte.
23. artikulua.– Planaren jarraipena.
1.– Planaren jarraipena egiteko bi talde eratuko dira. Batetik, Jarraipen Batzordea, lan-planaren goi-ikuskatzailetza, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta gerta daitezkeen interpretazio eta betetze-mailako arazoak konpontzeko. Bestetik, Koordinazio Lan-taldea eratuko da.
a) Ondoko kideok osatuko dute Jarraipen Batzordea:
1.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzordeburu izango dena.
2.– HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
3.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako alor sozioekonomikoko bi teknikari, eta horietako batek idazkaritza-lanak bere gain hartuko ditu.
4.– Enpresa aitzindariak, Eusko Jaurlaritzarekin adostasunean, planaren eginkizunen ardura betetzeko izendatu duen pertsona.
5.– Enpresa parte-hartzaileen ordezkari bana, zuzendaritza mailakoak.
6.– Enpresa parte-hartzaileen langileen ordezkari bana.
b) Jarraipen Batzordeak honako eginkizun hauek beteko ditu:
1.– Garatu beharreko urteko lan-programak onartzea.
2.– Aurreikusitako lan-planen betetze-maila egiaztatzea eta eraginkortasuna areagotzeko neurriak proposatzea.
3.– Lan-planen eta emaitzen ebaluazioa aztertzea.
Jarraipen Batzordeak berak komenigarritzat jotzen dituen batzarrak egingo ditu. Edonola ere, gutxienez urtean behin batzartuko da.
2.– Planean jasotakoaren koordinazio eta dinamizaziorako, Koordinazio Lan-taldea osatuko da.
a) Kide hauek osatuko dute Koordinazio Lan-taldea:
1.– HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
2.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako alor sozioekonomikoko teknikari bat, idazkaritza-lanak bere gain hartuko dituena.
3.– Enpresa aitzindariak, Eusko Jaurlaritzarekin adostasunean, planaren eginkizunen ardura betetzeko izendatu duen pertsona.
b) Koordinazio Lan-taldeak honako eginkizun hauek beteko ditu:
1.– Planaren koordinazioa, dinamizazioa eta kudeaketa.
2.– Urteko lan- eta dinamizazio-planen memoria eta ebaluazioa aztertu eta, hala badagokio, oniritzia ematea.
3.– Jarraipen Batzordearentzako txostenak eta dokumentazioa prestatzea eta urteko lan-plana proposatzea Jarraipen Batzordeari.
4.– Jarraipen Batzordeak agintzen dizkion lanak gauzatzea.
Koordinazio Lan-taldea behar bestetan bilduko da, eta gutxienez hilean behin, HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren deialdiz. Bileretara deitu ahal izango dira, aztertu beharreko gaiaren arabera, enpresa parte-hartzaile bakoitzean programa pilotuaren ardura zuzena duen pertsona.
24. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da.
2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetakoren bat emanez gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan (1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak onartua) edo Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak esandakoaren arabera egingo da.
25. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen enpresa onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Diru-laguntza eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta duen pertsona bat izendatuko dute.
e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
f) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.
g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
i) Diru-laguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.
26. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.
b) Honako Agindu honen 25. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.
c) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazten dizu deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, eskabidean eta formularioetan jasotakoak, «Ayudas y subvenciones Coordinación» izeneko fitxategian sartuko direla. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 27ko Aginduak arautua dago eta gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da fitxategi honen titularra. Fitxategiak diru-laguntza deialdi hau kudeatzea du helburu eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea ere bai. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo dezake (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartu duten enpresek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak alderatzeko eta aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko (dela Administrazio honetan, dela beste Administrazio Publiko batean), deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK lehenengoa
Laguntza programa hau Europako Batzordeak zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.
AZKEN XEDAPENETATIK bigarrena
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK hirugarrena
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETATIK laugarrena
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 28a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.