EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2015141

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Osasuneko sailburuarena. Horren bidez diru-laguntzak deitu dira adikzioen prebentzio komunitariorako programak garatzeko, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak gauzatzeko, eta jokabide osasungarriak bultzatzeko jardun-eremu horietan talde teknikoak sortu eta mantendu daitezen 2015eko ekitaldian.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2015-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201503355
Maila: Agindua
Osasun publikoaren eta adikzioen eskumena Osasun Sailarena da, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 12.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Adikzioen esparruan ohikoak diren laguntza-lerroak hartu dira oinarri moduan 2015eko ekitaldiko agindu honetan. Horri lotuta, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskal botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan. Horrela, ondoko helburuak lortuko dira: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluan adierazten da osasunaren alorreko euskal administrazioak bermatu behar duela osasun publikoaren babes orokorra, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Horrez gain, Droga-mendekotasunen arloko prebentzio, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 3. artikuluan ezarri da botere publikoek garatu, sustatu, lagundu, koordinatu eta kontrolatu behar dituztela osasun-ohiturak sortzeari lotuta herritarrak hezteko diren programen eta jardunen emaitzak. Lege horren 3. idatzi-zatiko 4. artikuluan, aldiz, ezarri da Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak udalekin beharrezko lankidetza-harremanak egingo dituela droga-mendekotasunen prebentzio komunitariorako jarduerak garatzeko. Azkenik, lege horren 43. eta 45. artikuluetan zera jasotzen da: erakunde publikoek erakunde eta entitate publikoei diru-laguntzak emateko aukera. Aurrekoaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VI. Plana (2011-2015) dugu ardatz nagusi diru-laguntzaren xedeko jarduketek errespetatu beharreko ildo estrategiko eta ekintzetarako.
Ekitaldi honetan, aurreko ekitaldiko deialdia hartu da oinarri moduan; baina berrikuntza batzuk ere sartu dira, laguntzen erregulazioa hobetze aldera. Hasteko azaldu behar da jokabide osasungarrien sustapena garrantzitsua dela agindu honetan; horixe da diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen inspirazio eta azken helburua. Baina horretarako ez da laguntza-lerro berri bat sartu, ezta diru-laguntza jaso dezakeen proiektu mota berria ere. Azken batean, aginduan jasotzen diren jarduera guztiak bizi-ohitura osasungarriak lortzera bideratuta daude. Ezinbestean nabarmendu behar da hori. Adikzioen VI. Planean ondoko helburua proposatzen da: «Adikzioen fenomenoari ekiteko ikuspegia zabaltzea, bizi-estilo eta balio osasungarriak eta gizartearen aldekoak sustatuz». Gainera, plan horren arabera eta prebentzio unibertsalaren estrategiaren ildoan, eremu komunitarioari dagokionez helburu orokor eta ekintza gisa ere jaso da: bizi-estilo eta balio positiboak eta gizartearen aldekoak sustatzea, hala nola erabateko osasuna zaintzea (fisikoa, mentala eta harremanetakoa), arrisku eta balio negatiboko bizi-estiloei aurre egiteko, eta talde eta gizarte baliabideen gutxiespenari aurre egiteko.
Era berean, Euskadiko 2013-2020 Osasun Planeko Inguru eta Jarrera Osasuntsuak izeneko arloaren Adikzioen helburuan Adikzioen VI. Planean ezartzen diren lerro eta ekintzen garapena azaltzen da. Bertan jasotako ekintza batzuk, gainera, bizitzeko estilo, ohitura eta balio osasungarriak eta gizartearen aldekoak sustatzera bideratuta daude, erakundeen arteko koordinazioa eta hirugarren sektorearekin lankidetza aintzat hartuz.
Gainera, interesdunek aurkeztu beharreko agiri-ereduak jasotzen dituzten eranskinak sartu dira proiektuaren testuan; aurreko deialdietan, eredu horiek soilik eskura zitezkeen berariaz prestatutako egoitza elektronikoetan.
III. eta IV. kapituluetako laguntzak Baloratzeko Batzordea pertsona egokienek osatzen dute; horretarako, hain zuzen, laguntza-lerroen helburua hartu da aintzat.
Aginduko II. kapituluan zehaztutako talde teknikoei dagokienez, diru-laguntzaren helburuak izan behar dira talde teknikoak sortzea eta mantentzea. Izan ere, talde horiek oinarrizko antolamendu egiturak dira adikzioaren esparruan; talde hauetan aditu espezializatuak sar daitezen bultzatu behar da, bai sortzen diren taldeetan baita mantentzen direnetan ere.
Beste berrikuntza bat ere badago: agindu honetako III eta IV kapituluetan ezartzen diren laguntzen erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza amaitutakoan bidali behar duten justifikazioko memoriako informazioaren edukia hobetu da. Alde batetik, informazio horren bidez modu egokiagoan balora daiteke diruz lagundutako programa; zenbateraino bete den baloratuko da eta programaren garapenari buruzko balorazio kualitatiboa egingo da. Beste alde batetik, erakunde onuradunek adikzioen esparruan egiten dituzten beste ekintza batzuei buruzko informazioa lortzen da horrela; gero, laguntzak kudeatzen dituen organoak laguntzen deialdiek etorkizunean izan dezaketen edukia balora dezake, baita Euskal Autonomia Erkidegoko adikzioen planaren burutzapena eta ebaluazioa ere. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketetara egokitu behar diren estrategia-ildoak eta ekintzen ardatza da hori.
Ekitaldi honetan, bestalde, babes faktoreak xedetzat dituzten jarduketak azpimarratu nahi dira; jarduketak biztanle guztiei zuzenduta egon behar dira, baina kolektiboak eta esparruak bereizi behar dituzte. Agindu honetako III. eta IV. kapituluetan (jardun-eremu horietan adikzioen prebentzio komunitariorako programak garatzeko, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak gauzatzeko, eta jokabide osasungarriak bultzatzeko laguntzak), adjudikatzeko irizpide batzuen haztapena berritu da. Diruz lagundutako jarduketarekin estaltzen diren biztanleen eta programaren eraginkortasunaren gaineko balorazioa areagotu da; hau da, helburuak lortzeko baliabideak ahalik eta modurik egokienean erabili behar direla nagusitu da.
Beste alde batetik, jardun-eremu horietan arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko eta jokabide osasungarriak bultzatzeko laguntzen kapituluari lotuta (IV. kapitulua), diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen konfigurazioan eta diseinuan berrikuntza batzuk sartu dira. Horrela, arrazionalagoak izango dira eta horien kalitatea eta kudeaketa hobetuko dira. Diru-laguntza jaso dezaketen zuzeneko kostuak dira proiektuari zuzenean eta modu objektiboan lotuta daudenak. Diru-laguntza jaso dezaketen zeharkako kostuak dira, ordea, zalantzarik gabe proiektuari egotzi dakizkiokeenak, gero diru-laguntza eskatzen duen proiektu horren gauzapena, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
Kalteak eta arriskuak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak garatzeko laguntzak, adikzioen prebentzio komunitarioa prebenitzeko programetara bideratutako laguntzekin parekatuz gero, gehienez finantzatuko da jarduera egiteko onartzen den aurrekontuaren % 75; nahiz eta aurreko ekitaldietan aurrekontu osoa finantzatu. Bestalde, diru-laguntza jaso dezakeen xedea gauzatzeko sortzen diren langileen gastuak adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoetako langileentzat ezarri direnak izango dira. Hala ere, proiektuko langile bakoitzaren dedikazioa zehatz azaldu behar da.
Erakunde pribatuek deialdian parte hartze handiagoa izateko interesarekin aurrera eginez, laguntza bakoitzak esleitu den diru guztiaren % 6 jaso ahal izango du, gehienez, IV. kapituluko laguntza-lerroan.
Amaitzeko, II. eta III. kapituluetan ezartzen diren diru-laguntzak justifikatze aldera, frogagirietako laginketa-teknikak erabiliko ditu kudeaketa organoak. Horrela, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela frogatu ahal izango da.
Aginduak aurreikusi du erakunde interesdunek teknika telematikoak erabil ditzaketela, eta prozedura izapidetzeko ere balia daitezkeela, ondoko arauetan ezarritakoa betez: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, administrazio elektronikoari buruzkoa; abenduaren 19ko 59/2003 Legea, sinadura elektronikoari buruzkoa (abenduaren 28ko 56/2007 Legeak, informazioaren gizarteari bultzada emateko neurriei buruzkoak, aldatu zuen hori); ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzkoa, eta hori garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duena.
Azkenik, deialdi hau ondo egokitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuaren VI. tituluan ezarritakoari.
Ondorioz, eta abenduaren 23ko 5/2014 Legea onetsi dela (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren lege horren bidez) kontuan hartuta,
hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen esparruko diru-laguntzak deitzea 2015eko ekitaldian. Hain zuzen ere, ondoko helburu hauekin emango dira laguntza horiek: adikzioen prebentziorako udal taldeak sortzeko eta mantentzeko; adikzioen prebentzio komunitariorako udal proiektu bereziak garatzeko; arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak, eta jokabide osasungarriak bultzatzeko proiektuak egiteko jardun-eremu horietan.
Hauek dira Agindu honen bidez lortu nahi diren helburu orokorrak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VI. Planaren jarduera-ildoetan hobekien sustraitutako programei eta proiektuei eustea. Plan hori 2012ko apirilaren 4an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.
– Behar berriak azaltzea eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.
– Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu eta sistematizazio prozedurei jarraitzea.
2. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak jaso arren, jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek, edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek, ematen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskura daitezke. Diru-laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.
2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da: helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturririk dagoen ala ez, eta iturri horien zenbatekoa, eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden diru-laguntzen eskaerena.
3.– Lorturiko laguntza eta diru-laguntza guztien baturaren guztizkoa handiagoa bada jarduerarako guztizko aurrekontua baino, eman beharreko diru-laguntzari kendu egingo zaio aurrekontua gainditzen duen soberakina.
3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Diru-laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzean, arau hauek hartuko dira kontuan: ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzkoa.
2.– Laguntzak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak osasun publiko eta adikzio gaietan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, euskadi.net-en.
– http://www.osakidetza.euskadi.es/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subv encion/cap2_manten_eq_tec_2015/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
– http://www.osakidetza.euskadi.es/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subv encion/cap3_des_pr_prevencion_2015/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
– http://www.osakidetza.euskadi.es/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subv encion/cap4_des_pr_riesgos_danos_2015/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
3.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.
1.– Eskariak aurkezteko epea hasiko da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta amaituko da 2015eko irailaren 11n.
2.– Eskariak aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako bulegoetan (Zuzenean) eta lurralde ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Eskabide-eredua hemen aurki daiteke: osasun publiko eta adikzio gaietan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan, euskadi.net-en. Bestela, agindu honen eranskin gisa ere jasotzen da.
Era berean, bide elektronikoak ere erabil daitezke laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozeduraren gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda daiteke eta.
Eskabidearen osteko izapideak, modu elektronikoan, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan egingo dira, Nire kudeaketak atalean.
4.– Eskabideak, beraz, agindu honen eranskinean edo osasun publikoaren eta adikzioen alorrean eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan, euskadi.net-en, ageri den ereduaren araberakoak izango dira, eta eredu horretan adierazitako dokumentazio osagarriarekin batera zuzendu beharko zaizkio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
5.– Erakunde eskatzaileek eurek aukeratuko dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztu laguntza jasotzeko eskabidea eta horri erantsi beharreko dokumentazioa. Era berean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, hala ezarri baitu Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak.
6.– Laguntzak eskatu dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen onespenaren beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.
7.– Eskabideek barne hartuko dute aukera hau: laguntza eskatu duen erakundeak espresuki baimena ematea Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dokumentazioaren parte bat eskura edo egiazta dezan, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak bere dituen egiaztatzeko, kontrolerako eta ikuskatzeko ahalmenak.
– Pertsona fisikoen nortasun-datuak:
Kanal elektronikoan, interesdunak, aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko.
Aurrez aurre edo bertaratuta: pertsonak baimena ematen badu administrazioak nortasun-datuak egiazta ditzan eskumena duen administrazioan, ez du beste agiririk aurkeztu beharko, eta hauxe markatu beharko du eskabidean:
Baimena ematen diot deialdiaren erakunde kudeatzaileari eskumena duen administrazioan egiaztatzeko edo ziurtatzeko, bide telematikoen bidez, edo, hala badagokio, eskura daudenen bidez.
Pertsonak baimenik ematen ez badio administrazioari datuak egiazta ditzan, honela ekar daitezke datu horiek: paperean (fotokopia) edo euskarri elektronikoan (eskanerretik pasatako kopia, pdf formatuan, eta elektronikoki sinatua); eta honela egiaztatuko dira: Nortasun-agiri nazional, pasaporte edo pertsona fisikoaren nortasuna egiaztatzeko balio duen antzeko dokumenturen baten bidez.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira eskabide normalizatuan ondorengo betebeharrak:
a) Jakinaraztea helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu direla, eta, hala balitz, lortu, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutan.
b) Hauxe egiaztatzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, ez dagoela sartuta inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan, edo prozedura horiek amaituta daudela.
Halaber, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.
c) Hauxe ere egiaztatzea: erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa barne.
9.– Gainera, erantzukizunpeko adierazpen batez egiazta daitezke hauek ere:
– Erakundea legez eratuta dagoela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
10.– Agindu honetan ezarri diren erantzukizunpeko adierazpen guztietan jasotako alderdiak egiazkoak direla frogatu behar dute onuradun izateko proposatzen diren pertsonek. Horretarako, dagozkion agiriak aurkeztu beharko dituzte edo erakunde kudeatzaileari baimena eman beharko diote, dagokion laguntza edo diru-laguntza emateko prozedura ebatzi baino lehen, adierazitakoak egiazkoak direla ziurtatzeko.
5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan adierazitako betebeharrak, aplikatzekoak diren heinean, alde batera utzi gabe, laguntzen onura jaso duten instituzio eta erakundeek hauek bete beharko dituzte, Aginduaren beste artikuluetan ezarritakoez gain:
– Diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da diru-laguntza, baldin eta diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek diru-laguntza horri beren beregi uko egiten ez badiote.
– Diruz lagundutako jardueren xede edo izaeraren aldaketa ekar dezakeen edozein gertakizunen berri ematea, eta Osasun Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen, ikuskapen, jarraipen eta kontrolerako prozeduretan.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
– Diru-laguntzen norakoa eta erabilera bermatzea erlazio- nahiz ondasun-bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren lehenengo tituluan aurreikusitakoaren arabera aplika badaitezke; dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra, eta diru-laguntza horien kudeaketan esku hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizun, erregimen eta eginbeharrak ezarri ziren.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 18.4 artikuluan adierazitakoa betez, laguntzetarako agindu honetako jardueren ondorioz sortutako memoria, proiektu eta bestelako testu idatzietan hizkera sexistarik ez erabiltzea.
6. artikulua.– Eskaerako hutsuneak zuzentzea.
Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, errekerimendua egingo zaio interesdunari, hamar eguneko epean zuzendu ditzan akatsak edo aginduzko dokumentuak aurkeztu. Hauxe ere jakinaraziko zaio: hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ─urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak─ 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
7. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero ─betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste diru-laguntzarik pilatuz gero ─berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emana izan─, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta diru-laguntza jaso duten instituzioek eta erakundeek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua.
8. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Droga-mendekotasunarekin erlazionatutako laguntzak eta diru-laguntzak» eta «Laguntzak jasotzea dagokien entitateak» fitxategi automatizatuetan sartuko dira, Osasun eta Kontsumo sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobideren (Kontsumoko Euskal Institutua) izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horien helburua diru-laguntzen espedienteak kudeatzea da, eta datuen segurtasuna bermatzeko segurtasun-neurri guztiak dituzte; hain zuzen ere, datu horiek ez zaizkie hirugarren batzuei jakinaraziko, legez ezarritako kasuetatik kanpo. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil daitezke, espresuki aitortzen baititu DBLOk; horretarako, idazki bat igorri beharko zaio Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da, eta honako hauek izango dira kide: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria –batzordeko burua izango da–; Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko koordinatzaile sozio-sanitarioa; Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko osasun mentaleko sarearen koordinatzailea, eta Osasun Sailaren lurralde ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak, edo hauek eskuordetzen dituzten pertsonak. Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Balorazio Batzordeko osaera parekidea bilatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3.7 artikuluan xedatutakoa bete dadin.
3.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzak jasoko dituzte eskabideak behar den epean eta moduan aurkeztu dituzten erakunde guztiek, baldin eta agindu honen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen badute.
4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du.
5.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango dira laguntzak.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak eta/edo Balorazio Batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute. Horrez gain, eman diren datuak erkatuko dituzte eta laguntzak behar bezala adjudikatzeko beharrezkoak diren egiaztapenak egingo dituzte.
2015eko azaroaren 30a baino lehen ebatzi behar dira agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak.
6.– Laguntzak emateko ebazpenek erakunde onuradunaren betebeharrak adieraziko dituzte, agindu honen 5. artikuluan baitaude aurreikusita betebehar horiek, eta beren-beregi aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen xedea fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.
7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe ebazpenak espresuki eta banan-banan jakinaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez argitaratu ere, xedapen honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun gertatu diren erakundeen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita), eta hasiera batean emandako diru-laguntza aldatu zaienen zerrenda.
8.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraikiz sinatutako emate- edo ukatze-ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
10. artikulua.– Ezestea, isiltasunagatik.
Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, administrazioak badu berariaz ebazteko betebeharra.
11. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.
1.– Agindu hau betetzeko, 2.615.613 euroko gehieneko kopurua zuzenduko da. Adierazitako zenbatekoa honela zatikatuko da, II. kapitulutik IV.era bitarteko lerroen artean:
– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko (II. kapitulua): 1.172.985 euro.
– Tokiko planetara atxikita dauden adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzea, baita jardun-eremu horretan jokabide osasungarriak bultzatzeko programak ere (III. kapitulua): 561.215 euro.
– Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak egitea, baita jardun-eremu horretan jokabide osasungarriak bultzatzeko programak ere (IV. kapitulua): 881.413 euro.
2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura iristen ez bada 17. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbatekoraino, edo eskatutako zenbatekoraino, txikiagoa balitz, laguntzen artean banatuko da zuzkidura, behar adina funts egongo balitz laguntzei legokiekeen zenbatekoaren proportzioan.
3.– II, III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzetan uko egiterik gertatuz gero, emandako diru-laguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da. Idazkiaren bidez, hain zuzen, uko egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko du, Balorazio Batzordeak emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta.
12. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetakoren batean badago diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna, edo agindu honetan nahiz aplika daitekeen gainerako araudian edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak ─diru-laguntza ordaindu zenez geroztikoak─ Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla, hargatik eragotzi gabe abenduaren 17ko 698/1991 dekretuan ezarritakoaren arabera bidezko litezkeen gainerako akzioak. Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango delarik.
13. artikulua.– Itzulketa-prozedurak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
Prozedura hasteak, edonola ere, eten egingo ditu oraindik egiteke dauden ordainketak.
Osasuneko sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
Alegazioak jaso ondoren, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez eman ere.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.
Ebazpenak aintzat hartuz gero ez betetzeren bat egon dela, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, bidezko zenbatekoak bi hilabeteko epean, gehienez ere, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra. Ebazpena jakinarazten den egunetik hasiko da epearen zenbaketa. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.
Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.
II. KAPITULUA
TALDE TEKNIKOAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK
14. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– EAEko 8.000 biztanletik gorako toki-erakundeak (udalak, mankomunitateak edo partzuergoak) bildu ahalko dira adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko mantentzeko laguntzetara; betiere, adikzioei buruzko tokiko plana onetsita badute edo prestatzen ari badira, eta horrez gain, arlo horretan jokabide osasungarriak bultzatzeko ekintzak gauzatzen badituzte.
Halaber, adikzioetako talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, honako entitate hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:
a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta toki erakundeen multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta baldintza hauek betetzen badira:
– Toki-erakundeen multzo horrek mankomunitaterik ez osatzea (mankomunitatea osatuz gero, mankomunitatea bera izango litzateke hartzailea).
– Artatutako populazio guztia 8.000 biztanle baino gehiago izatea.
b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten EAEko udalak, baldin eta arreta ematen zaien herri horien populazioa, guztira, zuzenbideko 8.000 biztanletik gorakoa bada.
2.– Agindu honen 15.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, adikzioen prebentzio komunitariorako eta arlo horretan jokabide osasungarriak bultzatzeko talde teknikoek funtzio nagusitzat izango dute Adikzioen Tokiko Planean finkatutako helburuak betetzea ─droga-mendekotasunen arloko prebentzio, asistentzia eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 4., 36.4, eta 37.2 artikuluetan aipatzen dira horiek─.
15. artikulua.– Talde teknikoen betekizunak, eginkizunak eta osaera.
Talde teknikoek, kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasoko badituzte, ezinbesteko baldintza izango dute ondoko paragrafoetan xedatutakoari egokitzea, betekizunei, eginkizunei eta osaerari dagokienez:
1.– Talde teknikoek betekizun hauek bete behar dituzte:
– Lanbide-trebakuntza egokia izatea, eraginkortasunez gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan adikzioen prebentzio komunitarioari eta arlo horretan jokabide osasungarriak bultzatzeari lotutako politika.
– Tokiko erakunde eskatzailearen jarraibideak kontuan izanda jardungo du talde teknikoak, eta kontratazioaren kostu ekonomikoa hartuko du bere gain.
2.– Talde teknikoek, agindu honen 14.2 artikuluan xedatutakoaz gain, ondoko eginkizunak izango dituzte:
a) Komunitateko adikzioen fenomenoa ondo ezagutzeko eta osasunerako onuragarriak diren bizi-ohiturak bultzatzeko behar diren ekintzak garatzea. Horretarako, jokabide osasungarriak bultzatuko dira adikzioen esparruan eta osasunerako heziketa sustatuko da.
b) Udal arloei eta erakunde laguntzaileei aholkularitza ematea adikzioen esparruko jardueren plangintzan, adikzioen tokiko planaren garapenean eta arlo horretako jokabide osasungarrien sustapenean. Horrela, esku-hartze integrala eta koordinatua lortuko da.
c) Pertsonak, familiak eta kolektiboak komunitatean eskuragarri dauden gizarte-baliabideei buruz informatzea eta gai horretan aholkatzea; eta, hala badagokio, ohiko gizarte-laguntzara edo zerbitzu espezializatuetara bideratzea (hala eskatzen duten kasuetan).
d) Beren funtzioak garatzean, lankidetzan aritzea osasun eta hezkuntza zerbitzuekin, arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzuekin eta osasuna bultzatzeko zerbitzuekin arlo horretan.
e) Administrazio publikoei laguntzea eta irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuak sustatzea. Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalez gaindiko esparruko programak gauzatzen lagunduko dute, bereziki.
f) Arriskuak prebenitzeko eta murrizteko berariazko jarduketa-programak garatzean eta adikzioen esparruan jokabide osasungarriak bultzatzean beharrezkoak diren jarduketa guztiak.
3.– Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoek langile hauek eduki behar dituzte:
– 8.001 biztanletik 20.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan.
– 20.001 biztanletik 45.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan, eta administrari-laguntzaile bat, lanaldi erdian.
– 45.000 biztanletik gorako populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duten bi pertsona eta administrari-laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.
– Foru-diputazioentzako eta hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten udalentzako laguntzei dagokienez, gainerako toki-erakundeen baldintza berberetan finantzatuko dira taldeak; alegia, kontuan hartuko da zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.
16. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.
1.– Talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko eskaera-eredua agindu honen I. eranskinean dago; bestela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan, euskadi.net-en, eskura daiteke.
2.– Eskabideen memoriek ezinbestean bete behar dute agindu honen II. eranskineko eredua, edo Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan jasotako eredua. Gainera, gutxienez honako datuak eduki behar dituzte:
– Talde teknikoen deskribapena; helburuak, aurreikusitako proiektuak, eta zerbitzua emateko modua jasoko dira bertan.
– Talde teknikoak osatuko dituzten pertsonen kopurua: izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi mota (osoa edo erdia), adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera eta amaiera eguna eta taldekide bakoitzaren lan kostua (Gizarte Segurantza barne).
– Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.
3.– Laguntza-mota honetara bildutako erakundeek adikzioen tokiko planari dagokion atala bete behar dute, «Erantzukizunpeko adierazpenak» ereduan, eta plana indarrean dagoela jaso. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.
4.– Zerbitzua azpikontratatuta duten udalek, azpikontratatutako erakundearekin duten kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:
– Kontratatutako langileen prestakuntzari dagokion jatorrizko titulua edo fotokopia.
– Kontratatuek adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).
– Kontratatutako langile horien lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).
17. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Aipatutako talde teknikoek 2015eko ekitaldian izango duten langileen kostuaren % 75eraino finantzatu ahal izango du Osasun Sailak. Ehuneko hori aplikatuko zaion oinarria ez da ezein kasutan ondokoak baino handiagoa izango:
– Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
– Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
– Administrari-laguntzailea, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
2.– Ordainketa zatika egingo da. Lehen % 80a laguntza onartzean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, ekitaldia amaituta eta dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egiaztagiria eman ondoren. Hauek jaso beharko dira egiaztagiri horretan: eskabidean exijitutako talde teknikoak osatu dituzten pertsonen datuak eta talde tekniko horien kontratazioaren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa. Ezarritako ereduaren araberakoa izan behar du ziurtagiri horrek, eta 2016ko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu behar da.
Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali beharko da justifikazio-memoria bat, diruz lagundutako jarduera edo proiektua balioetsiz eta zenbateraino bete den adieraziz. Hala ere, toki-erakundeak Agindu honen III. kapituluko laguntzak ere eskatu baditu, ez du justifikazio-memoria hori zertan aurkeztu, 21. artikuluan adierazitakoa besterik ez du aurkeztu beharko eta.
Memoria hori, atal guztiak behar bezala beteta dituela, aurrez aurre aurkez daiteke Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan. Agindu honen III. eranskinean aurki daiteke eredua, baita Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan ere.
Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko, euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
III. KAPITULUA
ADKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA ARLO HORRETAN JOKABIDE OSASUNGARRIAK BULTZATZEKO LAGUNTZAK
18. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.
1.– Kapitulu honen xedea da EAEko toki erakundeei emango zaizkien diru-laguntzak arautzea, 2015ean honakoak garatzeko: arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko programak eta esku-hartzeak, eta jokabide osasungarriak bultzatzeko programak eta esku-hartzeak. Programa eta esku-hartze horiek adikzioen edo droga-mendekotasunen alorreko tokiko planetan egon behar dute; baina plan horiek onartuta edo prestatzeko prozesuan egon daitezke. Udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatu behar dituzte planak, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.
2.– Zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan bere lurralde esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeak bildu ahal izango dira adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzetara. Halako programatzat hartuko dira, gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak, adikzioen fenomenoa lantzeko jarduerak garatzen dituztenak, arlo horretan jokabide osasungarriak bultzatzen dituztenak eta osasunerako hezkuntza sustatzen dutenak.
19. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak eta dokumentazio osagarria.
1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak laguntza-eskabide bakarra aurkeztu behar du garatu beharreko jarduerak finantzatzeko; horrenbestez, programa bakar batean bildu behar dira egin nahi diren proiektu guztiak. Agindu honen IV. eranskinean aurki daiteke eskabidearen eredua, baita Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan ere.
Eskabideen memoriek ezinbestean bete behar dute agindu honen V. eranskineko eredua, edo Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan jasotako eredua. Gainera, gutxienez honako datuak eduki behar dituzte:
– Programa aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde eta zeren gisa ordezkatzen duen, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa...
– Programaren izena.
– Erakunde sustatzailea.
– Programarako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.
– Proiektua nola txertatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015eko Adikzioen VI. Planean. Programa osatzen duten proiektu bakoitzaren ildoa eta programa zehaztu behar dira, 2013-2020 Osasun Planean jasotzen direnak; baita programako proiektu bakoitzak izango duen kostua ere.
– Programa nola txertatzen den adikzioen tokiko planean edo tokiko planaren ildo estrategikoetan, lantzeko fasean baldin badago.
– Programa nola garatuko den (deskribapena).
– Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
– Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen historia laburra.
– Oinarri teorikoak: azpimarratuko diren faktoreak.
– Programaren xedeak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.
– Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.
– Programaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
– Programaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.
2.– Laguntza-mota honetara bildutako erakundeek adikzioen tokiko planari dagokion atala bete behar dute, «Erantzukizunpeko adierazpenak» ereduan, eta plana indarrean dagoela jaso. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.
20. artikulua.– Adjudikatzeko irizpideak eta horien haztapena.
1.– Lehiaketa izaki laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balorazio-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Honako hauek dira balorazio-irizpideak, horien haztapena adierazita:
a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu berezien, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.
b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.
c) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu sozio-sanitarioko beste federazio eta/edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, eta sare-lana sustatzea: 6 puntu, gehienez.
d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 3 puntu, gehienez.
e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipena izan dezakeen: 6 puntu, gehienez.
f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako programak/proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 3 puntu, gehienez.
g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.
h) Ebaluazioaren kalitatea: helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 14 puntu, gehienez.
i) Arrisku-maila (VI. Planean ezarrita dagoen bezala ulerturik, alegia, babesgabetasuna eta/edo bazterkeria bezala ulertuta), arrisku eta kalteen prebentzio programaren hartzaile diren kolektibo edo pertsonena; bereziki, alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programak zuzentzen zaizkien adingabekoez ari garela: 10 puntu, gehienez.
j) Programaren eraginkortasuna; hau da, programaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.
k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen duela ulertuko da baldin eta diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.
l) Diagnostikoaren kalitatea; beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.
2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei adjudikatuko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.
21. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Osasun Sailak % 75eraino finantzatu ahal izango du aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontua. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatu eta programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak baino ez dira onartuko.
Programa batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 10a baino gehiago.
2.– Ordainketa zatika egingo da: lehen % 80a laguntza onartzean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, diru-laguntza justifikatzeko memoria bidali baino lehen. Memoria hori 2016ko martxoaren 1a baino lehen bidali behar da Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara; bertan jaso beharko dira: diruz lagundutako programa zenbateraino bete den, programaren garapenaren balorazio kualitatiboa, eta erakunde onuradunek adikzioei lotuta garatzen dituzten beste jarduera batzuei buruzko informazioa.
3.– Justifikazioak eredu jakin baten arabera egin behar dira; eredua agindu honen VI. eranskinean edo osasun publikoaren eta adikzioen esparruan eskumena duen erakundearen egoitza elektronikoan eskura daiteke. Gero, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidali behar zaizkio.
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor agertu behar dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.
Aurrekontuan jaso behar dira: aurreikusitako zenbatekoa, benetako zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduera hori finantzatzeko dituzten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria.
Diru-laguntza ematen duen organoak beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, laginketa tekniken bidez, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela argitzeko zentzuzko arrazoiak edukitzeko. Horretarako, hautatzen dituen gastu frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango die onuradunei.
Aurretik aipatutako justifikazio-kontuaz gain, dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egindako ziurtagiria ere eskatuko da, gauzatutako aurrekontua egiaztatzeko.
4.– Agiri horiek, atal guztiak behar bezala beteta dituztela, aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan.
Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
IV. KAPITULUA
ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA MURRIZTEKO PROIEKTUAK GARATZEKO ETA ARLO HORRETAN JOKABIDE OSASUNGARRIAK BULTZATZEKO LAGUNTZAK
22. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzetara bildu ahal izango dira irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak, baldin eta 2015. urtean adikzioen eremuko proiektuak, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak eta jardun-eremu horretan jokabide osasungarriak bultzatzen dituzten proiektuak egiten badituzte. Dena den, ezinbestean bete behar dituzte betekizun hauek:
a) Legearen barruan eratu behar izan dira, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dira, diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatu behar dute.
c) Bere jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dute.
d) Administrazioaren arauei eta programazioari egokitu behar zaie.
e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jarri behar dituzte.
2.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta/edo murrizteko proiektutzat eta jardun-eremu horretan jokabide osasungarriak bultzatzeko proiektutzat joko dira helburu hauek dituzten ekintzak jasotzen dituztenak:
– Osasunerako hezkuntza sustatzea.
– Adikzioei lotutako kalteak gutxitzea.
– Drogen gehiegizko erabilera eta adikzio-jokabideak murriztea.
– Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantziarik gabeko adikzioren bat dutenei ahalik eta informazio eta prestakuntza gehien ematea.
– Gizartea sentsibilizatzea eta laguntza ematera prestatzea; baliabideak koordinatzea; eta eragile komunitarioen parte hartzea planifikatzea, diseinatzea eta bultzatzea.
3.– Laguntza-lerro honetatik kanpo geratuko dira eta, ondorioz, dagokien aginduaren bitartez arautuko dira:
– GIB/hiesaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu eta/edo gutxitzea xede duten proiektuak.
– GIB/hiesa duten pertsonentzako proiektuak.
– Arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu eta/edo gutxitzeko proiektuak, baldin eta horien xedea bada arrisku txikiagoko kontsumorako materiala ematea (xiringen trukea...).
23. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.
Proiektu bakoitzeko eskabide bat bete behar da. Agindu honen VII. eranskinean aurki daiteke eskabidearen eredua, baita Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan ere.
Eskabideen memoriek ezinbestean bete behar dute agindu honen VIII. eranskineko eredua, edo Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan jasotako eredua. Gainera, gutxienez honako datuak eduki behar dituzte:
– Erakundearen eta proiektua aurkeztu duen pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde eta zeren gisa ordezkatzen duen eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa...
– Proiektuaren izena.
– Erakunde sustatzailea.
– Proiekturako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.
– Proiektua nola txertatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015eko Adikzioen VI. Planean. Programa osatzen duten proiektu bakoitzaren ildoa eta programa zehaztu behar dira, 2013-2020 Osasun Planean jasotzen direnak; baita programako proiektu bakoitzak izango duen kostua ere.
– Proiektua nola garatuko den (deskribapena).
– Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
– Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.
– Oinarri teorikoak: azpimarratuko diren faktoreak.
– Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.
– Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.
– Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
– Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.
24. artikulua.– Adjudikatzeko irizpideak eta horien haztapena.
1.– Lehiaketa izaki laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balorazio-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Honako hauek dira balorazio-irizpideak, horien haztapena adierazita:
a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu berezien, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.
b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.
c) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu sozio-sanitarioko beste federazio eta/edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, eta sare-lana sustatzea: 6 puntu, gehienez.
d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 3 puntu, gehienez.
e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipena izan dezakeen: 6 puntu, gehienez.
f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako programak/proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 3 puntu, gehienez.
g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.
h) Ebaluazioaren kalitatea: helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 14 puntu, gehienez.
i) Arrisku-maila (VI. Planean ezarrita dagoen bezala ulerturik, alegia, babesgabetasuna eta/edo bazterkeria bezala ulertuta), arrisku eta kalteen prebentzio-programaren hartzaile diren kolektibo edo pertsonena; bereziki, alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programak zuzentzen zaizkien adingabekoez ari garela: 10 puntu, gehienez.
j) Programaren eraginkortasuna; hau da, programaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.
k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen duela ulertuko da baldin eta diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.
l) Diagnostikoaren kalitatea; beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.
2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei adjudikatuko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.
25. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.
1.– Osasun Sailak % 75eraino finantzatu ahal izango du aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontua. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa. Eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar du aurrekontu hori.
Diruz lagunduko dira zuzenean edo modu objektiboan diru-laguntza jaso dezakeen proiektuari lotuta dauden jarduerak gauzatzeko gastuak. Diru-laguntzaren proiektua zuzenean burutzeko erakundeko langileek izan dituzten zuzeneko gastuak zehaztu behar dira; izan ere, dedikazioaren portzentajea eta lan-kategoria ere zehaztu behar dira. Erakundearen langileen gastuek, hala ere, muga bat izango dute:
– Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
– Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
– Administrari-laguntzailea, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean (atxikipenen zenbatekoak eta Gizarte Segurantza barne).
Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak; betiere, diru-laguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, gero gauzatzeko, jarraipena egiteko eta baliostatzeko) ezin dira programako zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.
Proiektu batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6a baino gehiago.
2.– Ordainketa zatika egingo da: lehen % 80a laguntza onartzean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, diru-laguntza justifikatzeko memoria bidali baino lehen. Memoria hori 2016ko martxoaren 1a baino lehen bidali behar da Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara; bertan jaso beharko dira: diruz lagundutako programa zenbateraino bete den, programaren garapenaren balorazio kualitatiboa, eta erakunde onuradunek adikzioei lotuta garatzen dituzten beste jarduera batzuei buruzko informazioa.
3.– Justifikazioak eredu jakin baten arabera egin behar dira; eredua agindu honen IX. eranskinean edo osasun publikoaren eta adikzioen esparruan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan eskura daiteke, gainerako agiri osagarriekin batera. Gero, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidali behar zaizkio.
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor agertu behar dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa. Aurrekontuan jaso behar dira: aurreikusitako zenbatekoa, benetako zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduera hori finantzatzeko dituzten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria.
Diru-laguntza ematen duen organoak beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, laginketa tekniken bidez, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela argitzeko zentzuzko arrazoiak edukitzeko. Horretarako, hautatzen dituen gastu frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango die onuradunei.
Gainera, diru-laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatu den jardueraren gastua frogatzen duten agiriak laguntza eman eta hurrengo bost urteen barruan egiaztatuko dira, lagin adierazgarri bat aintzat hartuta. Hori gorabehera, Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egoki diren ikuskapen, jarraipen eta kontrol jardunak egingo dituzte. Erakunde onuradunek, beraz, eman zaien diru-laguntzaren kontura egindako gastuen frogagiriak gorde eta eskura eduki beharko dituzte, sortu eta hurrengo bost urteetan zehar gutxienez.
4.– Agiri horiek, atal guztiak behar bezala beteta dituztela, aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan.
Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek zenbatzen hasiko dira agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ordezko araubidea.
Agindu honetan aurreikusi gabeko prozedura-alderdi guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Instrukzioak.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren instrukzioak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.