EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2015141

843/2015 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Bilbo-Basurtu ESI Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIan Administrazio eta Kudeaketako B ataleko buru lanpostua (Arlo soziosanitarioa) izendapen askez betetzeko dei egiten duena.

Xedapenaren zenbakia: 201500843
Xedapenaren data: 2015-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201503353
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Bilbo-Basurtu ESIan Administrazio eta Kudeaketako B ataleko buru lanpostua (Arlo soziosanitarioa) hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea B1 edo B2 lanbide-taldeetan.
b) B2 lanbide-taldeetako titulazioa izatea.
c) Hiru urteko lan-esperientzia izatea, gutxienez, B2 lanbide-taldeetan.
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskera Planaren gainerako betebeharrekoak.
2.– Aintzat hartuko diren merituak:
– SAPen gaineko ezagutza.
– Esperientzia izatea Osakidetzako zerbitzu-erakunde bateko arlo soziosanitariora zuzendutako baliabideak kudeatzen.
– Esperientzia izatea arreta soziosanitarioko sistemak ezartzen eta kudeatzen.
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ESI bateko Administrazio eta Kudeaketako atal baten (arlo soziosanitarioa) funtzionamenduari buruzko memoria.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen edo balioa erants dezakeen edozein meritu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.
4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua:
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak (Montevideo etorbidea 18, 48013 Bilbo), 15 egun balioduneko epean, ebazpen honen Iragarkia EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu daitezke. Eskabideari memoria bat gehitu beharko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ESI bateko Administrazio eta Kudeaketako atal baten (arlo soziosanitarioa) funtzionamenduari buruz.
Interesdunek beren datu pertsonal guztiak bete eta, Curriculum Vitaearekin eta Memoriarekin batera, helbide honetara bidali behar dute eskabidea: Bilbo-Basurtu ESIko Pertsonaleko Zuzendaritza (Montevideo etorbidea 18, 48013 Bilbo).
Curriculum Vitaeko dokumentazioa honelakoa izan behar da:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Kontuan hartzeko meritu guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
5.– Balorazio Batzordea.
Balorazio batzorde bat osatuko da, batzordeburu zuzendari gerentea edo hark eskuordetzen duena izanik, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Integrazio Asistentzialeko zuzendaria, Pertsonaleko zuzendaria (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin) eta bi batzordekide (horiek izangaiei eskatutako titulazioa eta, lehentasunez, espezialitatea izan beharko dute).
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, proposamena osatuko da dagokion izendapena egiteko. Batzordeak lanpostua hutsik uztea erabaki dezake, aurretik arrazoitutako txostena osatuta, baldin eta hautagaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.
6.– Hautatzeko prozedura.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.
Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako pertsona esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerenteak. Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da. Era berean, Iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu Iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Bilbao, 2015eko maiatzaren 18a.
Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerentea,
MICHOL GONZALEZ TORRES.