EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2015140

AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta 2015erako deialdia egin natura-ondarea aktiboki kontserbatzeko jarduerak finantzatzeko laguntzetarako; EAEko lurralde-eremuko lur-zaintzako akordioetan jasota egon behar dute jarduerok.

Xedapenaren data: 2015-07-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201503339
Maila: Agindua
Autonomia Estatutuaren 11.1 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ingurumenaren eta ekologiaren arloko Estatuko oinarrizko legeriaren exekuzioa garatzeko eskumena.
Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatu behar du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren 2012ko abenduaren 17ko 20/2012 Dekretuaren 13.1.e) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat.
2014ko abenduaren 2an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, «Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programa, 2020» onartu zuen. Horren helburu estrategikoa da gure natura-kapitala babestu, kontserbatu eta leheneratzea, ekosistemek ekartzen dituzten zerbitzuak zainduta; horiek 5 jardun-lerrotan eta 16 jarduketatan banatzen dira.
Euskal Herriko Ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege Orokorrak lur-zaintzari buruzko aurreikuspen zehatzik egiten ez badu ere, eremu egonkor bat eratzen duela adierazten du; horretan, programak indarrean dirauen espazioan eta denboran biltzen diren eragile pribatuen jarduerak eta gobernu ezberdinen politikek dute lekua, eta legeak ezartzen dituen helburuak lortzeko parte hartzeko ahala eta beharra dituzte.
Azken aldi honetan, natura-ondarea kontserbatzeko mekanismo eta bitarteko berriak ezarri dira, besteak beste, biodibertsitatea kontserbatzeko lur-zaintzako akordioen mekanismoa. Tresna horien beste helburu garrantzitsu bat da bestelako eragileen parte-hartzea sustatzea natura-ondarea kontserbatzeko (jabeak, gizarte zibila antolatua, herritarrak edota enpresa pribatuak).
Horrela, natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko 42/2007 Estatuko Legeak zaintza-akordioak aurreikusten ditu bere mekanismoen artean. Ildo horretatik, eta legeak ezarritakoarekin bat, Herri Administrazioek lur-zaintza sustatuko dute zaintza-erakundeen eta natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzea helburu nagusitzat duten jabego publikoko zein pribatuko lur-jabeen arteko akordioen bidez.
Lur-zaintzak borondatezko akordio baten forma hartzen du, zaintza-erakundeen eta lurren jabe edo erabiltzaileen artekoa, edota zaintza-erakundeen eta baliabide naturalen aprobetxamendu- edo erabilera-eskubideen titularren artekoa. Honako hauek ezarri behar dira: indarrean izango den aldia; natura-ondarea aktiboki kontserbatzeko egingo diren jarduerak; jarraipen- eta aholku-mekanismoak; eta laguntza tekniko eta finantzarioa.
Lur-zaintzako akordio baten xede diren finkak jabego pribatukoak izan daitezke, edo udalen herri-lurrak, enpresen jabetzakoak; era berean, baliabide naturalen aprobetxamenduaren gaineko eskubideak dituzten lurrak izan daitezke, haien titulartasuna gorabehera. Zaintza-erakundeak honako hauek dira: natura-ondarearen kontserbazioan diharduten erakundeak, auzo-elkarteak, eragile sozialak, fundazioak, eta abar, betiere irabazi-asmorik gabeak; horien helburuen artean, gainera, biodibertsitatea kontserbatzeko ekintzak burutzea egongo da.
Horrela, agindu honen bidez, biodibertsitatea kontserbatzea helburu duten jardunei emateko diren diru-laguntzen oinarriak ezarri eta horretarako deialdia egiten da; ildo horretatik, diru-laguntzak ematen dira aktiboki kontserbatzeko jarduerak burutzeko, baldin eta jarduera horiek lur-zaintzako akordioen barnean hartuta badaude.
Horrenbestez, alde batetik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didan eskumenaz baliatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen diren laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainontzeko xedapenetan ezarritakoarekin bat, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea EAEko lurralde-eremuan natura-ondarea aktiboki kontserbatzeko jarduerak, lur-zaintzako akordioetan bilduta daudenak, 2015. urtean diruz laguntzeko.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, lur-zaintzako akordioa honako hau izango da: lurren jabeak eta/edo erabiltzaileak natura-ondarearen eta haren elementuen kontserbaziora eta erabilerara erakartzeko teknika edo estrategia juridikoen multzoa. Hori guztia borondatezko akordioen bidez egiten da, hau da, aprobetxamendu- edo erabilera-eskubideen jabeen edo titularren eta zaintza-erakundeen arteko akordioen bidez. Lur-zaintzako akordioek diru-laguntza eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehen eginda beharko dute, eta honako hauek jasoko dituzte: kideen edota parte hartzen duten erakundeen identifikazioa, indarraldia, eta agindu honen eranskinean ezartzen denarekin bat etorrita egin beharreko jarduerak.
3.– Zaintza-akordioek gutxienez bi ekintza jaso beharko dituzte: bata, eranskineko A.1. puntuan bildutako ekintzei buruzkoa, eta, bestea, berriz, eranskineko A.2 puntuko ekintzei buruzkoa –biak ere agindu honetakoak–. Akordioetan, halaber, jarraipen- eta aholkularitza-mekanismoak, aurreikusitako komunikazio-ekintzak eta laguntza tekniko eta finantzarioa ere jasoko dira.
2. artikulua.– Laguntzen izaera, zenbatekoa eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honen arabera emandako laguntzak ez dira itzuli behar.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa lagungarri den gastuaren % 100era iritsi daiteke.
3.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzari gehienez bi jardueratarako eman ahal izango zaizkio diru-laguntzak, eta proiektu bakoitzarentzat eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da 20.000 eurotik gorakoa izango.
4.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bera duten eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako diru-laguntzekin, salbu eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura emandakoak badira, eta, betiere, horrek gehiegizko finantziaziorik ez badakar.
5.– Gehiegizko finantzazioa gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Agindu honen helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Helburu horretarako 160.000 euro bideratuko dira gehienez, eta 15.0.1.09.22.0100.4.454.99.44210.008/U aurrekontu-zuzkidurari dagozkio.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzen erakunde onuradun izan daitezke irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak, lur-zaintzako erakunde bezala aritzen direnak, betiere agindu honetan zehazten diren jarduerak eta jardunak EAEko lurralde-eremuan egiten badituzte lur-zaintzako akordioen bidez.
2.– Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lur-zaintzako erakundetzat hartuko da bere estatutuetan berariaz jasotzen duena natura-ondarea kontserbatzen jarduten duela, betiere egiaztatzen badu bere jardueraren erdia gutxienez helburu horretara bideratzen duela.
3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. atalean jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek atzemateko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. ataletik 6. atalera bitartean ezartzen den modua, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako eragina izango du.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/lurraldea_zaintzea/y22-izapide/eu
4.– Eskaeraren ondorengo izapideak «nire kudeaketak» atalaren bitartez egingo dira https://euskadi.eus/nirekudeaketak
6. artikulua.– Jarduera eta jardun finantzagarriak eta diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzetara atxiki ahal izango dira eranskinean zehazten diren jarduerak eta jardunak, baldin eta lur-zaintzako akordioetan bilduta badaude eta agindu honen 1. artikuluko baldintzak betetzen badituzte. Jardun horiek EAEko lurralde-eremuan burutu behar dira.
2.– Lur-zaintzako akordioaren barne, agindu honen babesean, diru-laguntza jaso dezaketen jardunak 2015eko ekitaldian egin direnak baino ez dira izango; betiere, 2016ko maiatzaren 31 baino lehen gauzatu eta bukatu behar dira.
3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak ezarritakoarekin bat, Agindu honetan jasotako araubidearen babesean diru-laguntza jaso dezaketen gastuak honako hauek izango dira: eskatzaileak aurkezturiko jardunaren aurrekontu xehatuan jaso eta jardun hori betearazteari argiki lotuta daudenak.
4.– Ez dira diruz lagungarri izango edozein obra edo proiektu mota burutzetik eratorritako kontserbazioko edo leheneratzeko proiektuak edo jardunak, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaile gisa ezarrita daudenak.
5.– Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk ez dira diruz laguntzeko modukoak izango, baldin eta berreskuratu edo konpentsa badaitezke.
6.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan –egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuta– artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, balioztatze-batzordeak desagerrarazi edo kendu egingo ditu, diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zenbatekoa den zehazteko; aurrekontu hori diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko oinarria izango da.
7. artikulua.– Entitate eskatzaileen baldintzak.
1.– Eskatzaileak, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:
a) Irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatua izatea, eta erakundearen helburuetako bat natura-ondarea kontserbatzea izatea.
b) Egiaztatzea haren jardueren erdiak baino gehiago natura-ondarea kontserbatzeko helburu horrekin lotuta daudela.
c) Jarduera edo jarduketa diruz lagungarria EAEn gauzatzea.
d) Zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea.
8. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.
1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, eta, horretarako, eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan xedatzen duenaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira:
a) Beste edozein administraziok edo erakundek –izan publikoa zein pribatua– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.
b) Pertsona edo erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 51.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu ahal izango du honako betekizun hauek betetzen dituela:
a) Diruz laguntzeko modukoa ez den gastua estaltzeko behar adinako finantza-gaitasuna duela.
b) Ez dela helburu bererako diru-laguntzak jasotzen ari Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.
c) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
4.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunek, diru-laguntza ematea ebatzi aurretik, aurreko betekizunak frogatu beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute, edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiazta dezan.
9. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskaerak 45 eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/lurraldea_zaintzea/y22-izapide/eu)
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
4.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da, eta Zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).
10. artikulua.– Dokumentazioa.
1.– Eskaerari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:
– «Deskribapen-memoria» inprimaki formalizatua. Hor, behar bezala zehaztutako moduan honako hauek adieraziko dira: jarduteko lekuaren planoa eta mugaketa; jarduna garatzeko epeak, irismena eta garapena; jardueraren guztizko aurrekontua, partiden arabera banakatua; eta jarduna gauzatzeko egutegia.
– Zaintza-akordioa.
– Aurreko urteko jardueren memoria. Jarduera horiek erakundeak onartuak izango dira.
– «Aurrekontua» inprimaki normalizatua.
Era berean, diru-laguntzaren xede diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren baimen guztiak izapidetu eta lortu beharko dira jarduerak egin aurretik, bai eta udalaren hirigintza-lizentzia, eta, hala badagokio, eskumena duen edo duten sektore-administrazioaren edo administrazioen derrigorrezko baimenak eta lizentziak ere.
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.
Eskabidea jaso ondoren, ikusten bada aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituela, edo diruz laguntzeko jarduna hobeto ezagutzeko dokumentazio osagarria behar dela irizten bada, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak eskatuko dio eskatzaileari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko; hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera emango den ebazpenaren bidez.
12. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.
Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lanak.
13. artikulua.– Balioztatze-batzordea.
1.– Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, balioztatze-batzordea osatuko da, eta honako kide hauek izango ditu:
a) Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria.
b) Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzara atxikitako teknikari bi, eta horietariko batek idazkari jardungo du.
Proposamenak ebaluatzeko, natura-ondarearen kontserbazioan diharduten beste teknikari edota aditu batzuen iritzia jaso ahal izango da.
2.– Eskabideak ebaluatu ondoren, Batzordeak Ingurumeneko sailburuordeari bidaliko dio ebazpen-proposamena; horrek, hurrengo artikuluan adierazitako esleipen-irizpideetara eta aurrekontu-mugetara egokituta, diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta diru-laguntza horren zenbatekoa adieraziko ditu; gainera, proiektu bakoitzari emandako laguntza-ehunekoa eta onuradunen izenak ere zehaztuko ditu. Era berean, haren ustez baztertu beharko liratekeen proiektuak eta horren zergatia adieraziko ditu.
14. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Agindu honetako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez emango dira. Proiektuak balioztatzeko fasean kalifikazio-epaimahaiak emandako puntuazioa kontuan hartuta gauzatuko da lehiaketa.
2.– Horri dagokionez, diru-laguntzak emateko, jarraian adierazten diren baldintzak eskabidean betetzen diren ala ez balioztatuko da. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, irizpide hauen arabera banatuta:
a) Jarduera non gauzatuko den, 35 puntu, gehienez:
– Natura 2000 Sarearen eremuetan kokatutako lursailak: 35 puntu.
– Beste naturagune babestu batzuetan kokatutako lursailak: 30 puntu.
– EAEko hezeguneetarako LAParen II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: 25 puntu, gehienez.
– Aurreko ataletan sartuta ez dauden lursailak, baina Batasuneko intereseko flora eta fauna basatiko espezieak dituztenak, hegaztien eta habitataren gaineko Zuzentarauaren eranskinean direnak edo flora eta fauna basati mehatxatuen EAEko katalogoan direnak: 20 puntu, gehienez.
Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena baliozkotuko da.
b) Lur-zaintzako akordioaren denbora: puntu 1 emango da akordioak irauten duen urte bakoitzeko: 20 puntu, gehienez.
c) Proposaturiko ekintzek natura-ondarea kontserbatzeko duten ahalmena: 45 puntu, gehienez:
– Egitasmoaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, natura-ondarea eta paisaia kontserbatu, leheneratu eta hobetzeari egiten dion ekarpenaren arabera: 30 puntu, gehienez.
– Jarraipen-plangintzaren kalitate teknikoa eta proiekzioa: 10 puntu, gehienez.
– Komunikazio- eta zabalkunde-jarduerek gizartean duten eraginaren ahalmena: 5 puntu, gehienez.
3.– Artikulu honetako 2. zatian jasotako balioztatze-irizpideei jarraiki eskabideen lehentasun-ordena ezarri ondoren, laguntzak puntuazio-hurrenkerari jarraiki esleituko dira, agindu honen 3. artikuluan ezarritako diru-kopurua agortu arte.
4.– Balioztatzean, orotara berrogeita hamar (50) puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak ez dira diruz lagunduko. Agindu honetan ezarritako prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, hala badagokio, jasoko egingo da aipatutako gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuen zerrenda.
5.– Erakunde bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta proiektu bakoitzak helburu desberdina izango du.
6.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda eta diruz lagunduko diren proiektuen eta, orobat, emandako zenbatekoen zerrenda jasotzeaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jasoko da, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko –balioztatzean, 50 puntu edo gehiago jaso badute, betiere. Erakunde horiei dagokienez, ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektuak adieraziko dira, eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa azalduko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula ere izango aurrekontuetan onartutakoa baino handiagoa.
15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Aurkezturiko eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira; prozedura hori, interesdunak planteaturiko gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeak ebatziko du.
2.– Ebazpen horren bidez, eman edo hala balegokio, ukatu edo kanporatu egingo dira agindu honetan ezarritako laguntzak. Ematen baldin badira, honako hauek adieraziko dira: onuraduna zein den; emandako laguntza zenbatekoa den; eta diru-laguntza zein proiekturi eman zaion, diruz lagundutako jardunaren zenbateko osoa zehaztuta. Jardunak baztertzen badira, horren zergatia adieraziko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Ebazpena jakinarazpen telematikoz adieraziko zaie interesdunei, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. Tituluan xedatutakoarekin bat, eta jakinarazpen hori egindakotzat joko da pertsona edo erakunde interesdunak, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak jakinarazpena jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Hala, jakinarazitako egintza jaso izana elektronikoki izenpetu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kasuan-kasuan ezarri beharreko epeak. Halaber, 21/2012 Dekretuan aipatutako helbide elektronikoan egintza jakinarazten den egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean, pertsona edo erakunde interesduna, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona, jakinarazpenaren edukian sartzen ez bada, jakinarazpena errefusatu egin duela ulertuko da, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, non eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzailearen eskariz, ez den egiaztatzen oztopo tekniko edo materialak direla-eta ezinezkoa izan dela edukian sartzea. Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igaro eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek diru-laguntzetarako eskabidea ezetsi egin zaiela ulertuko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntzaren esleipena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Laguntzaren edo diru-laguntzaren helburua betetzea.
c) Laguntza edo diru-laguntza jaso duen proiektua gauzatzea.
d) Laguntza edo diru-laguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak betetzea.
e) Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta jarduera burutu dela eta helburua bete dela ere justifikatzea, diru-laguntzaren emakida edo gozamena horren araberakoa baita. Horretarako dagokion memoria aurkeztu beharko da.
f) Lehendik alta emanda ez badago, hirugarrenen alta ematea eskatzea.
g) Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzari dagokionez, organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jardunak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jardun guztiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi berezian ezarritako guztiak onartzea ere.
h) Aurreko paragrafoan aipaturikoei laguntzea egiaztapen- eta kontrol-jardunen garapenean, jardun horietarako eskatzen den informazio guztia emanez; horretarako, hauxe onartuko da:
– Sarbide librea egiaztatu beharreko agirietara, informatika-euskarria duten programa eta artxiboetara barne.
– Sarbide librea diruz lagundutako jarduera gauzatzen den lekuetara, edo laguntzaren edo diru-laguntzaren kontura finantzaturiko eragiketen errealitatea eta erregulartasuna egiaztatzeko aukera.
– Fakturak, agiri baliokideak edo ordezkoak eta eragiketei buruzko beste edozein agiri atxikitzea edo kopia eskuratzea, horietan laguntza edo diru-laguntza ez dela zuzen lortu, gozatu edo bideratu dela ondorioztatuz gero.
– Sarbide librea laguntzak edo diru-laguntzak kobratzeko edo fondo-hornidurak egiteko finantza-erakundeen kontuetan dagoen informaziora.
i) Jasotako fondoen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gorde egingo dira, agiri elektronikoak barne, harik eta horren inguruko egiaztapeneko eta kontroleko jardunak egin ahal izan arte.
j) Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari jakitera emango zaizkio helburu bererako emandako bestelako laguntza edo diru-laguntzak lortu izana (finantzakoak nahiz materialak), laguntza horien organo-emailea eta zenbatekoa, edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk emanak izanik ere; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izan eta biharamunetik hasita.
k) Organo horri, bestalde, diru-laguntza emateko aintzat harturiko edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio, aurreko paragrafoan adierazitako epean.
l) Jasotako fondoak, edo gauzaturiko jardunerako nahiz jarduerarako emandako diru-laguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzuli egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan jasotako kasuetan.
m) Jarduerak sorrarazitako dokumentu orotan, eta baita iragarki guztietan ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesari buruzko aipamen bat sartu beharko da Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (http://www.euskadi.eus/id_corporativa/indice_c.htm).
n) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, administrazio horrek erabiltzeko eta haren informazio-sistemetan sartzeko, baita informazio hori hedatzeko eta/edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edo teknika hori erabiltzea ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan, betiere egile-eskubideak errespetatuz, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bategina onartzen duen 1996ko apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, eta, orobat, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoa betez –lege horrek ingurumen-gaiei buruzko informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen ditu– (2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak barne hartzen ditu).
o) Diru-laguntza hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren lanen ondoriozko dokumentuak, materialak eta datu-baseak eman beharko dira, «Ingurumenari buruzko informazioa tratatzeari eta entregatzeari buruzko argibideetan» eta «Informazio geografikoa entregatzeko jarraibideetan» ezarritakoa kontuan hartuta. Bi dokumentu horiek eskuragarri daude hemen: Geoeuskadi/documentación/normativa datos GIS.
p) Hedapen-euskarrietan ezin izango da hizkuntza edo irudi sexistarik erabili (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikulua), baldin eta jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak egiten badira. Zuzenean sortzen dituzten dokumentuetan ere hizkuntzak inklusiboa izan beharko du.
q) Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.
r) Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan parte hartzea esperientziak eta zaintza-proiektuak hedatzeko edo trukatzeko, horrelakorik erabakitzen bada.
17. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
1.– Baldin eta jardunaren behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako diru-laguntzaren zenbatekoari behar den ehunekoa murriztuko zaio. Orduan, diru-laguntzaren zenbatekoa oinarri berrian aplikatuko da.
2.– Aldiz, hasieran aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa handitzen bada, ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik soilik sartu ahal izango da aldaketa hori prozeduran. Gorantz zuzendutako aurrekontu bat geroago aurkezteak (jardun-kostuetan izandako hazkundeak kontuan hartzeko) ez du emandako laguntzaren hazkunderik eragingo, eta hurrengo artikuluaren ondoreetarako baino ez da aintzat hartuko.
18. artikulua.– Proiektuak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko aintzat harturiko baldintzetan aldaketarik egitekotan, aldaketa horiek ez badakarte diru-laguntzaren izaera edo helburuen funtsezko aldaketarik, aurretiaz Ingurumeneko sailburuordeari horretarako baimena eskatu eta horren berariazko baimena beharko da.
2.– Aldaketak ez du inola ere eraginik izango jardunaren izaeran.
3.– Organo eskudunak onartu egin dezake aurkezturiko justifikazioa, baldin eta diru-laguntzaren erakunde onuradunak. justifikazioan agerian uzten badu emakidarako aintzat hartutako baldintzetan aldaketak egon direla eta aldaketa horiek ebazpena aldatuko zutela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikulu-zatian ezarritakoaren arabera, eta ez bada bete onespenerako aurretiazko administrazio-baimenaren izapidetzea, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
4.– Organo emaileak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuesten izan litzakeen zehapenetatik.
19. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
1.– Ematen diren diru-laguntzen ordainketa bi libramenduren bitartez gauzatuko da: % 50, diru-laguntza ematen denean, eta, gainerako % 50a diru-laguntza jaso duen jarduna benetan egin dela, helburuari egokitzen zaiola eta kostua lehendik adierazitakoa dela egiaztatu ondoren.
2.– Pertsona onuradunek honako hau aurkeztu beharko dute 2016ko uztailaren 31 baino lehen, https://euskadi.eus/misgestiones gunearen bitartez:
a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatu direla azaltzen duen deskripzio-memoria. Han, zehaztu egingo da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak eta zenbateraino bete diren jardunaren helburuak.
b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.
c) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, betiere zehaztuz, hala badagokio, beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla helburu bererako; horrez gain, eta hala badagokio, adieraziko da eskabidea aurkeztu den diruz laguntzeko moduko programetan BEZa diruz lagundu daitekeen ala ez.
3.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, ikuskapen horren egiaztapenetan nahiz emaitzetan eta aurkezturiko dokumentazioan oinarrituz, likidatu egingo du diru-laguntza, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.
4.– Halaber, ordainketa izapidetzen ari den garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan emandako diru-laguntzetakoren bat eskuratu dutenek zerga-mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruz Ogasun eta Finantzetako sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan ezarritako egoeretakoren bat gertatzen denean, orduan, agindu honetako 6. artikuluaren e) idatzi-zatian ezarritako eran egingo da egiaztapena.
20. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko aintzat harturiko baldintzak aldatuz gero, diru-laguntzaren helburua bete dela irizten bada, eta beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen diru-laguntzak nahiz laguntzak lortuz gero, aldatu egin daiteke diru-laguntza emateko ebazpena, baldin eta agindu honetan diru-laguntzaren jasotzaile izateko ezarritako baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak dagokion ordainketa-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edota, hala dagokionean, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko eskatuko da.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
Laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuren batean sartzen badira (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Testu Bategina), edo agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza urratzen badute, Ingurumeneko sailburuordeak ordaintzeke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidearen galera adieraziko du, interesdunari bidezko entzunaldia egin ondoren, eta gainera, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko gainerako ekintza guztiak aplikatzea, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.
Agindu honetan berariaz jaso gabe geratzen den guztirako, honako hauetan ezarritako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, aginduaren jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.