EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2015140

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015. urtean goi-mailako kirol lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak iragarri eta nola emango diren arautzen duena.

Xedapenaren data: 2015-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201503335
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, agindu honen bidez, diru-laguntzen lerro bat ezartzen du, zeina Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol lehiaketak antolatzea laguntzeko baita.
Deialdi hau honexegatik egiten du: goi-mailako kirol lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeari garrantziko iriztea Eusko Jaurlaritzak. Oro har kirola bultzatzeko pizgarri dira, goi-mailako euskal kirolariei lehiarako markoa bat eskaintzen die, eta jarduera ekonomikoa sortzen dute.
Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola ere herri-interesekoa da; izan ere, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko funtsezko faktorea da, eta, bestetik, Estatuaren arloko eta nazioarteko kirol lehiaketa ofizialetan errepresentazio-funtzioa du. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei ematen die goi-mailako kirola antolatu eta sustatzeko eskumenaz baliatzea.
Hortaz, ezarri egin behar dira, batetik, kirol lehiaketak goi-mailakotzat hartzeko izan behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak, eta, bestetik, aipatu diru-laguntzak eskatu, izapidetu eta ematearena erregulatzeko arauak.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– 2015. urtean egiten diren edo hasten diren goi-mailako kirol lehiaketa ofizialak antolatzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen du agindu honek, artikulu honetan xedatutako eran. Deialdi honen ondorioei dagokienez, honako hauek joko dira goi-mailako kiroltzat: nazioarteko eremu eta izaerako lehiaketak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
● Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egon beharko dute.
● Mundu-mailako lehiaketetan, kontinente biko edo gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.
● Lehiaketa guztietan ere, herrialde biko eta gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.
● Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketak, herrialde ezberdin bitan edo gehiagotan antolatu beharko dira.
● Estatuaren eremuko edo erkidegoen eremuko kontsideratzen diren lehiaketak ez dira baloratuko.
Tenis kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira diru-laguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuak diren kirol lehiaketak.
Surf kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira diru-laguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol lehiaketak.
2.– 2015. urtean hasten diren lehiaketetarako ematen diren diru-laguntzak, ekitaldi horretako gastuak finantzatzeko bakarrik erabiliko dira.
3.– Agindu honetatik kanpo geratzen dira honako lehiaketa hauek: kirol ikuskari edo erakustaldi direnak, eta, halaber, nazioarteko eremua eta izaera ez dutenak.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira diru-laguntzak lortzeko; hain justu ere proposatutako lehiaketan zehar, eta, zehazki, publizitateari zein dokumentazioari dagokionez (gutuneria, kartelak, liburuxkak, programak, megafonia, etab.).
5.– Edonola ere, ezin izango dute modalitate honetako diru-laguntzarik jaso, eta, beraz, deialdi honetatik kanpo geratutako dira, bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatzen ez duten proiektuek.
6.– Deialdi honetan erregulatutako diru-laguntzak lotuak dira Europar Batasunak ezarritako «mínimis» erregimenari.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Berrehun era berrogeita bost mila (245.000) euro erabiliko dira horretarako guztira; horietatik 122.500 euro 2015rako ordainketa-kreditu izango dira, eta gainerako 122.500 euroak 2015erako konpromiso-kreditu.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzak honako pertsona eta erakunde hauek eskatu ahal izango dituzte:
a) Kirol federazioak, kirol klubak, kirol elkarteak eta kirola helburutzat duten merkataritza-sozietateak, baldin eta legez eratuak izanik erregistro egokian inskribaturik badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoan badute egoitza soziala.
b) Goragoko idatzi-zatian aurreikusi gabeko erakunde pertsonalitate juridikodunak, baldin eta betekizun hauek konplitzen badituzte: legez eratuak izatea, erregistro egokian inskribaturik egotea, Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza soziala, eta kirol modalitateen inguruko jarduerak periodikoki edo aldian behin antolatzea.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izanik kirol modalitateen inguruko jarduerak periodikoki edo aldian behin antolatzen dituzten pertsona fisikoak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak.
2.– Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu honako hauek: laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsonek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
3.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.
4.– Era berean, onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa bidezko prozedura erabiliko da, eta horren ondorioz, agindu honetako 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honelaxe banatuko da: 11. artikuluan zehaztu irizpideak aplikatuaz, balioespen-fasean eskabideek lortutako puntuazioaren arabera, betiere aipatu artikuluaren 9. paragrafoan ezarritako diru-laguntzaren zenbateko maximoa errespetatuz edo, kasua bada, txikiagoa izanez gero, eskatutako zenbatekoa.
2.– Diru-laguntzei buruzko ebazpena eta proposamena egiteko, betiere kontuan izan beharko dira ezarritako diru-laguntzako mugak.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak modu presentzialean edo bide elektronikoz izapidetu ahalko dira. Kanal bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda baitaiteke.
3.– Modu presentzialean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Zuzenean-en, EAEko erregistro osagarrien bulegoetan (bulego horiek zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan, ezarritako bideetako edozein erabiliz.
4.– Izapidetze elektronikoan, pertsona edo erakunde interesdunek euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahalko dituzte prozedura honekin lotutako izapide guztiak, helbide honetan:
https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/15_klp/es_dirulag/dirulag.html
https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/15_klp/es_dirulag/dirulag.html
Eskabidea egin eta gero egin beharreko izapide elektronikoak honako helbide honetan egingo dira:
http://www.euskadi.net/misgestiones
5.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde/pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatu dituzten erakundeek/pertsonek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharko erakunde/pertsona eskatzailearen oniritzirik, beti ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, xedatutako baldintzetan.
2.– Laguntza eskatzen duen pertsonak/erakundeak beren beregi onartu ahal izango du organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, eskabidean, honako betebehar hauek bete direla egiaztatuko da, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
● Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
● Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetako seigarrenean.
● Eskatzaileak egunean izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala, ekonomia-jardueren gaineko zerga barne.
● Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta korritzen duen ekitaldi fiskalean, jaso ez izana «mínimis» laguntzarik nazioartekoa edo estatala den ezein administrazio edo erakunde publikotik, ez eta Europar Batasunaren arautegian baimendutakotik gorako zenbatekoetan ere. Halako laguntzarik izan bada, eman diren «mínimis» laguntzen zenbatekoak jasotzen dituen agiria aurkeztu beharko da. Betebehar horretatik salbuetsita daude kirol-izaerakoak diren irabazi asmorik gabeko erakunde eskatzaileek jarduera ez-ekonomikoak egiteko helburuz jasotako laguntzak.
● Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, indarrean diren araudian ezarritakoak.
4.– Pertsona juridikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakunde Erroldan inskribatuta ez badaude erakundeak, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagokion erregistro publikoen izena ematearen egiaztagiria eta pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren zein horrek duen ordezkapen-ahalmenaren ziurtagiriak.
Pertsona fisikoek, beren datuak bide elektronikoez egiaztatzeko onespena ematen ez dutenean, NANaren fotokopia eta erroldatze-ziurtagiria aurkeztuta kreditatu beharko dute beren nortasuna eta erroldatzea.
5.– Erakunde eskatzaileak honako hau bermatu beharko du:
● Bi sexuen arteko tratu-berdintasuna kirol lehiaketetan.
● Erakunde eskatzaileak, ezein zabalkunde-bitartekotan adieraziko duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren laguntza izan dutela ekitaldian parte hartzeko, eta ekitaldian parte hartzearekin lotutako ekitaldi publikoetara gonbidatuko duela Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, salbu eta diru-laguntza ekitaldia egin ostean eman; azken kasu horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.
1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).
● Nazioarteko federazioaren, europar federazioaren edo nazioarteko liga profesionalaren egutegi ofizialeren kopia, zeinetan jasotzen baita zein lehiaketarako eskatzen diru-laguntza; edo, bestela, URL lotura, zeinetan kontsulta baitaiteke aipatu egutegia.
● Organismoa estatal egokiak nazioarteko lehiaketa ospatzea baimentzeari buruzko agiria.
● Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketei dagokienez, proba guztien egutegia eta haiek non ospatuko diren jasotzen dituen agiria.
● Lehiaketa jada ospatua bada, emaitza ofizialak aurkeztu beharko dira, betiere parte hartu duten kontinenteak, herrialdeak eta kirolariak zenbat izan diren zehaztuaz. Lehiaketa ez bada ospatu, aurreko urteko emaitza ofizialak eta lehiaketan parte hartuko duten kirolari kopuruari buruzko aurreikuspena aurkeztu beharko dira.
2.– Lehiaketan goi-mailako euskal kirolariak pate hartu izana egiaztatzeko agiria, hain justu ere Eusko Jaurlaritzaren edo/eta Kirolen Kontseilu Gorenaren zerrendetan errekonoziturik diren kirolariei dagokienez.
Eskabide aurkezten denean jada ospaturik badago lehiaketa: arbitroaren akta, eta akta horretako zerrendetan goi-mailako euskal kirolariak zenbat diren egiaztatzeko agiriak. Eskabidea aurkezten denean ospaturik gabe badago lehiaketa: lehiaketan parte hartu eta irizpide hori konplitzen duten euskal kirolariei buruzko aurreikuspena, eta haiek goi-mailako direla egiaztatzen dokumentazioa.
Lehiaketa aurreko urteetan ospatu bada: arbitroaren akta, eta ospatutako azken lehiaketan izan diren goi-mailako euskal kirolariak zenbat izan diren egiaztatzeko agiriak.
3.– Lehiaketako programa, eta, halakorik balitz, maila edo/eta parte-hartze txikiagoko lehiaketako beste jarduera batzuk.
4.– Sarrera eta jarduerako gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua.
5.– Beste erakunde publiko edo publiko batzuekin egindako itun edo lankidetzaz garatuz gero jarduera, garapen hori babesten duen kontatuaren edo itunaren kopia. Kasu horretan, eskatzailea ez den erakunde antolatzaileari dagokionez, goragoko paragrafoetan ezarritako dokumentazioa.
6.– Eskabidearen balioespenerako aurkeztu nahi duten gainerako dokumentazioa:
8. artikulua.– Bekak kudeatzea.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak burutzea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
10. artikulua.– Balioespen-batzordea.
1.– Balioespen-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).
2.– Era berean, balioespen-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dute, hitza bai baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonek, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.
3.– Balioespen-batzordea eratzerakoan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.
4.– Balioespen-batzordearen osaketa eragingarria EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubidea baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
5.– Balioespen-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.
6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko eta hautatzeko irizpideak.
Balioespen-batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, jarraian aipatzen diren baremo eta irizpideen arabera:
1.– Probaren edo lehiaketaren maila (45 puntura arte):
– Munduko txapelketak: 45 puntu.
– Europako txapelketa: 40 puntu.
– Munduko txapelketa, zirkuitu edo ligaren formatukoa: 35 puntu.
– Munduko txapelketa: 30 puntu.
Kategoria goreneko proba nazioartekoak: 25 puntu.
– I Nazioarteko beste proba batzuk: 10 puntu.
– II Nazioarteko beste proba batzuk: 5 puntu.
– III Nazioarteko beste proba batzuk: 2,5 puntu.
2.– Kategoria absolutua (10 puntu).
Lehiaketa kategoria absolutukoa dela egiaztaketen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; halakoa ez bada: 0 puntu.
3.– Lehiaketa programa olinpikoan sartuta egotea (10 puntu).
Lehiaketa programa olinpikoan sartua dela dela egiaztaketen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; halakoa ez bada: 0 puntu.
4.– Lehiaketan goi-mailako euskal kirolariek parte hartzea (2,5 puntu). Irizpide hori balioesteko, honako hauek joko dira goi-mailako euskal kirolaritzat: Eusko Jaurlaritzaren edo/eta Kirolen Kontseilu Gorenaren zerrendetan goi-mailako kirolaritzat jotzen direnak.
Lehiaketan goi-mailako kirolari batek, bik edo gehiagok parte hartzen dutela egiaztazten duten eskabideek 2,5 puntu lortuko dituzte; halako parte hartzearik ez bada: 0 puntu.
5.– Lehiaketaren edizio kopurua (20 puntura arte): 2014ko eizioa era kontuan izanik.
Edizio kopuruaren arabera puntu-banaketa, ondoko taulan oinarriturik:
● 50 edizio baino gehiago: 20 puntu.
● 41-50: 15 puntu.
● 31-40: 10 puntu.
● 15-30: 5 puntu.
● 1-15: 0 puntu.
6.– Goi-mailako kirol lehiaketa baterako diru-laguntza eskatzen bada, lehiaketa horren programan honako kirol jarduerak sartzea: maila eta parte-hartzea txikiagoko beste kirol jarduera batzuk (2,5 puntu).
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko kirol eta lehiaketa estrategikoen balioespen teknikoa eta kirolaren aldetikoa (10 puntura arte).
Kirol eta lehiaketa estrategikoa: 10 puntu.
Ez da konplitzen betekizunetariko bat: 5 puntu.
Estrategiko ez diren kirola eta lehiaketa: 0 puntu.
8.– Nazioarteko Batzorde Olinpikoak errekonozitzen dituen erakundeek antolatutako probak honelaxe balioetsiko dira: nazioarteko bete proba batzuetarako ezarritakoaren arabera artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakorekin bat etorriaz.
9.– Jarduera bakoitzeko diru-laguntza hogei mila (20.000) eurokoa izango da gehienez.
10.– Aurreko paragrafoan ezarritako muga aplikatzearen ondorioz, agindu honetan ezarritako balioespen-irizpideen araberako banaketarekin bat etorriaz esleitutako zenbateko guztia erabiltzen ez bada, beharrezko doiketak egin ahal izango dira, hain justu ere zenbateko osagarriak esleitu dakizkiekeen onuradunen artean banatzeko gaindikina.
12. artikulua.– Bateragarritasuna.
Hargatik eragotzi gabe agindu honetan ezarritako mugak, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein administraziok edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke, baldin eta helburu bererako badira, eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, balioespen-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epearen barru, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunari ez bazaio jakinarazi, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44 artikuluan.
3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
4.– Izapideetarako bide presentziala baliatuz gero, jakinarazpena gauzatutzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea, jakinarazpena betetzat jotzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.
5.– Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak haren jasotzea elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jasotzea elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.
Jakinarazpenaren xedea erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokiona, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2015eko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2015eko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren, 48.tik 53.erako artikuluetan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutzen bada lehiaketa, burututakoan Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari arbitroaren aktak eta lehiaketako behin betiko programa helaraziko zaizkio.
c) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabili beharko da diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenarekin bat etorriaz.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez.
e) Programaren exekuzioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eskatzen duen informazio guztia ematea.
f) Jarduera burutzen ari delarik eta leku agerikoan, adierazi beharko da ezen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak laguntzen duela hura diruz; salbu eta jarduera bukatu ostean eman diru-laguntza.
g) Jarduera aurkezteko burutzen diren ekitaldi publikoetara deitzea Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, salbu eta ekitaldia burutu ostean eman diru-laguntza; kasu horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hara sortutako dokumentazioan jaso beharko da.
h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
16. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Justifikazioak bide presentzialean edo bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzara jo beharko da 2015eko martxoaren 31 baino lehen; agindu honetan, eskabideak aurkezteko ezarritako jarraibideei men eginez.
Egiaztagiriak:
a) Jardueraren exekuzioari buruzko memoria, zeinetan, gutxienez, jasotzen baitira honako hauek: agindu honetan, balioetsiko diren gaiak.
b) Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbotroaren aktak, eta lehiaketako behin betiko programa.
c) Egindako gastuen jatorrizko ziurtagiriak, edo, hala badagokio, fotokopia konpultsatuak, emandako diru-laguntzaren kopuruaren adinako zenbatekoz.
Hala ere, diru-laguntza egoki aplikatu dela egiaztatzearren, «laginketa-tekniken» bitartez egiaztapenak egingo ditu hura ematen duen organoak, zehazki, hartarako egoki irizten zaien frogagirien gainekoak; eta, bestalde, hasieran aurkeztu ez eta ekitaldiaren kostu osoa hartzen duten frogagiriak entregatzea ere eskatu ahal izango dio onuradunari.
d) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten dokumentu guztien aleak.
e) Jarduera edo programa burutzen den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzeko agiriak.
f) Ekitaldiaren kostuaren behin betiko balantzea; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazi behar dira bertan. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).
17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doitu egingo baitira esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoak.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek dira ez-betetzeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu zen testu bategin hori.
2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatzen dela ikusiz gero, zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere ondoko arauetan ezarritako zehaztapenekin bat etorriaz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina; abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, zeinarekin, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baita, eta, bestetik, horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baitira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten dizu eze zuk ematen dituzun eta deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen diren datuak honako fitxategi honetan jasoko direla: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko «Kiroletarako laguntzak eta diru-laguntzak» izenekoan, zeina 2006ko uztailaren 27ko Aginduaz arautu baitzen eta laguntza-espedienteak kudeatzeko helburua baitu. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri; datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu, eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari honako honetarako: emandako datuak erkatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste administrazio publiko batzuen esku egon); betiere, egiaztatzeko ezen betetzen direla laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.