EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2015140

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-07-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201503330
Maila: Agindua
Agindu hau, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomia osatzen duten entitateen elkarteen funtzionamendua arautzeko behar den gastuaren zati bat ordaintzeko laguntzak emateko betekizunak eta prozedura ezartzen eta arautzen dituen erregelamenduzko araua da, eta lurralde horretako gizarte-ekonomia sustatzeko politika publikoaren ardatzetako bat mantentzea eta exekutatzea du helburu.
Izan ere, euskal gizarte-ekonomia sendo bat, etorkizunekoa eta etorkizuna izango duena, garatzeko politika publiko koherente, efektibo eta efizienteak diseinatzeko eta inplementatzeko, ezinbestekoa da elkarte-egiturei sostengua ematea, era horretako sozietateen ordezkaritza instituzionala bermatzeko eta interesak defendatzeko hainbat zerbitzu ematen baitituzte.
Elkarte-egituraren potentzialtasunak garantizatzen du, zuzenean edo zeharka, sorrera, mantentzea eta elkartekideen jarraipena, bai enpresen aldetik eta bai sozietateen aldetik.
Gizarte-ekonomiako enpresen kontzeptuan –5/2011 Legeak, Gizarte-ekonomiari buruzkoak, 5. artikuluan tipifikatuan lege beraren 4. artikuluan zehaztutako printzipioen arabera, interes kolektibo eta sozialak lortzeko xedearekin– sartzen diren sozietate-moten heterogeneotasunak eskatzen du Administrazio Publiko eskudunak sostengatzea familia bakoitza osatzen duten elkarte-egiturak; kontuan izanda egitura horiek ez daudela elkarrekin lehian laguntza publikoa lortzeko eta ez zaiela lehentasun-irizpiderik aplikatuko, baizik eta, ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza horiek lortu ahal izango dituztela, arauan ezarritako parametroak aplikatuta bakoitzari dagokion muntan.
Agindu honek irizpide horri eusten dio eta, ondorioz, era guztietako elkarteak sortzeko eta finkatzeko erraztasunak ematen ditu sektore ekonomiko desberdinetan edo jarduera-arlo espezifikoetan.
Era berean, aurreko ekitaldian funtzionamendua hobetzeko sartu ziren arauak mantentzen dira, egokiak direla ikusi delako.
Edonola ere, laguntza honen erregulazioa oinarritzen duten ildo nagusiak berberak izan dira bertsio guztietan; laguntzaren gaineko ardurakidetasun publiko-pribatua, alegia.
Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, 2015eko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da agindu honen xedea. Entitate horiek berezko nortasun juridikoa izan behar dute, interes komunak ordezkatu eta babesteko elkartu behar dira, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrukoak izan behar dute. Honelako entitateek jaso dezakete laguntza:
a) Lan-sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek.
b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibek eta elkarte konfederalek.
c) Ekonomia solidarioko elkarteek eta enplegu-zentro berezien elkarteek.
d) Langile autonomoen sektore arteko erakundeek, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenek.
Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 144. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.
2.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 4/1993 Legearen 143.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba-mota bat baino gehiago eta beste sozietate-mota batzuk biltzen badituzte, diru-laguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.
2.– Honakoak joko dira egitura-gastutzat:
a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.
b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko entitate ordezkariei ordaindutako kuotak.
c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.
d) Entitatearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.
3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzazioa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.
4.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak entitate eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen plangintza baliozkotu eta onartuko du. Gastu horiek entitate bakoitzaren 2014ko ekitaldirako Kudeaketa Planean sartutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan jasoko dira, agindu honetako 1. eranskineko gastu-egiturari jarraiki.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta hamar mila (610.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: laurehun eta berrogeita hamazazpi mila eta bostehun (457.500) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako, eta ehun eta berrogeita hamabi mila eta bostehun (152.500) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:
a) II. kapituluari dagokienez, berrehun eta hirurogei mila (260.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: ehun eta laurogeita hamabost mila (195.000) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta hirurogeita bost mila (65.000) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
b) III. kapituluari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
c) IV. kapituluari dagokienez, ehun mila (100.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
d) V. kapituluari dagokienez, ehun mila (100.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
3.– Aurreko paragrafoetan adierazitako zenbateko globalak handitu ahal izango dira, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta honako hauen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren beste programak betetzetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren bestelako aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.
4.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura hau izango da:
– Aurreko paragrafoan aipatutako kapituluetako bakoitzerako dauden baliabide ekonomikoak nahikoak badira baietsi beharreko ebazpenei erantzuteko, entitate eskatzaile guztiei onartuko zaie diru-laguntzarako eskubidea.
– Kapituluren batean, kapitulu horri dagozkion eskaera ebatzi ondoren, dauden baliabide ekonomikoetan soberakina badago, eta besteren batean edo batzuetan defizitik badago, soberakin horiek defizita duten kapituluak osatzeko erabiliko dira.
– Kapituluren batetik eratorritako soberakinak nahikoak ez badira defizita duten kapituluen beharrizan guztiak asetzeko, soberakin horiek proportzionalki banatuko zaizkie defizita duen kapitulu bakoitzeko kopuruei; eta, hala eta guztiz ere, laguntzen eskaerak estaliko ez badira, hainbanaketa bakarra eta independentea aplikatuko da kapitulu bakoitzaren barruan.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako eskaerak bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko dira.
2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira:
– II. Kap.: www.euskadi.net/estructurasasociadasylaborales2015/y22-izapide/eu
– III. Kap.: www.euskadi.net/estructurasconfyotras2015/y22-izapide/eu
– IV. Kap.: www.euskadi.net/estructurasinsercionycee2015/y22-izapide/eu
– V. Kap.: www.euskadi.net/estructurasautonomos2015/y22-izapide/eu
3.– Eskaera egin ondorengo izapideak https://euskadi.net webgunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.
5. artikulua.– eskaerak aurkezteko modua eta epea.
1.– Diru-laguntzen eskaerak agindu honetako I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Inprimaki hori aurreko artikuluan zehaztutako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke.
2.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.
3.– Pertsona edo entitate eskatzaileek eskaera eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– eskaerarekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
6. artikulua.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Entitate onuradunek eskaera aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.
2.– Entitate onuradunek, eskaera-orrian jasota dagoen erantzukizunpeko aitorpen bidez, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:
– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.
– Gainera, alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan izena eman gabe egonez gero, edo bertan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, interesdunak honako helbide hauetan eman ahal izango du alta edo aldatu ahal izango ditu datuak:
– Aurrez aurreko bidea erabiliz: http://www.euskadi.net/hirugarrenarenalta helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.
– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/hirugarrenarenalta helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.
– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adieraztekoa.
7. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak oso-osorik bete behar dira, eta, eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:
a) 2015. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.
b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:
– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2015eko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.
– Ordezkatutako bazkide langileen kopurua.
8. artikulua.– Eskaeran egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntzak lortzeko eskaerak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio entitate interesdunari. Hori egin ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 71.1 eta 42.1 artikuluetan.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste herri-administrazio edo entitate batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.
2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako diru-laguntzak pilatzen badira, eta diru-laguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko.
3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo erakunde publikoek emandako diru-laguntzak.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.
1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Enplegu eta Laneko sailburuordeari, jakinarazpen-egunaren biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.
3.– Agindu honen babespean egindako eskaerak espresuki ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Aginduak ondorioak dituenetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko betebeharra ezartzen dion.
4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta diru-laguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren.
11. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betekizun aplikagarriak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:
a) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2015eko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hiru hilabeteko epean.
b) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
c) Diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan jardutea konprobazio-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
Diru-laguntzak zatika ordainduko dira: diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita 15 egun igarotakoan, % 75 ordainduko da, esanbidezko ukorik ematen ez bada. Gainontzeko % 25, berriz, entitate onuradunaren jardueren urteko memoria aurkezterakoan ordainduko da. Organo eskudunak onartu beharko du memoria hori, eta, memoriarekin batera, egindako egitura-gastuak egiaztatzen dituzten kontabilitate-agiriak aurkeztuko dira.
Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, onartzen denetik zenbatzen hasita, 2016ko urriaren 31 baino lehen betiere.
13. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada –betiere diru-laguntzaren xedea betetzat joz gero–, edo laguntza horiekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publikok emandako laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da agindu honetan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
14. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Laguntzak jaso dituen entitateak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen bada, edo Agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan, baita diru-laguntza emateko Ebazpenean ere, ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaindu gabeko kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak gehi diru-laguntza ordaindu zitzaionetik sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean– ezarritakoa betearaztean dagozkien gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.
15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokian EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretako epe bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik hara. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.
c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki premiamendu-bidetik ekin diezaion.
II. KAPITULUA
LAN SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK
16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.
1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu; hau da, 50.000 euro emango ditu entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:
a) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:
1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.
2) 5.001. bazkide langiletik 10.001. bazkide langilera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.
3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, lau (4) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.
b) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen enpresen kopurua:
1) Ordezkatutako lehenengo enpresatik 250. enpresara, laurogei (80) euro emango dira enpresa bakoitzeko.
2) Ordezkatutako 251. enpresatik aurrera hirurogeita hamar (70) euro emango dira enpresa bakoitzeko.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.
3.– Entitate eskatzaile onuradun bakoitzak, gehienez, 150.000 euro jaso ahal izango ditu, eta zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita.
III. KAPITULUA
LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBA ELKARTEENTZAKO ETA ELKARTE KONFEDERALENTZAKO LAGUNTZAK
17. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.
IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEAK ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEAK
18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.
V. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOEN SEKTORE ARTEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketakoo sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46,1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.