EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2015140

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuena, zeinen bidez iragartzen baita Gizarte-Ekonomian ekiteko eta Gizarte-Ekonomiako Enpresen Lurralde-Sustapen Planifikaturako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia.

Xedapenaren data: 2015-07-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201503328
Maila: Agindua
Gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen arauketa honek aurreko bi ekitaldietan araututako irizpideei eusten die; horrela, aurreko ekintzailetza-ildo guztiak barneratzen ditu, sustapen-laguntza profesionalean eta gizarte-ekonomiako sektorekoan oinarrituta, eta gutxieneko bideragarritasun ekonomikoa eta elkarteei dagokiena bermatzen du. Era berean, enpresa horiek eratu ondoren, laguntza teknikoa edukitzeari eta gizarte-ekonomiakoak izateari euts diezaiotela lortu nahi du, bai eta, funtsean, gizarte-ekonomiako enpresa bideragarri gisa jarraitasuna izan dezatela.
Hori dela eta, deialdi hau bat dator 2013-2016 Enplegua Sustatzeko Programarekin, gizarte-ekintzailetzaren bidez enplegu berriak sustatu eta sortzeko ardatz nagusiekin lerrokatzen baita, gizarte-ekonomiako enpresek duten balio erantsiarekin, kasu honetan. Hain zuzen ere, azken horiek sustatu eta garatzea da Eusko Jaurlaritzarentzat gure ekoizpen-ekonomiaren ezaugarrietako bat.
Nekazaritza-kooperatiben sorrera gehitu da, diru-laguntza jaso dezaketen gizarte-ekonomiako enpresa sortu berrien kasuen artean, landa-eremuko enpleguaren sorrera bultzatzen dutelakoan eta, horren ondorioz, landa-eremuko biztanleriari eusten diotelakoan, kooperatiba sozietateen sarea indartzen baitute; horrela, sare hori finkatu ahala, finkatuko da, halaber, nekazaritza kooperatibako bazkidearen posizioa eta, finean, landa-eremuan dituen enplegua eta lana; hori dela-eta, diru-laguntzei buruzko agindu honek bultzatzen duen sustapen-jardunaren arrazoi bera dago kasu berri horren atzean.
Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez 2015eko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko eta gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honen xedea betetzeko, guztira, milioi bat bostehun eta hogeita hamazortzi mila ehun eta laurogeita hamazazpi (1.538.197) euro erabiliko dira, honela banatuta:
a) II. kapituluari dagokienez, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeari buruzko 15. kapituluko 1. eta 2. ataletan, milioi bat berrehun eta hirurogeita hamazortzi mila ehun eta laurogeita hamazazpi (1.278.197) euro, honela banatuta: bederatziehun eta berrogeita hamazortzi mila zazpiehun eta laurogeita hamazazpi (958.797) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako, eta hirurehun eta hemeretzi mila eta laurehun (319.400) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
b) II. kapituluari dagokionez, krisian dauden enpresen bideragarritasun-azterlanei buruzko 15. artikuluko 3. atalean, berrogeita hamar mila (50.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta hamabi mila eta bostehun (12.500) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
c) III. kapituluari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, berrehun eta hamar mila (210.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: ehun eta bost mila (105.000) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta ehun eta bost mila (105.000) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako.
Zenbateko horiek igo ahal izango dira, bere garaian zehaztuko den moduan, indarrean den legerian kredituak lotzeko edo aldatzeko aurreikusitako araubideari jarraiki aurrekontu-aldaketarik onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.
Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.
c) Eskabidea aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta Gizarte Segurantzan erregistratuta.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.
e) Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso eta, horren ondorioz, laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.
Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
4. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikulua betez, aurreko artikuluko e) paragrafoan jasotako eskakizunak betetzen direla egiaztatu beharko da eskabidearekin batera aurkeztutako aitorpen arduratsu baten bidez.
2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen entitateek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.
3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.
4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
5. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honen babespean irekitako espedienteak honela izapidetuko dira:
– II. kapituluan araututako laguntzak aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, sustatutako entitateen kasuan izan ezik; izan ere, erakunde sustatzaileak bide elektronikoz aurkeztu beharko du, nahitaez, diru-laguntza eskatzen duen entitate sustatu bakoitzeko laguntza-eskaera bana, horiek ordezkatuz. Halakoetan, erakunde sustatzaileak ordezkatzeko ahalordea egiaztatu beharko du, erakunde sustatuen izenean jarduteko.
– III. kapituluan araututako laguntzen eskabideek izapide egiteko bide elektronikoa erabili beharko dute, nahitaez.
2.– Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira izapideak –aurrez aurre edo bide elektronikoz– egiteko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako inprimaki eta ereduak, helbide hauetan:
– Enpresak eratzea: www.euskadi.net/emprenderconstitucion2015/y22-izapide/eu
– Enpresak eratzeko sustapena: www.euskadi.net/emprenderpromocion2015/y22-izapide/eu
– Bideragarritasun-azterlanak: www.euskadi.net/emprenderviabilidad2015/y22-izapide/eu
– Planifikatutako lurralde-sustapena: www.euskadi.net/emprenderpromocionterritorial2015/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabil daitekeenean, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, bietako bat erabiltzeak ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetarako bide bera erabili behar denik, nahi denean alda baitaiteke bide batetik bestera.
6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.
1.– Eskabideak agindu honen eranskin gisa jasotzen den ebazpen normalizatua erabiliz aurkeztuko dira. Ebazpen hori aurreko artikuluan aipatzen den helbide elektronikoan ere eskura daiteke.
2.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.
3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako lurralde-ordezkaritzetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekudeaketak helbidean aurkeztuko dira.
5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
7. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 71.1 eta 42.1 artikuluetan.
8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Banan-banan aztertuko dira, 2. artikuluan jasotako hiru atalen arabera, agindu honetan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza-eskaerak. Atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunei laguntzeko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.
2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz 2. artikuluko ataletan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:
a) Lehenbizi, gainerako ataletan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik balego, saldo horiek bideratuko dira funtsik gabeko ataletara, hasiera batean atal bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzionalki banatuz.
b) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak ez badira nahikoa hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko, zenbateko horiek murriztuko dira eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, bana-bana, atal bakoitzeko.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok ematen dituztenekin.
Laguntza honi begira, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.
2.– Abenduaren 23ko 328/2003 Dekretuan, Kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesteari buruzkoan, araututako laguntzen onuradun bada sozietate kooperatiboa edo lan-sozietatea, dekretu horren bidez diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzea eragin duten pertsona fisikoak ez dira kontuan hartuko agindu honen laguntza eta aginduaren beraren mugak kalkulatzeko. Hau da, erakunde onuradunei eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honetako baldintzak betetzen dituzten eta arestian adierazitako 328/2003 Dekretuko laguntza jaso ez duten pertsona fisikoak bakarrik hartuko dira aintzat.
3.– Diru-laguntza hau beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publiko batzuetatik datozen diru-laguntza batzuekin uztartzen bada, honela jokatuko da:
– Horiek batuta, ondoz ondo 18. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, soberakin hori bateraezintzat deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntza murriztu.
– 15.1 artikuluko jardueraren diru-laguntza beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko erakunde publikoetako helburu eta xede berekin uztartzen bada, eta horien baturek agindu honetako 18.1.d) artikuluak aipatzen duen bazkide langile edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntza murriztu. Administrazio horrek gehienez ematen duen diru-laguntza inoiz ez da 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakundeko.
4.– Erakunde onuradunari programa honen kontura egokituko litzaiokeen diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa balitz gizarte-ekonomiako enpresako bazkide langile edo lan-bazkideek bertan sartzeagatik jasotako diru-laguntzen batura baino, programa honen kargura eman beharreko laguntza murriztu edo, hala badagokio, kendu egingo da.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.
1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Agindu honetan aurreikusitako hainbanaketa egiten bada, ebazpen bana egin beharko da II eta III. kapituluetarako.
Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko Sailburuordetzari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak berariaz ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko betebeharra ezartzen dion.
4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, zein erakundek jaso duten diru-laguntza agindu honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emate aldera aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, edo, hala badagokio, administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko batek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Aginduan erakunde onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 53.1 artikuluan zehaztutako suposamenduren baten barruan badago onuradun erakundea, edo agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan zein emate-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bitartez adieraziko du kobratzeko diren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, dagokionean, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza pagatzen denetik aurrerako legezko interesak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, egoki izan litezkeen gainerako ekintzak alde batera utzi gabe, betiere ondoko arauarekin bat etorriz: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duena, eta horren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileentzako baldintzak eta betebeharrak ezartzen dituena. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten egitura asoziatibo baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari 21.1 artikuluan adierazitako denboraz, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan; onuradunak, berriz, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.
3.– Entitate onuradunak sozietatearen azkentzea edo likidazioa galerengatik justifikatzen badu, emandako diru-laguntzari dagokionez behintzat, sozietateak 21.2 artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete dituela ulertuko da.
13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta berau oinarritzen duten zergatiak zein diren jakinaraziko dio diru-laguntzaren onuradun den erakundeari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion xedatuko den; horretako epea bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantzetako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Oro har, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak.
II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
15. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, dauden enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea barne. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak eta lan-baltzuak; orobat, halakotzat joko dira beren unibertsitate-prestakuntzaren zati gisara eta dagokion unibertsitatearen zaintzapean unibertsitate-ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.
2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean erlazionatuta dauden sustapen-ekintzak egitea, jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne, enpresaren jarraipena sustatu eta eusteko helburuarekin, enpresa eratu eta urte beteko epean.
3.– Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko, honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomia- eta finantza-bideragarritasuneko azterlana egitea: galera-maila handia, negozio-bolumenaren murrizketa, izakinen gehikuntza, ahalmen handiegia, autofinantzaketarako marjina gordinaren gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa, finantza-gastuen igoera eta aktibo garbiaren ahultasuna edo desagerpena.
16. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: 2014ko abuztuaren 1etik 2015eko uztailaren 30era bitarte (biak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Horretarako, erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan erregistratu izanaren datatzat.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: helburu sozial gisa Kooperatiba edo Lan Sozietateak era daitezen sustatzea duten eta irabazi-asmorik gabekoak diren pertsona juridikoak, edota erakundeen jabetza batik bat irabazi-asmorik gabekoa dutenak (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 15.1 in fine artikuluan aipatutako kooperatibentzat, hezkuntza-proiektuak zaintzen dituzten unibertsitateak.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horiek gizarte-ekonomiaren erakunde ordezkagarriek gehiengoarekin partaidetutako enpresak izan behar dute, edota kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten beste aholkularitza-enpresa batzuk, gizarte-ekonomiako erakunde ordezkagarriren bati elkartutakoak.
17. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– 15.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:
a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.
b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.
c) Diru-laguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea.
d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten duen unean.
e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.
f) Lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
2.– 15.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.
3.– 15.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: Bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez ere langilegoaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako idatzizko konpromiso bat aurkeztu beharko da gizarte-ekonomiako erakunde bat eratzeko, enpresa bideragarria baldin bada.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: baremo hauek aplikatu ostean ateratzen den kopuruaren % 70:
a) 3.000 euro, lan-kontratu mugagabeaz sartzen den langile bazkideko. Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik 2015eko uztailaren 31 bitartean (egun biak barne) sartzen diren langile bazkide guztiak.
Aurreko paragrafoan bazkide-langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.
b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetan guztietan:
– Erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
– Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo/eta sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko desgaitasuna onartuta edukitzea.
– Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
– Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk haren mende izatea.
– Etxeko biolentziaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dago haiek edo haien seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanaren bidez lotura egonkorra izan duenaren bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, beti ere gertakari horiek etxeko biolentziaren biktimak babesteko dagokion aginduaren bidez egiaztatu badira.
– Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan, laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituenean, araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu dutenak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitutakoan egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuko III. kapituluak horien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera –Dekretu horrek arautzen du Terrorismoaren Biktimei Laguntzek Programa–, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasuna badu.
– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da, agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako, lan-talde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta dituzten eta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
Pertsona bakarrean arestian azaldutako egoera bat baino gehiago uztartuz gero, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 bana euro gehituko zaio egoerako, baina diru-laguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da.
c) Muga 30.000 eurokoa da, erakunde onuraduneko.
d) Emandako diru-laguntzak ezin izango du ezein kasutan ere sozietateko bazkide langileek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditu.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: artikulu honetako 1. atalean aipatu, eta jasotzen den gainerako kopuruaren % 30, sustatutako erakunde bakoitzeko.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasuneko azterlaneko kostu garbiaren % 70, azterlan bakoitzeko (3.000 euroko mugarekin).
19. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Kapitulu honetan jasotako diru-laguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:
a) Lehenengo zatia, guztirako diru-laguntzaren % 75, diru-laguntza ematea erabakitzen denean, jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan % 25 ordainduko da, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, eta zehazkiago:
– 15.1 artikuluko jardueretarako:
– Agindu honetako 21.1 artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo entitatearen ziurtagiria.
– Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.
– 15.2 artikulu jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren agiriekin batera.
– 15.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
20. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Memoria zehatza eta enpresaritza-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).
b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte ekonomiaren alorreko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.
c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.
f) Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
g) Behar izanez gero, desgaitasun-ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emango duena, desgaitasun-maila adieraziz.
h) Behar izanez gero, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa edo espetxeak emandako ziurtagiria.
i) Behar izanez gero, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo gehiago bere kargura dituela adierazten duen aitorpen arduratsua, ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo batzuk haien kargura dituztenak kontratatzen badituzte.
j) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua, hori egiaztatzen duena.
k) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
l) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, haien aurreko lanpostuari dagozkion lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
ll) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak emana.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako:
a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria, halakorik dagokionean.
b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.
c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, aurreikusitako metodologia jasotzen duena.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako:
a) Bideragarritasuneko azterlaneko proiektuaren memoria.
b) Enpresa 15.3 artikuluan jasotzen den egoeretakoren batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.
Erakunde interesdunek ez dute eskatutako agiriak aurkezteko beharrik izango baldin eta aurretiaz aurkeztu badituzte eta baldintza beretan indarrean jarraitzen badute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 35.f) artikuluan xedatzen duenaren arabera.
21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek honako hau egin beharko dute:
1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita diru-laguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan gordetako lanpostu-kopuruaren arabera.
Aldi horretan bazkideen bajarik edo sarrera berririk izan baldin badira, sarrerak egitean, hasieran izan ziren sarreren baldintza soziolaboral berberak izan beharko dituzte.
Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio erakunde onuradunak Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hilabeteko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ematen den unean jardunean ari den bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, eskatu egingo zaie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.
2) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.
Artikulu honetako 2. atalean aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.
b) Erakundea dagokion erregistroan inskribatu, eta hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeak gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko du.
Diru-laguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu beharreko urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, eskatu egingo zaizkie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igaro, eta konturik aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, ordainduta dagoenetik justifikatu gabe dutenaren aldi proportzionalari dagokiona itzultzeko.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, diru-laguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiete kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Beste kasu batzuetan, prozedura adierazi berri hori jarraituko da.
c) Diru-laguntza lortzen duen erakundeak egitura asoziatibo batean integratuta segitu beharko du eratu zenetik hiru urte betetzen direnean.
Diru-laguntza ematen duen Administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez egitura asoziatibo batean integratuta jarraitzeko betebeharra, erakunde asoziatiboei hori egiaztatzeko eskaera eginez.
d) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; hori gorabehera, zenbateko horrekin konpentsatu ahal izango dira diru-laguntza jasotzen duen enpresan sortutako bat-bateko galerak.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, aurreko b) idatz-zatian ezarritakoa egin beharko da, eta ez egiteak, berriz, idatz-zati horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eman zen egunetik urte bete igaro ondoren zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.
Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) paragrafoan aipatutakoarekin batera.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: arau honetako 15.3 artikuluan aipatzen den aholkulari adituak sinatu beharreko bideragarritasuneko azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean eta aurkeztutako proiektuaren arabera.
Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1. ataleko b) paragrafoan ezartzen den prozedura jarraituko da.
III. KAPITULUA
LURRALDE SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK
22. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte Ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako Ekintza Plan bat landu, garatu eta gauzatzea Agindu honen 24. artikuluko eskakizunei jarraiki. Gizarte Ekonomiako enpresak lanean parte hartzean, aberastasuna sortu eta orekaz banatzean, eta enplegua sortzean oinarrituko dira. Ekintza-planen erakunde egileek, berriz, eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeen eta gizarte-ekonomiako enpresen parte hartzea izan beharko dute, alde batetik, eta bestetik, erakunde horiek enpresa-mintegi bat bermatzeko adinako egitura izan beharko dute eskura, 24. artikuluan araututako ekintza-plana aplikatzeko.
2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatze aldera, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.
23. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Diru-laguntza honen onuradun izan ahalko dute berezko izaera juridikoa duten erakundeek, baldintza hauek betetzen dituzten heinean:
a) Beren helburuen artean enpresa-sustapena biltzea.
b) Ekintza Plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiarekin.
c) Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea planifikatutako lurralde-sustapenaren mota honetan.
d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela adieraziz, batez ere gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko.
24. artikulua.– Ekintza-planaren baldintza zehatzak.
a) Ekintza-planak eduki hauek jaso beharko ditu:
1) Helburu kuantitatiboak eta kualitatiboak, plangintzaren arabera eratuko diren gizarte-ekonomiako enpresei buruzkoak.
2) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.
3) Prozesu ekintzailearen faseak.
4) Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.
5) Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko beharrezko gastuak, finantzazioa zehaztuz. Gastuen zerrendaren barruan agertu beharko dute aipatutako xedea lortzeko beharrezkoak izan daitezkeen atzerriko erakundeekiko harremanak ezartzetik eratorritakoak.
b) Ekintza-planak jaso egin beharko du lurraldean hezkuntza-erakundeak daudela egiaztatu behar dela, etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa eman ahalko dietenak enpresa-jardueran arituko diren pertsonei.
c) Ekintza-planak jaso egin beharko du egiaztatuko dela etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte-ekonomiako enpresen edo erakundeen planean parte hartuko dutela. Laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila zehaztu behar da ekintza-planean proiektu bakoitzerako.
25. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak diruz lagunduko ditu:
1.– Erakunde onuradunak gizarte-ekonomian ekiteko zedarrituta duen lurraldean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko gastu orokorren % 75 (30.000 euro gehienez), baldin eta jarduera egin ondoren, eta urteko sustatzeko aldia amaitu orduko sortutako enpresa berrien % 50 baino gehiago kooperatibak edota lan-sozietateak badira. % 50 horretara iristen ez bada, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.
2.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen duen ekintza-planean aurreikusitako gastuaren % 75 eratutako gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu bakoitzerako (9.000 euro, gehienez ere, proiektu bakoitzerako).
18 hilabeteko epea baino lehen egon beharko dute eratuta enpresek, betiere diru-laguntzaren emakida-ebazpenetik zenbatzen hasita.
3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak 70.000 euro jaso ditzake gehienez.
26. artikulua.– Ordaintzeko modua.
a) Lehen ordainketan diru-laguntza osoaren % 50 ordainduko da, betiere emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan diru-laguntza osoaren beste % 50a emango da, 25. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean. Horretarako, sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu beharko dute aurretiaz erakunde eskatzaileek Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzan, eta memoria horretan esanbidez jasota egon beharko da egindako jarduera osoa: bai gizarte-ekonomiaren arloko enpresen sustapena eta bai, zabaltze-jardueratik eratorrita, gizarte-ekonomiakoak ez diren bestelako erakundeen sustapena ere. Era berean, egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturekin edo fotokopia konpultsatuekin. Egiaztagiri horiek guztiak diru-laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.
27. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Ekintza-plana, agindu honetako 24. artikuluan ezarritako baldintza eta eskakizunekin.
b) Lurraldeko egungo hezkuntza-erakundeen dokumentazio egiaztagarria –erakunde horiek 24 b) artikuluan adierazten dira– eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren agiri justifikagarria.
c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan izango duten parte hartzeari buruzko egiaztagiria, 24.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.
15.1 artikuluari dagokionez soilik, Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaio diru-laguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 107. eta hurrengo artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legak, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.