EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2015138

AGINDUA, 2015eko uztailaren 21ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntza baterako deia egiten zaie Oxfordeko Unibertsitateko St. Antony’s College-ko ikertzaile bisitariei.

Xedapenaren data: 2015-07-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201503299
Maila: Agindua
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Oxfordeko Unibertsitateko St Antony’s Collegek hitzarmen bat izenpetu zuten 2007ko otsailaren 26an, Oxfordeko Unibertsitatean ikertzailea bat egon dadin.
Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College entzute handiko ikastetxea da Gizarte Zientzien arloan, diziplina arteko eskualde eta nazioarteko ikasketetan batez ere. Oxfordeko St Antony’s College Ikasketa Europarren Institutuan Euskal Herriko gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat egotea oso lagungarri izango da Euskal Herria gero eta ezagunagoa izan dadin.
Kontuan hartuta 20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, gure Sailari dagokio Zientzia alorreko politika; ikerketa teoriko zein aplikatua sustatzea eta koordinatzea.
Horren ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honek diru-laguntzak emateko oinarriak finkatzen ditu eta prozedura arautzen, 2015-2016 ikasturtean ikertzaile bisitariek St Antony’ College-n egiten dituzten egonaldiak finantzatzeko.
2.– Ikertzaile bisitariek, besteak beste, diziplina hauek landu ahal izango dituzte: Historia Modernoa, Ekonomia, Gizarte Zientziak, Antropologia eta Nazioarteko Zuzenbidea.
2. artikulua.– Iraupena.
Diru-laguntza ikasturte oso baterako (hiru hiruhileko) izango da, izangaiek hiruhileko bateko edo biko egonaldi partzialak aukeratu ahal izango dituzten arren. Azken kasu horretan gelditzen den denbora beste izangai batek hartuko du.
3. artikulua.– Onuradunen baldintzak.
Diru-laguntza hau lortzeko, ikertzaile bisitariek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 2015eko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez urtebete bizi izana. Ohiko erroldatze-lekua Euskal Autonomia Erkidegoan izan eta orain atzerrian bizi direnen eskaerak ere onartuko dira. Pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein herritan erakutsi beharko dute auzotasuna, atzerrian bizi diren espainiarren erroldan inskribapenaren bidez.
b) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortua izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
c) Doktore-titulua izatea.
d) Edonola ere, eskatzaileek lana egin ahal izateko eta lehen egunetik unibertsitate-komunitatean bizitzeko adina jakin beharko dute ingelesez.
4. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.
1.– Eskaera-orriak eta gainerako agiriak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita irailaren 4ra bitartekoa izango da.
Deialdiaren testuak Internet-eko helbide honen bidez lortu ahal dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/
2.– Diru-laguntza hau jaso nahi dutenek eskaera bat bidaliko diote datu-orri normalizatuaren (I. eranskineko) bi aletan Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari, gainerako dokumentazioarekin batera:
a) Erantzukizunezko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50. artikuluaren seigarren atalean aipatzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena. Jakinarazpenak honako hauek hartuko ditu:
● Eskatzaileak xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu dituen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan, eta, behar izanez gero, halakorik eskuratu duen ere bai.
● Diru-laguntzen esparruan hasitako inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan sartuta dagoen eskatzailea.
● Eskatzaileari diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik dagoen, edo horretarako legezko inolako debekurik jaso duen.
b) Doktore-mailaren egiaztagiria.
c) Erroldatze-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi izandako erroldatze-egiaztagiria eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan inskribatuta dagoela egiztatzen duen agiria ere gehituko da.
d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
e) Curriculum akademiko eta zientifikoa, ingelesez idatzia.
f) Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College-n egin beharreko ikerketa-proiektua, Agindu honen 1. artikuluan aipatzen diren diziplinetako edozeinetan, ingelesez idatzia.
g) Eskatzailea unibertsitate-irakasle bada, ikastetxearen legezko ordezkariak emandako agiri bat erakutsiko du, laguntza hartzen duen aldian eskatzaileari kanpoan egoteko baimena ematen diona.
h) Ingelesaren ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa.
i) Irakaskuntza- eta ikerketa-lana dela-eta hiru ikertzaile entzutetsuren erreferentzia-gutunak izan beharko dituzte ikasgaiek, eta ikertzaileok haien lana ezagutu beharko dute. Gutunok Zientzia Politikako Zuzendaritzara bidaliko dira, eta, ahal izanez gero, ingelesez idatziko dira.
3.– Eskaera, behar diren dokumentuekin batera, honako leku hauetan aurkertu ahal izango da:
● Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko erregistroan: Donostia-San Sebastián 1 – Lakua I, 3. solairua – 01010 Vitoria-Gasteiz.
● Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: Kale Nagusia 85– 48001 Bilbao.
● Eusko Jaurlaritzak Donostia-San Sebastianen duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: c/ Andia 13 – 20004 Donostia-San Sebastián.
● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko bestelako erregistroetan (72/2008 Dekretoa, apirilaren 29koa, 102 zbko EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa).
● Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Eskabideak Correos-eko bulegoetan aurkezten badira, gutun-azala irekita dutela aurkeztuko dira, eskutitzetarako goiburuan Correos-en zein egunetan eta ordutan jaso ziren ager dadin.
Eskabideak eta agiriak helbide honetara bidaliko dira:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.
Zientzia Politikarako Zuzendaritza.
Erref. «Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College-ko diru-laguntza».
Donostia-San Sebastián 1.
01010 Vitoria-Gasteiz.
5. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honetan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten; era berean, ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko lanak.
7. artikulua.– Hautatze-batzordea. Ikertzaileak aukeratzeko irizpideak.
1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea pasa ondoren, kide hauek osatuko duten aukeratze-batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak eta erabakiko du nori esleitu laguntza; aipatu batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea edo eskuordetzen duen pertsona. Batzordeburua izango da.
b) Oxford-eko Unibertsitateko Ikasketa Europarren Institutuko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona. Kalitateko botoa izango du.
c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Oxfordeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Herriko Unibertsitatekoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute akordio honetako zientzia garrantzitsuetan, eta Oxfordeko Unibertsitateko Ikasketa Europarren Institutuko zuzendari akademikoak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren.
2.– Aukeratze-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak bi alditan eta irizpide hauen arabera:
1. Lehiaketa-aldia.
Curriculum akademiko eta zientifikoa: 10 puntu.
● Argitalpenak, ponentziak, ezagueraren transferentzia: 4 puntu.
● Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.
● Gradu eta gradu-ondoko irakas-jarduera: 3 puntu.
Ikerketa-proiektua: 10 puntu.
● Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.
● Emaitzek euskal gizartean duten eragina: 3 puntu.
Ikertzailearen prestutasuna: 5 puntu.
● Bederatzi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.
● Sei hilabeteko egonaldia: 3 puntu.
2. Lehiaketa-aldia.
Elkarrizketa bat egingo da eta ikerketaren memoria ingelesez azaldu beharko zaio kalifikazio-epaimahaiari: 10 puntu.
Aukeratze-batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakoari edo diru-laguntzaren helburuari lotutako beste gai batzuei buruz. Aukeratze-batzordeak, gehienez ere, lehen bost izangaiak elkarrizketatuko ditu. Dena den, elkarrizketatuko diren izangaien kopurua ordena zehatzean zabaldu ahal izango da, lehen bost izangaietako baten bat elkarrizketara joaten ez bada.
3.– Eskatzaileen ebaluazioa bukatu ondoren, batzordeak onuradunak izendatuko ditu eta ordezkoen lehentasun-ordena erabakiko du, uko egiten den kasuetarako edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen den beste egoera batzuetarako. Lehiaketaren bi aldien zenbaketa osoan puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izango da esleipenduna. Berdinketa izanez gero, elkarrizketa-aldian puntuazio handiagoa lortu duen izangaia aukeratuko da.
4.– Esleipenduna ikasturte osoan egon ezean, puntuazio handiagoa lortu duen bigarren izangaiari eskainiko zaio diru-laguntzaren aldia osatzeko, ikasturtea bete arte. Lehen bi izangaiak hiruhileko baterako izanez gero, ikasturtea osatzeko aukera emango zaio hirugarren izangaiari.
5.– St Antony’s College-ko Gobernu Kontseiluak aztertuko ditu izangaiak eta, bere irizpideen arabera, proposatutako izangaiak onartu edo atzera botako ditu.
6.– Aukeratze-batzordeak ez du diru-laguntzarik emango, eskaerik ez baldin badago edo izangaiek balorazio osoaren % 50 gainditzen ez badute. Halaber, ikasturteko hiruhilekoren bat hutsik gelditu ahal izango da, diru-laguntzaren iraupen-aldira egokitzen den eskaeri ez badago.
8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.
1.–Aurreko artikuluan aurreikusitako aukeratze-prozesua gauzatu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko da diru-laguntza.
2.– Ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: nor den edo nortzuk diren ikertzaile onuraduna edo onuradunak, egonaldiaren hasiera- eta bukaera-data, zenbateko diru-laguntza ematen den, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera xehatuta eta, behar izanez gero, nortzuk diren ordezkoak eta haien lehentasun-ordena.
3.– Hartutako ebazpena interesatuei berei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia egin arren, eta guztiek ezagutzeko, diru-laguntza jaso dutenen zerrenda eta ordezkoak izateko aukeratutako lagunen zerrendak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gorako helegitea jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.
5.– Diru-laguntzak esleitzeko eta jakinarazteko epean, ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskaerak atzera bota direla interpretatuko da. Kasu honetan, eta Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe,, hiru hilabetekoa izango da gorako errekurtsoa jartzeko epea, oinarri honen 1. atalean aurreikusitako epeak bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
52.382 eurokoa da, guztira, 2015-2016 ikasturteko diru-laguntza, baina proportzionalki murriztu ahal izango da, onuradunak egonaldi partziala (hiru edo sei hilabete) aukeratzen badu. 52.382 euro horietatik, onuradunak 29.250 euro jasoko ditu zuzenean, jarraian adierazten den eran xehatzen den moduan:
● 24.750 euro, 2.750 euro hilabeteko, ikertzaile bisitariaren mantenurako hileroko zenbatekoak ordaintzeko.
● 4.500 euro, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko ( egonaldi osoetarako eta sei hilabeteko egonaldi partzialetarako ordainduko da bakarrik kontzeptu hau).
Halaber, 23.132 euroko dirulaguntza emango da St. Antony’s College-k ematen duen laguntza material edo teknikorako (administrazio-laguntza, lan-espazio baten erabilpena, 12 «High Tables »era sartzea, «Combine Common Room» erabiltzea eta hall-a erabiltzea). Eusko Jaurlaritzak S. Anthony’s Collegeri emango dio diru-laguntza hori, hitzartutako lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.
Halaber, onuradunek istripu eta osasun-laguntza asegurua izango dute. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, horrek eskatuz gero, aseguru hau luzatu ahal izango da eurentzat ere. Aseguru hau baita ere antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat izango da.
10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntza ordaintzeko, arau hauek beteko dira:
a) St Antony's Collegek, diru-laguntza hau ordaintzeko kudeaketa-lanetan laguntzen duen erakundeak, hitzartutako zenbatekoak ordainduko dizkio hilero ikertzaileari. Lehen hilerokoa Oxford-era iristen denean ordainduko zaio.
b) St Antony’s Collegek mintegiak antolatzeak eragindako gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, aldez aurretik azalpen zehatza ikusi eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.
Onuradunari dirulaguntza ordaindu ahal izateko, bukatuta egon beharko du dirua itzultzeko edo zigortzeko tramitatzen ari den edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere Organismo Autonomiadunek ematen dituzten diru-laguntzen prozesuaren barruan.
11. artikulua.– Bateraezintasuna.
Diru-laguntza hau bateraezina da helburu bererako edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.
12. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
Hona onuradunen betebeharrak:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamar eguneko epean onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartuta dagoela interpretatuko da. Diru-laguntza onartzeak esan nahiko du Agindu honetan agertzen diren arauak onartzen direla.
b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazioa ematea, diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko egiten dituzten jardueren barruan.
d) Mintegi bat antolatzea, egiten duen ikerketari buruz, eta haren emaitzak liburu, artikulu zientifikoetan eta gainontzeko komunikabideetan hedatzea. Mintegia derrigorrean egin beharko dute ikasturte osoan dauden edo sei hilabeteko egonaldia egiten duten ikertzaileek.
e) Oxfordeko Unibertsitatean duen Visiting Fellow estatusari dagozkion jarduera arruntetan parte hartzea; era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskatuta, ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzeko jardueretan ere parte hartzea.
f) Egin duen ikerketari buruzko txosten bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta Oxfordeko Unibertsitateko Ikasketa Europarren Institutuari, baita Oxford-en eta Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu duen beste jarduerei buruzkoa ere.
g) Egindako gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko egiaztagiriak Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’ Collegeri bidaltzea, artikulu honen d) atalean azaltzen den kasuan.
h) Indarreko antolamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren dirulaguntzei buruz ezartzen dituen eginbeharrak eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua, dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruzkoa, onartzen duenak, 50.2. artikuluan xedatzen duena.
13. artikulua.– Uko egitea.
Diru-laguntzaren onuradunak uko eginez gero, eskubide guztiak galduko ditu.
Uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehenengo ordezkoa izendatu ahal izango du ikertzaile, gelditzen den aldirako.
14. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Diru-laguntzaren onuradunak bete ezean diru-laguntza emateko Agindu honetan eta gainontzeko araudietan ezarritako edozein baldintza, ebazteko eskumena duen organoak ebatzi eta ebazpena eman ahal izango du. Ebazpen horretan, deklaratuko du interesdunak jasotzeke dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta jasotakoak eta horien legezko interesak, berriz, derrigorrez itzuli beharko dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzaren bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak) xedatutakoaren arabera.
15. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz,deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira , eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko 213 zenbakidun EHAA).Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honek prozeduraren arloan xedatzen duenari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hots, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko dira agindu honen diru-laguntzak.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 21a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.