EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015136

139/2015 DEKRETUA, uztailaren 14koa, Eibarko (Gipuzkoa) Zamacola lantegi-etxea, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201500139
Xedapenaren data: 2015-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201503258
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2014ko azaroaren 28ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Eibarko (Gipuzkoa) Zamacola lantegi-etxea, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen (EHAA-ren 2014ko abenduaren 5eko 233. alean argitaratua).
Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2015eko uztailaren 14ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Eibarko (Gipuzkoa) Zamacola lantegi-etxea, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.
2. artikulua.– I. eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena ezartzea.
3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.
4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Eibarko (Gipuzkoa) Zamacola lantegi-etxearen babes-araubidea onestea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eibarko (Gipuzkoa) Zamacola lantegi-etxea Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Eibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailari, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari jakinaraziko zaie.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eibarko Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentuaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Monumentuaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareraen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenez argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko uztailaren 14an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA, UZTAILAREN 14KO 139/2015 DEKRETUARENA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena. Proposatutako mugaketak honako hauek hartzen ditu barnean: Zamacola lantegi-etxea, ekoizte-prozesuari lotutako ondasun higigarri guztiak barne direla (deskribapenean zerrendatu dira ondasun horiek); etxearen ekialdeko eranskinak (garajea) eta mendebaldekoak (lantegi erantsia); pasabide estalia eta estali gabea, biak ere kaletik mendebaldeko eranskinera sartzekoak; eta atzealdea, honako hauek dituela: ur-irteera eta errotaren ahoa.
Mugak honela daude zehaztuta: iparraldean, Ego ibaiaren ertza, barne hartuta Zamacola lantegiaren biltegiko urak irteteko eremua; hegoaldean, Otaola etorbidearen espaloia; ekialdean, arteko horma bat, bi hauek bereizten dituena: Otaola etorbideko 28. zenbakiko Zamacola lantegi-etxeari erantsitako garajea eta aldameneko eraikina –Otaola etorbideko 26. zenbakian dagoena–; eta mendebaldean, arteko horma bat, honako hauek bereizten dituena: batetik, mendebaldeko eranskina eta Otaola etorbideko 28. zenbakiko eraikinetik –Zamacola lantegi-etxetik– eranskin horretara sartzeko bidea eta, bestetik, Otaola etorbideko 30. zenbakiko eraikina. Beraz, mugaketak barne hartzen du lantegiko instalazioetara materiala sartzeko kalezuloa eta haren zati estalia.
Zero kotaren azpian honako hauek daude: lantegiko ur-biltegia –zehazki, lantegi-etxeari erantsitako garajearen azpian dago–, eta garai bateko presatik lantegiko biltegira ura bideratzen zuen ubidea –Zamacola lantegi-etxearen eta Otaola etorbidearen azpian dago.
b) Mugaketaren justifikazioa. Proposatutako mugaketak bermatzen du ekoizpen-unitatean dauden balioak zainduko direla. Mugaketaren barruan dauden osagai guztiek osatzen dute elementuaren ondare-balioa, eta beharrezkoak dira industria-gunea behar bezala interpretatzeko. Presa eta ubidearen zati bat desagertu zirenez, ezinezkoa da interpretazio hori modu fisikoan eta praktikoan osatzea, baina, hala ere, ezinbestekoa da galdutako osagai horien berri ematea, ondasuna behar bezala ulertuko bada.
II. ERANSKINA, UZTAILAREN 14KO 139/2015 DEKRETUArena
DESKRIBAPENA
Zamacola lantegi-etxea Eibarko udalerrian dago, Otaola kalearen 28. zenbakian. Unibertsitate Laboraletik gertu dago ingurune hori, Eibarko kanpoaldean, Eibar-Ermua N-634 errepidean. Etxea, zehazki, errepide horren eta Ego ibaiaren artean dago. Ibaia estali gabe iragaten da etxearen atzealdean. Lantegi-etxeari erantsitako garajeak, ekialdean, muga du etxe baxuago eta antzeko batekin (Otaola, 26), eta, mendebaldean, eraikin industrial batekin (Otaola, 30).
Hainbat solairu dituen lantegi-etxe bat da, eta eranskin bana du ekialde eta mendebaldean, instalazio osagarriak barne hartzen dituztenak. Bizilekua eta ekoizpena batzen dituen eredu hori oso ohikoa zen Eibarren, pasa den mendeko 30-40 hamarkadetan. Egun, lantegia ez da gehiago erabiltzen, baina, garai batean, «ehiza xeheko eskopetetarako» kanoiak egiten ziren han, ekoizpen espezializatuko sistema erabiliz, Debabarreneko arma-industrian erabiltzen zen gremio-sistema zaharraren ondorengo sistema, alegia. Lan espezializatu horrek sorburu zeuzkan arma-ekoizpenaren ezaugarri espezifikoak, hau da, artisau-lana eta, are, lan artistikoa. Izan ere, industrializazio-garaian nolabaiteko mekanizazioa aplikatu arren, trebetasun handia behar zen langintza hartako fase askotan.
Turbina hidrauliko baten indar eragilearen bidez funtzionatu zuen lantegiak hasieran. Turbinaren mugimendua eragiten zuen azpiegitura hidraulikoak atal hauek zituen: presa bat, ibaian gora 303 m-ra zegoena –egun, ez dago haren arrastorik–; 142 m-ko ubide bat, zati ireki bat eta lur azpiko beste bat zituena –azken zati hori baino ez da kontserbatu–; eta antepara edo biltegia, itxura irregularrekoa, aldameneko lantegi bateko turtukietarako ere erabiltzen zena. Hustubideko arkutik ateratzen zen urak inguruko errota bateko –Bekoerrotako– aprobetxamendu-ubidea elikatzen zuen Egun ere, ubide horretako erregulazio-uhatea ikus daiteke hustubidean. Egun, instalazioan geratzen diren atalek –ubide-zati batek, turbinaren ganbarak, irteera-arkuek eta erregulazio-uhateak– argi erakusten dute nolakoa zen Euskal Herrian energia eragilea ekoizteko ohiko sistema aurre-industriaren aroan eta industrializazioaren hasieran.
Ondoren, zehatzago deskribatzen dira zein ziren lantegi-etxea osatzen zuten elementuak:
LANTEGI-ETXEAREN ERAIKINA
Oinplano angeluzuzena dauka lantegi-etxearen eraikinak, 12m x13m-koa gutxi gorabehera, eta alboetan bi eranskin dauzka. Ekialdekoa garaje moduko eranskin bat da; mendebaldekoa, berriz, estalpe txiki bat, bi isurkikoa, eta handik bigarren mailako lantegi batera sar daiteke, sutegira, alegia.
Lantegi-etxearen eraikina XIX. mendeko azken herenean egin zen, eta atal hauek ditu: behekoa eta beste bi solairu; eta ganbara bat, bi isurkiko teilatu batek eta, fatxadaren paraleloan, gailur batek estalia. Aurrealdean, hiru bao-ardatz daude, sarrera-atea ezkerreko ardatzean du, eta lehenengo eta bigarren solairuko erdiko ardatzean, fatxada-arraseko balkoiak. Etxea harlangaitzez eginda dago, eta fatxada nagusia zarpiatua dago eta solairuak bereizteko zerrenda molduratuak ditu. Etxeko egitura egurrezkoa da.
Atzealdean, lehenengo eta bigarren solairuan, egurrezko galeria luze bat dago, egurrezko beso batzuen gainean bermatuta. Lehenengo solairuan, jatorrizko leihoak daude oraindik, gillotina erakoak. Inguru horretako arkitekturan asko erabiltzen ziren halako leihoak, baina egun ia erabat desagertu dira. Solairu bakoitzean, irtengune bat dago: tranpadurak dira.
Etxeko sarreratik ezkaratz batera sartzen da, eta handik lantegira, eskailera-tarte txiki bat jaitsita. Ezkaratz horretatik ere, goiko solairuetara igotzeko eskailerak abiatzen dira.
LANTEGIA
Etxeko bebarruan dago lantegia, eta ezkaratzetik nahiz mendebaldeko eranskinetik sar daiteke hara. Gela angeluzuzena da, gillotina erako bao bertikal handi batzuetatik sartzen zaio argia, eta kanoiak egiteko makinak hartzen ditu barnean. Jaisteko atearen ezkerraldean daude makina gehienak, erdiko pasabide baten albo banatan ordenatuta eta mendebaldeko eranskineko sarrerarekin lerrokatuta. Antolamendua, oro har, zeharkakoa da ezkaratzeko arteko hormarekiko. Makina asko kontserbatu dira: zulatzeko edo barrenatzeko makinak, zuzengailuak, leungailuak edo laugailuak, tornua...
Zulatzeko edo barrenatzeko makinak ziren elementu nagusia: mutur zorrotz eta kiribildua zuten burdinazko makilak ziren, eta barra zulatzeko eta eskopeten kanoia egiteko erabiltzen ziren. Metalezko astoetan instalatzen ziren barrenatzaileak, eta haiei eragiteko, turbina mugitzen zuen transmisio-sistema erabiltzen zen. Bestalde, zuzengailuak kanoien «kalitate-kontrola» ziren, eta argi naturala sartzen zen aldean jartzen ziren beti lantegian, kanoien akatsak atzemateko. Mailu txiki batez zuzentzen ziren gero akats horiek. Azkenik, kanoia leundu egiten zen, horretarako prestatuko makinan. Etxean egindakoak ziren makina gehienak.
Hasiera batean, egungo garajearen azpian zegoen turbina batek transmititutako indar hidraulikoaren bidez funtzionatzen zuten makina horiek guztiak. Aurrerago, ordea, sistema eragile elektriko bat erabili zen, eta sistema horretarako erabiltzen zen motor txiki bat kontserbatu da lantegian gaur egun arte. Makinak martxan jartzen zituzten barra-multzoa, poleak eta uhaleriaren zati bat daude ikusgai lantegiko sabaian.
Lantegian, gainera, tresna eta erreminta txiki ugari daude, bai eta leuntzeko harri bat, ingude bat eta kanoiak egiteko metalezko barrak ere.
EKIALDEKO ERANSKINA EDO GARAJEA: «Biltegia eta makina-etxea»
«Makina-etxea» ekialdeko eranskinean dago. Garaje bat da, eta, haren azpian, antepara edo biltegia dago, hau da, sistema mekanizatuaren turbina eragilea martxan jartzen zuen azpiegitura hidraulikoaren antepara. Antepara zaharrera, tranpol batetik sartzen da, eta, han, honako hauek ikus daitezke: lur azpiko ubidearen ahoa eta metro batzuk, eta adarrak eta bestelakoak turbinaren aldera igarotzea eragozten zuen sareta.
Garajeko solairuan, ardatz eragile bertikala dago: turbinari eragiten zion mekanismoa zen, eta lantegiko makineriari indarra transmititzen zien (egun, makineria horren zati bat baino ez dago). Sistemak polea handiak ditu, larruzko transmisio-uhalak eta guzti. Transmisio-uhalak poleekin dago konektatuta, eta poleek mugimenduan jartzen dute makina bakoitza. Makinei eragin ondoren, ibaira itzultzen zen ura hustubidetik, erdi-puntuko eta euskarri zentraleko arku bat zeharkatuz.
Beherago, lantegiaren bulegoak daude, ibaiaren gaineko irtengune batean, zati kanalizatuaren aurretik. Eranskinaren eta etxearen behealdean, ura irteteko bi arku kontserbatu dira, eta, horietako bat etxeko turbinaren biltegiko hustubidea da.
MENDEBALDEKO ERANSKINA: «Sutegia»
Etxeko mendebaldeko hormari erantsita, estalpe bat dago, etxeko lantegiaren kotan, eta fatxadarekiko atzeraemanda. Kaletik estalpera sartzeko, igarobide txiki bat dago, bi isurkiko estalkia duena. Handik igarota, estalperaino jaitsi daiteke. Estalki txiki horrek helburu zuen maldan beherako kalezuloko sarrera partez estaltzea, handik, burdinazko barrak sartzen baitziren lantegira. Hori zen lantegira sartzeko bide nagusia, sutegiko edo lantegi-eranskineko toki hori zuzenean komunikatuta baitzegoen etxeko lantegiarekin.
Estalpeak edo «sutegiak» oinplano angeluzuzen luzea du, eta, ibai aldera, bao bertikalak. Dirudienez, labe txiki bat edo sutegi bat egon zen han, bai eta zenbait makina ere. Egun, ez dago labearen arrastorik. Eranskin horretan, poleadun mekanismoak egon ziren, eta, lantegiko sarbidea hasten den tokian, oraindik ere ikus daitezke makineriari eragiten zioten mekanismo horien hondarrak (barrak mozteko zerra, esmeril-harria).
Zamacola lantegi-etxeak –instalazioak eta makinak barne hartuta– ondare-interes berezia du, eta interes horren oinarria da, hain zuzen ere, han egiten zen jardueraren berri ematen duten elementu guztien konjuntzioa. Garai batean, barrenatzeko halako lantegi asko egon ziren, eta, auzo horretan bertan, hainbat izan ziren, baina, joan den mendean, desagertzen hasi ziren, eta Zamacola geratu zaigu lantegi-etxe haien lekuko. Lantegiak bi interes mota biltzen ditu: batetik, interes historikoa, gizartearen eta lanaren historiako garai bateko erreferente den aldetik, eta, bestetik, interes tipologikoa, armagintzako lantegi-etxea zen aldetik. Ildo horretatik, bizilekuaren eta ekoizpenaren arteko konbinazioaren erreferente da –inguru horretako industrializazioan ohikoa zen konbinazio hori–, eta, gainera, Eibarreko garai bateko armagintzaren lekuko berezia da, eta aintzat hartu behar da hiribildu horretako funtsezko jarduera izan dela armagintza.
III. ERANSKINA, UZTAILAREN 14KO 139/2015 DEKRETUARENA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes-araubidearen xedea.
– Babes-araubide honek Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua du oinarri, eta helburu du Eibarko Zamacola lantegi-etxea monumentu kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Hortaz, babes-araubide hau aplikagarria izango zaie ondasun higiezinei, ondasun higigarriei eta sistema hidraulikotik kontserbatu den zatiari, betiere I. eta II. eranskinetan zehaztutako mugaketari eta deskribapenari jarraituz.
3. artikulua.– Izaera loteslea.
– Babes-araubide honetako arauak lotesleak dira elementuaren gaineko edozein jarduketari dagokionez, eta araubidea errespetatuz zaindu beharko da ondasuna, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz. Era berean, hirigintza-plangintzako tresnei ere eragiten diete araubideko manuek, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubidea, artikulu horretan ezartzen den eran. Aipatu arau hori betetzeko, babes-araubide hau duen elementuari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak nahitaezkoa izango du, onartu aurretik, Eusko Jaurlaritzan Kultura Ondarearen arloko eskumena duen organoak emandako aldeko txostena.
4. artikulua.– Arau orokorrak.
– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
– Ondasunean eta haren ingurumarian egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29 artikuluak.
– Ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 23. artikuluan xedatutakoa betez, honako erabilera hauek baino ez dira baimenduko: ondasun osoaren –hau da, higiezinaren nahiz lantegiarekin lotutako ondasun higigarrien– kontserbazio egokia bermatzen dutenak.
5. artikulua.– Kontserbatzeko betebehar orokorrak.
– Babes-araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek kontserbazioko, zaintzako eta babeseko zenbait betebehar bete beharko dituzte; zehazki, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 20. eta 35. artikuluetan ezarritakoak, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30ko 2/2006 Legearen 24. eta 199. artikuluetan ezarritakoak.
II. KAPITULUA
ESKU-HARTZEAK
6. artikulua.– Irizpide orokorrak.
– Kultura-ondasunean zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua izango da ondasun hori «in situ» kontserbatzea eta gerora begira osorik transmititzea, ondasuna lehengoratuz, zaharberrituz, erabiliz eta haren garrantzia azpimarratuz. Ildo horretatik, edozein esku-hartze egiterakoan, abiapuntutik beretik, aintzat hartuko beharko da ondasun osoaren kultura-balorazioa eta lantegi-etxearen, azpiegitura hidraulikoaren eta makineriaren arteko lotura, eta, gainera, ondasuna osatzen duten atal guztiak babestu beharko dira haren mugaketa osoan.
– Edozein esku-hartze egiterakoan, gainera, deklarazio hau eragin duen interesa errespetu beharko da, eta jarduketa orok helburu izan behar du ondasuna ulertzen laguntzea eta kultura-adierazpen nabarmen hori eta hari lotutako balio ukiezinak babesten eta transmititzen saiatzea (lanbideak, lan egiteko era eta antolamendua, jardueraren historia...).
– Esku hartzeko irizpide orokorrak izango dira esku-hartzea itzulgarria eta bateragarria izatea. Nolanahi ere, ondasunaren ezaugarriak aintzat hartuta, baimena eman liteke elementu, teknika eta material garaikideak erabiltzeko, betiere ondasuna oraingo erabilerara hobeto egokitzeko baldin bada.
– Ondasuna zaharberritzeko eta lehengoratzeko egin beharreko esku-hartze integralak, bestalde, gaitasun teknikoa eta ahalik eta berme gehienak egiaztatzen dituzten profesional eta enpresa espezializatuei emango zaizkie.
7. artikulua.– Esku-hartzeko proiektuak.
– Kultura-ondasuna osatzen duten elementuak eraberritzeko eta lehengoratzeko esku-hartzeak gauzatu aurretik, proiektu tekniko bat prestatu beharko da, gutxienez honako hauek bilduko dituena:
a) Ondasunaren azterketa-diagnostikoa, honako hauek bilduta:
– Ondasunaren egungo egoeraren berri zehatza ematen duen dokumentazio grafikoa, dokumentazio fotografikoa eta planimetrikoa, eskala egoki batean egina (Eraikinen kasuan: oinplanoak, 1/50 eskalan; fatxadak eta sekzioak, xehetasun arkitektonikoak barne direla, 1/20 eskalan. Makineriaren eta ondasun higigarrien kasuan: makinei buruzko dokumentazio fotografiko eta planimetriko osoa). Horretaz gainera, dokumentazio fotografiko osoa, plano historikoak, eta abar.
– Ondasunari buruzko ikerketa historiko eta teknikoa, honako hauek bilduta: ondasunari buruzko azterlan historiko eta tekniko osoa, eta ondasuna osatzen duten elementuak erregistratzeko fitxa teknikoak.
– Kontserbazio-egoeraren azterketa-diagnostikoa, honako hauek jasota: patologiei buruzko azterketa bat, egitura-sisteman eta/edo segurtasun-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei bereziki erreparatuta; ondasunaren patologiak edo narriaduraren arrazoiak; eta obraren prozesuan elementuak babesteko aurreikusi diren neurriak.
b) Esku-hartze proposamena, honako hauek bilduta:
– Esku-hartzeko lanen eta erabili beharreko materialen deskribapen zehatza, esku-hartzeen balorazio justifikatua, lanak gauzatzeko faseak eta proiektaturiko azken buruko egoera.
– Mantentze- eta babeste-lan prebentiboetako plana, honako hauek zehaztuta: eraikinen, makinen, azpiegituren eta elementu guztien bizitza ziurtatzeko eta egoki mantentzeko behar diren teknikak eta bitartekoak.
– Esku-hartzearen aurrekontua, barne hartuko dituena esku-hartze hori babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera exekutatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak.
8. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.
– Babes-araubide honen mendeko ondasunetan esku-hartzeak egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena beharko da, hala ezarrita baitago Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 29. artikuluan. Udal-lizentzia eman aurretik lortu beharko da baimen hori, non eta Eusko Jaurlaritzan Kultura Ondarearen arloan eskuduna den organoak ez duen egin Deklarazioaren eraginpeko eremua babesteko plan berezien eta/edo lurraldearen eta hiriaren antolamendu-planen aldeko txostena.
9. artikulua.– Arloko araudia aplikatzea.
– Arloko araudia eta, bereziki, segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko baldintzak betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, betiere babes-araubide honetan finkaturiko jardun-mugen barruan.
– Salbuespen moduan, aukera guztiak kontuan izan ostean irizpide horiek ezin badira bete eta inpaktu objektibo txikiena duen konponbideak ere babes-araubide hau urratzen badu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunak horretarako xedatzen duena bete beharko da, betiere Eusko Jaurlaritzan Kultura Ondarearen arloan eskuduna den organoak aldez aurretik aldeko txostena egin ostean.
III. KAPITULUA
ONDARE HIGIEZINARI BURUZKO IRIZPIDE ZEHATZAK
10. artikulua.– Eremua zehaztea.
– Sailkatutako Kultura Ondare gisa zedarritutako eremuak barne hartuko ditu dokumentazio grafikoan eta honako zerrenda honetan zehazten diren ondasun higiezinak:
a) Lantegi-etxea eta eranskinak.
– Etxebizitza (helbidea: Otaola kalea, 28), eta bereziki, atzealdeko fatxadako galeria eta beheko solairuko lantegia.
– Mendebaldeko eranskina edo sutegia, materialak sartzeko igarobide estalia eta aire zabaleko tarteko igarobidea dituela.
– Ekialdeko eranskina (garajea), makina-etxea eta bulegoa dituela.
b) Azpiegitura hidraulikoa.
– Lur azpiko ubidearen eta errotako ubidearen tartea (aldameneko partzelako mugaren eta biltegiaren artekoa).
– Biltegia eta estolda.
– Ur-irteerak eta errotako ubidearen ahoa.
Pablo Zamacolaren lantegi-etxearen ezaugarriak aintzat hartuta, esku-hartzeen xedea izango da ondasuna babestea eta lehengoratzea, eta, horretaz gainera, kanoiak egiteko ekoizpen-prozesua ezagutarazi eta erakustea, eta prozesu horrek higiezinaren atal bakoitzarekin zuen lotura funtzionalaren berri ematea.
11. artikulua.– Lantegi-etxean eta eranskinetan baimendutako esku-hartzeak.
– Erakinean egiten den jarduketa orok eraikuntzaren balioak eta balio tipologikoak, formalak eta egiturazkoak babestu beharko ditu. Eraikuntzarako baimendutako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikina kontserbatzea, eta bestetik, erakinaren funtzionaltasuna eta erabilera ziurtatzea, hainbat obraren bitartez, betiere elementu berezien balioak errespetatuta.
– Garajeari dagokionez –makina-etxearen aurrealdean dago eraikita–, aurrerantzean egin litezkeen jarduketen xedea izango da ubidearen azken tartea eta 0 kotaren azpian dagoen biltegia interpretatzen edo agerikoago egiten laguntzea.
– Ondasuna osatzen duten higiezinen eremuan, honako jarduketa hauek baimenduko dira:
a) Konponketa- eta hobekuntza-lan txikiak, bai eta jatorrizko baoak eraberritzeko arotz-lanak. Nolanahi ere, eraikuntzaren nortasun-ezaugarriak babestu beharko dira, eraikuntza-materialei dagokienez, eta, babestu beharko da, halaber, eraikuntzaren elementu bereizgarri bat: baoen arotzeria (leihoak, ateak, egurrezko kontraleihoak, burdinazko barroteak, egurrezko ateak, metalezkoak...). Instalazioen hodiak, beharrezkoak izanez gero, erraz iristeko moduan egingo dira, eta ez dira oso agerikoak izango.
b) Fatxadak zaharberritzea, konposizioaren batasuna aldatu gabe eta balio estilistiko berezidun elementuak errespetatuta. Alde horretatik, bereziki babestuko dira lantegiko baoen antolaera eta atzealdeko fatxadako galeria, gillotina-leihoak eta kontraleihoak, metalezko ate industrialak, tranpadura... Leihoak eta galeriak aldatuta dituzten eraikuntzako tokietan esku-hartzeren bat egin behar izanez gero, prozesuan atzera egingo da jatorrizkoak jarrita.
c) Finkatzea, berreskura ezin daitezkeen eraikin-zatiak aldatuta, sostengu-hormen, solairuen eta estalkiaren posizioa edo kota aldatu gabe eta jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.
d) Aurreko arauak errespetatuz gero, baimena emango da etxebizitzako solairuen eta ganbararen barrualdean aldaketak egiteko, antolamenduari dagokionez, bai eta instalazio teknologikoak, higieniko-sanitarioak eta irisgarritasunekoak jartzeko ere, betiere etxebizitza-funtzioa betetzeko funtsezkoak badira eta lantegia osatzen duten atalak behar bezala babestea eta eraberritzea eragozten ez badute.
e) Bestalde, eranskin itsusgarriak baztertuko dira, bai eta interesik ez duten lanak edo ondasunaren edo ingurunearen ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozenak, betiere azterketa historiko-arkitektonikoak hala erabakitzen badu.
12. artikulua.– Azpiegitura hidraulikoan esku-hartzeak egiteko irizpideak eta baimendutako jarduketak.
– Osorik kontserbatuko dira ur-biltegia eta babestutako ubide-zatia eta azpiegitura hidraulikoaren gainerako elementuak. Honako jarduketa hauek baimenduko dira:
a) Ubidea, biltegia, estolda eta ur-irteeraren ingurua babesteko esku-hartzeak. Halako esku-hartzeetan, ubidearen, biltegi eta estoldaren eta irteera-arkuen eraikuntza-ezaugarriei eutsiko zaie.
b) Baimena emango da sareta, turbinaren ardatza eta errotako uhatea garbitu eta lehengoratzeko lanak egiteko.
– Ondasunaren garrantzia nabarmentzen duten jarduketak egiterakoan, aintzat hartuko beharko da presak eta ubideak egon ziren tokiaren interpretazioa, hain zuzen ere industria-gune osoa eta haren azpiegitura hidraulikoa behar bezala ulertzeko.
13. artikulua.– Debekatuta dauden jarduketak.
– Oro har, ez da baimenik emango ondasunaren parte diren elementu higiezinen balio historiko-arkitektonikoei kalte egiten dieten esku-hartzeak egiteko (10. artikuluan zerrendatu dira elementu horiek). Ildo horretatik, esanbidez baimenik gabeko jarduketatzat hartuko dira honako hauek:
a) Bolumen- eta azalera-aldaketak, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea.
b) Fatxadak aldatzea, fatxadetako osagaiei eta haien tratamenduari dagokienez eta fatxadako baoen jatorrizko kokapenari dagokionez.
c) Estalkien aldaketak; hala nola altxatzea, isurialdeak aldatzea eta isurialdeen kopurua aldatzea.
d) Egitura-antolaketa orokorra edo haren osagaiak aldatzea.
e) Beheko solairuko espazioaren antolamendua eta barruko hutsarteak aldatzea, eta eskaileraren kokalekua eta beste ataletako espazioaren antolamendua aldatzea –hala nola sutegian eta hara sartzeko pasabidean, lantegian, makina-etxean eta bulegoetan.
f) Eraikuntza eta espazioaren antolamendua aldatzea ubidean, biltegian eta irteera-arkuetan.
g) Fatxada estaltzea, eraikuntzaren irudia aldatzen duten materialak erabilita.
IV. KAPITULUA
ONDARE HIGIGARRIARI BURUZKO IRIZPIDE ZEHATZAK
14. artikulua.– Identifikazioa.
– Irizpide hauek aplikagarriak izango dira honako zerrenda honetan ageri diren ondasun higigarri guztietan. Ondasun horiek bere horretan zaintzea eta haien arteko harremanak funtsezko eta beharrezkoak dira ulertzeko nolakoak ziren Zamacola lantegi-etxean garatu ziren ekoizpen-prozesua, teknologia eta jarduteko era.
Hona hemen, beraz, babes-araubide honen menpe dauden ondasun higigarriak:
Lantegian eta sutegian:
– Kanoiak zulatzeko 10 zulagailu (Eibarko Armagintzaren Museoan dago horietako bat).
– Zulagailu bertikal 1.
– Burdinazko tutuak mozteko zerra 1.
– Kanoietarako 2 laugailu edo leungailu.
– Tornu 1.
– Kanoietarako 2 zuzengailu (Eibarko Armagintzaren Museoan gordeta dago horietako bat).
– Ingude 1.
– Sutegiko erremintak eta laneko jarlekua.
– Lantegiko eta sutegi aldeko polea-sistema, barra-multzoa eta uhalak.
– Motor elektrikoa.
– Esmerila
Makina-etxean:
– Turbina.
– Turbinaren ardatza.
15. artikulua.– Makinak kokatzea eta gordetzea.
– Makina guztiak jatorrizko kokalekuan egongo dira, eta, salbuespenez, jatorrizko kokaleku horrek betetzen ez baditu makinak behar bezala kontserbatzeko beharrezkoak diren baldintzak, behin-behinean beste toki batean gordetzeko agindu dezake Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Armagintzaren Museoan dauden makinei dagokienez, Museoak erabakiko balu makina horiek erakusketatik kentzea, jatorrizko kokalekura itzuli beharko lituzkete. Era berean, kultura-ondasunaren garrantzia balioetsi ondoren, makina horiek guztiak euren jatorrizko tokira eraman beharko dira, lantegia zuzen interpretatuko dela bermatze aldera.
16. artikulua.– Baimenduta dauden esku-hartzeak.
– 14. artikuluan zerrendatutako ondasun higigarrietan zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua izango da ondasun horiek osorik babestea eta gerora begira osorik transmititzea. Esku-hartzeek ez dute desitxuratuko energia transmititzeko jatorrizko sistema, ez eta makinek eta haien elementu osagarriek osatzen duten ekoizpen-multzoa ere. Lantegiaren osotasun funtzionala eta material esanguratsuak babestuko dira (egurrezko armazoi euskarria, larruzko uhaleria, metalezko piezak...), eta, oro har, ez da bitarteko osagarri alternatiborik erabiliko.
– Kontserbazio prebentiboari lehentasuna eman beharko zaio, alterazioak saihesteko eta narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz. Makinen gaineko jardun fisikoak ondasuna behar bezala kontserbatzeko beharrezkoa denean baino ez dira egingo, edo, makinen egoera kontuan izanik, horiek ulertzeko eta transmititzeko ezinbestekoa denean. Zaharberritze-jarduketak egitea beharrezkoa izanez gero, itzulgarriak, bateragarriak eta egonkorrak izan beharko dira jarduketok.
– Lantegian segurtasun-, seinaleztatze- eta argiztatze-elementuak instalatuz gero, egitura mekanikoan edo makinerian eragin gabe jarriko dira.
– Lehenago adierazitakoa kontuan hartuta, beraz, honako jarduketa hauek baimenduko dira:
a) Kontserbazio prebentiboko esku-hartzeak:
– Aldizkako azterketak garbiketa, koipeztatzea eta oxidazioen kontrola egiteko, baita plagak kontrolatzeko eta ezkutuko guneak garbitzeko ere.
– Giro-baldintzak kontrolatzea (hezetasuna, tenperatura, argia, kutsatzaile atmosferikoak).
– Barne-egituraren kontserbazio-baldintzen aldizkako azterketa (engranajeak lotzeko sistemak, transmisio-mekanismo edo -elementuak eta sistema mekanikoak).
b) Konponketak (konponketekin lotutako kontserbazioa): lehenago ezarritako irizpideei jarraituz.
c) Ondasuna ulertzen laguntzeko zaharberritze esku-hartzeak: lehenago ezarritako irizpideei jarraituz.
– Azken jarduketa mota hori gauzatu aurretik, esku hartzeko proiektu tekniko bat prestatu beharko da, 7. artikuluan zehaztutako moduan. Arlo anitzeko talde batek egingo du proiektua, eta, talde horretan, ondasun higigarriek pairatzen dituzten patologiak diagnostikatzen eta tratatzen aditu direnek jardungo dute.
– Ondasun higigarriak desmuntatu behar izanez gero kontserbazio- eta zaharberritze-lanak egiteko, desmuntatze-proiektu bat sartu beharko da esku hartzeko proiektuan, non jasoko baitira dokumentazio fotografikoko lanak, planoen jasotzea, siglak eta seinaleak, eta neurtutako maila eta kota orokorrak; betiere, ondasuna zuzen muntatuko dela ziurtatze aldera. Proiektu horretan, halaber, aurreikusi beharko da zein izango diren desmuntatzeko, gordetzeko eta berriz muntatzeko epeak, eta non eta zein baldintzatan gordeko diren sailkatutako kultura ondasunaren osagaiak.
– Baimena emango da, orobat, egun dauden makinei elementuak edo atalak gehitzeko, baldin eta halakoak izan bazirela eta non egon ziren jarrita dokumentatuta badago, eta, betiere, makinak behar bezala interpretatzen laguntzen badute. Baimena emango da, hala behar izanez gero, erantsitako elementu itsusgarriak edo ondasuna desitxuratzen dutenak kentzeko, proiektu teknikoan hala justifikatuz gero.
17. artikulua.– Debekatuta dauden jarduketak.
– Debekatuta daude ondasunaren jatorrizko irudia eta funtzionamendua betiko aldatuko edo ezkutatuko duten tratamenduak edo konponketak. Debekatuta dago, halaber, lantegiak berezko ez dituen bestelako ondasun higigarriak edo makinak gehitzea, bai eta han gauzatzen zen ekoizpen-prozesua desitxuratzen dutenak eranstea ere.
18. artikulua.– Erabilera eta bisitak egiteko erregimena.
– Erregimen horretan, arau orokorrei buruzko 4. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Kultura erabilerak eta ikerketa historiko-teknikoak baimendu eta lehenetsiko dira lantegiaren eremuan, baldin eta ondasuna oro har hobeto ezagutzen laguntzen badute.
– Ondasunaren balioa nabarmenduz, ezagutaraziz eta haren berri zabalduz babestu eta ulertuko da nolako ondare-interesa duen. Nolanahi ere, bisita-erregimenari dagokionez, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 24.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.