EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2015129

7/2015 LEGEA, ekainaren 30ekoa, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201500007
Xedapenaren data: 2015-06-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201503068
Maila: Legea
Eusko legebiltzarrak 7/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
2011ko apirilaren 12an aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean elkarbizitza hausten den kasuetarako gurasoen ardura partekatuari eta familia-harremanei buruzko legegintzako herri-ekimena, «jagoletza partekatuari buruzko legea» esaten zaiona.
Ekimen hori 85.000 sinadura eta gehiagorekin aurkeztu zen, eta Euskadin oso zabaldua dagoen eztabaida bat ekarri zuen Legebiltzarrera, bikoteak hautsi osteko jagoletza partekatuari eta beste ondorio batzuei buruz.
Legebiltzarreko Mahaiak ekimena tramitatzeko onartu zuenean, lege honen tramitazio luze eta neketsu bati ekin zitzaion Legebiltzarrean. Aipatutako legegintzako ekimenaren funtsezko edukia jasota, lege honek Euskal Foru Zuzenbide Zibilaren esparrura dakartza gure inguruko beste autonomia-erkidego batzuetan onetsi diren zenbait arau.
Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz ezarritako doktrinaren arabera, Zuzenbide zibil foral edo berezi propioa duten autonomia-erkidegoek, hala nola den Euskal Autonomia Erkidegoa, legeak egin ditzakete dagoeneko araututa dauden instituzioekin «lotura duten instituzioei» buruz, Zuzenbide foralaren printzipio informatzaile berezien arabera eta haren edukien eguneratze edo berrikuntzaren barruan, betiere Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren esparruan eta beti adingabearen interes gorena hartuta printzipio gidaritzat, Zuzenbide zibil foral propioa duten beste autonomia-erkidegoek ere egin duten modu berean.
Zehazki Euskadiri dagokionez, Autonomia Estatutuaren 10.5 artikuluak haren eskumen esklusiboen artean ezartzen du Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoetako Zuzenbide zibil foral eta berezia gorde, aldatu nahiz garatzea.
Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen zioen azalpenak jada Zuzenbide zibil forala beren-beregi aipatzen zuen arau hori egiteko erabilitako eskumen-tituluen artean, eta haren izaera zibila babesten du jurisprudentzia konstituzional berrienak. Hala, lege hori beste lotura-gune garrantzitsu bat da, bikoteen hausturen ondorioetan sakontzen duen neurrian, ezkondu gabeko bikoteen hausturari helduz kasu horretan, sexu berekoak nahiz desberdinekoak izan bikotekideak.
Gainera, arau horrek ñabardura berezi bat gehitu zuen Familia Zuzenbidearen ikuspegitik: zenbait artikulutan zuzenean heltzen zaie guraso eta seme-alaben arteko harremanen inguruko kontu batzuei, hala nola adingabeen adopzioari edo harrerari.
Horrek guztiak modu naturalean lotzen ditu banantze-, dibortzio- edo deuseztasun-kasuetarako jagoletza partekatuari buruz lege honetan egiten den arauketa eta aurreko instituzioak, elkarren beharra baitute eta elkarren osagarri baitira.
Gaiaren funtsari dagokionez, arau honek jagoletza partekatua arautzen du erregimen egokiena delakoan banantze- edo dibortzio-kasuetarako, artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira eta betiere adingabeen interes gorena zainduta.
Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an aldarrikatuak, estatuak behartu egiten ditu errespetatzera adingabeek duten eskubidea beren bi gurasoekin harreman pertsonalak eta zuzeneko harremana erregulartasunez izateko, salbu eta hori adingabearen interes gorenaren aurkakoa bada.
Gainera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, bizitzako esparru guztietan, demokrazia garatuenen ezaugarria da, eta oinarrizko helburua ere bai baldin zuzentasun eta berdintasun handiagoko gizarte bat lortuko bada.
Arazo horiei erantzuna eman nahian eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak dioena bete nahian, Europako herrialde askok sartu dute beren legedietan zaintza eta jagoletza partekatua haustura-, banantze- edo dibortzio-kasuetarako, iritzi baitiote hori dela soluziorik onena seme-alabek beren gurasoekin eta, hala denean, beren familia zabalekin harremanak izateko duten eskubidea ahalbidetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoak Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea onetsi zuen. Lege horren bidez, hainbat neurri arautu zituen gatazka- edo haustura-prozesuan dauden familiei eta prozesu horren ostean sortutako familia berriei laguntzeko, eta orobat gurasokidetasuna indartzen eta familiaren barruan gizonaren eta emakumearen roletan berdintasun handiagoa lortzen laguntzeko.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko Euskadiko 3/2005 Legearen xedea da haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea, bermea eskainiz beren eskubideak erabili eta erantzukizunak bete ahal ditzaten. Zehazki esanda, hauek dira helburuak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egoiliarrak zein pasadizokoak diren haur eta nerabeei hau bermatzea: Konstituzioak, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenak, Haurren Eskubideen Europar Gutunak eta zuzenbide-antolamendu osoak ezagutzen dizkieten eskubideak erabili ahal izango dituztela.
b) Haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea sustatzeko jarduerak edo haiek zaintzeko eta babesteko esku-hartzeak zein esparrutan egin behar diren ezartzea, haurrek eta nerabeek familiaren eta gizartearen inguruneetan behar duten garapena bermatzearren.
Era berean, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 9. artikuluak xedatzen du euskal herri-aginteek herritarren oinarrizko eskubide eta eginbeharren erabilera egokia zaindu eta bermatu behar dutela, eta gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartu behar dutela. Bestalde, 10.12 artikuluak eskumen esklusiboak esleitzen dizkio Autonomia Erkidegoari gizarte-laguntzaren arloan, eta 10.39 artikuluak eskumen esklusibo gisa ezartzen ditu komunitatearen garapena, emakumeen egoera eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikak.
Gurasoen banantze- edo haustura-kasuetako familia-harremanei buruzko Euskadiko legeak oinarrizko helburutzat du adingabeen interes gorena defendatzea haien gurasoen harremana hausten den kasuetan, eta orobat berdintasuna bultzatzen laguntzea.
Lege honek printzipio hauek ditu oinarritzat:
1.– Gurasoen ardura partekatua. Bermatzen du bikotekide biek berdintasunez parte hartzen dutela beren seme-alaben zainketan eta heziketan eta horien interesei dagozkien erabakiak hartzerakoan.
2.– Adingabeen eskubidea jagoletza partekaturako. Bikotea hautsi ondoren adingabeek eskubidea dute bi gurasoekin hazteko eta bizitzeko, ahal den berdintasunik handieneko jagoletza partekatuko elkarbizitza-sistema batean, baldin eta gurasoetako edozeinek hala eskatzen badu eta adingabearen interesaren aurkakoa ez bada.
3.– Adingabearen eskubidea harremana izateko, erregulartasunez, jagoletza ez duen gurasoarekin eta bi gurasoen familia zabalekin.
4.– Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. Bultzatzen du gizonen eta emakumeen arteko harremanak, beraien seme-alabei dagokienez, elkarrizketan, errespetuan eta berdintasunean oinarritzea bikotearen haustura bitartean eta ondoren.
Lege hau sei kapitulutan antolatua dago. I. kapituluan, «Xedapen orokorrak» izenekoan, definitzen dira legearen xedea, aplikazio-eremua eta gurasoek eta seme-alabek dituzten eskubide eta eginbeharrak bikoteak hausten direnean.
Kapitulu horretan berretsi egiten da Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasota dagoena eta, gure Autonomia Erkidegoaren eremuan, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean xedatutakoa.
II. kapituluan, «Elkarbizitza hausten denerako itunak eta hitzarmen arauemailea» deritzonean, zehazten da zer eduki izango duten elkarbizitza hausten denerako itunek eta hitzarmen arauemaileak.
Elkarbizitza hausten denerako itunak akordio batzuk dira, aldeek beren familia-harremanen baldintzak arautzeko egiten dituztenak sor litekeen haustura-egoerari begira, horrela bidea irekitzen dutelarik hainbat auzi gutxiago izateko benetako hausturaren unean.
Aldi berean, kapitulu horrek legearen giltzarrietako bat garatzen du: hitzarmen arauemailea.
III. kapituluan, «Familia-bitartekaritza»ren gainekoan, gai hori arautzen da eta berorren garrantzia nabarmentzen, funtsezko tresna baita arlo honetan auzi kopurua gutxitzeko eta haustura-kasuetan familia-harremanak bideratzeko.
IV. kapituluan, «Akordiorik ez dagoenerako neurri judizialak» izenburupean, zehazten da epaileak zer neurri hartu beharko dituen bikotekideen arteko akordiorik ez dagoenean eta zer irizpide jarraitu beharko dituen.
Kapitulu horretan azpimarratzen da ezen, akordiorik ez badago, eta betiere aldeak hala eskatuz gero, epaileak jagoletza partekatua emango duela, salbu adingabearen interesaren aurkakoa denean, eta beti lege honetan ezarritako baldintzak betez. Era berean, kapitulu horretan jasotzen da epaileak zer neurri jar ditzakeen guraso-ahalari eta seme-alaben zaintza eta jagoletza partekatuari dagokienez, baita mantenu-pentsioari, familia-kargei eta ezohiko gastuei doakienez ere.
V. kapituluan, «Etxebizitzaren erabilera»ri buruzkoan, zehazten da zer erabilera emango zaien familiaren etxeari eta bertako hornidurari.
Kapitulu horretan, adingabearen interesetik abiatuta, gurasoak akordio batera irits daitezen bultzatu nahi da familiaren etxearen erabilerari dagokionez. Halaber, zabaldu egin nahi da epaileak kontuan hartu behar duen elementu sorta etxebizitzaren erabilera esleitzerakoan, jagoletza-erregimenari zurrun lotua gera ez dadin erabilera hori, horrela bikotekideen autonomia errazteko, era berean, hausturaren ondoren eta ahalik denbora laburrenean.
Eta VI. kapituluan, «Aurretiko neurriak, behin-behinekoak edo garai berekoak eta behin betikoak, eta horiek aldatzea» delakoan, legean xedatutakoaren arabera ezarri beharreko neurriak jasotzen dira artikulu batean.
Eta, azkenik, legeak xedapen iragankor bat dakar, arau honetan ezarritakoa martxan jartzea erraztu nahian; eta azken xedapen bat, «vacatio legis» bat ezartzen duena, hiru hilabetekoa, arau honetan xedatutakoa martxan jartzea errazteko.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Lege honen xedea da familia-harremanak arautzea, horien sorburu honako prozedura hauek direnean:
a) Deuseztasun, banantze edo dibortzioarenak eta izatezko bikoteen azkentzearena.
b) Prozedura horietan hartutako neurrien aldaketarenak.
c) Seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletzari buruzkoak bakarrik direnak.
d) Seme-alaba erkideen izenean guraso batek bestearen aurka erreklamatutako mantenuari buruzkoak.
Era berean, lege honen xedea da bermatzea, ohiz kanpoko egoeretan salbu, gurasoen eta haien seme-alaben arteko harreman jarraikiak eta horien eta beren anai-arreba, aitona-amona eta beste ahaide eta hurbileko pertsona batzuekin dituztenak.
2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako, gurasoen arteko akordioa erraztuko da familia-bitartekaritzaren bidez.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan aplikatuko da, baldin eta, aplikatu beharreko legedi zibilean xedatutakoaren arabera, seme-alaben gainean guraso-agintea duen gurasoak edo aginte hori duten gurasoek euskal auzotasun zibila badaukate.
2.– Gurasoetako batek euskal auzotasun zibila badauka eta besteak ez, euskal auzotasun zibila hartuko da aintzat, baldin eta bi gurasoek hori aukeratu badute ezkontzaren aurretik edo izatezko bikotea eratu aurretik egindako agiri kautoan.
3.– Halako aukerarik egin ez bada, ezkontideek demanda aurkezteko unean duten ohiko bizileku erkidea hartuko da aintzat, edo, izatezko bikoteen kasuan, bikotea desegin aurre-aurreko bizilekua, baldin eta bizileku biak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan badaude.
3. artikulua.– Eskubideak eta eginbeharrak.
1.– Lege honen 1. artikuluan adierazitako prozedurek ez dituzte salbuetsiko gurasoak beren seme-alabekiko betebeharretatik eta ez dizkiete kenduko dituzten eskubideak ere.
2.– Adingabeei eragiten dien erabaki, ebazpen edo neurri oro haien intereserako eta onerako hartu beharko da. Epaileak, seme-alaba adingabeen jagoletza-erregimena, zainketa eta heziketa erabaki behar dituenean, Fiskaltzaren txostena lortu beharko du eta adingabeei entzun beharko die –ofizioz nahiz fiskalak edo aldeek edo adingabeak berak hala eskatuta– haien adinak eta heldutasunak pentsarazten dutenean badutela horretarako zentzutasun nahikoa eta beharrezkotzat jotzen denean, eta kasu guztietan baldin 12 urtetik gora badituzte.
3.– Familia-harremanak arautzean, salbu eta adingabearen onerako aurkakoa komeni bada egoera larriren batzuengatik, seme-alaba adingabeek eskubidea izango dute gurasoekin modu erregularrean harreman zuzena edukitzeko eta bi gurasoek guraso-ahalaren titulartasunari eta erabilerari berez dagozkien erabakiak hartzean parte izan daitezen, ahal den kasu guztietan.
II. KAPITULUA
Elkarbizitza hausten denerako itunak eta hitzarmen arauemailea.
4. artikulua.– Elkarbizitza hausten denerako itunak.
1.– Elkarbizitzaren haustura aurreikusten duten eta familia-harreman berriak arautzen dituzten itunak elkarbizitza horren aurretik edo bitartean egin ahalko dira.
2.– Itun horiek hitzarmen arauemailerako aurreikusten den edukia izango dute, bere osoan edo zati batean.
3.– Itun horiek, balioa izan dezaten, eskritura publikoan egin beharko dira eta ez dute ondorerik izango urtebeteko epean ezkondu ezean edo elkarbizitza hasi ezean.
4.– Itunek, hausturaren ondoren sor daitezkeen gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko helburuarekin, auzibidearen aurretik familia-bitartekaritzara jotzeko aurreikuspena eta konpromisoa jaso ahalko dituzte.
5.– Itun horiek baliozkoak izango dira eta sinatzaile guztiek bete beharrekoak, baita hitzarmen arauemaile baten gutxieneko osagai guztiak ez badauzkate ere. Kasu horretan, adostutako puntuak bakarrik izango dira baliozkoak eta eraginkorrak.
Aldez aurretik epaileak onetsitako itunak baino ez dira judizialki betearazi ahalko.
5. artikulua.– Hitzarmen arauemailea.
1.– Bi aldeek, ados direlarik edo bakoitzak bere aldetik, hitzarmen arauemailerako proposamen bat aurkeztu beharko diote epaileari banantze, dibortzio, deuseztasun edo guraso eta seme-alaben arteko neurrien prozedurarako demanda aurkeztean.
2.– Hitzarmen arauemaileak honako puntu hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a) Gurasoek seme-alaben gaineko ahala batera erabiltzea, gurasoen ardura partekatu gisa, honako hauei buruzko akordioak barne:
1) Seme-alaben heziketa, osasun, ongizate eta ohiko bizilekuari dagozkien alderdi guztiak eta adingabeentzat garrantzizkoak diren beste gai batzuk erabakitzeko eta partekatzeko modua.
2) Seme-alaben zaintza eta jagoletzari eta haien zainketa, heziketa eta aisialdiari buruzko eginbeharrak betetzea.
3) Guraso bakoitzarekin bizitzeko aldiak eta bizikide ez denarekiko egonaldi-, harreman- eta komunikazio-erregimena eta, beharrezko iritziz gero eta bidezkoa den neurrian, seme-alabek beren anai-arreba, aitona-amona edo beste ahaide eta hurbileko pertsona batzuekin izango duten harreman- eta komunikazio-erregimena, seme-alaben interesa kontuan hartuz.
4) Seme-alaben bizilekua edo bizilekuak, erroldatze-ondoreetarako bizilekua zein izango den zehaztuz, zeinak urtean zehar denbora luzeenean bizikide duten gurasoarena izan beharko baitu lehentasunez.
5) Adingabeak jasotzeko eta entregatzeko erregelak zaintza- eta jagoletza-aldaketetan, edo egonaldi-, harreman- eta komunikazio-erregimena gauzatzean.
b) Familia-kargetan eta mantenuan –ohiko zein ezohiko beharrei dagokienez– izan beharreko partaidetza, bidezkoa denean, bai eta horren maiztasuna, ordaintzeko modua, eguneratzeko oinarriak, azkentzea eta bermeak ere hala dagokionean; arreta berezia jarriko da adingabeen beharretan, horiek guraso bakoitzarekin ematen duten denboran, gurasoen ahalmen ekonomikoan, familiaren etxebizitzaren erabileraz egindako esleipenean, familia-kargetako partaidetzan, halakorik badago, eta adingabeko seme-alaba erkideentzat ezarritako bizilekuan.
c) Familiaren etxebizitzaren eta bertako horniduraren erabileraren esleipena, hala dagokionean, eta, halakorik badago, familian eskuarki erabili izan diren beste etxebizitzena, bikotekideetako batenak zein bestearenak izan etxebizitzak, behin betiko destinoa eman gabe daudenean betiere; orobat, esleipen horrek zenbat iraungo duen, noiz etengo den eta zer eragin izango duen familia-kargetan, mantenu-pentsioan eta desoreka ekonomikoagatiko pentsioan.
d) Kode Zibileko 97. artikuluaren eta izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeko 5. artikuluaren araberakoa litzatekeen konpentsazio-pentsioa.
3.– Hitzarmen arauemailerako proposamenak jaso ahalko ditu, auzibidera iritsi aurreko pauso bezala, familia-bitartekaritzara jotzeko aurreikuspena eta konpromisoa, hitzarmen arauemailearen beraren interpretazio edo betetzearen ondorioz sor daitezkeen arazoak elkarrizketaren bidetik konpontzeko.
4.– Era berean, hitzarmen arauemailerako proposamenak jaso ahalko ditu ezkontzaren erregimen ekonomikoaren inbentarioa eta likidazioa, edo Euskadin izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeari jarraituz inskribatutako bikotearen itun arauemailean ezarritakoarenak, eta, halakorik balego, erkidego arrunt indibisoko ondasunen banaketa.
5.– Elkarbizitza hausten denerako ituna dagoenean, han hitzartutakoa aplikatuko da, eta bertan aurreikusita ez dagoena osatu egin beharko da artikulu honetan xedatutakoaren arabera.
6.– Hitzarmen arauemailea honako kasu hauetan alda daiteke:
a) Aldeen adostasunagatik.
b) Hitzarmen arauemailean bertan jasota dauden zergatien ondorioz.
c) Aldeetako batek edo Fiskaltzak hala eskatuta, gerora funtsezko aldaketarik izan bada egoeran.
d) Guraso-ahala batera erabiltzean ezarritako betebeharrak behin baino gehiagotan ez betez gero edo larriki hautsiz gero, justifikaziorik gabe.
7.– Hitzarmen arauemaileak eta haren aldaketek eta azkentzeak ondoreak izango dituzte epaileak onesten dituenean, Fiskaltzari eta, hala badagokio, seme-alaba adingabeei entzunda.
8.– Epaileak onetsiko du hitzarmen arauemailea, Fiskaltzari eta, hala badagokio, seme-alaba adingabeei entzunda, salbu eta seme-alabentzat kaltegarria denean, aldeetako batentzat kalte larria dakarrenean edo aginduzko arauen aurkakoa denean. Hitzarmen arauemailea ez bada bere osoan edo zati batean onesten, arrazoitu egin beharko da ezezko ebazpena eta aldeei hogei eguneko epea emango zaie onetsi ez diren alderdiei buruzko hitzarmen berri bat proposatzeko. Proposamen berria aurkeztuta, epaileak bidezko dena ebatziko du, aldeen proposamenak osatuz edo bere osoan edo zati batean ordeztuz.
9.– Epaileak akordiorik ez dagoenean hartzen dituen neurriak, edo bikotekideek hitzartutakoak, aldatu ahalko dira judizialki edo epaileak onetsitako hitzarmen berri baten bidez, hala komeni denean seme-alaben behar berriengatik edo gurasoen egoeraren aldaketagatik.
10.– Epaileak beharrezko berme erreal edo pertsonalak ezarri ahalko ditu hitzarmena bete dadin.
11.– Aldeek seme-alabentzat proposatzen badute beste ahaide edo hurbileko pertsona batzuekiko harreman eta komunikaziorako erregimen bat, epaileak onetsi ahalko du, baldin eta, pertsona horiei entzunda, horiek ados badaude eta betiere seme-alaben intereserako bada.
III. KAPITULUA
FAMILIA BITARTEKARITZA
6. artikulua.– Familia-bitartekaritza.
1.– Gurasoek familia-bitartekaritzara bideratu ahalko dituzte beren borondatez elkarren arteko desadostasunak, jagoletza-erregimenari buruzko akordio bat lortzeko, besteak beste. Familia-bitartekaritzara jotzea nahitaezkoa izango da akzio judizialak aurkeztu aurretik baldin eta espresuki hala itundu bazen hausturaren aurretik.
2.– Behin prozesua hasita, epaileak, bere ekimenez edo aldeetako batek eskatuta, eta horien arteko akordioa errazteko, bitartekaritza judizialeko informazio-saio batera joanarazi ahalko ditu horiek, informazioa jaso dezaten neurri horietaz eta bitartekaritzaren funtzionamenduaz eta onurez. Saio horretan, aldeek bitartekariari jakinarazi ahalko diote bitartekaritza-prozesuarekin jarraitzeko erabakia edo kontrakoa.
3.– Prozedura judiziala hasita, gurasoek, elkarrekin ados direlarik, edozein unetan eskatu ahalko diote epaileari hura eteteko, familia-bitartekaritzara jotzearren, eta horretarako beharrezko den denbora erabakiko da. Prozedura judizialari berrekingo zaio aldeetako batek eskatzen badu edo bitartekaritzan akordioa lortzen bada.
4.– Bitartekaritzan lortutako akordioak eraginkorrak izateko, epaileak onetsi beharko ditu, lege honen 5.8 artikuluak dioenari jarraituz.
IV. KAPITULUA
Akordiorik ez dagoenerako neurri judizialak
7. artikulua.– Neurri judizialak.
1.– Aldeen arteko akordiorik ez badago, epaileak erabakiko ditu lege honetan aipatzen diren elkarbizitzaren hausturaren ondoko familia-harremanak arautu beharko dituzten neurriak, kontuan hartuta hurrengo artikuluetan ezartzen diren irizpideak.
2.– Neurri horien helburuak izango dira:
a) Guraso-ahala bi gurasoek erabiltzen dutela bermatzea.
b) Mantenua ematen dela ziurtatzea eta seme-alaben etorkizuneko beharrak hornitzea.
c) Bermatzea bere hartan dirauela seme-alaba adingabeek guraso bakoitzarekin eta, halakorik badago, anai-arrebekin duten loturak, bai eta, hala badagokio, gainerako ahaide eta hurbileko pertsonekin dutenak.
d) Seme-alabei nahasmendu kaltegarririk ez eragitea.
3.– Epaileak beharrezko berme erreal edo pertsonalak ezarri ahalko ditu hartzen dituen neurriak betetzen direla ziurtatzeko.
4.– Judizialki onetsitako edo erabakitako neurriak larriki hausteak edo behin baino gehiagotan ez betetzeak eragin ahalko du ezarritako erregimena aldatzea edo bete dadin exijitzea betearazpen judizialeko arauetan xedatutakoaren arabera.
5.– Judizialki onetsitako edo erabakitako neurriak modu berean aldatu ahalko dira, gerora funtsezko aldaketarik gertatu bada neurri horiek hartzerakoan kontuan izandako egoeran.
8. artikulua.– Guraso-ahala.
1.– Guraso-ahala bi gurasoek batera erabiliko dute edo bietako batek bestearen adostasun adierazi edo tazituarekin. Guraso-ahala haurren onerako eta intereserako erabiliko da beti.
2.– Salbuespen gisa, epaileak seme-alaben onerako erabaki dezake guraso-ahala bikotekide batek erabiltzea osoki edo zati batean. Era berean, epaileak epai bidez erabaki dezake guraso-ahala kentzea prozesuan horretarako arrazoirik azaltzen denean.
9. artikulua.– Seme-alaben zaintza eta jagoletza.
1.– Guraso bakoitzak, bere aldetik edo bestearekin ados delarik, adingabeen intereserako, eskatu ahalko dio epaileari seme-alaba adingabe edo ezgaituen zaintza eta jagoletza era partekatuan edo haietako batek bakarrik gauzatzea. Eskaerarekin batera aurkeztu beharko da jagoletza garatzeko erregimenerako proposamen oinarritu bat, non elkarbizitza- eta harreman-aldiak zehaztuko baitira, bai eta jagoletza ez duen gurasoarekin eta, hala badagokio, gainerako ahaide eta hurbilekoekin komunikatzeko moduak ere.
2.– Guraso bat jagoletza partekatuaren aurka egotea edo bi gurasoen arteko harremanak txarrak izatea ez da eragozpen eta arrazoi nahikoa izango jagoletza partekatua ez emateko adingabearen intereserako.
3.– Epaileak jagoletza partekatua erabakiko du, aldeak eskatzen duenean, baldin eta adingabeen interesaren kalterako ez bada, eta betiere honako alderdi hauek kontuan izanda:
a) Gurasoek adingabeekiko harremanetan aurretik izan duten jokaera eta izan dituzten jarrera pertsonalak, eta adingabeek edo ezgaituek guraso bakoitzarekin duten lotura afektiboa.
b) Seme-alaben kopurua.
c) Seme-alaben adina.
d) Seme-alabek adierazitako iritzia, betiere behar besteko zentzutasuna badute, eta 12 urtetik gorakoena kasu guztietan.
e) Gurasoek seme-alabekiko eta elkarrekiko eginbeharrak betetzea, eta elkarrekiko errespetua beren arteko harremanetan; halaber, seme-alabek bi gurasoekin eta gainerako ahaide eta hurbilekoekin izan beharreko harremana bermatzeko jarrera.
f) Artikulu honetako 4. paragrafoan aipatzen diren txostenen emaitza.
g) Seme-alaben gizarte-, eskola- eta familia-loturak.
h) Guraso bakoitzaren aukerak familia eta lana uztartzeko, baita guraso bakoitzaren jarrera, borondate eta inplikazioa ere bere eginbeharrak bere gain hartzeko.
i) Haien ohiko bizilekuen kokagunea eta dituzten laguntzak.
j) Gurasoen edo seme-alaben beste edozein egoera, elkarbizitza-erregimenerako garrantzitsua bada.
4.– Beren erabakia hartu aurretik, aldeek txostenak aurkeztu ahalko dituzte, edo epaileak, ofizioz edo aldearen ekimenez, eskatu ahalko ditu, bai familia-bitartekaritza zerbitzuarenak, bai behar bezalako kualifikazioa duten aditu independenteen txosten mediko, sozial edo psikologikoak, guraso-ahala erabiltzeko moduaren eta adingabeen jagoletza-erregimenaren egokitasunari buruz, eta, hala badagokio, horien eta bizikide ez duten gurasoaren edo beste pertsona batzuen arteko egonaldi-, harreman- eta komunikazio-erregimenari buruz.
5.– Jagoletza partekatua den kasuetan, epaileak bikotekide bakoitzaren eta seme-alaben arteko elkarbizitza-erregimen bat ezarriko du, familiaren egoerari egokitua, biei beren eskubideak erabiltzea eta betebeharrak betetzea bermatuko diena, berdintasunean.
6.– Epaileak, adingabearen interes gorena bermatzeko beharrezko deritzonean eta txosten sozial, mediko, psikologiko eta bidezko diren gainerakoak ikusita, gurasoetako bati eman ahalko dio adingabearen zaintza eta jagoletza. Kasu horretan, beste gurasoarekiko komunikazio-, egonaldi- edo bisita-erregimen bat ezarri ahalko du, guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta, hala denean, familia zabalarekikoak bermatuko dituena.
7.– Aurreko txostenek justifikatzen duten egoeretan salbu, ez da hartuko anai-arrebak bereiztea dakarren soluziorik.
10. artikulua.– Mantenu-pentsioa, familia-kargak eta ezohiko gastuak.
1.– Epaileak erabakiko du, bidezko denean:
a) Guraso bakoitzak familia-kargei aurre egiteko eta mantenu-pentsiorako ordaindu behar duen partea, seme-alaben beharrak betetzeko.
b) Seme-alaben ezohiko beharrek eragindako gastuetarako ordaindu beharreko proportzioa.
c) Aurrekoen maiztasuna, ordaintzeko modua eta eguneratzeko oinarriak.
Era berean, komeni diren neurriak hartuko ditu, ziurtatzeko ezen prestazioak eraginkorrak direla eta seme-alaben unean uneko egoera ekonomikoen eta beharren araberakoak.
2.– Ohiko gastu beharrezkotzat jo behar dira seme-alabek eskuarki behar dituztenak eta ziur aski sortuko direnak, baita gurasoek halakotzat hitzartzen dituzten beste guztiak ere.
Aitzitik, ezohiko gastuak izango dira, artikulu honetan xedatutakoaren ondoreetarako, seme-alaben ezusteko eta ezin saihestuzko beharrek eragindakoak eta, betiere, osasun-sistema publikoak edo aseguru medikoak estaltzen ez dituen osasun-gastuak, baita seme-alabentzat komenigarri baina nahitaezko ez diren jardueretarako heziketa eta prestakuntzakoak, baldin eta horietaz adostasuna badago.
Ez dira aurreko paragrafoetako ezeinetan bildutzat joko jarraikiak izan arren seme-alaben beharrei ez dagozkien baina haientzat egoki iritzitako borondatezko gastuak; kasu horretan, hala iritzi dien gurasoak ordainduko ditu bakarrik.
3.– Ohiko gastuengatik dagokion mantenua kalkulatzeko, kontuan izango dira seme-alaben beharrak, bikotekide bakoitzaren baliabide ekonomikoak, seme-alabak guraso bakoitzarekin egoten diren denbora, familiaren etxebizitzaren erabileraz egindako esleipena, seme-alabentzat ezarritako bizilekua eta familia-kargetako partaidetza, hala dagokionean.
Seme-alaben ezohiko gastuak gurasoek ordainduko dituzte, proportzionalki, erabilgarri dituzten baliabide ekonomikoen arabera. Beharrezkoak ez diren borondatezko gastuak gurasoek lortutako akordioen arabera ordainduko dira, eta, akordiorik ezean, gastu horiek egitea erabaki duen gurasoak ordainduko ditu.
4.– Familiaren etxean diru-sarrera propiorik ez duten seme-alaba adindun edo emantzipatuak bizi badira, epaileak, haiekin bizi den gurasoak hala eskatuta, ebazpen berean ezarriko du indarrean dagoen araudiaren arabera eman beharreko mantenua.
Mantenu-pentsioa zuzenean esleitu ahalko zaie seme-alabei horiek adindunak direnean, dauden egoerak kontuan hartuta, hargatik eragotzi gabe seme-alaba horiek familia-kargei aurre egiten izan behar duten partaidetza.
5.– Seme-alabei eman beharreko mantenua ordaintzeko betebeharra legez araututako kasuetan etengo da.
11. artikulua.– Komunikazio- eta egonaldi-erregimena.
1.– Seme-alaba adingabe edo ezgaituak berekin ez dituen gurasoak orokorrean eskubidea izango du haiek bisitatzeko, haiekin komunikatzeko eta elkarrekin egoteko.
2.– Epaileak erabakiko du eskubide hori erabiltzeko denbora, modua eta lekua, eta mugatu edo eten egin ahalko du egoera larriren batzuengatik hala komeni bada edo ebazpen judizialak ezarritako eginbeharrak larriki edo behin eta berriro bete gabe uzten badira.
Era berean, epaileak erabaki ahalko du beste ahaide eta hurbileko batzuekin harremana izateko eskubidea, haiei entzun ondoren.
3.– Hala ere, orokorrean ulertuko da ezin zaiola seme-alaben zaintza eta jagoletza esleitu, ez banakakoa ez partekatua, ez eta seme-alabekiko egonaldi-, harreman- eta komunikazio-erregimenik ere, guraso bati baldin eta epai irmoz zigor-kondena ezarri bazaio bikotekidearen edo bi gurasoekin bizi diren seme-alaben bizitzaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurka atentatzeagatik egindako etxeko edo generoko indarkeria-delitu batengatik, harik eta erantzukizun penala azkentzen den arte.
Alde horretatik, aipatu delituak egin izanaren zantzu oinarrituak kontuan hartuko ditu epaileak, inguruabar garrantzitsu gisa, aipatu erregimenari dagokionez lege honetan aurreikusitako neurriak ezartzeko edo aldatzeko, eta orobat kontuan eduki ahalko du, halakorik bada, ondoren etor litekeen absoluzio-ebazpena.
4.– Salbuespen gisa, epaileak, seme-alaben interes gorena babesteko komenigarri iritziz gero, kontuan izanda arestiko irizpideak eta, bereziki, egindako delituaren garrantzia eta larritasuna, jarritako zigorraren izaera eta iraupena eta gurasoaren berrizkatura eta arriskutsutasuna, egonaldiko, harremaneko edo komunikazio hutseko erregimen bat ezarri ahalko du seme-alabei dagokienez.
Behin erantzukizun penala azkenduta, epaileak, aldearen eskariz, ebaluatu beharko du ea bidezkoa den hartutako neurriak aldatzea aurreko irizpideak kontuan izanda.
5.– Bi gurasoak aurretik aipatu diren kasuetako batean daudenean, epaileak seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletza emango die, hain zuzen, seme-alaba horiekiko harremana kontuan izanda beraren iritziz egokienak diren ahaide edo hurbilekoei; hala ere, salbuespenez, eta seme-alaben intereserako, kontuan hartuta egitateen garrantzia, zigorraren iraupena, berrizkatura eta gurasoen arriskutsutasuna, epaileak iritzi diezaioke gurasoei edo horietako bati eman behar zaiola. Halakorik ez dagoenean edo daudenak egokiak ez direnean, lurralde jakin bakoitzean adingabeak babesteko zeregina esleitua duten erakunde publikoek izango dute zaintza eta jagoletza.
6.– Egonaldi-, harreman- eta komunikazio-erregimena erabakitzean, epaileak, bere ebazpena oinarritu ostean, bidezkoak diren kautelak jarriko ditu ezarritako erregimenak modu eraginkorrean gauza daitezen, anai-arrebak ez bereizten saiatuz.
V. KAPITULUA
ETXEBIZITZAREN ERABILERA
12. artikulua.– Etxebizitzaren eta etxeko horniduraren erabileraren esleipena.
1.– Akordiorik ez badago edo hark onespen judizialik ez badu, epaileak, familiaren etxebizitzaren, altzari eta tresnen eta etxebizitzan dagoen horniduraren erabilera esleitzerakoan, kontuan hartuko ditu seme-alaben interes gorenerako gehien komeni dena, bikotekideen premia-irizpideak eta etxebizitzaren titulartasuna.
2.– Epaileak, lehentasunez, seme-alaba erkideen zaintza eta jagoletza duen gurasoari esleituko dio familiaren etxebizitzaren erabilera, hori baldin bada komenigarriena seme-alaben intereserako.
3.– Epaileak familiaren etxebizitzaren erabilera esleitu ahalko dio bere seme-alaben zaintza eta jagoletza ez daukan bikotekideari, baldin eta beste etxebizitza bat lortzeko zailtasun handienak hark baditu objektiboki eta beste gurasoak adingabeen etxebizitza-beharra betetzeko nahikoa baliabide badu eta hori bateragarria bada haien interes gorenarekin.
4.– Baldin eta seme-alaben zaintza eta jagoletza gurasoen artean partekatzen bada eta familiaren etxebizitzaren erabilera bi gurasoei esleitzen ez bazaie, txandaka balia dezaten, etxebizitza lortzeko objektiboki zailtasun handienak dituen gurasoari esleituko zaio, hori bateragarria bada seme-alaben interes gorenarekin.
5.– Etxebizitzaren erabilera guraso bati esleitzen bazaio premia-arrazoiengatik, aldi baterako egin beharko da, gehienez ere bi urterako, eta epe batez luzatua izan daiteke, baldin eta esleipenaren arrazoiak mantentzen badira. Luzapena, gehienez ere, jarritako epea amaitu baino sei hilabete lehenago eskatu beharko da, eta, tramitazioari dagokionez, behin betiko neurriak aldatzeko ezarritako prozeduraz egin.
Familiaren etxebizitzaren eta bertako horniduraren erabilera gurasoetako bati esleituz gero hari eman zaiolako seme-alaben zaintza eta jagoletza, esklusiboa nahiz partekatua, eta etxebizitza beste gurasoarena bada modu pribatiboan edo biena amankomunean, mantenua emateko betebeharrak dirauen bitartean soilik izango du berak erabilera.
Nolanahi ere, erabilera-eskubide horren berrikuspen judiziala aldeak eskatu ahalko du, egoera garrantzitsu batzuk aldatu direlako. Berrikuspena eskatzeko eskubidea gehiegikeriaz edo fede gaiztoz erabiltzeak erantzukizun zibilak edo ondare-izaerakoak eragin ahalko ditu.
6.– Familiaren etxebizitzaren erabilera esleitu ordez, epaileak bikotekide baten edo bien jabetzako beste etxebizitza batena esleitu ahalko du, baldin eta egokia bada etxebizitza-beharra betetzeko, bai seme-alaba adingabeena eta bai, kasua hori bada, behar handiena duen gurasoarena.
7.– Etxebizitza gurasoetako bati esleituz gero, baldin eta hura bestearena bada modu pribatiboan edo biena amankomunean, beraren erabilera galtzeagatik konpentsazio bat ezarriko da adjudikazioa jaso ez duen guraso titular edo titularkidearen mesedetan, kontuan izanez antzeko etxebizitzak alokatzeagatik ordaindutako errentak eta bikotekideen ahalmen ekonomikoa.
8.– Gurasoek jabetzaz bestelako titulu baten bidez baldin badaukate etxebizitza, tituluak xedatzen duenak mugatuta gelditzen dira haren erabilera-esleipen judizialaren ondoreak, legearen arabera.
9.– Etxebizitzaren erabilera esleituz edo banatuz gero, etxebizitza eskuratzeagatik edo hobetzeagatik hartutako betebeharrak –barnean direlarik hipoteka-maileguak eta helburu horri lotutako aseguruak– aldeek ordaindu behar dituzte eraketa-tituluak xedatutakoarekin bat etorrita. Etxebizitzaren kontserbatze-, mantentze- eta konpontze-gastu ohikoak –barnean direlarik komunitatekoak eta hornigaietakoak– eta tributuak eta tasak edo urtero ordaindu beharreko zergak erabilera-eskubidearen onuradunak ordainduko ditu.
10.– Familiaren etxebizitza uztera behartutako aldeak handik bere arropa, altzari eta tresnak, pertsonalak zein lanekoak, hartu ahalko ditu, jarritako zentzuzko epean, eta etxebizitzan geratuko diren gainerako ondasun, altzari eta tresna erkideen inbentarioa egingo da.
11.– Erabilera-eskubidea azkentzeko zergatiak dira:
a) Erabileraren onuradunaren heriotza.
b) Bikotekideen edo aldeen artean itundutako zergatiak.
c) Erabileraren onuradunaren egoera ekonomikoa hobetzea edo beste aldearen egoera ekonomikoa nabarmen okertzea, behar bezala justifikatuta, salbu kontrakoa itundu bada espresuki.
d) Erabileraren onuraduna beste pertsona batekin ezkontzea edo ezkonduen antzeko bizimodua egitea, salbu kontrakoa itundu bada espresuki.
e) Judizialki zaintzagatik esleitu bada, azkendu egingo da zaintzaren edo mantenua emateko betebeharraren bukaera edo etenagatik.
f) Epaileak erabakitako aldi baterako esleipenean aurreikusitako epearen amaieragatik.
12.– Aurreko paragrafoko c) eta d) kasuetan frogatu egin beharko da azkentzea eragin duen egitatea, neurriak aldatzeko prozeduraren bidez, eta gainerako kasuetan epaia betearaztearen bidez gauzatu ahalko da azkentzea.
13.– Erabilera-eskubidea azkendutakoan, etxebizitzaren titularra den gurasoak haren edukitza berreskuratu ahalko du erabilera-eskubidea erabaki zuen epaia edo eskubide horren iraupen edo azkentzeari buruzko ebazpen irmoa betearaztean, eta eskatu ahalko du erabilera-eskubidea ezeztatzea, bidezkoa bada.
14.– Familiaren etxebizitzaren eta bertako horniduraren erabilera euren titularra ez den onuradunari dagokionean, bi aldeen adostasuna edo, halakorik ezean, epailearen baimena behar da erabilera horretarako.
VI. KAPITULUA
Aurretiko neurriak, behin-behinekoak edo garai berekoak eta behin betikoak, eta horiek aldatzea
13. artikulua.– Aurretiko neurriak, behin-behinekoak edo garai berekoak eta behin betikoak, eta horiek aldatzea.
1.– Aurretiko neurriak. Lege honen 1. artikuluan adierazitako prozeduretako bat eskatzeko asmoa duen aldeak eska ditzake, aldez aurretik, aurreko bi kapituluetan aipatzen diren ondore eta neurriak.
Ondore eta neurri horiek iraungo dute, soilik, baldin eta erabaki osteko hogeita hamar eguneko epean demanda nagusia aurkezten bazaio eskumena duen epaileari.
2.– Behin-behineko edo garai bereko neurriak. Lege honen 1. artikuluan aipatutako demanda onartzen delarik, elkarrekin bizi direlako presuntzioa eten egingo da legearen aplikazioz eta ezeztatuta geratuko dira aldeetako edozeinek besteari emandako adostasun eta ahalordeak.
Epaileak, gainera, aldeetako edozeinen eskariz, behin-behineko neurri batzuk hartzea erabaki ahalko du, lege honetan ezarritako irizpideak erabiliz.
3.– Behin betiko neurriak. Kapitulu honetan adierazitako ondore eta neurriak, betiere, prozesu nagusian ematen den epaikoez ordezten direnean bukatuko dira, edo prozesuari beste bide batetik amaiera ematen zaionean.
4.– Neurriak aldatzea. Epaileak akordiorik ez dagoenean hartzen dituen neurriak, edo aldeek hitzartutakoak, judizialki edo hitzarmen berri baten bidez aldatu ahalko dira baldin eta funtsezko aldaketa gertatu bada egoeran.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege honetako arauak aplikatuko zaizkio berau indarrean sartu aurretik hartutako neurri judizialen eta hitzarmen arauemaileen berrikuspen judizialari, aldeetako batek edo Fiskaltzak eskatzen dutenean eta epaileak irizten dionean legean jasotako egoerak gertatzen direla.
AZKEN XEDAPENA
Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 30a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.