EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015128

AGINDUA, 2015eko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzea onartzen duena.

Xedapenaren data: 2015-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201503054
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoak, bere autonomia-estatutuaren 16. artikuluak xedatzen duenez, irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta molde eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauek agintzen dutenarekin bat etorriz: Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak; Unibertsitateei buruzko Legea aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak.
Apirilaren 13ko 557/1991 Errege Dekretuak, unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu eta aitortzeari buruzkoak, unibertsitateak eta unibertsitate-ikastegiak eratzeko eta aitortzeko betekizun komunak eta zehatzak ezartzen ditu.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, gerora apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatu zenak, 8.2 artikuluan arautzen du autonomia-erkidegoei dagokiela unibertsitate publikoetako ikastegiak sortu, aldatu edo kentzea, eta erabaki hori beren kabuz har dezaketela, unibertsitateen gobernu-kontseiluaren adostasuna jasota, edo unibertsitateren baten ekimenez, haien gobernu-kontseiluak egindako proposamenaren bidez. Kasu batean zein bestean, gizarte-kontseiluaren aurretiazko eta aldeko irizpena behar da.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 62.2.c) artikuluak arautzen du unibertsitateen gai-alorrean eskumena duen sailaren eskumenetako bat izango dela fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk sortu, aldatu edo ezabatzea.
Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuak onartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak egun indarrean dituen estatutuak; araudi horren 10. artikuluak arautzen du Unibertsitateak zer egitura izango dituen, eta, horien artean, eskolak eta fakultateak aipatzen dira, baita sailak eta sor daitezkeen beste ikastegi edo egitura batzuk ere. Arau horren 130. artikuluak, halaber, arautzen du Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluari dagokiola fakultateak eta/edo eskolak sortu, aldatu eta ezabatzeko proposamenak egitea.
Goian adierazitakoaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikastegiak berrantolatzea proposatzen du –egungo 31 ikastegi izatetik 19 izatera–, Medea Master eta Doktoregoko Eskolaz gain.
Hori eginda, Euskal Herriko Unibertsitatearen asmoa da modu orekatuan eta multicampus konfigurazioaren arabera bere egituraren eta antolaketaren garapenean aurrera egitea, kudeaketa eta funtzionamendu eraginkorrak ahalbidetuko dituen garapenerantz, eta, betiere, unibertsitate-erkidegoaren prestakuntza-, ikerketa- eta zerbitzu-eskaintza beharretara egokituz.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzeko proposamena onartu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2014ko azaroaren 27an hartutako erabakiaren bidez.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzeko proposamenaren aldeko irizpena eman zuen, 2015eko apirilaren 22an.
Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 27an hartu zuen erabakia eta haren Gizarte Kontseiluak 2015eko apirilaren 22an eman zuen aldeko irizpena ikusita, eta proposamen hori, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 8.2 artikuluak arautzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegora igorrita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzea onartzea, agindu honen eranskinean jasotzen den moduan. EHUren Gobernu Kontseiluak onartuko duen Ikastegien Esparru Erregelamendua EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean berrantolaketa eta eraketa berria.
Bigarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetan, Ikastegien Esparru Erregelamenduan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera gauzatuko dira ikastegien jarduerak.
Hirugarrena.– Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea agindu hau, Unibertsitate Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuak araututako RUCT Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 3a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
ERANSKINA
IKASTEGI BERRIEN ZERRENDA, BAKOITZAREN AZPIAN ZEHAZTU DIREN IKASTEGIAK ELKARTUTA
1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea:
– Medikuntza eta Odontologia Fakultatea.
– Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola.
– Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola.
2.– Bilboko Ingeniaritza Eskola:
– Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.
– Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa.
– Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.
– Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoa.
3.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola:
– Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.
– Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa.
4.– Hezkuntza eta Kirol Fakultatea:
– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea.
– Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskola.
5.– Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea:
– Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.
– Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola.
6.– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea:
– Lan Harremanen Unibertsitate Eskola.
– Gasteizko Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola.
7.– Ekonomia eta Enpresa Fakultatea:
– Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea.
– Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola.
– Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola.
– Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola.