EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015128

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 1ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu duen Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroa (Bilbon egitekoa, 2015-2016) egiteko deialdia zabaltzen duena. Aldi berean, ikastaro horietan parte hartzeko 4 matrikula-beka eskatzeko deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2015-07-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201503052
Maila: Ebazpena
«Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» sortzeko, abian jartzeko eta antolatzeko den martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpe geratu zen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (LHIEE). Lantzen dituen gaiak direla-eta, Lurralde Antolamenduaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren bultzada zuzena jasotzen du, eta hirigintzako ikastaroak antolatzen ditu 1992. urteaz geroztik, arlo horietan jarduten duten langile teknikoak prestatzeko eta birziklatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, hirigintza-araubidea nabarmen aldatu da, autonomia-erkidegoak berak eta estatuko administrazioak eman dituzten arauen ondorioz.
Ikastaroan zehar aztertzen dira arau horiek guztiak, baina agerikoa da araudien aldaketek behartu egiten gaituztela egitarauak eta haien edukiak etengabe berritzera.
Dena dela, hirigintza eta lurralde-antolamendua ez dira arau-multzo soil bat, biztanleriak habitat eta lurralde jakin batean dituen garapena eta bilakaera jakiteko ezagupenen eta horri buruzko tekniken multzoa baizik. Arrazoi horrek bultzatuta, hirigintzako, lurralde-antolamenduko eta ingurumeneko paradigma edo eredu berriak aztertuko ditugu.
Horrenbestez, garrantzi handikoa da, krisi-garaiotan hain justu, herri honen hirigintza eratzen duten proiektuak eta arauak behar bezala aztertzeko jakintzak izatea, eta, horren bidez, egun dauden arazoak eta hirigintzaren etorkizuneko aurreikuspenak aztertzea.
Ikastaro hau, 1997az geroztik, aldi berean egin izan da Bilbon eta Donostian, baina 2015-2016 ikasturtean ezin izango da Donostian egin, aurreko bi urteetan ez baitzen nahikoa jende matrikulatu, ikastaroaren modulurik gehienetan. Bizi dugun ekonomia-krisiaren adierazgarri zuzena da hori. Beraz, oraingoz, behintzat, Bilbon bakarrik emango da ikastaroa, eta aurrekoetan bezala, Gipuzkoako, Arabako edo Bizkaiko ikasleek parte hartu ahal izango dute.
Nabarmendu behar da Bilboko XLI. (41) ikastaro horiek hirigintzaren, lurralde-antolamenduaren eta ingurumenaren arloan lan egiten duten funtzionario, profesional eta akademikoz osatutako aditu-talde batek emango dituela. Ikastaroa hirigintza-jarduera horiek egin edo horien berri izan behar duten administrazioko eta sektore pribatuko eragile tekniko eta juridikoentzat, eta hirigintzaren alorrean lan egin nahi duten profesionalentzat eta graduatuentzat prestatu da, hirigintzaren teoria eta haren alderdi praktikoak ezagutu ditzaten.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Honen bidez, hauetarako deia egiten da: XLI. (41) Hirigintzako Ikastaroa, Bilbon egingo dena 2015-2016 ikasturtean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatuta. Aldi berean, ikastaro horietan matrikula egiteko 4 beka eskatzeko deialdia egiten da.
2. artikulua.– Oinarriak, XLI. (41) Hirigintzako Ikastaroarenak (Bilbao, 2015-2016).
Ikastaroa arautuko duten oinarri bereziak finkatu dira (I. eranskina); zehazki, honako hau arautuko dute: XLI. (41) Hirigintzako Ikastaroa (Bilbao, 2015-2016).
3. artikulua.– XLI. (41) Hirigintzako Ikastaroaren matrikula ordaintzeko lau beken oinarriak (Bilbao, 2015-2016).
4 matrikula-bekak arautuko dituzten oinarri bereziak finkatu dira, ikastaro osoaren matrikula (2.780 euro) ordaintzeko (II. eranskina). Beka horien xedea da baliabide ekonomiko murritzak dituzten graduatuei parte hartzeko aukera bermatzea. Horretara bideratuko den zenbatekoa 11.120 eurokoa da, eta Ikastaroaren matrikularen zenbatekoa berdintzea denez beka hauen xedea, 2.780 euro joko du beka bakoitzak.
4. artikulua.– Ikastaro osoa edo modulu independenteak deialdi bakarrean edo urteko deialdi batean baino gehiagotan egitea. Egutegia eta ikastorduak.
XLI. (41) Hirigintzako Ikastaroa (Bilbao, 2015-2016) honela egituratuta dago: 1.– Sei ikasketa-modulu teoriko-praktiko egitea, nahitaez (400 ordu); bertaratze-baldintzak (gutxienez % 80) eta aprobetxamendu-baldintzak (ebaluazio-azterketa gainditzea) beteta, modulu bakoitzaren aprobetxamendu-egiaztagiria ematen da. 2.– Bakarkako ikerketa-lana edo «Hirigintzako Goi Ikastaroa» egitea, eta 3.– Aukerako praktikak erakunde edo enpresatan (300 ordukoak). Ikasleak betekizun guztiak gaindituz gero, IVAPek «Hirigintza Diploma» ematen du.
Eskatzaileek badute izena ematea 6 ikasketa-moduluak osorik –ikastaro oso gisa– egiteko deialdi honetan. Beste aukera bat ere badute: modulu batean edo batzuetan matrikulatzea deialdi honetan, eta ikastaroaren eskakizun guztiak betez joatea hurrengo deialdi edo urte akademikoetan.
III. eranskinean 2015-2016 ikasturtearen egutegia, ikastorduak, matrikula eta iraupen-orduak agertzen dira.
5 artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak, matrikula-beketarako, ikastaro osorako eta moduluetarako.
Eskaerak aurkezteko epea irekita geratuko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu osteko lehen egunean, modalitate guztietarako: matrikula-bekak, ikastaro osoa eta/edo moduluak.
Eskaerak aurkezteko epeak egunotan bukatuko dira:
Matrikula-bekak eskatzeko epea 2015eko abuztuaren 20an amaituko da.
Ikastaro osorako eskatzeko epea: 2015eko irailaren 22an.
I. modulua: 2015eko irailaren 25ean.
II. modulua: 2015eko urriaren 23an.
III. modulua: 2015eko abenduaren 29an.
IV. modulua: 2016ko otsailaren 19an.
V. modulua: 2016ko apirilaren 15ean.
VI. modulua: 2016ko maiatzaren 13an.
6. artikulua.– Ikastaro osoa edo moduluak eta bekak eskatzeko eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskatzaileek –ikasturte osoaren zein moduluen eskatzaileek– IV. eranskinean jasotako eskaera normalizatua bete beharko dute, eta erantsi behar du eskatutako dokumentazioa.
Matrikula-beken eskatzaileek IV. eta V. eranskinak bete beharko dituzte, eta batera bidali, dagokion dokumentazioa erantsita.
Eskabide guztiak, deialdian zehaztutako dokumentuekin bat, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariari helarazi beharko zaizkio, erakunde horren mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolaren egoitzara. Helbidea: Recalde zumarkalea, 18 - 1 / 48009 - Bilbao. Telefonoa: 94 403 16 00 04. Faxa: 94 403 16 01. Helbide elektronikoa: evetu@ivap.eus
Halaber, honako leku hauetan ere aurkeztu ahal izango dira: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko edozein bulegotan, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38.4 artikuluan aipatzen diren moduetatik edozeinetan.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen ikastaroen deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: http://www.ivap.euskadi.eus Prestakuntza / EVETU atalean.
Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aipatutako edozein modutan aurkez daitezke eskabideak.
Eusko Jaurlaritzako langileek, sare korporatiboko kide badira, Jakina/IVAP/Prestakuntza Ikastaroak automatrikulazioaren bidez egingo dute izen-ematea.
Toki- eta foru-administrazioetako langileek, berriz, Prestakuntzako koordinatzailearen bidez egin dezakete izen-ematea. Hark emango die onespena eskabideei eta hark igorriko du eskabide-zerrenda IVAPera, ohiko prozeduraren bidez. Prestakuntzako koordinatzailerik ez duten instituzio eta/edo erakunde publikoen kasuan, interesdunak berak helaraz dezake kasuan kasuko eskabidea, IV. eranskinaren arabera, eskabide-orria LHIEE-IVAPera bidaliz.
Era berean, profesionalek eta graduatu-ondokoek eskabidea egin dezakete, LHIEE edo IVAPera igorriz.
Bajarik gertatuz gero, interesdunak edo hezkuntza-koordinatzaileek baja hori jakinarazi eta egiaztatu behar diote LHIEEri, dagokion modulua hasi baino 7 egun natural lehenago, gutxienez, non eta ezinbesteko kasurik egiaztatzen ez den. Bestela, fakturatu egingo dira matrikulak.
7. artikulua.– Matrikula.
Matrikula kobratzean (ikus III. eranskina), xedapenok hartuko dira kontuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduari buruzko abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretua, eta 2014ko abenduaren 11ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzen duena.(Ebazpena 2014ko abenduaren 30eko EHAAn argitaratu zen, 248. zenbakian).
8. artikulua.– Ikasle ohien eguneraketa.
Azken urteotan araudietan izan diren aldaketa handiak direla eta –EAEan zein Estatuan–, 2005-2006 ikasturtea baino lehen ikastaroa edo moduluren bat egin eta Hirigintza Diploma duten ikasle ohiek aukera izango dute ezagutzak eguneratzeko, ikasle berriak izango balira bezala, moduluak eginez.
9. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari buruz berariaz ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 1a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.