EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015126

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 10ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, Elkarrekin Bonuen Programaren 2015eko deialdia egiten duena tokiko bizikidetzaren esparruan.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2015-06-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201502999
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen da, hots, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Horren haritik, 3 laguntza-lerro biltzen dira dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.
Laguntza-lerro horretarako, Dekretuak aurreikusten du hiru funts sortzea: bat lurralde historiko bakoitzeko. Lehendakaritzak ekarpenak egingo ditu funts horiek eratzeko, eta, hala badagokio, foru-aldundiek ere egingo dituzte; izan ere, funts horietan parte hartzeko gonbita egin zaie.
Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du programa horretan parte hartu nahi duela, eta Bizkaiko funtsa eratzen lagundu du. Arabako eta Gipuzkoako funtsak, berriz, Lehendakaritzako ekarpenekin baino ez dira eratu.
Arestian adierazitako dekretuaren 7. artikuluan ezartzen denez, urtero egingo da laguntza horien deialdia Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, eta, ebazpen horretan zehaztuko da zein den deialdiaren xedea, laguntza-lerro bakoitzaren zuzkidura, bonoen diru-zenbatekoa, proiektuen hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea, eskabide-eredu normalizatua, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta era eta –hala badagokio– baliabide elektronikoak erabiltzeko prozedurak eta jarraibideak.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea hau da: Elkarrekin Bonuen Programaren 2015eko deialdia egitea tokiko bizikidetzaren esparruan.
2. artikulua.– – Indarraldia.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, 2015eko ekitaldian garatu beharko dira bonuak eskatzea sustatzen duten proiektuak, eta, edozein kasutan, amaituta egon beharko dute 2015eko abenduaren 31n.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Hiru funtsek osatzen dute programa honetako 2015eko diru-zuzkidura:
– Araba: 55.000 euro, Lehendakaritzak emanak.
– Bizkaia: Lehendakaritzako 111.000 euro eta Bizkaiko Foru Aldundiko 25.000 euro; guztira, 136.000 euro.
– Gipuzkoa: 80.000 euro, Lehendakaritzak emanak.
2.– Lurralde historiko bateko funtsak agortzen ez badira, beste funtsei zuzendu ahal izango zaie Lehendakaritzako partea; kasu horretan, egoera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, lurralde historiko horretako funtsak agortu, eta 10 egun balioduneko epean.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuen Programaren onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko erakunde izan behar da, eta bake eta bizikidetza gaietan aritu; Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen edo fundazioen erregistroan inskribatuta egon behar da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jardun, eta, gainera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dira.
2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen erakunde onuradunak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan jardundako eta justifikatutako ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 euros eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Bonuak direla eta, erakunde onuradunek honako zenbateko hauek pilatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:
– 5.000 euro, 15.000 biztanlera arteko udaletan.
– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.
– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.
4.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Izan ere, laguntza hauek minimis laguntzatzat jotzen dira, zeren pertsona fisiko edo juridiko jakin bati ezin zaio 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik eman, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta abian dena batuta. Izan ere, uste da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari, eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak 2015eko azaroaren 13ra arte; funtsak egun hori baino lehenago agortzen ez badira, behintzat. Funtsak agortuz gero, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa bete, eta gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.
2.– Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzendu beharko zaizkio eskabideak, eta zuzenean aurkeztu ahal izango dira Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan (Nafarroa kaleko 2. zk., 01007 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean zerbitzua), lurralde-ordezkaritzetan edo beste erakunde laguntzaile batzuetan; bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bide erabili ahal izango da eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Programa honen erakunde onuradunek inprimaki normalizatuak erabili beharko dituzte eskabideak aurkezteko. Inprimaki horiek, berriz, ebazpen honen eranskinean azaltzen dira. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.
8. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Hiru balorazio-batzorde eratuko dira: funts bakoitzeko, bat.
a) Honako hauek osatuko dute Arabako funtseko eskabideak aztertuko dituen Balorazio Batzordea:
– Monika Hernando Porres Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Goizargi Cano Ormazabal Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-funtzioak beteko ditu.
– Marian Sanchez Amado Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; batzordekidea izango da.
b) Honako hauek osatuko dute Bizkaiko funtseko eskabideak aztertuko dituen Balorazio Batzordea:
– Monika Hernando Porres Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Goizargi Cano Ormazabal Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-funtzioak beteko ditu.
– Xabier Legarreta Gabilondo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari modura; batzordekidea izango da.
– Pilar Dosal Pérez Bizkaiko Foru Aldundiko idazkari tekniko ekonomikoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari modura; batzordekidea izango da.
b) Honako hauek osatuko dute Gipuzkoako funtseko eskabideak aztertuko dituen Balorazio Batzordea:
– Monika Hernando Porres Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Goizargi Cano Ormazabal Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-funtzioak beteko ditu.
– Marian Sanchez Amado Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; batzordekidea izango da.
9. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Erakunde onuradunei eta erakunde hartzaileei jakinaraziko zaizkie laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak.
10. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Egindako jarduera bukatu, eta hiru hilabeteko epea egongo da diru-laguntza justifikatzeko.
2.– Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan diru-laguntza zertarako erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), nola txertatu den generoaren ikuspegia, eta zein den azken balorazioa.
c) Entitate hartzailearen ziurtagiri bat, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten jasotzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Honako hauek aplikatu beharko dira prozedura-arloari buruz ebazpen honetan berariaz arautu ez den guztirako: ekainaren 17ko 110/2014 Dekretua –Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena–, azaroaren 26ko 30/1992 Legea –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena– eta EAEko administrazio publikoen laguntza eta diru-laguntzei buruzko araubidea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hilabeteko epea izango dute interesdunek beraren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzeko Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 10a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.