EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2015124

AGINDUA, 2015ko uztailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika Kulturako sailburuarena, 2015ean musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautu eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-07-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201502963
Maila: Agindua
Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.
Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek egiteko diru-laguntzak emanez: musika-partituren edizio inprimatuak, banakako musika-proiektuak, musika-ekimen enpresarialak eta musika-programazioa. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula bat lortu nahi da eta, bide batez, haien ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.
Diru-laguntzetarako deialdi hau administrazio-prozeduren tramitazio elektronikoaren sistemara egokitu da. Sistema hori lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.
1.– Agindu honen bitartez, 2015ean musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.
2.– Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek jaso dira:
– II. kap.: Musika-partituren edizio inprimatuak.
– III. kap.: Banakako musika-proiektuak.
– IV. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.
– V. kap.: Musika-programazioa.
3.– Musika-partituren edizio inprimatuen, banakako musika-proiektuen eta musika-ekimen enpresarialen modalitateen bitartez aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 30era garatu behar dira; eta data bi horien artean lagundutako obra edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea aurreikusi behar dute. Musika-programazioaren modalitateari dagokion epea 27.1 artikuluan zehaztu da.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 445.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: a) Musika-partituren edizioa: 30.000; c) Banakako musika-proiektuak: 100.000; d) Musika-ekimen enpresarialak: 175.000; Musika-programazioa: 140.000.
2.– Eskabide kopuruaren ondorioz edo eskakizunak ez betetzearen ondorioz, modalitateren baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko zuzendariak gainerako kopurua beste modalitate batera eramatea proposatu ahalko du. Kasu horretan hasierako kopuruaren arteko desorekarik handiena duen modalitateak lehentasuna izango du.
3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.
1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuragarriek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.
Betebehar horri dagokionez, ez dira kontuan hartuko «ondasunen erkidego» formapean aurkeztutako eskabideak.
b) Jarduera ekonomikoen zergako musika-jardueren epigrafe batean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.
2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar beste aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste diru-laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatuta egongo da.
4.– Ezin dute laguntzarik jaso diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuta, sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.
5.– Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2015ean Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza izendunak jaso dituzten entitateek.
4. artikulua.– Proiektuen bideragarritasuna, diruz lagun daitezkeen gastuak, eta laguntzen muga orokorra.
1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko behar den gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barnean delarik.
2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza zehatzei atxikitakoak izango dira, inbertsio gastuak eta BEZarenak kanpo gelditzen direlarik. Pertsonalaren gastuei dagokienez, horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.
3.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.
5. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.
1.– Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira, deialdi honen 10. eta 11. artikuluetan aurreikusten den bezala.
2.– Musika-programazioaren modalitatea puntuazioaren eta proportzionaltasun-sistema objektibo baten bitartez esleituko da, agindu honetako V. kapituluan zehazten den bezala.
3.– Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.
Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko, zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.
6. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio behar bezala eskabide-orri normalizatua bete ondoren, eta era presentzialean nahiz tramitazio prozedura elektronikoa erabiliz.
3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz alda daiteke bidea. Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoan, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
4.– Eskabide presentzialak Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu beharko dira.
5.– Tramitazioari dagozkion argibideak, bai bide presentzialekoak, bai bide elektronikokoak, hala nola eskaera, formularioak eta justifikaziorako ereduak euskadi.eus webgunean honako helbide elektroniko hauetan daude ikusgai:
– Musika-partituren edizio inprimatuen modalitatea.
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/musika_partiturak/y22-izapide/eu/
– Banakako musika-proiektuen modalitatea.
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/musika_banakakoak/y22-izapide/eu/
– Musika-ekimen enpresarialen modalitatea.
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/musika_enpresarialak/y22-izapide/eu/
– Musika-programazioaren modalitatea.
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/musika_programazioa/y22-izapide/eu/
6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
7. artikulua.– Beharreko dokumentazioa eta aurkezteko formatua.
1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.1.– Eskabide-orria sinatuta.
1.2.– Pertsona fisikoa izanez gero:
a) Pertsona eskatzailearen nortasun-agiria (NAN).
b) Pertsona eskatzailearen errolda-agiria.
1.3.– Pertsona juridikoa izanez gero:
a) Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak badira: zein erregistrotan dauden inskribaturik azalduko dute eskabidean.
b) Beste administrazio batzuetako erregistroetan inskribatutako entitateak badira: sortze-eskritura eta estatutuak, kasuan kasuko erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria,
c) Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.
d) Legezko ordezkariaren nortasun eta ordezkapen-maila egiaztatzea.
1.4.– Pertsona fisiko nahiz juridikoentzako:
a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria.
b) Minimis diru-laguntzei buruzko adierazpena.
c) Deiadi honetan laguntza bat jasotzen duen pertsonak, erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, euskadi.eus atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.
2.1.– Musika-partituren edizio inprimatuen, banakako musika-proiektuen eta musika-ekimen enpresarialen modalitateak:
a) Txosten orokorra, eduki hauekin: a) egindako eskaeraren markoan garatu beharreko jardueren zehaztapena; b) pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea; eta c) 2014ko jarduerari / ekoizpenari dagokion txostena.
b) Hala badagokio, egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera-txostena.
c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– Hala badagokio, artistaren edo musika-taldearen datuak (baita ikus-entzunezko erreferentziak ere); 4.– Hala badagokio, emanaldien zerrenda eta bira-aurreikuspena; 5.– Proiektuaren aurrekontua; 6.– Gainerako diru-laguntzen aitorpena.
2.2.– Musika-programazioaren modalitatea:
a) Aretoaren deskribapena, ibilbidea eta «rider» teknikoa.
b) Musika-ekitaldietarako behar den legezko lizentzia izatea.
c) Aretoaren erantzukizun zibileko asegurua.
d) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– 2014an aretoak programaturiko kontzertatuak; 4.– Proiektuaren aurrekontu orokorra; 5 Gainerako diru-laguntzen aitorpena; 6.– Musika-ekitaldi bakoitzari dagozkion aurreikuspenak (onuradunek formulario hau entregatu beharko dute, ekitaldi bakoitzaren data baino hogei egun lehenago gutxienez).
3.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.
Eskabide-orri sinatuarekin batera, dokumentazio guztia euskarri elektronikoan aurkeztu behar da (cd, dvd, pendrive...), honako ezaugarrien arabera:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, holakoak daudenean; eta, ahal bada, ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.
c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb-koa izango da.
d) Musika edo ikus-entzunezko erreferentziak, web helbideen bidez aurkeztu ahal izango dira, zein dagokion dokumentuan.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak xedatzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
– Aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako «minimis» motako diru-laguntzei buruzko adierazpena jakinaraztea.
– Egunean izatea indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehaztu den bezala.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.
2.– Balorazio-batzordeetako burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da edo horrek izendatutako pertsona.
Idazkari gisa zuzendaritza bereko teknikari bat izango da, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.
Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.
3.– Modalitate bakoitzeko balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
4.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, musika-ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (1. formularioan). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.
11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.
Lehiaketa-modalitateetan, diru-laguntzak banatzeko erabiliko den prozedura hau izango da:
1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertuko dira.
2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.
3.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko, eta 4.3 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.
1.– Agindu honetako 3.5 eta 4.3 artikuluetan adierazitakoa errespetatuta, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik izan gabe. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Deialdiko modalitateren batean diru-laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako diru-laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Musika-programazioaren modalitatean emandako diru-laguntzen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika-ekoizpenei dagokienez.
3.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera eman banakako musika-proiektuetarako eta musika-ekimen enpresarialetarako diru-laguntzen modalitateetan.
13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hileko epean interesdun guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako ondorioetarako.
3.– Jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea zenbatuko da hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta biharamunetik aurrera.
14. artikulua.– Betebeharrak.
Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.
d) Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainerako material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailaren diru-laguntza espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 50ekoa, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 14.a) artikuluan aipatutako epea igarota, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Gainerako % 50ekoa, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.
2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, betiere 2016ko azaroaren 30a baino lehen, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (argibideak eta formularioak 6.5. artikuluan aipaturiko euskadi.eus helbide elektronikoetan):
2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.
2.2.– Dagozkion ondorengo agiri edo materialak:
a) Zuzeneko musika ekoizpenak: alde desberdinetakoen arteko sinatutako kontratuaren kopia; programaturiko taldeen cacheei dagozkien fakturak edota, autoekoizpenen kasuan, kontzertua egin den espazioaren alokairuaren faktura.
b) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren 2 ale gutxienez.
c) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.
2.3.– Justifikazio ekonomikoa:
a) Burututako proiektua dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.
b) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.
c) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.
d) Musika-programazioaren modalitateari dagokionez, parte hartzen duten musika-taldeei ordaintzen zaizkien cacheen fakturak aurkeztu behar dituzte onuradunek edozein kasutan.
2.4.– Helburu bererako jasotako gainerako laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unean onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.
16. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere helburua bete dela iritzita) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).
II. KAPITULUA
MUSIKA PARTITUREN EDIZIO INPRIMATUAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK
18. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honetan musika-partituren edizio inprimatuak egiteko diru-laguntzak emango dira, zuzeneko emanaldien bidez zabalduak izateko.
2.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.
3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun bati ezingo zaio 10.000 euro baino gehiagoko kopurua eman.
19. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:
1.– Kultura eta musika aldetik, ondare edota arte aldetik proiektuak duen interesa (puntuazio orokorraren % 50).
Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana–; proiektua argitaratzeko plana eta zabalkunderako plana.
2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2014 urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 25).
Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen-bolumena.
3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).
4.– Emakumeek konposaturiko obren partiturak editatzea (puntuazio orokorraren % 5).
III. KAPITULUA
BANAKAKO MUSIKA-PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
20. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.
1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.
2.– 21.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika-taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:
a) 2 disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2010. urtea baino lehen.
b) Musika-ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.
3.– 21.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2010. urtearen ondoren.
4.– Proiektua bultzatzen duen pertsonaren edo taldearen curriculumari edo ibilbideari dagokionez, egungo izen desberdina duten proiektuen erreferentziak onartuko dira, baldin eta Balorazio Batzordearen iritziz, proiektuotan pertsona edo talde horren inplikazioa behar bezala egiaztatuta gelditzen bada.
21. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:
1.1.– Aktiboan dagoen euskal musikari edo musika-talde bati dagozkionak:
a) Musika-ekoizpena, zuzeneko formatuan edo fonografikoan.
Deialdi honen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.
b) Musika-proiektu baten promozioa eta zabalkundea.
1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren alorrean:
a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.
b) Modalitate honen barnean kontenplatzen diren aktibitateak etorkizunean garatzeko ikerketa edo formakuntza espezifikoa.
Jarduera hauei dagokienez, beharrezkoa izango da garatu nahi den musika-proiektuaren oinarriak aurkeztea.
2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.
b) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.
c) Azoka komertzialetara joatea.
3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun batek ezingo du 10.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.
22. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:
1.– Kultura eta musika aldetik, proiektuak duen interes orokorra (puntuazio orokorraren % 50).
Proiektu bakoitzaren atal honetan proiektuaren ondorengo alde zehatzak kontuan hartuko dira:
– Balio musikal-artistikoa edota ondarezkoari dagokiona.
– Musika zabalkunde, formakuntza eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.
– Musika-jarduera profesionalaren egungo panoramaren inguruko planteamenduak eta berrikuntza-maila.
– Garapen- eta zabalkunde-plana.
2.– Musika-taldea edota proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea (puntuazio orokorraren % 20).
Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira:
– Ibilbidea, esperientzia eta proiekzio profesionala.
– Aldez aurretik eginiko disko, zuzeneko edo proiektu kopurua.
3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 15).
4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).
5.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (puntuazio orokorraren % 5).
IV. KAPITULUA
MUSIKA EKIMEN ENPRESARIALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
23. artíkulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.
3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.
a) Enpresa jarduera garatu izana 2012 urtea baino lehen, hauetako arloren batean:
– Ekoizpen fonografikoa.
– Zuzeneko musika-ekoizpena edo -emanaldia.
– Musika-zabalkundea.
– Publikoen sentsibilizazioa.
b) Testuinguru horretan, jarduerak 2014. urtean zehar 4 euskal artistari edo talderi sustapen enpresariala eman izana.
24. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:
1.1.– Aktiboan dagoen Euskadiko musikari edo musika-talde bati dagozkionak:
a) Musika-ekoizpena, zuzeneko formatuan ala fonografikoan (Ekoizpentzat 21.1.1 artikuluan aipatzen dena hartuko da aintzat).
b) Musika-proiektu baten promozioa eta zabalkundea.
1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren jardueraren alorrean:
a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.
b) Entitatea musika-jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.
2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Izaera komertzial soila edo entitatearen katalogo historikoa ustiatzea helburu duten musika-ekoizpenak.
b) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.
c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jarduerak edo materialen edizioa.
d) Azoka komertzialetara joatea.
3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (gehienez bost). Dena den, onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.
25. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa irizpide hauen arabera egingo da:
1.– Kultura-musika, ondare edo artearen ikuspuntuen aldetik, proiektuak duen interes orokorra baita bere garapen eta zabalkunderako plana ere (% 35).
2.– Eskatzailearen balorazioa, euskal musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2014 urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 20).
Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) euskal musikariei dagokien ekoizpen-bolumena.
3.– Entitatearen ibilbidea eta gogoeta musika-jardueraren egungo panoramaren aurrean (puntuazio orokorraren % 10).
Atal honetan honelakoak hartuko dira kontuan: entitatearen historiala; egungo proiektuen berrikuntza-maila; enpresaren bideragarritasunerako planteamenduak.
4.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).
5.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).
Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen jarduera orokorra ere, 2013an eginiko musika-ekoizpenak erreferentzia izanda.
6.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (puntuazio orokorraren % 5).
V. KAPITULUA
MUSIKA PROGRAMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK
26. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.
Agindu honetako 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, honako baldintzak betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla egiaztatu behar dute eskatzaileek:
a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.
b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.
c) Gutxienez 120 lagunentzako edukiera legala izatea.
d) Musika-programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.
e) Ordain-sarrerako 20 musika-ekitaldi, gutxienez, programatu izana 2014. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, amateurren kontzertuak eta ospakizun partikularrak.
27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.
1.– Modalitate honen helburua da 2015eko urriaren 1etik 2016ko apirilaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea.
2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edota beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.
3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Programan bi talde izatea: hasierakoa eta nagusia.
b) Sarreraren preziorik baxuena 6 euro izatea.
4.– Modalitate honen bitartez diru-laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:
a) Hala badagokio, diruz laguntzen zaizkion musika-ekitaldi kopurua gutxienez antolatzea, deialdi honetan xedatutako baldintzen arabera.
b) Agindu honetako 28.3. artikuluan adierazten diren erreferentzia finko eta erlatiboen arabera erabiltzea modalitate honen bidez jasotzen diren diru-laguntzak, hori guztia musika zirkuitu pribatuaren ohiko funtzionamendu, negoziazio eta finantzaketa bideak eragotzi gabe.
c) Lokal publiko eta kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.
d) «Zuzen-zuzenean» goiburupean antolatzen den zabalkunde kanpainan parte hartzea.
28. artikulua.– Diruz lagundu beharreko ekitaldi kopurua, laguntza moduluak eta gastu kontzeptuak.
1.– 26. artikuluko baldintzak betetzen dituzten aretoek gutxienez bi eta seiren arteko musika-ekitalditarako diru-laguntza jaso ahal izango dute, betiere 27. artikuluan azaldutako ezaugarrien arabera antolatuak. Aipaturiko gehienezko muga hori gainditu ahal izango da, deialdi honetan aurkezten diren eskabide kopuruaren eta behin betiko baliabide ekonomikoaren arabera.
2.– Areto bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren kalkulua, bakoitzari dagokion gutxienezko ekitaldi kopuruaren eta ekitaldi bakoitzerako finkatzen den honako moduluen arabera:
Dagoen dotazioaz ahalik eta gehien baliatzeko, aipaturiko kopuruak gora edo behera doitu ahal izango dira, gehienez % 10eko tarte baten barruan, eskabide kopuruaren arabera eta areto bakoitzak lorturiko puntuazioaren arabera.
3.– Diruz lagundutako gastu kontzeptuak eta beren portzentajeak.
Jasotako diru-laguntza osotik aretoek gastu kontzeptu desberdinetara zuzendu beharreko portzentajeak hauek izango dira:
4.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan parte hartzen duen edozein talderen cachea ez da inoiz 300 euro baino txikiagoa izango.
29. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak.
1.– Areto bakoitzean zenbat musika-ekitaldi lagundu behar diren zehazteko, puntuazio-baremo bat erabiliko da, ondorengo erreferentzien arabera:
a) 2014. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioa:
a1) Programatzen diren musika-taldeen kopurua: % 30.
a2) Programatzen diren euskal taldeen kopurua: % 30.
a3) Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua: % 20.
a4) Emakumeen lidergoa edo beraien presentzia nagusi den taldeen kopurua: % 5.
b) Aretoaren ezaugarri orokorrak: % 10.
c) Kontrataturiko pertsonal teknikoa: % 10.
Aurreko b) eta c) atalei dagokienez, aretoak 3 tipologietan sailkatuko dira (3, 6 eta 10 puntu), dituzten elementu teknikoen eta 2014an kontrataturiko pertsonal teknikoaren arabera.
2.– Areto bakoitzari diruz lagunduko zaizkion gutxienezko kontzertuen kopurua kalkulatzeko, eskuratzen den puntuazioaren tarteen araberako aplikazio haztatua egingo da, proportzionalki, betiere 28 artikuluan adierazitako erreferentziak gordeta.
30. artikulua.– Modalitate hau ebaztea eta kontzertuak sustatzea.
1.– Modalitate honen ebazpenak eskatzaile bakoitzari definituko dizkio diru-kopuru orokor bat eta kopuru horrekin antolatu beharreko gutxienezko ekitaldi kopurua. 13.1 artikuluan xedatutakoa gorabehera, ebazpen hori 2015eko irailaren 12a baino lehen jakinaraziko zaie onuradunei.
2.– Programa espezifikoa gauzatu baino hogei egun lehenago, gutxienez, jakinarazi behar diote aretoek Sailari programa hori zertan datzan, bai eta deialdi honen esparruan programatu beharreko musika-ekitaldi bakoitzaren baldintza zehatzak zein diren ere (horretarako, dagokion formularioa erabili behar da). Epe horretan jakinarazi eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten ekitaldiak soilik kontsideratuko ahalko dira diru-laguntzaren behin-betiko kitapenerako.
3.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertu programazio guztia, baita musika-ekitaldi bakoitza ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programaren esparruaren ‘Zuzen-zuzenean’ goiburupean zabaldu beharko dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.
bIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betetzeko, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» (Kultur sormenerako laguntzak) izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.
AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENetatik BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 1a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.