EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2015124

78/2015 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201500078
Xedapenaren data: 2015-05-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201502951
Maila: Dekretua
Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen funtzionamenduaren oinarrizko erregimena 4/2014 Legeak, apirilaren 1ekoak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialenak, jasotzen du. Arau hori oinarrizkoa da izaeraz, organo horiek egiten dituzten funtzioak izaera publikokoak direlako eta, horregatik, Estatuari dagokio horien erregimen juridikoaren oinarriak arautzeko eskumena, Konstituzioaren 149.1 artikuluko 18. erregelaren arabera.
Hala ere, Ganberen Legea onartu aurretik ere, legezko erregimen xehatua betez funtzionatzen zuten Ganberek, bereziki aipatzekoa Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen Erregelamendu Orokorra, 1291/1974 Dekretuak, maiatzaren 2koak, onartua. Erregelamendu hori behin eta berriz aldatu da, eguneratzeko eta egoera berrietara egokitzeko. Horrela bada, bata bestearen ondoren etorri ziren: 753/1978 Errege Dekretua, martxoaren 27koa, ganberen Erregelamendu Orokorra sistema demokratikora egokitu zuena; 816/1990 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, Ganberen Erregelamendu Orokorraren III. Kapitulua –hauteskunde-sistema arautzen zuena– aldatu zuena; eta, azkenik, 1133/2007 Errege Dekretua, abuztuaren 31koa.
Bestalde, 102/1981 Errege Dekretuak, uztailaren 24koak, eta Eusko Jaurlaritzaren 102/1981 Dekretuak, irailaren 14koak (EHAA 67. zk., irailaren 24koa) erabaki zuten Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen arloko zerbitzuak Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora pasatzea, Transferentzia Batzorde Mistoak hartutako Akordioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 10.21 artikuluan zehaztutakoa aplikatuz, artikulu horrek eskumen esklusiboa ematen baitio Euskal Autonomia Erkidegoari Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen arloan, kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.10 artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuak Kanpo Merkataritzako arloan dituen eskumenei.
Eusko Jaurlaritzaren 103/1981 Dekretuak, irailaren 14koak, ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko zuela Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganbera ofizialen eskumenen egikaritza, bai eta Arabako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialaren gainekoa ere. Garai hartako Merkataritza eta Turismo Sailari esleitu zitzaion eginkizun hori, gaur egun Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila denari.
4/2014 Lege berriak, apirilaren 1ekoak, Merkataritza Ganbera Ofizialenak, Autonomia Erkidegoen eskumenak tratatzean, ahalmen zabala ematen die Autonomia Erkidegoei beren Ganberen lurralde-antolamendua eta gobernu-organoak definitzeko, lurralde bakoitzaren errealitate ekonomikoari hobeto erantzuteko eta enpresen ordezkaritza zuzenagoa izateko, ganberei egiten dieten ekarpenen arabera.
Hori dena kontuan hartuta, beraz, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoak bere xedapen propioa ematea Osoko Bilkuran talde bakoitzak izango duen parte-hartzea zehazteko, ordezkaritza-irizpideak ezartzeko eta kideak –enpresen ordezkariak, prestigio aitortua duten pertsonak (enpresa-erakundeek proposatuak) eta borondatezko ekarpen handiena egiten dutenak– nola aukeratuko diren erabakitzeko, eta hauteskunde-prozesua arautzeko, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialetan eta Arabako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialean, kontuan hartuta 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa, eta 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerakoa.
Dekretu honek korporazio horien gobernu-organoen osaera definitu nahi du, eta Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen hauteskunde-erregimena egokitu 4/2014 Legeak, apirilaren 1ekoak, jasotakoren arabera, korporazio horien osoko bilkuraren osaera berria kontuan izanda eta, halaber, lege horrek berak Autonomia Erkidegoei ematen dizkien ahalmenak baliatuta, 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa, ahaztu gabe.
Xedapen hau lantzeko, kontsulta egin zaie Bilboko eta Donostiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei eta Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganberari.
Horren ondorioz, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko maiatzaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1.– artikulua.– Xedea.
Xedapen honen xedea da Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofizialaren eta Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozesua eta gobernu-organoen eraketa arautzea.
I. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
2.– artikulua.– Gobernu-organoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialetako gobernu-organoak dira Osoko Bilkura, Batzorde Beterazlea eta Lehendakaria.
2.– Ganbera bakoitzaren Barne Erregimeneko Arautegiak arautuko du bere gobernu-organoen antolamendua eta funtzionamendua, estatuko oinarrizko legeriak eta arau honek ezarritako mugen barruan.
3.– Ganberetako gobernu-organoen agintaldia lau urtekoa izango da, eta pertsona berak hautatu ahal izango dira berriro.
3.– artikulua.– Osoko Bilkura.
1.– Osoko Bilkura da Ganberetako gobernu-organo eta ordezkaritza gorena.
Bokalek osatuko dute. Gutxienez 10 bokal izango dira eta gehienez 60, eta Barne Erregimeneko Arautegiak erabakiko du kopuru zehatza.
Osoko bilkura osatzen duten kideak multzo hauetan banatuko dira:
A) Ganberetako kide diren enpresa guztien ordezkariak. Sufragio libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez aukeratuko dira hautesleen artean, ataletan eta taldetan sailkatuta, eta hala dagokionean, kategoriatan, sektore ekonomiko bakoitzaren garrantzi ekonomiko erlatiboa eta ordezkagarritasuna kontuan hartuta, Legeak eta Ganbera bakoitzeko Barne Erregimeneko Arautegiak ezarritako, eta Administrazioak onartutako, irizpideen arabera.
Multzo honetako bokalak Osoko Bilkurako 2 heren izango dira.
Osoko Bilkura osatzen duten atalak, dibisioak eta taldeak lau urtetik behin berrikusiko dira, berriz hauteskundeak egin aurretik, Ganberak ordezkatzen dituen interes ekonomiko guztiek proportzioan ordezkatuta segitzen duten ikusteko. Lurraldearen ezaugarri ekonomikoak aldatu direlako, multzoen banaketa aldatzea komeni bada, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari proposatuko zaio osaera berria, onarpena eman diezaion.
B) Ganbera bakoitzaren mugapeko enpresen ordezkariak eta arlo ekonomikoan prestigio aitortua duten pertsonak, lurraldean adierazgarrien diren sektore arteko enpresa-erakundeek hala proposatuta, Ganbera bakoitzaren Barne Erregimeneko Arautegiak, Administrazioak onartuak, zehaztutako moduan.
Horretarako, enpresa-erakundeek hautagai-zerrenda bat aurkeztuko dute, multzo honetako bokalak proposatzeko. Bokal horiek Osoko Bilkuran geratzen den herenaren % 40 osatuko dute eta e dira sufragio unibertsalez hautatako.
Lurralde Historiko bakoitzeko enpresa-erakunde adierazgarrienak zein diren Administrazioak erabakiko du, baldintzak betetzen dituztenen eta dagozkien Erregistroetan inskribatuta daudenen artean.
4/2014 Legeak, oinarrizkoak, apirilaren 1ekoak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialenak, 10. artikuluko 2 b) paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, sektore arteko eta lurraldeko enpresa-erakunde adierazgarrienak izango dira federazio eta konfederazioetan sartuta daudenak eta, laneko legeriaren arabera, adierazgarrienak direnak Euskal Autonomia Erkidegoan. Lan arloko eskumena duen Administrazioak, ganberak edo Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eskatuta, horretarako behar den ziurtapena emango du.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, aurreko irizpide horiek aplikatuta, zehaztuko du zein diren enpresa-erakunde horiek ganberetako hauteskundeetarako.
C) Mugape bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen ordezkariak. Agintaldi bakoitzean enpresek ganbera bakoitzari benetan egin eta gauzatutako borondatezko ekarpen ekonomikoen arabera aukeratuko dira. Barne Erregimeneko Arautegiak zehaztuko ditu horiek aukeratzeko tramua edo tramuak eta hautapen-prozedura. Multzo honekin osatuko dira Osoko Bilkurako gainerako bokalak.
Borondatezko ekarpen ekonomikoa egiten duten enpresek hurrengo hauteskundeetara arte ekarpenak egiten jarraitzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ekarpen ekonomiko horiek mantentzen ez badituzte, Osoko Bilkurako bokal izateari utziko diote, eta, behar izanez gero, kide berriak aukeratuko dira.
2.– Ganberaren mugapean arlo ekonomikoan prestigio aitortua duten pertsonak Osoko Bilkuretara joan ahal izango dira; hitza izango dute, baina botorik ez. Horretarako, lehendakariak zerrenda bat proposatuko die goian zehaztutako A), B) eta C) multzoetako bokalei, hautatu beharreko bokal-kopurua baino heren bat hautagai gehiagorekin. Ganbera bakoitzeko Barne Erregimeneko Arautegiak zehaztuko du kopuru hori.
3.– Artikulu honetako 1. paragrafoko A), B) eta C) multzoetako bokalek aukeratuko dituzte, beren artean, Ganberako Lehendakaria, eta 2. paragrafoan aurreikusitako prestigio aitortuko pertsonak.
4.– artikulua.– Batzorde Betearazlea.
1.– Batzorde Betearazlea da Ganberaren kudeaketa-, administrazio- eta proposamen-organo iraunkorra, eta Osoko Bilkurak aukeratuko du, 3. artikuluko 1. paragrafoko A), B) eta C) multzoetako bokalen artean.
2.– Batzordearen egitura Barne Erregimeneko Arautegiak zehaztuko du. Dena dela, gutxienez 5 kide izango ditu eta gehienez 12, eta honela osatuko da: Lehendakari bat, Lehendakariorde bat edo gehiago, Diruzain bat eta Bokalak. Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak pertsona bat izendatu ahal izango du bere ordezkaria izan dadin, eta pertsona horri nahitaez bidali beharko zaio Batzorde Betearazlearen bileretarako deia.
3.– Batzorde Betearazlea osatuko duten karguak 34. artikuluan xedatutakoaren arabera aukeratuko dira.
4.– Batzorde Betearazlearen osaeran ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 3.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5–. artikulua.– Lehendakaria.
1.– Lehendakaria Ganberaren ordezkaria izango da, Ganberako kide anitzeko organo guztien lehendakaria izango da, eta Ganberaren erabakiak betearazteko ardura izango du.
2.– Osoko Bilkurak aukeratuko du Lehendakaria 4. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako bokalen artean, arau honen 34. artikuluan zehaztutako moduan.
II. KAPITULUA
HAUTESKUNDEETAKO PROZEDURA
1. ATALA
HAUTESLE-ERROLDA
6.– artikulua.– Hautesle-errolda.
1.– Ganberen hautesle-erroldan hautesle guztiak sartuko dira, atalak, taldeak eta, baldin badaude, kategoriak kontuan izanda, ordezkatutako sektore ekonomikoen garrantzi ekonomiko erlatiboa eta ordezkagarritasuna aintzakotzat hartuta, Oinarrizko Legearen eta Ganbera bakoitzeko Barne Erregimeneko Arautegiaren, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak onartuaren, arabera. Oinarrizko Lege horrek xedatutakoaren arabera, hautesle-errolda urtero prestatu eta berrikusiko da.
2.– Era berean, Merkataritza Ganberek Errolda bat prestatuko dute C) multzoko bokalak, mugape bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen ordezkariak, aukeratzeko.
2. ATALA
HAUTESLE IZATEKO ESKUBIDEA
7.– artikulua.– Hautesle-izaera.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jarduera komertzialak, industrialak, zerbitzuetakoak edo nabigaziokoak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridiko nazional edo atzerrikoak Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialetako hautesle izango dira, baldin eta horien mugapean establezimenduak, agentziak edo delegazioak baldin badituzte.
2.– Pertsona fisiko nahiz juridiko batek jarduera komertzial, industrial edo zerbitzuetakoa egiten duela ulertuko da, arrazoi horrengatik Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaindu behar duenean, 1. atalean, edo horren ordezko tributuan Euskal Autonomia Erkidegoan.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jarduera komertzialak, industrialak, zerbitzuetakoak edo nabigaziokoak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridiko nazional edo atzerritarrak, Ganbera bakoitzak ezarritakoaren arabera borondatezko ekarpen ekonomikoak egin badituzte, hautesle izango dira, kasua denean, dagokien kuota-tramuan edo -tramuetan borondatezko ekarpen handiena egin duten enpresen ordezkariak hautatzeko.
8.– artikulua.– Titularrak.
1.– Hautesle izateko eskubidea dute Ganbera bakoitzeko Batzorde Betearazleak onartutako Hautesle-erroldan inskribatuta dauden pertsonek, ez baldin badaude ezgaituta Hauteskunde Legeria Orokorrean aurreikusitako arrazoietakoren batengatik.
2.– Establezimenduak, agentziak edo delegazioak Ganbera baten baino gehiagoren mugapean dituzten hautesleek, horietako bakoitzean botoa emateko eskubidea izango dute. Erregela bera aplikatuko zaie egoitza soziala edo fiskala Ganbera baten mugapean dutenei eta jarduera beste batean edo gehiagotan egiten dutenei ere.
3.– Ganberen Erroldako hainbat taldetan, eta, kasua denean, kategoriatan, sartutako jarduerak egiten dituzten hautesleek, horietako bakoitzean eman ahal izango dute botoa.
4.– C) multzoko enpresen Erroldan inskribatutako hautesleek multzo horri buruz botoa emateko eskubidea izango dute, baina beste multzo batzuetako hauteskundeetan ere parte hartu ahal izango dute, horretarako behar diren baldintzak betetzen badituzte.
9.– artikulua.– Egikaritzea.
Enpresari indibidualek pertsonalki egikarituko dute botoa emateko eskubidea; adingabeek edo ezgaituek, enpresa-jarduera egikaritzeko izendatuta dituzten ordezkarien bitartez; eta pertsona juridikoek, sozietate zibilek, ondasun-erkidegoek eta nortasun juridikorik gabeko gainerako entitateek, behar besteko ahalordea duen ordezkariaren bidez.
3. ATALA
HAUTAGAI IZATEKO ESKUBIDEA
10.– artikulua.– Titularrak.
1.– Hautagai izateko eskubidea dute Ganbera bakoitzeko Batzorde Betearazleak onartutako Hautesle-erroldan inskribatuta daude pertsonek, ez baldin badaude ezgaituta Hauteskunde Lege Orokorrean aurreikusitako arrazoietakoren batengatik.
2.– Establezimenduak, agentziak edo delegazioak Ganbera baten baino gehiagoren mugapean dituzten hautesleek, horietako bakoitzean hautagai izateko eskubidea izango dute. Erregela bera aplikatuko zaie egoitza soziala edo fiskala Ganbera baten mugapean dutenei eta jarduera beste batean edo gehiagotan egiten dutenei ere.
3.– Ganberen Erroldako hainbat ataletan, taldetan, eta, kasua denean, kategoriatan, sartutako jarduerak egiten dituzten hautesleek, horietako bakoitzean hautagai izan ahal izango dira.
Hala ere, atal, talde edo, kasua denean, kategoria batean baino gehiagotan hautatzen badituzte, hiru eguneko epean Osoko Bilkurako bokal-postu bat aukeratu beharko du eta gainerakoei uko egin. Epe horretan uko egiten ez badute, antzinatasun gutxien duten atalean, taldean edo, kasua denean, kategorian edo kategorietan uko egin dutela ulertuko da, eta automatikoki hautetsitzat hartuko da boto gehien izan dituen hurrengo hautagaia.
11.– artikulua.– Hautagai izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Osoko Bilkuran A) multzoko bokal izateko hautagaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte beren hautagaitza aurkezteko unean:
a) Hautesle izatea bere burua aurkeztu nahi duen atal edo taldean edo, kasua denean, kategorian.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko Estatu batekoa, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko kide den Estatu batekoa, edota, dagokion Nazioarteko Akordio edo Hitzarmenaren bidez, aipatutako herritarrentzat aurreikusitako erregimen juridikoa bertako nazionalei aplikatzen dien estatu batekoa.
c) Aurreko letran aipatutako lurraldeetako edozeinetan gutxienez bi urte eramatea enpresa-jardueran.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta eta egunean izatea.
e) Hauteskunde Lege Orokorrean eskatzen den adina eta gaitasuna izatea.
f) Horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea.
2.– Osoko Bilkuran B) eta C) multzoetako bokal izateko hautagai izateko, aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak bete beharko dira, a) eta c) letretakoak izan ezik. Era berean, C) multzoko hautagaiak nahitaez Erroldako C) multzoko hautesle izan beharko dira borondatezko ekarpena egin duten enpresetan dagokion tramuan.
4. ATALA
HAUTESKUNDEETARAKO DEIA ETA HAUTESLE-ERROLDA JENDAURREAN JARTZEA
12.– artikulua.– Hauteskundeetarako deia.
1.– Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hauteskunde-prozesuari hasiera eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta eginda, Ganberen gobernu-organoetarako hauteskundeetarako deia egingo du, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak emandako Ebazpen baten bitartez.
2.– Deialdia botazio presentzialak egiteko eguna baino 40 egun natural lehenago argitaratuko da gutxienez «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» eta, gutxienez, Ganbera bakoitzaren mugapeko zirkulazio handieneko egunkari batean. Gainera, Hautesle-erroldak jendaurrean ikusgai jarri diren leku beretan ere jarriko da.
3.– Deialdian zehaztuko da:
a) Hauteskunde-batzarren egoitzak.
b) Zenbat hautesleku izango diren eta non jarriko diren.
c) Botazio presentziala egiteko eguna eta ordua. Hautesleku bat baino gehiago jartzen badira, botazioa aldi berean egingo da guztietan.
d) Postaz botoa emateko prozedura eta epeak.
13.– artikulua.– Hautesle-errolda jendaurrean jartzea eta erreklamazioak.
1.– Hauteskunde-prozesuari hasiera eman eta handik bost egunera, ganberek jendaurrean jarri beharko dute beren Hautesle-errolda, beren egoitzan, delegazioetan, webgunean eta egoki deritzoten gainerako lekuetan, hogei egun naturaleko epean. Taldeetan eta, kasua denean, kategorietan sartu diren edo ez diren hautesleei buruzko erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira Hautesle-errolda jendaurrean jartzen den unetik aurrera, jendaurrean egoteko epea amaitu eta hamar egun geroagora arte. Ganberako idazkari nagusiak erreklamazioa aurkeztu izanaren frogagiria eman beharko du.
Barne Erregimeneko Arautegian zehaztuko da C) multzoko Bokalak, borondatezko ekarpen handiena egin duten enpresen ordezkariak, hautatzeko Errolda jendaurrean jartzeko eta horren kontrako erreklamazioak aurkezteko modua.
2.– Erreklamazioak Ganberako Batzorde Betearazleak ebatziko ditu, erreklamazio horiek aurkezteko epea amaitu eta hurrengo bost egunen barruan, eta emandako ebazpena hurrengo egunean jakinaraziko dio erreklamatzaileari, idatziz. Gainera, Ganberen iragarki-oholean eta webgunean ere argitaratuko dira ebazpenak.
Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa baietsitzat emango da.
Batzorde Betearazleak emandako ebazpenaren aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean, 15 eguneko epean jakinarazpenaren biharamunetik edo erreklamazioa jarri eta bost egun igarotzen direnetik. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea gehienez 15 egunekoa izango da; epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da errekurtsoa, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 43.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Errekurtsoaren ebazpenak, dela berariazkoa edo ustezkoa, administrazio-bidea amaituko du.
5. atala
Hauteskunde Batzarrak
14.– artikulua.– Eraketa eta osaera.
1.– Hauteskundeen gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, hauteskunde-deialdia argitaratu eta hurrengo zortzi egunen barruan Hauteskunde Batzar bat eratuko da Ganbera bakoitzaren mugapean. Bost lagunek osatuko dute batzar hori: Ganberetako hautesleen hiru ordezkarik eta Administrazio babesleak izendatutako bi pertsonak, horietako batek lehendakari-lanetan jardungo du. Lehendakariak pertsona bat izendatuko du Hauteskunde Batzarreko idazkari-lanak egin ditzan hitzarekin baina botorik gabe; administrazio babesleko funtzionario bat izango da nahitaez. Hauteskunde Batzarrak, edonola ere, beti eskatuko dio aholkularitza juridikoa mugapeko Ganberako idazkariari.
2.– Hauteskunde Batzarren egoitza Ganberaren egoitza sozialean egongo da.
3.– Hauteskunde Batzarrean Ganberetako hautesleen ordezkari izango direnak, zozketa bidez aukeratuko dira Ganbera bakoitzeko Osoko Bilkurak proposatutako zerrenda batetik; talde bakoitzeko bat aukeratuko da. Zozketa ekitaldi publikoan egingo da, deialdia argitaratu eta hurrengo egun baliodunean, Administrazioaren ordezkari izango den pertsona bat mahaiburu dela, eta ekitaldi berean aukeratuko dira kide bakoitzaren ordezkoak ere. Osoko Bilkurako kide izateko hautagai gisa aurkeztutako norbait ateratzen bada zozketan, uko egin beharko dio batzarrean parte hartzeari.
4 – Hauteskunde Batzarra eratzeko gutxienez hiru kide elkartu beharko dira, eta erabakiak gehiengoz hartuko dira, bileran daudenen botoen gehiengoarekin; berdinketarik izanez gero, kalitate-botoa izango du Lehendakariak.
5.– Hauteskunde Batzarraren osaeran ahalegina egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7. artikuluan xedatutakoaren arabera.
15.– artikulua.– Eremua eta agintaldia.
1.– Hauteskunde-batzarren lurralde-eremua, Ganberaren lurralde-mugapea izango da.
2.– Hauteskunde-batzarren agintaldia luzatuko da hauteskundeak egin eta hamabost egun igaro arte, eta orduan deseginda geratuko dira.
3.– Hauteskunde-batzarren erabakien kontra errekurtsoa jarri ahal izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean 15 eguneko epean, erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik. Errekurtsoak ez du prozesua etengo, nola eta administrazio babesleak ez duen irizten ebazpena ematea funtsezkoa dela prozesuaren aurrerabiderako. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea gehienez 15 egunekoa izango da; epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da errekurtsoa, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 43.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Errekurtsoaren ebazpenak, dela berariazkoa edo ustezkoa, administrazio-bidea amaituko du.
6. atala
Hautagaiak aurkeztea eta hautagaiak aldarrikatzea
16.– artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.
1– Osoko Bilkurako A) multzorako hautagaitzak, interesdunek berek edo haien legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte, idatziz, jakinarazpenetarako helbidea zehaztuta, Ganberako Idazkaritza nagusian, hauteskundeetarako deialdia argitaratu eta hurrengo hamar egunen barruan.
2.– – Osoko Bilkurako B) multzorako hautagaitzak enpresa-erakundeek aurkeztuko dituzte, A) eta C) multzoetarako hautagaiak aukeratu ondoren, hautagai horiek aukeratu eta hurrengo bost egunen barruan. Hautagai horiek aurkeztu beharko dira aurrekoak aurkeztu diren leku berean.
3.– – Osoko Bilkurako C) multzorako hautagaitzak interesdunek aurkeztuko dituzte, hauteskunde-deialdia argitaratu eta hurrengo hamabost egunen barruan, eta aurreko hautagaitzak aurkeztu diren leku berean aurkeztu beharko dira.
4.– Aurkezten diren hautagai guztiek, gutxienez, taldeko, edo kasua denean kategoriako, hautesleen % 5en bermea beharko dute. Talde edo kategoriako hautesleak berrehun baino gehiago badira, hautagai bat aurkezteko nahikoa izango da hamar hauteslek sinatzea.
17–. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea
1.– Hautagaiak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzarrak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hautagaiak aldarrikatuko ditu bost eguneko epean, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.
2.– Hautagaien kopurua txikiagoa bada aukeratu beharreko kide-kopurua baino, edo berdina, Hauteskunde Batzarrak hautetsitzat emango ditu aldarrikatutako hautagaiak, eta ekitaldi berean zozketa bidez aukeratuko dira geratzen diren postu hutsak beteko dituztenak, 11. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Zozketa egingo da ataleko, taldeko edo, kasua denean, kategoria edo tramuko enpresen artean.
Hauteskunde Batzarrak enpresa bat baino gehiago hautatuko ditu postu huts bakoitzeko, aukeratzen diren lehenengoek ezetz esaten badute ere.
3.– Hauteskunde Batzarrak akta batean jasoko du hautagaien aldarrikapena eta, hala badagokio, hautagaien aukeratzea eta artikulu honetan jasotzen diren gorabeherak. Hiru egun igaro aurretik, akta horren kopia ziurtatua bidaliko die Hauteskunde Batzarreko idazkariak Administrazioari eta hautagaiei eta, gainera, aktaren edukia publiko egingo da Ganberaren egoitzan eta webgunean eta zabalkundea segurtatuko duen beste edozein euskarritan jarritako iragarki baten bidez.
4 – Hauteskunde-batzarren erabakien kontra errekurtsoa jarri ahal izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean 15 eguneko epean, erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik. Errekurtsoak ez du prozesua etengo, nola eta Administrazioak ez duen irizten ebazpena ematea funtsezkoa dela prozesuaren aurrerabiderako.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea gehienez 15 egunekoa izango da; epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da errekurtsoa, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 43.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Errekurtsoaren ebazpenak, dela berariazkoa edo ustezkoa, administrazio-bidea amaituko du.
18.– artikulua.– Publizitate instituzionala.
Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialek eta Administrazioak publizitate instituzionala egin ahal izango dute hautagaiak aurkezten laguntzeko eta parte-hartzea sustatzeko hauteskunde-prozesuan zehar, Multzo bakoitzerako hauteskundeak egiteko jarritako eguna baino 24 ordu lehenagora arte.
Epe berean, A) eta C) multzoetako hautagaiek hauteskunde-propaganda egin ahal izango dute.
7. atala
Posta arruntez edo posta elektronikoz botoa ematea
19.– artikulua.– Posta arruntez edo posta elektronikoz botoa ematea.
Botoa postaz eman ahal izango da, baita posta elektronikoz ere, baina orduan Ziurtagiri Elektroniko onartu bat eduki beharko da gailu seguru batean biltegiratuta. Administrazioak garatuko du boto elektroniko bidezko hautapena.
20.– artikulua.– Botoa postaz ematea.
1.– Osoko Bilkurako bokalak Ganberetako hautesleen botoen bidez aukeratzeko, botazio-egunean hauteskunde-mahaira pertsonalki ezingo direla joan botoa ematera aurreikusten dutenek, postaz eman ahal izango dute botoa, hurrengo artikuluetan ezarritako baldintzak eta prozedura kontuan izanda.
2.– Postaz botoa emateko dokumentazioa eta ziurtagiria eskuratu dituen hautesleak, azkenean botoa postaz bidaltzen ez badu eta pertsonalki eman nahi badu, egin ahal izango du dokumentu horiek hauteskunde-mahaian entregatuta. Bestela, pertsonalki eman ahal izango du botoa, postaz bidalitako botoari uko egiteko dokumentua entregatzen badu. Horrela egin ezean, boto presentziala ez zaio hartuko.
Postazko botoari uko egiteko dokumentua, dagokion Ganberak emandako inprimaki normalizatu bat izango da, eta hauteskunde-mahaiak emango dio hautesleari edo haren ordezkariari, hark eskatuta. Dokumentu hori pertsonalki bete eta sinatu beharko da botoa emateko unean.
21.– artikulua.– Postaz botoa emateko eredu normalizatuak.
1.– Postaz botoa emateko eredu normalizatuak Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak baimenduak izango dira, eta pertsonalki eta idatziz eskatu beharko dira Ganberetan eta Ganberak hautesle bakoitzari banaka emango dizkio, haren identitatea egiaztatu ondoren.
2.– Identitatea egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala aurkeztu beharko da, pertsona fisikoak direnean. Ez da fotokopia soilik onartuko, fotokopia kautotua bai, onartuko da.
Pertsona juridikoak direnean, ahaldunari bakarrik entregatuko zaio eskaera-eredu normalizatua, ahaldun dela modu fede-emailean egiaztatu ondoren.
22.– artikulua.– Botoa postaz emateko eskaera aurkeztea eta eskaeran jaso beharreko datuak.
Eskaera idatziz egin beharko da hauteskunde-deia argitaratu eta hurrengo hogei egunen barruan; Ganberako idazkaritzan aurkeztu beharko da edo posta ziurtatu eta urgentez bidali. Eskaeran zehaztuko da:
a) Pertsona fisikoak direnean, identifikazioa egiteko nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo pasaportearena, gida-baimenarena edo egoitza-txartelarena bestela.
Pertsona fisikoek ez badute Espainiako nazionalitaterik, dagokien identitate-agiria aurkeztu beharko dute edo, bestela, pasaportea eta atzerritarren identitate-txartela. Europar Batasuneko estatu batekoak badira, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko kide den estatu batekoak, edota atzerritarren erregimen komunitarioa aplikatzen den estatu batekoak, Atzerritarren Erregistro Zentraleko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Eskaera postaz bidaltzen bada, eskatzailearen identitatea egiaztatzeko dokumentazioak behar bezala konpultsatuta egon beharko du.
b) Pertsona juridikoak direnean, egoitza soziala, ordezkariaren datu pertsonalak a) paragrafoan adierazitako moduan eta sozietatean duen kargua edo harekin lotzen duen harremana, entitatearen identifikazio fiskala eta ordezkaritza behar beste egiaztatzeko dokumentuak 9. artikuluan adierazitako moduan.
c) Botoa zein taldetan eman nahi den eta, hala badagokio, zein kategoriatan. Ez bada zehazten, ulertuko da hauteslea inskribatuta dagoen talde edo kategoria guztietarako eskatzen dela.
23.– artikulua.– Erroldan prebentziozko anotazioa egitea eta dokumentazioa bidaltzea botoa postaz ematea eskatu duenari.
1.– Ganberako idazkariak egiaztatuko du hautesle-erroldako inskripzioa, dagokion ziurtagiria egingo du eta, erroldan anotazioa egin ondoren boto presentziala onar ez dakion, hauteskunde-eguna baino hamar egun lehenago gutxienez, hurrengo apartatuan zehazten den dokumentazioa bidaliko dio eskatzaileari. Dokumentazioa posta ziurtatu eta urgentez bidaliko da horretarako izendatutako helbidera edo, bestela, erroldan jasota dagoenera.
Hauteskunderik egin behar ez bada taldean edo, hala dagokionean, kategorian, horren berri emango zaio eskatzaileari.
2.– Berari dagokion talde eta kategoria bakoitzerako eskatzaileari posta ziurtatuz bidali beharko zaion dokumentazioa honako hau izango da:
– Hauteskunde Batzarreko idazkariari zuzendutako gutun-azal bat, zein hauteskunde-mahaitan entregatu behar den zehaztuko duena.
– Botoa emateko eskubidea duen talde eta kategoria bakoitzerako boto-papera edo paperak, bakoitzaren aurrealdean zein talde eta kategoriari dagokion idatzita.
– Boto-paper bakoitza sartzeko gutun-azal bat, aurrealdean idatzita taldea eta kategoria.
– Hauteskunde-erroldako inskripzioa egiaztatzeko ziurtagiria.
– Dagokion taldean eta kategorian aldarrikatutako hautagaien zerrenda.
– Instrukzio-orri bat, Hauteskunde Batzarreko idazkaritzara eta haren egoitzara posta ziurtatuz bidali behar duen dokumentazioa nola ordenatu behar duen azaltzeko boto-emaileari.
3.– Dokumentazio hori garaiz bidali beharko da, Hauteskunde Batzarrak jaso ahal izan dezan hauteskunde-egunaren bezperako 12:00ak aurretik, ordu horretatik aurrera ez baita onartuko postazko botorik.
Pertsona fisikoak direnean, dokumentazio hori pertsonalki jaso beharko dute, eta pertsona juridikoak direnean, eskaeraren arabera ordezkaritza egiaztatu duenak, bere identitatea egiaztatu ondoren. Kasu bietan dokumentazioa hartu izanaren posta-zerbitzuko agiria sinatu beharko da.
Hauteslea ez baldin badago esandako helbidean dokumentazioa entregatzera joaten direnean, posta-bulegora joan beharko du botoa postaz emateko dokumentazioa jasotzera, bere identitatea egiaztatu ondoren. Hautesleak berak joan beharko du, edo hark baimendutako beste pertsona batek, baina baimen hori egiaztatzeko dokumentuarekin eta hauteslearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopiarekin edo ordezkariarenarekin, pertsona juridikoa bada.
24.– artikulua.– Botoak postaz bidaltzea.
1.– Hautesleak boto-papera sartuko du dagokion taldearen eta kategoriaren izena idatzita duen gutun-azalean. Itxi, eta bigarren gutun-azalean sartuko du, errolda-inskripzioaren ziurtagiriarekin batera, eta bigarren gutun-azal hori bidaliko du posta ziurtatuz dagokion Hauteskunde Batzarreko idazkaritzara, behar besteko aurrerapenez, hauteskunde-bezperako 12:00ak aurretik irits dadin, ordu horretatik aurrera ez baita onartuko postazko botorik.
Boto bakoitza posta-bulegoan ziurtatu behar da, banaka. Dagokion Hauteskunde Batzarrak egiaztatuko du kasu bakoitzean baldintza horiek betetzen direla.
Hautestontzian ez dira sartuko hautesle baten baino gehiagoren postazko botoekin iristen diren gutun-azalak, ezta adierazitako epea igaro ondoren iristen direnak ere.
2.– Hauteskunde Batzarreko idazkariak postaz iritsitako botoak helaraziko dizkie dagozkien hauteskunde-mahaietako Mahaiburuei, hauteskundeak amaitzeko jarritako ordua baino lehen. Horretarako, postazko botoekin iritsitako gutun-azalak beste gutun-azal itxi eta zigilatu batean sartuko dira, eta Mahaiburuei pertsonalki entregatuko zaizkie.
8. atala
Botazio-prozedura
25.– artikulua.– Hauteskunde Mahaiak eratzea.
1.– Hauteskunde Mahai bakoitza hiru lagunek osatuko dute: Mahaiburuak eta bi Bokalek. Hauteskunde Batzarrak izendatuko ditu hauteslekua dagoen herrian egoitza duten hautesleen –baina hautagai ez direnen– artean, zozketa eginez Ganberako Osoko Bilkurak proposatutako zerrenda batean, talde bakoitzeko bi aukeratzeko. Horien ordezkoak ere izendatuko ditu Hauteskunde Batzarrak.
Mahaiburuak Ganberaren laguntza teknikoa eskatu ahal izango du botazioan zehar.
2.– Hauteskunde Batzarrek erabaki ahal izango dute hautesleku bakoitzean Hauteskunde Mahai bat baino gehiago eratzea, egoki deritzotenean hauteskundeak hobeto bideratzeko.
3.– Hauteskunde Mahaia eratutakoan, ezingo da hasi botazioa egiten eraketa-akta idatzi aurretik. Akta horren kopia egingo da, mahaia osatzen dutenek sinatuta, hala eskatzen dutenentzat.
4.– Mahaia osatzen duten kideak presente ez badaude Mahaia eratzen den unean, horien funtzioak beteko dituzte Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak izendatutako funtzionario batek, Mahaiburu gisa, eta Ganberako beste batek, bokal gisa.
26.– artikulua.– Artekariak.
Hautesleek gehienez bi artekari izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Mahai bakoitzeko, botazioak eta boto-kontaketa kontrolatzeko.
27.– artikulua.– Bertan behera uztea.
Botazioak hasi ondoren, ezingo dira bertan behera utzi, ezinbesteko kasuren bat izan ezean, eta beti Hauteskunde Mahaiaren erantzukizunpean. Botazioak bertan behera utziz gero, Mahaiak akta egingo du, Hauteskunde Batzarreko lehendakariari emango dio berehala, eta hark ere berehala jakitera emango dio eskumena duen sailari, berriz botazioak egiteko eguna jar dezan.
28.– artikulua.– Botazioak.
1.– Botazioa sekretua izango da. Mahaiko bokalek hautesle-zerrendetan markatuko dute nork eman duen botoa, inork ere ez dezan bi aldiz eman. Hautesleek Hautestontzian sartuko dute botoa, boto-papera tolestuta eta gutun-azal batean sartuta. Boto-paperean azaltzen diren hautagaiak gehiago badira taldean edo, kasua denean, kategorian, bete behar diren postuak baino, lehenengo izenak bakarrik hartuko dira kontuan. Botoa emateko unean, hautesleak bere nortasuna egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu, edo, ordezkaria bada, ordezkaritza egiaztatzekoak, 9. artikuluan zehaztutakoaren arabera.
2.– Mahaiburuek bakarrik izango dute aginpidea hauteslekuaren barruan ordena mantentzeko eta hautesleen askatasuna segurtatzeko.
Mahaiburuaren aginduak betetzen ez dituzten hautesleak hauteslekutik kanpora bidaliko dira eta botoa emateko eskubidea galduko dute, horrez gain egotz lekiekeen erantzukizunaz gain.
3.– Hauteslekuetan sartu ahal izango dira soil-soilik: hautesleak, hautagaiak eta haien artekariak, hauteskundeetako egintzaren baten fede emateko –betiere hauteskunde-sekretua hautsi gabe–deitutako notarioak, eta Mahaiburuek eskatutako agintaritzako agenteak.
29.– artikulua.– Boto-kontaketa.
1.– Botazioetarako jarritako denbora igarotakoan, Mahaiek botoak kontatuko dituzte: kontaketa publikoa izango da, kontaketaren akta idatziko da, eta Mahaikideek sinatuko dute.
2.– Aktan jasoko da zenbat boto eman diren pertsonalki, zenbat posta arruntez eta posta elektronikoz, zenbat izan diren baliogabeak, zenbat zuriak eta hautagaien zerrenda, lortutako botoen arabera ordenatuta, eta aurkeztu diren erreklamazioak, horrelakorik izan bada.
3.– Erreklamazioak egintzan bertan aurkeztu beharko dira eta idatziz Hauteskunde Mahaien aurrean, eta Mahaiek egintzan bertan eman beharko dute ebazpena. Apelazioa aurkeztu ahal izango da hiru eguneko epean Hauteskunde Batzarraren aurrean, eta hark apelazioa egin eta hurrengo hiru egunen barruan eman beharko du ebazpena.
Hauteskunde Batzarraren ebazpenaren aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean, hamabost eguneko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatuta.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea gehienez 15 egunekoa izango da; epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da errekurtsoa, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 43.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Errekurtsoaren ebazpenak, dela berariazkoa edo ustezkoa, administrazio-bidea amaituko du.
9. atala
Bokalak aldarrikatzea
30.– artikulua.– Emaitzak egiaztatzea eta aldarrikatzea.
1.– Botazioak amaitu eta hurrengo zazpi egunen barruan, Hauteskunde Batzarrak, egintza publikoan, boto-kontaketaren azken emaitza egiaztatu eta aldarrikatuko du, Hauteskunde Mahaiek helarazitako akten arabera. Beste akta bat egingo da, Hauteskunde Batzarreko kideek sinatua, eta bertan jasoko da, talde bakoitzeko edo, hala dagokionean, kategoria bakoitzeko, zenbat izan diren emandako boto guztiak, boto baliogabetuak, boto zuriak, eta hautagai bakoitzak lortutako botoak. Erreklamaziorik izan bada, aktan jasoko dira, halaber, aurkeztutako erreklamazioak eta Hauteskunde Batzarrak emandako ebazpenak.
2.– Osoko Bilkurako A) multzoko bokal hautetsi gisa aldarrikatuko dira boto gehien lortu dituzten hautagaiak, taldeko edo, hala badagokio, kategoriako bokalen kopurua osatu arte. Berdinketarik egonez gero, Ganberako Errolda Publikoan antzinatasun handiena duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi. Era berean, Osoko Bilkurako C) multzoko bokal hautetsi aldarrikatuko dira boto gehien lortu dituzten hautagaiak, tramuko bokalen kopurua osatu arte, horrelakorik badago. Berdinketarik badago, zozketa egingo da.
31.– artikulua.– B) multzoko zerrenda anitz.
Zerrenda bat baino gehiago baldin badago B) multzoko ordezkarientzat, Hauteskunde Batzarrak, A) eta C) multzoetako bokalak karguaz jabetzen direnean, bilera batera deituko ditu B) multzoko ordezkariak hauta ditzaten.
10. atala
Hauteskunde-prozedura amaitzea
32.– artikulua.– Hauteskunde-espedientea bidaltzea eta artxibatzea.
25.– artikuluan adierazitako aktak Ganberako idazkaritza nagusira bidaliko dira, eta han geratuko dira. Akten kopia ziurtatuak egingo dira, hori eskatzen duten hautagaientzat.
Hauteskunde-espedientea Ganberan artxibatuko da eta kopia ziurtatua bidaliko da Administraziora, Osoko Bilkura eratu eta hurrengo hamar egunen barruan.
III. KAPITULUA
OSOKO BILKURA ERATZEA
33.– artikulua.– Karguaz jabetzea.
Hauteskunde Batzarrek hauteskundeen emaitzak aldarrikatu eta hurrengo zortzi egunen barruan, hautetsiek beren karguaren jabetza hartu beharko dute. Horretarako, idazki bat bidaliko dute Ganberako idazkaritza nagusira, kargua espresuki onartzen dutela adierazteko, eta horren berri berehala emango zaio Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
Pertsona fisikoak direnean, pertsonalki egingo dute. Pertsona juridikoek, sozietate zibilek, ondasun-erkidegoek eta nortasun juridikorik gabeko bestelako entitateek, behar besteko ahalordea duen ordezkari baten bidez egingo dute.
Epe horretan karguaz jabetzen ez direnek kargua galduko dute eta haien ordez jarriko da boto gehien izan dituen hurrengo hautagaia edo lehenengo ordezkoa, eta horrela jarraituko da karguak osatu arte; hautetsi berriek ere aurreko prozedura bete beharko dute.
Osoko Bilkurako A) eta C) multzoetako bokal guztiak osatzen ez badira, zozketa egingo da kargu hutsak betetzeko. Hauteskunde Batzarrak egingo du zozketa, 17. artikuluko 2. paragrafoan zehaztutako moduan.
34.– artikulua.– Osoko Bilkura eratzea eta Lehendakaria eta Batzorde Betearazlea aukeratzea.
1.– Ganberako idazkari nagusiak egingo die Osoko Bilkura eratzeko bilerarako deia bokal hautetsiei, Administrazioak esandako egunean eta orduan biltzeko; bokal-izaera justifikatzeko kredentziala emango zaie eta Osoko Bilkura eratutzat emango da.
2.– Osoko Bilkura eratutakoan, izenezko botazio sekretua egingo da bokalen artean Lehendakaria eta Batzorde Betearazlea aukeratzeko.
Horretarako, Hauteskunde Mahai bat eratuko da, bokal zaharrenak eta gazteenak eta Administrazioak aukeratutako ordezkariak osatua; azkeneko horrek jardungo du Mahaiburu.
Ganberako idazkariak egingo ditu idazkari-lanak.
Bilkurari hasiera eman ondoren, hautagaiak proposatzeko txandari ekingo zaio, eta horiei buruz egingo da botazioa. Gehiengo soilez egingo da hautaketa. Lehendakaritzarako hautagai bakoitzak zerrenda bakar bat aurkeztuko du Batzorde Betearazleko kargu eta bokal guztien izenekin. Botazio horretan berdinketa gertatzen bada bi hautagai edo gehiagoren artean, zozketara jo aurretik, beste bi botazio egingo dira. Botazioak egin baino 24 ordu lehenago gutxienez aurkeztu eta publiko egin beharko dira hautagaitzak.
3.– Hauteskunde Mahaiak botoak kontatuko ditu eta emaitza ezagutzera emango dio Osoko Bilkurari, eta hauteskunde-egintzarekin egon litekeen edozein desadostasun azaltzeko aukera dagoela adieraziko du. Akta berehala idatziko da eta bertan jasoko dira hauteskunde-egintzan izandako gorabeherak, botazioen emaitza eta aurkeztutako erreklamazioak. Mahaiburuak aktaren kopia ziurtatu bat bidaliko dio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, planteatzen zaizkion gorabeherei buruz ebatz dezan, interesdunei entzunda.
Gorabeherak ebatzi ondoren, gorabeherarik izan bada, Administrazioak agindu ahal izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Batzorde Betearazleko eta Osoko Bilkurako kideen izendapena.
35.– artikulua.– Jarduneko Gobernu Organoak. Kudeaketa Batzordea. Hauteskunde berrietarako deia.
1.– Ganberetako gobernu-organoek beren egitekoak burutzen jarraituko dute Osoko Bilkura berria eratu arte edo, bestela, Kudeaketa Batzordea izendatu arte.
2.– Osoko Bilkura berria balioz eratzea ezinezkoa bada, Administrazioak Kudeaketa Batzorde bat izendatuko du, Ganberak funtzionatzen jarrai dezan. Batzordeak hiru hilabeteko epean lortzen ez badu Osoko Bilkura berria eratzea, beste hauteskunde baterako deia egitea eskatuko dio Administrazioari.
3.– Batzordearen funtzioak mugatuak izango dira, korporazioaren ohiko funtzionamendurako behar-beharrezkoak diren kudeaketa, administrazio eta ordezkaritzako lanak bakarrik egingo dituzte, eta ez dute konprometituko hautatzekoak diren gobernu-organo berrien jarduera.
IV. KAPITULUA
OSOKO BILKURAKO KARGU HUTSAK
36.– artikulua.– Kargu hutsak.
1.– Osoko Bilkurako bokal izateari uzteko arrazoi izango dira:
a) Ebazpen administratibo edo judizial irmo batek hautapena deuseztatzea.
b) Heriotza edo ezgaitasuna –erabaki judizial irmo baten bidez deklaratua– pertsona fisikoa bada, edo desegitea, pertsona juridikoa bada.
c) Hautatua izateko bete behar diren baldintzetakoren bat gerora galtzea.
d) Karguari uko egitea, Ganberako idazkari nagusiari idatziz adierazita.
e) Osoko Bilkuraren elkarren segidako hiru saiotara, edo urte naturalaren barruan elkarren segidakoak ez diren lau saiotara, huts egitea justifikaziorik gabe.
f) Agintaldia amaitzea.
g) Borondatezko kuota ez ordaintzea C) multzoko bokalak direnean.
h) Legezko debeku batek desgaikuntza ezartzea.
i) Dagokion Ganberak onartutako Kode Etikoa ez betetzea.
Aurreko a), b), d), f) eta h) letretan ezarritako kausa horien eragina automatikoa izango da, baina Osoko Bilkuran berariaz erabaki beharko da Osoko Bilkurako kide izateari utzi diotela, kausa eragilea gertatu ondoren egiten den lehenengo bilkuran, c), e), g) eta i) letretan zehaztutako kasuak direnean, interesdunari edo, hala dagokionean, ordezkatzen duen enpresari entzunda. Erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik kontatuta.
Pertsona juridiko baten ordezkariak Osoko Bilkurako bokal izateari uzten badio d) eta e) letretan zehaztutako kausengatik, beste ordezkari bat izendatzeko aukera emango zaio enpresari, eta kasu horretan kargua ez da hutsik geratuko.
2.– Osoko Bilkurako A) eta C) multzoetan karguren bat hutsik gertatzen denean, dagokion talde, kategoria edo tramuan hauteskundeetan boto gehien lortu zuen hurrengo hautagaiak beteko du zuzenean.
Boto gehien lortu zituzten hautagaiek ez badute kargua onartzen, edo beste hautagairik ez badago, Osoko Bilkurak zozketa egingo du taldea, kategoria edo tramua osatzen duten hautesleen artean, kargu hutsa beteko duena eta ordezko bi gehiago aukeratzeko. Aukeratutako pertsonak kargua beteko du, ordezten duen hari agintaldia betetzeko falta zitzaion denboran.
Aurreko paragrafoetan zehaztutako bi prozeduretako edozeinen bidez kargua betetzeko hautagai izateko, 11. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira Ganberako Osoko Bilkurak kargua hutsik dagoela deklaratzen duen egunean.
Hutsik geratu den kargua Osoko Bilkurako B) multzoko bokal batena bada, enpresa-erakundeek bost eguneko epea izango dute beste pertsona bat proposatzeko, Ganberako idazkari nagusiaren jakinarazpena jasotzen dutenetik.
Kargua hutsik geratu bada bokalak utzi egin diolako ordezkatzen duen pertsona juridikoaren ordezkari izateari, ez da beharrezkoa izango talde edo kategoria horretan beste bat aukeratzea; enpresak erabakiko du nor izango den bokal berria. Erregela hori ez da aplikatuko Lehendakaria edo Batzorde Betearazleko kideren bat bada.
3.– Pertsona juridikoen fusio, xurgapen edo eraldaketaren ondorioz ondorengotza unibertsala gertatzen denean, ondorengotza hartzen duen pertsona juridikoa bilakatuko da Osoko Bilkurako kide.
4.– Lehendakariaren eta Batzorde Betearazleko gainerako kideen agintaldia Osoko Bilkuraren berdina izango da. Hala ere, agintaldia amaitu aurretik utziko diote karguari:
a) Osoko Bilkurako bokal izateari uzten badiote.
b) Osoko Bilkurak hala erabakitzen badu, bokalen bi herenen adostasunarekin.
c) Karguari uko egiten badiote, baina Osoko Bilkurako kide izateari utzi gabe.
d) Batzorde Betearazlearen elkarren segidako hiru bileratara joaten ez badira justifikazio gabe.
Kargu hutsa Osoko Bilkurak beteko du, hutsik geratu eta hurrengo hamabost egunen barruan, horretarako berariaz deitutako bileran, arau honetan ezarritako moduan. Lehendakariaren edo Batzorde Betearazleko kide baten kargua hutsik gelditu bada Osoko Bilkurako bokal izateari utzi diolako, lehenik Osoko Bilkurako bokalaren kargua beteko da, arau honetan ezarritako moduan, eta, gero, Lehendakariaren edo Batzorde Betearazleko kidearen kargu hutsa beteko da.
Aukeratutako pertsonak kargua beteko du, ordezten duen hari agintaldia betetzeko falta zitzaion denboran.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.