EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015123

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 8koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa jauregia monumentu-multzoaren kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Xedapenaren data: 2015-06-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201502939
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa jauregiak historia aldetik duen interesa ikusita, eta Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa jauregia monumentu-multzo kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun izendatzeko espedientearen izapidea sustatzea, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den mugaketa, II. eranskinak jasotzen duen deskribapena eta III. eranskineko babes-araudia aintzat hartuta.
Espediente honi hasiera ematearen ondorioz, uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidea aplikatuko zaio, behin-behinean, Abaroa jauregiari.
Bigarrena.– Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa jauregia monumentu-multzo kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasun izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Lekeitioko udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura sailei jakinaraztea jada abiarazitako prozedura honen izapidea egiteak eten egiten dituela eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenak, baita dagoeneko eman direnen ondorioak ere. Lursail horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezkeen lanak egin behar badira, betiere Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.
Laugarrena.– Espedientearen izapidetzearekin jarraitzea indarreko xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpenaren berri ematea Lekeitioko udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura sailei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak jakin dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 8a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketaren deskribapena.
Eraikuntza-unitatea osatzen duten jauregia eta hari atxikitako lursaila sartzen dira mugaketan. Lursail horretan, batetik, biribilgunea eta zaintzailearen etxea daude, eta, bestetik, Piedadeko (Aitta Piela) baseliza eta baselizarako sarbide den kale-zatia. Era berean, hor sartzen dira jauregiaren lorategia eta mugaketa horren barruan dauden 100 cm-ko enborra edo handiagoa duten zuhaitzak.
Beraz, mugaketaren azalerak honako mugak ditu: iparraldean, ekialdean eta mendebaldean, lursaila inguratzen duten kaleak, eta, hegoaldean, Piedadeko (Aitta Piela) baselizarako sarbide-kalea eta baseliza bera.
Mugaketaren justifikazioa.
Abaroa jauregia eta haren ingurua hartzen dituen monumentu-multzoaren kultura- eta ingurumen-balioak babestu beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa.
Gaur egungo lursaila eta horren alboan hegoalderantz dagoen lekua babestea da mugaketaren helburua, betiere hirigune historikoko monumentu-multzoaren ondoan kokatuta dagoen multzo horren izaera propioari babesa eta balioa emateko.
Beraz, ezarritako mugaketak eraikuntza bera bakarrik ez, baita erantsitako planoan mugatuta agertzen den aldameneko eremua ere hartzen du, non kokatzen baitira eraikuntza-multzoa, hari atxikitako lursaila eta baselizara sartzeko kalea.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Abaroa Jauregia.
Puntu kardinaletara begirako eraikin koadrangularra da, arbelezko txapitula estalkidun sabaia duena. Zerbitzu-solairua, goiko hiru solairu eta estalkipeko solairua ditu.
Alfred Feinek egina da eraikina. Alfred Feine frantses eklektizismoko arkitekto ezaguna da eta bere ibilbidearen azken urteetan egin zuen jauregiaren proiektua. Planoak 1891. urtean izenpetu zituen eta planootan ezarritako antolaketa espaziala aldaketa gutxirekin gorde da. Dena dela, ez da ezer gorde jatorrizko altzarietatik, ez eta eraikinak hormetan zituen estalki eta tapizetatik ere.
Fatxada nagusiaren altxaera hierarkizatutako bost hutsarte-ardatzen bidez antolatua dago, erdiko ardatza apur bat aurreratua delarik. Bertan kokatua dago sarrerako ate handia, zerbitzu-solairuaren eta sarrera-solairuaren arteko erdiko altueran. Erdiko ardatzak bertikalean jarraitzen du harrizko balkoi baterako irispide batekin. Irispide horrek erdian txarro bat duen frontoi triangeluar, zatitu eta kiribilduaz koroatutako burualde zuzena du. Hutsune horren gainetik, bi hutsarteak zirkulu erdiko bi arkutxoren bidez ixten dituen leiho geminatuarekin jarraitzen du ardatzak. Hori guztia harriz eginda dago eta zutarri atxikiak eta harrizko kapitelak ditu alboan.
Fatxada horren beste hutsarteak eta izkinak ere zutarri atxikiz eta harrizko kapitelez inguratuta daude. Hutsarte guztiak balkoi erakoak eta irtenxeak dira. Sarrera-solairukoak giltzarri nabarmendun arku deprimitu lerrozuzen baten pean irekita daude. Gainerako solairuetan burualde zuzenekoak dira.
Erdiko ardatza frontoi triangeluar batek osatzen du, non argizulo batek zulatutako arbelezko ganga irteten baita. Erdiko ganga horren alboetan, eraikinaren estalkiak bi txapitula ditu. Frontoi zatituaren izkinetan, estalki guztia inguratzen duen harrizko baranda dago.
Ekialdeko albo-fatxadak hiru hutsarte-ardatz ditu, zutabe atxikiez inguratuak, eta erdiko ardatza pixka bat aurreratua dutela, zein friso oso apaindua duen frontoi lerromakur batek osatzen baitu. Fatxada horrek, lehen solairuan, erdiko balkoi bat du, toskaniar ordenako bi zutabe dotoreren artean. Solairu horretako alboko hutsarteak, bestalde, bi arku deprimitu zabalen pean kokatuta daude. Gainerako hutsarteak zirrimarratuak eta burudunak dira, eta zutabe atxikiz inguratuta daude. Estalkiak fatxadaren hiru ardatzak osatzen dituzten hiru txapitula ditu.
Mendebaldeko albo-fatxadak aurrekoaren osaera bera du, baina erdiko balkoirik gabe.
Egoitza-egitarauaren garapena funtsezko bi alderdik baldintzatzen dute, jabearen eta zerbitzuaren ibileren banaketa zorrotzak eta funtzio ezberdinen goitik beherako antolaketak.
Feine arkitektoak, jabeen eta zerbitzuaren ibilerek talkarik ez egiteko, hiru eskailera ezarri zituen: bi zerbitzukoak –batak solairu guztiak zeharkatzen ditu erdisototik teilatuperaino, eta bestea erdisototik beheko solairura doa– eta nagusia –beheko solairutik hirugarren solairura igotzen dena–. Nagusiak eta erdisotoko bigarrenak egurrezko egitura dute eta zerbitzukoak beltzez margotutako burdinurtuzko baranda eta egurrezko zangoak ditu.
Egitarauaren funtzioak bost mailatan antolatuta daude.
Erdisotoan, etxea atontzeko instalazioak zeuden: sukaldea, lisatokia, etxeko arropategia, ikaztegia, jakitegia, egurtegia, edaritegia, berokuntza-gela, plater-jasogailua (kendua), komuna eta bainugela. Gune guztiak gorde dira, baina funtzio ezberdinarekin; sukaldeak eta berokuntza-gelak bakarrik mantentzen dute euren funtzioa.
Beheko solairua eremu publiko irudikatzailea izateko burutu zen; eremu horrek komuna (jatorrizko egoeran gorde dena), plater-jasogailua (kendua), egongela, jantokia, billar-aretoa, liburutegia eta bi egongela (bat txikia eta bestea itxarotekoa) dituen erdiko atartea, eta sarrerako halla ditu. Atarteak eskailera nagusirako sarrera ixten duen egurrezko aurrealdea du. Gela guztiek gorde ez diren tximiniak zituzten. Egongela txikietara bidea irekitzen zuten eta atartearen aldeetan kokatuta zeuden bi altzariak desagertu egin dira.
Jabeen logelak (bost lehen solairuan eta sei bigarrenean), bainugelak (denak desagertuak) eta bigarren solairuan kokatua dagoen kapera daude lehen eta bigarren solairuetan. Fatxada nagusian kokatuta dauden geletara eta zerbitzuko eskailerara sarrera zuzena eskaintzen duen erdiko atartearen bidez antolatuta daude solairuok. Gela guztiek zituzten tximiniak; horietatik lehen solairuan dagoen bat bakarrik gorde da.
Zerbitzukoen gelak, sei denera, teilatupean zeuden, eta zerbitzuko eskaileratik bakarrik igo zitekeen bertara. Eraikinaren ebaketa-planoak kaperaren eremuaren gaineko argizuloaren kokapena jasotzen du.
Erabilitako materialei dagokienez, nabarmentzekoa da kareharri grisa, kanpoko eskailera, beheko solairuko harlandu-lan ildokatua, lehen eta bigarren solairuko balkoiak, eraikinaren eskantzuak, fatxadetan sartutako zutarri atxikiak, estalkiaren kiribildura guztia eta errematea emateko balkoi perimetrala estereotomia egokiz egiteko erabilia. Fatxadako elementu batzuk, balkoietako barandetako balustrak eta ekialdeko fatxadako zutabeak, besteak beste, Ereñoko marmol gorriz eginda daude. Azken bi solairuetan fatxadek harlangaitz errebokatu eta margotuz egindako tarte bertikalak dituzte.
Estalkia osatzeko materialak arbela eta zinkezko (jatorrian berunezko) xafla dira.
Barrenean, bi jabe ezberdinek egindako aldaketak izan arren, eraikinak Feine arkitektoak asmatutako hasierako banaketa fideltasun handiz gorde du, gorde diren planoen azterketa eginez egiazta daitekeen bezala.
Bestalde, barreneko apainketan, arkitektura-diseinuari zor zaion dotorezia mantendu da, atartean, kaperan eta eskailera nagusiko kasetoiduran, hasieran bezala gorde diren guneetan ikus daitekeen legez.
Abaroaren botere ekonomikoa erakutsi nahi den sarreragunea da atartea. Kalitate handiko eta margo ikusgarrizko –kolore ezberdineko marmolak, eskaiolak eta estukoak– materialekin egindako apainketa zainduari esker eta barrenean solairu t’erdiko garaiera-aldea duen monumentu-eskailera eraikiz lortu da hori. Garaiera-aldea atartearen eszenografia-efektua indartzen duen eskailera-zatiarekin konpontzen da.
Etxe-bizitza burgesaren egituraren osagai bereizgarria da kapera eta, kasu honetan, fatxada nagusiaren antolaketaren barrenean erdiko lekuan kokatua dago. Apainketa oso landua du: diseinu eklektikodun eskaiolak sabaietan, egurrezko panelak zokaloetan eta kromatismo ikusgarriko beirateak leihoetan eta sarrerako atean.
Abaroa etxearen barreneko giroan, familia burges bakarreko egoitza handia denez, garrantzitsuak dira egur-lanaren kalitatea eta noblezia, hutsarteen, zoruen, zokaloen, sarrera-ateen, armairuen, eta eskailera nagusiaren eta eskailera irudikatzailearen kasetoiduraren arotz-lanean agertzen direnak.
Erdizka bada ere, jantokiaren diseinua ere gorde da, sabaiaren egurrezko kasetoiduran, itsas-zalditxo itxurako leihoen heldulekutan eta jatorrizko berokuntzaren saretxo batzuetan egiazta daitekeen bezala. Diseinu arruntagokoak izan arren, eremu publiko eta pribatuko geletan jatorrizko heldulekuak ere gorde dira.
Eskaiolak marrazki soilekoak dira, bai eremu partekatuan, bai gauekoan, gehiegi apainduak dauden argi-sabaietan izan ezik.
Lorategia eta eraikin atxikiak.
Jauregiaren inguruak eta horko zuhaitzen eta haien arteko eremuak osatzen dute Abaroa Jauregiaren lorategia; eraikuntza nagusira atxikita egon arren, ondoko hiri-inguruarekin lotura duen malda-guneko lorategi-eremua osatzen du. Jauregiaren inguruko sarrera bera da lorategiko sarrera, zeinak ibilgailuentzako sarbidearen ondoan oinezkoentzako beste sarbide bat baitu. Bi sarbideok itxituraren erremate horizontala osatzen duten harlanduzko zatiak eta ibilgailuentzako sarbidea inguratzen duten bi zutabetzarrak kokatzen diren eraikuntza sendoko harlanduzko hormaz mugatuta daude.
Harriaren gainean, ixteko burdin-hesiak diseinu eklektiko egokia du.
Lorategiaren elementu bereizle eta monumentu-multzoari dotorezia handiagoa ematen laguntzen duten bi eraikuntza gorde dira lorategian: glorieta edo te-gunea, alde batetik, eta bestetik, erremate-dorreak eta zaintzailearen etxeak osatzen duten multzoa. Bi horiek lorategiaren itxitura-hormaren ipar-ekialdeko erpinean kokatuta daude. Glorieta, berriz, mugatutako eremuaren ipar-mendebaleko erpinean kokatua dago; horren sototik abiatzen da tunela, alboko kalearen beste aldean kokatua dagoen lursaila eta Abaroa jauregiaren lorategia lotzen zituena. Gaur egun, tunela itxita dago.
Lorategiaren plano antolatzaileari dagokionez, eta urteetan zehar izan dituen aldaketak gorabehera, neurri handi batean antzeman eta berregin daiteke, lorategian bertan eraikitako eta aipatutako elementuen sarbideak marrazten diren jatorrizko planotik datoz-eta lorategiko ibilbideak.
Babesteko elementuen artean, lorategiko zati dira gaur egun lorategian dauden 100 cm-ko edo gehiagoko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak, baita Piedadeko (Aitta Piela) baselizaren kalea zabaltzeko itxitura-horma lekuz aldatzeagatik lorategitik kanpo geratu dena ere.
Piedadeko (Aitta Piela) baseliza.
Eraikuntza bakartua, harrizko hormaz eraikia, oinplano laukizuzenekoa, hiru isurialdeko estalkiduna, begi bakarreko erdiko kanpandorrea duena fatxada nagusiaren bertikalaren gailurrean. Eliz-ataria fatxada horren aurreko hegalaren luzapena da, non miru-buztan itxura duen kantoi ebaki bat ezarri baita. Hegal hori, bestalde, kiribildura eta lerro-apainketaz josita dago.
Hutsarte zabal bat du fatxadak, zirkulu erdiko arku batek azkentzen duena. Arkuaren hasieraren garaieran inposta-lerro leun bat dago fatxadan zehar. Kareharri grisezko harlanduz egina da fatxada, zein friso leuna duen frontoi triangeluar batek azkentzen baitu. Gainerako fatxadak eraikuntza sendoko harri-hormak dituzte.
Hegoaldeko horman, baselizaren burualdearen garaieran, hutsarte burudun eta txaranbeldua du eraikuntzak.
Barrena hareharrizko gurutze-ganga bakunaren bi zatik eta erdiko arku apalduak estaltzen duten eremua da. Baselizak burualdean erretaula neoklasikoa eta eccehomoa irudikatzen duen egur-tailu polikromatu hispanoflamenkoa ditu.
Aurrealdean, zizelkatze barrokodun egur-sarea nabarmentzen da.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes-araubidearen xedea.
Babes-araudi hau Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera idazten da, Abaroa jauregiak, haren lorategiak eta eraikin atxikiak osatzen duten monumentu-multzoa sailkatutako kultura-ondasun izendatzeko, Piedadeko (Aitta Piela) baseliza izendapen horren barnean hartuta.
Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan xedatutakoaren arabera, garrantzi handia dute Abaroa jauregiak, lorategiak, glorieta edo te-guneak eta zaintzailearen etxeak eta erremate-dorreak osatzen duten multzoak.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua
Ondoren zehazten den babes-araubidea sailkatutako kultura-ondasunari aplikatuko zaio, I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera, hurrenez hurren.
3. artikulua.– Bereziki babestu behar diren ondasunak zehaztea.
Sailkatutako kultura-ondasun izendatutako multzoan babes berezia behar duten elementuak honako hauek dira:
A) Abaroa Jauregiari dagokionez:
– Eraikin nagusiaren bolumetria, fatxaden osaera, hormen, egituraren eta estalkiaren osaera, eta eraikin nagusiaren antolaketa espaziala eta tipologikoa. Horiei guztiei dagokienez, proiektuko jatorrizko planoetan behar bezala jasotako konponketak eta berreraikuntzak bakarrik onartuko dira.
– Barruko eta kanpoko fatxadak, haien neurriak, proportzioak, formak eta ehundurak, zokaloak, balkoiak eta erlaitzak barne, bai eta hutsarteak ixteko elementuak ere.
– Gainazaleko akaberak eta barruko guneen jatorrizko dekorazioa, zoruari, hormei eta sabaiei dagokienez.
B) Lorategiari eta eraikin atxikiei dagokienez:
– Lorategia, burdin sarez itxitako perimetroa barne hartuta. Babesteko elementuen artean, lorategiko zati dira gaur egun lorategian dauden 100 cm-ko edo gehiagoko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak, baita Piedadeko (Aitta Piela) baselizaren kalea zabaltzeko itxitura-horma lekuz aldatzeagatik lorategitik kanpo geratu dena ere.
– Glorieta eta te-gunea, bai eta zaintzailearen etxeak eta erremate-dorreak osatzen duten multzoa ere.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide honetako aginduak lotesleak dira, eta arau horiek errespetatuz zaindu beharko da monumentu-multzoa. Era berean, araubide honetako aginduek hirigintza-plangintzako tresnak lotzen ditu eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 28.1 artikuluak ezartzen duen moduan. Aipatu arau hori betetzeko, babes-araubide hau duen eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintza onartu aurretik, nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzan kultura-eskumena duen sailak emandako aldeko txostena eskuratzea.
5. artikulua.– Agindu orokorrak.
1.– Babes-araubide honek babesten dituen ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
2.– Babes-araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 199. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
3.– Ondasunak osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA
ERABILERAK
6. Artikulua.– Baimendutako erabilerak.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako erabilera hauek baino ez dira baimenduko: eraikinen ezaugarrietara egokitzen direnak eta higiezinak modu egokian zaintzen uzten dituztenak, eta, horrekin batera, babes-araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren elementuetarako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.
2.– Debekatuta daude aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.
7. artikulua.– Arloko arauetara egokitzea, esaterako, irisgarritasunaren legera, eraikingintzarako oinarrizko arauetara, instalazioetarako erregelamenduetara, jarraibide tekniko osagarrietara eta abar.
Edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasun babestuen gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, indarrean dagoen gaiari buruzko arloko araudiaren irizpideei jarraitu beharko zaie, babes-araubide honen III. kapituluan eraikinentzako ezarritako mugak kontuan izanda.
III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku-hartzeko proiektuak.
Babes-araubide hau duten ondasunetan inolako esku-hartzerik egin baino lehen, dagokien esku-hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek honako eduki hau izan beharko du:
a) Eraikinaren egungo egoeraren gaineko dokumentu grafikoa, 1/50 eskalan egina solairuetarako, fatxadetarako eta sekzioetarako, 1/20 eskalako xehetasun arkitektonikoekin; argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar. Bereziki jaso beharko da egitura- eta eraikitze-sistemaren berri, zehaztasun osoz, neurriak eta akotazioak adieraziz.
b) Honako hauek deskribatuko dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak burutzeko faseak eta lehen aipatu eskaletan proiektatutako azken egoera.
c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa eta hainbat elementu babesteko aurreikusi diren neurriak.
d) Egin beharreko lanak eta erabili beharreko teknikak zehazten dituen idatzizko dokumentazioa. Gainera, erabili beharreko materialen kalitatea, material horien egokitasun eta egonkortasuna eta beste osagaiekin duten elkarreragina adierazi beharko da.
e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak zehaztea.
f) Esku-hartzearen aurrekontua, barne hartuko dituena esku-hartze hori babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera egiteko behar diren teknika eta bitarteko guztiak.
Proiektuen dokumentazioa obrek edo esku-hartzeek eragindako eraikin-zatiari buruzkoa izango da.
9. artikulua.– Debekatuta dauden jarduketak.
Eraikinetan egin daitezkeen esku-hartzeak mugatzearen helburua haien balio historiko arkitektonikoak babestea da. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko elementuen ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egingo dira, babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako elementu horiek ematen baitiote balioa ondasunei.
Oro har, ezin izango dira egin segidan aipatzen diren esku-hartzeak, ezta elizaren balio historiko-arkitektonikoei kalte egin diezaieketenak eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen kontra doazenak ere. Ildo horretatik, esanbidez baimenik gabeko jarduketatzat hartuko dira honako hauek:
1.– Bolumen-aldaketak, proiektuaren jatorrizko planoetan behar bezala jasotako doikuntzak edo berreraikuntzak izan ezik.
2.– Eraikin nagusiari erantsitako eraikin berri bat egiteak dakarren azalera-aldaketa.
3.– Barruko zein kanpoko fatxadak aldatzea, bai eta horien elementuak, tratamendua, fatxadaren jatorrizko kokagunea eta hutsune-kopurua ere; gainera, hutsune horien tamaina eta proportzioa mantendu beharko dira.
4.– Estalkiaren jatorrizko kokapenaren aldaketak, esaterako jasodurak, aldapa-aldaketak, isurki triangeluarren kokapena eta kopurua, jatorrizko proiektuaren planoetan jasota daudenak izan ezik.
5.– Jauregiaren barrualdearen aldaketak, haren antolaketa tipologikoari, bolumetriari edo solairuetan banatzeari dagokienez. Apainketako elementu arkitektoniko jatorrizkoak agerian egon behar dira beti.
6.– Eraikinaren egiturazko antolaketa eta horren eraikuntzako konponbideak aldatzea.
7.– Jauregiaren eraikin nagusiaren ikuspegia murriztu dezaketen ingurumariko esku-hartzeak.
8.– Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aipatzen ez diren esku-hartze guztiak, babes berezia duten elementuen gainean egin beharrekoak.
2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
10. artikulua.– Esku hartzeko araubide espezifikoa.
1.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan higiezinen babes bereziko modura aipatutako elementuetan, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikoari begira ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– Eraikinari erabilera berri bat ematen bazaio, ahalik eta egokitze-lan gutxien egingo da; hau da, mantentze-lanak bakarrik egingo dira.
3.– Baimendutako lanak burutzerakoan, honako baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:
a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpoko egitura edo jatorrizko elementuen osaketa modu berreskuraezinean alda ditzakeen garbiketa-tratamendurik. Garbitzeari ekin aurretik eta materialen konposizioa aztertu ondoren, babestu egingo dira elementu ahulenak eta estali egingo dira juntak eta arrakalak.
b) Hormak egoera txarrean badaude, horiek nola sendotu aztertuko da, erabil daitezkeen teknika guztiak aintzat hartuta. Hormen zatiak desmuntatzea edo berreraikitzea saihestuko da, non eta horiek ez diren aukera bakarrak.
c) Instalazioak: instalazioaren eroanbideak bertara erraz iristeko moduan egingo dira, eta paramentuen osaera orokorrean ondo txertatuko dira, oso nabarmen geratu gabe. Ez da onartuko, inolaz ere, karga-hormen sisteman egindako jarduketarik.
d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko zaharberritzeko esku hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna eraberritzeko egin beharreko lanak, teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai direla egiaztatzen duten enpresa espezializatuei emango zaizkie.
11. artikulua.– Baimendutako eraikitze-jarduketatk.
Honako esku-hartzeak egiteko baimena emango da. Beti ere, eraikinen elementu tipologikoak eta formalak errespetatuko dituzte.
1.– Arkitektura-espazioa zaharberritzea eta aldatutako zatiak leheneratzea, honako hauen bitartez:
– Barruko eta kanpoko fatxaden zaharberritzea, ahal dela jatorrizko hutsarteak errekuperatuz.
– Jatorrizko arotzeriako, fatxadako baoetako, beirateetako, dekorazioetako eta abarretako edozein elementu edo bestelako elementu interesgarriak zaharberritzea edo, hala dagokionean, material eta diseinu berdineko elementu berriak jartzea horien ordez, betiere jatorrizko itxura berreskuratzea ahalbidetzen badute.
– 3. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuetako barne-espazioak zaharberritzea.
– 3. artikuluan aipatutako elementuen jatorrizko banaketa eta leku-antolaketa gorde edo lehengoratzea.
2.– Sendotzea, berreskura ezin daitezkeen zatiak aldatuta, kanpoko eta barruko sostengu-hormen, harroinen, mentsulen, forjatuen, gangen eta eskaileren kokapena edo kota aldatu gabe. Estalkiaren gaineko jarduketak jatorrizko estalki-materiala erabiliz egingo dira.
3.– Kalte egiten duten gehigarriak kentzea, eta interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak desegitea.
4.– Behar-beharrezkoak diren instalazioak jartzea, betiere babes-araubide honetako gainerako manu guztiak errespetatuz.
5.– Hondatuta dagoen beste akabera-elementuren bat konpontzea helburu duten lanak egitea, betiere balio estilistikoa ematen dioten elementuak bere horretan uzten badira.
6.– Honako barruko lan hauek: entokatua eta pintura; zoladurak egin eta konpontzea, zurgintzako barne-lanak, instalazioen konponketa, betiere ez badira babes-araubide honen aukakoak.
12. artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Aurreko artikuluak esandakoa betez, babestutako ondasuna hondatuta badago, honako lanak eta leheneratzeak onartzen dira:
1.– fatxaden osaerako zein egiturako zati amaitugabeak berrezartze zehatzak, eraikina osatzera bideratutakoak, betiere agiri bidez egiaztatutako zatiak badira eta analogia zuzenaren arabera egiten badira, jatorrizko harrizko material bera erabiliz, ezaugarriei, kalitateari eta koloreari dagokienez.
2.– Puskatu edo galdu diren gainestaldura-elementuen dekorazioa berriro osatzea, lehen begiratuan bereizten diren teknika bidez galdutako zatiak berrezarrita edo jatorrizko zatiekin lotzen diren maila ezberdineko zona neutroak jarrita edo jatorrizko euskarria agerian utzita. Benetakotasun-printzipioari betetzeko, ezingo dira «ex novo» berrezarri desagertutako dekorazio-guneak, ezta babestutako eraikinaren dekorazioan erabakigarriak diren elementu berriak sartu ere.