EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2015122

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 29koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena. Honen bidez, argitara ematen da merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programan ezarritako diru-laguntzak 2015eko ekitaldian emateko deialdia.

Xedapenaren data: 2015-06-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201502921
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/07/02an argitaratutako 2014/06/25eko AGINDUA [201402957]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2014ko ekainaren 25ean emandako Aginduaren bitartez (2014ko uztailaren 2ko EHAA, 64. zk.), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduak zuzenduta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen diru-laguntzen nondik-norakoak ezartzen dira, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten merkataritza-establezimenduek modernizatzeko inbertsio-proiektuak gara ditzaten.
Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, programan iragarritako laguntzak emateko 2015eko ekitaldiko deialdia egin behar da, eta horretarako eman beharreko arauak eman.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2014ko ekainaren 25ean emandako Aginduaren bitartez (2014ko uztailaren 2ko EHAA, 64. zk.), arautu zen merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa, eta, hain zuzen ere, laguntza horien 2015eko ekitaldiko deialdia egitea da ebazpen honen xedea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deitutako laguntzak finantzatzeko, 3.432.200 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legean hartarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kargura.
Deialdi honi lotuta emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman; beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko baldintzak, lekua eta epea.
1.– Enpresa eskatzaileek, laguntzak eskuratzeko, programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduak zuzendu zuen.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, (agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduak zuzendu zuen) eskabideak eta gainerako agiri osagarriak aurkezteko, bide telematikoak erabili daitezke, edo aurrez aurre aurkeztu Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzan –proiektu non egingo den lurralde historiko hartan–, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan (Zuzenean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan.
Eskabidea eskuratzea eta betetzea honako egoitza elektroniko honen bidez bakarrik egin ahal izango da: http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/mec.html
Eskabidearen edukia eta erantzukizunpeko adierazpenen edukiak eransten dira, herritar oro jakitun izan dadin.
3.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko 09:00etan, eta 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, eguerdiko 12:00etan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 29a.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,
ITZIAR EPALZA URQUIAGA.