EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2015122

AGINDUA, 2015eko ekainaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 11ko Agindua aldatzekoa; aipatutako agindu horren bidez, arautzen da Turismo Enpresen Lehiakortasuna hobetu eta modernizatzeko laguntza programa.

Xedapenaren data: 2015-06-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201502916
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/06/18an argitaratutako 2014/06/11ko AGINDUA aldatzen du [201402678]
  • 2014/06/25ean argitaratutako 2014/06/18ko AGINDUA indargabetzen du [201402818]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 11ko Aginduaren bitartez, arautu egiten da turismo-enpresen lehiakortasuna hobetu eta modernizatzeko laguntza-programa.
Turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetu ahal izateko tresnak optimizatzeko, beharrezkotzat jotzen da aipatutako aginduari honako aldaketa hauek egitea:
1.– Sailkapena handitzeko laguntzak hotel-establezimendu guztiei zabaltzen zaizkie.
2.– Turismo-eskaintza Euskadiko turismo-irisgarritasunaren eredura egokitu dadin lagundu beharrean, 2015ean operatiboa izateari utziko baitio, eta ordezten duen eredu berria abian jarri arte, turismo-establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudira egokitu daitezen lagunduko da, eta, zehazki, lagundu egingo dira apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena, indarrean jarri aurretik zabaldutako turismo-establezimenduek irisgarriak izateko egiten dituzten inbertsioak, baldin eta orain arte horren eraginpean egon ez badira baina, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, oinarrizko irisgarritasun-baldintzak bete behar badituzte 2017ko abenduaren 04an.
Horren ondorioz, aldatu egiten dira irisgarritasun-proiektuentzat ezarritako balorazio-irizpideak.
3.– Halaber, lehendik zeudenez gain, diruz lagun daitezkeen ingurumen-ziurtapeneko beste sistema bi gehiago eransten dira: karbono-aztarna eta eraginkortasun energetikoko energia-auditoretza integrala.
4.– Horrez gain, laguntzen ehunekoan % 5eko beste hobari bat ere gehituko da «Berriz Enpresa» izeneko enpresa-eskualdatze programara atxikitako enpresentzat. Eusko Jaurlaritzako Turismo arloko sailak garatu du aipatutako programa Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberen bitartez.
5.– 2014ko deialdian ekimen berritzaileentzat ezarritako balorazio-irizpideak aplikatzean izandako esperientzia ikusita, diruz laguntzeko moduko tipologia edo jarduera-lerro horren barruko azpijarduera bakoitzarentzat berariazko irizpideak ezartzea erabaki dugu.
6.– Hirien Birgaitze, Biziberritze eta Berrikuntzari buruzko 8/2013 Legearen, ekainaren 26koaren, lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa betez (153/2013 BOE, 2013ko ekainaren 27koa), Eraikinen Azterketa Teknikoa (EAT) izeneko txostena aurkeztu beharra izango dute jarduera garatzeko eraikin osoa erabiltzen duten turismo-establezimenduetan azpiegiturak, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna modernizatzeko eta hobetzeko lanak dakartzaten inbertsioak egiteko laguntza-eskabideetan. Euskal Autonomia Erkidegoan eraikinen azterketa teknikoa bi dekretu hauetan dago araututa: azaroaren 21eko 24/2012 Dekretuan (241 zenbakidun EHAA, abenduaren 14koa) eta maiatzaren 20ko 80/204 Dekretuan, aurrekoa aldatzekoan (101 zenbakidun EHAA, 2014ko maiatzaren 30ekoa).
7.– Funtsean turismo-sektorea izaten ari den eraldaketa sakon eta azkarrera egokitu beharra dela eta, laguntzen programa honek aldaketa asko izan ditu; horregatik, laguntzen agindu honen indarraldia 2015eko abenduaren 31ra arte mugatzea proposatzen da, eta arautzeko beste mekanismo batez ordeztea, ekitaldi bakoitzean laguntzen deialdia, arautzeko oinarriak barne, administrazio-egintza berean egin ahal izan dadin.
8.– Antzeko arrazoiak daude arau honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko agindua, Euskadiko turismo-lehiakortasuna bultzatzeko laguntza-programa arautzen duena, indargabetzeko. Halaber, ordezten duen laguntza-programaren deialdia, arautzeko oinarriak barne hartuta, administrazio-egintza berean ere egingo da; izan ere, laguntzak lurraldearen turismo-kudeaketa eredu berrira egokitu beharra dago, horren inplementazio-prozesuarekin bat etorriz, baita turismoko plan eta produktu jakin batzuen babesa dauden garapen-mailaren, aukeraren eta eskariaren arabera lehenetsi ere, eta horrek guztiak arautzeko mekanismo malguagoa eta azken urteotan laguntza-programa hau baldintzatzen ari diren egoera aldakorretara moldatzeko modukoa eskatzen du.
Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 11ko Aginduaren hainbat artikuluri idazketa berria ere eman zaie aplikatzeko orduan egon litezkeen interpretazio-arazoak saihestearren.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da 1. artikuluaren –Xedea– c) paragrafoa, eta hona nola gelditzen den idatzita:
«Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea».
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da 6. artikulua –Laguntzeko moduko jarduerak–, eta hona nola gelditzen den idatzita:
« Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta eskabidea aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuko dira, hain zuzen ere, honako mota honetako inbertsioak:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
Honako ekimen hauek lagunduko dira:
a.1) (IKT) Informazio eta komunikazioko teknologietan oinarritutako soluzioak ezartzea, bai negozioaren kudeaketa eta eragingarritasuna hobetzeko, bai Web 2.0 teknologia erabiliz turismo-produktuak eta/edo -zerbitzuak sustatu, jakinarazi eta merkaturatzeko.
Azpiparagrafo honetan negozioa IKT aplikazio-esparru hauetan hobetzeko irtenbideak ezartzea diruz lagunduko da:
– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea (hala nola hodeiko biltegiratzea, kobrantza eta ordainketa segurua, negozioaren kudeaketa integrala, bezeroarentzako zerbitzuen kudeaketa, erreserben kudeaketa eta eskaera edo enkargu digitalak, eta abar).
– Negozioaren Interneteko agerpena areagotzea (hala nola webguneak eta atari interaktiboa bezeroekin komunikatzeko bidetzat).
– 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea (hala nola negozioa dinamizatzea sare sozialetan; sareko publizitatea eta marketina, bereziki merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuta, hartarako kanal eta atari egokiak erabiliz).
– Produktuak eta/edo zerbitzuak zuzenean merkaturatzea eta saltzea erraztea (sareko merkaturatzea webetik bertatik; denda birtuala, nire online denda.).
a.2) Enpresaren gastua murriztearren, baliabideak (ura, energia) eraginkortasunez erabiltzeko soluzioak ezartzea; era berean, destinoko ingurumen-jasangarritasuna hobetzen delarik.
a.3) Turismo-negozio eredu berriak sortzea, eta jarduera indibidualak zein kolektiboak burutzea (azken kasu horretan gutxienez turismoko azpisektore ezberdinetako hiru enpresaren artean), hain justu ere turismo-produktu eta/edo -zerbitzu berriak sortzea dakartenak; guztiak ere, jadanik merkatuan direnekiko ezberdinak eta/edo osagarriak.
Negozio-eredu berriak agindu honen 4.1 artikuluan jasotako enpresen tipologian sartu beharko dira.
Gutxienez hiru enpresaren baterako ekimenez sortutako proiektuetarako laguntzen eskaerak banan-banan egin beharko ditu alderdi bakoitzak, eta horietako bakoitzak proiektuan parte hartzen duen zatia aurkeztu beharko du. Laguntzen agindu honetan erakunde onuraduntzat har dadin ezarritako baldintzak bete beharko ditu enpresa bakoitzak, banaka.
Azpiparagrafo honetan hauek lagunduko dira: instalazioak egokitzeko lanak, altzariak eta ekipamendua eskuratzea, irtenbide teknologikoak ezartzea, bai eta produktu, zerbitzu eta/edo negozio berriak garatzeko behar diren inbertsioak eta gastuak ere, agindu honen 8. artikuluan zehaztutakoak izan ezik. Kanpo gelditzen dira sortutako turismoko enpresen, produktuen eta/edo zerbitzuen sustapen eta merkaturatzeari datxezkion gastuak, betiere Web 2.0 teknologiaren bitartez egiten ez badira.
Paragrafo honetan gogorarazi behar dugu «bidaia konbinatu» bat –agindu honen 3. artikuluan zehaztuta– osatzen duten turismoko zerbitzuak eta/edo produktuak bidaia-agentzia baten bitartez merkaturatu behar direla eta turismo-produktu horren publizitatean merkaturatzen duen bidaia-agentziaren ENK jakinarazi behar dela, horrelaxe araututa baitago bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 1.2 eta 10 artikuluetan.
a.4) a.1) eta a.2) azpiparagrafoentzat gutxienez 3.000 euroko inbertsioa onartuko da, eta a.3) azpiparagrafoarentzat, berriz, gutxienez 4.000 euroko inbertsioa onartuko da proiektu osorako.
a.5) Interesa duten enpresek «Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogo» bat izango dute eskuragarri web-orri honetan: www.euskadi.net/turismo.
b) Lehiakorrago egiteko, turismo-eskaintza modernizatzea.
Paragrafo horretan inbertsio hauek diruz lagunduko dira:
b.1) Hotel-establezimenduetan sailkapena igotzeko egindako inbertsioek, gutxienez 60.000 euroko inbertsioa badute onartuta.
b.2) Taberna, jatetxe, kafetegi eta tankera horretako establezimenduetan ekintza hauek gauzatzeko eginiko inbertsioek:
– Establezimenduaren intsonorizazioa.
– Makinaria: elikagaiak biltegiratu, maneiatu eta prestatzea.
– Erabiltzaileen erosotasuna: komunen lan integralak; klimatizazioa, eta terrazak egokitzea eta modernizatzea urte osoan turismorako erabiltzeko.
– Establezimendua garbitzea: ekipamendua eskuratzea.
Gutxienez 5.000 euroko inbertsioa onartuko da azpiparagrafo honetarako.
– Lokalen erreforma integralak; horrelakoetan gutxienez 75.000 euroko inbertsioa onartuko da.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko 2000ko abenduaren 12a baino lehenago irekitako turismo-establezimenduek behar dituzten egokitze-lanak zein ekipamenduak eskuratzeko eta ezartzeko lanak lagunduko dira (Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea; Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, eta otsailaren 19ko 173/2010 Dekretua (BOE, 2010/03/11) (DB-SUA9)).
Ikus Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzaren «EAEn irisgarritasunaren alorrean indarrean dagoen araudi teknikoa aplikatzeko gida (2012ko uztaila)».
Obra behar duten inbertsioei dagokienez, turismo-jarduera egiteko eraikin oso bat hartzen duten establezimenduei laguntza emango zaie Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostenean irisgarritasunaren alorrean adierazitako arrazoizko doikuntzetan; aipatutako txostena 241/2012 Dekretua, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duena, maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretuak aldatua (101 zenbakiko EHAA, 2014ko maiatzaren 30ekoa).
d) Turismoko sektorean jardun eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa eta establezimenduetan, ingurumenaren kudeaketa eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea.
Paragrafo honetan biltzen dira turismoko establezimendu eta zerbitzuetan kalitatearen kudeaketarako (ICTE Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Turismo-kalitateko «Q» Marka, ISO 9001:2008) eta ingurumen-kudeaketarako (ISO 14001: 2004, EMAS, karbono-aztarna eta energia-auditoretza integrala) erreferentziazko ereduak txertatuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak lortzeko eta berritzeko laguntzak.
Energia-eraginkortasuneko energia-auditoretza integralei dagokienez, berriz, energia primarioko 100 ptb/ urteko baino gutxiagoko kontsumo energetikoa duten turismo-establezimenduetan egindakoek bakarrik izango dute diru-laguntza. Auditoretza garatzeko jarraitu beharreko metodologia UNE-EN 216501 araura zein haren ondorengo aldaketa edo hobekuntzetara doituko da.
ISO ziurtagiriak ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekin elkarrekiko onespen-akordioa duen enpresa batek eman beharko ditu.
Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko soil-soilik.
– Ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko eta berritzeko kanpo-auditorien gastuak.
– Marka erabiltzeko eskubideen kontzeptuko gastuak.
Ez dira barne sartuko gastu hauek: erakundeko langileek eragindakoak; ziurtapenaren/egiaztapenaren mantentze- edo jarraipen-fasearen gastuak, ezta arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere ez.
Eskabidean erantsitako agiriekin batera agindu honen 8.4 artikuluan ezarritako denbora-tartean betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiri/egiaztagiri egokiak ere aurkeztu beharko dira laguntza jasotzeko.
Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten dira 7. artikuluaren –Laguntzen zenbatekoa– 1 lerrokada, b), d) eta e.3 paragrafoak eta 2 lerrokada, a) paragrafoa; hona nola gelditzen diren idatzita:
«b) paragrafoa; 1 lerrokada. Agindu honen 6.1.a.3) artikuluan turismo-negozio eredu berriak edo turismoko zerbitzuen eta/edo produktuen eskaintza berriak, lehendik daudenak ez bezalakoak eta osagarriak guztiak, sortzeko adierazitako inbertsioei dagokienez, onartutako inbertsio garbiaren % 20 diruz lagundu da, gehienez 18.000 euro proiektuko.
d) paragrafoa; 1 lerrokada. Agindu honen 6.1.c) artikuluan establezimenduak irisgarritasunaren alorreko araudira egokitzeko adierazitako inbertsioei dagokienez, onartutako inbertsio garbiaren % 30 diruz lagunduko dira, gehienez 15.000 euro.
e.3) paragrafoa; 1 lerrokada. Ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko onartutako gastu garbiaren % 45, gehienez 5.500 euro.
a) paragrafoa; 2. lerrokada. Establezimendu baten ardura hartzen duen enpresaburuak «Berriz Enpresa» (www.berrizenpresa.com) izeneko enpresa-eskualdatze programarekin bat egin izana, edo instituzio publiko zein pribatuek antolatutako beste enpresa-eskualdatze programaren batekin. Eusko Jaurlaritzako turismo arloko sailak garatu du aipatutako programa Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberen bitartez.
Enpresa eskualdatzeko beste programaren bat izanez gero, enpresa zein lurralde historikotan dagoen, hango Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak egindako ziurtagiria beharko du. Ziurtagiri horrek jaso behar du negozioaren izen-aldaketa horrek enpresa-eskualdatze izateko baldintzak eta helburuak betetzen dituela.
Laguntza horren portzentajea enpresa eskualdatzeko proiekturako eskaera aurkezten den lehenengo aldian baino ezin izango da handitu».
Laugarren artikulua.– Aldatu egiten dira 8. artikuluaren –Laguntzen baldintzak– 4, 5 eta 7 lerrokadak; hona nola gelditzen diren idatzita:
«4.– Deialdiaren ebazpena indarrean hasten den ekitaldiari dagokion ekitaldian laguntza-eskabidea aurkezteko datara arte, deialdian ekitaldi horretarako ezarritako epearen barruan betiere, amaitutako proiektuetatik gauzatutako inbertsioak onartuko dira, bai eta aurreko ekitaldikoak ere, baldin eta azken horiek gauzatu badituzte aurreko ekitaldi horri dagokion deialdian eskabidea aurkezteko aurreikusitako epea amaitu ondoren.
5.– Diru-laguntza eskatzen duten proiektu horiek egin dituztela egiaztatzeko, halaber, fakturen eta ordainketen taula bete beharko da eskabidean, eta dagozkion fakturak ere aurkeztu beharko dira.
7.– Diru-laguntzaren xede diren ekipamenduak, altzariak eta tresnak berriak izan beharko dira, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 3 urte eman beharko dituzte jardunean.
Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da 12. artikuluaren –Aurkeztu beharreko dokumentazioa– 3 lerrokada, eta ezabatu egiten da 6 paragrafoa; hona nola gelditzen den idatzita:
«3.– Eskabideekin batera, PDF formatuan, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
A) Oinarrizko dokumentazioa:
– Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren txartela eta eraketa-eskriturak, eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada izan ezik; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.
– Eskatzailearen ordezte-ahala, eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada izan ezik.
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako alten eta bajen ziurtagiria, enpresa salbuetsita badago eta hala egiaztatzen badu izan ezik.
– Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak. Irisgarritasun-jardunak justifikatzen dituzten fakturek irisgarritasuna hobetzeari dagozkion kontzeptuak identifikatu beharko dituzte. Horrela ez bada, ez dira kontuan hartuko.
– Aurkeztutako proiektua gauzatzeko parte hartzaileen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute proiektua batera egin duten enpresek, baita, halaber, proiektu osoaren aurrekontu zehaztua eta alderdi bakoitzak aurrekontuan duen zatia ere, betiere eskabidean zehaztutako informazioarekin bat etorriz.
– Publikoari irekitako beren jabetzako establezimenduak indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko laguntza eskatzen duten enpresek establezimendu horietan turismo-jarduera 2000ko abenduaren 11 baino lehenagotik garatzen dela egiaztatu beharko dute, baita eskudun langile teknikoak sinatutako agiria, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duena ere. Agiri hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua eskuratzeko eta/edo ezartzeko kasuetan.
– Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostena, baldin eta laguntza-eskaera bada eraikin osoa turismo-jarduerarako hartzen duten establezimenduetan instalazioak, irisgarritasuna eta/edo eraginkortasun energetikoa modernizatzeko eta hobetzeko lanak egiteko. Txosten hori ez da beharrezko izango diru-laguntza altzariak eskuratzeko edo obrarik behar ez duten laguntza teknikoak lortzeko eskatzen bada.
– Diru-laguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, informazio hori jakinarazi beharko da, «Hirugarrenaren Alta Erregistroa» kanal telematikoaren bitartez edo «Hirugarrenaren alta» dokumentu normalizatua beteta aurkeztuz, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (www.ogasun-ejgv.euskadi.net)».
– ISO araudiaren araberako, EMAS, edo Karbono-aztarna eta Energia Ikuskaritza Integralaren ziurtagiria/egiaztapena lortu edo berritu nahi dutenek, bete izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
b) paragrafoaren 3 lerrokadari –Dokumentazio osagarria– hauxe eransten da:
«Turismoko establezimendua kokaturik dagoen lurralde historikoko Merkataritza Ganberaren ziurtagiria, 7.2.a) artikuluan enpresa-eskualdaketarako aipatutako «Berriz Enpresa» programari atxikita egonez gero».
Seigarren artikulua.– Aldatu egiten dira 15. artikuluaren –Adjudikatzeko prozedura– 2, 3, 4, 5 eta 6 lerrokadak; hona nola gelditzen diren idatzita:
«2.– Merkatuko ekimen berritzaileetarako irizpide espezifikoak:
4.– irizpidea: Eskakizun teknologikoa. Agindu honen 6.1.a.1) artikuluan zehaztutako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan oinarritutako irtenbideak ezartzeko proiektuetan ahalegin teknologikoaren neurria lagunduko da. Gehieneko puntuazioa 12 puntu izango da, honela banatuta:
● IKTen aplikazio-eremu batean ezartzea (adibidez: Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea): 3
● IKTen 2 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurrekoa + Negozioak Interneten duen agerpena handitzea): 6.
● IKTen 3 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurreko biak + 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea): 9.
● IKTen 4 aplikazio-eremuetan ezartzea: 12.
5.– irizpidea: Inbertsio-maila: Ingurumen-baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko orduan irtenbide berritzaileak ezartzeko proiektuetan –Agindu honen 6.1.a.2) artikuluan zehaztuta–, kontzeptu horrengatik egindako inbertsioa establezimenduaren azalera erabilgarriarekin lotuta baloratuko da. Puntuazioa 12 puntu izango da gehienez, eta establezimenduaren azalera erabilgarriaren arabera inbertsio handiena egiten duenari emango zaio; gainerako puntuak modu proportzionalean esleituko dira.
6.– irizpidea: Ekimenak ezartzearen berritasuna eta onurak. Turismo-negozio eredu berriak edo turismoko zerbitzu eta/edo produktu berriak sortzeko proiektuetan –6.1.a.3) artikuluan zehaztuta–, berritzaileenak eta enpresaren lehiakortasunean eta xedean eragin handiena duten eta merkatuan kokapen hobea izatea errazten dutenak lagunduko dira. Gehieneko puntuazioa 12 puntu izango da, honela banatuta:
● Egungo eskariaren beharrei erantzuten die: gehienez 3.
● Lehiarako edo bereizteko abantaila antzeko beste negozio-eredu, zerbitzu eta/edo produktu batzuen aldean: gehienez 3.
● Kostuak murriztea eta/edo sarrerak handitzea ahalbidetzen du: gehienez 3.
● Aukera estrategikoa dakar garatzen den testuinguruan (tokian-tokian, eskualdean, EAEn): gehienez 3.
Baztertu egingo dira gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten turismoko negozio-eredu berriak edo turismoko zerbitzu eta/edo produktu berriak sortzeko proiektuak.
3.– Turismo-eskaintza modernizatzeko irizpide espezifikoak:
7.– irizpidea: lokalen antzinatasuna. Establezimenduko jardunean denbora gehien daramaten establezimenduen modernizazioa hobetsiko da; laguntza eskatzen duen enpresak egiaztatu beharko du hori. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango da, honela banatuta:
● 3 eta 5 urteko antzinatasuna: 3.
● 6 eta 10 urteko antzinatasuna: 7.
● 11 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 15.
4.– Eskaintza indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko irizpide espezifikoak:
8.– irizpidea: Inbertsio-maila: Kontzeptu horrengatik egindako inbertsioa establezimenduaren azalera erabilgarriarekin lotuta baloratuko da. Puntuazioa 12 puntu izango da gehienez, eta establezimenduaren azalera erabilgarriaren arabera inbertsio handiena egiten duenari emango zaio; gainerako puntuak modu proportzionalean esleituko dira.
5.– Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa ziurta dezaketen sistemak ezartzeko irizpide espezifikoak:
9.– irizpidea: Aurretik laguntzarik eskatu ez duten enpresak edo ziurta daitezkeen aipatutako sistemak ezartzeko Eusko Jaurlaritzak garatutako diru-laguntza programen barruan onuradun gertatu ez diren enpresak lehenetsiko dira. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango da, honela banatuta:
● Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza programen laguntzarik jaso ez izana era horretako ekimenentzat: 5.
● Ziurtagiria berritzea: 3.
6.– Irizpideak ez dira ebaluatuko ez badira egiaztatzen, dokumentu bidez, beharrezko diren eta 12. artikuluan dokumentazio osagarritzat zehaztutako kasuetan edo, gainerako kasuetan, eskabidean horrela eskatzen bada, informazio nahikoa eta arrazoizkoa ematen duen azalpen-memoria baten bidez.
Ebaluazio Batzordeak aurreko paragrafoan zehaztutako irizpide bakoitza baloratuko du; horretarako, batetik, erakundeek eskabidean egiten edo aurkezten duten justifikazioaren egokitasuna eta baliozkotasuna hartuko ditu kontuan, eta bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak. Hala, puntuazio bera izango dute erakunde ezberdinek aurkeztutako antzeko proiektuek».
Zazpigarren artikulua.– Lerrokada bat eransten zaio xedapen indargabetzaileari; hona nola gelditzen den idatzita:
«Halaber, indargabeturik geratuko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko agindua, Euskadiko turismo-lehiakortasuna bultzatzeko laguntza-programa arautzen duena».
Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da azken xedapenetako lehena, eta hona nola geratzen den idatzita:
«Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2015eko abenduaren 31 arte egongo da indarrean».
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 24a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.