EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2015119

AGINDUA, 2015eko ekainaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegora itzulitako euskal profesionalak kontratatzeko, 2015eko ekitaldiari dagokionez, EAEn kokatutako enpresei diru-laguntzak emateko LANdhome programaren arauak ezarri eta deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2015-06-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201502860
Maila: Agindua
Enpresen 2013-2016 Nazioartekotze Planaren bitartez, X. legegintzaldian euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak ordenatu eta sostengatzen dira. Plan horretan, hiru osagai nagusi nabarmentzen dira: Euskadi ekonomia irekia dela aitortzea; jasaten dugun krisi luzea gainditzeko, euskal enpresek laguntza behar dutela egiaztatzea; eta Jaurlaritzak euskal enpresei laguntzeko duen borondatea, hain justu ere ekonomia globalean euren konkurrentzia-espazioa aurki dezaten, betiere haietariko bakoitzaren tamainaren eta nazioartekotzea-etaparen arabera.
Halaber, Jaurlaritzaren X. legegintzaldiko programa, besteak beste, enplegu eta pertsonekiko konpromisoan oinarritzen da. Konpromiso horren ondorioz, nazioartekotzearen arloko prestakuntzako helburu bat definitzen da; eta prestakuntza horren barruko dira honako hauek: bekadunentzat nazioartekotze- eta mugikortasun-espezializazioko programak, zeintzuk erraztu egiten baitute euskal profesional gazteak kanpora ateratzea. Era berean, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Planaren markoaren barruan, nazioartekotzea laguntzeko neurri konkretu gisa, lankidetza publiko-pribaturako estrategia bat garatzea jasotzen da, zeinarekin bermatu egingo baita: nazioartean esperientzia lortu ostean, Euskal Autonomia Erkidegora itzultzen diren gazteek kalitateko enplegua izatea.
Bestalde, atzerrira joandako euskal profesional gazteek lortu esperientzia internazionalak balioa handia dakarkie gure enpresei, garapenaren eta hedapenaren arloetako erronkei aurre egiteri dagokionez. Hori frogaturik geratzen da; izan ere, giza baliabideen arloko politikak era eragingarriagoan kudeatzen dituzten enpresa handiek eta talde enpresarialek, normalean, lehen mailako betekizuntzat dute kanpoan proiektuetan parte hartu izana, hala sustatu egiten baitira erantzukizuneko postuetara doazenen karrera profesionalak.
Hala ere, karrera profesional garatzeko ereduzko modelo horiek ez dira ohikoak euskal enpresa gehienetan. Errealitatean, gure enpresa gehienek aitortzen dute ezen ezin dutela meritatu atzerrira joandakoaren esperientzia; izan ere, hartarako badira bi kausa; batetik, Euskadiko enpresen barruan pertsonak txandakatzea ohikoa ez izatea, eta, bestetik, kanpora joandakoen esperientzia integraleko edo generalistako profilak matrizean birkokatzeko zailtasuna, zeren matrizeak espezialista premia handiagoa izan ohi baitu.
Hori dela-eta, zaila edo oso zaila egiten da aipatu profesional esperimentatuen itzulera gauzatzea, eta bai enpresen egungo beharretarako egokia eta baliotsua den talentua berreskuratzea ere. Eta zirkunstantzia horrek dirua eralgitzeaz gain, zuzenean inplikaturik diren pertsonen igurikapenak hondatzea ere badakar; eta, azken baten, pertsona horiek erresistentzia agertzea, enpresa internalizatuetan beharrezko diren atzerriratze-prozesuei atenditzeari dagokionez.
Batetik, EAEko enpresei, euren antolakuntzak egoki ditzaten, laguntzeko, eta, bestetik, kanpoan esperientzia lortu duten profesionalak, direktiboak eta teknikariak itzultzea ahalbidetzeko, indarrean jartzen da LANdhome programa, zeinak azken buruko helburu hauxe baitu: kanporako joan-etorrien fluxuak barnean dituzten karrera-planak erakargarriago egitearena ahalbidetzea.
LANdhome programako laguntzak diru-laguntza publikoen bitartez gauzatzen dira, eta enpresak laguntzea du helburu, zehazki, nazioarteko aipatu ezagutzak egiaztatzen dituzten profesionalak kontratatu ahal ditzaten; hartarako, lan-kontratuko lehen urteko soldata-kostu gordinaren zati bat ordainduaz.
Horregatik, honakoa
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– ELANdhome programaren deialdiko oinarri arautzaileak (I. eranskinean jasoak) onartzea, 2015eko ekitaldiari dagokionez. Kanpotik itzulitako euskal profesionalak kontratatzeko, EAEn kokatutako enpresak diruz-laguntzeko da aipatu programa.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, Euskadiko Auzitegi Nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
LANDHOME PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
LANdhome programa izenarekin, agindu honen helburua hauxe da: kanpoan euren karrerak garatzen ari diren profesionalak itzultzea sustatzeko sostengu publikoa emateko laguntzak arautzea –Itzulera horiek, betiere, EAEn egoitza soziala duten enpresetara egiten badira (aurrerantzean euskal enpresak).
2. artikulua.– Indarraldia.
2015eko ekitaldian zehar izango da indarrean laguntza-programa hau.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
3.1.– Lehenengo artikuluko helbururako baliabide ekonomikoak honako hauek dira: 400.000 euro, 2015eko ordainketa-kreditutako 200.000 euro eta 2016ko konpromiso-kreditutako 200.000 euro, EAEko Aurrekontu Orokorretako 15 0 1 03 23 0100 3 452 00 76131 007 G kontu-sailaren kargura.
3.2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan kontsignatuko dira LANdhome programarako erabilgarri izango diren baliabide ekonomikoak. Deialdi honi lotuta emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, xedapen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
4.1.– Enpresek, banan-banan edo kooperazioan, eskuratu ahal izango dituzte oinarri hauetan jasotako laguntzak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak badaude eta indarrean badute nazioartekotze-plana.
4.2.– Oinarri hauen eremutik kanpo geratzen dira sektore publikoko enpresa eta erakundeak.
5. artikulua.– Baldintzak.
5.1.– Enpresa onuraduna.
LANdhome programan jasotako laguntzak eskuratu ahal izateko, direktiboen edo goi-mailako teknikarien postu bat betetzeko lan-kontratu mugagabe bat eskaini eta formalizatu beharko dute enpresek. Kontratazio horrek lagundu egin beharko du, zarratutako aurreko ekitaldiarekiko, enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbia gehitzen.
18. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz, 4 urteko epea baino txikiagoan eta langileari ezin egotzi zaion kausa dela-eta kontratua desegiten bada, enpresak itzuli egin beharko du laguntza.
5.2.– Atzerritik itzulitako profesionala.
5.2.a.– 45 urte edo gutxiago izatea.
5.2.b.– Atzerrian, kanpora joandako profesional gisa, etenik gabe gutxienez 4 urte eginda izatea, edo halako kondizioan 10 urte eginda izatea etenaldiekin, betiere programa honek laguntzen duen lan-kontratua sinatu aurretik.
5.2.c.– Atzerrialdia hasi aurreko unean, EAEn, gutxienez 2 urtez administrazio-auzotasuna eduki izana egiaztatzea.
5.2.d.– Atzerritik itzuli aurreko unean, kanpoan enpresa bateko (euskal enpresa baten filiala izan zein ez izan) teknikari edo direktibo mailako postu bat betetzea.
5.2.e.– Euskal Autonomia Erkidegoan, profesional gisa, gutxienez 4 urtez egoteko konpromisoa hartzea.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen mugak.
6.1.– Indarraldiko lehen urtean zehar, lan-kontratazioaren kostu gordina lagundu egin daiteke.
6.2.– Laguntzaren muga hauxe izango da: erreferentziako lan-kontratuan kontsignatu soldata-kostu gordinaren % 50a, betiere 35.000 eurotik igaro gabe. Eskabidea aurkeztu aurretik egindako kontratazioak berariaz baztertuko dira.
6.3.– Enpresa edo erakunde eskatzaile bakoitzak (banan-banan edo kooperazioan) laguntza bakarra jaso ahal izango du, atzerriratu bati lan-kontratazioa egiteari dagokionez.
7. artikulua.– Laguntzen nolakotasuna eta esleipen-prozedura.
Publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetaturik emanen dira oinarri hauetan jasotako laguntzak, eta itzuli behar ez diren diru-laguntzen izaera izango dute.
Espedientea osotu den momentuaren arabera ordenatuki egingo da laguntzen esleipena, betiere betekizun guztiak konplitzen dituzten eskabideen sarrera-ordena kontuan izanik, harik eta eskuragarri den aurrekontua agortu arte.
8. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira beste hauekin: helburu bererako, beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu batzuek emandakoekin. Nazioartekotze arloan eskumenak dituen zuzendaritzari komunikatu beharko diote enpresa onuradunek laguntza horien gainekoa. Diruz lagundutako gastua berdina balitz, laguntzen guztikoak ez du gainditutako aurkeztutako gastuaren guztizko kostuaren % 50a; beraz, muga hori gaindituko balitz, agindu honen pentzutan emandako laguntza gutxitu egingo da mugaz kanpo den zenbatekoan.
2.– Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.
9. artikulua.– Eskabideak
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Nazioartekotze Zuzendaritzara zuzenduko dira, eta bide hauetakoren bat erabiliz aurkeztuko dira: zuzenean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz, edo Zuzenean Herritarrentzako Arreta Bulegoetan; eta agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik 2015eko urriaren 15eko 12:00ak arteko epea egongo da horretarako.
II. eranskinean jasotzen dena izango da eskabide-eredua, eta web-orri honetan ere eskuratu ahal izango da: http://www.euskadi.eus/industria
2.– Eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura errekonozituaz gain, agindu honetako 10. artikuluan aipatu dokumentazio lagungarria aurkeztu beharko da.
3.– Enpresek eskubide dute –Sailarekiko hartu-emanetan– EAEko hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko, bai ahoz eta bai idatzi ere, eta, jakina, aukeratutako hizkuntzan atendituak izatekoa.
10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
1.– Enpresa eta erakunde eskatzaileek proiektuari buruzko memoria zehatza aurkeztu beharko dute, zeinetan honako eduki hauek jaso beharko diren:
a) Enpresari edo enpresa elkartuei buruzko informazio orokorra.
b) Egingo den kontratazioaren deskribapena, non eskainitako postua, kontratatuko den pertsonaren curriculum vitae eta soldata-kostu gordina jasoko baitira
c) Proiektu bererako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako laguntzak.
d) Minimis araudia betetzea; eta, hartarako, aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza publikoei buruzko txostena egin beharko da.
e) Zarratutako aurreko ekitaldiari dagokionez, enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbiz gehitu izanaren justifikazioa.
2.– Dokumentazioa osagarria:
a) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, salbu eta agiri hori Sailaren esku izan eta indarrean egon.
b) Zerga-betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duen agiria.
c) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria. Administrazioak bere kabuz egingo du aipatu egiaztapena.
d) Enpresa eskatzailearen erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauei buruzkoa:
I.– Eskatzaileak, ondokoan zigortuta ez egoteari buruzko deklarazioa aurkeztu beharko du: diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean egotea, edo sexu bazterkeriagatik zigortuta izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
II.– 5.1. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen ditu.
e) Atzerritik itzulitako profesional kontratatuak egindako deklarazioa, 5.2 artikuluko betekizunak konplitzeari buruzkoa.
3.– Enpresa eskatzaileak aipatu erantzukizunpeko deklarazioan gezurrezko daturen bat jartzen badu, indarrean den zigor-araubidea aplikatuko zaio, administratiboa zein penala.
4.– Nolanahi ere, aurkezten den eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailak enpresa eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da. Dokumentazioa eskatzen zaion unean zehazten den epearen barruan aurkeztu beharko hura.
11. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.
Eskabideak jaso behar diren zehaztapen guztiak ez baditu edo ez badu jasotzen dokumentazio osagarria, enpresari eskatuko zaio ezen, 10 eguneko epean, falta zuzen dezala edo aginduzko agiriak aurkez ditzala; eta, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hartarako ebazpena emango da, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
12. artikulua.– Ebaluazioa eta zenbatekoak zehaztea.
Nazioartekotze Zuzendaritzak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lanak. Eta, eskabide bakoitzari dagokionez, kalkulatutako zenbatekoa ere jasotzen duen txosten teknikoa egin beharko dute aipatu teknikariek. Eskabide bakoitza aztertu eta balioetsi eta gero, laguntzak ematearen gaineko ebazpen-proposamena helaraziko diote eskudun organoari izendatutako zerbitzu teknikoek; eta proposamen horretan honako hauek jaso beharko dira: laguntzaren zenbatekoa, jarduerak burutzeko epeak eta baldintzak, eta bai eskabide bakoitzaren oinarri den proiektua garatzeko beharrezko den beste edozein baldintza ere.
13. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Eskabide jaso eta hurrengo egunetik harako hilabeteko epearen barruan, Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio prozedura erabakitzeko administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nazioartekotze arloan eskumenak dituen sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.
Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, bere uzia onartu egin dela ulertu ahal izango du interesdunak, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, berariazko ebazpena emateko duen obligazioa.
2.– Laguntzak emateko ebazpena enpresa interesdun bakoitzari banan-banan jakinarazi beharko zaio. Horretaz gain, enpresa esleipendunen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaiturik izan beharko da, enpresa eta erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, egoki bada, ordaintzeko.
14. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1.– Diru-laguntza bi ordainketaren bidez emango da. Lehen ordainketa, aurrerakin kontzeptupean, laguntzaren % 50ekoa dena, ebazpena ematen denean gauzatuko da. Gainontzeko % 50a, bigarren ordainketa baten formalizatuko da, behin justifikatuta eta lagundutako kontratu aldia (lagundutako lan-kontratuaren indarraldiko lehen urtea) amaitu eta hilabete bat geroago.
2.– Behar bezalako justifikazioa egiteko, soldatak ordaindu izana egiaztatzeko agirien eta lan-kontratuaren kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu enpresa edo erakunde onuradunak.
3.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailak edozein unetan eskatu ahal izango du beharrezko ikusten dituen dokumentazio eta informazio osagarriak; zehazki, enpresa onuradunak aurkeztu datuak egiazkoak diren ala ez ikusteko, eta, batez ere, agindu honen 10. artikuluan aipatu deklarazioan bildutako datuak egiaztatzeko.
15. artikulua.– Enpresa eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte oinarri hauetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailak, lagundutako kontzeptua garatu eta gauzatzeari dagokionez, egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu. Nolanahi ere, enpresa onuradunek, aurreko artikuluaren ondorioei dagokienez, beharrezkotzat jotzen den informazio guztia eman beharko dute.
3.– Diru-laguntza zein kontzepturako eman zen, hartakoxe bakar-bakarrik erabili ahal izango dute enpresa onuradunak, hots, profesional bat atzerritik itzultzea ahalbidetzea, 5.1 artikuluko betekizunekin bat etorriz.
4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako egiaztapen-agiriak artxibaturik izan beharko dira, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuratzeko moduan izango dira, 4 urteko epe batez.
5.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –jasotako laguntzei dagokienez euren eginkizunetan ari direla– eskatzen dieten informazio guztia aurkezteko obligazioa dute enpresa onuradunek.
6.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu berbera burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak jaso badituzte, komunikatu egin beharko dute hori enpresa onuradunek.
7.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibo aldatu izana Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen zuzendaritzari komunikatu beharko zaio.
16. artikulua.– Betearazpenerako epea eta laguntza justifikatzea.
Diruz lagundutako lan-kontratazioa formalizatzeko epemuga 2015eko abenduaren 31 izango da; eta laguntzaren justifikazioa hilabeteko epearen barruan egin beharko da, erreferentziako lan-kontratuaren lehen urtea amaitzen denetik aurrera zenbatuta.
17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, baldin eta diru-laguntza ematerakoan zeuden baldintzetakoren bat aldatzen bada –betiere diru-laguntzaren xedea betetzat joz gero–, edo diru-laguntza horrekin batera, beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzarik jaso bada. Baina, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko, diru-laguntzari buruzko arauan ezarritako gutxieneko betekizunak konplitu beharko dira. Horri begira, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen egokia emango du, zeinarekin berregokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan, honako agindu honetan eta ezar daitezkeen gainontzeko arauetan, edo, hala badagokio, ebazpenean finkatutako baldintzaren bat betetzen ez badu enpresa onuradunak, eskumendun organoak, ez-betetze espedientea eginda eta interesdunari entzunaldia eskaini ondoren, dagokion ebazpena emanda, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko du, eta jasota dituen zenbatekoak, baita legez dagozkion interesak ere, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzultzeko betebeharra aginduko du, burutu daitezkeen gainontzeko ekintzen kaltetan izan gabe; hori horrela izango da bi lege-testu hauek oinarri hartuta: batetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren berme eta sarreren erregimen orokorra arautzen baitu, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, lehen aipatutako bera. Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea irekitzea eta espediente hori ebaztea.
3.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.