EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015115

87/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de Transportes de Bizkaia, S.A. (Aparkabisa)» sozietatearen kapital-gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartzeko baimenari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201500087
Xedapenaren data: 2015-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201502753
Maila: Dekretua
Europako herrialdeen arteko merkataritza-harremanak areagotzearen eta garraio-sektoreak hartu duen garrantzia ekonomikoaren ondorioz, aipatu bezalako zentroak sortu dira Europan; zentro horiek, hain justu ere, garraioko eskariaren eta eskaintzaren arteko harremana erraztu eta koordinazio intermodala ahalbidetzen dute, eta enpresen koordinazioa, kudeaketa eta antolaketa hobetzen.
Abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaren bidez, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de Transportes de Bizkaia, S.A. (Aparkabisa) sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sozietate publiko gisa eratu zen, baina abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaren bidez galdu zuen izaera hori. Sozietate horren xede soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan Garraio-Zentro Integratuak eta ibilgailu astunentzako aparkalekuak sustatu, prestatu eta ustiatzea da.
Hitzartutako gehikuntza baino lehenagoko sozietate-kapitala hogeita zazpi milioi bostehun eta berrogeita bat mila seiehun eta berrogeita hiru (27.541.643) eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bost milioi laurehun eta laurogeita hamazazpi mila bederatziehun eta berrogeita hamasei euroren partaidetza eta sinadura du (5.497.956), alegia, kapitalaren % 19,9623.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Erkidegoan kokaturiko garraio-zentro integratuak sustatzeko duen politikari jarraikiz, kontuan hartu da «Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de Transportes de Bizkaia, S.A.» (Aparkabisa) sozietateak bere kapital soziala gehitzeko egindako aurreikuspen-txostena. Hortaz, sozietatearen kapitala milioi bat laurehun eta laurogeita hemeretzi mila eta laurehun eta laurogeita sei (1.499.486) eurotan gehituko da; gehikuntza hori sei mila berrehun eta hirurogeita hamalau (6.274) akziotan ordezkatuta egongo dira, eta horietariko bakoitzak berrehun eta hogeita hemeretzi (239) euroko balio izendatua izango du
Kapitala gehikuntzari buruzko aurreikuspen txostena aztertu ostean, bidezkotzat jo da, helburu horri begira, kapital horren gehikuntzan parte hartzea. Ondorioz, EAEko Administrazioak sozietatearen kapitalean % 19,9628ko partaidetza izango du, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozeduraren arabera.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2015eko ekainaren 9an egindako Jaurlaritzaren Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau:
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea kapital-gehikuntzan parte hartzeko. «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de transportes de Bizkaia, S.A.» sozietatearen Akziodunen Ohiko Batzar Nagusiak gehikuntza onartu ahal izango du eta, hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berrehun eta laurogeita hemeretzi mila laurehun eta hirurogeita zazpi euroko (299.467) ekarpena eginez gauzatuko da gehikuntza eta, ondorioz, sozietatean % 19,9628ko partaidetza izango du aurrerantzean.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak sozietatearen estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, bai eta, orokorrean, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainontzeko jarduketetan aritzeko ere.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.