EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2015110

AGINDUA, 2015eko maiatzaren 18koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Vivir Sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioaren azkentzea berretsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena. EDEX fundazioak xurgatu du fundazio hori eta bat eginda geratu dira.

Xedapenaren data: 2015-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201502631
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko urtarrilaren 7an, Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioaren azkentzea inskribatzeko eskabidea sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko erregistroan. Jesús Antonio Pérez – Arróspide García fundazioaren lehendakariak izenpetu zuen eskabidea. Eskariari administrazio-espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek aztertu dute espedientea, zenbait akats atzeman dituzte, eta 2015eko martxoaren 4ko idazki baten bidez, akats horiek zuzentzeko eskatu zen.
Hirugarrena.– 2015eko martxoaren 10ean, aurreko eskabidean adierazitako akatsak zuzentze aldera, xurgapen bidezko bat-egitearen eskritura publikoaren kopia baimendu bikoitza jaso zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean. Eskritura publiko hori 2014ko urriaren 16an eman zen Bilboko notario M.ª del Carmen Velasco Ramírez andrearen aurrean (protokolo-zenbakia: 910).
Eskritura publiko horrekin batera dator Bilbon 2014ko apirilaren 16an egindako bileraren ziurtagiria, Bilbon emana 2014ko apirilaren 28an. Bilera horretan, besteak beste, Edex fundazioa eta Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioa bat egiteko akordioa onartu zen. Edex fundazioak Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioa xurgatu du; izan ere, oso zail izan du jarraitzea, krisi ekonomikoaren eraginez apurka-apurka kanpo finantziazioa galdu baitu. Horrela, bada, likidaziorik egin gabe azkentzea erabaki da.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, agindu-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio xurgapen bidezko bat-egitearen ondoriozko azkentzeari buruzko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 33. eta 34. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 35. artikuluan eta fundazioaren estatutuetan –ondarea likidatzeari eta azkentzeari dagokienez– ezarritako baldintzak bete dira.
Hirugarrena.– Fundazioen Babeslaritzak onartzeko eta Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agirietan ikusten denez, Fundazioaren Patronatuak 2014ko apirilaren 16an fundazioa xurgatze bidez bat egiteko hartutako ebazpena baliozkoa da, estatutuen eta Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera. Agiri horietan jasotzen da, halaber, egiazkoa dela azkentzea dakarren arrazoia; hau da, krisi ekonomikoaren eraginez apurka-apurka kanpo finantziazioa galdu du, eta horrek xurgatutako fundazio hori likidatu gabe azkentzea ekarri du.
Erabaki horren eraginez, Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioaren ondare guztia batera eskualdatzen zaio fundazio xurgatzaileari, Edex fundazioari, eta horrek haren eskubide eta betebehar guztien jarraipena dakar.
Laugarrena – 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, iraungitzeko erabakiak edo, hala badagokio, hori erabakitzen duen ebazpen judizialak fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat emango ditu eta hasiera emango die likidazio-eragiketei.
Artikulu horretan bertan adierazten denez, fundazioko gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, Babeslaritzaren kontrolpean, betiere. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.
100/2007 Dekretuaren 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar duen Fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioaren Patronatuak fundazioa azkentzeko hartu duen erabakia berrestea. Xurgatze bidez azkendu da, likidaziorik egin gabe eta bere ondare guztia fundazio xurgatzaileari eskualdatu zaio (EDEX fundazioari), eta horrek eskubide eta betebehar guztien jarraipena ekarri du. Hala dago jasota 2014ko apirilaren 28ko ziurtagirian, zeina 2014ko urriaren 16an publiko egin baitzen, Bilboko notario Carmen Velasco Ramírez andreak emandako eskritura baimenduaren bidez (protokolo-zenbakia: 910).
Bigarrena.– Fundazioa xurgatze bidez bat eginda azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
Hirugarrena.– Fundación Vivir sin Drogas – Drogarik Gabe Bizi Fundazioaren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Fundazioari bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 18a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.