EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2015105

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 27koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, 2015eko ekitaldirako merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko bekak emateko deialdia argitara emateko dena.

Xedapenaren data: 2015-05-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201502519
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/06/28an argitaratutako 2011/06/15eko AGINDUA [201103328]

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Aginduaren bitartez, merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko laguntzen programa arautzen da (2011ko ekainaren 28ko EHAA, 122. zk.). Agindu hori aldatu egin zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko Aginduaren bidez, (2014ko ekainaren 27ko EHAA, 121. zk.).
Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2015eko ekitaldirako deialdia egitea, eta horretarako eman beharreko arauak ematea.
Azaldutako guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da 2015eko ekitaldirako honako deialdi hau egitea: Merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beken programa arautzeko Aginduan aurreikusitako laguntzetarakoa.
Deialdiko bekak finantzatzeko 465.000 euro erabiliko dira, beka bakoitzarentzat 15.000 euro urteko banaturik; kopuru horretan obligazio guztiak sartzen dira, hau da, bekaren onuradunak aurre egin behar dien guztiak, barne delarik Gizarte Segurantzarentzako langileari dagokion kuota. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onuradunen aldeko alta emango du Gizarte Segurantzan, eta kuota patronala ere bere gain hartuko du.
2015eko ekitaldian, gehienez ere 31 diru-laguntza emango dira, eta hamabi hilabeteko iraupena izango dute.
Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko programa arautzeko Aginduan aurreikusitako bekak jaso ahal izateko, aipatu aginduko 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honi lotutako gainerako izapideak egin daitezke bai baliabide elektronikoen bitartez, bai bertatik bertara, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriaz.
Eskabidera sarbidea izateko eta berori betetzeko, http://www.euskadi.eus/comercio egoitza elektronikoa bakarrik erabil daiteke, betiere laguntzetarako deialdia argitara eman ostean. Egoitza elektroniko horretan eskura izango da eskabide-eredua.
Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide honetarako joko da: http://www.euskadi.eus/misgestiones.
Eskabidean honako hauek jaso beharko dira: laguntza eskatu duen pertsonaren sinadura aitortua, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeena, betiere Administrazio elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriaz.
Aurreko aukeraz gain, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak honako webgunean http://www.euskadi.eus/comercio bete eta informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira, eta, eskatzaileak izenpetuta, Merkataritza Zuzendaritzara bidali. Eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan aurkeztuko dira, Zuzenean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako batean, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
3.– Datu pertsonalez gain –helbidea, e-maila eta harremanetarako telefonoa– honako dokumentazio hau ere jaso beharko dute eskabideek: Merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beken programa arautzeko Aginduko 7.4 artikuluan eskatutakoa.
4.– Deialdi honetako eskaerak egiteko epea 2015eko ekainaren 15eko 09:00etan hasiko da eta uztailaren 15eko 12:00etan amaituko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 27a.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,
ITZIAR EPALZA URQUIAGA.