EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2015104

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 25ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Oiartzungo (Gipuzkoa) Beloaga Gaztelua eta Arkaleko gotorleku-multzoa hartzen dituen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedienteari, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Xedapenaren data: 2015-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201502492
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Oiartzungo (Gipuzkoa) Beloaga Gazteluaren eremu arkeologikoak eta Arkaleko gotorleku-multzoak historia eta arkeologia aldetik duten interesa ikusita, eta Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oiartzungo (Gipuzkoa) Beloaga Gaztelua eta Arkaleko gotorleku-multzoa hartzen dituen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientearen izapidea sustatzea, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera, II. eranskinak jasotzen duen deskribapena eta III. eranskineko babes-araudi berria kontuan hartuta.
Espediente horri hasiera emateak berekin dakar Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidea behin-behinean aplikatzea Oiartzungo (Gipuzkoa) Beloaga Gaztelua eta Arkaleko gotorleku-multzoa hartzen dituen eremu arkeologikoari.
Bigarrena.– Oiartzungo (Gipuzkoa) Beloaga Gaztelua eta Arkaleko gotorleku-multzoa hartzen dituen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Oiartzungo Udalari jakinaraztea, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamentuari ere, prozedura horri hasiera emateak partzelazioko, eraikuntzako edo eraispeneko dagozkion udal-lizentziak bertan behera uzten dituela eraginpeko finkei dagokienez, baita emandako lizentzia guztien ondorioak ere. Lursail horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezkeen lanak egin behar badira, Gipuzkoako Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.
Laugarrena.– Espedientearen izapidetzearekin jarraitzea, indarreko xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Oiartzungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamentuari jakinaraztea, baita Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritarrek ezagutu dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 25a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Ebazpen honen I. eranskineko planoan jasota dago Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren gune arkeologikoa babesteko behar den eremua. Interes historiko-arkeologiko nabarmena duen aztarnategi honetako okupazio-hondakinak bai eta XIX. eta XX. mendeetako jarduera militarrek utzitako arrastoak biltzen ditu eremu horrek.
Iparraldean, mugapen-lerroak 230 metroko kota hartuko luke; hortik aurrera, lursailaren malda txikitu egiten da. Lerro hori 250 metroko kotaraino igoko litzateke atakan, bi tontorren artean X: 593.621, Y: 4.796.315 kotaraino jarraituz eta ekialdera joz 220 metroko sestra-bihurguneraino; hortik ekialderantz jarraituko luke, X: 593.751, Y: 4796.168 kotan dagoen ekialdeko atakaraino. Hortik ipar-ekialdera joko luke, 225 metroko lerroa aurkitu arte. Hortik hasiera-puntuarekin bat egingo luke, poligonoa itxiz.
Hondakin gehienak gailurrean badaude ere, eremuaren mugapenak gailur hori, Vallespineko lerroa eta goiko esparruan gauzatutako jardueraren ondoriozko hondakinak aurki daitezkeen eremua hartzen ditu.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Arkaleko harkaitzek mendi-gandor moduko bat osatzen dute –hego-ekialdetik ipar-mendebaldera doan arku bat marraztuko balu bezala– Irundik Oiartzunera joateko irispidea itxiz. Beraz, Gipuzkoako gune estrategiko bat da. Goialdea 266 metroko kotan dago; hortik pendizean jaisten da iparraldera eta hegoaldera, aldapa gutxiagoko eremuak aurkitu arte, 230 metroko kotaren inguruan; hortik bailarara bide leunagoa dago. Haustura sakonak eta koskak dituzten harkaitzek osatzen dute katearen ardatza, eta hori, noski, defentsa natural nabarmena da.
Gainaldean, lau angeluko bi esparru ikus daitezke, zeinek, altuera desberdinetan, osatzen baitituzte gailurraren defentsa-egiturak. Bertan dauden haitz naturalez baliatzen dira zati batean, eta gera daitezkeen hutsuneak harlanduzko horma sendoz itxita daude. Horma horiek nabarmenagoak eta handiagoak dira hegoaldean, non azaleratzen diren haitzek plataformak agerian uzten baitituzte.
XIX. mendean liberalek okupatu zuten Arkaleko gotorlekua kokatu zeneko Erdi Aroko gazteluaren hondakinak dira; gotorleku horren hondakinak dira ikusten diren hondakin gehienak. Urrutitik ikus daitezke horma sendo horiek. Goiko plataformak turuta formako irteera bat dauka mendebal aldera; badirudi irteera horrek gaur egun desagertuta dagoen eremu hori ixten zuen tiratzaile-gune batera eramaten zuela, bai eta munizio-biltegi batera ere; azken hori erraz ezagut daiteke, oso itxia eta hermetikoa delako.
Ipar-hegoalderantz zeharkatuz mendia, behealdean, non aldapa txikiagoa den, bi sarrera daude, harkaitzean irekita dauden bi aho, mendia gurutzatzen dutenak eta bi behategi-postutara eramaten dutenak: bat amaituta dago, bestea induskatuta baina amaitu gabe. Barruko korridoreek arrapalak, eskailerak eta gelatxoak dituzte. Zati batzuetan, hormak hormigoiz gaineztuta daude. Galerietako batean, sarrerako arkuan armadako ingeniari-kidegoko armarri bat dago. Behatokiko iparraldeko irteeran, behategi-postuetako bat hormigoiz egina dago –bunker bat dirudi– eta landarediaz itxita zati handi batean; beste irteerak leize-zulo bat dirudi, indusketa ondoren ez baitzaio azken ukiturik eman eta ez baitu beharrezko egitura militarrik.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren eremu arkeologikoko monumentu-multzoak bere mugaketaren barruan hartzen dituen gune, aztarna, egitura eta eraikuntza guztiei aplikatuko zaie babes-araubide hau. Monumentu-multzoa Oiartzungo udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.
2. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko izapidetzearen baitakoa da. Araubidea, aipatutako legearen 28 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-plangintzarako.
3. artikulua.– Guneak.
Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren arkeologia-gunearen babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, bi zona bereizi behar dira:
1. gunea: aztarnategiaren hondakinak hartzen dituen gune nagusia. Arkaleko harkaitzaren gailurra hartzen du; hor daude gazteluaren egiturak eta Vallespineko behatokiko galerien proiekzioa, bai eta horien ahoak kanpoaldetik inguratzen dituzten 5 metroak ere. Muga horiek I. eranskineko planoan daude jasota. Eremu horretan daude gaztelua eta gotorleku-multzoa jatorrian eratu zituzten egitura gehienak, bai eta ikerketa arkeologikoari begira datu garrantzitsuenak gordetzen diren tokia ere. Aztarna horiek guztiak mugitzeko, beharrezkoa izango da metodologia arkeologikoa aplikatzea, eta, ondasun higiezinen kasuan, in situ babestu beharko dira, kasuan kasuko lehengoratze- edota sendotze-planen arabera.
2. gunea: aztarnategiari balioa emateko eta geroko arriskuetatik babesteko beharrezkoa den ingurune zabal bat da, non 1. guneko elementuei lotutako hondakinak ager baitaitezke. Arkaleko gailurretik beherako maldak txikiagoak direneko gunera arte hartzen duen poligono baten bidez finkatzen da haren mugapena. Ikusi I. eranskineko planoa.
4. artikulua.– Babes-maila.
4.1.– Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren arkeologia-guneari ematen zaion babesa kontserbazio-mailakoa da, betiere abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, ezarritakoaren arabera. Gure erkidegoko arkeologian adierazgarri garrantzitsua izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.
4.2.– Kontserbazio-mailako babesak kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea bermatuko du. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak –edo lehengoen aztarnak– finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.
4.3.– Gaztelua eta haren egiturak kokatuta daudeneko landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu gaztelua bera funtsean aldatzen. Bertan, kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.
4.4.– Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren arkeologia-gunean –1. eta 2. guneak– edozein jarduera egin baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-gaietan eskumena duen departamentuaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena.
4.5.– Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren arkeologia-gunean egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.
5. artikulua.– Hirigintzako plangintza egokitzeko jarraibideak.
Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren eremu arkeologikoa monumentu-multzoaren kategoriako Sailkatutako Kultura Ondasun moduan jasota geratuko da Oiartzungo udalaren plangintza-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, plangintzarako tresna horiek –gune horren antolamenduari dagokionez– babes-araubide honetan artatze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailaren aldeko txostena beharko da.
Plangintzarako tresna horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.
II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA
6. artikulua.– Araubide orokorra.
Babes-araubide honetan zehazten diren jarduerak baino ez dira onartuko. Emandako babesarekin bateraezina izango da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.
7. artikulua.– 1. eta 2. guneetako araubide orokorra.
7.1.– Baimendutako jarduerak: aztarnategiaren kultura-, ikerketa- eta difusio-jarduerak.
1. zein 2. guneetan baimendutako jarduera nagusia ikerketa arkeologikoari begira eta aztarnak in situ babesteko helburuari begira egindako jarduera zientifikoak dira.
Lehenengo gune horretan garatuko diren jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begira haren balioa agerian jartzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako aztarna arkeologiko higiezinak dauden toki berean babestu beharko direla. Gainera, egiten diren ikerketa- eta sendotze-proiektuek aurrerago babes-araubide honetan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte.
1. zein 2. guneetan kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez badira. Horien bidez, aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da, eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.
Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren eremu arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian kultura gaietan eskumena duen departamentuaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.
7.2.– Jarduerak gauzatzeko irizpide orokorrak.
7.2.1.– Jardun-irizpide orokorra.
Ingurunean erabili beharreko irizpide nagusia, bereziki 1. gunean, esku-hartzeak ahalik eta gehien murriztea izango da, edozein dela ere esku-hartze mota. Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide hori hartuko du gidari, baimena jasotzeko aurkezten diren proiektuak aztertzerakoan.
Gunean ahalik eta esku-hartze txikiena egitearen irizpidea beti aplikatu beharko da, salbu eta esku-hartzea sustatzen duen administrazioak kultura-ondarearen gaineko eskumena badu gutxienez Gipuzkoako lurralde historikoan. Kasu horretan, aztarnategia eta beraren kontserbazioak sortarazten dituen arazoak aztertzen dituen proiektu global bat proposatu ahalko da, jardun-programa orokor bat ezartzen badu, aztarnategiaren azterketa, kontserbazioa eta hura balioestea barne hartzen dituena, batetik, eta aurreikusitako instalazioen urteko mantentze-lanak eta jarraipena, bestetik.
7.2.2.– Gunean, ikerketa- eta kontserbazio-proiektuek bete behar dituzten baldintzak.
A) Indusketa-proiektuak.
Zorua berriz jarriko dela eta haren bolumen naturala berrezarriko dela bermatu behar du indusketak, horrekin aztarnategiko hondakin arkeologikoak oso-osorik kontserbatzeko arazorik sortzen ez bada behintzat.
Hori dela eta, paisaia eta natura aldetik gune baliotsu batean gaudenez gero, ez da baimenduko monumentuaren ikerketa arkeologikorako edo kontserbatzeko eta balioesteko esku-hartzerik, ez badago ondasuna bere hasierako egoerara lehengoratuko dela bermatzen duen proiekturik, edo tokiko paisaia- eta natura-balioekin bateragarria denik.
Indusketa arkeologikorako lanek aldez aurretik ziurtatu behar dute lurra kentzeko lanak nola antolatu, eta horretarako, zoruari kalte gutxien egiteko moduko tokietan beharrezkoak diren hondakindegiak sortuko dituzte. Hondakindegi hauek balio behar dute lurzorua bere onera ekartzeko, kanpaina arkeologiko bakoitza amaitu ondoren, behin betiko amaitu arte itxaron gabe. Inoiz ere ezingo dira indusketaren ondorioz ateratako lurrak monumentu-multzoaren mugaketaren barruko eremuan jaurti. Baimena eskatzeko aurkezten den proiektuak baldintza horiek guztiak beteko dituela bermatu beharko du. Osterantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, proiektua onartu baino lehen, baldintza horietara egokitzea exijituko du.
B) Aztarnategiaren egituretan, lurzoruan eta zorupean esku hartzeko proiektuak.
Aztarnategi honetako lurzoruan eta zorupean edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Gipuzkoako Foru Aldundiak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzeko proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gotorlekuen hondakinak sendotzeko eta zaharberritzeko proiektuari baimena emateko, proiektuak bi sinadura beharko ditu: lanak koordinatuko dituen arkeologoaren sinadura, eta material mota hauetan aplikatzen diren teknika berezietan aditua den zaharberritzaile profesional baten sinadura. Horren ardura izango da kasu bakoitzean tratamendurik egokienak ezartzea.
Proiektu horrek honako hauek jaso beharko ditu: babestu beharreko egituren edo hondakinen azterketa zehatza, zer esparrutan kokatzen diren, kontserbazio-arazoak, agente degradatzaileak etab. Azterketa horretatik abiatuta, egitura edo hondakin horiek garbitzeko, egonkortzeko eta luzaroan kontserbatzeko tratamendu egokienak aztertuko dira, betiere premisa bikoitz batean oinarrituta: batetik, tratamenduak itzulgarriak direla bermatuko da, eta, bestetik, kaltetutako egituraren zatiak ahalik eta gutxien berrituko dira, hau da, justu luzaroan hobeto kontserbatuko direla bermatzeko balioko duen heinean berrituko dira.
C) Balioa emateko proiektuak.
Monumentu-multzoari balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa baten bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna izango da berme horiek eskatzea administrazioari edo proiektua sustatu duen erakunde pribatuari edo publikoari, jarduera gauzatzeko baimena eman aurretik.
7.2.3.– Instalazio berriak eta horien seinaleztapena.
Instalazio berriak egitea proposatzen bada, ikerketarako edota monumentu-multzoari balioa emateko beharrezkoak direnak bakarrik baimenduko dira.
Seinaleztapen- zein azalpenezko azpiegitura-proiektuak 2. gunetik aurrera instalatuko dira, ahal bada. Dena den, ahalik eta instalazio gutxien eta txikienak egingo dira, betiere inpaktu bisuala gutxitzea hartuta irizpide orokor gisa. Era berean, egiturak zein instalazioak erraz desmuntatzeko modukoak izango dira. Instalazio horiek egiteko materiala, ahal dela, zura izango da.
8. artikulua.– 2. gunean gauzatu daitezkeen beste jarduera batzuk.
8.1.– Basogintzako lanak.
Egun dauden zuhaiztiak mantendu egingo dira. Natura-ingurunea behar bezala babesteko beharrezkoa bada eta hori horrela dela justifikatzen bada bakarrik zabalduko da zuhaizti-eremua.
Dena den, lur-mugimendu txikiena ere sor dezakeen edozein jarduera egin baino lehen, horrek eragindako gune osoa hartuko duen ikerketa arkeologikoari buruzko proiektu bat egin beharko da. Zuhaitz-landatzerik edo baso-berritzerik egin ahal izango da bakar-bakarrik esku-hartze arkeologikoa burutu ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusten badu baso-erabilera berria bateragarria dela azaleratutako aztarna berriekin.
Oro har, debekatuta daude baso-soilketa edo arraseko mozketak. Zuhaitzik moztu behar izanez gero, ikusita lurzorua zein ahula den, honako neurri hauek hartu beharko dira naturaren eta kulturaren ikuspegitik:
– Mozketa soila onartuko da bakarrik, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo -ateratzeari begira.
– Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza horiek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.
– Nolanahi ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundian kultura gaietan eskumena duen departamentuari, berak aurretik baimena eman dezan.
8.2.– Abeltzaintzako lanak.
Eremu horretan, abeltzaintzako lanak egin ahalko dira. Hala eta guztiz ere, jarduera horrek ez du inoiz ekarriko natur-gunearekin bat ez datorren eta abereak ukuiluratzeko edo ustiatzeko eskuarki erabiltzen den egiturarik.
Larreak berritzeko lur-mugimendurik egin behar bada, lurpeko balizko aztarnek kalterik ez dutela izango bermatuko duen esku-hartze arkeologikoa egin beharko da aurretik. In situ babestu beharreko egitura berririk aurkitzen bada, hantxe bertan babesteko behar diren neurriak hartuko dira.
Babes-araubide honek berariaz debekatzen ditu jarduera horretarako beharrezko diren instalazio edo eraikinak.
9. artikulua.– Jarduera eta elementu degradatzaileak.
9.1.– Ehiza-postuak eta beste egitura batzuk.
Gaur egun, hainbat ehiza-postu dago babes-gunean, eta toki horretan hainbat ehiza-jarduera egiten da; hori ondo adierazten dute dauden postu- eta munizio-hondakinak. Debekatuta geratzen da ehiza-gunean egiturak edo eraikinak –ehiza-postuak– altxatzea, unean unekoak izan, aldi baterakoak zein bestelakoak.
Debekatuta geratzen da ondarea babestea edo balioestea helburu ez duten seinaleztapen-elementu edo -azpiegitura berriak jartzea (mugarriak, banderak, seinaleak, postontziak etab.) eta, ahal den neurrian, gaur egun daudenak kendu egingo dira.
9.2.– Pistak.
Espresuki debekatzen da ibilgailu motordunak jolaserako erabiltzea babesgunearen barruan (1. eta 2. guneak); segurtasuna, zainketa, suteak, edo kultura eta naturaren aldetik gunearen beraren kontserbazio-beharrak badaude bakarrik onartuko da ibilgailu motordunen erabilera. 2. gunean dauden pistak mantendu ahalko dira, betiere garbiketa- edo berritze-lanak egin behar izanez gero Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondare gaietan eskumena duen zerbitzuak onartutako proiektu arkeologikorik badago.
III. KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK
10 artikulua.– Gizarte-interesa.
Desjabetze-ondorioetarako, Beloaga Gazteluaren eta Arkaleko gotorleku-multzoaren arkeologia-gunea monumentu-multzo izendatzea gizarte-interesekotzat hartuko da, betiere Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 21. artikuluaren arabera.