EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2015102

1139/2015 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide taldeko medikuen kategorian (familiako medikuntzako lanpostu funtzionala) lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak onetsi dira.

Xedapenaren zenbakia: 201501139
Xedapenaren data: 2015-05-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201502445
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/06/03an argitaratutako 2015/05/28ko 201501135 EBAZPENA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 1135/2015 Ebazpenaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko 2014an eta 2015ean deitu diren hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onetsi dira.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoei buruzko deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak eta Osakidetza Ente Publikoko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezarritakoarekin eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-probak deitzea.
Bigarrena.– Medikuen kategorian (familiako medikuntzako lanpostu funtzionala) lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak onestea, I. eranskinean agertzen direnak. Aipatutako kategoria fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide taldekoa da, eta destinoak Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetakoak izango dira.
Hirugarrena.– Ebazpen honekin batera agertzen den II. eranskinean eskainitako destinoen zerrenda onestea.
Laugarrena.– Merezimenduen baremoa onestea, ebazpen honen III. eranskinean dagoena.
Bosgarrena.– Dagokion gai zerrenda onestea, ebazpen honen IV. eranskinean dagoena.
Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
I. ERANSKINA
MEDIKUEN KATEGORIAN (FAMILIAKO MEDIKUNTZAKO LANPOSTU FUNTZIONALA) OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN LOTURA ESTATUTARIO FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTUKO DUTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK. AIPATUTAKO KATEGORIA FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE TALDEKOA DA, ETA DESTINOAK OSAKIDETZAKO-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKOAK IZANGO DIRA
1.– DEIALDI HONETAN ESKAINTZEN DIREN DESTINOAK.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira medikuen kategoriako (familiako medikuntzako lanpostu funtzionala) destinoak. Aipatutako kategoria fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide taldekoa da, eta destinoak Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetakoak izango dira, II. eranskinean bilduak.
1.2.– Deitutako destinoen % 7 gordeko dira desgaitasuna duten langileek betetzeko, oinarri orokorren 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera. Horiek II. eranskinean adierazi dira.
2.– IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.
Izangaiek ebazpen honetan arautzen den deialdian parte har dezaten, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean oinarri orokorretan eskatzen diren baldintzez gain, beste hauek ere bete beharko dituzte, oinarri orokorretan jasotzen diren salbuespenak izan ezik, eta, hala bada, destinoaz jabetu arte mantendu behar dituzte:
a) Hurrengo tituluak edukitzea edo lortzeko moduan egotea: Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziaturaren titulua, eta Familiako eta komunitateko medikuntzako espezialistarena, eta Osasun Sistema Nazionalean medikuntza orokorreko medikuen funtzioei buruzkoa den ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuak ezarritako titulu, egiaztagiri edo diplometako bat, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera.
b) Edozein kasutan ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak bete behar dira, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak ezarritakoaren arabera eta indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozeinen arabera.
c) Inskripzio-eskubide hauek ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan, eskainitako destinoen titulazio-taldearen arabera:
A1 taldea (antzinako A taldea): 25 euro.
3.– OPOSIZIO-LEHIAKETAREN NONDIK NORAKOA.
3.1.– Oposizioaldia.
Epaimahaiari dagokio probaren edukia eta iraupena zehaztea. Galdetegi bati idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Era berean, aipatutako eranskinean bibliografia ere sartuko da proba prestatzeko.
3.2.– Oinarri orokorren 14. oinarrian ezarritako puntuazio hurrenkeraren arabera izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, baita 14.2 oinarrian aipatzen den dokumentazioa ere:
– Ondoko agirion fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza: Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziatura eta lanpostu funtzionala gauzatzeko eskatzen den edozein espezialitatetako titulua edo Osasun Sistema Nazionalean medikuntza orokorreko medikuen funtzioei buruzkoa den ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuak ezarritako titulu, egiaztagiri edo diplometako bat, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera.
3.3.– Lehiaketaldia.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.
3.4.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. atalean aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honen xede diren destinoetako baten batez jabetzen direnek ondorengo agiria aurkeztu beharko dute jabetzeko ekitaldian:
– Elkargoko kide izatearen ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: MEDIKUA LANPOSTU FUNTZIONALA: FAMILIAKO MEDIKUNTZAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA
Osakidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 1135/2015 Ebazpenak onetsitako oinarri orokorren 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, honako destino hauek deitu dira:
● Barne-sustapeneko txandaren deialdia: 24 destino.
Sarbide orokorra: 22.
Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 2.
– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 2.
● Txanda irekiaren deialdia: 88 destino.
Sarbide orokorra: 82.
Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 6.
– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 6.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.
Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.
2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzean zehaztuko dira.
III. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE TALDEKO MEDIKUEN KATEGORIAREN (FAMILIAKO MEDIKUNTZAKO LANPOSTU FUNTZIONALA) MEREZIMENDUEN BAREMOA
1) LAN ESPERIENTZIA: 45 puntu, gehienez.
Eskabideak aurkezteko azken egunera arte izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora zenbatuko da.
1.– Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, lehiatzen den kategoria berean, kupoko eta zonako mediku orokor gisa, Etengabeko Arretako Guneko mediku orokor gisa eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko mediku orokor gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu.
2.– Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, ospitaleko larrialdietan, emergentzietako lurralde unitateetan eta etxeko ospitalizazioan mediku gisa, barne medikuntzako mediku gisa, Lehen Mailako Arretako pediatra gisa edo ikerlari gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,10 puntu.
3.– Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, legez onartutako beste edozein espezialitatetan mediku gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Landa-eremuetan Lehen Mailako Arretan errefortzu-izendapena duten langileek egindako zerbitzuak kalkulatzeko, egindako zerbitzuen hilabete osoa aitortuko zaie, ondorengo arauen arabera kalkulatuta:
a) Hilabete bat, edo proportzionalki dagokiona, egindako ehun eta berrogeita bost ordu edo zati bakoitzeko.
b) Hilabete natural batean ehun eta berrogeita bost ordu baino gehiago eginez gero, hilabete bat bakarrik baloratuko da, eta soberako orduak ezin izango dira emandako zerbitzuen konputurako aplikatu a) arauak dioenenaren arabera.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
Barne-sustapeneko txandan lehiatzen direnei honela zenbatuko zaizkie aurretiko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
e) A taldean eskainitako zerbitzuak: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.
f) Lehiatzen den lanpostu berean egindako zerbitzuak: 0,20 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoriako funtzioetan eskainitako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, zerbitzu berezietako egoeran eskainitako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira.
2) PRESTAKUNTZA, IRAKASKUNTZA ETA IKERKUNTZA (35 puntu, gehienez):
Atal honen barruan ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduatu aurreko prestakuntza (5 puntu, gehienez):
Espediente akademikoaren balorazioa honela lortuko da ondorengo hipotesien kasuan:
((bikain kopurua X 6) + (ohorezko matrikula kopurua X 9)) / irakasgai guztien kopurua
Ez dira ebaluatuko eta, horrenbestez, ez dira zatitzailean agertuko ondorengo ikasgaiei dagozkien kalifikazioak edo baliozkotze ofizialaren helburu izan direnak: erlijioa, heziera politikoa, heziketa fisikoa, hizkuntzak, edo Medikuntzako Lizentziaturaren ikasketen oinarrizko edukiarekin lotura nabarmenik ez duten beste ikasgai batzuk.
b) Gradu ondoko prestakuntza (18 puntu, gehienez):
– Doktorea: 15 puntu.
– Cum laude doktorea: 18 puntu.
– Gradu ondoko masterra: 7,5 puntu.
– Unibertsitate-aditua edo -espezialista: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 5 puntu.
– Lizentziaturako gradua (bikaina edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (10, gehienez): 0,50 puntu.
– Lotutako goi-mailako beste titulazio bat: 4 puntu.
Doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak ez dira baloratuko.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Familia eta komunitateko medikuntzako espezialitatean prestakuntza aldi osoa egoiliar gisa bete duten goi-mailako tituludunak: 15 puntu.
2.– Familia eta komunitateko medikuntzako espezialitatean prestakuntza aldi osoa egoiliar gisa graduondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen atzerriko zentro batean bete duten goi-mailako tituludunak, titulua Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak baliokidetuta badu: 15 puntu.
3.– Familia eta komunitateko medikuntzako espezialitateko titulua lortzeko hobekuntza ikastaroa gainditu duten goi-mailako tituludunak, 264/1989 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, eta Familia eta komunitateko medikuntzako espezialitateko titulua lortzeko prestakuntza osagarria egin eta ebaluazio kliniko objektibo egituratua gainditu duten goi-mailako tituludunak, uztailaren 31ko 1753/1998 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera: 5 puntu.
4.– Beste espezialista-titulu bat edo batzuk dituzten izangaiak, betiere titulu horiek BAME programako egoiliar gisa prestakuntza aldian lortutakoak badira, edo graduondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen atzerriko zentro batean prestakuntza aldi osoa bete badute: 1 puntu.
5.– Espezialistako beste titulu bat edo batzuk dituzten izangaiak (BAME bidez ez): 0,5 puntu.
d) Etengabeko prestakuntza (20 puntu, gehienez):
Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 orduko edo hortik beherako ikastaroak: 0,25 puntu.
– 10-19 orduko ikastaroak: 0,75 puntu.
– 20-29 orduko ikastaroak: 1,25 puntu.
– 30-49 orduko ikastaroak: 2 puntu.
– 50-99 orduko ikastaroak: 3 puntu.
– 100-249 orduko ikastaroak: 4 puntu.
– 250-599 orduko ikastaroak: 5 puntu.
– 600 orduko edo hortik gorako ikastaroak: 6 puntu.
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua besterik adierazten ez den kasuetan, puntuazioa emateko orduan, era honetan erabakiko da kreditu eta orduen arteko baliokidetasuna:
– ECTS Europako kreditu sistemako kreditu bakoitzeko, 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko, 10 ordu.
Alderantziz, kreditu eta orduen arteko baliokidetasun hori bestelakoa denean, edo ikastaroaren ziurtagirian adierazitako kredituak ez direnean aurreko atalean zehaztutako berak, edota agirian ez bada zehazten ikastaroaren iraupena edo kreditu kopurua, epaimahaiak, aurkeztu zaizkion ziurtagiriak eta ikastaroaren edukiak aztertu ondoren, dagokion puntuazioa emango dio izangaiari; betiere, 0,25ekoa edo hortiko gorakoa.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
Etengabeko prestakuntzari dagokionez –aurreko ataletan ezarritako baldintzekin bat datorrena–, 500 ordu baloratuko dira urte bakoitzeko, gehienera jota, ordutan zein kreditutan ziurtatuta daudela ere.
e) Irakaskuntza jarduera (10 puntu, gehienez):
– Fakultateko / Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Fakultateko / Unibertsitate Eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Hala denean, dena delako espezialitatean egoiliarrentzako irakaskuntzan akreditatutako tutorea (urteko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
f) Jarduera zientifikoak eta ezagutza hedatzekoak (15 puntu, gehienez):
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak, txosten-aurkezpenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk) 1 puntu.
Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
Tesinako: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
g) Hizkuntzak (10 puntu, gehienez):
Ingelesa: 6 puntu, gehienez.
Frantsesa: 6 puntu, gehienez.
Alemana: 6 puntu, gehienez.
h) Informatika ezagutzak (2 puntu, gehienez).
3) EUSKARA.
2. HE: 18 puntu.
1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
FAMILIAKO MEDIKUEN GAI-ZERRENDA
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA.
1.– Osasunaren Lehen Mailako Arreta. Osasunaren eta gaixotasunaren ikuspegi biopsikosoziala.
2.– Jarduera kudeatzea eta antolatzea Lehen Mailako Arretako taldean. Talde-lana.
3.– Osasunaren ekonomia. Oinarrizko kontzeptuak: efikazia, efizientzia, eraginkortasuna eta ekitatea.
4.– Ikerkuntzaren oinarrizko estatistika eta metodologia Lehen Mailako Arretan.
5.– Osasunerako prebentzioa, sustapena eta heziketa. Prebentzio-jarduerak egiteko eta osasuna sustatzeko programa (PAPPS). Euskadiko txertaketa-egutegia.
6.– Epidemiologia. Maiztasun-neurriak. Arriskua eta asoziazio kausala. Proba diagnostikoen eta screening proben baliozkotasuna.
7.– Dokumentazio klinikoa. Historia kliniko informatizatua. Ziurtagiriak. Txostenak eta parteak.
8.– Arretaren kudeaketa: Kudeaketa Klinikoa, Kalitatearen Kudeaketa. Erantzukizun profesionala. Ezintasun iragankorra. Nahitaez adierazi beharreko gaixotasunak.
9.– Ebidentzian oinarritutako Medikuntza (EOM). Praktika klinikoko Gidak.
10.– Gaixotasun terminala. Sintomen kontrola. Doluaren eta zaintzailearen arreta. Paziente, zaintzaile eta familiaren balorazioa. Erabakiak aldez aurretik planifikatzea.
11.– Familia-plangintza. Haurdunaldi arruntaren kontrola. Menopausia.
12.– Osasun-mentaleko arazoak: Depresioa. Antsietatea. Moldaera-trastornoak. Loaren trastornoak. Psikofarmakoak.
13.– Mendekotasun-arriskuko jokabideak. Tabakismoa, alkohol gehiegi hartzea, beste drogazaletasun batzuk.
14.– Gaixotasun kardiobaskularra. Arteria-hipertentsioa. Kardiopatia iskemikoa. Gaixotasun zerebrobaskularra. Bihotz-gutxiegitasuna. Patologia baskular arterial eta benosoa. Sinkopea. Arritmiak.
15.– Diabetes mellitusa. Obesitatea. Dislipemiak. Nutrizioa eta osasuna. Hiperurizemia.
16.– Arazo digestiboak Lehen Mailako Arretan. Errefluxu gastro-esofagikoak eragindako gaixotasuna, Ulkusa, Hepatopatia kronikoa, Idorreria, Dispepsia, Neoplasia digestiboak, Hesteetako gaixotasun inflamatorioa, Beherako akutu kronikoa, Heste narritakorraren sindromea, Uzki-ondesteko patologia onbera, Alterazio biokimiko hepatikoa, Odoljario digestiboa, Abdomeneko min akutua, Pankreatitisa, Gastropatia AINE-engatik.
17.– Nerbio-sistema. Semiologia neurologikoa. Zefaleak. Dardara. Zorabioa eta sinkopea. Neuropatiak. Narriadura kognitiboa eta dementzia.
18.– Arnas-patologia: Asma, Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa, Komunitatean hartutako pneumonia, Eztula, Hemoptisia, Disnea, Biriketako neoplasiak, Arnas-miaketa funtzionala, Azterketa osagarriak (Analitika eta Erradiologia), Toraxeko mina.
19.– Dermatologia. Larruazaleko lesio elementalak eta afekzio dermiko ohikoenak: Pruritoa, Larruazaleko tumoreak, Psoriasia, Larruazaleko mikosiak, Ekzemak, Aknea, Akne arrosa, Lesio Besikuloanpoilosoak, Lesio eritematosoak.
20.– Hezur eta artikulazioen patologia: Artritisa, Artrosia, Osteoporosia, Lunbalgia, Sorbalda minbera, Zerbikalgia.
21.– Hematologia. Anemiak. Diagnostiko diferentziala. Tratamendu antitronbotikoa.
22.– Patologia nefrourologiko ohikoena Lehen Mailako Arretan. Gernu-infekzioak. Patologia prostatikoa. Urolitiasia. Giltzurrunetako gaixotasun kronikoa. Hematuria Proteinuria.
23.– Adinekoen arreta. Adineko ahularen eta mendekotasunaren kontzeptua; baloratzeko tresnak. Diagnostiko diferentziala eta jarrera narriadura kognitiboan eta dementzietan. Adineko pazientearen medikazioa. Beste sindrome geriatriko batzuk: Erorikoak. Gernu-inkontinentzia.
24.– Arazo infekziosoak. Tuberkulosia, Bruzelosia, Salmonelosia, Hepatitisa, HIESa eta bestelako STGak: Epidemiologia, Diagnostikoa. Prebentzioa. Sukar-sindromea. Gripea. Antibiotikoen erabilera. Bidaiarientzako aholkuak.
25.– Proba diagnostikoen zentzuzko erabilera Lehen Mailako Arretan.
26.– Elkarrizketa klinikoa Lehen Mailako Arretan. Erdi-egituratutako elkarrizketa klinikoaren faseak.
27.– Osasun-arazoei familia-ikuspegitik heltzea. Familiaren bizi-zikloa.
28.– Larrialdiak eta Emergentziak Lehen Mailako Arretan: Bihotz-biriketako bizkortze oinarrizkoa eta aurreratua. Hiper eta hipogluzemiak. Anafilaxia. Konbultsio-krisia. Agitazioa. Intoxikazioak. Sindrome koronario akutua. Krisi hipertentsiboa. Biriketako edema akutua. Asma-krisia.
29.– ORL-patologia ohikoena Lehen Mailako Arretan. Faringoamigdalitisa, Otitisa, Sinusitisa, Bertigoa. Hipoakusia. Akufenoak. Disfonia. Errinitisa. Epistaxia.
30.– Oftalmologiako patologia ohikoena Lehen Mailako Arretan. Begi gorrituaren patologia diferentziala. Konjuntibitisa.
31.– Hiper eta hipotiroidismoa. Nodulu tiroideoa. Bozioa.
32.– Medikamentuen zentzuzko erabilera Lehen Mailako Arretan. Arrazoitutako preskripzioa. Berrikuntza terapeutikoa. Segurtasuna. Farmakozaintza.
33.– Ahoko patologia: Glositisa, Neoplasiak, Aftak. Gaixotasun periodontala.
34.– Oinarrizko arazo traumatologikoekin jarduteko era Lehen Mailako Arretan.
35.– Bioetika. Oinarrizko printzipioak. Pazientearen autonomiari buruzko legea.
36.– Komunitateari zuzenduriko arreta. Parte-hartze eta esku-hartze komunitarioa.
37.– Genero indarkeria. Lehen Mailako Arretako profesionalen jokabidea.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA.
1.– Osasun Lanbideen Araudiko arau orokorrak. Osasun Lanbideetan jardutea. Profesionalen partaidetza.
2.– Osasun Sistema Nazionaleko kohesio eta kalitatearen xedapen orokorrak. Prestazioak. Kalitatea. Parte-hartze soziala.
3.– Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren Legea: arau orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Langile estatutario finkoaren izaera lortzea eta galtzea. Ordainsariak. Lanaldia, baimenak, lizentziak. Bateraezintasunak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea: xedapen orokorrak. Euskadiko Osasun Sistema: Araudia eta Herritarren eskubideak eta eginbeharrak. Programa-kontratua. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren eraketa. Zuzendaritza-antolakuntza. Gestio-araubidea.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren definizioa. Xedeak. Zuzendaritza-antolakuntza: zerrenda. Zuzendaritza Nagusia: eraketa. Zerbitzu-erakundeak: legezko aitorpena.
6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
7.– Pazientearen autonomiaren gaineko printzipio orokorrak eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomia errespetatzea. Historia klinikoa. Alta txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.
8.– Borondate aurreratuak osasun-eremuan.
9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Jabetza publikoko fitxategiak.
10.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.
11.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak. 2013-2020.
12.– Lerro estrategikoak eta ekintza-planak. Osakidetza. 2013-2016.
13.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza. 2013-2016.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.
15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana. 2013-2019.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Tratado de Medicina Familiar y Comunitaria (semFYC).
ISBNa: 978-84-9835-585-7. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
2.– Martín Zurro, A.; Cano Pérez, If.; Gené Badia, j.: Atención Primaria. Principios, organización y métodos en medicina de familia y Atención Primaria. Problemas de salud en la consulta de medicina de familia, 7. argit. Elsevier, 2014.
ISBNa: 9788490228678.
3.– Guía de actuación en Atención Primaria, 4. argit. + autotesta + CD ROMa.
ISBNa: 978-84-15037-04-0. Argitaratze-data: 2011ko apirila.
4.– Manual de exploración física.
ISBNa: 978-84-15037-36-1. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
5.– Guía de ayuda al diagnóstico en Atención Primaria. 2. argit.
ISBNa: 9788496761780. Argitaratze-data: 2009ko azaroa.
6.– Guía terapéutica en Atención Primaria. 5. argit.
ISBNa: 978-84-15037-36-1. Argitaratze-data: 2010eko martxoa.
7.– INFAC buletin farmakoterapikoa.
CEVIME Medikamentuei buruz informatzeko euskal zentroa.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkfarm02/eu/contenidos/informacion/cevime/eu_miez/r01hRedirectCont/contenidos/informacion/cevime_infac/eu_miez/2015.html
8.– Lehen mailako arretako medikamentu berrien ebaluazioa.
CEVIME Medikamentuei buruz informatzeko euskal zentroa.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkcevi02/eu/contenidos/informacion/cevime_atencion_primaria/eu_miez/medikamentu_berriak.html
9.– Guía de Terapéutica Antimicrobiana del Área Aljarafe. 2. argit.
ISBNa: 978-84-695-3060-3. Argitaratze-data: 2012.
http://www.guiasalud.es/GPC/GPC_479_Antimicrobianos_Area-Aljarafe_2ed_2012.pdf (gaztelaniaz)
10.– Manual de Urgencias y Emergencias, 2. argit.
ISBNa: 978-84-15037-23-1. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
11.– Entrevista clínica. Manual de estrategias prácticas.
ISBNa: 84-96216-44-6. Argitaratze-data: 2004ko ekaina.
http://comunicacionysalud.es/wp-content/uploads/EntrevistaClinica_2004.pdf (gaztelaniaz)
12.– PAPPS, Osasuna sustatzeko ekintzen eta prebentzioko jarduera programa. 2014an eguneratua.
http://www.papps.es/upload/file/PAPPS_2014.pdf (http://www.papps.es/) (gaztelaniaz)
13.– Euskadiko txertaketa egutegia.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/vacunas/eu_4045/adjuntos/calendario%20vacunal%202015%20eusk.pdf
14.– Txertaketak pertsona helduetan
http://www.fisterra.com/guias-clinicas/consideraciones-generales-calendario-basico-vacunaciones-adulto/ (gaztelaniaz)
15.– Documento de consenso sobre prevención de la fragilidad y caídas en la persona mayor. Estrategia de Promoción de la Salud y Prevención en el SNS. 2014.
http://www.msssi.gob.es/profesionales/saludPublica/prevPromocion/Estrategia/docs/FragilidadyCaidas_personamayor.pdf (gaztelaniaz)
16.– Ikerketa-metodologia.
http://www.fisterra.com/mbe/investiga/index.asp (gaztelaniaz)
17.– Ebidentzian oinarritutako Medikuntza (EOM).
Medicina basada en la evidencia. Cómo ejercer y enseñar la MBE. 3. argit.
ISBNa: 9788481744408. Argitaratze-data: 2005eko azaroa.
18.– Osasun Sistema Nazionaleko Praktika Klinikoko Giden liburutegia.
Guiasalud ataria: http://portal.guiasalud.es/web/guest/home (gaztelaniaz)
19.– Bioetika.
http://www.fisterra.com/formacion/bioetica/ (gaztelaniaz)
20.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena.
21.– Nola abiarazi esku-hartze komunitarioko prozesu bat osasun zentro batean?
http://www.obsaludasturias.com/obsa/wp-content/uploads/recomendacionesPACAP1.pdf (gaztelaniaz)
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 175/1989 Dekretua, uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko paziente eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren karta onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Borondate Aurreratuei buruzkoa.
9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Jabetza publikoko fitxategiak.
10.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/lineas_estrategicas_%20euskera.pdf
11.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak. 2013-2020.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/osasun_plana_2013_2020.pdf
12.– Lerro estrategikoak eta ekintza-planak. Osakidetza. 2013-2016.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkpubl02/eu/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/estrategia/lerroEstrategikoakOsakidetza.pdf
13.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza. 2013-2016.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/l_e_sociosanitarias_eu.pdf
15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana. 2013-2019.
http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_euskera/eu_osk/adjuntos/euskararenPlanaEu.pdf