EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-05-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2015098

66/2015 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen kapital-zabalkundean parte hartzeko baimena emateko dena.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201500066
Xedapenaren data: 2015-05-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201502345
Maila: Dekretua
2015eko martxoaren 30eko bilkuran, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 4.559.700 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren bazkidea denez, lehentasunezko eskubidea du lehen aipatu den sozietate publikoaren Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoaren arabera.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikulua honako hau xedatzen du: Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren helburu soziala hau da:
a) Enpresa-sustapenean laguntzea, azterlanak eginez eta kudeaketaren, ekonomiaren, teknikaren alorretan nahiz enpresa-interesekoak diren beste batzuetan zerbitzuen aholkularitza emanez.
b) Enpresa berrien sorrera eta lanean ari direnen hedapena sustatzea, arreta berezia jarrita garapen teknologikoan eta esportazioan.
c) Enpresen arteko jarduera komunak eta lankidetza-esparrukoak sustatzea, horrela haien lehiakortasuna handitzen bada.
d) Laguntza osagarria ematea enpresak onbideratzeko eta birmoldatzeko prozesuetan ari diren alde guztien ahaleginetan, betiere haiek bideragarritasun-baldintza objektiboak beteta.
e) Prozesu berriak, produktu berriak eta haiei lotutako zerbitzuak ikertzeko eta garatzeko proiektuak sustatzea.
f) Xedeak betetzearekin zerikusia duen beste edozein.
Horietaz gain, sozietateak beste hau ere egin dezake bere helburuak betetzeko:
1.– Diru-laguntzak ematea, epe luzean zein ertainean, interes-tasa berezia duten baldintzetan ematen badira ere; baita enpresentzako abalak ere, Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauekin bat.
2.– Parte hartzea interes partikularreko enpresen kapital sozialean, eta zeharka zati batean edo osotasunean bere helburu sozialaren parte diren jarduteak garatzea, beste sozietate batzuen akzioen edo partizipazioen titulartasunaren bidez, baldin eta sozietate horiek helburu bera badute edo euren helburua sozietatearen helburuaren parte edo antzekoa bada. Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik eman behar du jardute horiek guztiak egiteko, eta kasu bakoitzean xedatzen diren eskakizunak bete beharko dira.
3.– Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzea, eta aurrezki instituzionalaren funts publikoen koefizientearekin batera zenbatu daitezke.
4.– Maileguak jasotzea finantza-entitate publiko eta pribatuetatik. Araubide berezikoak izango dira aurrezki-kutxek ematen dituzten maileguak, indarreko legeetatik eratorritako forman eta baldintzetan.
5.– Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorretik eta beste instituzio eta erakunde publiko batzuetatik, bai eta sektore publiko estataletik ere.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko maiatzaren 19an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-gehikuntza egiteko, lau milioi bostehun eta berrogeita hemeretzi mila eta zazpiehun (4.559.700 ) euroko zenbatekoan; baita bera batzarrean adierazitako terminoetan eta epeetan ordaintzeko ere. Horren ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatu behar dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.n izango duen partaidetza zuzena % 99,04koa izango da.
2. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa egiteko behar diren jarduteak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.