EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2015097

AGINDUA, 2015eko apirilaren 7koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuak onartzen dituena.

Xedapenaren data: 2015-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201502320
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/08/09an argitaratutako 2011/07/26ko 201100177 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuak onartzeko eskaeraren espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Uztailaren 2ko 177/2011 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua sortu zen.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuak onartzeko eskaera sartu zen, dagokion dokumentazioarekin batera, eta espedientea izapidetu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eskatu zitzaion zuzen zitzala aurkeztutako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta, 2015eko otsailaren 6an, estatutuak jaso ziren behar bezala beteta.
Laugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargo eta kontseiluen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak onartzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua betetzen da, bai eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35. artikulua ere.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuak onartzea.
Bigarrena.– Agindu hau argitaratzeko agindua ematea, bai eta aipatutako kontseiluaren estatutuak ere, agindu honen eranskin gisa.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 7a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ALBAITARIEN KONTSEILUAREN ESTATUTUAK
ATARIKO TITULUA
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua zuzenbide publikoko korporazioa da, eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak aitortu eta babesten du. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dauzka, eta haren helburua da Araba, Gipuzkoa Eta Bizkaiko albaitarien elkargo ofizialen ordezkari gorena izatea eta haien arteko koordinazioa eta lankidetza gauzatzea, gizartearen eta ordezkatzen dituen elkargoen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriz.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua 18/1997 Legearen eta estatutu hauen arabera arautuko da. Kontseiluaren barne-egitura eta funtzionamendua demokratikoak izango dira.
3. artikulua.– Kontseiluaren izena izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua. Helbidea txandakakoa izango da; hau da, unean-unean lehendakaritza daukan elkargoaren egoitzan egongo da, alde batera utzita non egiten diren batzar eta bilkurak, ohikoak zein ezohikoak. Elkargoaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiona da.
LEHENENGO TITULUA
LEHENENGO ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ALBAITARIEN KONTSEILUAREN EGINKIZUNAK
4. Artikulua.– Kontseiluaren beraren eginkizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari dagokio, bere lurralde-eremuan, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 42. artikuluak ematen dizkion eginkizunak betetzea.
2.– Eskumen orokorra alde batera utzi gabe, oinarrizko eginkizun hauek ditu berariaz esleituta:
a) Gobernuaren arau-egitasmoen txostenak egitea, 18/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritako moduan.
b) Lanbidea legez eta behar bezala bete dadin zaintzea, eta, era berean, Kontseilu honetan biltzen diren Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialen funtzionamendua egokia izan dadin begiratzea; xedea herritarren eskubideak errespetatzea eta erdiestea izango da.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialen jarduera koordinatzea, elkargoen artean sortzen diren gatazkak arbitraje bidez ebatziz.
d) Albaitaritzako lanbidearen arau deontologikoak bildu eta prestatzea, eta arau horiek bete daitezen arduratzea.
e) Elkargoen egintzen aurkako errekurtsoak erabakitzea.
f) Diziplina-ahalmenaz baliatzea, elkargoetako eta Kontseiluko gobernu-organoetako kideei dagokienez, 18/1997 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
g) Bere estatutuak onartu eta aldatzea, 18/1997 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
h) Bere aurrekontua onartzea, eta elkargokide-kopuruaren arabera, elkargoek Kontseiluaren gastuetan izan behar duten partaidetza finkatzea.
i) Elkargoen funtzionamenduari buruz egin daitezkeen kexen gaineko ebazpenak ematea.
j) Administrazioak eskuordetzan ematen dizkion eginkizunak betetzea, 18/1997 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.
k) Osasun arloko profesionalen erregistro publikoa sortu eta mantentzea.
l) Albaitari-lanbiderako onuragarriak edo interesgarriak diren eginkizun guztiak betetzea, Kontseiluaren helburua betetzera bideratzen badira, bai eta legeek emandako edo euskuordetzan emandako beste edozein eginkizun ere.
BIGARREN ATALA
GOBERNU-ORGANOEN ANTOLAKETA ETA OSAKETA
5. artikulua.– Hona hemen Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren gobernu-organoak: Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta Lehendakaritza Organoa.
1.– Osoko Bilura.
6. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkura hamabi kidek osatuko dute, elkargo bakoitzetik lauk.
Elkargo bakoitzeko kideetako bat elkargoaren lehendakaria izango da nahitatez. Osoko Bilkurako gainontzeko kideak elkargo bakoitzeko gobernu-batzordeek izendatuko dituzte.
7. artikulua.– Kontseilari guztiek izango dute hitz egin eta botoa emateko eskubidea Osoko Bilkuran, eta berdinketa dagoen kasuetan lehendakariaren kalitateko botoa izango da erabakigarria. Kontseilariek Osoko Bilkurako beste kideren bati eskuordetu ahal izango diote beren botoa.
8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko lehendakaritza txandakatu egingo da; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargoetako lehendakariak izango dira, bi urtez bakoitza. Lehenengo eta behin, Bizkaiko Albaitarien Elkargokoa izango da lehendakari, eta, gero, hurrenkera honetan, Gipuzkoako Elkargokoa eta Arabako Elkargokoa.
Kontseiluko lehendakariak kargua utziko du bere elkargoko lehendakari izateari uzten dionean, eta, behin-behinean, lehendakariordeak ordeztuko du, harik eta elkargo horretako lehendakari berriak ordezten duen arte.
9. artikulua.– Kontseiluko Osoko Bilkurako kide izendatzeko, Arabako, Gipuzkoako edo Bizkaiko elkargoetako gobernu-batzordeko kide izan behar da.
10. artikulua.– Osoko Bilkurako kideek kargua utziko dute bi urte igarotakoan, lehendakaritzako ohiko txanda-aldaketa egiten denean; dena dela, automatikoki berriro kargu bera izendatuko zaie, dagokien elkargoetako gobernu-batzordeek hala erabakitzen badute.
Era berean, automatikoki kargua utziko dute dagokien elkargoko gobernu-batzordeko kide izateari uzten diotenean, eta elkargoan haien tokia hartzen dutenek ordeztuko dituzte Osoko Bilkuran.
11. artikulua.– Osoko Bilkurako kideren batek kargua uzten duenean, kide horri dagokion elkargoko gobernu-batzordeak haren ordezkoa izendatuko du, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen baditu.
12. artikulua.– Osoko Bilkurako kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideek honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Kontseiluan aktiboki parte hartzea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin, erabaki, ekimen eta jarduera guztietan.
b) Beren autonomiari eustea, beren lurraldeko eta esparruko berariazko arlo, gai eta eskumenei dagokienez.
c) Kontseiluko kontuen egoerari eta finantza eta ondarearen egoerari buruzko informazioa jasotzea.
d) Estatutuak aldatzeko proposamenei buruzko informazioa jasotzea, aldaketa eztabaidatu eta Osoko Bilkuran onartu baino lehen.
e) Kontseilua desegiteko proposamenaren berri jasotzea, eta hura desegiteko faseen berri jasotzea ere, eta, halaber, Kontseiluaren ondasunak eta eskubideak nora joango diren jakiteko eskubidea ere izango du.
f) Kontseiluko organoek estatutu hauen arabera abiarazten edo ebazten dituzten diziplina-prozeduren berri jasotzea.
g) Estatutu hauen eta, oro har, aplikatzekoak diren legeen arabera sortutako gainerako eskubide edo ahalmenak izango dituzte.
2.– Osoko Bilkurako kideen betebeharrak dira:
a) Osoko Bilkuren bileretara joatea.
b) Kontseiluaren interes orokorrari begira, komenigarri diren jarduera, gorabehera, ekintza edo ebazpenen berri ematea Osoko Bilkurari.
c) Kontseiluak emandako ebazpen, erabaki edo arauen berri ematea dagokien elkargoko kideei, baldin eta haiei eragiten badiete edo haien interesekoak badira.
d) Estatutu hauen eta, oro har, aplikatzekoak diren arauen arabera sortutako gainerako betebeharrak.
13. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak:
1.– Kontseiluaren aurrekontuak eta aurrekontu-likidazioak onartzea, eta elkargo bakoitzaren kuotak ezartzea.
2.– Kontseiluaren estatutuak eta, hala badagokio, barne-erregelamendua onartzea eta aldatzea, estatutu hauetan ezarritako baldintzak betez.
3.– Indarrean dagoen legeriak edo estatutu hauek emandako beste edozein eginkizun, betiere, Kontseiluko beste organo batzuei esleituta ez badaude, haien eskumen gisa edo eskuordetutako eskumen gisa, aurrekontuak eta urteko kontuen likidazioa onartzea izan ezik.
14. artikulua.– Osoko Bilkura da Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren ordezkaritzarako eta jarduteko organo gorena. Gutxienez sei hilabeterik behin bilduko da, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein tokitan. Era berean, Kontseiluko lehendakariak eskatuta edo elkargoetako gainontzeko bi lehendakariek eskatuta bildu ahal izango da.
Lehendakariak emango du deialdiaren agindua, eta bilera egin baino 10 egun lehenago bidali beharko da. Epe hori laburtu egin ahal izango da, presazko kasuetan, justifikatuta badago.
Deialdian gai-zerrenda, eguna, tokia eta lehenengo eta bigarren deialdien orduak azalduko dira. Bi deialdien artean 30 minutuko tartea egongo da gutxienez.
Osoko Bilkura balio osoz eraturik egongo da lehenengo deialdian, gutxienez kideen gehiengo soila bertan badago. Bigarren deialdian balio osoz eraturik egongo da bertaratuen kopurua edozein dela ere.
Gai-zerrendan azaltzen diren gaien gaineko erabakiak bakarrik hartu ahal izango dira, salbu eta elkargoetako hiru lehendakariek gai-zerrendan beste gairen bat sartzea onartzen badute. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa denean, lehendakariak erabakiko du, kalitateko botoa baitu.
Bozketak ezkutukoak izango dira, Osoko Bilkurako kideren batek hala eskatzen badu.
15. artikulua.– Elkargokideak Osoko Bilkuretan egon ahal izango dira, baldin eta hiru elkargoetako lehendakariek elkarrekin eskatzen badute. Era berean, Osoko Bilkurak eskatu ahal izango du elkargoetako teknikariak edo kanpo-aholkulariak bileretan egotea, aholkulari gisa.
2.– Batzorde iraunkorra.
16. artikulua.– Honako hauek izango dira Batzorde Iraunkorreko kideak: lehendakaria, berezko kide gisa, elkargoetako gainontzeko bi lehendakariak eta hiru elkargoetako idazkariak edo haien ordez elkargo bakoitzak izendatzen dituenak.
17. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eginkizunak izango dira:
1.– Kontseiluaren aholkularitza-lanak, jarduera teknikoak eta informazio-lanak zuzentzea.
2.– Osoko Bilkurari jarduera-programak proposatzea, orokorrak edo bereziak, eta Osoko Bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak berak onartutakoak betetzea.
3.– Aurrekontuak prestatzea, elkargoek egin beharreko ekarpen ekonomikoa proposatzea –Osoko Bilkurak onartu ondoren– kobratzea eta ordainketak egitea. Aurrekontuak prestatu ondoren, Batzar Nagusiari aurkeztu beharko zaizkio, onar ditzan.
4.– Jardueren urteko memoria egitea, eta Osoko Bilkurari aurkeztea, onar dezan.
5.– Zehatzeko ahalaz baliatzea, elkargoetako gobernu-batzordeetako kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko gobernu-organoetako kideei dagokienez.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua osatzen duten gobernu-batzordeek eta batzar nagusiek hartutako akordioen eta hartutako ebazpenen aurkako errekurtsoak ebaztea, estatutu hauetan ezarritakoa betez.
7. Osoko Bilkurari edo Lehendakariari berariaz esleitu ez zaion beste edozein eginkizun.
18. artikulua.– Batzorde Iraunkorra gutxienez lau hilabeterik behin bilduko da ohiko bileretan. Ezohiko bilerei dagokienez, elkargoetako hiru lehendakariek eskatzen dutenean eta Kontseiluko lehendakariak eskatzen duen guztietan egingo dira. Deialdia bilera egin baino gutxienez bost egun lehenago egin beharko da, salbu eta elkargoetako hiru lehendakariek beste epe batzuk erabaki edo onartzen badituzte.
3.– Lehendakaritza.
19. artikulua.– Kontseiluko lehendakariari dagokio:
1.– Kontseiluaren ordezkari ofiziala izatea botere publikoen, entitateen, korporazioen eta erakundeen aurrean, publiko zein pribatuen aurrean.
2.– Osoko Bilkuretan mahaiburu izatea, eztabaidak zuzenduz eta kalitateko botoa izanik berdinketa kasuetarako.
3.– Kontseiluaren funtsetatik inbertsioetarako ordaintzeko aginduak ematea.
4.– Kontseiluak parte har dezakeen era guztietako gaietan jardutea; lehendakariordeari eskuordetzan uzteko ahalmena izango du.
5.– Bileren gai-zerrenda ezartzea.
6.– Prokuradoreen aldeko botere mandatuak ematea eta abokatua izendatzea, eskubideen alde auzitan jarduteko edo Osoko Bilkurak erabakitako era guztietako akzioak egikaritzeko.
20. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkurak lehendakariorde bat eta idazkari bat izendatuko ditu Batzorde Iraunkorreko berezko kideen artetik. Gainera, haien artetik diruzain bat izendatu ahal izango du; kargu hori Kontseiluko idazkariak bete ahal izango du aldi berean.
1.– Lehendakariorde izango da Kontseiluko lehendakari izateko aurrez ezarritako txanden hurrenkeraren arabera hurrengo lehendakari izatea dagokion elkargoko lehendakaria, eta Kontseiluko lehendakaria ordeztuko du hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.
2.– Lehendakaritza daukan elkargokoak diren Batzorde Iraunkorreko kideen artetik izendatuko da Kontseiluko idazkaria. Idazkariari dagokio Osoko Bilkurako bileren akta egitea, testigantzak ematea, ohiko komunikazioak, zirkularrak eta ziurtagiriak ematea, lehendakariaren oniritziarekin, eta bere kargura izango ditu akta, espediente eta erregistroen liburuak.
3.– Diruzainari dagokio diru-bilketa egitea eta Kontseiluaren funtsak zaintzea, lehendakariak egindako ordainketa aginduak ordaintzea, igarotako ekonomia-ekitaldiko kontuak formalizatzea urtero, urteko aurrekontuak idaztea Osoko Bilkurak onar ditzan, eta lehendakariarekin batera, solidarioki, Kontseiluaren banku-kontuetan funtsak sartzea eta banku-kontuetatik funtsak ateratzea.
HIRUGARREN ATALA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ALBAITARIEN KONTSEILUKO ARAUBIDE EKONOMIKOA
21. artikulua.– Kontseiluko diruzainak gutxi gorabeherako aurrekontu bat egingo du urtero, eta aurrekontu horretan urte naturalean aurreikusten diren diru-sarrera eta gastu guztiak bilduko dira. Aurrekontu hori Osoko Bilkurak onartu beharko du urteko lehenengo seihilekoan.
Epe horretan, aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa eta emaitzen kontua onartu beharko da. Osoko Bilkurak ez badu aurrekontu-proiektua onartzen, aurreko ekitaldiko aurrekontua berez luzatutzat joko da.
22. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo bakoitzak dagokion parte-hartzea izango du Kontseilua ekonomikoki mantentzeko.
1.– Elkargo bakoitzaren partaidetza-kuota aurreko ekitaldiko abenduaren 31n erregistratuta zeukaten elkargokide kopuruaren arabera zehaztuko da.
2.– Elkargoren batek ez baditu betetzen estatutu hauetan ezarritako Kontseiluarekiko betebehar ekonomikoak, gutun ziurtatu bidez egingo dira errekerimenduak. Elkargo bakoitza eskubideez oso-osorik baliatu dadin, beharrezkoa izango da betebehar ekonomikoak egunean izatea.
3.– Diruzainak urtero aurkeztuko dizkio kontuak Kontseiluaren Osoko Bilkurari, onar ditzan. Osoko Bilkurak hiru kide izendatuko ditu kontuen auditoretza eta dagokion txostena egin dezan. Hori egiteko ahalmena daukan erakunderen bati ere eman ahal izango zaio zeregin hori.
23. artikulua.– Kontseiluak, bere jarduera betetzeko, behar dituen baliabide pertsonal eta materialak izango ditu aurrekontuen kontura.
24. artikulua.– Hona hemen Kontseiluaren baliabide ekonomikoak:
1.– Elkargoen ekarpenak, urteko aurrekontuetan ezarritakoak.
2.– Elkargoen ekarpenak, ezohikoak, edo derramak.
3.– Kontseiluaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideetatik lor daitezkeen era guztietako errendimenduak.
4.– Kontseiluak jaso ditzakeen diru-laguntza ofizialak, dohainak, jaraunspenak edo legatuak.
25. artikulua.– Urtero aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko auditoretza-txosten bat egingo da, eta Kontseiluaren Osoko Bilkurak xedatutakoarekin bat etorriz egingo da.
LAUGARREN ATALA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
26. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko Osoko Bilkurak ahalmena izango du elkargoetako gobernu-kontseiluek abiarazitako diziplina-prozedurei amaiera ematen dieten ebazpenen aurka jarritako gora jotzeko errekurtso guztiak ebazteko.
27. artikulua.– Elkargoetako gobernu-batzordeetako kideek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko kideek ere, diziplinazko erantzukizunak izango dituzte, kasuan-kasuan, dagozkien elkargoetako estatutuetan edo estatutu hauetan jasotako kasu eta gorabehera berberetan.
1.– Arau-hauste izan daitezkeen ekintzek elkargoren bateko gobernu-batzordeko kideren bati edo Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko kideren bati eragiten diotenean, Kontseiluaren Osoko Bilkurak izango du diziplinazko espediente hori abiarazi, instruitu eta ebazteko ahalmena, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Diziplina-espedientea irekitzeko erabakian bertan instrukzio-egilea eta idazkaria izendatuko dira; ezin izango dira Osoko Bilkurako kide izan, ezta espedientatuaren elkargoko gobernu-batzordekoak ere. Osoko Bilkurak instrukzio-egilea eta idazkaria ordeztu ahal izango ditu, eta, inoiz, berriak izendatu ere. Espedientatuari horren berri eman beharko diote.
3.– Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetako abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak izango zaizkie aplikagarri instrukzio-egileari eta idazkariari.
4.– Zehapen-prozeduraren instrukzioa, epe eta sekuentziei dagokienez, espedientatuaren elkargoko estatutuetan zehaztutakora egokituko da.
5.– Aurreko atalean aipatutako ebazpenek –Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak hartu dituenak– amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta berehala betearazi beharrekoak izango dira. Haien aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango dira.
6.– Atal honetan xedatutakoari dagokionez, azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoa aplikatuko da.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluko gobernu-organoetako kideek egindako arau-hausteen tipifikazioari dagokionez, baita zehapenei, eskumen eta errekurtsoei, diziplina-prozedurei eta arau-hauste eta zehapenen preskripzioari dagokienez ere, Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutu orokorren (otsailaren 22ko 126/2013 Errege Dekretuaren bidez onartuak) 112tik 118ra bitarteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
BOSGARREN ATALA
ARAUBIDE JURIDIKOA
28. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren ekintzen eta erabakien araubide juridikoari dagokionez, egintza eta erabaki horiek administrazio-zuzenbidearen menpe daudenez, estatutu hauetan edo, bestela, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legean xedatutakora egokituko dira, hartara eragotzi gabe tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legetik ondorioztatzen diren zehaztasunak.
Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialetako gobernu-batzordeek erabakitako egintza eta ebazpenen aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ebatziko ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabaki eta ekintzei dagokionez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean gehienez ere.
Eskubide kolektiboren baten titular direnek eta zuzenean eragiten dieten bidezko interesen bat dutenek jarri ahal izango dituzte aurreko paragrafoetan adierazitako errekurtsoak.
Pertsona askori eragiten dieten akordio edo ebazpenen kasuan, erabakia hartu duen elkargoko edozein elkargokidek jarri ahal izango ditu errekurtsook. Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialak kasu guztietan legitimatuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren egintza, akordio eta ebazpenen aurka errekurtsoak jartzeko.
Europar Batasuneko Kontseiluko Albaitarien Kontseiluaren egintza eta ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta haien aurka administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jarri ahal izango da, legeetan ezartzen den bezala.
SEIGARRENA ATALA
ESTATUTUAK ALDATZEA
29. artikulua.– 1.– Estatutu hauek aldatu egin ahal izango dira, baldin eta Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideen gutxienez laurden batek eskatzen badu edo elkargo baten gobernu-batzordeak proposatzen badu.
2.– Aldatzeko eskabidearekin batera, zeri buruzko proposamena egiten den azaldu beharko da, eta ukitzen dituen artikuluei eman nahi zaien idazketa erantsiko da.
3.– Estatutuak aldatzeko proposamena Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio. Horretarako, berariazko deialdi bat egingo da, eta Bilkurako kide bakoitzari proposatzen den testua bidaliko zaio.
4.– Proposatutako aldaketa onartzeko, Osoko Bilkurako kideen gehiengo osoa beharko da, eta, gainera, elkargo bakoitzeko ordezkariren baten aldeko botoa beharko da.
5.– Estatutuen aldaketak hiru elkargoek berretsi beharko dituzte, horrexetarako deitutako Ezohiko Batzar Nagusian.
ZAZPIGARREN ATALA
LEHIATILA BAKARRA
30. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak web orri bat edukiko du, Kontseiluaren lehiatila bakarraren bitartez eta elkargo bakoitzaren lehiatila bakarraren bitartez (azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritakoa), albaitariek, elektronikoki eta urrunetik, aukera izan dezaten elkargokide egiteko, elkargoko jardueran aritzeko eta elkargoa uzteko izapideak bertan egiteko. Hain zuzen ere, elkargoen lehiatila bakarraren bitartez, albaitariek honako hauek egin ahal izango dituzte doan:
a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak eskuratzea.
b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.
c) Albaitaria interesatutzat jotzen den prozedurak nola dauden jakitea, derrigorrezko izapide-egintzen berri jasotzea eta elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluak eta Kontseilu Orokorrak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jasotzea, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egiterik ez badago.
d) Ohiko eta ezohiko batzar nagusietarako deialdiak hartzea, eta haien gai-zerrenden eta hartutako erabakien berri hartzea.
e) Elkargokide gisa estatutuen arabera nahitaez bete behar dituztenak betetzea.
2.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta hura osatzen duten albaitarien elkargo ofizialek informazio hau eskainiko dute, argi, okerrik ez sortzeko moduan eta doan:
a) Elkargokideen erregistrorako irispidea. Erregistroa etengabe eguneratuko da, eta, bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: elkargoko kide diren profesionalen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.
b) Lanbide-sozietateen erregistrorako irispidea. Erregistro horretako edukia lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan jasotakoa izango da.
c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eta elkargokide baten edo dagokion albaitarien elkargo ofizialaren arteko gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.
d) Lanbide-zerbitzuen jasotzaileek, laguntza jasotzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen zein elkarte edo erakundetara jo dezaketen.
e) Kode deontologikoen edukia.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Kontseilua osatzen duten elkargoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta, horretarako, sistema desberdinen arteko interoperabilitatea eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dituzten teknologiak erabili beharko dituzte. Hori lortzeko, koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarri ahal izango dituzte martxan, baita beste lanbide batzuetako korporazioekin ere.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialek alta, baja eta elkargokideen eta lanbide-sozietateen erregistroetan eragina duten bestelako aldaketei buruzko informazioa emango diote Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, jakinaren gainean egon dadin eta elkargokideen eta korporazio horien sozietateen erregistro autonomiko eta zentraletan jaso dezan.
ZORTZIGARREN ATALA
URTEKO MEMORIA
31. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak gardentasunaren printzipioa bete beharko du bere kudeaketan. Horretarako, memoria bat egin beharko du urtero, eta, bertan, honako informazio hau jasoko da gutxienez:
a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko memoria, langile-gastuak behar bezain banakaturik dauzkana. Gobernu-organoetako kideek beren kargua dela-eta jasotzen dituzten ordainsariak ere adierazi behar dira.
b) Lurralde bakoitzeko elkargoek Kontseilu honetan daukaten partaidetza ekonomikoaren zenbatekoa. Era berean, diru-sarrerak edo jasotzen dituzten ordainsariak ere adierazi beharko dituzte, kontzeptuen eta eskainitako zerbitzuen arabera behar bezala banakatuta, eta nola kalkulatu eta aplikatu diren adieraziz.
c) Informazio erantsia eta estatistikoa, instruitzen ari diren edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Arau-haustea, izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.
d) Informazio erantsia eta estatistikoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa, haien izapidetzeari buruzkoa ere bai, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.
e) Kode deontologikoen edukian egindako aldaketak, halako koderik badago.
f) Gobernu-organoetako kideek dituzten bateraezintasunei eta interes-gatazken egoerei buruzko arauak.
Datuak bananduta aurkeztuko dira; lurraldeka bananduta, elkargo bakoitzarenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluarenak.
2.– Urteko memoria Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua osatzen duten korporazioen web orrietan argitaratu beharko da, urte bakoitzaren lehenengo seihilekoan.
3.– Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak, bere memoriarekin batera, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den informazio estatistikoa argitaratuko du, erantsita, Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakunde osorako.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien elkargo ofizialek urteko memoria egiteko behar den informazioa emango diote Espainiako Albaitarien Kontseilu Nagusiari.
BEDERATZIGARREN ATALA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
32. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua desegiteko, bai eta haren ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzeko ere, hori garatzen duen Eusko Legebiltzarraren 18/1997 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa beteko da.
1.– Kontseilua desegiteko, berariaz horretarako deituko diren hiru elkargoen ezohiko batzar nagusien erabakia beharko da.
2.– Kontseilua desegiteko erabakian likidazio-batzorde bat eratzea ezarri ahal izango da. Batzorde horrek hiru kide izango ditu, elkargo bakoitzetik bat. Dena dela, desegiteko erabakian edo, eratzen bada, likidazio-batzordeak hartutako erabaki batean, ondasunak edo ondare-eskubideak zertara bideratuko diren adieraziko da, eta Kontseilua osatzen duten elkargoei esleituko zaizkie, desegiten den unean Kontseilua ekonomikoki mantentzeko dauzkaten partaidetza-kuoten arabera.
XEDAPEN GEHIGARRI
Estatutu hauek Herri Administrazio eta Justizia Sailaren agindu bidez onartuko dira, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Kontseiluaren estatutu hauek insarrean sartu aurretik abiarazitako zehapen-prozedurak aurreko araudiaren arabera izapidetuko dira ebatzi arte.
Bigarrena.– Estatutu hauek indarrean sartu eta gehienez ere 15 eguneko epean, Kontseiluaren Osoko Bilkurarako kargudunak izendatu beharko dira.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseilua osatzen duten elkargoen batzar nagusiek estatutu hauek onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Estatutu hauek indarrean sartzen direnean, bertan ezarritakoaren aurka dauden estatutu-arautegiak eta arautegi osagarri guztiak indargabetuta geratuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Espainiako Albaitarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren estatutuetan ezarritakoa hartuko da kontuan.