EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-05-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015095

ERABAKIA, 2015eko apirilaren 30ekoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Ekitaldi Akademiko Nagusi, Ohore eta Protokoloetarako Arautegia onartzeko.

Xedapenaren data: 2015-04-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201502269
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2006/07/03an argitaratutako 2006/05/11ko EBAZPENA indargabetzen du [200603386]

GERTAKARIAK
2006ko maiatzaren 10ean (2006ko uztailaren 3ko EHAA), UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Ekitaldi Akademiko Nagusi, Ohore eta Protokoloetarako Arautegia onartu zuen.
UPV/EHUren estatutu berriak indarrean sartu eta gero, moldatu beharrekoa zen arau testuen atal handi bat estatutu organo berrietara, bereziki egungo arautegiak aipatzen zituen aholkularitza batzordea eta zuzendaritza kontseilua desagertu direlarik. Era berean, berrikusketa sakon honetan artikuluetara ekarri dira, protokolo akademikoaren arloan, Espainiar Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak unibertsitateari egin dizkion gomendioak.
Azkenik, mezenasgoari buruzko kapitulua ezabatu da, arautegi espezifiko baten aztergai izango baita.
Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak aldaketa honen aldeko irizpena eman du.
Horregatik guztiagatik, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honako hau,
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Ekitaldi Akademiko Nagusi, Ohore eta Protokoloetarako Arautegia onartzea, eranskinean jaso bezala.
Bigarrena.– Agindua ematea aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, bertan argitaratu eta biharamunean indarrean sartuko baita.
Leioa, 2015eko apirilaren 30a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN EKITALDI AKADEMIKO NAGUSI, OHORE ETA PROTOKOLOETARAKO ARAUTEGIA
ATARIKOA
Arautegi honek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ekitaldi nagusiak, ohoreak eta sariak arautu nahi ditu.
UPV/EHUren ekitaldi akademiko orokorren barruan, ikasturteari hasiera emateko ohiko ekitaldiarekin batera, honoris causa doktore izendatzeko ekitaldiak eta unibertsitatearen urrezko domina jartzekoak ere arautu egiten dira. Beste alde batetik, doktorego eskolak gainditzen duten unibertsitate egitura berriak sortu direlarik, doktore berriak izendatzeko jarraitu beharreko protokoloa ezartzen da.
Akademi ekitaldiak gauzatzeko, kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdiak jasotzen dira (presidentzia, lehentasunak, zeremoniala, egitura): ekitaldia zer-nolakoa den, unibertsitateei buruzko lege organikoan duen eskumen maila eta egungo garaietara egokitutako unibertsitate tradizioak.
Horrenbestez, UPV/EHUren estatutuen 90.j), 177.g), 181.1.g) eta 187.1.f) artikuluetan ezarritakoa garatu nahian, UPV/EHUren ekitaldi akademiko nagusi, ohore eta protokoloetarako arautegi hau onartzen da.
AURRETIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Unibertsitate osoaren akademi ekitaldi nagusiak.
1.– Unibertsitate osoaren akademi ekitaldi nagusitzat jotzen dira ikasturteari hasiera ematekoa, unibertsitateko doktore berriak izendatzeko ekitaldi ofiziala, honoris kausa doktoreak izendatzekoa eta UPV/EHUren urrezko domina jartzekoa. Era berean, unibertsitatearen ekitaldi akademiko solemnetzat joko dira gobernu taldeak erabakiko dituenak, bai puntualak direnean, edo gobernu kontseiluak erabakitakoak, jarraikortasunaren asmoaz ezartzen direnean. Unibertsitate osoaren akademi ekitaldi nagusietan toki nabarmena izango dute UPV/EHUren armarri ofizialak eta unibertsitate titulazioen banderek.
2.– Idazkaritza Nagusiari dagokio unibertsitate osoaren akademi ekitaldi nagusien protokoloa antolatzea, betiere errektorearen kabinetearekin batera lanean. Idazkaritza Nagusiak eratu eta itxi egingo du, behar besteko aurrekotasunaz, akademi ekitaldi bakoitzaren behin betiko protokoloa. Idazkaritza Nagusiak, errektorearen kabinetearen lankidetzaz, aholkuak emango ditu, halakorik eskatuko balitzaio, gainerako akademi ekitaldien protokoloa antolatzeko.
3.– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bereziki zainduko ditu ospakizunari dagozkion duintasuna eta zehaztasuna, bai eta hizkuntzaren erabilera ez sexista ere, akademi ekitaldi nagusiak antolatzerakoan.
2. artikulua.– Akademi agintariak eta unibertsitate agintariak.
1.– Ekitaldioi dagokionez, errektorea, errektore ohiak, errektoreordeak eta idazkari nagusia, fakultateetako dekanoak, eskoletako zuzendariak eta sailetako eta unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak izango dira akademi agintariak.
2.– Ekitaldioi dagokionean, Gizarte Kontseiluko presidentea, aldezlea eta gerentea dira unibertsitate agintariak.
LEHENENGO TITULUA
UNIBERTSITATEAREN EKITALDI SOLEMNEAK
I. KAPITULUA
LEHENTASUNEZ
3. artikulua.– Eremua eta mugak.
Titulu honetan ekitaldietarako, akademi kargudun eta agintarientzat, xedatutako lehentasunen erregimenak ez du berez inolako ohore edo hierarkiarik ezarriko, ez eta, aipatutako eremuaz kanpo, lege-arauek onartuta edo esleituta dituzten maila, eskumen edo zereginetan aldaketarik ekarriko ere.
4. artikulua.– Presidentzia.
Estatutuen 181. artikuluak dioenarekin bat etorrita, errektorea bera edo, bera joan ezean, bere ordezkoa izango da akademi ekitaldietako buru, ekitaldiak non egiten diren albo batera utzita, salbu eta erabakiko balu, buru izateko eginkizuna ekitaldian egon eta ohore hori izateko baldintzak betetzen dituen pertsonaren esku. Eskuarki, errektoreak beste norbaiten esku utzi ezean, campuseko errektoreordea izango da errektorearen ordezkari zein bere campusean.
5. artikulua.– Mahaiko presidentzia.
1.– Antolamendu arrazoiek justifikatzen duten salbuespenezko kasuetan izan ezik, akademi ekitaldi nagusietako mahaiko presidentzia kide kopuru bakoitiaz osatuko da. Erdiko tokia presidentziak beteko du, eta gainerako kideak, berriz, presidentziaren ezker eta eskuinean jarriko dira, zein bere lehentasunaren arabera.
2.– Mahaiko presidentzia, aldi berean, unibertsitateko kideek eta unibertsitateaz kanpoko kideek osaturik dagoenean, presidentzia tartekatu bikoitza antola daiteke, hau da, bi lehentasun lerro era daitezke, presidentziaren ezkerrean eta eskuinean, batean unibertsitateko kideak jarriko dira, eta bestean unibertsitateaz kanpokoak.
3.– Unibertsitatearen tradizioari jarraituta, idazkari nagusia akademi ekitaldi nagusietako mahaiko presidentziaren ezker muturrean jarriko da, bertatik begiratuta, arautegi honek lehentasun handiagoa ere ezar dezakeelarik.
6. artikulua.– Akademi agintari eta unibertsitate agintarien arteko lehentasunak.
1.– Lehentasun hau ezartzen da UPV/EHUko akademi agintari eta unibertsitate agintarien artean:
1) Errektorea.
2) Lehengo errektoreak.
3) Gizarte Kontseiluko presidentea.
4) Idazkari nagusia.
5) Errektoreordeak, ekitaldi solemnea egiten deneko campusekoak lehenetsita eta gainontzekoak zein bere karguaren ordena alfabetikoaz.
6) Gerentea.
7) Aldezlea.
8) UPV/EHUk izendatutako honoris causa doktoreak eta errektoreorde mailaren pareko beste akademi kargu batzuk.
9) Ikastegietako dekanoak, zuzendariak eta horien pareko karguak.
2.– UPV/EHUren Ikasleen Kontseiluko presidenteak ere toki nabarmen eta ohorezko bat beteko du antolatzen diren ekitaldi nagusietan, unibertsitateko ikasle guztien ordezkaria baita.
3.– Beste unibertsitate batzuen ordezkari gisa etorritako errektoreak lehenengo ataleko 2. puntuan aipatutako akademi eta unibertsitate kargudunen artean jarriko dira, lehengo errektoreen aurretik. Errektore hauek, zein bere unibertsitatearen antzinakotasunaren arabera ordenatuko dira. Beste unibertsitate batzuen ordezkari gisa etorritako gainerako pertsonek toki nabarmena izango dute unibertsitateko kideen artean, ahal dela, gobernu taldearen ondoan.
7. artikulua.– Unibertsitateko kideak ez diren agintarien parte hartzea.
1.– Unibertsitatetik kanpoko agintari ez akademikoak errektorearen kabineteak lagunduko ditu, unibertsitate osoaren ekitaldi nagusietara modu ofizialean etorritakoan, bakoitzari bere mailaren araberako tokia eginez.
2.– Aplika dakizkiekeen xedapenekin bat etorrita ezarriko da UPV/EHUren akademi ekitaldi nagusietan parte hartzen duten agintari eta pertsona ospetsuen arteko lehentasun hurrenkera.
3.– Pertsona bat ekitaldi batera berea baino kargu handiagoko baten ordezkari gisa etortzerakoan, ez du izango ordezkatzen duen agintariaren lehentasunaz baliatzerik, eta, ondorioz, bere mailari dagokion tokia beteko du.
II. KAPITULUA
ZEREMONIALARI APLIKA DAKIZKIOKEEN GAI OROKORREZ
8. artikulua.– Jarraigoaz.
1.– Akademi jarraigoa da unibertsitatearen ordezkaritza instituzionala, unean uneko ekitaldi solemnea egingo deneko aretora sartzeko eratuko dena.
2.– Akademi jarraigoaren buru joango da doktoreen akademi segizioa, hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duen bezala. Idazkaritza Nagusiak zehaztuko du zeinek osatuko duten, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen protokolo tradizioari jarraituta.
3.– Akademi segizioaren atzean Idazkaritza Nagusiak zehaztuko dituen agintari akademikoak eta ez-akademikoak jarriko dira, ekitaldiaren antolamenduak agintzen duena betez.
4.– Segizioan joateko, jantzi akademikoa eraman beharko dute UPV/EHUko kideek akademi ekitaldi solemneetan.
9. artikulua.– Unibertsitatearen himnoaz.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Europako unibertsitate gehienen antzera, «Gaudeamus igitur» konposizio ezaguna hautatzen du unibertsitatearen himnotzat. Koru interpretazioan, latinezko jatorrizko bertsioaren lehenengo bi eta laugarren ahapaldiak kantatuko dira gutxienez, II. eranskineko testuan jasotzen den bezala.
10. artikulua.– Jantzi akademikoaz.
1.– Toga, togagaina, eskumuturreko parpaila, birretea eta eskularru zuriak dira jantzi akademikoaren osagarriak, 1.1 eranskinean jasota dauden ezaugarriekin bat etorrita.
2.– Horiez gain, UPV/EHUko errektoreak unibertsitatearen urrezko domina eta makila eramango ditu, 1.2 eranskinean jasota dauden ezaugarriak kontuan harturik.
III. KAPITULUA
UNIBERTSITATE OSOAREN AKADEMI EKITALDI SOLEMNEEN EGITURAZ
11. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Arau orokor gisa, unibertsitate osoaren akademi ekitaldi solemneak honetara egingo dira:
a) Akademi jarraigoa sartuko da ekitaldi aretoRA, II. kapituluak jasotzen duen bezala antolaturik.
b) Presidentziak hasiera emango dio ekitaldiari.
c) Akademi ekitaldiaren berariazko jarduna.
d) Ekitaldiaren amaiera.
e) Unibertsitatearen ereserkiaren interpretazioa.
f) Akademi segizioa aretotik aterako da.
2.– Akademi ekitaldiko burua errektorea ez beste norbait denean, lehenago jarritako urratsak baldintza horretara egokitu beharko dira, bai eta hizlarien hurrenkera aldatu ere.
3.– Estatutuen 187.1 artikuluak ematen duen eskumena erabilita, Idazkaritza Nagusiari dagokio unibertsitate osoaren ekitaldi nagusien protokoloa zehaztea eta prestatzea. Hainbat ekitaldi batera izanez gero, protokoloa unean uneko baldintzetara egokitu beharko da.
4.– Dolu egoeretako akademi ekitaldi solemneetan, Idazkaritza Nagusiak egokitu beharko du protokoloa, oro har aurreikusitako alderdietatik egoera horiei ez dagozkienak baztertze aldera.
1. ATALA
IKASTURTE HASIERAZ
12. artikulua.– Noiz eta non egin.
Ikasturtearen hasieran egingo da beroni hasiera emateko ekitaldia eta txandaka antolatuko, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, bere estatutuekin bat eginez, egituratzen duten campusetako bakoitzean.
13. artikulua.– Ekitaldiaren berariazko edukia.
1.– Ikasturteari hasiera emateko ekitaldian honakoak sartuko dira:
a) UPV/EHUko idazkari nagusiak aurreko ikasturteko memoriaren laburpena irakurriko du.
b) Ikasturtearen hasierako ikasgaia.
c) Errektorearen hitzaldia.
2.– Arau orokor gisa, hasierako ikasgaia errektoreak izendatzen duen doktoreak emango du, ahal delarik, ekitaldia antolatzen duen campuseko doktoreen artetik aukeratuko dena, emakume eta gizonen arteko txandakatzea bermatuz.
2. ATALA
«HONORIS CAUSA» DOKTOREEN IZENDAPENAZ
14. artikulua.– Noiz eta non egin.
1.– Arau orokor gisa, honoris causa doktorea izendatzeko akademi ekitaldia izendatzeko erabakia hartu deneko ikasturte berean egingo da, eta, ahal dela, proposamenaren alde egin duen ikastegietako batean.
2.– Honoris causa doktorea izendatzeko ekitaldi solemnearen eguna jartzerakoan, elkarren adostasunaz zehaztuko dute Idazkaritza Nagusiak, sustatzaileak eta, kasuan kasu, ekitaldia egingo duen ikastegiko dekanoak edo zuzendariak.
15. artikulua.– Izendatzeko ekitaldiaren berariazko edukia.
1.– Honoris causa doktorea izendatzeko ekitaldian honakoak sartuko dira:
a) Idazkari nagusiak irakurriko du ekitaldian doktore izendatuko dituztenei honoris causa doktoregoa emateko erabakia.
b) Doktoregaia ekitaldiko aretora sartuko da, aitabitxiak edo amabitxiak lagunduta eta doktoreen segizioa aurretik duela. Koruak Agur jaunak eta andreak! (III. eranskina) interpretatuko du, amabitxia edo aitabitxia eta doktoregaia dagokien tokian kokatuta.
c) Aitabitxi edo amabitxiaren laudatioa, UPV/EHUko honoris causa doktorearen goreneko gradua emateko erregua egingo duena amaieran.
d) Doktoregaiaren zin egitea edo promesa egitea, latinez egingo dena.
e) Errektoreak birretea eta domina jarriko ditu.
f) Errektoreak birretea eta doktorego domina jarriko dizkio.
g) Aitabitxiak edo amabitxiak graduaren bestelako atributuak emango dizkio, I.3 eranskinean jaso bezala.
h) Anaiarteko besarkada eta irakasleen klaustroaren harrera, errektoreak eta aitabitxiak edo amabitxiak ordezkatuta.
i) Ohorezko aurreskua.
j) Doktore berriaren replicatioa edo eskerrona.
k) Errektorearen hitzaldia.
2.– Idazkaritza nagusiak aitabitxi edo amabitxiaren laudatioa eta honoris causa doktorearen replicatioa gordeko ditu, idatziz aurkeztu beharko direnak ekitaldia izan baino lehen, eta behar bezalako zabalkundea izango dutenak.
3.– Honoris causa doktore berriek zuhaitz bat landatuko dute, ahal delarik, ekitaldia egin duen UPV/EHUko campusean.
3. ATALA
URREZKO DOMINA JARTZEAZ
16. artikulua.– Noiz eta non egin.
Urrezko dominak ekitaldi solemnean jarriko dira.
17. artikulua.– Urrezko domina jartzeko ekitaldi solemnearen berariazko edukia.
Ekitaldian honako hauek sartuko dira:
a) Idazkari nagusiak domina emateko akta irakurriko du.
b) Errektoreak urrezko domina jarriko du.
c) Ohorezko aurreskua.
d) Domina jasotzailearen onarpen hitzaldia.
e) Errektorearen hitzaldia.
IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN BESTELAKO EKITALDI SOLEMNEEZ
18. artikulua.– Ekitaldi motak.
1.– Campusek, ikastegiek, unibertsitateko sailek eta unibertsitateko ikerkuntza institutuek ekitaldi solemneak antolatu ahal izango dute sona handiko akademi gertaerengatik.
2.– Zuzendaritza Kontseiluak bestela espreski erabaki ezean, campus, ikastegi, unibertsitateko sail, unibertsitateko ikerketa institutu eta unibertsitateko gainerako egituren ekitaldi nagusiek ezin dute izan arautegi honetako 1.1 artikuluan zehazten diren unibertsitate osoaren ekitaldi solemneen helburu berbera.
3.– Ahal den neurrian, campus, ikastegi, unibertsitateko sail eta unibertsitateko ikerkuntza institutuek antolatutako ekitaldi solemneen egiturak 11. artikuluak dioena beteko du, bai eta titulu honetako lehenengo bi kapituluen edukia ere.
19. artikulua.– Doktore berriak izendatzeko ekitaldia noiz eta non egin.
Unibertsitateko doktoreak izendatzeko akademi ekitaldi solemnea, gradu hori aurreko ikasturtean lortu dutenen kasuan, urtero antolatuko da zuzendaritza ekipoak, UPV/EHUren Master eta Doktorego eskolako zuzendaritzak proposatuta, zehaztuko duen egunean, UPV/EHUren instalazioetan izan dadin ahaleginduta. Ekitaldi horretan bertan emango dira ere doktoregoko sari bereziak.
20. artikulua.– Doktore berriak izendatzeko ekitaldiaren berariazko edukia.
1.– Doktoreak izendatzeko ekitaldian honakoak sartuko dira:
a) UPV/EHUren Master eta Doktorego Eskolako idazkariak izendapen akta irakurriko du.
b) UPV/EHUko doktoregoari buruzko txostena, UPV/EHUren Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren eskutik.
c) Hala dagokionean, idazkari nagusiak doktoregoko ezohiko sariak emateko akta irakurriko du.
d) Emakume eta gizonen arteko txandakatzea errespetatuz izendatutako promozioaren aitabitxi edo amabitxiaren ikasgai magistrala.
e) Birreteen jartzea eta zin egitea edo promesa egitea.
f) Ohorezko aurreskua.
g) Errektorearen hitzaldia.
2.– Ekitaldira joango direla egiaztatu duten doktoreek ordena alfabetikoaren arabera jasoko dute birretea, zein bere jakintza arloaren barruan eta, titulazioei dagokienean, bigarren xedapen gehigarrian ezarritako ordenari jarraiki. Aitabitxi eta amabitxi gisa arituko dira Graduondoko Batzordeak bere kideen artean izendatutako doktoreak, emakume eta gizonen arteko txandakatzea aintzat hartuta. Konpromisoaren formula irakurriko dute eta harrera egingo diete doktore berriei klaustroaren baitan, ekitaldirako protokoloak ezarri bezala.
3.– Doktoreek jantziko duten arropa beren izendapen ekitaldian I.1 eranskinean araututakoa izango da. Birrete, topagaina eta eskumuturreko parpailak zein bere doktorego programari dagokion jakintza arloaren kolorekoak izango dira.
Doktorego programan jakintza arlo batek baino gehiagok hartzen badute parte, kolorea arlo nagusiarena izango da.
21. artikulua.– Unibertsitate gradua emateko ekitaldia.
1.– Ikastegiek unibertsitate gradua emateko ekitaldiak antola ditzakete, unibertsitateko ekitaldi solemnetzat joko direnak.
2.– Unibertsitate gradua emateko ekitaldian, titulua aurreko ikasturtean lortu duten ikasleek hartuko dute parte.
3.– Errektorea izango da unibertsitatean egingo diren graduazio ekitaldi guztien buru. Bera ezin joan baliteke, gobernu taldeko beste kide bat joango da, ahal dela, campuseko errektoreordea. Baldin eta errektorea edo campuseko errektoreordea, edo horiek ordezkatzen dituen zuzendaritza taldeko kiderik ezean, unibertsitate gradua emateko ekitaldiko buru ekitaldia antolatu duen ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da.
Errektorea edo berori ordezka dezakeen kidea ekitaldiaren buru izango da eta, horregatik, ekitaldia itxiko du bere hitzaldiaz. Nahiz errektorea edo bere ordez arituko den ekipoko kidea ekitaldiko buru izan, dekano edo zuzendariari egokituko zaio ekitaldiari hasiera ematea eta hitz egiteko txanda eman eta errektorearen edo bere ordez arituko den ekipoko kidearen eskuineko postu bakoitian jarriko da.
4.– Dekanotzak edo ikastegiko zuzendaritzak ezarriko du unibertsitate gradua emateko ekitaldiaren berariazko protokoloa, betiere ekitaldiko buru izango den akademi agintariarekin koordinatuta.
5.– Artikulu honek xedatutakoa UPV/EHUko master eta berezko tituluei dagozkien diplomak emateko ekitaldiei aplika dakieke, ekitaldiok titulu horiek irakasteko ardura duten unibertsitate egiturek antolatu dituztenean.
6.– UPV/EHUren unibertsitate graduaziorako ekitaldiek protokolo amankomuna izango dute, idazkaritza nagusiak ezarritakoa, nahiz ikastegiek zenbait ekarpen egin dezaketen.
22. artikulua.– Unibertsitateko egitura ezberdinen arteko koordinazioa.
1.– Ikasturte hasieran, idazkaritza nagusiak UPV/EHUn eginen diren unibertsitate graduaziorako ekitaldi akademikoen plangintza bateratua egingo du, ikasturtean egingo diren ekitaldi akademikoen egutegia osatu eta protokolo amankomuna ezarriko du unibertsitate graduaziorako ekitaldietarako, errektorearen kabinetearekin koordinatuta.
2.– Ekitaldi horien berri hedabideetan emango da UPV/EHUko komunikazio bulegoarekin koordinatuta.
II. TITULUA
SARIAK ETA OHOREAK EMATEKO PROZEDURAZ
I. KAPITULUA
HONORIS CAUSA DOKTOREEZ
23. artikulua.– Ekimena.
1.– UPV/EHUko errektorego, ikastegi, sail eta unibertsitateko ikerkuntza institutuek egin dezakete honoris causa doktoreak izendatzeko proposamena.
2.– Proposamenak onartuko badira, kasuan kasuko organoko kide guztien gehiengo absolutua lortu beharko da, hau da, gobernu taldearen, ikastegiko batzarraren edo doktorego eskoletako zuzendaritza batzordearen, saileko edo ikerkuntzarako unibertsitate institutuaren gehiengo absolutua. Botazioa sekretua izango da beti.
3.– Onartutako proposamenak UPV/EHUko idazkaritza nagusira igorriko dira, urtean urteko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean. Proposamena sail batek edo unibertsitateko ikerketa institutu batek egina denean, ikastegiko batzar baten sostengua lortu beharko du.
4.– Ikastegiek, sailek eta unibertsitateko ikerketa institutuek proposamen bat besterik ezin izango dute egin akademi ikasturte bakoitzean. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, behin proposamena onartuta, proposatu duen ikastegiak, sailak edo unibertsitateko ikerketa institutuak ezin izango du beste proposamen bat egin hiru ikasturte igaro arte.
5.– UPV/EHUren unibertsitate komunitateko kideek ezin izango dute inola ere jaso honoris causa doktorearen izendapenik UPV/EHUren aldetik.
24. artikulua.– Proposamenaren edukia.
Proposamenak argi eta garbi jasoko du zein diren izendapena justifikatzen duten bikaintasunaren zioak eta zein UPV/EHUri edo euskal gizarteari egin zaion ekarpen garrantzitsua. Proposamenarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Hautagaiaren curriculum vitae luzea, ibilbide akademiko, profesional, kultural edo soziala, bere zientzi ikerlanak edo produkzio artistikoa bertan zehaztuta.
b) Aurreko artikuluan adierazitakoen egiaztagiriak.
c) UPV/EHUri edo euskal gizarteari egindako ekarpen bereziaren justifikazioa.
d) Hautagai izateko berme gisa balia litekeen eta gobernu kontseiluaren erabakia erraztuko luketen beste edozein agiri.
25. artikulua.– Tramitazioa.
1.– UPV/EHUko gobernu taldeak, hautagaitzak aztertuta, akademi ikasturte horretan aurkeztutakoen proposamen lehenetsia osatuko du eta berori igorriko, dokumentazio guztiarekin batera, UPV/EHUko idazkaritza nagusiari, formaliza dezan. Proposamena osatzerakoan, zaindu egingo da emakume eta gizonen presentzia orekatua, bosna urteren aldietan.
2.– Gobernu kontseiluak erabakiko du, ikasturte bakoitzaren hasieran, UPV/EHUko idazkaritza nagusiak aurkeztutako proposamenaz. Horretarako, isilpean bozkatuko da. Aurrera ateratzeko, kontseilu kideen gehiengo absolutua beharko da eta, bestalde, proposamenaren kontrakoak ezin dira izan emandako botoen laurdena baino gehiago.
3.– Salbuespenezko kasuak albo batera utzirik, ikasturte bakoitzean, gehienez, bi honoris causa doktore izendatuko dira. Salbuespenezko kasutzat joko da, UPV/EHUko campus ezberdinetatik behar adinako laguntzaz bultzatutako proposamenak izatea eta, kasu horretan, hiru izenda litezke, baldin eta denak campus berekoak ez badira.
4.– Gobernu Kontseiluari dagokio aitabitxia edo amabitxia izendatzea, betiere saileko kontseiluak, institutuak, ikastegi batzarrak edo gobernu taldeak proposatuta.
Presentzia orekatua sustatuko da amabitxi eta aitabitxien artean.
26. artikulua.– Erregistro liburua.
Unibertsitateak izendatutako honoris causa doktoreen erregistro liburua egingo da, Idazkaritza Nagusiaren esku geldituko dena. Liburu horretan jasoko dira izendatzeko eginbidea eta honoris causa doktorea izendatzeko akta.
II. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN URREZKO DOMINAZ
27. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– UPV/EHUren urrezko domina da erakunde honek pertsona fisiko edo juridiko, pribatu eta publikoei egindako aitorpenaren adierazpide, akademi jarduera edo emandako zerbitzuengatik hura jasotzeko merezimenduak dituztelarik.
2.– UPV/EHUren urrezko domina hil ondoren ere eman daiteke.
3.– UPV/EHUren urrezko domina emango zaie erakunde honen ospea sustatzen berebiziko lana egin dutenei, zientzien, letren eta arteen arloan duten bikaintasunarengatik, edo, nahiz eta UPV/EHUkoak ez izan, hari zerbitzu aparta eskaini diotelako.
4.– Urrezko dominaren ezaugarriak 1.4 eranskinean jasotakoak dira.
28. artikulua.– Urrezko domina emateko prozedura.
1.– Urrezko domina emateko prozedurari ekingo zaio gobernu taldeak, gobernu kontseiluko edo campuseko batzar bateko kideen heren batek proposatuta.
Proposamena osatzerakoan, zaindu egingo da emakume eta gizonen presentzia orekatua, bosna urteren aldietan.
2.– Proposamenak domina zer baldintzatan ematen den jasoko du, eta proposatutako pertsonak edo entitateak bere baitan biltzen duen merezimendu edo baldintza zerrenda atxikiko zaio.
3.– Idazkari nagusiak aztertuko ditu proposamenak betetzen dituen baldintza formal guztiak, eta Gobernu Kontseiluari igorriko dio.
4.– Gobernu kontseiluari dagokio isilpean bozkatuko den proposamena behin betiko onartzea, kontseilu kideen gehiengo absolutuaz eta, bestalde, proposamenaren kontrakoak ezin dira izan emandako botoen laurdena baino gehiago.
29. artikulua.– Erregistro liburua.
Unibertsitateak emandako dominen erregistro liburua egingo da, Idazkaritza Nagusiaren esku geldituko dena.
III. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN BESTELAKO AINTZATESPENEZ
30. artikulua.– Lehengo errektoreak.
UPV/EHUko errektorearen karguan aritutakoek, zein bere merezimenduen araberako bestelako neurriak berean utzita:
– Errektorearen tratamendua mantenduko du.
– Lehentasunezko tokia izango dute ekitaldi solemneetan arautegi honen 6. artikuluan ezarri bezala. Hauen arteko ordenazioan lehentasuna izango du karguan antzinatasun handiagoa duenak.
– Hala nahi badute, unibertsitatearen erretratu ofizialen galerian egongo dira.
– Unibertsitateko errektoreak aginduko ahal dizkie ordezkaritza, protokolo eta gestioko eginkizunak unibertsitaterako interes biziko gaietan, unean une egoki iritziko balu eta gobernu kontseilua jakinaren gainean jarrita.
31. artikulua.– Bestelako aintzatespenak.
1.– Errektoreak ezarri ahal izango ditu aintzatespen edo esker oneko bestelako ekitaldiak, izandako jardun akademikoarengatik, ikerkuntzarengatik edo emandako zerbitzuengatik, era honetako merezimenduak lituzketen pertsona zein pertsona multzoei eskaintzeko.
2.– Ikastegiek, unibertsitateko sailek eta unibertsitateko ikerketa institutuek edo unibertsitatearen bestelako egitura eta zerbitzuek ere era honetako aintzatespen edo esker oneko ekitaldiak egingo ahal dituzte, halakorik merezi duten pertsona edo pertsona multzoei eskaintzeko.
3.– Ekitaldia hauek ez dira ekitaldi solemne izango eta organo antolatzaileak zehaztuko lituzkeen une eta moduan, bizitza akademikoaren ohiko funtzionamendua ahalik eta gutxien asaldatuz beti ere.
III. TITULUA
UPV/EHUK EMANDAKO SARIA EDO OHOREA GALTZEAZ
32. artikulua.– UPV/EHUk emandako saria eta ohoreen baliogabetzea.
1.– UPV/EHUk emandako sariak eta ohoreak baliogabetu egingo dira, kondena epaitzaren bidez saridunari bere ohoreak eta kondekorazioak kentzen zaizkionean, eta, halaber, saritutako pertsonak alegatutako merezimenduak ez dituela frogatzen denean edo UPV/EHU gutxietsi edo harekiko desleialkeriaz edo haren interesen aurka jokatu duenean.
2.– Aipatu egoera horietakoren bat gertatuz gero, eta gobernu taldeak eskatuta, isilpeko espediente bat izapidetuko da interesduna entzunda. Baliogabetzea egoki joz gero, idazkaritza nagusiak gobernu kontseiluari aurkeztuko dio proposamena, eta gehiengo absolutua beharko da onartua izateko.
3.– Emandako ohorea eta duintasuna ordezkatzen duten atributuak itzuli beharko dizkio UPV/EHUri horiek izateko eskubidea galdu duenak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Protokolo kontuetarako, akademi eta unibertsitate agintariek jaun edo andrearen tratamendua jasoko dute, karguaren izena ondoan doakielarik. Errektoreak ere jaun edo andrearen tratamendua jasoko du (errektore jauna edo errektore andrea).
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Unibertsitatearen tradiziozko erabilerak eta ohiturak eta indarrean den legeria kontuan hartuta, honako hauek dira titulazio ezberdinen berariazko koloreak:
1) Medikuntza: Horia.
2) Politika eta Administrazio Zientzia, Soziologia, Ekonomia eta Enpresa Zientziak, Gizarte Lana eta Lan Harremanak: Laranja.
3) Zientziak: Urdin turkia.
4) Ingeniaritza eta Arkitektura: Tabakoa.
5) Arte Ederrak: Zuria.
6) Zuzenbidea: Gorria.
7) Erizaintza eta Fisioterapia: Gris perla.
8) Hezkuntza zientziak, Filologia, Filosofia, Geografia, Historia, Giza Zientziak, Letrak, Irakasle ikasketak: Urdin argia.
9) Psikologia: Malba.
10) Informazio zientziak: Ilargi grisa.
11) Odontologia: Arrosa fuksia.
12) Farmazia: Morea.
13) Jarduera fisikoa eta kirola: Berde argia.
2.– Kolorea agertuko da graduatuei emandako beketan, irakasle doktoreen jantzi akademikoak eta honoris causa doktoreen jantzi akademikoan, izendapen ekitaldi guztietan.
3.– Jakintza arloak erreferentziazkoak izango dira ekitaldi akademikoen sinboloetan egiterakoan. Honako hau da jakintza arlo bakoitzaren kolorea:
Artea eta Giza Zientziak: urdin argia.
Zientziak: urdin turkia.
Osasunaren Zientziak: gris perla.
Gizarte eta Lege Zientziak: laranja.
Ingeniaritza eta Arkitektura: tabakoa.
Kolore hauek, berariazko kolorerik izan ezean, erreferentziazkoak izango dira graduatutako ikasleei eta masterreko titulua jasoko duten ikasleei emandako beketarako.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Doktoreen segizioa, bigarren xedapen gehigarrian titulazioen koloreen arloan ezarritako ordenari jarraiki osatuko da.
Akademi agintarien jarraigoa hurrenkera honen arabera joango da:
– Gobernu taldeko kideak.
– Idazkari nagusia.
– Lehengo errektoreak.
– Beste unibertsitateetako errektoreak.
– Errektorea.
Agintari ez-akademikoak jarraigoan tartekatuko dira, protokolo mailaren arabera.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitate ekitaldiak:
1.– Unibertsitate ekitaldiak dira, akademi ekitaldi solemneak izan barik, unibertsitatearen irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerarekin erlazionatutako ekitaldiak dira, unibertsitate egoitza batean eginik. Ekitaldi hauen barruan lirateke kongresuak, mintegiak, jardunaldiak, udako ikastaroak...
2.– Ekitaldiotan errektoreari dagokio buru izatea edo, lehenengo tituluko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, bere ordez ari litekeenari.
XEDAPEN INDARGABETZAILE
Indargabeturik geratzen da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen ekitaldi nagusi, ohore eta protokoloetarako arautegia, 2006.eko uztailaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, bai eta arautegi honen aurka lihoakeen beste edozein arau ere.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Habilitazioa.
Baimendu egiten da errektorea edo idazkari nagusia, haien eskumenen esparruan, arautegi hau betearazi, garatu eta betetzeko behar adina ebazpen eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.