EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015094

AGINDUA, 2015eko maiatzaren 13koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Donostiako udalerriko Morlans auzoan, 23 etxebizitza sozial esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

Xedapenaren data: 2015-05-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201502242
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
1.– Aipatutako etxebizitzak esleitzeko prozedura arautuko da Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak 2012ko urriaren 15ean emandako Aginduan ezarritakoaren bidez (Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa), martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen den bezala (babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitza eta lurzoruaren arloko finantza-neurriei buruzkoa).
2.– 2002ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostiako Udalak Donostiako udalerrian babes ofizialeko eta sozialeko etxebizitzak sustatzeko Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten.
3.– Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkariak 2007ko abenduaren 28an emandako Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eman zitzaion A4-A.300.AM.09.4 Morlans partzelan (Donostiako udalerrian) kokatutako 70 etxebizitza sozialeko sustapenari. Eusko Jaurlaritza da sustatzailea, eta EB3-1672/07-EE-000 espediente-zenbakia du. Lagapen-erregimena alokairua da.
4.– Etxebizitza, Obra Publiko eta Garraioetako sailburuaren 2012ko abenduaren 4ko Aginduaren bidez, zuzenean Donostiako Udalari esleitu zitzaizkion aurreko paragrafoan aipatutako 70 etxebizitza sozialak, Urumearen ibarrean uholdeak murrizteko edo arintzeko xedez egingo diren proiektu hidrauliko edota urbanistikoek mugiaraziko dituzten familiei ostatu emateko.
2012ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostiako Udalak 70 etxebizitza horiek eta dagozkien eranskinak aldi batez Donostiako Udalari lagatzeko dokumentua sinatu zuten; epea sei urtekoa da, eta luza daiteke.
5.– 2015eko apirilaren 8an, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari jakinarazi zion berehala eskura izan eta erabil ditzakeela 2012ko abenduaren 4ko Aginduaren bidez aldi baterako lagatako 70 etxebizitzetatik 23.
6.– Agindu honen bidez abiarazten den prozeduran esleitu beharreko etxebizitzak behin-behineko kalifikazioan honako zenbaki hauek dituztenak dira: 004, 006, 007, 008, 014, 015, 017, 019, 027, 057, 058, 059, 060, 061, 062, 063, 064, 065, 066, 067, 068, 069 eta 070. Etxebizitza horietatik guztietatik, 2 gelako 2 etxebizitza mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat egokituta daude. Gainerako 21 etxebizitzak honelakoak dira: 11 etxebizitza logela bakarrekoak, 8 etxebizitza bi logelakoak eta 2 etxebizitza hiru logelakoak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan.
2.– Lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten titularretako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.
3.– Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.
5.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden alokairuko eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.
Alokairu-araubidean egokitutako etxebizitza bat eskatzen duten mugikortasun mugatuko desgaituek aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan egindako esleitze-prozeduretan parte hartzeko.
6.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.
7.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluari jarraituz, etxebizitzak, esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako udalerrian 23 etxebizitza sozial esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Udalerri hori Donostiako eremu funtzionalean dago.
Esleituko diren etxebizitzak etxebizitzak, behin behineko kalifikazioaren arabera 004, 006, 007, 008, 014, 015, 017, 019, 027, 057, 058, 059, 060, 061, 062, 063, 064, 065, 066, 067, 068, 069, eta, 070 zenbakiak dauzkatenak izango dira.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako bat Donostia izan behar da.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango direnetako batek Donostian erroldaturik egon beharko du, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean, hala jasotzen baita Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Donostiako Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren 13. klausulan.
Seigarrena.– Egiaztatu beharko da 2013. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 25.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatuko desgaitasuna edo desgaitasun psikikoa edukiz gero, edo genero indarkeriaren biktima izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2015eko maiatzaren 25a eta ekainaren 8a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004 – Donostia
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, behea, 20004 – Donostia
Zortzigarrena.– Etxebizitzetatik 2 (bi logelakoak) egokituta daude mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat. Etxebizitza horiek mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duen pertsona bat kide duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.
Etxebizitza horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Esleitu gabe geratzen diren etxebizitza egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duen pertsonarik kide ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazia badute.
Bederatzigarrena.– Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira etxebizitzak, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan jasotzen denaren arabera, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik. Barematzerakoan kontuan hartuko dira agindu hau argitaratzen den egunean espedientean behar bezala egiaztatuta dauden inguruabarrak. Artikulu horretan jasotzen diren barematzeko irizpideak, lehentasun-ordenaren arabera, honako hauek dira:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko. Gehienez 40 puntu 8 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten eskaerentzat, eta gutxienez 5 gutxienez urtebete eta gehienez bi urteko antzinatasuna duten eskaerentzat.
b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira; horretarako, hauek baino ez dira kontuan hartuko: titularrak, horien seme-alabak eta etxean erroldatuta dauden edo bisita-araubidea judizialki onartuta duten horien legezko tutoretzapeko edo familia-harrerapeko pertsonak. Gehienez 30 puntu 6 kide baino gehiagoko eskaerentzat eta gutxienez 5 puntu kide bakarreko eskaerentzat.
c) Diru-sarrerak: gehienez 20 puntu emango zaizkie 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei eta mugikortasun mugatua, desgaitasun psikikoa edo genero indarkeriaren biktima izaera aitortuta, 0 eta 3.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei.
d) Erroldatzea: 10 puntu emango zaizkie sustapenaren Donostian erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei.
e) Etxebizitza-premia berezia: 10 puntu emango zaizkio etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularraren bat duten espedienteei. Adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonei dagokienez, 10 puntu emango zaizkie hori egiazta dezakeen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko kide direnei 10 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko, gehienez 30.
Eskaerak Etxebizitza Eskatzaile Erregistroan alokairu-araubidean sartzeko dataren bidez hautsiko dira berdinketak.
Hamargarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 13a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.