EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-04-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015063

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruzko 30/2014 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2015-03-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201501530
Maila: Ediktua
JAKINARAZPEN ZEDULA
Bilboko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian, adostasunik gabeko dibortziorako 30/2014 prozedura bideratu da, Tenen Kourouma-k eskatuta, Ahmed Lamine Samake Diallo-ren aurka. Prozedura horretan, epaia eman da, eta honako hauek dira epai horren idazpurua eta epaitza:
136/2015 EPAIA
Epailea: Francisco Javier Osa Fernández jauna.
Lekua: Bilbao (Bizkaia).
Eguna: bi mila eta hamabosteko martxoaren hamarra.
Alderdi demandatzailea: Tenen Kourouma.
Abokatua: Isabel Arroita Berenguer.
Prokuradorea: Ana Carmen Martinez Ruiz.
Alderdi demandatua: Ahmed Lamine Samake.
Abokatua:
Prokuradorea:
Judizioko gaia: dibortzioa.
EPAITZA
Baietsi egiten dut partez Tenen Kourouma andreak aurkeztutako demanda, auzi-ihesean den Ahmed Lamine Samake jaunaren aurkakoa. Honenbestez, aipatutakoen arteko ezkontzaren dibortzioa agintzen dut, legezko ondorio guztietarako, eta honako behin betiko neurri hauek hartzen ditut:
1.– Seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletza amari esleitzea.
2.– Seme-alabekiko guraso-ahala biek baliatuko dute, eta konpromisoa hartzen dute haiei eragin diezaieketen muntako erabakiak adostasunez hartzeko; adostasunik ez bada epaileak erabakiko ditu, salbu eta presa dela-eta beste ezkontideari kontsulta egitea ezinezkoa denean, esate baterako, osasunari dagozkionak: ospitaleratzea, ebakuntza kirurgikoa eta antzekoak; betiere albait arinen egin beharrekoak badira. Kasu horietan, seme-alabak berekin duen gurasoari egokituko zaio erabakia hartzea.
Guraso-ahalaren arloan, guraso bien adostasunarekin hartu beharreko erabakiak dira honako hauek: adingabeek ohiko bizilekua aldatzea, beste udalerri batera, baita atzerrira ere; ikastetxea aukeratzea, eta ikastetxez aldatzea; eskolaz kanpoko ekintzak edo ekintza osagarriak zehaztea; urgentziazkoak izan barik iraupen handikoak diren egintza medikoak, baita arlo psikologikokoak ere; garrantzizko ospakizun erlijiosoak eta sozialak. Jagoletza ez duen gurasoak badu eskubiderik seme-alabek eskolan duten bilakaeraz informazioa jasotzeko, eta, halaber, eskolako tutoretza-ekintzetan parte hartzekoa eta bai seme-alaben osasunari dagokionez, egoeraz eta tratamenduaz informazioa jasotzeko.
3.– Adingabeak ezin izango dira estatuko lurraldetik atera baldin eta epaileak horretarako baimenik ematen ez badu. Ofizioa bidaliko zaie Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, debeku horren berri emateko.
4.– Adingabeko seme-alabei eta amari esleitzen zaie familiaren etxebizitzaren erabilera (Artazubekoa kalea 28 beheko solairua ezkerra, Bilbao), altzariak eta etxeko gauzak eta guzti.
5.– Bi gurasoek adostuko dute aita noiz egongo den adingabeko seme-alabekin. Nolanahi ere, alderdien artean adostasunik ez badago, egun hauetan egongo da seme-alabekin, gutxienez: bi asteburutik behin ostiraleko 18:00etatik igandeko 20:00etara, eta Gabonetako, Aste Santuko eta udako eskola-oporren erdia. Adostasunik ez badago, amak urte bikoitietan aukeratuko du, eta, aitak, berriz, urte bakoitietan.
Adingabeak familiaren etxebizitzan jasoko ditu aitak eta leku berean utziko ditu bisita-aldia amaitutakoan.
Oporraldiak amaitu ostean, azken oporraldian seme-alabekin egon ez den gurasoak izango du eskubidea lehenengo asteburuan seme-alabekin egoteko. Oporretan, etenda geratuko dira txandakako asteburuetako bisitak.
6.– Seme-alaben mantenu gisa, aitak 200 euro ordainduko dizkio hilero amari (100 euro seme-alaba bakoitzeko). Aurreratuta eta hil bakoitzaren lehenengo bost egunen barruan ordainduko ditu, auzi-jartzaileak izendatzen duen kontuan dirua sartuz; zenbateko hori urtero eguneratuko da, urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak estatu osorako argitaratutako prezioen aldaketen arabera, oinarritzat justu aurreko hamabi hilabeteak hartuz. Ordainketa egin ezean, legezko neurriak hartuko dira.
7.– Seme-alaba adingabeen ez-ohiko gastuak erdibana ordainduko dituzte aitak eta amak. Ezohiko gastutzat hartzen dira aurreikusten ez direnak eta aldizkakoak ez direnak; hala nola gaixotasun-gastuak, ospitaleratze-gastuak, tratamendu berezien gastuak, odontologia, ortodontzia edo optikako gastuak, edo farmazeutikoak, gizarte-segurantzak edo gurasoek hitzartuta daukaten beste mutualitate edo erakunde batek estaltzen ez dituenak, baita irakasle edo tutoreek gomendatzen dituzten laguntza- edo errefortzu-eskolen gastuak ere.
Beste gurasoari kontsulta egin ezin zaion urgentziazko kasuetan izan ezik, gainerakoetan, guraso bakoitzak besteari jakinarazi beharko dio seme-alaba adingabeek dituzten aparteko premien berri, eta premia horiei erantzun beharra dagoela adierazi; horretarako, kasuan kasuko agiriak helaraziko dizkio batak besteari (gastuaren zenbatekoari buruzko aurrekontua edo informazioa). Hamabost eguneko epean erantzunik ez badago, gastua onartuta dagoela ulertuko da.
Behar bezala jasota geratzeko moduan egingo dira halako jakinarazpenak.
8.– Prozesuko izapide honetan ez da beste neurririk hartuko.
Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako kostuak ez zaizkio beren-beregi inori ezartzen.
Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegiari aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena zein den eta zein erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 4709. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Eta Ahmed Lamine Samake Diallo demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko, eman eta sinatzen dut hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamabosteko martxoaren hamarrean.
IDAZKARIA.