EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2015044

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 24koa, Lehendakaritzaren idazkari nagusiarena, zeinen bidez iragartzen baita goi-kargudunaren idazkari lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdia.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2015-02-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201501059
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Geroko erreferentziak:
  • Ikus 2015/04/10rean argitaratutako 2015/03/30reko EBAZPENA [201501633]
Zerbitzu Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez –520010 kodea, 161 dotazioa–, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duelarik, sail honek erabaki du eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeretan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.
3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostua jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Hautagaiek Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.
2.– Hautagaiek eskaerarekin batera curriculum vitaea aurkeztu beharko dute eta bertan honako hauek adierazi:
a) Titulu akademikoak.
b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.
c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.
Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.
Hirugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean.
Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzen lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen honek administrazio-bideari bukaera ematen dio. Aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri dakioke ebazpena eman duen organoari, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 24a.
Lehendakaritzaren idazkari nagusia,
JESUS MARÍA PEÑA MARTINEZ.
ERANSKINA
Deialdiko lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 161.
Kidegoak: C1/D1.
Destino-osagarriaren maila: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena: Zerbitzu Zuzendaritza.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigorrezkotasun-data: 2001/10.