EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2013-09-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2013177

EBAZPENA, 2013ko abuztuaren 27koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko espedientea hasteko eta jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko dena. Dekretu horren bidez, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion.

Xedapenaren data: 2013-08-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201303942
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1996/01/16an argitaratutako 1995/12/29ko 199500543 DEKRETUA

Azaroaren 9ko 3290/1972 Dekretuaren bidez (1972ko azaroaren 28ko BOE), Bilboko Hirigune Historikoa multzo historiko-artistiko nazionala deklaratu zen, Ondare historiko-artistiko nazionala zaindu, kontserbatu eta areagotzeko 1933ko maiatzaren 13ko Legean xedatutakoari jarraituz.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19. artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen.
Horrenbestez, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legea onartzearekin bat, bertako lehenengo xedapen gehigarriak ezarri zuen aurretik ondasun historiko-artistiko deklaratutako ondasunak aurrerantzean kultura-interesa duten ondasuntzat joko zirela.
Euskadiko Autonomia Erkidegoak bereganatutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen. Bertako lehenengo xedapen gehigarriak dioenez, aurreko araudiaren arabera kultura-interesa duten ondasuntzat deklaratutakoak aurrerantzean sailkatutako kultura-ondasunak izango dira.
Bilboko hirigune historikoari buruzko adierazpena indarrean dagoen legedira egokitzeko, abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua onartu zen, eta, horren arabera, adierazpenari Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak (1996ko urtarrilaren 16ko EHAA, 11 zk.) aipatzen dituen babes-araudia eta gainerako neurriak aplikatu zitzaizkion. 4. zerrendako elementu diskordanteen artean, katedralari atxikita dagoen Bilboko Posta kaleko 22ko eraikina ageri da (Dorrea-Posta izkina).
Eraikinaren jabeek eskaera bat bidali zuten Kultura Ondarearen Euskal Zentrora eraikinaren tipologia aldatzeko, esanez elementu diskordantetzat jotzearen ondorioz desabantaila egoeran geratzen zirela beste jabe batzuen aldean. Beren eskaeraren sostengarri, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren txosten bat eta SURBISA-Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkartea SAren beste bat aurkeztu zituzten, zeinetan eraikin horretan aintzakotzat hartu beharreko zenbait ñabardura jasotzen baitziren.
Eskaera eta txostenak ikusita, ondarearen aldetik higiezinak duen egoera baloratzeko txosten bat landu zuten Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek. Txostenak ondorioztatu zuen ez dagoela eragozpenik eraikinaren diskordantzia zehazteko, eta soilik behe-solairu estalia osorik altxatzera mugatu zuen diskordantzia hori.
Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko izapidea irekitzea, I. eranskinean jasotako hasierako babes-araudiaren aldaketen arabera. Dekretu horren bidez, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion. Hogei eguneko epea zabaltzen da informazioa jendaurrean jartzeko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84 eta 86. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Gasteiz).
Bigarrena.– 543/1995 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen espedientea interesdunei jakinaraztea; hartara 15 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatuta, alegazioak eta beren eskubideen defentsan egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal ditzaten.
Hirugarrena.– Espedientearen izapideekin jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.
Laugarrena.– Ebazpenaren berri ematea Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura sailei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika sailari ere.
Bosgarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 27a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSE ANGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEAREN V. KAPITULUAREN 4. ZERRENDAREN IDAZKERA BERRIA
– Korreoko fatxada, 15
– Esperantzako frontoiaren fatxada
– Plaketaren fatxada, Esperantza, 10
– Artekale,15
– Tenderia-Korreo kaleetan Katedralari erantsita dauden dendak (fatxadako material eta/edo akaberak)
– Bidebarrieta, 16
– Lehenengo solairuko begirategia (Santiagoko plaza 4)
– Euskadiko Kutxaren eraikinaren teilatua eta txapitulak (Arenala, 2)
– Katedralari Dorrea-Posta izkinaren aldetik atxikitako eraikina (behe-solairu estalia altxatzea)