EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2011-03-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2011062

19/2011 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak izenpetzeko hitzarmen-eredua argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201100019
Xedapenaren data: 2011-03-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201101808
Maila: Ebazpena
Geroko erreferentziak:
  • 2012/02/02an argitaratutako 2011/12/14ko 201100048 EBAZPENAK aldatutakoa
  • 2015/02/27an argitaratutako 2015/02/20ko 201500011 EBAZPENAK aldatutakoa
2010eko abenduaren 14an egindako bilkuran, Jaurlaritzaren Kontseiluak honakoa onartu zuen: lankidetza-hitzarmenaren eredua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta udalek sinatu beharrekoa, polizia-koordinazio eta elkarlanaren arloan, eta beharrezko zabalkundea emateko xedez, honakoa
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzea honako hau: lankidetza-hitzarmenaren eredua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta udalek sinatu beharrekoa, polizia-koordinazio eta elkarlanaren arloan; eredu horren testua I. eranskinean jasotzen da.
2. artikulua.- Delako hitzarmena sinatu duten udalen zerrenda argitaratzea, II. erasnkinean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta
Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 16KO 19/2011 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK ETA UDALAK SINATU BEHARREKOA, POLIZIA-KOORDINAZIO ETA ELKARLANAREN ARLOAN
Erandion, 2010eko ...............-aren ....-(e)(a)n, alde batetik Rodolfo Ares Taboada jauna, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburua agertu da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izen eta ordezkaritzan esku hartu du.
Bestetik, ................................... jaun/andrea, ............................ udaleko alkatea, aipatu udalaren izen eta ordezkaritzan.
Ordezkariak direnez, eta hitzarmen hau egiteko legezko gaitasun nahikoarekin, ondokoa
ADIERAZI DUTE
Lehenengoa.- Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 120. artikuluak zein Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren 25. artikuluak adierazten dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko informazioa trukatzea ahalbidetzen duten irizpideak, prozedurak eta bitartekoak ezartzea zehazteko eta bultzatzeko betebeharra. Era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 119. artikuluaren arabera Udaltzaingoen koordinazioa eta lankidetza honako hau da: informazio-trukea eta batera jardutea ahalbidetzen dituzten harreman-baliabideak eta -moduak finkatzeko sistema-multzoa; gauzak horrela, udalerriei eta Autonomia Erkidegoari dagozkien jarduerak txertatzea lortu nahi da.
Bigarrena.- Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, hain zuzen, jarduerak bikoiztea saihesteko eta polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.
Hirugarrena.- Ondorioz, premiazkoa da zehaztea eta bultzatzea Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko informazio-trukea eta batera jardutea ahalbidetzen dituzten irizpide, prozedura eta bitartekoen ezarpena.
Ildo honi jarraituz, premiazkoa da komunikabide seguruagoak eta eraginkorragoak izatea; eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Herrizaingo Sailaren bidez, TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) titularra denez, bi aldeek egokitzat jotzen dute azpiegitura hori erabiltzea Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko komunikazioa ezartzeko biderik aproposena baita.
Hori guztia dela eta, bi aldeek Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea adostu dute, betiere toki-araubidearen oinarrizko legerian eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako esparruan, aintzakotzat hartuz hurrengo
KLAUSULAK
Lehenengoa.- Xedea.
Hitzarmen honen helburua da udal sinatzaileen Udaltzaingoa sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena den eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kudeatzen duen TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) komunikazio sarean eta; bestetik, polizia-lankidetza eta -koordinazioa bultzatzen dituzten informazio- eta komunikazio-sistemen bitartez trukaketa ahalbidetzen duten mekanismoak aurreikustea.
Bigarrena.- Tetra Sarerako Sarbidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren bidez, udal sinatzailearen Udaltzaingoari doan utziko dio sartzen TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD), polizia-zerbitzu horri dagozkion eskumenak betetzeko behar diren komunikazioak egin ditzan.
Komunikazio-ekipoak eskuratzea eta horiek mantentzea (walkie-talkieak eta emisoreak) Hitzarmen honen udal sinatzailearen ardurapean egongo da.
Irrati mugikorreko terminalak eskuratu, ezarri, kudeatu eta mantentzeak kontuan hartuko ditu hitzarmen honen I. eranskinean aurreikusitako jarraibideak eta prozedurak.
Hirugarrena.- Elkarren Arteko Komunikazioa.
Udaltzaingoaren eta TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD) dauden beste talde, agentzia edo zerbitzu batzuen arteko komunikazioa burutuko da erabiltzaileen artean onartutako eta aurretik zehaztutako flota-planen arabera.
Akordio horietan oinarrituta, Ertzaintzak eta udal sinatzailearen Udaltzaingoak ahots-zerbitzuen elkarreragingarritasuna zehaztu ahalko dute.
Laugarrena.- Datu baseetarako sarbidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak udal sinatzailearen Udaltzaingoari sartzen utziko dio Herrizaingo Saileko datu-base edo fitxategi polizialetara TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD), Udaltzaingoen Atariaren edo beste aplikazio batzuen bidez, kontsultak edo beste polizia-izapide batzuk egin ahal izateko; baina bakar-bakarrik Ertzaintzaren eta udal sinatzailearen Udaltzaingoaren artean sinatutako protokolo bereziaren bitartez zehaztuko den eran eta moduan, eta horretan berariaz zehazten diren murrizketak, segurtasun-mailak eta sarbide-kontrola aintzat hartuz, betiere polizia-kidegoen arteko eskuduntzak banatzeari jarraituz.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Herrizaingo Sailaren bitartez, udaleko Udaltzaingoari sartzen utziko dio Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu-baseetan, lehenago esandako baliabideez eta helburuaz, Herrizaingo Sailaren eta Barne Ministerioaren Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren artean aldez aurretik adostutako eran eta moduan.
Gorago adierazitako datu-zerbitzuetara sartzeko erabili beharreko irrati-terminalek erabiltzen dituzten funtzionarioei atxikirik egon beharko dute Udaltzaingoen Erregistroaren bidez. Horretarako, ezinbestekoa izango da kontsulta egiten duen agentearen identifikazioa eta erregistroa egitea.
Ondorio horietarako, udalak etengabe eguneratuta izan beharko ditu Udaltzaingoko agenteen datuak, asmo horretarako Autonomia Erkidegoak Herrizaingo Sailaren bidez haren esku jarriko duen aplikatiboa baliatuz.
Datu pertsonalak dauzkaten datu-base edo fitxategietarako sarbideak errespetatu beharko du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudia.
Hitzarmen hau sinatzean Udaltzaingoen Erregistroa erabiltzeko moduan egon ezean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko datu-base edo fitxategietara sartzen diren udaleko Udaltzaingoaren erabiltzaileen altak eta bajak gauzatuko dira Herrizaingo Saileko Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzara bidaliz dagokion datu-fitxategia.
Bosgarrena.- Trafikoa.
Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko Udaltzaingoak hitzematen du hilero Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari bidaliko dizkiola trafikoko istripuen kopuruari buruzko datu estatistikoak, gai horren gainean indarrean dagoen araudian aurreikusitako egiturari eta edukiei jarraiki eta, betiere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak egoki zehazten duen modua erabiliz, besteak beste, faxa, posta elektronikoa, web zerbitzua.
Udal sinatzaileak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak antolatutako bide-segurtasuneko kanpainetan elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen du.
Seigarrena.- Jarraipen batzordea.
Hitzarmen hau egoki aplikatzen dela ziurtatzeko jarraipen-batzordea sortuko da, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko ordezkari batek eta sinatzen duen udaleko beste batek osatuko dute. Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.
Batzorde hori bilduko da hitzarmen horietako batek eskatzen duen bakoitzean eta, gutxienez, urtean behin.
Zazpigarrena.- Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean eta 2011ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Gainera, automatikoki, urtez urte luzatuko da, baldin eta alderdietako batek berariaz salatzen ez badu. Horrelakoetan, salaketa aurkeztu eta jakinarazi beharko da hitzarmena amaitu baino hilabete lehenago gutxienez.
Zortzigarrena.- Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.
Seigarren klausulan adierazitako jarraipen-organoaren gain utzitako eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau ulertzean eta betetzean sor litezkeen auziak Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ezagutzaren eta eskumenaren eraginpean geratuko dira.
Bederatzigarrena.- Eraginkortasuna.
Hitzarmena sinatzen denetik behartuko ditu administrazio parte-hartzaileak.
Eta bi alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, bi aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.
................-ko alkatea,
..............................
ERANSKINA
UDALTZAINGOEI DAGOZKIEN ETA HERRIZAINGO SAILAREN «TETRA IMSD» SAREAN DAUDEN IRRATI MUGIKORREKO TERMINALAK ESKURATU, EZARRI, KUDEATU ETA MANTENTZEKO PROZEDURA
1.- Sarrera.
Agiri honek Udaltzaingoei dagozkien eta Herrizaingo Sailaren «TETRA IMSD» sarean dauden irrati mugikorren terminalak eskuratu, zabaldu, kudeatu eta mantentzeko oinarrizko prozedura jasotzen du; halaber, jarraitu beharreko gomendioak eta prozedurak ere jasotzen ditu, bai eta zerbitzua behar bezala emateko prebentzio- eta zuzenketa-ekintzak ere.
2.- Orokorra.
2.1.- Sarearen eskema.
Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien Alorrak (ITTA), besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko (EJHS) Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) kudeatu eta ustiatu behar du.
TETRA estandarrak erabiltzen duen IMSD Herrizaingo Saileko Komunikazioen Sareak ematen duen zerbitzuetako bat da; horrek garraiobidearen zeregina betetzen du, EAEn dauden oinarrizko estazio transmititzaile/hartzaileen eta gaur egun Erandion eta Vitoria-Gasteizen dauden kommutazio-zentroen arteko konexiorako aukera emateko. Sarearen osaera hauxe da:
Kommutazio Zentroetan beretan egiten dira interkonexio guztiak, IMSDren bidez egindako taldekako zein banakako dei guztiak ezartzeko.
Sarearen oinarrizko estazioen erdia Erandioko kommutazio-zentrora dago konektatuta eta beste erdia, Vitoria-Gasteizko kommutazio-zentrora. Konfigurazio horrek aukera emango luke sareak ibiltzen jarraitzeko, baldin eta kommutazio-zentroetako bat erortzen bada, lurraldearen ia % 100ean komunikazioak lanean izanik.
Oinarrizko estazioak zabaldu dira eta horietako bakoitzaren estaldura-zonak ondokoenekin estaltzen dira. Horrek esan nahi du kommutazio-zentro bati esleitutako estazio batek edo guztiek huts eginez gero, komunikazioek ibiltzen jarraituko dutela, nahiz eta, estaldura-mailari dagokionez, pixka bat motelago.
Gaur egun, sare honen bidez zerbitzua ematen zaie zenbait agentziari, bai segurtasunekoei, bai larrialdietakoei. Agentzien taldeen arteko deien pribatutasun eta segurtasuna bermatuta dago, TETRA sarearen egituraren beraren eta diseinuaren bidez. Agentzien taldean ezin du beste talde batek esku hartu/entzun, nahiz eta agentzia beraren beste talde bat izan. Taldeen arteko komunikazioa behar izanez gero, sistemak zeregin horiek betetzeko beharrezko baliabideak ematen ditu, baldin eta nahitaezko protokolo eta akordioak ezartzen badira.
Lan egiteko modu horren taula ezartzeko eta normalizatzeko, «Flota Planak» ezarri dira; horietan, taldeen artean egon daitezkeen komunikazio-beharrak zehazten dira. Badago zehaztutako Floten Esparru Plana; hala ere, floten plan hauek egokitu daitezke, une zehatzetan agentziaren beraren beste talde batzuekin edo beste agentzia batzuetako taldeekin elkarreragingarritasuna behar duten erabiltzaileen arteko akordioak oinarri hartuta. Horiek ezarri ondoren, terminalak programatzen dira, onetsitako Floten Planaren arabera.
2.2.- Arreta.
Erabiltzaileen Arreta Zentroa da, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien Alorraren mendekoa.
Hori harremanetarako puntu bakarra da, erabiltzaileei Herrizaingo Sailak ematen dituen zerbitzuen gorabehera, matxura eta kontsulten gainean arreta emateko, bai informatika-arloan, ai telekomunikazio-arloan, gorabeherak gertatzen direnetik konpontzen direnera arteko kudeaketa egokia bermatzeko.
Honako prozesuak egiten ditu:
- Gorabeheren erregistroa, dei-egileak emandako datuen bidez.
- Zenbait kasutan, gorabehera unean bertan konpondu ahalko da; beste zenbaitetan, horren berri emango zaio euskarri espezializatuari, eta horrek konponduko du telefonoaren bidez edo, bestela, bertaratu egingo da. Kasu horietan, erabiltzaileari gorabeheraren zenbakia emango zaio, segimendua egiteko.
- Arazo baten berri ematean euskarri espezializatuari, Arretak gorabeheraren bilakaera monitorizatzen jarraitzen du, erabiltzailearen aurrean ebazteko arduraduna baita; horretarako, bilakaeraren segimendua egin eta erabiltzaileari horren gaineko informazioa emango dio.
ARRETA ZERBITZUAREKIN HARREMANETAN JARTZEKO BITARTEKOAK
Tel.: 94 607 81 51
Faxa: 94 607 81 75
Helbide elektronikoa: areta@hsdi.ej-gv.es
2.3.- Sarea kudeatu eta mantentzeko zentroa.
Sarea Kudeatzeko Zentroa Erandion dago eta honako ardura du:
- Maila teknikoan, IMSD sistema -alegia, kontrol-zentroak, oinarrizko estazioak, sarearen hedatzaileak, bulegoko postuak- eta sistemaren gainerako elementuak ibiltzea.
- TETRA sarearen mantentze-zerbitzua kudeatzea; horretarako, prebentzio- zein zuzenketa-arloko mantentze-lanak behar bezala egiten direla egiaztatzea.
- Komunikazioen erabiltzaile, terminal, sare-elementu eta segurtasunaren osaera kudeatzea.
- Estatistika orokorrak eta xehatuak eskuratzea, bai sarearen funtzionamenduari dagokionez, bai terminalei dagokienez.
- Erabilgarritasun, saturazio, segurtasun, zerbitzuen kalitate, eta abarren gaineko parametroak aztertzea, zerbitzuaren maila egokia izan dadin.
2.4.- Terminalen laguntza teknikoa.
Irratien terminal berriek Herrizaingo Sailaren IMSDren barruan ibili ahal izateko eta komunikazioen segurtasuna eta konfindentzialtasuna bermatu ahal izateko, aurretik, ITTAko zerbitzu teknikoek hasiera eman behar diete; ITTAk terminalaren eta sarearen konfigurazioetan behar bezalako parametroak sortuko ditu, ekipoa ibili ahal izateko.
Programatu ondoren, terminalak Herrizaingo Sailaren Sarean lan egin ahalko du, eskura jarritako dei-taldeetan baino ez, bere profilari esleitutako Floten Planak jasotakoaren arabera.
Edozein aldaketa, konponketa edo terminala beste baliabide batera aldatu behar izanez gero, zerbitzu teknikoek berriro programatu beharko dute.
Aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, beharrezkoa izango da, bai terminal berriak, bai konpondutakoak ITTAk bidaltzea; horretarako, kasu bakoitzerako egokiena den bidalketa-modua ezarriko da.
3.- Udaltzaingoekin funtzionatzeko protokoloak.
3.1.- Terminalak eskuratzea.
Udaltzaingoek edo, hala badagokio, udal egokiek berek eskuratu beharko dituzte egokitzat jotzen dituzten terminalak, beren ardurapekoak diren zereginak egokiro bete ahal izateko.
Terminalek GETen TETRA zehaztapenak bete behar dituzte, eta honakoak bete beharko dituzte, nahitaez:
- Komunikazio-protokoloak aire-interfazean, trunking moduan (V+D) eta modu zuzenean (DMO, batik bat modu efizientean maiztasunean).
- TETRA Vocoder.
- Interfazeak, kanpoko operadore eta gailuekin: MMI eta PEI.
- Segurtasuna: TEA2 aire-interfazean enkriptatzea eta terminalak autentifikatzea (edo prestazio hori epe laburrean sartzeko aukera).
- Handoverra edo gelaxken arteko deien transferentzia.
- Ekipoen onarpenaren eta elkarreragingarritasunaren probak. Motorolaren Dimetra 5.2 sistemaren bidez dokumentatutako elkarreragingarritasuna.
Funtzionamenduaren maiztasun-bandek maiztasunen esleipenaren nazioko koadroaren UN-28 nazionala erabiltzeko araua beteko dute.
- Trunking moduko transmisioko maiztasun-banda: 380-385MHz.
- Trunking moduko harrerako maiztasun-banda: 390-395 MHz.
- Modu zuzeneko maiztasun-banda: 380-400 MHz.
- RFren kanalaren banda-zabalera: 25 KHz.
- Tx/Rx banaketa: 10 MHz.
3.2.- Programazioa.
Dagokion udaltzaingoak terminalak eskuratu ondoren, horiek programatu egin beharko dira (ikusi 2.4 atala).
Eragiketa hau Herrizaingo Sailaren erantzukizunpekoa da, eta horrek ITTAren bidez egingo du; horretarako, lankidetza-hitzarmenaren arabera dagozkion parametro tekniko eta operatiboak sartuko ditu.
Horiek programatu ondoren, igorgailuak instalatu ahalko dira.
3.3.- Oinarrizko igorgailuen instalazioa eta ibilgailuetakoa.
Oinarrizko igorgailuen instalazioa eta ibilgailuetan dauden igorgailuen instalazioa udaltzaingoen beren ardurapekoa izango da; horretarako, ITTAren Telekomunikazioen Arloaren zerbitzu teknikoen aholkularitza izango dute.
3.4.- Terminalen altak, bajak eta birprogramatzea.
Terminalen edozein alta, baja edo birprogramatzerako, ITTArekin jarri beharko da harremanetan.
- Terminalak berriro programatzeko mugigarriak (talkyak) badira, ITTAren egoitzara bidaliko dira, Erandiora, Telekomunikazioen Arloarentzat; horien zerbitzu teknikoek izango dute programatzeko eta jatorrizko egoerara bueltatzeko ardura.
- Igorgailuak diren kasuetan, bai finkoak, bai ibilgailuetan instalatutakoak, ITTAk baimendutako enpresa instalatzaileek izango dute terminalen zerbitzu teknikoetara joateko ardura, dagokion programazioa jasotzeko eta berriro programatzeko igorgailuetan instalatzeko. Lana egin ondoren, enpresa horiek sarea kudeatzeko zentroari emango diote abisua, sisteman alta emateko.
- Terminal bat bajan eman nahi izanez gero, Arreta zerbitzuari emango zaio abisua; gero, Arreta sarea kudeatzeko zentroarekin jarriko da harremanetan, baja egiteko. Baja aldi batekoa izan bada eta berriro alta eman nahi bazaio, Arretari emango zaio abisua, gaitzeko kudeaketa-lanak egiteko.
- Terminal bat matxuratuz gero (talkya edo igorgailua), protokoloa ezarriko da ITTArekin, ekipoetan sarearen segurtasuna arriskuan jar dezaketen datuak ezabatzeko, fabrikatzaileari konpontzeko bidali aurretik.
- Terminalak galdu edo ebatsiz gero, berehala emango zaio abisua Arreta zerbitzuari, sisteman baja emateko, eta terminal horretatik deirik egin edo jaso ezin izateko.
3.5.- Datu-zerbitzuetara sartzea.
Segurtasuna, sarreren kontrola eta DBLO betetzea bermatzeko, ezinbestekoa da datu pertsonalak atzitzeko sarrerek erregistroa uztea (zein informazio, nork eta noiz).
Hori dela eta, hitzarmenak IMSDren bidez datu-baseetara sartzeko funtzionaltasunak jasotzen dituenean, nahitaezkoa izango da zerbitzu horiek erabiliko dituzten udaltzaingoen irrati-terminalak erabiltzen dituzten agenteei lotuta egotea, Udaltzaingoen Erregistroaren bidez. Erregistro independentea egongo da, eta udaltzaingo bakoitza baino ezingo da sartu eta horrek baino ez du kudeatuko.
Erregistro hauek kontsultatu ahalko dira, Udaltzaingoen Erregistroan jasotako aukera espezifikoen bidez. Horretarako, udaltzaingo bakoitzari sartzeko kodea emango zaio, esleitzen/baimentzen duten pertsonak bakarrik sartu ahal izateko sarreren erregistroetara eta agenteen terminalen esleipenera.
Hasiera batean, urtebeteko antzinatasuna duten erregistroak gordeko dira.
3.6.- Prestakuntza.
Udaltzaingoen erabiltzaileen prestakuntzarako, TETRA sarearen ekipo eta zerbitzuak erabiltzeko, ITTAk prestakuntza-saioak emango dizkio agentzia bakoitzeko erabiltzaile aurreratuen kopuru txiki bati, eta horiek izango dute ezagutza hori dagokion udaltzaingoaren gainerako erabiltzaileei emateko ardura.
Nolanahi ere, prestakuntza-saio berrien gaineko edozein zalantza edo beharren aurrean, ITTA erabilgarri egongo da une zehatz batean eskatzen duenarentzat.
3.7.- Gorabeheren kudeaketa.
Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren gaineko edozein gorabehera gertatuz gero, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien Alorrak (ITTA) Arreta izeneko Erabiltzaileen Arreta Zentroa du eskuragarri; horrek, gorabeherak kudeatzeko aplikazio baten bidez, aukera ematen du honako eragiketak egiteko:
- Gorabeheren erregistroa.
- Jakinarazitako gorabeheren egoera kontsultatzea.
- Gorabehera baten informazio gehigarria ematea.
- Dagoeneko jakinarazitako gorabehera baten konponbidea erreklamatzea.
- Gorabehera konpondu dela berrestea.
Era berean, udaltzaingo bakoitzak, aurretik zehaztutako telefono edo harremanetarako pertsona jakinarazi beharko du, Arreta Zerbitzuak ordezkari bakarra izateko, jakinarazitako gorabeherei buruzko informazio gehiago emateko edo bilatzeko. Garrantzitsua da ordezkari edo harremanetarako telefono hori bakarra izatea, udaltzaingoaren bulegoen barruan harreman anitzak saihesteko.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 16KO 19/2011 EBAZPENAREN II. ERANSKINA
POLIZIA-KOORDINAZIO ETA ELKARLANAREN ARLOKO LANKIDETZA-HITZARMENA SINATU DUTEN UDALEN ZERRENDA.
Amurrioko Udala
Andoaingo Udala
Arrigorriagako Udala
Balmasedako Udala
Basauriko Udala
Durangoko Udala
Erandioko Udala
Ermuko Udala
Etxebarriko Udala
Gorlizko Udala
Leioako Udala
Lekeitioko Udala
Mungiako Udala
Plentziako Udala
Valle de Trápaga-Trapagarango Udala