qrcode

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Joseren adierazpena, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta

2025-03-11

Gaur, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean, bihotz-bihotzeko omenaldia egin nahi diegu terrorismoaren ondorioak Europan eta, gure kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan jasan dituzten pertsona guztiei.

Badakigu indarkeria terroristak eragindako minak arrasto sakonak utzi dituela biktimengan, haien familiengan eta gure gizarte osoan. Egun honek, errespetuz eta hausnarketaz, bizi izan zen eta bizitza askotan presente jarraitzen duen sufrimendua gogoratzera gonbidatzen gaitu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun zorionez bakean bizi garen arren, terrorismoak modu mingarrian baldintzatu du gure historia hurbila. Eta indarkeriaren ondorioak jasan zituztenen oroitzapena ez da desagertu behar. Biktima bakoitza gure memoria kolektiboaren funtsezko parte bat da.

Gaur, inoiz baino gehiago, duintasunez gogoratu behar ditugu edozein terrorismo motaren biktima izan ziren pertsona guztiak, eta errespetuz betetako errekonozimendua eskaini behar diegu.

Ez dezagun ahaztu zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, familia bat, sufrimendu- eta gainditze-historia bat.

Gogoan ditugu, halaber, ahaleginez eta ausardiaz, memoria bizirik mantentzeko eta biktimen eskubideak defendatzeko borrokatu duten, eta oraindik ere borrokan jarraitzen duten, elkarte eta kolektiboak. Berriro esan nahi diet beti izango nautela aldamenean.

Gertatutakoa gogoratzeko eguna da hau, baina baita etorkizunari begiratzekoa ere, elkarrekin, gizarte batuago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzan egunero egiten dugu lan elkarbizitza baketsuaren alde, justiziaren alde eta sufritu zutenen erreparazioaren alde.

Gaur, oroimeneko egun honetan, biktimekin eta haien familiekin dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeria jasan zuen pertsona bakoitzaren duintasunarekin. Ezin diegu itzuli kendu zietena, baina bermatu dezakegu haien memoriak iraungo duela eta haien sufrimendua ez dela inoiz ahaztuko.

Biktimen oroimenak bultzatu behar gaitu bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren balioak defendatzen jarraitzera.

Memoria, justizia eta erreparazioa beti gidatuko gaituzten printzipioak dira.

Eskerrik asko omenaldi honetan gurekin dauden guztiei, biktimen duintasuna gizarte bezala gu guztion duintasuna ere badelako. Ez soilik martxoaren 11 bakoitzean, baita urteko egun guztietan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak