
Javier Hurtado sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea bildu dira, udal plangintzan erabilera turistikoa arautzeko gida berriari buruz hitz egiteko
-
Euskal udalei oinarri batzuk eskainiko dizkie EUDELek udal-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko
-
EUDELeko elkarteburua Turismoko sailburuarekin bildu da gaur, EAEko udaletara bidaliko den dokumentua aurkezteko, udal-autonomiarekiko errespetuan oinarritutako orientabide komunak emateko.
-
"Gida" osatzeko, oinarri moduan erabili dira EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren azterketa zorrotza, Euskadiko ETen eta LTen bilakaeraren azterketa; eta beste autonomia-erkidegoetako eta Europako eta AEBeko herrialde batzuetako egoeren eta araudien alderaketa.
Euskal Udalen Elkarteak Euskadiko udalentzako gida bat egin du, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko oinarri komunak eta orientabideak emateko, arreta jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).
Lan honekin, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzuten dio EUDELek, eta erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan kokatzen da Esther Apraizek, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, eta Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, bakoitzaren taldeekin batera, Euskadiko Udalen Elkarteak eskatuta, Sailari dokumentua aurkezteko gaur Lakuan egindako bileran.
Esther Apraizek azaldu duenez, "kontua ez da udalentzat nahitaezko erregulazio eredu bat eskaintzea, baizik eta elkarrekin egin beharreko gogoeta” jorratzea, "bai hiri-inguruneetan bai landa-inguruneetan turismo-ostatuak erabiltzearen inguruko hiri-antolamendurako".
EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, "HAPO hirigintzak ematen digun tresna baliotsua da, herri/hiri bakoitzaren eredua diseinatzean turismoa txertatzeko, erabileren oreka bideratuz eta gune turistikoetan bizi diren herritarrei eta, oro har, bizilagunei kalte egitea saihesten ahaleginduz".
Sailburuak azaldu duenez, dokumentuak askotariko alderdiak aztertzen ditu; “horietako asko aspalditik lantzen ari gara Sailean, adibidez, Turismoaren Lege berriak edo Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak ekarriko duten araudia eguneratzea. Garrantzitsua da dokumentu hau eta etorkizunean egin daitezkeen garapenak baliagarriak izatea udalek hirigintza-erregulazioaren arloan turismoari dagokionez dituzten eskumenak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzatik, gure arau-esparrua hobetzen jarraitzen dugu, baita beren eskumenak gauzatzen lagun diezaieketen tresnak ere”.
EUDELeko gida
EUDELek udal-taldeentzat sortu du gida hau, tresna eta euskarria izan dadin erabakiak errazago hartzeko eta interesa duten udalek tokian tokiko errealitate bakoitzari egokitutako erregulazioa izapidetzeko. Gaur egun, bi ordezko aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa egoitza-erabileren barruan jasotzea edo hirugarren sektoreko erabilera moduan jasotzea. Dokumentuan sakon aztertuta daude bi aukera horiek, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.
Gidan hainbat neurri daude proposatuta erabilera turistiko jasangarria ahalbidetzeko, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mailetan, nola hiri-inguruneetan hala landa-inguruneetan. Oro har, ez da "debekatzea" aipatzen, baizik eta erabilera guztiak "bateragarri bihurtzea", "erabilera jakin bat eremu eta puntu zehatzetan metatzea saihestuz, bizitegi-erabilera babesteko, bai herritarrek etxebizitza izateko duten eskubideari begira, bai hiri-ereduaren iraunkortasunari begira".
EUDELeko orientabideak egiteko, EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioari buruzko azterketa zorrotza egin da; Euskadiko ETen eta LTen bilakaera aztertu da; eta beste autonomia-erkidego batzuekin, Europako zenbait herrialderekin eta AEBrekin alderatu dira egoera eta araudiak.
Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, zehazki, EUDELen azterlanaren arabera, aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da, plan orokorra izan nahiz arau subsidiarioak izan, proposatutako erregulazioa behar bezala justifikatuta.
Beste udalerri eta eskualde batzuekiko azterketa konparatuan, bi lan-ildo bereizi dira. Alde batetik, erabilera turistikoari mugak ezartzea, aldi baterakoak batez ere, bizitegi-izaera zaintzeko. Beste alde batetik, bizitegi-erabileratik turismo-erabilerarako edo egonaldi laburreko erabilerarako aldaketa kontuan hartzea eta arautzea.
Aurreratzearen erronka
2024ko abuztuko EUDELen azterketan nabarmen ageri denez, turismoak onura ekonomiko handiak eragiten ditu, eta EAEko BPGaren % 6,6 da gaur egun. COVIDaren pandemiaren ondoren, ostatuen okupazioa, eskaintza eta eskaria areagotu egin dira.
Dokumentuak adierazten duenez, Euskadiko ostatu turistikoen herena etxebizitza eta logela turistikoak dira; beraz, turismo-ostatuen eskari handiena eskaintza tradizional profesionalizatuaren bitartez asetzen dela oraindik ere.
Donostian eta Bilbon metatuta daude EAEko ETen eta LTen ia erdiak. Eskaintza askoz ere txikiagoarekin, ondoren datoz Zarautz, Getxo, Bermeo eta Hondarribia kostaldeko udalerriak. Lau horiek, guztira, ETen eta LTen 100 plazatik 17 eskainiz. Araban, aldiz, eskaintza urri-urria da, Vitoria/Gasteiz hiriburua barne. Ostatu mota horien % 1 pasatxo soilik daude han kokatuta.
Azterlana kontuan hartuta, eta turismo-ostatuen joera horiek hazten jarraituko dutela aurreikusita dagoela jakinik, hau azpimarratu du Esther Apraiz elkarteburuak: "Aukera dago udalek aurrea har dezaten, eta erabilera horren hirigintza-erregulazioa egin dezaten, Plan Orokorra berraztertuta edo aldatuta, horren bitartez turismo-saturazioa saihestuz eta eskari handiko eremuetan bizitegi-erabilera zainduz".
Hala, azterlanaren ondorio nagusien artean, komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko, eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
Erregulazioa baino lehenago, EUDELek udal-errealitatearen diagnostikoa egitea gomendatzen du, aintzat hartuta ETen egoera eta horrek eragin dezakeena, genero-ikuspegitik ere bai, etxebizitza-parkean, bizilagunekiko bizikidetzan, zerbitzu publikoetan (garraioa, garbiketa...) eta beste sektore ekonomiko batzuetan (merkataritza, ostalaritza...).
Ikuspegi integrala, araudi sektoriala aintzat hartuta
Gidan udalerriek eskura dituzte jarraibide orokor batzuk, turismo-saturazioaren adierazle batzuk eta ezar daitezkeen neurrien zerrenda bat. Sektore- eta lurralde-mailetako neurri sendoak koordinatuta hartzeko beharra iradoki da, udal-erregulazioari babes eta segurtasun handiagoa emateko.
Ondorioz, azpimarratu da premia dagoela turismo, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetako erregulazioak uztartuko dituen ikuspegi integral bat izateko, turismo-jardueren kontrola hobetuta eta sektoreko eta udalaz gaindiko araudia egokituta, turismoak tokiko erkidegoetan duen eragina kudeatzeko.
Eskuliburuko proposamenen eta orientabideen adibideak
- ETen eta LTen jarduera-lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera, eskuratutako inolako eskubiderik eratu gabe.
- Kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea ere jasota dago. Biztanleekiko plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.
- Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.
- Arauz kanpoko etxebizitzetan edo plangintzarekin bat ez datozenetan, ETen eta LTen erabilera baztertzea.
- Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia edo ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertuko duena.
- Tentsio-guneak: komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
- Eremu jakin batzuetan beste ostatu-modalitate batzuk malgutzeko aukera: Apartamentu Turistikoak eta apartahotelak. Beste bizitegi-modalitate batzuk arautzea: elkarlaneko etxebizitzak, cohousinga, colivinga, etab.
- Lurzoru urbanizaezinean eta landa-guneetan ere araudia ezartzea.
- Administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea, baimendu beharreko etxebizitza edo logela turistikoa kokatuta dagoen udalerriaren hirigintza-adostasuna nahitaez jaso behar duen erantzukizunpeko adierazpenari dagokionez.