qrcode

Mikel Jauregi sailburuak eta PepsiCo-ko presidenteordeak enpresak Etxabarri-Ibiñako instalazioa “zero emisioko” munduko lehena izateko egin duen apustua aztertu dute

2025-03-06
  • Elikagaien eta edarien multinazionalak Arabako Parke Teknologikoan instalatu du bere Hub Digital Globalaren zati bat, datuetan eta adimen artifizialean espezializatua. 
  • Pepsicok duela 50 urtez geroztik du produkzio-instalazio bat Etxabarri-Ibiñan. Gaur egun, energia berriztagarriarekin hornitzen da % 100ean, eta konpainian zero emisio garbiak izango dituen edarien lehen instalazioa izango da.

 

Industriako sailburu Mikel Jauregik PepsiCo-ko mundu-mailako presidenteorde Athina Kanioura hartu du gaur goizean Arabako Parke Teknologikoan. Edarien eta elikagaien multinazionaleko Estrategia eta Eraldaketako arduraduna Euskadin da egunotan, konpainiak Parke Teknologikoan dituen instalazio berriak bisitatzeko. Izan ere, konpainiak bere Hub Digital Globalaren zati bat instalatu du Parke Teknologikoan.

Jauregik eta Kaniourak PepsiCo-k azken hiru urteetan Etxabarri-Ibiñako instalazioak “zero emisio” izateko egindako inbertsio handiak aztertu ahal izan dituzte. Produkzio-instalazio hori multinazional amerikarrak Europan dituen garrantzitsuenetako bat da.

Horrez gain, PepsiCo-ren Hub Digital Globalaren zati bat Parke Teknologikoan ezarri izanari eta adimen artifizialak konpainiaren negozio-ereduaren eraldaketan duen eraginari buruz hitz egin dute biek. Bilera Kaniourak talentu digitalari, berrikuntzari eta emakumeen lidergoari buruz eskaini duen hitzaldiaren aurretik egin da, eta konpainiako Estrategia eta Eraldaketako Europako presidenteorde Narcís Rourak eta PepsiCok Euskadin duen instalazioko zuzendari Iñaki Ochoak ere parte hartu dute.

Gasteizko hub-a PepsiCo-ko Hub Digital Globalaren parte da, datuetan eta adimen artifizialean espezializatuta dago, eta datu-zientzian, datu-ingeniaritzan eta datuaren gobernantzan adituak diren eta konpainiari mundu-mailan zerbitzua ematen dioten taldeak ditu. Guztira, Gasteizko Estrategia eta Eraldaketa Globaleko taldea 9 nazionalitateko 81 enplegatuk osatzen dute, eta estrategikoki kokatuta daude Arabako Parke Teknologikoan.

PepsiCo enpresak 450 pertsonako plantilla du Euskal Autonomia Erkidegoan, produkzio-instalazioko, merkataritza-ordezkaritzako, bulegoetako, digital hub-eko, capability center-eko eta nekazaritza-hornidurako taldeetan banatuta. Etxabarri-Ibiñako instalazioak 50 urtetik gorako historia du, eta konpainiak Europako hego-mendebaldean dituen handienetako bat da edarien produkzioan. Erabiltzen duen elektrizitatea berriztagarria da % 100ean, eta 2025erako duen helburua PepsiCo-n zero emisio garbi izango dituen edarien lehen instalazioa izatea da, 5 milioi euroko inbertsioari esker.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Athina Kanioura, PepsiCo munduko presidenteordea; Iñaki Ochoa, Etxabarri-Ibiñako plantaren zuzendaria