Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Estatuak Mendetasun Legean proposatutako edozein murrizketaren aurka dago Eusko Jaurlaritza

2012.eko apirilak 12
  • "Krisia ezin da eskubide sozialak murrizteko aitzakia izan", ohartarazi du Gemma Zabaletak.

  • Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila bat dator legea eta horren finantzazioa ebaluatzeko beharrarekin, baina eskubideen eta prestazioaren murrizketaren aurka dag.

  • Mendetasun Legeak eta gizarte-zerbitzuek eragiten duten gastua gizarte kohesioan eta elkartasunean egiten den inbertsioa da, enplegua eta aberastasuna sortzeaz gainera.

Eusko Jaurlaritza Mendetasun Legearen egungo eskubideak eta prestazioak murriztearen aurka dago, eta krisia eskubide sozialak murrizteko aitzakia ezin dela izan ohartarazi du. Hori adierazi du Gasteizeko Gobernuak gaur, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak Madrilen egin duen bileran, non autonomia erkidego guztietako eta Osasun, Gizarte Zerbitzu, eta Berdintasun Ministerioko ordezkariak izan diren. Kontseilu horretan Eusko Jaurlaritzak ordezkatzen du Euskadi, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, boto eskubidearekin. Aldundiek ere parte hartzen dute, baina hitza baino ez dute.

Gaurko bilkuran, besteak beste, sisteman onuradun berrien sarrerak egiteko aplikazioa 2012. urtean eteteko Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ebaluatu dira. Hala ere, neurri hori ez da Euskadin aplikatzen, foru aldundiek hala erabaki dutelako, Eusko Jaurlaritzaren sostengu osoarekin.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak mahaigaineratu duen dokumentu batean, gizarte-zerbitzuei beta mendetasunari buruzko Estatu ituna lortzeko beharra jasotzen da. Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Gemma Zabaletaren zuzendaritzapean, bat dator Legea ebaluatzeko beharrarekin, eta prest dago hori hobetzeko neurriak aztertzeko, gaur Kontseiluan proposatu den bezala, baina, gutxienez, onartzen ez dituen hiru gauza daude:

1. Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoekin eztabaidatzeko aurkeztu duen dokumentuak ez du jasotzen Mendetasun Legearen onarpenak eragindako aurrerapausoa, eta hasierako diseinuari egozten dizkio legea aplikatzerakoan sortutako arazoak. Alabaina, egia zera da: zenbait erkidegotan legea aplikatzeko ahalegina egin da, eta beste zenbaitetan ez, erakunde independenteek egindako ebaluazioek eta Imsersoren beraren datuek islatzen duten moduan. Eta horrek, Zabaletaren iritziz, argi uzten du "borondate politikoa ere behar dela legea aplikatzerakoan".

2.- Dokumentuak egungo finantzazio-sistemari buruz egiten duen azterketak -Eusko Jaurlaritza ados dago horri buruzko gogoeta egitearekin- ezin gaitu eraman eskubideak eta prestazioak murriztera. Dokumentuak dioenez, Legea abian jartzerakoan izandako inprobisazioa da sortutako arazoetako askoren arrazoia. "Gure iritziz", esan du Gemma Zabaletak, "eztabaidari ekin behar diogu mendetasuna eta gizarte-zerbitzuak finantzatzeko formula berriei buruz, beste herrialde batzuetan jadanik badaudenak eredutzat hartuta", baina ezin dugu, inola ere, murrizketen ildotik jarraitu.

"Mendetasun Legearen aplikazioa", gaineratu du, "ezin da gelditu uneko egoera ekonomikoaren ondorioz. Estatua gizarte-politiketan eta enpleguan egiten ari den murrizketek langabezia, pobrezia eta atzeraldi ekonomiko handiagoa baino ez dute eragiten".

3.- Dokumentuan, horrez gain, autonomia erkidego guztietan gizarte-zerbitzuen zorro bera ezartzea aipatzen da. "Guk autogobernua eta autonomia-eskumenak babesten ditugu, zeinak, gizarte-zerbitzuen kasuan, Gernikako Estatutuan eta Konstituzioan jasotzen baitira, eta eskumenak berriro zentralizatzeko edozein asmoren aurka gaude", azpimarratu du sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak, adostutako lanaren aldeko apustua egiten du, Mendetasun Legeak ematen dituen eskubideen garapena bermatzeko. Horrez gain, pertsonarengan oinarritutako arreta-eredu berriak abian jartzearen aldeko apustua egiten du, pertsonen duintasuna eta autonomia lehenetsiz, eta kostuari eta eraginkortasunari buruzko azterlan serioetan oinarrituta, Saila aurrera eramaten ari den proiektu pilotuetan egiten ari den moduan.

"Mendetasun Legeak eta gizarte-zerbitzuek eragiten duten gastua gizarte kohesioan eta elkartasunean egiten den inbertsioa da, enplegua eta aberastasuna sortzeko aukerak izateaz gainera. Ez gaude ados krisia gizarte-eskubideak murrizteko aitzakia bihurtzearekin", azpimarratu du sailburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)