Berriak
Eu

Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra abian da jada

2012.eko apirilak 12

2012.04.12 Chicagoko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak jorratuko dituen Koldo Mitxelena Katedra zabaldu zuten atzo, Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan gure hizkuntza eta kulturaren gaineko ikasketak sustatu eta zabaltzeko helburu duena.

"Koldo Mitxelena ez zen sekula Estatu Batuetara etorri", azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilari Blanca Urgellek, ekitaldian parte hartu ahal izateko Chicagoraino joan zenak. "Hala eta guztiz ere, Mitxelenak berezko lekua hartu du unibertsitate entzutetsu honetan. Katedra honen irekiera oraingoz euskalzale, hizkuntzalari eta pentsalariari eskainiko zaion azken omenaldia dugu, euskaldunok euskal ikasketak disziplina profesional multzo bilakatu zituenari eskerrona adierazteko eta zor diogunaren zati txiki bat itzultzeko ahaleginari jarraipena emanez".

Ikasturte akademiko bakoitzean euskal irakasle entzutetsu bat hartuko du katedrak, lau hilabetez eskolak emango dituena. Euskal Herriko Unibertsitateko Fonologiako katedradun Lourdes Oñederra izango da katedrako lehen irakaslea. "Euskaltzaina izateaz gain, Oñederraren euskal fonologiaren gaineko disertazioa Koldo Mitxelenak berak gainbegiratu zuen", adierazi zuen haren aurkezpenean Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak.

Atzoko egunean ere, mahai-ingurua burutu zuten Arantza Urretabizkaia eta Eider Rodriguez euskal idazleek. Chicagoko Unibertsitateko Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts gunean Erlea Maneros Zabala artistaren erakusketaren inaugurazioaren ondoren. "Logan Center gure campuseko eraikinik berriena da, mundu osoko arte adierazpen eta kultura ezberdinak ospatzeko sortu duguna", adierazi zuen Reva and David Loganeko Zuzendari Exekutibo den Bill Michelek. "Oso pozik gaude Erlea Manerosen lanak erakusteko eta Chicagoko ikuslegoari bilbotarraren artea hurbitzeko aukera izan dugulako".

Katedraren irekiera ekitaldiak Etxepare Euskal Institutua, Cervantes Institutua eta Chicagoko Unibertsitateak antolatu dituzte. Apirilaren 22ra bitartean iraungo dute Illinois estatuko hainbat lekutan; ekitaldi guztiak doanekoak eta irekiak izango dira.

 

2 iruzkin
  • @goienetxeL
    2012.eko apirilak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: The Univesity of Chicago inaugurates the Koldo Mitxelena Chair . http://t.co/jeW8Ce4H

  • @HABE_erakundea
    2012.eko apirilak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: The Univesity of Chicago inaugurates the Koldo Mitxelena Chair . http://t.co/jeW8Ce4H

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell