
Amaia Barredo Balmasedako “III. Basquetxok Jaialdian”: “Txokolateak garatzeko ahalmen handia du elikaduran, edarietan, osagarrietan eta gozagarrietan”
- “Euskadiko gastronomiak aukera-unibertso oso bat du produktu hau erabiliz”
- Nazioarteko 25 txokolate-marka, espezialitateko 4 kafe-marka eta tearen 3 erakutsiko dira eta liburu gastronomikoen eta kafe-erroten postuak egongo dira
- Komentatutako 20 dastaketa; 10 erritual, tailer eta show-cooking; 18 ponentzia; haurrentzat 16 ikastaro; 3 bisita gidatu
Balmaseda, 2025 02 21
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “txokolateak garatzeko ahalmen handia du, eta ez bakarrik elikadurari dagokionez, baizik eta baita edari, osagarri eta gozagarri gisa ere, eta euskal gastronomiak, beraz, aukera-unibertso zabala du produktu hau erabiliz”.
Barredok gaurtik hasi eta asteburu osoan Balmasedako Horkasitak Jauregian egingo den Basquetxok Jaialdiaren III. edizioan esku hartu du. Bertan nabarmendu duenez, “opilgintzako eta gozogintzako produktuen, horien artean txokolatearen, erosketan, Euskadi Estatuko batez bestekoaren gainetik dago urteko kontsumoan, pertsonako 6,46 kilorekin”.
“Gaur egun, zorionez, Balmasedan, eta Enkarterri osoan, produktu honen aldeko apustu sendoa egiten da, eta helburu berriak ezarri dira produktu hori egiteko eta kontsumitzeko. BASQUETXOK – Bean to bar txokolate eta espezialitateko kafe jaialdiaren edizio hau jada sektorearen erreferentzia da Arku Atlantikoaren alde honetan”, adierazi du Amaia Barredok.
Amaia Barredo jaialdiari hasiera emateko ekitaldira bertaratu direnei zuzendu zaie, “txokolateari ‘urre beltza’ esaten diozue, eta ez zaizue arrazoirik falta: egun hauetan jendeak oro har, profesionalek eta gastronomia gozoena maite dutenek kalibratu, landu eta dastatuko dute. Ziur izan zaitezte Basquetxok Jaialdi honekin etorkizun handia eraikitzen eta prestatzen ari garela Euskadiko elikaduraren eta gastronomiaren arlo honentzat, eta horrek ongizatean eta herri gisa hazten laguntzen digu”, esan die.
Gozoa
Sailburuak Gozoaren, Euskadiko eta Nafarroako Gastronomia Gozo Artisauaren Elkartearen, lana eskertu du, eta aipatu du zazpi urteko lanaren ondoren 30 lantegi bazkide dituela. “Bere presidenteak, Lorena Gómezek, eta bere lantaldeak egiten duten lanak gozogile eta txokolategile artisauen produktuak balioesten ditu, eta Euskadiko elikadurari eta gastronomiari maila goreneko ekarpen bikaina egiten laguntzen du. Ziur aski, gure arbasoek landu duten gastronomia gozoaren arlo honetan Euskadik zeresan handia du”.
“Iparraldeko txokolategietan dagoeneko egiten dute, eta Gozoa elkarteak bokazio berriak eta bikainak sustatuko ditu Hegoaldeko bi autonomia-erkidegoetan. Gure Elika Fundazioak zehazten dituen elikagaien kontsumo-joerei, Euskadiko datu esanguratsuei eta kontsumoan hazkunde handiena izan duten elikagaien gure rankingari erreparatzen badiegu, txokolate-tableten eta txokolatezko snacken igoera oso nabarmena dela ikusiko dugu. Albiste ona da sektore honentzat, bere kalitate handia dela eta”, aipatu du Barredok.
“Ea negozio-aukera berriak sortzen diren Balmasedako eta eskualdeko elikadurarekin lotutako enpresentzat. Euskadiko txokolateak eta kafeak zeresan handia dute gure ingurunean eta Europar Batasun osoan. Daukagunari gehitu diezaiogun imajinazioa, teknologia eta ezagutza. Asteburu honetan Balmaseda erreferentzia ezin hobea da”, esan du amaitzeko Amaia Barredok.